Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2025eko ekainaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2840

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 27koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera eta entzunaldia ematen baitzaio eta jendaurrean jartzen baita ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua aldatzeko espedientea. Hain zuzen ere, dekretu horren bidez Donostiako Satrustegi Dorrea kultura-ondasun gisa sailkatu zen, monumentu-izendapenaz, eta eraikin horren babes-araubidea ezarri zen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, kultura-ondarearen arloko eskumen esklusiboa bereganatu zuen. Lege hori garatzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, zeina gaur egun indargabetuta baitago Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen bidez.

Uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu ondoren, lege horren 11.1 eta 12. artikuluen arabera, ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua onartu zen, eta Donostiako Satrustegi Dorrea, monumentu-izendapenaz, kultura-ondasun izendatu zen. Hala ere, 2009ko apirilaren 2ko Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ondoren, dekretu hori aldatu beharra zegoela ikusi zen, Satrustegi Dorreko lorategian egin beharreko esku-hartze baten baliozkotasuna bermatuko zuten parametro nahikoak sartzeko agindu horren 15 b) artikuluan.

Gauzak horrela, aipatutako dekretuaren 15 b) artikulua berariaz aldatu zen abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretuaren bidez. Beraz, zehaztasun handiagoz mugatu ziren Satrustegi Dorrean egin zitezkeen esku-hartze guztiak.

Gainera, geroago, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia monumentu-multzoa kategoriako kultura-ondasun sailkatua izendatzekoa. Dekretu horretan, Donejakue Bidearen monumentu-multzoaren barruan Satrustegi Dorrearen babes bereziko maila berresten da, eta babes-araubide gisa, aurreko dekretuan zehaztutako araubideari lotzen zaio.

Hala ere, igaro den denborak eta dekretuaren araudiaren aplikazio praktikoan sortutako gorabeherek eta arazoek, bai eta onartutako testuan identifikatu ziren akatsak zuzendu beharrak ere, babes-araubidearen apartatu horiek berrikustea gomendatu dute, eta, aldi berean, gehiegizko zehaztasuna saihestea, zeina, frogatu den bezala, idazlearen babes-asmoaren aurkakoa izan baitaiteke, praktikan sortutako interpretazio desberdinen ondorioz.

Aurrez azaldutakoaz gain, kontuan hartu behar da uztailaren 3ko 7/1990 Legea indargabetu ondoren Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zela eta haren xedapen gehigarriak honako hau adierazten duela: «EAEko lurralde-eremuan kokatuta dauden eta aldi berean Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babespean kultura-ondasuntzat jo diren ondasun higigarri eta higiezin guztiak babes bereziko kultura-ondaretzat joko dira, baldin eta Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistroan sartu badira, eta babes ertaineko kultura-ondasuntzat, berriz, Euskal Kultura Ondasunaren EAEko Inbentario Orokorrean sartu badira. Kasu bietan, ondasun horiei aplikagarri zaien araubide juridiko berberaren pean egongo dira».

Horregatik, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Zerbitzu Teknikoek txostena egin zuten, ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua aldatzeko aukera eta egokitasuna egiaztatzeko, 15. artikulua osorik aldatu eta abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretua ondoriorik gabe uzte aldera.

Zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua aldatzeko espedienteari. Dekretu horren bidez, Donostiako Satrustegi Dorrea kultura-ondasun deklaratzen da, gaur egun babes bereziko ondasun, monumentu-kategoriarekin, maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen lehen xedapen gehigarriaren arabera, eta haren babes-araubidea ezartzen da, 15. artikulua berridazteko, eranskinean zehazten den bezala, abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretua ondorerik gabe utziz.

Bigarrena.– Ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua (Donostiako Satrustegi Dorrea, monumentu-izendapenaz, kultura-ondasun gisa deklaratzeko eta hura zaintzeko babes-araubidea ezartzeko dena) aldatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari hasiera ematea, dekretu horren 15. artikulua berridazteko.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 20 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak egin eta agiriak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenen arabera.

Laugarrena.– Espedientea hasteko ebazpen hau jakinaraztea Paisajes de Asturias SLri, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzari ere.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 27a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

ERANSKINA

Ekainaren 20ko 312/1995 Dekretuaren III. eranskineko 15. artikuluaren aldaketa, Donostiako Satrustegi Dorrea sailkatutako kultura-ondasun gisa babesteko araubideari lotuta

III. KAPITULUA
ARAUBIDE OROKORRA

15. artikulua.– Babes-araubide honen xede den ondasunaren inguruan baimendutako esku-hartzeak.

Satrustegi Dorrearen babes-ingurunean planteatzen diren esku-hartzeek haren berezko parke-lorategi izaera indartzera bideratuta egon beharko dute.

Hala ere, onargarritzat jotzen dira Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako erabilerei lotuta dauden eta honako baldintza hauek betetzen dituzten okupazioak:

– Erabilera berriak sartzeak eraikin nagusiaren eta babes-ingurunearen kontserbazioa, zaharberritzea eta balioa nabarmentzea bermatu beharko du beti.

– Lurpean edo altueran egiten den eraikin edo instalazio berria, ahal dela, eraikinaren atzealdean, mendebaldean, kokatuko da, mendi-hegalaren topografiara organikoki egokituko den esku-hartze baten bidez, eraikin nagusiaren gaineko eragina eta lurzatiaren naturagunearen gaineko inpaktua minimizatzeko.

– Dorrearen iparraldeko eta hegoaldeko albo-aurrealdeko okupazio partzialak ere onartu ahal izango dira, baldin eta kontrol-agintaritzak, proiektuaren zehaztapen arkitektonikoaren unean, hala erabakitzen badu Kultura Ondarearen arloko ordenamenduak ezarritako aurretiazko baimenaren izapidearen barruan.

– Nolanahi ere, altuerako eraikuntza gutxienez zortzi metro atzeratu beharko da eraikin nagusiaren fatxadetatik, eta ezingo du inoiz gainditu dorrearen hirugarren forjatuaren altuera (bigarren solairua).

– Eraikinaren aurrealdean, ekialdean, proposatutako esku-hartzeak onartuko dira, baldin eta dorrearen lorategi historikoa kontserbatzea, zaharberritzea edo, hala badagokio, berreskuratzea bermatzen badute. Horri dagokionez, kontrol-agintaritzaren aldeko txostenarekin, lurpeko eraikuntza-jarduketak edo instalazioak sartzeko jarduketak onartu ahal izango dira aurrealdean, baldin eta haren egungo egoera zaintzen bada, bai jatorrizko topografiari dagokionez, bai paisaia- eta lorezaintza-tratamenduari dagokionez, eta bermatzen bada lurpeko obra batek ere ez diola eragingo lurzatiaren erregimen hidrikoari.

– Balizko inpaktuak identifikatzeko, eguneko zein gaueko tartea hartu beharko da kontuan.

– Dorrerako sarbidea mantentzeko eta hobetzeko lanak baimenduko dira.


Azterketa dokumentala