Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2025eko ekainaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2774

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 27koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2025. urterako laguntzen deialdia egiten baita Emakume Nekazarien Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko («ENE laguntzak»).

Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea onartzeak nekazaritza-sektoreko emakumeek pairatzen duten bereizkeriari aurre egitea dakar, besteak beste, lanbide- eta gizarte-aitortzari zein beren eskubideak benetan baliatzeari dagokienez.

Legeak, berdintasun-printzipio hori gauzatzeko, funtsezkotzat jotzen ditu honako hauek: nekazaritza-ustiategien titulartasuna eta titulartasun partekatua (II. titulua), emakumeek nekazaritza-sektorean duten ordezkaritza (III. titulua), emakumeen gizarte-eskubideen aitorpena (IV. titulua) eta emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea (V. titulua).

Nekazaritza-ustiategien titulartasuna funtsezkoa da emakume nekazarien lana ikusarazteko eta titulartasun horretatik eratorritako eskubideak eskuratu ahal izateko. Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa ez dator bat emakumeek haietan egiaz egiten duten lanarekin.

Laguntza familiarra lan-arloko oso figura diskriminatzailea da; izan ere, pertsona horiek, lege-ondorioetarako, kontratu, soldata edo inolako aitortzarik gabe lan egiten dute, ez baitute Gizarte Segurantzan kotizatzen. Emakume guztien ia % 50 familia-mailako eskulanaren barruan sartzen dira, eta gizon guztien % 22 baino ez daude egoera berean. Historikoki, emakumeak edo seme-alabak egon dira lan mota horren barruan: ustiategia legez familiaburuaren izenean zegoen, ia beti gizon baten izenean, eta gainerakoak familia-laguntza gisa baino ez ziren kontuan hartzen, titularrak adina edo gehiago lan egin arren.

Ordezkaritza-eremuari dagokionez, emakume nekazariek erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea ez dator bat sektorean dutenarekin. Emakumeek nekazaritzaren eremuko erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea askoz txikiagoa da gizonek dutena baino. Emakume Nekazarien Estatutuak, ildo horretatik, onartzen du bermatu beharra dagoela emakume nekazariak erabakitzeko organoetan egotea eta haietan parte hartzea.

Esparru publikoan duten partaidetzan emakumeek jasaten dituzten desberdintasunei aurre egitea ezinbestekoa da, nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko.

2018an, Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zen, eta ordutik, emakume nekazariak eta haien lana aintzat hartu eta ikusarazteko ekintzak lehenetsi dira, bai eta, haiek elkartzea ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere; horregatik, egokia da Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoetatik kanpoko antolakundeek egiten dituzten era horretako ekintzak babestea.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoko 5.3.1.12 «Oparotasuna, enplegua eta susperraldi ekonomikoa» ardatz estrategikoan jasota daude, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu baitzen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzekoa).

Harik eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sail berriaren dirulaguntzen plan estrategiko espezifiko berri bat onartzen ez den arte, dagokion aginduaren bidez, indarrean jarraituko du 2023ko abenduan onartutako planak.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dirulaguntza hauen deialdiaren oinarriak onartu, deitu eta argitara ematea (I. eranskina) eta diruz laguntzekoak diren jarduketak egiteko jarraibideak ematea (II. eranskina).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarrietan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturikoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzien ordenan aurkara daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 27a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: laguntzen deialdia egitea nekazaritza-sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritako helburuetako batzuk betetzen laguntzeko, nekazaritza-sektoreko emakumeen eskubideak aitortzeari dagokionez.

2. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, eskatzaileek honako hauetatik eratorritako betekizunak bete beharko dituzte: Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua, eta Europako, Espainiako zein EAEko indarreko legeria.

Halaber, eskatzaileak ezin izango dira egon Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuen pean. Hala:

1.– Ezingo dute dirulaguntzen onuradunaren izaera edo entitate laguntzailearen izaera lortu, lege honetan erregulatuak, ondorengo egoera hauetakoren batean dauden pertsonek edo entitateek, salbu eta, dirulaguntzaren xedea dela-eta, oinarri erregulatzaileek justifikatzen badute onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezkeela:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean edo Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

2.– Ezingo dira onuradun izan lege honen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak, baldin eta haien kideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.

3.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

4.– Inola ere ezingo dira izan lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak.

Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitzeagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, delako elkarte hori ere ezingo da izan onuradun edo entitate laguntzaile, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.

5.– Ezin izango dira onuradun edo entitate laguntzaile izan dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.

6.– Artikulu honen 1. apartatuaren b), d), e), f), g) eta j) letretan eta 2., 3. eta 4. apartatuetan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

7.– Artikulu honen 1. apartatuaren a), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren noiz artekoa. Halakorik ez badago, debekuaren noiz artekoa erregelamenduz erabakitako prozeduraren bidez ezarriko da, baina ezingo du iraun bost urte baino gehiago epai irmorik ez badago.

8.– Artikulu honen 1. apartatuaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

9.– Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. apartatutik 4.era bitarte aipatu dira debekuak–, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

Berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi asmorik gabeko elkarteak edo antolakundeak izan ahalko dira.

2.– Halaber, entitate onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen talde pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta, nortasun juridikorik ez izan arren, dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo jarduerak garatzeko eta gauzatzeko gaitasuna badute.

Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Betiere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute taldeek, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

3.– Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea, eskakizun hori legez ezarrita dagoen kasuetan.

4.– Halaber, egunean egon beharko dute EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Hori egiaztatzeko, kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz horren aurka agertzen direnean salbu, kasu horretan egiaztatu egin beharko baitute datu hori. Bestalde, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona edo entitate eskatzailearen edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da.

5.– Onuradunak nekazaritzaren arloan diharduten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte eta antolakundeak badira, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua izan beharko dute.

6.– Entitate onuradunak, era berean, ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo beste entitate publiko batzuekin kontratuak izenpetzeko.

7.– Dirulaguntza ordaintzeko unean ere bete beharko da entitate onuradun izateko baldintza.

3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzatuko dira. Aurrekontu-zuzkidura 80.000 eurokoa da.

4. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta gastuak.

1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea bultzatzen duten jarduketak, bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere. Zehazki, gai hauetakoren bat edo batzuk garatzen dituzten jarduketak biltzen dituzten proiektuak:

a) Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

b) Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea.

c) Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

d) Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

e) Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

f) Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

g) Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza.

Garatu beharreko jarduketei buruzko orientabideak II. eranskinean ezartzen dira.

2.– Guztiak jasota ez badaude ere, honako jarduketa hauek dira diruz laguntzeko modukoak: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, ikastaroak, lantegiak, konferentziak, erakusketak, ikus-entzunezko materialaren edizioa eta banaketa, eta deialdiaren xedea betetzen duen beste edozein jarduketa, betiere nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekin zerikusia badute eta aurreko apartatuan ezarritako gaietakoren batean oinarrituta badaude.

3.– Deialdi honen babespean, entitate bakoitzak dirulaguntza-eskabide bat aurkeztu ahal izango du proiektu bakoitzeko. Proiektu bakoitzak jarduketa bat edo batzuk jaso ditzake.

4.– Entitate berak, gehienez ere, bi eskabide aurkeztu ahal izango ditu bi proiektu desberdinetarako. Eskabide horiek data ezberdinetan aurkeztu ahal izango dira, betiere deialdian ezarritako epearen barruan.

5.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduketak 2025ean eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharko dira oso-osorik.

6.– Diruz lagundu ahal izango dira laguntzaren xede diren jarduketak egitearekin zuzenean lotuta dauden gastu guztiak, baldin eta 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortzen badira, eta justifikazio-epea amaitu aurretik zerrendatu, kuantifikatu eta ordaindu badira. Gastu hauek sartzen dira (zerrenda soila da, ez dira denak aipatzen):

a) Aurkeztutako jarduerarekin berariaz lotuta dauden langileen gastuak.

b) Jarduera egiteko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairuak eta jarduera antolatzeko logistikaren ondoriozko gastuak.

d) Jarduera egiteko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

e) Laguntzaren xede diren jarduketen publizitatearekin eta zabalkundearekin lotutako gastuak.

f) Nahitaezko aseguruak kontratatzea.

g) Emandako garaikurrak edo sariak.

h) Jarduera egiteko behar diren materialak zenbait euskarritan editatu edo eskuratzea.

i) Bideoak eta ikus-entzunezko materiala.

j) Itzulpen-gastuak.

k) Legeria nazionalaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.

7.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastuak izango.

Kanpoan geldituko dira entitate eskatzaileak dituen baina proiektua egin, antolatu edo gauzatzearekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

8.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa eta adjudikatzeko prozedura.

1.– Emango den dirulaguntzaren ehunekoa diruz lagundu beharreko proiekturako onartutako aurrekontuaren gainean kalkulatuko da. Laguntza horien zenbatekoa ez da izango laguntza eskatu duen proiektuaren onartutako gastuen % 80tik gorakoa, ezta 12.000 euro baino handiagoa ere.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan jasotzen den segidako emakidaren araubidea izango da laguntzak emateko prozedura; beraz, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira, eta behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariek aztertuko dituzte eskabideak. Eskatutako betekizunak eta diruz lagun daitekeen aurrekontua egiaztatutakoan, ebazpen-proposamena egingo da.

3.– Aurrekontua agortu aurretik adjudikatutako azken laguntzari dagokionez, laguntza-proposamenak erabili daitekeen zenbatekoa gainditzen badu, eskatzaileari galdetuko zaio, eta, hala badagokio, aurrekontua agortu arte geratzen den laguntza adjudikatuko zaio, edo ez zaio laguntzarik adjudikatuko.

4.– Laguntzetara xedaturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskaerak, baldin eta esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin badira, ukatu egingo dira arrazoi hori dela eta, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

6. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Laguntzaren zenbatekoak –nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira, laguntzaren xede den jardueraren kostu errealeraino.

7. oinarria.– Gauzatzeko epeak.

Jarduketak egiteko epea 2025eko abenduaren 31n amaituko da, eta 2025eko ekitaldiaren edozein unetan hasi ahalko da.

8. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntzaren xede den proiektuko jarduketak 2025ean egin beharko dira.

2.– Entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena egin eta 10 eguneko epean entitate onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

c) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten entitateei Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritako betebeharrak onartzea. Horien artean daude tratu- eta aukera-berdintasuna, elkarteko kideen dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea, sexuaren arabera bereizitako datuak izatea, hizkera ez-sexista erabiltzea, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea eta aipaturiko 1/2023 Legegintzako Dekretuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako gainerako printzipio orokorrak errespetatzea.

d) Jendaurrean hedatzeko egiten dituzten agiri, kartel, propaganda eta argitalpenetan, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren logotipoa ageri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/adjuntos/MANUAL_ID_4PUBLICIDAD.PDF

Gainera, Emakume Nekazarien Estatutuaren logotipoa jaso beharko dute (laguntzen web-orrian egongo da eskuragarri).

Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez bost urtez.

f) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jarduketen garapenaren eta gauzatzearen inguruan.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen betiere.

i) Administrazio baten edo entitate publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri eman behar diote idatziz Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen betiere.

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, onuradunen berariazko baimenik behar izan gabe; beren-beregi uko egiten zaionean salbu, kasu horretan onuradunak egiaztatu beharko baitu betekizun hori.

9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Betiere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 15ean amaituko da.

3.– Eskabideak kanal elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, eredu normalizatuaren araberako eskaera eginez. Helbide honetan dago eskuragarri eredu hori:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1201606

4.– Eskaeraren ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidezkoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» aukeraren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5.– Izapideak elektronikoki egiteko, helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

6.– Eskabideen eredu normalizatuak informazio hau jasoko du:

a) Eskatzailearen identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla eta onuradun-izaera lortzeko debekuetako ezeinetan ez dagoela adierazteko, debeku horietako ezeinetan ez egotearen lekukotza judizialik, ziurtagiri telematiko edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk lortzerik izan ez den kasuetan.

c) Dena delako jarduketari buruzko informazioa.

d) Lanen aurrekontua.

e) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresaburuen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte eta antolakundeen kasuan, zuzendaritza-organo edo -batzordearen osaera, sexuaren arabera bereizita.

f) Pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, elkarteko kide bakoitzak jarduketa egiteko hartutako konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

10. oinarria.– Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Proiektuaren memoria, honako hauek jasota:

– Entitatearen izena eta haren osaera: masa sozialaren osaera, bazkide-kopuru osoa, emakumeen eta gizonen guztizko kopurua.

– Proiektuaren xedearen eta haren jarduketen deskribapena.

– Gauzatzeko epearen edo epeen aurreikuspena.

– Jarduketen kokapenari eta haiek hedatzeko aukerei buruzko datuak, eta, aurrez ikusitakoaren arabera, zer eragin izango duen (toki/eskualdean, lurraldean edo autonomian).

– Proiektutik espero diren emaitzen aurreikuspena.

– Proiektuak nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean izango duen eraginaren aurreikuspena.

– Deskribatzea proiektuak nekazaritza-sektoreko emakumeen ahalduntzea nola sustatzen duen.

b) Proiektuko jarduketen laguntza publiko edo pribatuari buruzko bestelako dirulaguntza eta diru-sarreren ziurtagiria.

c) Hirugarrenen alta, zeina elektronikoki izapidetu ahal izango den, dagokion zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

d) Ordezkaritzaren egiaztagiria, hala badagokio.

e) Entitatearen IFK, entitatearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagokion erregistroan zigilatuta.

f) Proiektuaren barruko jarduketen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak. Aurrekontuek, proformako fakturek edo fakturek informazio hau jaso beharko dute, gutxienez:

– Zenbakia (baldin badauka).

– Kontratatzailearen izena.

– Hornitzailearen izena.

– Data.

– Kontzeptua.

– Zerga-oinarriaren eta BEZaren xehakapena.

g) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresaburuen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte eta antolakundeen kasuan, zuzendaritza-organo edo -batzordearen osaeraren ziurtagiria.

2.– Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela, bai eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergako altari buruzko agiria ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala egiten badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaion guztietan.

3.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa eta espresuki adierazten bada aldaketarik ez dela egin, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dena den, adierazi beharko da noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu ziren agiri horiek. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.– Eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz, eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarren baten altaren kasuan izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

6.– Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege 13. artikuluaren 1. apartatutik 4.era bitarte aipatu dira debekuak, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa. Agiri hori agintaritza eskudunak egiterik ez badu, haren ordez 9. oinarriaren beraren 6.b) apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.

7.– Edonola ere, beharrezkoak diren bestelako agiri edo argibide osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

Gainera, dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.

11. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

1.– Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariek egiaztatuko dute eskabide bakoitzak agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituela. Era berean, dirulaguntzaren xede den proiektua deskribatzen duen memoria aztertuko dute, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren haztapena eta kalkulua jasoko dituen txosten bat egingo dute.

3.– Txosten hori kontuan hartuta, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpen-proposamen bat egingo du, dirulaguntza zer eskatzaileri ematea eta zenbateko dirulaguntza ematea proposatzen den adierazita.

4.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, interesdunei jakinaraziko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

5.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12. oinarria.– Ebazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartuta, elikaduran eta landa-garapenean eskumena duen sailburuordetzako titularrak ebazpena emango du, gehienez ere sei hileko epean, laguntza-eskabidea aurkeztu den egunetik hasita. Ebazpen horretan, laguntza eman edo ukatu egingo zaio eskatzaileari. Ebazpenak era indibidualizatuan jakinaraziko dira.

2.– Ebazpenak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluaren edukiaren araberakoa izan beharko du. Hala, dirulaguntza nori emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainerako baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere. Deialdiaren oinarrietan dagoeneko ezarrita dauden edukiak errepikatzea litzatekeen baldintza eta betekizunak aipatu gabe utzi daitezke ebazpenean eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jar daitezke, deialdia eta oinarriak han kontsultatzeko.

3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion egintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zer egun eta ordutan sartu den interesduna haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Egiaztatzen denean jakinarazpena eskura jarri zaiola, baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada haren edukira sartu, ulertuko da uko egin diola jakinarazpenari, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo interesdunak eskaturik egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea agiri guztiekin batera aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe amaitu bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte beren eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluari dagokionez.

5.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkie entitate onuradunei, eta bi zatitan banatu ahal izango dira, honela:

1.– Lehen ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 gehienez, diruz lagun zitezkeen gastu onetsiei buruzko fakturak eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Zenbatekoaren gainerakoaren ordainketa edo, hala badagokio, dirulaguntza osoa, laguntza behar den bezala erabili dela justifikatu ondoren. Honako agiri hauek aurkeztuko dituzte horretarako:

a) Proiektuaren eta haren jarduketen ondorioz azkenean lortutako emaitzen berri jasotzen duen memoria. Jarduketen izaeraren arabera, emaitza horietan jaso beharko dituzte zer partaidetza izan den, bertan ezarritako lan-lerroak, etorkizuneko konpromisoak, nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean zer eragin duen eta ondorioak.

b) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta frogagiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da zein diren programak eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako titularrak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.

3.– Laguntzen onuradunek proiektuko jarduketekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2026ko urtarrilaren 15ean egin beharko da beranduenez.

4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Halaber, onuradunari ez zaio inolako ordainketarik egingo, baldin eta egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada. Debeku horrek bere horretan iraungo du aipatutako zirkunstantziak gertatzen diren bitartean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33. artikulua aplikatuz.

14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira. Ondorio horietarako, elikaduran eta landa-garapenean eskumena duen sailburuordetzako titularrak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako prozedurari jarraituko zaio.

2.– Baldin eta diruz lagundutako proiektuaren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

15. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua gauzatzen amaitu aurretik, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu, betiere. Uko egitea adierazteko, idazki bat aurkeztu beharko dio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bitartez, espresuki onartuko du uko-egite hori, eta prozedura amaitutzat emango du pertsona horri dagokionez. Uko-egitea onartu ondotik, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

16. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, modu horretan emandako laguntzaren xedea osorik hutsalduta, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza emateko eskumena duen organoak, ez-betetze espedientea egin ondoren (bertan, entzunaldia emango zaio interesdunari), ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak eta dirulaguntza-arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, bat etorriz 698/1991 Dekretuarekin (abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ezarritako baldintzak eta betebeharrak partez betetzeak, baldin eta, betiere, osorik betetzetik oso hurbil geratzen bada eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordaintzea ekarriko du, edo, hala badagokio, zati bat itzultzea, zeina zehaztuko baita egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuta. Betiere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko-zatia benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

17. oinarria.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
JARDUKETAK EGITEKO JARRAIBIDEAK

Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea bultzatzen duten jarduketak, bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere. Zehazki, deialdiaren xede diren gaiak garatzen dituzten jarduketak.

Zehatz-mehatz ez bada ere, jarduketa horien garapenari buruzko jarraibide batzuk ezartzen dira jarraian:

1) Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

Emakume nekazariek eremu publikoan duten parte-hartzea hobetzeko jarduketak:

– Sektoreko antolakundeen eremuan emakumeak ahalduntzeari buruzko jarduketak.

– Antolakundeetako parte-hartzea hobetzeko tresnak, hala nola genero-ekitatea jasotzen duen antolakunde-aldaketa edo antolakunde mistoetako parte-hartzea.

– Asoziazionismoa sustatzea.

2) Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea.

Emakume nekazarien aitortza profesionala eta estimazio soziala sustatzen duten jarduketak:

– Emakume nekazarien lana aitortzea, berrikuntza lehenetsita (ekofeminismoa, jasangarritasuna...).

– Beste mundu batzuetako emakume nekazariekin eta emakumeen beste elkarte batzuekin koordinatzea.

– Emakume nekazarien eskubide profesional, sozial eta fiskalak benetan gauzatzea.

3) Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

Emakume nekazariek nekazaritza-jardueran duten partaidetzaren aitortza juridiko eta ekonomikoa, ustiategien titulartasun-figuren bidez.

Baterako titulartasuneko aukerak, titulartasun partekatua bereziki aipatuta.

4) Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

Emakume eta gizon nekazarien osasunaren gaineko faktore bereizgarriak.

Nekazaritza-lanean emakumeen osasuna bermatzeko neurri egokiak.

5) Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

Emakumeen eta gizonen genero-aginduei buruzko jarduketak.

Nekazaritzaren arloan erantzukidetasuna bultzatzen duten baliabideen informazioa, sentsibilizazioa eta zabalkundea.

6) Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

Informazio- eta arreta-baliabideak.

Sektoreko indarkeria- eta jazarpen-egoera espezifikoak.

7) Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza.

Profesionalizazioari lotua.

Teknologia berriak erabiltzeko eta prestakuntza jasotzeko aukera izatea informazioaren gizartean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala