Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2025eko ekainaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2781

123/2025 DEKRETUA, ekainaren 10ekoa, kargu publikoaren bateragarritasuna adierazten duena.

Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxea Otaoleak, bateragarritasun-baimena eskatu du ondasun higiezinak alokatzeko eta bere jabetzako ondasun-erkidegoa osatzen duten gainerako ondasun eta eskubide komunak kudeatzeko. Eskabidearekin batera, ondasun-erkidegoaren eraketa-dokumentua aurkeztu zen, eta, bertan, egiaztatu zen jaraunspen bidez eskuratutako ondarea kudeatzeko eratu zela.

Ekainaren 26ko 1/2014 Legeak arautzen du kargu publikodunek bete beharreko bateraezintasun-araubidea (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzeko Legea, III. kapitulua, 12. artikulutik 19.era).

Lege horren 14.1 a) artikuluak xedatzen duenez, kargu publikoa izatea bateragarria izango da «norberaren edo familiaren ondarea administratze hutsa» datzan jarduera pribatuarekin, baldin eta jarduera pribatu horrek ez badu arriskuan jartzen, interes publikoa edota kargu publikodunak bere eginkizunak betetzean duen inpartzialtasuna edo independentzia, eta, gainera, arau horren 22. eta 23. artikuluetan aurreikusitako mugak errespetatzen badira.

1/2014 Legearen 22. artikuluak, lehenengo eta bigarren ataletan, bi ondare-muga ezartzen ditu, kargu publikodunek sozietate-partaidetzak edukitzeari lotuta daudenak. Lehenengo atalak ezartzen duenez, kargu publikodunek, haien kabuz edo ezkontide edo izatezko bikotekidearekin batera edo seme – alaba edo tutoretzapeko pertsona, ezin izango dute % 10etik gorako partaidetza zuzenik edo zeharkakorik izan honako kasu hauetan: a) EAEko sektore publikoarekin edonolako itun edo kontratuak dituzten enpresetan, edo b) horrelako beste enpresa azpikontratistetan; edo c) EAEko sektore publikoko edozein erakundetatik dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresetan. Bigarren atalak debeku hori zabaltzen du, partaidetzak, kapital sozialaren ehuneko hamarrera iritsi ez arren, 600.000 eurotik gorako kapital harpidetua duen merkataritza-sozietate batenak direnean, eta horien titularrari sozietatearen jarduna nabarmenki baldintzatzen uzten diotenean.

Bestalde, 1/2014 Legearen 23. artikuluak kontrol- eta kudeaketa-neurriak ezartzen ditu, merkatu antolatu batean balore eta bestelako finantza-aktibo negoziagarriak jaulkitzen dituzten merkataritza-sozietateak arautzeko, gainbegiratzeko edo kontrolatzeko eskumenak esleituta dituzten kargu publikodunei aplikatzekoak.

1/2014 Legearen 22. artikuluaren lehenengo eta bigarren ataletan aurreikusitako ondare-mugak ez zaizkio aplikatuko Ibone Bengoetxea Otaolea andreak aurkeztutako eskaerari, haren ondasun-erkidegoak ez duelako inolako partaidetzarik autonomia-erkidegoko sektore publikoan. Era berean, 1/2014 Legearen 23. artikuluan jasotako baloreen eta finantza-aktiboen kontrolarekin eta kudeaketarekin lotutako mugak ere ez dira aplikagarriak; izan ere, Ibone Bengoetxea Otaoleak bere kargua dela-eta betetzen dituen funtzioek ez dute zerikusirik merkatu antolatu batean balore eta bestelako finantza-aktibo negoziagarriak jaulkitzen dituzten merkataritza-sozietateen erregulazioarekin, gainbegiratzearekin edo kontrolarekin.

Azkenik, argitu behar da ez dela arrazoizko zantzurik hauteman susmatzeko jaraunspen-ondarea horretarako eratutako ondasun-erkidego baten bidez kudeatzeak arriskuan jar dezakeenik ez interes publikoa ez eta Ibone Bengoetxea Otaolearen inpartzialtasuna edo independentzia ere, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu kargua betetzean.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, 1/2014 Legearen 19.3 artikuluaren a) letrak xedatzen duenez, Gobernu Kontseiluari dagokio gobernu-kideen bateragarritasuna baimentzea edo ukatzea, funtzio publikoaren arloa mende duen saileko titularrak txostena egin ondoren. Artikulu horretan aipatutako txostena 2025eko maiatzaren 28an eman zuen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, eta eskatutako bateragarritasun-baimenaren aldeko ondorioa eman zuen.

Hori guztia dela eta, dekretu honetan dagoeneko aztertu da baimenaren xede den jarduera pribatua, 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubidea aintzat hartuta, eta arau horretan araututako prozedura-izapide guztiak bete dira, Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren. Horrenbestez, honakoa hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ibone Bengoetxea Otaoleak aurkeztutako eskaera baiestea, eta baimenaren xede den jarduera pribatua – hau da, higiezinen errentamendua eta aipatutako ondasun-erkidegoa osatzen duten gainerako ondasun eta eskubide komunen kudeaketa – lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren karguekin bateragarria dela deklaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek interesdunari jakinarazten zaion egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko ekainaren 10ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala