Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2025eko ekainaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2778

AGINDUA, 2025eko ekainaren 11koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskadiko museo eta bildumei 2025. urtean dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren arabera, Kultura Sailburuordetzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumetarako dirulaguntzen sistema kudeatzea.

Hori dela eta, Euskadiko museo eta bildumek, Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, beren eginkizunak betetzeko sustatzen eta garatzen dituzten ekintzei laguntzeko bide bat ezartzea egokitzat jotzen du zuzendaritza horrek. Lege horren azalpen-atalaren arabera, museo-jarduerak gizartearen zerbitzurako kultura-eskaintza gisa garatu behar dira, jarduera biziak eta eraldatzaileak izan behar dira, eta funtzio didaktiko etengabe eta erabakigarria izan behar dute, gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin etengabe harremanetan.

Azaldutako guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da lege-oinarriak mugatzeko tresna bat ezartzea, alde batetik, dirulaguntzak emateko prozesuaren objektibotasun-, lehia- eta publizitate-printzipioak bermatzeko, eta, bestetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak funts publikoak behar bezala erabiltzen direla jakin ahal izateko mekanismoak bermatzeko. Funts publiko horiek deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako jasotako aurrekontu-esleipena mugatuta.

Gainera, agindu hau 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2025-2028 DPE) sartuta dago. Plan hori Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen, eta, haren bidez, 2025eko Dirulaguntzen Urteko Plana (ZUP) onartu zen.

Gaur egun, indarrean daude bai Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 Plan Estrategikoan ezarritako helburu estrategikoak («Euskadiko kultura-ondarea babestea eta ondare horri balioa ematea sustatzea», «museoen kultura-eskaintza indartzea eta interkonektatzea», eta «kulturaren berrikuntza eta digitalizazioa bultzatzea»), bai Euskadiko Museo eta Bildumetarako dirulaguntzaren helburuak, Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan sartuta dauden museoen jarduerak babesteko deialdia baita. Horrela, Euskadiko museoen sistemaren garapena bultzatzen jarraitzen da, erakunde horietan gordetzen den ondareari balioa ematen zaio eta museo horiek sustatutako jarduerak hedatzen eta garatzen laguntzen da, dirulaguntzaren xede diren ildoek adierazten duten moduan: bildumen ezagutzarako sarbidea kudeatzea eta hobetzea, erakusketak berritzea, jarduera didaktiko eta dibulgatzaile espezifikoak egitea, jarduera-eremuari buruzko edukia sortzea, eta bildumak digitalizatuz berrikuntza hobetzea eta bultzatzea.

Horren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museo eta bildumei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duen agindu honen eranskinean jasotako oinarriak onartzea. Dirulaguntza horiek 2025ean emango dira, museo-jarduerak egiteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan xedatutakoaz gain, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

ERANSKINA
EUSKADIKO MUSEO ETA BILDUMETARAKO 2025ERAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museo eta bildumei 2025ean museo-jarduerak egiteko emango zaizkien dirulaguntzen oinarriak ezartzea.

2.– Dirulaguntza hauen helburua da Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako eginkizunak betetzeko jarduerak egiten laguntzea.

3.– Nolanahi ere, jarduerak honako jarduketa-ildo hauetako batean sartu beharko dira (lerro horien barruan daude jasota diruz lagundu beharreko jarduerak):

1) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea, dokumentatzea eta ikertzea.

a) Bilduma museografikoak osatzen dituzten funts material eta immaterialen Inbentarioa eta katalogazioa egitea, euskarri digitalean, oro har EMSIME informazio-sistema erabiliz, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eginez eta Interneten argitaratzen diren katalogazio-fitxen edizioan bi hizkuntza koofizialak erabiliz. Funts horiek Museotiken ikusi beharko dira. Salbuespen gisa, beste aplikazio informatiko batzuk erabili ahal izango dira funtsak katalogatzeko, baina soilik modu arrazoituan justifikatzen bada EMSIME sistema ezin dela erabili, sistemaren datu-eredua ez datorrelako bat katalogatu beharreko funts motarekin. Testu libreko eremuak berrikustea, hobetzea eta euskarara itzultzea barne hartzen du.

Lan horren emaitza, ondoren, «Euskariana» eta «Europeana» biltzaileetan gehitu ahal izango da, hau da, Europako Kultura Ondarera online sartzeko atarian.

b) Bilduma osatzen duten funtsekin, horien gaiarekin eta jardun-eremuarekin lotutako ezagutza sortzea. Bildumek osatzen duten ondareari edo haren gai-eremuari buruzko ikerketa-lanak barne hartzen ditu, emaitzak erakusketa-diskurtsoan eta/edo museoaren hezkuntza- eta hedapen-programan txertatzeko. Agindu honen ondorioetarako, ez dira diruz laguntzeko moduko ikerketa-lantzat hartuko museoaren titularrak diren pertsonak edo erakundeak Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 63. artikulutik 74. artikulura bitartean xedatutakoa betez egin behar dituen esku-hartze arkeologikoak. Edizio- eta itzulpen-lanak ere barne hartzen ditu, gutxienez formatu digitalean, eduki zientifikoak eta dibulgaziozkoak argitaratzeko (katalogoak, monografiak, aldizkako argitalpenak, ikus-entzunezko eta multimediako produktuak, bildumak eta museoaren gai-eremua).

2) Bilduma museografikoen digitalizazioa eta irisgarritasuna.

Bilduma museografikoak digitalizatzeko finantzaketa, bai eta irisgarritasun digitalerako ere, horien ikerketa, balioa ematea eta zabalkundea sustatzeko. Digitalizazioak errealitatetik hurbil dauden irudikapen digitalak ematen dituzten objektu tridimentsionalen multimedia-fitxategiak, bereizmen handiko irudiak eta/edo 3D eskaneatzeak barne hartzen ditu; laguntza honen bidez digitalizatutako objektu guztiek jendeak ikusteko moduan egon beharko dute, gutxienez Museotiken, EMSIME informazio-sistemaren bidez. Lan horren emaitza, ondoren, «Euskariana» eta «Europeana» biltzaileetan erants daiteke, hau da, Europako Kultura Ondarera online sartzeko atarian.

3) Erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak antolatzea, eta jarduera didaktikoak eta kultura zabaltzeko jarduerak diseinatzea eta eskaintzea.

a) Erakusketa iraunkorra eguneratzea bere diskurtsoaren edo espografiaren edukietan, eduki osagarrien garapena eta ekoizpena barne; hala nola: ikus-entzunezkoak, audiogidak edo erakusketaren funts eta edukietarako irisgarritasuna hobetzeko aretoetan publikoaren eskura jarritako bestelako dokumentu-baliabideak. Ez da eguneratzetzat hartuko, eta, beraz, ez da diruz lagunduko, panelak eta beste elementu museografiko batzuk birjartzea diseinua edo edukiak aldatu gabe, salbu eta erakusketa irisgarritasun unibertsala sustatzeko egokitzea.

b) Museoaren lurralde-eremuaren edo gaiaren araberako aldi baterako erakusketak.

c) Museoaren gai-eremuarekin lotutako jarduera didaktiko eta ludiko-kulturalak, Euskadiko museoetako bildumak eta kultura-ondarea ezagutzen eta horien inguruan sentsibilizatzen laguntzeko.

4) Bilduma museografikoak osatzen dituzten funtsak kontserbatzea eta balioestea.

a) Bilduma museografikoak osatzen dituzten funtsak kontserbatzeko eta zaharberritzeko lanak, museoaren erakusketa iraunkorretan eta/edo aldi baterakoetan balioa emateko.

b) Museo eta bildumen diagnostiko-azterlanak eta prebentziozko kontserbazio-planak, funtsak ingurumen-arriskuetatik (hezetasuna, argia, tenperatura) babesteko, euskal kultura-ondarea epe luzera zaintzen dela bermatuz.

5) Museoaren kudeaketan berrikuntza eta irisgarritasuna hobetzea eta bultzatzea.

a) Kudeaketa hobetzeko eta berritzeko dokumentuak eta azterlanak egitea: plan estrategikoak, plan zuzentzaileak, publikoari buruzko azterlanak, komunikazio eta marketin kulturaleko planak, jasangarritasun-planak eta ondarea babesteko planak (larrialdi klimatikoari dagokionez), genero-berdintasunaren aldeko neurrien plangintza, irisgarritasun unibertsala eta gizarteratzea.

Bereziki, garrantzi berezia emango zaie irisgarritasun-planei, bisita pilotuen programei eta bilduma eta erakusketetarako sarbide unibertsala erraztuko duten estrategia espezifikoei, irisgarritasun-premia espezifikoak dituztenak barne. Era berean, irisgarritasun unibertsalaren integrazioa sustatuko da, museoaren plan guztietan funtsezko alderdi gisa, bisitari guztiek kultura-esperientzia osoa izango dutela bermatuz.

Esperientzia inklusiboagoak bermatzeko, ondo justifikatuta dauden eta bilduma eta erakusketetarako irisgarritasun unibertsala erraztuko duten material espezifikoak ekoiztea sartzen da. Material horietan sartuko dira audiogidak, braillez idatzitako liburuxkak, zeinu-hizkuntza idatzitako edukiak, objektuen deskribapenak, objektuak 3Dn inprimatzea eta antzekoak.

b) Museoaren webgunean orriak sortzea eta hobekuntza teknikoak egitea, informazio eta eduki digitaletarako sarbidea unibertsala eta erabiltzaile guztientzat irisgarria izango dela ziurtatuz, dibertsitate funtzionala duten pertsonak barne, eta asistentzia-teknologiekiko bateragarritasuna bermatuz.

Diruz lagundu ahal izango da, halaber, Euskadiko Museoei buruzko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako funtzioren bat artikulu honetan adierazitako ildoetako baten esparruan garatzen duen beste edozein jarduera, betiere haren museo-izaera behar bezala justifikatzen bada eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuan, artikulu honen 4. apartatuan aipatzen direnak izan ezik.

4.– Ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko eta agindu honen xedetik kanpo geratuko dira honako jarduera hauek eragindako inbertsioak eta gastuak: higiezinak eta instalazio orokor iraunkorrak eskuratzea, handitzea, birgaitzea, hobetzea edo kontserbatzea; funtsak eskuratzea eta haietan zaharberritzeko esku-hartzeak egitea, azken horiek erakusketa-proiektuei edo zabalkunde-jarduerei lotuta daudenean izan ezik; tokiko turismoa sustatzeko jarduerak; museoko espazioak hirugarrenei alokatzeko jarduera ekonomikoak; hirugarrenentzako ekitaldiak antolatzea; ostalaritza- eta ostatu-zerbitzuak eskaintzea, bai eta merchandising-produktuak saltzeko jarduerak ere.

5.– Eskabide bakoitzeko, lerro bakoitzari lotutako proiektu bat aurkeztu ahal izango da, 1. lerrorako proiektuak izan ezik; kasu horretan, proiektu bat aurkeztu ahal izango da a) atalerako eta beste bat b) atalerako.

Eskaeren xedea gai komun bati buruzko jarduera-programa bat izan daiteke, jarduera nagusi bat eta beste jarduera osagarri batzuk barne hartzen dituena, edo jarduera bakar bat; nolanahi ere, proiektuak aurreko paragrafoetan adierazitako jarduera-ildoetako batean sartuta egon beharko du.

6.– Deialdi honetan diruz lagundutako jarduerak 2025ean hasi eta amaitu beharko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.600.000 euro bideratuko dira aurreko artikuluan aurreikusitako helbururako.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museo edo bildumen titularrek, honako hauek izan ezik:

a) Foru-titulartasuneko museoak edo bildumak.

b) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gobernu-organoetan parte hartzen duen fundazioak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kapitalean parte hartzen duen merkataritza-erakundeak.

d) Xede bereko dirulaguntza izendunak jasotzen dituzten museoen eta bildumen erakunde titularrak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025erako aurrekontuetan esleituak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkion gastu-partidetan.

e) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena banku-fundazioena edo finantza- edo kreditu-erakundeena duten erakundeak.

Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitakoaren babesean, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publikoak edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta, nortasun juridikorik izan ez arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak egin baditzakete edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran badaude.

2.– Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1, 2 eta 4 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek. Egoera horien artean honako hauek daude:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera (2021eko apirilaren 8an jarri zen indarrean).

d) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

e) Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

f) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete ez izana, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

4. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak kontsultatzeko betekizunak ofizioz egiaztatuko dira. Administrazioak beretzat gordetzen du pertsona edo erakunde interesdunari ofizioz eskatu ezin izan duen dokumentazioa eskatzeko aukera.

Eskatzaileek berariaz uko egin ahal izango diote egiaztapen automatikoari, eta, kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Interesdunek aurkeztu behar badute dokumentazioa, eta adierazitako epean aurkezten ez badute, ulertuko da ez dituztela betetzen onuradun izateko baldintzak.

2.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuraduna ez dela Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko aurrekontuetan esleitutako dirulaguntza izendunen hartzailea.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak betetzen direla, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Eskatzaileek egiaztapen automatikoaren aurka daudela adierazi ahal izango dute espresuki, eta, kasu horretan, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

4.– Museoak 50 langile baino gehiago baditu plantillan, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa betez, berdintasun-plana Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Hitzarmenen Erregistroan eta Gordailuan erregistratuta eduki beharko du, edo Euskal Autonomia Erkidegoko webguneetako Lan Akordio Kolektiboen Erregistroan (https://www.euskadi.eus/registro/regcon/web01-a2langiz/es /), edo erregistro-ziurtagiria aurkeztu beharko du.

5.– Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira gainerako betekizunak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, subjektu onuradun gisa proposatzen direnek erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta, dagokion dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

5. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.2 artikuluaren arabera, pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin azpikontratatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera, osorik edo zati batean, baldin eta azpikontratazio horrek ez badakar diruz lagundutako jardueraren kostua handitzea, jardueraren edukiari balio erantsiko ekarpenik egin gabe. Ondorio horietarako, azpikontratazioa dagoela ulertuko da erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo partzialki gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

2.– Erakunde onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala honako hauekin hitzartu:

a) Agindu honen 3. artikulua aplikatuz dirulaguntza hauetatik kanpo geratzen diren pertsonak edo erakundeak.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuren bat duten pertsonak edo erakundeak.

c) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

d) Bitartekari edo aholkulari gisa jarduten duten pertsonak edo erakundeak, baldin eta haien kontratuetan ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan duten balioaren erreferentziaren arabera.

e) Pertsona edo entitate onuradunarekin lotura duten pertsona edo erakundeak, salbu eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikuluko d) letran adierazitako inguruabarrak gertatzen badira.

f) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, eta betiere hirugarrenekin kontratatzea badakar, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina erakunde.

Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Baldin eta, aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoa izanik eskaintza bat baino gehiago eskatzea, horiek ez badira aurkezten edo, justifikazio egokirik gabe, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintza bati esleitzen bazaio, organo emaileak zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du, eta onuradunak ordaindu beharko ditu sortzen diren gastuak. Kasu horretan, dirulaguntza kalkulatzeko, bi balioetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: onuradunak adierazitakoa edo tasaziotik ateratzen dena.

4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako aurreikuspenak errespetatu beharko dira.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen eta lagundu ezin diren gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honen 1.6 artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren balizko aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango. Egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

2.– Zeharkako kostuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerari egozten badizkio oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, nolanahi ere, kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari badagozkio. Nolanahi ere, eskabidearekin batera aurkeztutako aurreikusitako gastuen aurrekontuan jasota eta kuantifikatuta egon beharko dute, eta justifikatu egin beharko dira.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira diruz lagundutako jarduera garatzen den espazioen egokitzapen estetiko edo funtzionalerako obra txikiek eragindako gastu arruntak, baldin eta proiektuan justifikatzen bada haien premia hertsia, eta eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuan esleituta badaude. Erakusketa-guneetako argiztapena argi hotzeko sistemara egokitzea diruz lagundu daitekeen gastutzat hartu ahal izango da, funtsak kontserbatzeko edo museografia hobetzeko justifikatuta dagoenean.

4.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

– BEZaren zenbatekoa, berreskuratu edo konpentsatu daitekeenean. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Autonomoen fakturen kasuan, diruz lagundu daitekeen gastua zerga-oinarria edo guztizkoa izango da, kasuaren arabera, baina, nolanahi ere, PFEZaren atxikipena aplikatu gabe, onuradunak Ogasunari ordaintzean egiten duen gastua delako.

– Higiezina eta haren instalazio orokor iraunkorrak handitzeko, hobetzeko, birgaitzeko edo kontserbatzeko xedea duten ibilgetu materialeko inbertsioak.

– Langileen gastuak, dirulaguntzaren xede den jarduerari zuzenean ordurik egotzi gabe.

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera, artikulu honetan diruz lagundu ezin diren gastuak jasotzen badira, balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa zehazteko, eta hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.

6.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritako aurreikuspenak errespetatu beharko dira.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.

Diruz lagunduko den gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

1) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea, dokumentatzea eta ikertzea: aurkeztutako aurrekontuaren % 100, 45.000 euroko mugarekin katalogazio-proiektu bakoitzeko eta 20.000 euroko mugarekin ezagutza sortzeko proiektu bakoitzeko.

2) Bilduma museografikoen digitalizazioa eta irisgarritasuna: aurkeztutako aurrekontuaren % 100, 12.000 euroko mugarekin proiektu bakoitzeko.

3) Erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak antolatzea, eta jarduera didaktikoak eta kultura-zabalkunderako jarduerak diseinatzea eta eskaintzea: aurkeztutako aurrekontu osoaren % 80, proiektu bakoitzeko 30.000 euroko mugarekin.

4) Bilduma museografikoak osatzen dituzten funtsak kontserbatzea eta zaharberritzea: aurkeztutako aurrekontu osoaren % 80, proiektu bakoitzeko 7.500 euroko mugarekin.

5) Museoaren kudeaketan berrikuntza eta irisgarritasuna hobetu eta bultzatzea: aurkeztutako aurrekontu osoaren % 80, proiektu bakoitzeko 7.500 euroko mugarekin.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa baino handiagoa eskatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagundu daitekeen gehieneko mugara egokituko da.

Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzeko diruz lagundutako proiektuen baturaren gehieneko zenbatekoa 90.000 eurokoa izango da.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira dirulaguntzak, haien arteko lehentasun-ordena ezartzeko, 14. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideei jarraituz. Laguntza bakarrik emango zaie guztira 50 puntu edo gehiago lortu dituztenei.

2.– Kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak deialdira bideratutako gehieneko zenbateko globala banatuko du gutxieneko puntuazioa (50 puntu) lortu duten eskabideen artean. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du eskatutako zenbatekoa gainditu, ezta 7. artikuluan ezarritako mugak ere.

a) Banaketa hori lortutako puntuazioaren eta kasu bakoitzean eskatutako zenbatekoaren arabera egingo da, eta honako formula hau erabiliko da horretarako:

(Ikus .PDF)

Azalpena:

Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ei = Kasu bakoitzean eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Pi = Programa edo jarduera bakoitzari Batzordeak emandako puntuazioa.

b) Entitate berari emandako dirulaguntzen baturak, aurreko apartatuan deskribatutako prozeduraren arabera kalkulatuta, erakunde bakoitzeko ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko zenbatekoa honako formula hau aplikatuz doituko da:

(Ikus .PDF)

Si "= Programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa.

D = Erakunde bakoitzak gehienez jaso dezakeen zenbatekoa (90.000 euro).

Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako zenbatekoa, aurreko formularen arabera kalkulatua.

c) Aurreko apartatuan aipatutako prozeduraren bidez kalkulatutako dirulaguntzen zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa formula honen bidez zehaztuko da:

(Ikus .PDF)

Azalpena:

Si "= Programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa.

D = Dirulaguntzaren xede diren programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko zenbatekoa.

Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako zenbatekoa, aurreko formularen arabera kalkulatua.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuz lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, finantzaketa handieneko proiektutik kenduko da ateratzen den aldea.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak eta presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko. Pertsona juridikoak, ordea, behartuta daude harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera, administrazio-prozeduraren edozein izapide egiteko.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037513

Eskabideak aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan (aurrez hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta), erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eskabide normalizatuaren bidez, osorik eta behar bezala beteta. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037513

4.– Pertsona fisikoen kasuan, eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein unetan alda daiteke bidea.

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037513. Bide horretatik aurkezten diren eskabide elektronikoak baino ez dira onartuko, eta baztertu egingo dira erregistro elektroniko orokorraren formularioaren bidez aurkezten direnak.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, prozedura osoan zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

8.– Hirugarrenen erregistroan inskribatu aurretik, bere aldeko lehen betebeharra aitortu beharko da, hau da, hura hautatu ondoren, laguntzarako eskubidea aitortzen zaion onuradun gisa (salbu eta administrazio honekiko beste harreman juridiko baten ondorioz inskribatuta badago).

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikora behartuta daudenek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa /.

9.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak dira:

a) Eskabide-orria. Inprimaki horretan jasoko dira, batetik, laguntza hauen onuradun izateko 3. artikuluan ezarritako betekizunak egiaztatzeko beharrezkoak diren erantzukizunpeko adierazpenak, eta, bestetik, eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabide-inprimakian erantzukizunpeko adierazpen bidez jaso beharko da pertsona edo erakunde eskatzaileak BEZaren aitorpena egin behar duen eta zerga hori kendu edo konpentsatu dezakeen.

Pertsona fisikoek aurkeztutako eskabideen kasuan, eskabidean berariaz adierazten bada nortasun-datuak automatikoki egiaztatzearen aurka dagoela, nahitaez aurkeztu beharko da eskabidearen titularraren eta/edo, hala badagokio, ordezkariaren NANaren fotokopia.

b) Proiektuaren datuen formularioa, eduki hauekin:

– Proiektuaren memoria. Agindu honen 14. artikuluan adierazitako irizpideen arabera baloratuko da. Memoriaren edukiak honako alderdi hauek aipatu beharko ditu, dirulaguntzaren xede den jarduerari dagokionez:

Proposatutako jardueraren justifikazio orokorra, helburu espezifikoak museoaren Urteko Jarduera Planean planteatutako helburu orokorrekin lotuta.

Jardueraren deskribapen xehatua: formatua, edukia, jardueraren publikoa edo hartzaileak, inplikatutako giza baliabideak (kopurua, kualifikazioa eta esperientzia, langile propioak edo kanpokoak diren), erabilitako hizkuntzak eta gauzatzeko kronograma, faseak, zereginak eta pertsona arduradunak eta inplikatuak barne.

Jardueraren inpaktuaren justifikazioa irisgarritasunari, jasangarritasunari, digitalizazioari eta beste kultura-, hezkuntza-, zientzia- eta gizarte-eragile batzuekiko lankidetzari dagokienez, eremu bakoitzeko ekintza espezifikoen deskribapena barne.

Jardueraren diseinuan eta garapenean genero-ikuspegia txertatzeko aurreikusten diren ekintzen laburpen xehatua, proposamenean genero-berdintasuna bermatzeko neurri zehatzak zehaztuta.

Berrikuntzara edo hobekuntzara bideratuta egotearen justifikazioa, aurreikusitako ebaluazio-sistema deskribatuta, berariazkoa edo museoaren ebaluazio orokorrean integratua, haren eraginkortasuna eta bilakaera neurtzea ahalbidetzen duten adierazleak barne.

14. artikuluan ezarritako irizpideak baloratzeko aukera ematen duten ebidentzia dokumentalak, proiektuaren inpaktua eta bideragarritasuna egiaztatzen duen dokumentazio gehigarria barne.

Proiektuaren epe ertain eta luzerako bideragarritasun ekonomikoaren justifikazioa, jarraitutasunerako edo finantza-jasangarritasunerako aurreikusitako estrategiak zehaztuta.

Atal guztiak bete beharko dira.

– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu osoa; orekatua izan beharko da, eta, hala badagokio, langile propioen gastuak, kanpoko zerbitzuen gastuak, hornidurak eta zeharkako kostuak bereizi beharko dira. Diru-sarreren atalean, eskatutako dirulaguntza eta laguntza publiko eta pribatuen zenbateko osoa adieraziko da, baita pertsona edo erakunde eskatzaileak jarritako baliabide propioak eta aurreikusitako gastuen zenbateko osoa estali arteko beste edozein diru-sarrera ere. Proiektuaren xedea jarduera bat baino gehiago barne hartzen dituen programa bat bada, kostuak jarduera bakoitzeko taldekatuta zehaztuko dira, jarduera bakoitzari dagokion guztizko partziala kalkulatu ahal izateko. Halaber, hala badagokio, zerga-oinarriaren zenbatekoa eta dagokion BEZa zehaztuko dira. Aurrekontuaren edukia agindu honen 14. artikuluko d) irizpidearen arabera baloratuko da.

–. Hala badagokio, erakundeak beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik helburu bererako eskatu edo lortu dituen dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideen zerrenda zehatzari dagokion atala beteko da.

c) Museoaren jardueraren memoria, 2024ko urteko jarduketa-planari dagokionez. Memoria horretan, museoaren jardunaren helburuak, egindako jarduerak eta emaitzak zehaztu beharko dira gutxienez, eta, ahal denean, inpaktu kultural, zientifiko, sozial eta/edo ekonomikoaren adierazle objektiboen bidez deskribatuko dira. Dokumentu horrek 14. artikuluaren e) apartatuan adierazitako irizpidea baloratzeko balioko du. Memoria hori ez dute aurkeztu beharko sortu berri diren edo Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatu berri diren museo eta bildumek.

2.– Horrez gain, beste dokumentu osagarri batzuk aurkeztu ahal izango dira Proiektuaren Datuen Inprimakian eranskin gisa jasotako informazioa zabaltzeko edo ilustratzeko, Proiektuaren Datuen Inprimakian editagarriak ez diren objektuak dituztenean, hala nola irudiak, taulak, kalkulu-orriak, grafikoak, bideoak eta abar. Kasu horretan, Proiektuaren Datuen Formularioan dagokion erreferentzia egin beharko zaio Eranskin horri.

11. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honen arabera eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztera behartuta dagoen eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkeztuz zuzentzeko eskatuko zaio.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, balorazio-batzorde bat eratuko da, eskabideak onartzeko eta ez onartzeko erabakiak hartzeko, bai eta dirulaguntzaren xede diren jarduerak baloratzeko ere. Honako hauek osatuko dute batzorde hori:

– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, ordeztu egingo da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Kultura Ondareko teknikari bat.

– Agindu honen xede den gaian adituak diren hiru pertsona, Kulturako sailburuordeak izendatuak; bokalak izango dira.

Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat izango da Balorazio Batzordeko idazkaria. Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatuko du, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariari dagokio kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

Era berean, balorazio-batzordearen bileretara joan ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan ezagutza espezifikoa duten pertsona guztiak, bertaratuen gehiengoak onartzen baditu.

2.– Balorazio-batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, batzordea eratu aurretik.

3.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

4.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzean, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.

5.– Batzordeak, agindu honen 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txosten horretan, honako hauek jasoko dira: baietsitako eskabideak, erakunde edo pertsona onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoarekin, diruz lagundutako jarduketa-programak, ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak, erakunde eta pertsona onuradun bakoitzeko; eta onartu ez diren dirulaguntzak, ez onartzeko arrazoia adierazita.

Balorazio-batzordeak txosten hori Kultura Ondarearen Zuzendaritzari helaraziko dio, eta hark, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatuko ditu, baldin eta agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte. Horretarako, irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Balorazio-irizpide orokorrak: 50 puntu, gehienez. Edozein lerrotara aurkeztutako proiektu guztiak baloratuko dira, honako irizpide hauen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Balorazio-irizpide espezifikoak: gehienez, 50 puntu, diruz lagundu daitekeen lerro bakoitzerako ezarritako balorazio-irizpideen arabera:

1) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea, dokumentatzea eta ikertzea.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

2) Bilduma museografikoen digitalizazioa eta irisgarritasuna:

(Ikus .PDF)

3) Erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak antolatzea, eta jarduera didaktikoak eta kultura zabaltzeko jarduerak diseinatzea eta eskaintzea:

(Ikus .PDF)

4) Bilduma museografikoak osatzen dituzten funtsak kontserbatzea eta zaharberritzea:

(Ikus .PDF)

5) Museoaren kudeaketan berrikuntza eta irisgarritasuna hobetzea eta bultzatzea:

(Ikus .PDF)

15. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzekin edo beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta Kulturako sailburuordeari bidaliko dio, espediente osoarekin batera, dagokion ebazpena eman dezan. Prozeduran interesdunek azaldutako beste egitate, alegazio eta froga batzuk agertzen ez direnez eta kontuan hartzen ez direnez, ebazpen-proposamen hori behin betikoa izango da.

Ebazpena, gehienez ere, sei hilabeteko epean jakinaraziko da, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera.

2.– Ebazpenean jasoko dira emandako dirulaguntzak, ukatutako eskabideak eta onartu ez direnak. Emandako dirulaguntzatik diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, ebazpenean jasota geratuko da zer gastu baztertu diren diruz laguntzeko modukoak ez izateagatik.

3.– Formula hori aplikatuz lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera biribildu ahal izango dira. Biribiltzearen ondorioz finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, finantzaketa handieneko proiektutik kenduko da ateratzen den aldea.

4.– Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa /), interesdunei jakinarazteko. Ohar bat bidaliko da pertsona edo erakunde interesdunak eskaeran aldez aurretik jakinarazi duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, ebazpena argitaratu dela jakinarazteko. Abisu hori ematen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez jakinaraziko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin dena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

6.– Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

17. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, oinarri arautzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk ere lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da.

2.– Halaber, dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Benetan egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

c) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Publikoarekiko ahozko eta idatzizko harremanetan euskararen erabilera bermatzea.

e) Diruz lagundutako jardueran sortutako dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan sexismorik gabeko hizkuntza erabili beharko da, sexuan eta estereotipo sexistetan oinarritutako irudi diskriminatzaileak saihestu beharko dira, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzukidetasunaren eta genero-rol eta -identitateen aniztasunaren balioak dituen irudia sustatu beharko da.

f) Entitate onuradunak konpromisoa hartzen du dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu behar den jarduketa-memorian proiektuarekin zerikusia duen pertsonei buruzko informazioa sexuaren arabera bereizteko.

g) Dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa aipatu beharko da, eta haren logotipoa jarri beharko da diruz lagundutako proiektuak zabaltzeko erabiltzen diren material guztietan.

h) Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan adierazten den bezala.

i) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako beste edozein betebehar, zehazki, 14. artikuluan eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan jasotakoa.

19. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honela:

a) Lehenengoa, emandako dirulaguntzaren % 50ekoa, 18 a) artikuluan adierazitako epea igarotakoan, uko egin ez bazaio.

b) Bigarrena, gainerako zenbatekoa, 2026an ordainduko da, onuradunak diruz lagundutako jarduketa eta haren benetako kostua 20. artikuluan jasotako baldintzetan egin izanaren justifikazioa aurkeztu ondoren.

2.– Dirulaguntza ezin izango da ordaindu pertsona edo erakunde onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo ordainduta ez baditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Egiaztapena ofizioz egingo da ordainketa bakoitzaren aurretik, betiere erakunde onuradunak ez badu adierazten aurka dagoela; kasu horretan, hori egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, agindu honetan emandako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueren justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko dute diruz lagundutako jarduera edo proiektua amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan. Nolanahi ere, justifikazioa aurkezteko epearen azken eguna 2026ko martxoaren 31 izango da. Justifikazio-kontuak dokumentazio hau izango du:

a) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduketa-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz adierazita. Memorian txertatuta edo bereizita erantsita, jardueraren exekuzioa edo emaitzak egiaztatzen dituzten irudiak aurkeztuko dira. Aukeran, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «Justifikazio-memoria» inprimakia betez egin ahal izango da.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, honako hauek jasoko dituena:

– Jardueraren gastuen eta sarreren balantze orokorra. Egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «Balantzea» inprimakia bete edo eredu gisa erabiliko da. Beste dirulaguntzarik edo diru-sarrerarik jaso ez bada, dagokion erantzukizunpeko adierazpena egingo da justifikazioa aurkezteko inprimakian.

– Egindako gastuen zerrenda sailkatua, honako hauek adierazita: erakunde edo pertsona hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa (hala badagokio, zerga-oinarria eta BEZa banakatuta) eta, hala badagokio, ordainketa-data. Balantzea izeneko formularioan jasotako taularen bidez egin ahal izango da, edo bereizita aurkeztu, kalkulu-orriaren formatuan, betiere datu-eredu berari jarraitzen bazaio. Gastuen ataleko kontzeptuek bat etorri beharko dute eskabidean aurkeztutako aurrekontuko gastuen ataleko kontzeptuekin.

– Hala badagokio, egindako gastuen zerrendan sartutako zeharkako kostuak banatzeko irizpideak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– Gastuak justifikatzeko, fakturak eta zuzenbide- eta merkataritza-trafikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako agiriak aurkeztu beharko dira (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak), bai eta faktura elektronikoak ere.

c) Hala badagokio, pertsona edo erakunde onuradunak agindu honen 5. artikulua aplikatuz eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuen kopia, edo horiek ez aurkeztea justifikatzen duen memoria, 5. artikulu horretan bertan ezarritako salbuespenekin bat etorriz.

d) Jarduerari erakunde onuradunaren langile iraunkorren gastuak egozten bazaizkio, erakunde onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, pertsona bakoitzarentzat egindako lanak, jarduerari egotzitako ordu kopurua eta dagokion kostua zehazten dituena. Erakunde onuradunak jarduera gauzatzeko aldi baterako langileak kontratatu baditu, dagokion kontratuaren kopia, non jarduera zehatza eta kontratatutako eginkizunak jasoko baitira.

e) Jarduerari dieta-gastuak egozten bazaizkio (janaria, ostatua edo bidaia), gastu horietan parte hartu duten pertsonen identifikazio-datuak eta proiektuarekin duten lotura jaso beharko dira memorian.

f) Lerro hauetarako dirulaguntza eskatu bada:

1-a) Katalogatutako eta/edo berrikusitako fitxa guztiak jasotzen dituen txostena, inbentario-zenbakia jasotzen duen Exceleko zerrenda batekin batera.

1-b) Ikerketaren edo argitalpenaren kopia bat, formatu digitalean gutxienez, eta/edo ikus-entzunezko edukietarako esteka.

2) Digitalizatutako objektu guztien miniaturako irudiak. Bisita birtualen kasuan, horretarako esteka bat.

2.– Justifikazioa aurreikusitako epean aurkezten ez bada, pertsona edo erakunde interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkezteko. Epe hori igarotakoan justifikazioa aurkeztu ez badu, dirulaguntza likidatzeko prozedurari ekingo zaio.

21. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak aldi berean lortzen badira, dirulaguntzen zenbatekoa likidatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, alegazioak aurkeztu ondoren, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5. artikuluaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak osorik edo zati batean zertarako eman diren, bestelako proiektu batzuetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den beste xedapen batek oro har ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, bereziki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututako ez-betetzeak.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbateko osoa edo zati bat eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Nolanahi ere, erakunde onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetzera, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa bat egin duela, dirulaguntzaren azken zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jardueraren ez-betetze mailaren araberakoa izango da, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz.

Ondorioz, jardueraren exekuzioaren ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egin dela eta jardueraren betetze-maila diruz lagundutako proiektuaren aurrekontu osoaren % 65era iristen dela gutxienez.

Kasu horretan, likidazio-ebazpen bat egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztuko da, benetan justifikatutako proiektu-zatiaren proportzioan.

Salbuespen gisa, proiektuaren gauzatze-maila arestian ezarritako ehunekoan lortzen ez bada, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak daudela erabaki ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo erakunde onuradunak egindako lanek ezaugarri objektibo bereziak eta berariazkoak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ematen badiote.

23. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza.

– Helburua: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazioak.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.


Azterketa dokumentala