
117. zk., 2025eko ekainaren 23a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (332 KB - 34 orri.)
- EPUB (447 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2785
AGINDUA, 2025eko ekainaren 3koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, 2025eko ekitaldirako lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak arautzen eta iragartzen dituena.
Euskal turismoa goraldian eta hazkundean bizi da azken urteotan, baliabide gastronomiko, kultural eta naturalen aniztasunean eta aberastasunean oinarrituta. Halaber, turismo jasangarria sustatu eta garatu du. Gainera, sektore profesionalizatua du, eta gizarte-balio berriak eta eraldaketa teknologikoaren esparrua integratzen ari da eguneroko jardunean.
Ikuspegi ekonomikoari dagokionez, Euskadiko turismo-sektoreak % 4,75eko hazkundea izan du 2024ko lehen erdian, 2023koarekin alderatuta. Gaur egun, EAEko BPGaren % 6,3 da, eta zuzeneko 111.000 lanpostu inguru sortu ditu (2024ko 2. hiruhilekoa), Euskadiko enplegu guztiaren % 11. Horregatik guztiagatik, esan daiteke turismo-industria euskal ekonomiarentzat eragile ekonomiko garrantzitsua dela.
Turismo eta Merkataritzaren Euskal Estrategiak (2030) eta Turismo eta Merkataritzako Ekintza Planek (2023-2025) datu positibo horiek guztiak jasotzen dituzte, eta Euskadik urtarokotasuna gainditzeko eta turismo-fluxuak mugitzeko duen joera berresten dute.
2025ean, Sailaren lan-planteamendua izango da sektoreari babesa ematen jarraitzea eta Euskadin turismo jasangarri, lehiakor eta inklusibo baten alde egiten segitzea, Estrategiarekin bat etorrita.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa bat dator Turismo eta Merkataritzako 2030 Euskal Estrategian ezarritako konpromisoekin eta XIII. Legegintzaldiko 2024-2028 Gobernu Programan zehaztutakoekin («Ongizatean Hazi», Ongizatea, Aurrerapena, Eraldaketa eta Autogobernua Euskadi globalerako). Bat dator, halaber, konpromiso horien barruan, Sailaren jarduera-eremuak biltzen dituen eta aipatutako Gobernu Planaren 2. ardatz estrategikoarekin (hazkunde- eta ongizate-eredua) bat datozen konpromisoekin.
Ardatz estrategiko horren barruan, «Lurralde-proiektu turistikoak babesteko laguntzak» dirulaguntza-lerroa, zehazki, «Turismo jasangarria eta bikaintasunekoa» 18. jarduera-arloan dago, eta, horren barruan, honako konpromiso hauetan: 106. konpromisoa (Euskadi, helmuga-lehiakorra), eta 108. konpromisoa (Euskadi, helmuga konprometitua eta jasangarria). Honako helburu hauek ditu:
1.– Turismo-produktuen eta -esperientzien kopurua handitzea.
2.– Basquetourrek sustatu eta kudeatutako lehiakortasuna hobetzeko ekintzetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea, turismo jasangarria eta arduratsua lortzeko, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezarriz, bai eta Turismo Enpresa Adimendunaren (TEA) eta Turismo Helmuga Adimendunaren (THA) proiektuak ezarriz ere.
Lehenengo helburua lortzeko ekimenetako bat turismo-eskaintzaren bikaintasuna sustatzea da, helmugen dibertsifikazioari eta horien berezitasunari eta turismo-eskaintza hauei lotuta: gastronomia, enologia, landa-ingurunea, kirola eta kultura, eta familia, industria eta LGTBIQ+. Hain zuzen ere, helburu hauek lortzen lagunduko duten produktu eta esperientzia turistiko jasangarriak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzen lagunduko da: EAEko esperientzia turistikoa hobetzen; balio erantsi handiagoa emanda turismo-eskaintza sendotzen eta berezi egiten; eta turismoa sasoiz kanpo zabaltzea eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzea ekarriko duten turismo-fluxu berriak indartzen eta sortzen. Zeharkako helburuak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da.
Bestalde, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak (programa honetan ere laguntzen da) 700 enpresa baino gehiago ditu atxikita 2024an, eta 2025erako atxikimendu kopuru hori handitzea da helburua, balio turistikoaren kate osora iritsi arte, garapen jasangarrirako helburuak sektorean aplikatzeko eta Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin bat etortzeko. Deialdi berri honetan sartzen dira, halaber, Turismo Enpresa Adimenduna eta Turismo Helmuga Adimenduna proiektuak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Basquetourren bitartez egiten ari den eraldaketa jasangarri eta arduratsuarekin bat etortzeko. Erronka turismo seguruagoa eta jasangarriagoa sustatzea da, gizartearen eta enpresen erantzukizunaren printzipioak txertatuko dituena eta sektorean lan egiten duten pertsonentzako kalitatezko enplegua bermatuko duena.
Aurrekoa kontuan hartuta, eta bat etorriz Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 4. eta 5. artikuluekin, laguntza-programa honen lehentasunezko xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-politika dibertsifikatua, kalitatezkoa, jasangarria eta erakargarria garatzea turismo-eskariari begira; hauek dira laguntza-programa honen helburu espezifikoak:
1.– Basquetourrek bultzatutako produktuetan eta helmuga turistiko bakoitzaren berezitasunean oinarritutako plan eta esperientzien eskaintza berri, erakargarri eta kalitatezkoa sustatzea, eta egungo eskaintza sendotzea eta hobetzea.
2.– Basquetourrek bultzatutako produktuetan parte hartzen duten eragileen eta produktu-klubetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea, xede hartuta Euskadiko turismo-sektorea osatzen duten turismo-eskaintzaren eta enpresa-sarearen kalitatea eta berezitasuna bermatzea, helmugaren erakargarritasuna eta turistaren esperientzia hobetzeko.
3.– Basquetourrek sustatu eta kudeatzen dituen eta turismo jasangarria eta arduratsua lortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko helburua duten ekintzetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa eta Turismo Enpresa Adimenduna ezarriz.
4.– Basquetourrek sustatu eta kudeatzen dituen eta lehiakortasuna hobetzeko helburua duten ekintzetan parte hartzen duten helmugen kopurua handitzea, turismo jasangarria eta arduratsua lortzeko, Turismo Helmuga Adimenduna ezarriz.
Helburu horiek lehen aipatutako turismo jasangarrirako eta bikaintasunerako konpromisoak lortzen laguntzen dute, eta agindu honetan sartuta daude.
Laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du aurreikusita Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2025eko ekitaldirako aurrekontuetan, eta jasota dago aipatutako 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Sailaren webguneko «planak eta proiektuak» atalean argitaratuta baitago.
Horrenbestez, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 18.1.a) artikuluak eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematen dizkioten eskumenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2025eko ekitaldirako lurralde-proiektu turistikoak babesteko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoari lotzen zaizkio, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 3a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria.– Xedea.
Agindu honen xedea da EAEko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten lurralde-proiektu turistikoei laguntzeko programaren deialdia egitea eta oinarriak ezartzea, turismo-fluxu berriak dinamizatzeko, banatzeko eta sortzeko 2025eko ekitaldirako, baldin eta proiektu-mota hauetan sartzen badira, betiere:
– Euskal Autonomia Erkidegoko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten lurralde-proiektu turistikoak.
– Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten proiektuak.
2. oinarria.– Baldintzak eta definizioak.
Agindu honi begira, definizio hauek finkatu dira:
1.– Produktu turistikoa: produktutzat hartuko dira baliabide eta zerbitzu nagusi eta/edo osagarri guztiak, turismo-jardueretan erabiltzeko eta gozatzeko direnak, baldin eta erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin baditzakete berorietan.
2.– Eskualdeko turismo-lankidetzako enteak (aurrerantzean, turismo-lankidetzako enteak): beren eraketan eta/edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako Euskal Autonomia Erkidegoko entitate publikoak eta pribatuak barne hartzen dituzten entitateak dira, eta elementu giltzarria dira helmugaren turismo-garapenerako.
Eragile hauen helburua da modu koordinatuan eta parte-hartzearen bidez beren gain hartzea eskualdea helmuga turistiko lehiakor bihurtzeko erronka, mahai instituzionalak, turismo-mahaiak eta, dagokionean, mahai azpisektorialak erabiliz horretarako. Ondorioz, turismo-lankidetzako ente bakarra egon daiteke eskualde bakoitzeko.
3.– Hiriburuetan turismoa sustatzeko enteak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan turismoa sustatzeko ardura duten euskal entitate publikoak.
4.– Produktu turistikoak kudeatzen dituzten eskualdez gaindiko enteak (aurrerantzean, produktu turistikoak kudeatzen dituzten enteak): eskualdez gaindiko entitateak dira, bisitariak erakartzeko eta turismo-fluxuak sortzeko ahalmen handia duen baliabide gastronomiko, natural edo kultural jakin bat produktu turistiko gisa abiarazteko, kudeatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko beren-beregi sortuak.
3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
Turismo-proiektuen garapenerako laguntzak emateko diru-baliabideen zenbatekoa 1.805.000 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarrita dago; honela banatzen da urteka:
2025: 1.263.500 euro.
2026: 541.500 euro.
4. oinarria.– Entitate onuradunak.
1.– Onuradun izan ahal izango dira entitate publiko eta pribatu hauek:
1.1.– EAEko hiriburuen turismo-sustapenaren arduradun diren EAEko entitate publikoak (udalak, tokiko organismo autonomoak, tokiko enpresa-entitate publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak), baita eskualdeko turismo-lankidetzako enteetako kide ez diren udalerrietakoak ere, baldin eta ente horiek ez badira existitzen edo ez badira eratu beren esparru geografikoan, eta baldin eta toki-entitate horiek Itourbask-Euskadiko Turismo Bulegoen Sareko turismo-bulegoen eta/edo informazio-puntu turistikoen titularrak badira eta urte guztian irekita badaude.
1.2.– EAEn kokatutako entitate publiko edo pribatuak (kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, partzuergoak, entitate publiko eta pribatuek osatutako merkataritza-sozietateak, beste entitate eta elkarte batzuk), baldin eta bertako eskualde-eremuan edo eskualdez gaindi garatzen badituzte jarduerak, turismo-lankidetzako ente gisa edo turismo-produktuak kudeatzen dituzten ente gisa.
2.– Entitate hauek ezin izango dira laguntzaren onuradun izan:
– Enpresa-taldeak, enpresa-elkarteak, kirol-elkarteak eta Eusko Jaurlaritzari edo foru-aldundiei lotuta edo horien mende dauden eta nortasun juridikoa duten sozietate publikoak.
– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan ondorio horietarako jasotako inguruabarretakoren batean daudenak, hala nola:
• Ez izatea egunean indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da eskakizun hori betetzen dela.
• Ez izatea ordainduta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da baldintza horri eusten zaiola.
• Aurreko puntuen egiaztapena Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera egingo da. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
• Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapena jaso izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana edukitzera behartuta egonda ere halakorik ez daukatenek, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.
– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen dutenak, baita konbertsio-terapiak sustatzen edo egiten dituztenak ere.
– Bete gabeko ezein berreskuratze-aginduren mende daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
5. oinarria.– Jarduketa diruz lagungarriak.
Diruz lagungarriak dira proiektu tipologia hauek garatzeko 2025eko ekitaldian hasten eta amaitzen diren jarduketak:
a) EAEko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten lurralde-proiektu turistikoak; II. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.
b) Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten proiektuak; III. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.
6. oinarria.– Gastu diruz lagungarriak.
1.– Oro har, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen direnak, eta agindu honen 16. oinarrian dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea amaitu baino lehen ordaintzen direnak. Gastu horiek II. eta III. eranskinetan zehazten dira.
Zeharkako zergak ere sartu ahal izango dira, baldin eta azken horiek ezin badira berreskuratu edo konpentsatu.
2.– Aurrekoa hala izanik ere, 2025. urtean garatuko diren jarduketetarako 2024ko ekitaldian egindako gastu-aurrerakinak onartuko dira, kontrataziorako baldintzek hala eskatzen dutenean (azoketarako guneak erreserbatzea, Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateko kuotak).
3.– Agindu honen xede diren entitateen ezaugarriak kontuan hartuta, dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako baldintzetan.
Enpresa onuradunek kontratuak egiten badituzte ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak emateko, eta gastu diruz lagungarriaren zenbateko garbia 15.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, enpresa onuradunak, gutxienez, eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzu hori egiteko, eskaintzeko edo hornitzeko behar beste entitaterik, edo salbu eta gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz hautatu beharko da aurkeztutako eskaintzen artetik (justifikazioan aurkeztu beharko dira), eta, betiere, hautua berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.
7. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Hauek dira agindu honetan diruz lagungarriak diren proiektu turistiko mota bakoitzerako laguntzen zenbatekoak:
1.1.– EAEko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten lurralde-proiektu turistikoak (II. eranskina):
– Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak (II. eranskinaren 4.1 apartatua): onartutako gastuaren % 60, eta, gehienez, 25.000 euro entitate bakoitzeko.
– Gainerako jarduketa diruz lagungarriak: onartutako gastuaren % 50.
Aurrekoa hala izanik ere, honako hau da II. eranskinean ezarritako kontzeptu guztiengatik entitate onuradun berak gehienez jaso dezakeen dirulaguntza, bere jardun-eremuaren arabera:
– Udal-eremuko toki-entitateak: 25.000 euro; Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, aldiz, 75.000 euro gehienez.
– Eskualde-eremuan edo eskualdez gaindikoan jarduten duten entitateak: 75.000 euro.
1.2.– Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten proiektuak (III. eranskina):
Onartutako gastuaren % 60koa izango da laguntza, eta, gehienez, 35.000 eurokoa entitate bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa proiektu bakoitzeko honako alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:
1.2.1.– Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikitako entitate publikoen, entitate pribatuen eta entitate publiko-pribatuen kopurua.
a) Entitate publiko, entitate pribatu eta entitate publiko-pribatu bakoitzeko diruz lagundu daitezkeen orduak gehienez 20 ordu izango dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko.
b) Diruz lagundu daitekeen orduko gehieneko kostua 35 eurokoa izango da. Beraz, onartutako zenbatekoa lortzeko aplikatu beharreko formula honako hau da: (atxikitako entitate publikoaren, entitate pribatuaren eta entitate publiko-pribatuaren kopurua) x (diruz lagundutako ordu kopurua) x (kostu/ordu).
1.2.2.– Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) konpromisoa.
a) Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) konpromisoari atxikitako entitate publiko, pribatu eta publiko-pribatuen kopurua.
b) Entitate publiko, entitate pribatu eta entitate publiko-pribatu bakoitzeko diruz lagundu daitezkeen orduak gehienez 20 ordu izango dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko.
c) Diruz lagundu daitekeen orduko gehieneko kostua 35 eurokoa izango da. Beraz, honako formula hau aplikatu behar da onartutako zenbatekoa lortzeko: (atxikitako entitate publikoaren, entitate pribatuaren eta entitate publiko-pribatuaren kopurua) x (diruz lagundutako ordu kopurua) x (kostu/ordu).
1.2.3.– Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) ziurtagiria.
a) Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) ziurtagiriari lehenengo urtean atxikitako helmugako entitate publiko, entitate pribatu eta entitate publiko-pribatuen kopurua.
b) Entitate publiko, entitate pribatu eta entitate publiko-pribatu bakoitzeko diruz lagundu daitezkeen orduak gehienez 30 ordu izango dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko.
c) Diruz lagundu daitekeen orduko gehieneko kostua 35 eurokoa izango da. Beraz, honako formula hau aplikatu behar da onartutako zenbatekoa lortzeko: (atxikitako entitate publikoaren, entitate pribatuaren eta entitate publiko-pribatuaren kopurua) x (diruz lagundutako ordu kopurua) x (kostu/ordu).
1.2.4.– Turismo Helmuga Adimenduna (THA) konpromisoa.
a) Entitate publiko eta/edo entitate publiko-pribatu bakoitzeko diruz lagundu daitezkeen orduak gehienez 40 ordu dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko, udalaren Turismo Helmuga Adimendunaren (THA) ereduaren arabera, eta gehienez 80 ordu entitate parte-hartzaile bakoitzeko, eskualdeko Turismo Helmuga Adimendunaren (THA) ereduaren arabera.
b) Diruz lagundu daitekeen orduko gehieneko kostua 35 eurokoa izango da. Beraz, onartutako zenbatekoa lortzeko aplikatu beharreko formula honako hau da: (diruz lagundutako ordu kopurua) x (kostu/ordu).
1.2.5.– Turismo Helmuga Adimenduna (THA) ziurtagiria.
a) Entitate publiko eta/edo entitate publiko-pribatu bakoitzeko diruz lagundu daitezkeen orduak gehienez 50 ordu dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko, udalaren Turismo Helmuga Adimendunaren (THA) ereduaren arabera, eta gehienez 100 ordu entitate parte-hartzaile bakoitzeko, eskualdeko Turismo Helmuga Adimendunaren (THA) ereduaren arabera.
b) Diruz lagundu daitekeen orduko gehieneko kostua 35 eurokoa izango da. Beraz, onartutako zenbatekoa lortzeko aplikatu beharreko formula honako hau da: (diruz lagundutako ordu kopurua) x (kostu/ordu).
2.– Hona hemen entitate batek deialdi honetan jaso ahalko duen gehieneko dirulaguntza, aurreko apartatuan xedatutakoa eta entitatearen jarduketa-eremua kontuan hartuta:
– Udal-eremuko toki-entitateak: 50.000 euro; EAEko hiriburuek, aldiz, 75.000 euro.
– Eskualde-eremuan edo eskualdez gaindikoan jarduten duten entitateak: 75.000 euro.
3.– Entitate batek gehienez 35.000 euro jaso ahalko ditu, lurralde-proiektu turistikoak planifikatzeko eta kudeatzeko giza baliabideetan egindako gastua (II.2.1 eranskina) eta helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten programetan parte hartzen duten enpresei eta entitateei laguntzeko gastuak (III. eranskina) ordaintzeko.
8. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira jarduketa bererako beste entitate edo organismo batzuek emandakoekin.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, deialdi honen babesean emandako laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko laguntza honen xede den jarduketaren kostua, izan bere horretan edo izan beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera, eta jarduketa beretarako beste diru-sarrera edo baliabide ororekin batera, gainfinantzaketarik gerta ez dadin. Eskatzaileak horri buruzko konpromisoa hartuko du aurkeztutako eskaeraren erantzukizunpeko adierazpenean, eta gainfinantzaketarik gertatuz gero, gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.
3.– Entitate onuradunei emandako funtsen bidez sortutako finantza-etekin eraginkorrek, emandako laguntza onartu ondoren dirulaguntza-zenbatekoaren % 70ari dagozkionak, laguntza horren zenbatekoa handituko dute, eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio. Horren ondorioz, finantza-etekinen eta emandako dirulaguntzaren baturak jardueraren kostua gainditzen badu, soberakina itzultzeko eskatu ahal izango da. Atal hau ez da aplikatuko entitate onuraduna administrazio publiko bat bada.
II. KAPITULUA
PROZEDURA
9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Entitateek elektronikoki aurkeztu behar dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), helbide honen bidez:
https://www.euskadi.eus/servicios/1020612/
3.– Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentuak aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa erabiliko da da soil-soilik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
4.– Entitate eskatzaileek EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
5.– Entitate eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko dira agindu honen II. eta III. eranskinetan zerrendatutako jarduketa diruz lagungarri guztiak. Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, aurkeztutako azkena baino ez da kontuan hartuko, eta aurreko guztiak atzera egindakotzat hartuko dira. Prozedura horri dagokionez, atzera egiteko ebazpena emango da, legez ezarritako baldintzetan.
6.– Laguntza eskatzeko, entitate eskatzaileak behar bezala bete eta sinatu behar du inprimaki normalizatua (ikus IV. eranskina), EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak/) onartutako identifikazio elektronikoko bitartekoren baten bidez, eta hurrengo oinarrian aipatzen diren dokumentu osagarriak aurkeztu behar ditu. Sarrerako erregistro elektronikoko data hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
7.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:
– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo
– «borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala beteta, eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, zuzenbidean baliozkoa den agiri bat, ahalorde-emailea legitimatzen duena hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion entitatearen legezko ordezkari gisa.
Ordezkariak (fisikoa zein juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.
8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
10. oinarria.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko bestelako dokumentuen edukia.
1.– Eskabidearen inprimaki normalizatuan entitatearen datu orokorrak idatzi beharko dira, eta langileen datuak sexuaren arabera bereizita jaso. Era berean, proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa eman beharko da. Gainera, eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du. Hau, zehazki:
– Laguntza eskatu duen entitatearen izaerari dagokionez:
• Entitatea ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2., 3 eta 4. apartatuetan aipatzen diren gainerako inguruabarretan, zeinek eragozten baitute pertsona edo enpresa onuradun izatea.
– Zehapenei dagokienez:
• Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmorik jaso ez izana.
• Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, ez egotea zigortuta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.
– Bestelako laguntzei dagokienez:
• Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.
• Agindu honetan emandako zenbatekoak, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batek emandako beste dirulaguntzei edo laguntzei batuta, laguntza honen xede den jarduketaren kostua gainditzen badu, eskatzaileak konpromisoa hartzen du inguruabar horren berri emateko.
• Ez dago bete gabeko ezein berreskuratze-aginduren mende, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
• Ez dauka zehapenik, dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dionik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.2 artikuluaren arabera –martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori–.
• 50 langiletik gorako enpresei dagokienez, indarrean izan beharko du berdintasun-plan bat, eta ezarrita izan beharko ditu sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
– Eskabideko datuei dagokienez:
• Entitate eskatzailearen organo eskudunak erabaki du jarduketak laguntza-programa honen deialdira aurkezten diren baldintzetan onestea eta finantzaketa-konpromisoa onartzea diruz lagungarria ez den zatiarentzat.
• Turismo-produktu bakoitzerako aurreikusitako urteko ekintza-plana Basquetourrera bidali da posta elektronikoz (info@basquetour.eus), horren berri izan dezan.
• Deialdian parte hartzeko eta onuradun izateko deialdiaren oinarrietan ezarritako eskakizunak betetzen ditu, hala egiaztatzen duen agiriak baditu, Administrazioaren eskura jarriko ditu hala eskatzen zaionean, eta konpromisoa hartzen du adierazitako betebeharrak deialdi honek indarrean jarraitzen duen bitartean betetzeko.
• Egiazkoak dira eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako agiriak, eta nork bere gain hartzen du dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen den funtsezko datu edo informazioren bat zehaztugabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaizkio aurkezten zehaztutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatutako dokumentuak, ezin izango da eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
2.– Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten diren dokumentu digitalizatuak aurkeztu beharko dira:
• Ekintza-plan bat produktu turistiko bakoitzeko, alderdi hauek bilduko dituena: ekintza-planaren testuingurua, helburuak, laguntzaren helburu izango diren jarduketen deskribapena eta aurrekontu banakatua, plana garatzeko behar diren baliabideak, kronograma eta ebaluazio-adierazleak.
• Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak, Basquetourren bidez, garatzen dituen proiektuen artean ez dauden produktu-tipologiei buruzko proiektuak egiteko laguntza eskatzen duten entitateek entitate eskatzaileak egindako produktu-plana aurkeztu beharko dute, eta horrek agindu honen II. eranskineko 3. apartatuan jasotako gutxieneko edukiak barne hartu beharko ditu.
• Turismo-lankidetzako enteak: turismo-mahaien akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.
• Produktu turistikoak kudeatzen dituzten enteak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.
3.– Entitate interesdunek ez dute zertan aurretik administrazioren batean aurkeztutako dokumentuak berriro aurkeztu, betiere adierazten badute noiz eta zer organotan aurkeztu zituzten. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, entitate eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada dokumentua zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio entitate eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, dokumentuan aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.
4.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4., 5., 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da), pertsona eta entitate eskatzaileek betebehar horiek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen. Laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte mantendu beharko da betetze hori.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiri administratibo positiboak aurkeztu beharko dira.
Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesduna horren aurka badago, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren egiaztapena Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari buruzko erantzukizunpeko adierazpenean jasota dago.
5.– Euskadiko Turismoaren Kode Etikoko prestakuntza-ibilbidean parte hartzen duten turismo-entitate, -enpresa, -baliabide eta -zerbitzuen kopuruari buruzko informazioa ematen bada ildo honetako laguntza kalkulatzeko helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuetarako laguntza-eskabidean, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarekin, hau da, Kode Etikoa eta Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) eta Turismo Helmuga Adimenduna (THA) proiektuak kudeatzen dituen entitatearekin kontrastatuko da.
11. oinarria.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko oinarrian aipatutako nahitaezko dokumentuekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo nahitaezko /dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Eskabide hori aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio entitate eskatzaileari. Ondorio horietarako, eskabidea benetan bide horren bidez gauzatu den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
2.– Jakinarazpenak elektronikoki egingo dira, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpenari uko egin diola. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.
12. oinarria.– Esleitzeko prozedura.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusita dagoen bezala, lehiaketa ez den beste norgehiagoka-prozedura bat erabiliko da laguntzak emateko, programaren helburua baita eskabideak garaiz eta behar bezala aurkeztu eta agindu honetan onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten entitate guztiei laguntzak ematea. Horretarako, finantzaketari lotutako aurrekontu-baliabideak nahikoak ez badira egindako eskaerei erantzuteko, eskaeren arteko hainbanaketa egingo da.
Prozedura kudeatzerakoan, eskabideen balorazioan edo prozeduraren ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko beharrezko neurriak hartuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaren arabera.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek epean aurkeztutako eskabideen azterketa eta ebaluazioa egingo dute, eta ezarritako eskakizunak betetzen diren egiaztatuko, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten dokumentuak eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango dizkiote entitate eskatzaileari.
2.– Baldin eta 3. oinarrian adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkezten diren eskabide guztietarako (hau da, 7. oinarrian aurreikusitako ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak aintzat hartuta), orduan, zuzkidura hori eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, eskabide guztiak osorik ordaintzeko hasieran haietako bakoitzarentzat kalkulatu ziren zenbatekoen arabera eta proportzioan, betiere.
13. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta errekurtsoak.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek egindako analisian oinarrituta, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, organo kudeatzailea den aldetik, behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.
2.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari dagokio ebazpena ematea. Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren ala ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: entitate onuradunen sozietate-izena, finantzatutako jarduketak eta kasu bakoitzean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, entitate eskatzaileen sozietate-izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
3.– Aurreko apartatuan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera emango, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da soil-soilik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
4.– Laguntzak emateko ebazpena entitate interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan, bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, entitate esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izango da.
5.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdi-agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea igarota prozeduraren ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunak legitimatuta egongo dira dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzeari dagokionez.
14. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzaren ordainketa Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du, eta bi epetan ordainduko da: dirulaguntzaren % 70 emandako laguntza onartu ondoren, 2025erako kontsignatutako kredituaren kargura; eta gainerakoa, egindako gastuen justifikazioa 16. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztu ondoren, 2026rako kontsignatutako konpromiso-kredituaren kargura.
Aurrerakina ordaintzeko laguntza onartu arren, errekurtsoa aurkeztu ahalko da laguntza onartzen duen ebazpenaren aurka.
2.– Dirulaguntza ezingo da ordaindu, baldin eta entitate onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
3.– Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo sozietate-izeneko datuak aurretik eman ez badira edo emandakoak aldatu nahi badira soilik, datuak jakinarazi beharko dira, «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» atalaren bidez aurkeztuta, Ogasun eta Finantza Sailak ezarritako prozeduraren arabera (http://www.euskadi.eus/hirugarrenak)
15. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honen xede diren dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak alde batera utzi gabe:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean entitate onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, dirulaguntza onartzen duela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
3.– Beste administrazio edo ente publiko zein pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriak entregatzearekin batera.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.
5.– Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dagozkien zereginak betez, jasotako laguntzei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen esku jartzea, laguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian jasota dauden jarduketen esku ere.
7.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentu elektronikoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.
8.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:
• Hezkuntza, promozio eta marketinerako euskarriek, beren formatua eta hedatzeko modua edozein delarik ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa (https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua/ eta «Euskadi-Basque Country» turismo-marka erakutsi beharko dituzte, horri buruzko eskuliburuetan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin egindako promozio-ekintzetan entitate onuradunaren, helmugaren edo produktu-klubaren logotipoa erabiltzen ez bada. «Euskadi-Basque Country» markaren eskuliburua eta logoa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren web-orrian daude (Turismoa): https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismoa/)
• Gainera, eta hala badagokio, webgunean, turismoko web-orri ofizialaren banner bat jarri beharko da: www.euskaditurismo.eus
9.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritzen eta egiaztapenen esku jartzea. Diruz lagundutako jarduketen garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritzek eta egiaztapenek, eta entitate onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio oro, baita eskatzen zaien justifikazio-agiri oro ere.
10.– Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jarduera edo jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
16. oinarria.– Dirulaguntzen justifikazioa eta azken likidazioa.
1.– Justifikaziora sartzea eta hori betetzea EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da soil-soilik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
2.– Dokumentuak elektronikoki aurkeztuta frogatu beharko du entitate onuradunak bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela laguntza ematean ezarritako helburua. Justifikazioa egiteko epea 2026ko urtarrilaren 30ean amaituko da.
3.– Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek errekerimendua egingo diote entitate onuradunari, hamabost eguneko epe luzaezinean dokumentazio hori aurkez dezan. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.
4.– Bigarren apartatuan zehazten den justifikazio-epea bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa hartuko da egindako gastutzat.
5.– Dirulaguntzak justifikatzeko, justifikazio-kontuaren modalitatea erabiliko da, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuta. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira gutxienez:
• Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduera-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.
• Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:
a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura noiz eman den (data), kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Benetan egindako gastuaren eta onartutako aurrekontuaren artean desbideratzeak gertatzen badira, desbideratze horiek memorian jaso beharko dira. Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatutako eta emandako ereduaren arabera beteko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
b) Fakturak –elektronikoak izan daitezke– edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten edo eraginkortasun administratiboa duten dokumentuak, aurreko apartatuan zehaztutako baldintzekin bat etorri behar dutenak.
c) Ordainketa egiaztatzen duten agiriak.
d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela, jarduerak egin dituela eta proiektuaren emaitzak lortu dituela –jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu– eta datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
e) Lan-kontratua eta dagozkion nominak, pertsona kualifikaturen bat kontratatzeko dirulaguntza jasotzen den kasuetan.
f) Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarrita dagoenez, eta agindu honen 6.3 oinarrian jasotzen denez, entitate onuradunak eskatu dituen hiru aurrekontuak.
6.– Gainera, kasu guztietan:
– Promoziorako materiala egiteko dirulaguntza eskatu dutenek aurkeztu beharko dute sortutako material bakoitzaren ale bat edo, materiala Interneten argitaratu bada, Interneteko helbiderako sarbidea.
– Hala dagokionean, bankuko agiri bat, dirulaguntzaren % 70eko aurrerakinak ordaindu zenetik dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko egunera arte sortu dituen benetako finantza-etekinak adierazita.
7.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako teknikariek aurkeztu diren dokumentuak aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla.
8.– Dokumentuak egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela entitate onuradunak aurkeztutako justifikazio-agirietan, aipatutako langileek horren berri emango diote entitateari, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.
9.– Dirulaguntza likidatzeko, kontuan hartuko dira entitate onuradunak benetan egindako eta justifikatutako diruz lagundutako gastua, diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste entitate batzuek emandako laguntzak, bai eta, hala badagokio, laguntzaren aurrerakinaren finantza-etekinak ere. Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa ezingo da izan dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa, 8. oinarriko 3. apartatuan jasotako kasuan izan ezik.. II. eranskinean jasotako jarduketen justifikazioen zenbatekoak, dirulaguntzaren ehuneko berekoak badira, elkarrekin konpentsatu ahal izango dira, baina ezin izango dute gainditu jarduketa horietarako emandako gehieneko zenbatekoa.
10.– Justifikatutako eta likidazioan onartutako kostua onetsitako aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, emate-ebazpenean jasotako dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuta.
11.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero, izendatutako teknikariek txosten bat emango dute, eta turismo- eta ostalaritza-arloko zuzendaritza eskudunaren titularrari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da. Hala ere, emandako dirulaguntza gutxitzea badakar justifikazioaren azterketaren emaitzak, turismo- eta ostalaritza-arloko zuzendaritza eskudunaren titularrari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamar eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio entitate interesdunari, egokitzat iritzitako alegazioak egin ditzan, hala badagokio.
17. oinarria.– Laguntzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako bestelako diru-sarrera zein baliabideak eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, baldin eta estaltzen ez badira ustezko ez-betetzeak, betetzen badira deialdi honen oinarrietan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Entitateek gutxieneko eskakizun horiek bete behar dituzte laguntza-programa honen onuradun izateko. Eskakizunak agindu honen 4. oinarrian jasota daude, eta jarduketa diruz lagungarriak, aldiz, 5. oinarrian eta II. eta III. eranskinetan. Ondore horietarako, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, onuradunari entzun eta gero, aldatzeko ebazpena emango du, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira bertan.
2.– Aurrekoa gorabehera, entitateaz kanpoko inguruabarrek eragindako aldaketak, hala nola diruz lagundutako turismo-produktuak sortzeko, sustatzeko edo merkaturatzeko aurreikusitako ekintza zehatzen ordez antzeko izaera eta helburuak dituzten beste batzuk egitea, idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari, gauzatu aurretik. Hori guztia baldin eta deialdi honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta laguntzaren helburua betetzen jarraitzen bada.
Organo emaileari aldaketaren justifikazioa jakinarazi eta 15 egun igarota, ez bada ukapenaren berri eman, entitateak onartutzat jo ahal izango du. Nolanahi ere, administrazio-organoak ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du. Onartzeak ez du inola ere ekarriko emandako dirulaguntzaren zenbatekoren bat emendatzea.
18. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera-egitea, eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.
2.– Entitate onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra adieraziko du, dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesez gain, eta amaitutzat emango du prozedura.
Ez da onartuko entitate interesdunari deialdiaren esparruan hasitako ez-betetze edo zehapen-prozeduraren hasiera jakinarazi ondoren aurkeztutako ukorik. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du.
19. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetan ezarritako betebeharren bat, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, edo proiektuaren zati bat betetzen ez badu, eta, ondorioz, laguntza zertarako eman zen osorik indargabetzen badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat gertatzen bada, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ez-betetze espedientea egin ondoren –interesdunari entzunaldia emango zaio espediente horretan–, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, osorik edo zati batean, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzuli beharko dituela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe egikari daitezkeen gainerako akzioak. Zenbateko horiek zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.
2.– Segidan aipatzen den inguruabarren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:
– Justifikazio-agiriak ezarritako epetik kanpo aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.
– Horretarako eskatutako baldintzak bete gabe eskuratzea laguntza edo dirulaguntza.
3.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak ez-betetzearen espedienteak hasteko eskumena izango du, eta Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, berriz, ebaztekoa. Ez-betetzearen espediente hori EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da soil-soilik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
5.– Entitate onuradunak betebehar guztiak betetzera nabarmen hurbiltzen direnean, eta entitate onuradunak bere konpromisoak betetzeko zalantzarik gabeko jarduketa bat egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz kalkulatuko da.
20. oinarria.– Datu pertsonalak.
Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza.
Helburua: PTT 2025 laguntza-programako eskabideak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egindako misioa betetzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra).
Hartzaileak: gai horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du bere datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/web01-sede/eu/contenidos/informacion/egoitza_datuen_babesa/eu_egoitza/index.shtml
II. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HELMUGEN ERAKARGARRITASUNA ETA ESPERIENTZIA TURISTIKOA HOBETZEN DUTEN LURRALDE-PROIEKTU TURISTIKOAK
1.– Lerro honetan oinarrituko dira helburu hauek lortzeko produktu eta esperientzia turistiko jasangarriak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea dakarten proiektuak: EAEn esperientzia turistikoa hobetzea; turismo-eskaintza sendotzea eta berezi egitea, balio erantsi handiagoa emanez; eta kontsumo turistikoa urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen duten eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzen duten turismo-fluxu berriak indartzea eta sortzea. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko dira. Ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatuko dute fase guztietan, eta berariaz merkaturatzeari dagokionean; eta konponbide teknologikoak erabiltzeko joera izango dute, helmugaren, turismo-enpresaren eta bisitariaren arteko interakzioa ahalbidetzeko.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez sustatutako turismo-produktuen planen arabera gauzatzen diren jarduerak dituzten proiektuak.
Produktuen jarduera-planaren helburuak betetzeko, eskaera egin aurretik, entitate eskatzaileek turismo-produktu bakoitzerako aurreikusitako urteko ekintza-plana bidali beharko dute Basquetourrera posta elektronikoz (info@basquetour.eus):
2.1.– Touring produktua: Euskadi Basque Country Grand Tour 8 etapatan osatu eta garatzen duten proiektuak.
2.2.– Turismo enogastronomikoa: lehentasuna emango zaie, batetik, Turismo Enogastronomikoa Bultzatzeko Planarekin bat datozen proiektuei, eta, bestetik, «Euskadi Gastronomikaren Balio Gutunean» jasotako printzipioei, «Euskadi Gastronomika» produktu-klubaren testuinguruan garatzen direnei.
2.3.– Naturarekin lotutako turismoa: honako kategoria hauetan bildutako produktu turistikoei dagozkien proiektuak baino ez dira hartuko kontuan:
– Mendi-ibilaldiak: Euskadiko mendi-ibilaldien plana.
– Zikloturismoa: Euskadiko zikloturismo-plana.
– Ekoturismoa: Euskadiko ekoturismo-plana.
2.4.– Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuek izango dute lehentasuna.
2.5.– Turismo kulturala.
– Donejakue Bidea.
– Inaziotar Bidea.
– Turismo Industriala.
– HIRUMA proiektua.
2.6.– Familia-turismoa: Familia Turismoaren Planarekin bat datozen proiektuak.
2.7.– LGTBIQ+ turismoa: LGTBIQ+ Turismoaren Produktu Planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.
3.– Halaber, aurreko apartatuan identifikatutako planetan ez dauden baina ezarriko diren helmugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu tipologia batzuk (interes bereziko txangoak eta ibilaldiak, etab.) sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, baldin eta horretarako prestatzen den produktu-planean justifikatzen badira; orobat sustatuko dira Turismoko Estatu Idazkaritzaren (SETUR) helmugen turismo-jasangarritasunerako planetan jasotako jarduketak. Planek atal hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:
– Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren azterketa eta AMIA diagnostikoa identifikatuta).
– Planaren helburuen identifikazioa.
– Produktu turistikoaren definizioa eta ezaugarriak.
– Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).
– Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia –hala badagokio–, etab.).
– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.
4.– Diruz lagungarriak izango dira jarraian hauetako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduketak egiteko zalantzarik gabe beharrezkoak diren gastuak:
1) Plangintza eta kudeaketa:
– Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak. Diruz lagungarria izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-entitatetzat» hartzen ez diren entitateetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta laguntzaren xede diren proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea xede badute.
Produktu bakoitzaren ekintza-planaren barruan kudeaketa-plan bat aurkeztu beharko da, dirulaguntzaren xede diren giza baliabideen zereginak eta dedikazioa adierazita.
– Entitatea Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateak dakartzan gastuak, hala nola kuotak, bidaiak eta ekitaldiak. Pertsona bati dagozkion gastuak baino ez dira diruz lagunduko.
– Produktuak kudeatzeko tresna teknologikoak ezartzea eta mantentzea (produktuak garatzeko beharrezkoak diren prozesuak eta baliabideak planifikatzeko eta kontrolatzeko sistemak, bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak).
2) Produktua sortzea:
– Kalitatezko turismo-eskaintza berria sortzeko ekintzak eta/edo dagoen eskaintza hobetzeko ekintzak. Produktu anitzeko esperientziak eta ekintzak sortzera bideratutako ekintzak. Diruz lagundu ahal izango dira joerak identifikatzearekin, benchmarking-arekin, turismo-aholkularitzako azterlanekin, marketin-agentziekin eta eskaintza sortzeko tailerrekin lotutako gastuak, bai eta dagoen eskaintza aztertzeko eta esperientzia eta jarduera benetakoak, gogoangarriak, jasangarriak eta kalitatezkoak proposatzeko ere.
– Produktua dinamizatzeko tailerrak eta eta mentorizazio-programak. Diruz lagungarriak izango dira produktuaren eta haren kudeaketaren garapenean interesa duten erakundeek parte hartzen duten tailerren garapenari eta mentorizazio- eta coaching-programei lotuta dauden gastuak, horiek hobetzen edo sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea eta abar. Barne hartzen dira, halaber, webinar bidez egindako mintegiei, hitzaldiei eta taldeko edo banakako prestakuntzei lotutako gastuak.
– Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagungarriak izango dira ostatuari eta garraioari dagozkien bidaia-gastuak.
– IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua eta abar.
3) Sustapena eta komunikazioa:
– Interes handiko ekitaldiak erakartzea, sortzea, abian jartzea edo hartzea –interesekoak, kontuan hartuta gaia, turismoarekin duten lotura edo deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmena–, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere, izan aurrez aurre nahiz birtualki. Diruz lagunduko dira espazioak alokatzeko gastuak, hizlarien ordainsariak, sustapen-euskarrien garapena eta ekitaldiaren dibulgazio-gastuak.
– Web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak eta abar), bidaiaren etapa guztietan erabiltzailearen esperientzia optimizatzeko helburuarekin.
– Idatzizko eta deskribapeneko edukiak (copis) eta ikus-entzunezko edukiak garatzea: pertsuasio-testu deskribatzaileak sortzea, irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea sustapen-helburuekin, betiere entitate eskatzailearen jabetzapean geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eskura jartzen badira, entitate onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza berberetan.
Sortutako edukiak Basquetourrera bidali beharko dira, mkt@basquetour.eus helbide elektronikora, Agentziaren irudi-bankuan sar daitezen, eta horien erabilera-eskubideei buruzko informazio egokia eman beharko da.
– Produktu-klubak ikusaraztearekin eta sustatzearekin lotutako euskarri fisiko eta/edo digitaletarako sustapen-materiala eta egokitzapenak garatzea, bai eta turismo-produktuak sustatzeko ekintzak ere. Basquetourrek onartutako euskarri fisikoak inprimatzea baino ez da diruz lagunduko.
– Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara eta amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona batentzako ostatuaren eta bidaiaren gastuak, baita jendearentzako arreta-zerbitzua emateko pertsona baten kontratazioarenak ere. Azoka birtualen kasuan, partaidetza-gastuak. Ez dira diruz lagunduko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.
– Publizitatea txertatzea (online eta offline), prentsa-bidaiak (press-trips), kazetariak, eduki-sortzaileak eta kaleko marketin-ekintzak. Press-trip delakoen kasuan, diruz lagunduko dira bidaia-gastuak, ostatu-gastuak, gida-zerbitzuak eta produktu bakoitzaren turismo-eskaintzaren jarduerak eta esperientziak. Kaleko marketin-ekintzen kasuan, diruz lagunduko dira ekintza gauzatzeko beharrezkoak diren espazioak, altzariak edo ikus-entzunezko ekipamenduak alokatzeko gastuak, ekintzaren dibulgazio-euskarriak egiteko gastuak, bai eta jarduera egiteko profesionalak kontratatzeko gastuak eta planteatutako kaleko ekintzari berari dagozkion gastuak ere.
4) Merkaturatzea:
– Trade sektoreari zuzendutako euskarri eta dosier komertzialak garatzea. Turismo-enpresak eta -baliabideak merkaturatzeko edukiak sortzea eta euskarri fisikoak eta digitalak garatzea. Diruz lagunduko dira copis-edukiak, ikus-entzunezko edukiak, kontzeptualizazioa, diseinua eta maketazioa sortzearekin lotutako gastuak.
– Onlineko merkataritza-estrategiak.
– Eskaintza dinamizatzea, funtsezko eragile espezializatuen bidez eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak eginez, hala nola fam-tripak, elkarrekiko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshop-ak eta abar antolatzea eta horietan parte-hartzea. Fam-trip delakoei dagokienez, diruz lagunduko dira bidaia-gastuak, ostatu-gastuak, gida-zerbitzuak eta produktu bakoitzaren turismo-eskaintzaren jarduerak eta esperientziak. Elkarrekiko jardunaldiak, zuzenekoak edo workshop-ak antolatzeari eta/edo horietan parte hartzeari dagokionez, honako gastu hauek lagunduko dira diruz: espazioak alokatzea, altzariak eta/edo ikus-entzunezko ekipamendua alokatzea, ekintza dinamizatzeko langileak kontratatzea, eta ekintzak sustatzeko euskarriak eta materialak prestatzea.
5.– Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izango:
– Inbertsio-gastuak.
– Informatikako ekipamendua erostea.
– Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrak (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairua eta antzekoak); Internetera irispidea izateko kuotak; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotak, eta antzeko beste gastu errepikatu batzuk, non eta ez den aurkezten diruz laguntzen den egitatearekin zuzeneko harremana dagoela egiaztatzeko frogarik.
– Entitate eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuak, eranskin honen 4.1) apartatuan zehaztutakoak izan ezik.
– Luntxak, bazkariak eta antzekoak, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik; baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.
– Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuak.
– Web orria erregistratzeko gastuak eta mantendu eta ostatatzeko («hosting») kuotak.
– Bidaia-gastu txikiak (bidesariak, kilometrajea, hiri-garraioa eta mantenua).
6.– Produktu turistikoak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena eremu hauetan lagunduko da diruz:
– Euskal Autonomia Erkidegoan.
– Espainian eta nazioartean, batez ere indarreko Euskadiko Marketin Planean lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetan, hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoa sustatzen duten enteek egiten dituzten jarduketetarako. Era berean, gainerako entitate onuradunek eremu horietan egiten dituzten sustapen- eta merkaturatze-ekintzak ere onartuko dira, baldin eta Espainiako eta/edo nazioarteko sareetako kide izateagatik egiten badituzte eta hala justifikatzen badute eskabidean.
7.– Politika hau aplikatuko da, produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan logotipoa duten hainbat marka elkarrekin agertu behar direnean:
– Entitate onuradunen marka logotipodunak Euskadi-Basque Country markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.
– «Euskadi-Basque Country» marka logotipodunak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logotipoak entitate onuradunaren marka logotipodunaren garrantzi hierarkiko bera edo handiagoa izango dute.
– Aurrekoa hala izanik ere, bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira entitate onuradunaren marka logotipoduna erabili gabe, ez da beharrezkoa izango «Euskadi-Basque Country» logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.
III. ERANSKINA
HELMUGEN LEHIAKORTASUNA ETA JASANGARRITASUNA HOBETZEN DUTEN PROIEKTUAK
1.– Entitate onuradunei Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako jarduketak antolatzen eta ezartzen lagunduko zaie, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren esparruan, entitate publikoen, entitate pribatuen eta helmuga jakin bateko entitate publiko-pribatuen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezinbesteko tresna da Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda garatzeko; izan ere, haren helburu nagusia da Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) betetzea.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Basquetourren bidez, Euskadiko turismoaren lehiakortasunaren eraldaketa jasangarri eta arduratsua egiten ari da, Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) betetzea lortzeko. Eraldaketa hori proiektu integratzaile bat zabaltzean datza, eta proiektu hori Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari (euskal enpresak eta helmugak) atxikitzearekin hasten da, jasangarritasunarekin eta erantzukizunarekin duten konpromisoa erakusteko. Behin entitateak atxikita, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan ezarritako 6 printzipioak betetzeko konpromisoa hartzen dute. Printzipio horiek gobernantzaren, teknologiaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren arloekin lotuta daude, eta hurrengo proiektuak inplementatuta gauzatzen dira:
– Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa.
– Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) konpromisoa.
– Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) ziurtagiria.
– Turismo Helmuga Adimenduna (THA) konpromisoa.
– Turismo Helmuga Adimenduna (THA) ziurtagiria.
2.– Diruz lagungarria izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeak eragindako gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-entitatetzat» hartzen ez diren entitate onuradunetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta haien berariazko xedea bada parte hartzen duten entitateei laguntzea proiektu horri dagokion metodologia ezarri eta betetzen.
RSS