
119. zk., 2025eko ekainaren 25a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (245 KB - 17 orri.)
- EPUB (516 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2841
EBAZPENA, 2025eko ekainaren 17koa, HABEko zuzendariarena, 2024-2025 ikasturtean euskara-ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.
Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak HABE erakundea eratu zuen (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea), helduen euskalduntzea gauzatzeko asmoz eta ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburuz.
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak helduen euskara-irakaskuntza burutzen duten euskaltegi zein beste zentro homologatuen finantzazioa arautu zuen.
179/2003 Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz, HABEk hainbat dirulaguntza ezar ditzake euskara-ikasleentzat, betiere emaitza akademikoen baitan, dekretu horretan araututako modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez eta HABEren aurrekontu mugen barruan.
Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaz aldatuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetza finkatu du eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitu ditu.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduak euskararen komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu du eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatu ditu.
Ildo horretatik, 2025eko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2025-2028 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2025eko otsailaren 27ko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat Helduen ikaskuntza-egitasmoa sendotzea aurreikusten du, besteak beste euskara-ikasleei zuzendutako dirulaguntzak aurreikusiz.
Bestalde, XIII. Legegintzaldi honetako gobernu-programaren 43. konpromisoaren 1. ekimenean ondoko hau dago jasota: «Edozein pertsonari euskara doan ikasteko aukeraz eskaintzeko prozesuari ekitea, pixkanaka, maila guztietan, A1etik C2ra».
Ebazpen honen bitartez, HABEko zuzendariak 2024-2025 ikasturterako euskara-ikasleentzako dirulaguntzak emateko baldintzak eta jarraibideak zehaztu eta deialdia egiten du.
Aurreko xedapenak aintzat hartuta, HABEren arau organikoak onartu dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak (eta berau aldatu duen urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak) emandako eskumenez baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak araututakoari jarraikiz eta azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak (eta berau garatu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak) xedatutakoa oinarri izanik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskara-ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egitea eta oinarriak onartzea, 2024-2025 ikasturtean HABEren euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatu dituzten neurrian, betiere ebazpen honen eranskinean ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.
Donostia, 2025eko ekainaren 17a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Ebazpen honen xedea da euskara-ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak onartzea.
2.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2025. urtean 2.975.000 euroko kopurua jarriko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura.
3.– Eskatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa kontuan hartuta oinarri honen 2. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da % 50era arte. Adierazitako aldaketa HABEko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu eta EHAAn argitaratu beharko da.
2. oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.
1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintzak bete behar dira, deialdi honetako txanda bakoitzean ezarritako eskari-epea amaitzen den egunean, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:
a) Matrikulatua egotea.
HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bateko ikastaroren batean matrikulatua egotea 2024ko ekainaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarteko epealdian eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ordaindu izana.
b) Maila gainditu edo maila egiaztatzea
HABEren komunikagaitasun-maila euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ebaluazioan gainditu izana edo HABEren edo Hizkuntza Eskola Ofizialen (HEO) egiaztatze-deialdietan egiaztatu izana edo gainditutako maila zein egiaztagiri horien baliokidea den titulua edo ziurtagiria lortu izana, jarraian zerrendatutako prozeduraren baten bitartez:
1) A1 edota A2 mailak egiaztagiri bitartez: HABEren edo Hizkuntza Eskola Ofizialen egiaztatze-deialdietan A1 edota A2 mailak egiaztatu egin behar dira 2024ko uztailaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarteko ebaluazio-garaietan.
2) 2.1. B1 edota B2 mailak ebaluazio bitartez: HABEren B1 eta B2 komunikagaitasun-mailetako atalasearen ebaluazioa, euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean gainditu egin behar da.
2.2.– Gainera, dirulaguntzaren onuradun izateko, oinarri honetako beste baldintzak betetzeaz gain, ondorengo baldintzak ere bete beharko dira:
I.– Oro har, gutxienez 50 ikastordu hartuak eduki beharko dira eta udako ikastaroetan 30 ordu.
II.– Asistentziari dagokionez, honako bertaratzea izan beharko da matrikulatuta izan den ikastaroan: aurrez aurreko ikastereduan, gutxienez, euskaltegiak emandako ikastorduen % 75 hartuak izan beharko dira; eta autoikaskuntza ikastereduan, ordu teorikoen % 75 betetzeaz gain, mintza-saioetan izandako asistentzia orduekin, gutxienez ikastaroaren ordu teoriko guztien % 7,5era iritsi beharko du.
a) Oro har, asistentzia hori bete den neurtzeko, izena ematen den egunetik ikastaroa amaitu arteko ordu guztiak hartuko dira kontuan. Dena den, ikastaroa jarraitzea ezinezkoa egiten duen egoeraren bat (lan berri batekin bateraezintasuna, osasun-arrazoiak...) gertatuz gero eta behar bezala zurituz gero, baja izan arteko orduak hartuko dira aintzat asistentzia-kalkuluak egiteko.
b) Ikaslea dagoeneko hasita dagoen ikastaro batean matrikulatu bada, ikasleak ikastaroa hasi duen egunetik ikastaroa bukatzen den arte emandako orduak hartuko zaizkio aintzat asistentzia kalkulatzeko.
III.– Gaitasun-mailaren aurrerapenari dagokionez:
– B1 mailaren dirulaguntzaren onuradun izateko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B1A2 abiapuntua izan beharko da, eta bukaeran, gutxienez, B1B1 lorpen-maila.
– B2 mailaren dirulaguntzaren onuradun izateko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B2B1 abiapuntua izan beharko da, eta bukaeran, gutxienez, B2B2 lorpen-maila.
IV.– Euskaltegiak adierazpen bat luzatuko du baldintza hauek bete direla azalduz.
2.3.– B1 eta B2 mailak euskaltegian ebaluazio bitartez gainditzeagatik dirulaguntza jasoz gero, ondoren HABEko egiaztagiria edo baliokidea den ziurtagiria lortzeko egiten diren maila bereko ikastaroak ez dira diruz lagunduko.
3) B1, B2, C1 edo C2 mailak egiaztagiri bitartez: HABEko zuzendariaren ebazpenez deitutako 2024. urteko deialdiko bigarren azterketaldian, edo 2025. urteko deialdiko lehen azterketaldian eskuratu behar dira egiaztagiriok. Salbuespen gisa onartuko dira 2023-2024ko ikastaroa ekainaren 1a baino lehenago amaitu eta 2024. urteko bigarren azterketaldian egiaztatu duten ikasleen eskaerak.
4) B1, B2, C1 eta C2 mailak baliokidea den ziurtagiri edota titulu baten bitartez: 2024ko irailaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean eskuratu behar da HABEren egiaztagirien baliokide den ziurtagiri edo titulua, betiere baliokidetzari buruzko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak araututakoaren arabera eta deialdi bakoitzaren eragin datari jarraikiz.
5) Desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan, baldin eta desgaitasunaren balorazioan eta diagnostikoan eskumena duen organoak emandako txostenaren arabera ezin bazaie ebaluatu gaitasun-maila jakin bat, dela idazmenean eta irakurmenean, dela mintzamenean eta entzumenean, ez dituzte egiaztatu beharko ebaluatu ezin zaizkien adierazpen- eta ulermen-trebetasun horiek.
c) Administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edota emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, betiere martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak).
d) Dirulaguntza Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egotea. Bereziki, zerga zein gizarte-segurantza arloko betebeharrak egunean eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
2.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:
a) Herri Administrazioak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.
b) Deialdi honetako epealdiak baino lehen dagoeneko maila egiaztatuta duten ikasleak, dagokion egiaztagiriaren edo tituluaren bitartez.
c) Deialdi honetako epealdian ikasleari ezarri zaion abiapuntu-mailarik baxuena baino beheragokoa den mailaren bat gainditu edota egiaztatu duten ikasleak.
d) Eskola-materialaren gastua eta barnetegietako pentsio-gastuak ez dira diruz lagungarriak izango.
3. oinarria.– Eskariak aurkeztea.
1.– Eskabidea egiteko, derrigorrez, Eusko Jaurlaritzako Egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskaera-formularioa bete beharko da:
– Lehen txanda: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1038710
– Bigarren txanda: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1038711
Eskaera-formularioarekin batera aurkeztu behar dira egindako ikastaroen matrikulen ordainketa-agiriak.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko 2023ko otsailaren 13ko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Aginduaren 8. artikuluarekin bat etorriz, Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen Erantzukizunpeko Adierazpena.
Deialdi honen 3. oinarriak ezarritako gainerako baldintzen egiaztapena ofizioz egingo du HABEk elkarreragintasun-sistemak baliatuz. Eskari-egileak konprobazio horri aurka egin nahi badio, berariaz adierazi beharko du eskaera-orrian, eta horrekin batera, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
2.– Eskaera-formularioa eta berarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko bi modu daude:
a) Bide telematikoa: eskabidea bide elektronikoz helbide honetan egingo da «Nire karpeta»-ren bitartez: https://euskadi.eus/nirekarpeta.
b) Aurrez aurrekoa: eskaria ordenagailuan bete, inprimatu eta sinatu ondoren aurrez aurre aurkeztu beharko da HABEren bulegoetan, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoaren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 727/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
Bide telematikoa edo aurrez aurrekoa erabiltzeak, bai eskabideak aurkeztean, bai dokumentazioa aurkeztean, ez du behartzen prozedurako hurrengo izapideetan bide bera erabiltzera.
3.– Elektronikoki aurkeztutako dokumentuek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Pdf formatuan aurkeztuko dira.
b) Bakoitzaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.
4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
4. oinarria.– Eskariak aurkezteko txandak, eskari-epeak eta ebaluazio-garaiak.
Bi txanda izango dira 2025. urtean eskariak egin ahal izateko.
Gainditutako edo egiaztatutako maila bakoitzeko eskari bakarra onartuko da, deialdi honetako bigarren oinarriaren 1.b) atalean ezarritako prozeduraren bati jarraikiz.
Ikasleak maila berberagatik eskari bat baino gehiago eginez gero, aztertu egingo dira eskariak osagarriak diren ikusteko. Kontrajarriak diren datuak edukiz gero, denboran azkena izan den eskaria hartuko da aintzat.
Ikasle berberak gainditutako edo egiaztatutako maila ezberdinengatik, eskari ezberdinak egin ditzake txanda ezberdinetan.
4.1.– Lehen txanda.
Lehen txanda honetan, dirulaguntza eskaria egiteko epea ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da eta abuztuaren 4an amaituko da.
Eskaria egin ahal izango dute lehen txanda honetan 2024ko uztailaren 1etik 2025eko uztailaren 31 bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek. Betiere, 2. oinarrian jasotako baldintzak betez gero.
4.2.– Bigarren txanda.
Bigarren txanda honetan, dirulaguntza eskaria egiteko epea 2025eko irailaren 1ean irekiko da eta azaroaren 3an amaituko da.
Eskaria egin ahal izango dute bigarren txanda honetan 2025eko abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek, betiere, 2. oinarrian jasotako baldintzak betez gero.
Gainera, lehen txandan eskaria egiterik izan ez duten pertsonek aukera izango dute dirulaguntza-eskaria egiteko, betiere 2024ko uztailaren 1etik 2025eko uztailaren 31ra bitartean gainditu edota egiaztatu badute maila.
5. oinarria.– Aurkeztutako eskariaren akatsak eta hutsuneak zuzentzea.
Eskariak akatsak edota hutsuneak baditu, edo eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta bada, hamar laneguneko epea emango da hauek zuzentzeko. Eta horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, aldez aurretik emandako ebazpenaren bidez.
6. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.
HABEko Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitateari eta Ikuskatzailetzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
7. oinarria.– Dirulaguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzen esleipen-prozedura ez da lehia-printzipioaren arabera izapidetuko, baizik eta esleipen jarraituaren arabera. Hau da, oinarri hauetako betekizunak zein baldintzak betetzen dituzten eskabide-egile guztiek jasoko dituzte dirulaguntzak, aurrekontu-partidako zenbatekoa agortu arte.
2.– Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitzeko, ikasleak 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan matrikuletan ordaindutako kopurua eskura dezake, gehieneko muga hauekin gainditu edo egiaztatutako maila bakoitzeko:
– HABEren A1 maila: 600 euro.
– HABEren A2 maila: 800 euro.
– HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.
– HABEren B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.
– HABEren C1 maila edo baliokidea, 1995ean edo ondoren jaio diren ikasleentzat: 700 euro.
– HABEren C1 maila edo baliokidea, 1994an edo aurretik jaio diren ikasleentzat: 150 euro.
– HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.
Muga horiei dagokienez, ikasleak maila bat baino gehiago lortzeagatik dirulaguntza eskatzen badu, gehieneko dirulaguntza izango da 7. oinarriko 1. atal honetako mailei dagokien batura.
Halaber, eskabide guztien zenbatekoak deialdiaren 1. oinarriaren baitan ezarritako aurrekontua gaindituko balu, ebazpen-organoak aipatu aurrekontua hainbanatuko du onuradun izateko eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztien artean.
3.– Dirulaguntza kontzeptupean jasotako diruzko zenbateko hauek salbuetsita egongo dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, aplikagarri zaion araudian ezartzen den eran.
4.– Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitza behin bakarrik lagunduko da diruz, ikaslearen ibilbide osoan zehar. Era berean, maila bat gainditu edo egiaztatu ondorengo dirulaguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.
8. oinarria.– Ebazpena, ebazpena emateko epea, jakinarazpena eta dirulaguntzaren ordainketa gauzatzea.
Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEko zuzendariak dirulaguntza-eskariak ebatziko ditu eta ebazpenak emango ditu ondoren zehaztutako epeetan:
Lehen txandan barneratutako eskariei buruz 2025eko irailaren 30a baino lehen ebatziko dira.
Bigarren txandan barneratutako eskariei buruz 2025eko abenduaren 12a baino lehen ebatziko dira.
Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).
Gainera, interesdunei «Nire Karpeta»-ren bidez, jakinaraziko zaizkie.
Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web orrialdean argitaratuko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitara ematen diren egun berean.
Eskabideen gainean emandako ebazpenak bide administratiboa agortuko du. Horren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete HABEko zuzendariaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.
9. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasuna eta gainfinantzaketaren debekua.
Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horri jarraiki, onuradunek aipatu gainfinantzaketa ez izateko konpromisoa hartu beharko dute euren gain.
HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.
Dirulaguntza deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar, ikasle den eskari-egileak berariaz ontzat eman dituela oinarri hauek eta baimena ematen diola batetik, HABEri, gainfinantzaketa hori egon den ziurtatzeko beharrezko den informazioa eska diezaien gainerako administrazio publikoei, eta bestetik, azken horiei, informazioa HABEri emateko ere.
10. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunek, oro har, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.
2.– Eta zehazki, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunak beti izango ditu honako betebehar hauek:
a) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.
b) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzarik eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.
c) Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.
d) Dirulaguntza honen kudeaketan eta fiskalizazioan eskumena duten organoek eskatzen dieten informazio guztia ematea. Zehazki, informazioa eman beharko dio HABEri, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta finantzaketaren ikuskaritza egiteko eskumena duten beste edozein kontrol-organo publikori, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4 n) artikuluan ezarritakoaren arabera.
e) Horretaz gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.
11. oinarria.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.
Ebazpena eman ondoren, onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde pribatu baten aldetik helburu bererako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, horren berri eman beharko dio HABEri. Egoera horrek dirulaguntza onartzen duen ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere 9. oinarrian ezarritako gainfinantzaketaren debekua betetzeko.
Zentzu horretan, HABEk egiaztapenak egingo ditu, eta, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzeko eskatuko du, gainfinantzaketarik gertatu ez dela bermatzeko.
Edozein kasutan ere, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak jasotako zenbatekoa osorik edo partzialki itzuli beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 37. artikuluan eta aplikagarri den gainerako araudian ezarritakoaren arabera.
Itzulketa-prozedura administrazio-prozedura arruntaren bidez izapidetuko da, interesdunari entzunaldia eskainiz eta dagokion ebazpena emanez.
12. oinarria.– Datuen tratamendua.
Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:
– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.
HABEko zuzendaria izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.
Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.
Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Halaber, onuradunek bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan:
https://habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa
RSS