Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2025eko ekainaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
2857

AGINDUA, 2025eko ekainaren 19koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez 2025-2026ko ikasturtean Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezioak finkatzen baitira, bai eta prezioetan salbuespenak eta murrizketak izateko baldintzak definitu ere.

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoen eta gainerako eskubideen truke ordaindu behar diren prezio publikoak, eta adierazten du prezio horiek prezio publikoak direla eta, beraz, tasa eta prezio publikoei buruzko lege-ordenamenduan ezarritakoaren arabera arautuko direla.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginak –martxoaren 20ko 1/2025 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 30. artikulutik 35.era bitartekoetan arautzen ditu prezio publiko horiek finkatzean kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak.

Uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituenak, 2. artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sailek eta horien erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahal izango dituztela dekretu horren eranskinean zerrendatutako zerbitzuen truke; horrez gainera, 3. artikuluan ezartzen du Ogasunean eskumena duen sailak txosten loteslea egin ondoren finkatu edo aldatuko direla prezio publikoen zenbatekoak, eta dagokion sailburuak edo prezio publiko horiek jaso behar dituen erakunde autonomoa mendean duen sailburuak Agindua eman beharko du.

Hain zuzen ere, uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuaren eranskineko 5. apartatuaren arabera, unibertsitateen gaietan eskumena duen sailak, gaur egun Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sail denak, prezio publikoak kobratu ahal izango ditu zerbitzu eta jarduera hauengatik, besteak beste: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoak, titulu ofizialak lortzera daramatenak.

Gainera, Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 32.6 artikuluak ezartzen duenaren arabera, unibertsitate publikoek honako hauek ezarri ahal izango dituzte unibertsitate-ikasketetarako sarbidea eta bertan jarraitzea bermatzeko: prezio publikoak eta zerbitzu akademikoak emateagatiko eskubideak ordaintzetik partzialki edo erabat salbuesteko modalitateak. Nolanahi ere, familia-nukleoaren aniztasuna hartuko dute kontuan, irizpide sozioekonomikoen arabera. Desgaitasuna duten ikasleek eta genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktimek erabateko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute matrikulan likidatutako unibertsitate-zerbitzu akademikoengatik.

Arau hori betetze aldera, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39. artikuluan biltzen ditu unibertsitateko zerbitzu akademikoen eta legez ezarritako gainerako eskubideen truke ordaindu beharreko prezioen salbuespenak eta murrizketak, araudi-aurreikuspenen esparruan Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek baliatuko dituztenak. Era berean, artikulu horretan arautzen da prezio publikoak onartzeko aginduak edo erabakiak salbuespen-baldintzak zehaztu ahal izango dituela, baita bestelako salbuespen oso edo partzial batzuk finkatu ere, betiere, inolako bereizkeria arbitrariorik ez dakartenean.

Beste alde batetik, araua egiteko prozedura izapidetu bitartean, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren aldeko txostena eskatu da. Bestalde, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu hau egiterakoan genero-eraginaren ebaluazioa egin da, eta 20. artikuluan aurreikusitako prozedura eta izapideak bete dira.

Hori guztia dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Titulu ofizialak eta berezko tituluak.

1.– 2025-2026ko ikasturtean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezioak (titulu ofizialak lortzeko) agindu honen eranskinetan jasota dauden tarifetan adierazitakoak dira.

2.– Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko berezko tituluak lortzera daramaten unibertsitate-ikasketen prezioak.

2. artikulua.– Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitutako irakaskuntzak.

1.– Unibertsitateko gradu- eta master-irakaskuntzak.

a) Ikasgaien prezioen zenbatekoa lortuko da kreditu bakoitzaren prezioa gaiaren kreditu-kopuruarekin biderkatuz. Kreditu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kontuan izango da, batetik, esperimentaltasun-maila, eta, bestetik, dagokion ikasgaian lehen, bigarren, hirugarren edo laugarren aldiz matrikulatzen den (I. eta II. eranskinak).

b) Prezio bereizia duten unibertsitate-masterren eta gaikuntza-masterren zein loturiko-masterren kasuan, III. eta IV. eranskinetan zerrendatutako tarifak aplikatuko dira, hurrenez hurren.

c) Unibertsitate-master batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien prezio publikoak unibertsitate-master horri dagozkionak izango dira.

d) Ikasleak matrikulatu ahal izango dira komenigarritzat jotzen dituzten ECTS kredituetan, baldin eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen iraunkortasun-arauek matrikula-modalitate bakoitzerako (dedikazio osoa edo partziala) eta ikasturte bakoitzerako ezartzen dituzten gehieneko eta gutxieneko mugen barruan badaude.

2.– Doktorego-irakaskuntzak.

a) Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak ezartzen duenez, egiaztatutako eta baimendutako doktorego-programa batean onartutako ikasleek urteko matrikula formalizatuko dute V. eranskinean ezarritako prestakuntza eta jarraipenerako tarifen arabera eta VI. eranskinean ezarritako urteko tutoretza-matrikularen zenbatekoaren arabera.

Tutoretza partekatua arautzen duen hitzarmen bati lotuta dauden ikasleei hitzarmenean bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

b) Doktorego-programa batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien tarifak izango dira prestakuntza osagarri horri dagokion unibertsitate-masterrarenak.

3. artikulua.– Beste zerbitzu batzuk.

Ebaluazio, proba, azterketa, titulu, egiaztagiri eta idazkaritza-eskubideen truke ordaindu beharreko prezio publikoak VI. eranskinean zehaztutakoak dira.

4. artikulua.– Irakaskuntzarik gabeko irakasgaiak.

1.– Desagerrarazi beharreko planen barruan irakaskuntzarik ematen ez den irakasgaietan edo ikasturte horretan ematen ez diren irakasgaien kasuan ere, irakasgaiaren kreditu bakoitzari dagokion prezioaren % 25 ordaindu beharko da.

2.– Unibertsitateak, bere baliabideekin, beste ikasketa-sistemaren bat eskaintzen badio ikasleari, kreditu edo irakasgai bakoitzari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko da.

5. artikulua.– Matrikula-eskubideak.

1.– Matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialditarako eskubidea emango du matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, betiere, ikasturte beraren barruan. Hori hala izango da, baldin eta irakasgaiaren ezaugarri bereziengatik eta ikastetxeak ezarritako planifikazioarengatik besterik erabakitzen ez bada.

2.– Ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoek mugatuko dituzte matrikulan jasotako ikasgaietarako edo, hala badagokio, kredituetarako azterketa- eta ebaluazio-eskubideak.

3.– Xedapen honetan jasotako matrikula-eskubidea gauzatzeak ez du aldaraziko ikastetxe bakoitzean bertako ikasketa-planetako ikasketa-beharrizanen arabera zehaztutako ordutegi orokorren araubidea.

6. artikulua.– Ohorezko matrikula.

1.– Kredituka egituratutako irakaskuntzetan, ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberen hurrengo matrikulan aplikatuko dira (graduko zein masterreko ikasketetan). Gainera, master ofizialen kasuan, graduko azken urtean ohorezko matrikularen kalifikazioa lortzen duten irakasgaien kredituek masterreko matrikularengatik gutxiago ordaintzea ekarriko dute, graduko prezioan, baldin eta master hori gradua bukatu eta hurrengo ikasturtean egiten bada.

2.– Plan zaharrak plan berrira egokitzen badira, ohorezko matrikulaz gainditutako ikasgaiari esleitutako kreditu-kopuruaren araberako murrizketa aplikatuko da.

3.– Murrizketa horiek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei besterik ez zaizkie aplikatuko, ez beste unibertsitate publiko eta pribatu batzuetatik datozenei.

4.– Batxilergoko edo Lanbide Heziketako goi-mailako ikasketetan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketa-eskubiderik emango. Soilik kalifikazio globala ohorezko matrikula bada izango dute matrikula ordaintzetik salbuesteko eskubidea, unibertsitatea hasten duten lehen aldian.

7. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Ezarritako prezioak epe bakarrean ordaindu ahal izango dira matrikula egiten den unean, edo zenbateko berdinekin bi epetan; lehenengoa ordainduko da matrikula egitean eta bigarrena abenduan.

2.– Lau hilabeteka egituratutako irakaskuntzetan, unibertsitateak baimena eman ahalko du bigarren lauhilekoari dagokion matrikula lauhileko horren hasieran egiteko. Kasu horretan ez dira aplikatuko aurreko apartatuan aipatutako ordainketa-epeak.

3.– Era berean, ez dira aplikatuko 1. apartatuan aurreikusitako ordainketa-epeak, baldin eta ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 350 eurotik beherakoa bada.

4.– Matrikula formalizatzean, beka orokor bat eskatzeagatik prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek dagokion prezioa epe bakarrean ordaindu beharko dute baldin eta beka hori ukatu bazaie, hartara eragotzi gabe ukatze horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea.

5.– Matrikularen prezioa osorik edo partez ez ordaintzeak espedientea geldiaraztea ekarriko du. Matrikula ordaindu ez duelako espediente akademikoa geldiarazita duen ikasleak unibertsitatearen aldeko zorra sortuko du, ordaindu gabeko kopuruaren hainbestean, eta hori ebazpen bidez ezarriko da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Unibertsitatearekin zorrak dituenak ezingo du haren zerbitzuez baliatu eta, bereziki, ez zaio beste ikasketarik egiten utziko, ez zaio titulu-agiririk egingo, ez ziurtagiririk, ez bere ikasketa-espedienteari buruzko informazio-oharrik, ez eta beste matrikularik egiteko aukera emango ere.

6.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Unibertsitate Masterreko irakaskuntzetan sartu berri diren ikasleek plaza erreserbatzeko unean matrikularen aurrerapen gisa finkatutako zenbatekoa ordainduko dute, hala badagokio. Kopuru hori matrikularen guztizko zenbatekotik kenduko da ondoren, eta 3. esperimentaltasun-indizea duten unibertsitate-masterren prezio publikoaren % 15ekoa izango da. Matrikularik egiten ez bada, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Unibertsitate Masterrak Kudeatzeko Araudian ezarritakoarekin bat etorriz, plaza erreserbatzeagatik ordaindutako zenbatekoa itzuli egingo da matrikula ez formalizatzeko arrazoia bada azkenean ez direla betetzen sartzeko edo onartzeko baldintzak, edo araudi horretan tasak eta prezio publikoak itzultzeko aurreikusitako salbuespenezko baldintzaren bat gertatzen dela.

8. artikulua.– Atxikitako ikastetxeak.

Dagozkion atxikitze-hitzarmenetan adostutakoa ezertan eragotzi gabe, atxikitako unibertsitate-ikastetxe edo -institutuetan ikasten duten pertsonek unibertsitateari ordainduko diote I., II., III. eta IV. eranskinetako tarifetan –ikasketen arabera– ezarritako prezioen % 25. Gainerako prezioak aurreikusitako zenbatekoan eta osoki ordainduko dira.

9. artikulua.– Ikasketak homologatzea.

1.– Espainiako titulu eta graduetarako homologazioa eskatu, eta, horretarako, gaitasun-proba edo proba orokor bat egin behar dutenek VI. eranskinean jasota dagoen tarifa ordainduko dute. Prestakuntza-baldintza osagarri gisa zaintzapeko ikastaroren batera joan behar badute, dagozkion prezioak ordaindu beharko dituzte, ikastaro horien esperimentaltasun-mailaren arabera.

2.– Atzerriko goi-mailako hezkuntza-tituluen eta doktore maila akademikoaren arteko baliokidetasun deklarazioa eskatzen dutenek VI. eranskinean jasota dagoen tarifa ordaindu beharko dute.

10. artikulua.– Baliozkotzea, aitortzea eta moldatzea.

1.– Titulartasun pribatuko zentroetan edo atzerriko zentroetan egindako ikasketengatik ikasgaiak baliozkotzea edo aitortzea lortzen dutenek unibertsitateari ordaindu beharko diote dagozkien eranskinetan jasotako tarifetan ezarritako prezioen % 25.

2.– Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialak baliozkotzeak edo aitortzeak ez du kosturik sorraraziko, non eta ez diren atzerriko unibertsitate publikoak.

3.– Desagertzen ari den plan bat ezartzen ari den plan berrira moldatzeak ez die inolako gasturik ekarriko ikasleei.

4.– Unibertsitateko gradu- edo master-ikasketetan kredituak aitortzea lortzen duten ikasleek I., II., III. eta IV. eranskinetan ezarritako prezioen % 25 ordaindu beharko dute.

11. artikulua.– Familia ugariak.

1.– Familia ugariko ikasleek agindu honetan arautzen diren salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta familia ugaritzat aitortuta badaude, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean jasota dagoen bezala.

2.– Tratamendua:

a) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena, kategoria bereziko familia ugarietakoak badira. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

b) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen ehuneko 50eko murrizketa, kategoria orokorreko familia ugarietakoak badira. Murrizketa I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru-aldundiak edo arlo honetan eskumena duen administrazioak emandako titulu ofiziala, indarrean dagoena, eta familia ugarikoa dela aitortzen duena (kategoria ere adierazi behar da bertan); horrez gain, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.

12. artikulua.– Guraso bakarreko familia.

1.– Guraso bakarreko familia-unitate bateko ikasleek prezio publikoen salbuespena edo murrizketa lortu ahal izango dute, baldin eta behar bezala justifikatzen badute.

2.– Tratamendua:

a) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena, bi ondorengo edo gehiago dituzten guraso bakarreko familietakoak direnean. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

b) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen ehuneko 50eko murrizketa, ondorengo bat duten guraso bakarreko familietakoak direnean. Murrizketa I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: familia-liburua eta administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.

13. artikulua.– Terrorismoaren biktimak eta haien senideak.

1.– Terrorismoaren biktimek eta haien senideek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren arabera halakotzat aitortuta badaude.

2.– Salbuespenetarako, biktimaren senidetzat joko dira ezkontidea, edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat duena, eta biktimaren seme-alabak, edo legez familia-harrerako egoeran daudenak.

3.– Soilik terrorismoaren biktima izateari lotutako inguruabarren zioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzera joan behar izan duten pertsonek ere jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako murrizketa eta salbuespenak.

4.– Tratamendua: salbuespena, aipatutako azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluan arautua. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

5.– Aurkeztu beharreko agiriak: Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena, indarrean dagoena. Horrez gain, biktima bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibidualarena; eskatzailea senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboarena.

14. artikulua.– Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia.

1.– Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia batek agindu honetan arautzen diren salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetako batean egon beharko da: edo unibertsitate-ikasleak berak % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideren batek % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea. Honako hauek hartzen dira zuzeneko senidetzat: ezkontidea edo edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat duena, aita, ama, seme-alabak, neba-arrebak eta Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen esparruko harrerakoak, baldin eta helbide berean erroldatuta badaude.

2.– Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru-aldundiaren edo arlo honetan eskumena duen administrazioaren ebazpena, indarrean dagoena eta minusbaliotasun-maila zehazten duena, eta administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatzearena: desgaitasuna duen pertsona bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibidualarena; eskatzailea senitartekoa bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboarena.

15. artikulua.– Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima.

1.– Genero-indarkeriaren biktimek (halakotzat hartuta genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuaren arabera), eta haiekin bizi diren haien kargurako 25 urtetik beherako seme-alabek, eta sexu-indarkeriaren biktimek (halakotzat hartuta Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren arabera), artikulu honetan arautzen diren salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izango dute.

2.– Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: biktima bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibidualarena; eskatzailea senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboarena. Kasu batean zein bestean, genero-indarkeriaren egoera egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Oro har, 5 urteko indarraldia hartuko da kontuan, egiaztapenean beste indarraldi bat zehazten ez bada. Norbait genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima dela egiaztatzeko, bitarteko hauek erabil daitezke:

– Pertsona genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima dela edo izan dela deklaratzen duen ebazpen judiziala.

– Biktimaren aldeko indarreko babes-agindua.

– Ministerio fiskalaren txostena, babesteko agindua eman bitartean pertsona genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena.

– 2021eko azaroaren 11ko Berdintasuneko Konferentzia Sektorialaren Akordioak, genero indarkeriako edo/eta sexu-indarkeriako egoerak egiaztatzeari buruzkoa bera, bere II. eranskinean zerrendatutako gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo harrera-zerbitzuen txostena.

– Sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izatearen egiaztapenari dagokionez, Berdintasunerako Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 27ko Akordioan ezarritakoa, sexu-indarkeriaren egoera egiaztatzeari buruz.

16. artikulua.– Nazioarteko eta aldi baterako babesaren eskatzaileak zein onuradunak eta aberrigabeak.

1.– Nazioarteko eta aldi baterako babesaren eskatzaileek zein onuradunek eta aberrigabeek agindu honetan araututako prezio publikoak ordaintzetik salbuestea lortu ahal izango dute, baldin eta maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.

2.– Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena. Salbuespena I., II., III., IV., V eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentuak: administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria, eta hauetako agiri bat:

– Nazioarteko babesa eskatu izanaren frogagiria eta, hala badagokio, borondate-adierazpena formalizatzea.

– Asilo-eskatzailearen agiria, eskaera izapidetzeko onartu dela egiaztatzen duena (txartel gorria).

– Aberrigabearen estatutuaren eskaera edo onarpen-agiria.

– Ukrainatik alde egin duten pertsonentzako aldi baterako babesa lortzeko eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria, babesa ematen duen ebazpena edo egoiliar txartela.

– Nazioarteko babesaren onuradunaren ziurtagiria: errefuxiatua edo babes subsidiarioaren onuraduna izatearen justifikazioa edo arrazoi humanitarioen ziozko bizileku-baimena.

17. artikulua.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunak.

1.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa aitortuta duten onuradunek, Agindu honetan araututako prezio publikoen salbuespena lortu ahal izango dute, betiere maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.

2.– Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera kobratu izanaren ziurtagiria.

18. artikulua.– Trans pertsonei aplikatzeko salbuespena.

1.– Erregistro Zibilean sexu-aldaketagatik izena zuzendu ondoren, trans pertsonek salbuespena izateko eskubidea izango dute titulua berriro eman dakien.

2.– Tratamendua: VI. eranskineko 2.1.8 tarifaren prezio publikotik salbuestea.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: Nortasun Agiri Nazionala, sexu-aldaketaren zuzenketa jasotzen duena.

19. artikulua.– Agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak emateko baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako unibertsitate-zerbitzu akademikoen prezio publikoen salbuespen eta murrizketen onuradun izateko, interesdunek kasuan kasuko baldintza bete beharko dute, edo, gutxienez, dagokion administrazioaren aurrean izapidetzen hasi matrikula egiteko ezarritako epean, eta kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa aurkeztu. Data horretan aitorpena izapidetzen ari bada, aitorpenaren edo berrikuspenaren eskabidearen kopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da, eta dagokion ikasturteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da prezioaren salbuespena edo murrizketa eragiten duen baldintza aitortzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

2.– Horretaz gainera, agindu honetan ezarritako kasuetan, interesdunek 2025eko urtarrilaren 1ean zeukaten administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Hala badagokio, errolda-ziurtagiriak barnean hartuko ditu etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien zerrenda.

Nazioarteko eta aldi baterako babesaren eskatzaileek edo onuradunek, bai eta aberrigabeek ere, auzotasun- edo erroldatze-ziurtagiria aurkeztu ahal izango dute geroago, baldin eta ziurtagiri hori matrikulazio-data baino lehenagokoa bada. Nolanahi ere, dagokion ikasturteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da dagokion dokumentazioa.

3.– Aipatutako paragrafoetako agiriak ezarri den epean ekarri ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuen prezio publikoak ordaindu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA
GRADUKO UNIBERTSITATE-IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTALTASUN-MAILAK

1. esperimentaltasun-maila: Biologia (S), Biokimika eta Biologia Molekularra (S), Bioteknologia (S), Elikagaien Zientzia eta Teknologia (S), Ingurumen Zientziak (S), Erizaintza, Farmazia, Fisioterapia, Geologia (S), Medikuntza, Giza Nutrizioa eta Dietetika, Odontologia, Kimika (S), Logopedia.

2. esperimentaltasun-maila: Artea, Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak, Kultura Ondareen Kontserbazioa eta Zaharberritzea, Sorkuntza eta Diseinua, Fisika (S), Arkitekturaren Oinarriak, Ingurumen Ingeniaritza (S), Ingeniaritza Zibila (S), Ingeniaritza Elektrikoa (S), Ingeniaritza Elektronikoa (S), Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (S), Arkitektura Teknikoa, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza (S), Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza (S), Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza (S), Industria Teknologiaren Ingeniaritza (S), Ingeniaritza Informatikoa (S), Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Ingeniaritza (S), Itsasketa (S), Ingeniaritza Mekanikoa (S), Nautika eta Itsas Garraioa (S), Ingeniaritza Kimikoa (S), Ingeniaritza Kimiko Industriala (S), Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza (S), Psikologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa, Automobilgintzaren Ingeniaritza (S), Adimen Artifiziala (S), Biomedical Engineering (S).

3. esperimentaltasun-maila: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Ekonomia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Zerga Sistema eta Administrazio Publikoa, Geografia eta Lurralde Antolakuntza, Negozioen Kudeaketa, Enpresen Kudeaketa eta Marketina, Marketina, Matematika (S), Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Gizarte Langintza.

4. esperimentaltasun-maila: Gizarte Antropologia, Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa, Kriminologia, Zuzenbidea, Ingeles Ikasketak, Euskal Ikasketak, Filosofia, Artearen Historia, Historia, Filologia, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak, Soziologia.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTER-IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTALTASUN-MAILA

1. esperimentaltasun-maila: Osasun Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

2. esperimentaltasun-maila: Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

3. esperimentaltasun-maila: Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

4. esperimentaltasun-maila: Lege- eta Gizarte-zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

5. esperimentaltasun-maila: Artearen eta Giza Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PREZIO BEREZITUA DUTEN UNIBERTSITATE-MASTER OFIZIALAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
GAIKUNTZAKO EDO LOTURIKO UNIBERTSITATE-MASTER OFIZIALAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
99/2011 ERREGE DEKRETUAK ARAUTUTAKO DOKTOREGO-PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
BESTE ZERBITZU BATZUEN TRUKE ORDAINDU BEHARREKO PREZIO PUBLIKOAK
(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala