
116. zk., 2025eko ekainaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (224 KB - 16 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2768
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 20koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025eko ekitaldian ikus-entzunezkoen arloan proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta horien deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan bildutako xedapenekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte eta kultura alorretako jarduerak eta horiek hedatzeko eskumenak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari esleitzen dizkio azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.
Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak egoki irizten dio proiektuak garatzeko dirulaguntza-lerro espezifiko bat ezartzeari. Deialdi horren bidez ikus-entzunezko produkzioaren aurreko jarduerak sustatuko dira (horien artean nabarmentzekoa da gidoiaren garapena), hartara ikus-entzunezko sektoreak ekoizten dituen obren kalitate eta bideragarritasuna handitzearren.
Munduko ikus-entzunezkoen industria bere negozio-ereduak aldatzen ari da, kontsumo-ohitura berrien ondorioz eta plataformak zinema-areto tradizionalen alternatiba gisa agertzearen ondorioz. Testuinguru horretan, serieak ikus-entzunezkoen industriarako aukera-produktu bilakatu dira, eta egonkortasuna eta jarraitutasuna eskaini diete ikus-entzunezko enpresei.
Animazio-sektorea dinamikoenetakoa izaten ari da, eta etorkizunerako proiekzio handiena du. Gamifikazioko joera berrien ondorioz, animazioa tresna gehigarria da hainbat sektore ekonomikotan.
Agindu honetan, beraz, gure industriaren ikus-entzunezkoak garatzeko gaitasunari erantzuteaz gain, bi azpisektoreen berezitasunei ere erantzun nahi zaie.
Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoan (DPE) eta 2025eko Urteko Dirulaguntza Planean (UDP) sartu da, zeina Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu baitzen (aipatutako sailaren webgunean argitaratu zen: DPE 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa.// UDP 2025, 2026, 2027, 2028: Urteko Dirulaguntza Planak.– Eusko Jaurlaritza – www.euskadi.eus), eta euskal kulturaren sorkuntza eta ekoizpena indartzeko helburu estrategikoaren barruan dago.
Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudiaren barruan, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri zen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren eta notifikazio beharrik ez daukaten estatu-dirulaguntzen kategorien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta, zehatzago, ikus-entzunezkoenak. Beraz, Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.
Horiek horrela, hau,
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2025eko ekitaldian zehar edozein hedabidetarako edo edozein euskarritarako film luze, serie- edo miniserie-proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egitea eta horretarako baldintzak ezartzea. Hau joko da «proiektuen garapentzat»: ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operazioetan zentratua eta 2025. eta 2026. urteetan zehar egingo direnak.
2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza hauetarako guztira 1.116.400 euro bideratuko dira. Zenbatekoa xedapen gehigarri bakarrean jasotako moduan handitu ahal izango da.
2.– Deialdi honek barne hartzen dituen laguntza-modalitateen arabera, zenbateko osoa honela banatuko da:
a) Film luzeak garatzeko dirulaguntzak II. Kapituluan ezarritako moduan: 558.200 euro.
b) Serieak eta miniserieak garatzeko dirulaguntzak III. Kapituluan ezarritako moduan: 558.200 euro.
3.– Eskaerarik ez dagoelako edo eskaerek balorazio fasean gutxieneko puntuazioa gainditzen ez dutelako modalitateetako bati bideratutako diru-kopurua agortzen ez bada, sobera geratzen den kopurua beste modalitateetako proiektuetara/programetara bideratuko du dagokion Balorazio Batzordeak. Horretarako, horien balorazioaren ondoriozko hurrenkerari eta puntuazioari jarraituko zaie, harik eta soberakin ekonomikoa agortzen den arte.
4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
a) Film laburrak.
b) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren gidoi zinematografikoak sortzeko 2025erako laguntza-deialdira aurkezten diren proiektuak.
c) Eskabidea aurkezteko unean filmatzen hasiak diren proiektuak.
d) Telebistarako edo plataformetarako programak (talent show-ak, lehiaketak, reality show-ak, streaming, influencer edo youtuber serieak, etab.).
e) Telebista-plataformen edo telebista-kanalen laguntza edo garatze- kontratua lortu duten proiektuak.
3. artikulua.– Onuradun izateko baldintzak.
1.– Produkziorako laguntzak eskuratzeko baldintza hauek bete behar dira: ekoizle independente izaera betetzen duten pertsona fisiko edo juridiko independenteak izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea eta laguntza jasoz gero Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea edo izateko konpromisoa hartzea.
2.– Ekoizle independentetzat hartuko da Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) letraren definizioan sartzen den pertsona fisiko edo juridikoa.
3.– Pertsona fisiko edo juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.
4.– Dirulaguntza koprodukzio bate garatzeko eskatzen denean, eskatzaileak ikus-entzunezko produkzioaren % 25eko titulartasuna izan beharko du gutxienez.
5.– Ezin izango dira onuradun izan dena delako enpresak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jaso badute, aldez aurretik Europako Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatutako da krisian dauden enpresekin ere. Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan definituta dago.
6.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetakoren batean dauden pertsonak edo erakundeak:
a) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan.
c) Ebazpen irmo baten bidez, lege honen edo beste batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapena jaso izana. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez baldin badute, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
d) Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten pertsona fisiko edo juridikoak.
e) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
7.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartzen diren eskatzaileak bakarrik direnean, ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzazioa edozein dela ere.
8.– Onuradun izateko baldintza guztiak bete beharko dira aldi osoan emandako laguntza likidatu arte.
4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, finkatutako irizpideak aplikatuz balorazio handiena lortu dutenek soilik jasoko dute laguntza, ezarri den goi-muga errespetatuta.
5. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren www.euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta, atal honetan zehaztutako helbideen bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoen bidez. Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://euskadi.eus/nirekarpeta); bertan eskuragarri daude bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak.
3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak erregistro-arloko laguntza-bulegoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:
– Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276316
– Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276317
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak
6.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskaren Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.
7.– Eskaerarekin batera 7. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.
Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:
a) Deskargatzeko ereduak daudenean, eredu horiek erabiliko dira, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.
b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal dela.
c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb izango da.
d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira kontsultatu ahal izateko, dagokion agirian.
8.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake deialdi honetara, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio dirulaguntza emango, 14. artikuluko 7. idatz-zatian jasotzen den moduan. Ekoizle berak ezin izango ditu deialdi honetan bi eskabide baino gehiago aurkeztu. Bi baino gehiago aurkezten badira, sarrera-erregistroaren arabera lehenengo eta bigarren tokian aurkeztutakoak bakarrik onartuko dira.
9.– Proiektu bera gehienez bi deialditara aurkeztu ahal izango da agindu honetan jasotako modalitateren batean.
10.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Dokumentu horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu behintzat. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu.
11.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
12.– Sortze-prozesuan ezin izango da erabili adimen artifizialeko softwarerik.
7. artikulua.– Betekizunen akreditazioa eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaerarekin aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:
1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:
1.1.– Identitateari buruzko datuak: eskaera sinatzen duenaren identitatearen egiaztagiria.
1.2.– Pertsona juridikoak izanez gero: administrazioren bati dagozkion erregistroetan inskribatutako entitateak eskaeran zein erregistrotan dagoen inskribaturik azalduz gero, ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentaziorik.
1.3.– Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, pertsona edo eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluak. Nolanahi ere, pertsona eskatzaileak egiaztapena egiteko modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, baina, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du. Pertsona edo entitate interesatuak Nafarroako Ogasunean zergak ordaintzen baditu, zerga betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du dagokion egiaztagiriaren bitartez.
2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:
a) Proiektu bererako eskatu eta lortu diren beste laguntzen eta haien zenbatekoa adieraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren arabera:
– Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276316
– Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276317
Hala badagokio, dirulaguntza lortu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, eta, nolanahi ere, zenbatekoek bat etorri beharko dute garapen-aurrekontuan jasotako zenbatekoekin.
b) Proiektuaren memoria argigarria. Bertan jasoko da garatu beharreko estrategia eta garapenean aurreikusten diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta egutegia, garapenaren hasiera eta bukaeraren data zehatzekin.
c) Gidoiaren sinopsia (orrialde 1) film luzeetan, eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia (orrialde 1) serietan.
d) Gidoia edo, gidoirik ez bada, gidoiaren trataera sekuentziala (gehienez 30 orrialde), gehi elkarrizketatutako sekuentzia oso bat (gehienez 10 orrialde). Serieen kasuan kapitulu pilotuaren gidoi osoa eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia. Dokumentalen kasuan, gidoiaren tratamendua. Proiektuaren jatorrizko bertsioa euskaraz bada, gutxienez euskaraz aurkeztu beharko da.
e) Gidoiaren eta, hala badagokio, aurretik dagoen obraren gaineko ustiapen-eskubideak dituela egiaztatzen duen agiria, bai eta tratamendu-eskubideen lagapenaren ordainketaren (faktura eta ordainketaren frogagiria) edo aurkeztutako gidoiaren egiaztagiriak ere, produkzio-etxe eskatzaileak eta eskubideen titularrak sinatutako kontratuan jasotakoaren arabera.
f) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrera guztiak jasoko dituena, www.euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
g) Produkzioaren aurrekontu orientagarri orokorra eta finantzazio plana, biak dokumentu bakar batean jasota.
h) Garatu beharreko obrari buruzko informazioa, obraren intentzionalitate artistikoa, zuzendariaren eta ekoizlearen oharrak (biak sinatuta) eta zein publikori zuzentzen zaion azalpena. Serieetan, gainera, pertsonaien tramen-mapa eta arku dramatikoa seriean zehar. Bideo-pitch-a eta/edo teaserra sartu ahal izango dira, halakorik badago.
i) Zuzendariaren, gidoilariaren eta ekoizle exekutiboaren historial artistiko profesionala. Zuzendariak ez badu inoiz film luzerik egin, baina bai laburrak, aurretik egindako film labur horien guztien kopia bat.
j) Gidoilariarekin edo zuzendariarekin sinatutako akordioa garapen lanak egiteko.
k) Proiektuen garapenean parte hartzen duten arduradun artistikoek, zuzendariek, gidoilariek eta abarrek sinatutako ardurapeko aitorpenak edo intereseko itunak.
l) Produkzio-etxearen azken bost urteetako historial profesionala eta hurrengo bi urteetako ekoizte-aurreikuspenak, www.euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
m) Hala badagokio, ekoizpenaren jasangarritasun-plana, inplementatu beharreko ekintzak jasotzen dituena.
8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua ezartzen duenari jarraikiz, eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako betebehar hauek egiaztatutako dira:
– Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion ezein zehapen administratibo edo penalen pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra daukala, edo egoitza irekitzeko konpromisoa hartzen duela laguntza jasoz gero.
– Eskatzailea ekoizle pribatu independentea dela, abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) idatz-zatiak xedatutakoaren arabera (Zinemaren Legea).
– Eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan dago definituta.
– Adierazi Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat edukitzeko betebeharra duen ala ez, eta, hala badagokio, 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta borroka-neurriak ezarri dituzten.
– Proiektu bererako eskatutako eta lortutako laguntzak eta horien zenbatekoa.
– Adimen artifizialean oinarritutako softwarea ez erabiltzea ideia garatzeko prozesuan, ezta deialdi honetara aurkezten den proiektua sortzeko prozesuan ere.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
9. artikulua.– Egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar eguneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
10. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da:
2.– Hauek izango dira batzordekideak:
– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria, eta hura falta bada Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoa hartuko da kontuan.
– Bokalak: lau aditu, Kulturako sailburuordeak izendatuak eta aztertu beharko dituzten laguntza-modalitateetan adituak.
3.– Batzordeko idazkari gisa, baina bertako kide izan gabe, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik. Idazkariari dagokio batzordearen jokabidearen legalitate formalaz eta materialaz arduratzea. Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek. Horiek hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.
4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bitartez EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesatuek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
5.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoa beteko da.
6.– Balorazio Batzordeari dagokio aurkezten diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Batzorde horrek ebaluazioaren emaitza jasotzen duen txostena egingo du. Hauek jasoko ditu txostenak: emateko proposatzen diren dirulaguntzak, onuradun gisa proposatutako pertsonen edo erakundeen nortasuna adierazita, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, ematea proposatzen den jarduera eta emandako zenbatekoa, bai eta ukatzea proposatzen direnak ere, ukatzeko arrazoiak adierazita. Halaber adieraziko da zein eskabide ez diren onartu.
7.– Balorazio-batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki baloratze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.
8.– Balorazio-batzorderako izendatutako aditu-profesionalek ardurapeko aitorpena aurkeztu beharko dute, hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean eroriak ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
9.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta Batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen duten eskatzaileen zerrenda adieraziko du, bai eta zenbatekoa ere, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta hura egiteko jarraitu diren balorazio-irizpideak zehaztuko ditu.
Proposamen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera hauetakoren bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da, baina eskatutako kopuruaren barruan. Deialdiko baldintzei uko egin edo horiek onartu ez edo betetzen ez dituen onuradunak ordaindu zaion dirulaguntzaren zatia itzuli beharko dio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari gehi aplikagarriak diren legezko interesak.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak eman eta ebatziko ditu, organo kudeatzaileak aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik kontatzen hasita. Ebazpen horren bidez, eskatutako dirulaguntzak esleituko dira eta, hala badagokio, ukatuko dira. Lehenengoen kasuan, honako hauek adieraziko dira: onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntzaren banaketa urteka eta justifikatzeko modua. Ukatutakoen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala jasoko da, bai eta ukatzeko arrazoiak ere.
2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren honako helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Edozein motatako hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretako egintzak direnean Administrazio-egintzak beti argitaratu beharko dira, eta horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, horrela dago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b artikuluan. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat, aipatutako 39/2015 Legearen 41.7 arabera.
4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
5.– Artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako epea ebazpenik jakinarazi gabe igaroz gero, dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertuko da.
12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
b) Laguntza emanez gero, EAEn establezimendu iraunkor bat izatea edo, hala badagokio, irekitzea.
c) Dirulaguntzari eman zaion xede horretarako erabiltzea.
d) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
e) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkezteko unean adierazitako baldintzetan gauzatzea. Diruz lagun daitezkeen gastuei buruzko agindu honen 13. artikuluan jasotako jardueraren bat ez egitea, hasieran onetsitako proiektuan egin beharreko jarduera gisa agertzen badira, edo onartutako aurrekontuan % 20tik gorako aldaketak egitea, idatziz jakinarazi beharko zaio Kulturako sailburuordeari, eta horrek hamabost eguneko epea izango du onartzeko, jakinarazpena jasotzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori berariazko jakinarazpenik gabe igarotzen bada, planteatutako aldaketa onartutzat joko da. Aldaketa horiek emandako laguntza berregokitzea ekar dezakete. Aldaketek ezin izango dute inolaz ere dirulaguntza handitu.
f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako lanen hasierako kredituei dagozkien informazio, publizitate, sustapen eta izenburu guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan lanak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.
g) Laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.
h) Argitaratutako promozio-material guztien ale bat Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzan aurkeztea.
i) Laguntza emateko ebazpenaren berri izaten duenetik, onuradunak gehienez hamabi hilabeteko epea izango du proiektuaren jarduera-txostena eta 16.1.b artikuluan aipatutako gainerako agiriak aurkezteko, baina justifikatzeko azken eguna 2026ko abenduaren 15a izango da.
j) Onuradunak proiektua garatzeko aurrekontuaren % 32, gutxienez, erabili beharko du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza edo establezimendua duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 32 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari.
k) Enpresen deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Halaber, erakunde onuradunek Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
13. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.
1.– 2025eko urtarrilaren 1etik agindu honen 16.1.b artikuluan ezarritako justifikazio-data arte egindako gastuak onartuko dira.
2.– Diruz lagunduko diren gastuak honako hauek dira:
– Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.
– Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.
– Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story boarda, web orria.
– Marketing- eta banaketa-plana garatzea.
– Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidai gastuak, lojamendua eta akreditazioak. Kanpo geratzen dira Zineuskadik horretarako deitzen dituen laguntza espezifikoetan sartutako merkatu eta azoketara joateko gastuak.
– Castinga egitea eta kokapenak bilatzea.
– Ikerketa dokumentala, grafikoa (animazio-proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.
– Langile-gastuak: enpresako langileen soldatak eta Gizarte Segurantza. Aurrekontuaren % 15ekoa da gehieneko gastua, eta animazioaren kasuan, % 30ekoa.
– Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat. Koprodukzio kontratuen aholkularitza eta idazketa, obraren eskubideak, proiektuan parte hartuko duten profesionalekin kontratuak.
– Gastu orokorrak (gehienez % 5).
3.– Laguntzaren eskatzailea pertsona fisikoa bada, gehienez ere garapen-aurrekontuaren % 10 egotzi ahal izango da aurretik zerrendatutako diruz laguntzeko moduko gasturen batean egiten dituen lanetarako. Egindako lanak eta balorazio ekonomikoa justifikatzeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.
4.– Dirulaguntzaren eskaeraren xede diren garapen-lanak enpresa eskatzaileko langileek egin ahal izango dituzte, gehienez ere % 50era arte.
14. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Balorazio fasean puntuazio onena jasotzen duten proiektuek dirulaguntza jasoko dute, ondoko puntuetan ezarritako mugak errespetatuta, puntuazio-hurrenkeraren arabera eta diru-zuzkidura osoa agortu arte.
2.– Puntuazio onena lortzen duen proiektuari eskatutako kopurua emango zaio, betiere agindu honetan ezarritako mugen barruan badago. Gainerakoei proportzionalki murriztuko zaie kopurua lortutako puntuazioaren arabera.
3.– Laguntza jasotzeko, nahitaez lortu behar da puntuazioaren % 50 balorazio-fasean.
4.– Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera, proiektu zehatz bati zuzendutako kopuruak ezingo du proiektua garatzeko aurrekontuan jasotzen diren gastuen % 60 gainditu, eta kopuru hori ezin izango da % 70etik gorakoa izan euskarazko jatorrizko bertsioa duten proiektuetan. Gastu hauek 13. artikuluan zehazten dira.
5.– Gutxienez, jasotako zenbatekoaren % 45 gidoia garatzeko erabiliko da, animazio- eta dokumental-proiektuetarako izan ezik, horiek % 35 izan daitezke.
6.– Laguntza baterako garapena egiteko eskatzen bada, dirulaguntza ez da produktore eskatzaileak duen partaidetza errealaren % 60 baino gehiago izango, eta ez da inoiz % 70etik gorakoa izango euskarazko jatorrizko bertsioa duten proiektuetan.
7.– Produkzio-etxe bakoitzak deialdi honetarako bi eskabide aurkezteko aukera duen arren, pertsona onuradun bakoitzeko laguntza bakar bat eman ahal izango da. Hala bada, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoa ezetsi egingo da. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu batzuei ere eman ahal izango zaizkie laguntzak, nahiz eta proiektuok beste onuradun baten bigarren eskabideak baino balorazio baxuagoa lortu.
15. artikulua.– Bateraezintasunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandakoekin, beti ere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.
2.– Beste laguntza publikoren bat egonez gero, horien guztien batura, deialdi honen kontura emandakoak barne, ezin izango da proiektuaren garapenaren kostuaren % 75 baino handiagoa izan.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1.– Ematen diren laguntzen ordainketa honela tramitatuko da:
a) Laguntza emateko unean % 50 ordainduko da.
b) Gainerako % 50era arteko ordainketa, honako agiriak jasotzean eta agindu honetan laguntzaren erabilera eta kopuruen inguruan ezartzen denaren egokitzen dela egiaztatzean. Edonola ere, ordainketa 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera egingo da, baina justifikatzeko azken eguna urte horretako abenduaren 15a izango da:
– Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea egiaztatzen duen agiria.
– Proiektuaren jarduera eta lortutako emaitzen gaineko txosten zehatza.
– Behin-betiko aurrekontua, www.euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
– Garapenaren gastu-zerrenda sailkatua, BEZik gabe. Zerrendak datu hauek jasoko ditu: hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, kopurua, jaulkipen-data eta, ahal bada, ordainketa-data, www.euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
– Egin diren gastuak behar bezala frogatzea jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuen bitartez eta ordainketa egiaztatzen duten agirien bitartez.
– Gidoia osorik eta zuzenduta.
– Gidoilariarekin edo gidoilariekin sinatutako eskubideen lagapen-kontratua, gutxienez bi urterako, edo garatzeko dagoen lanaren eskubideak erosteko aukera eskaintzen duen kontratua, gutxienez bi urterako.
– Lanerako plana berriro banakatzea eta produkzioaren behin-behineko aurrekontu berria.
– Filmaketa egingo den lekuei buruzko agiriak.
– Castingak egiteko behin-behineko proposamenak.
– Finantzaketa-plan zehatza.
– Marketing- eta banaketa-plan zehatza.
– Proiektuaren sustapen-materialaren ale bat.
– Nazioarteko merkatuen akreditazioak eta/edo proiektuak garatzeko nazioarteko laborategietan parte hartu duten bertaratze-ziurtagiriak.
Agiri horiek elektronikoki aurkeztu beharko dira https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.
2.– Kultura sailburuordeak, onuradunak justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak behar bezala justifikatzen dituela eskatu ondoren, epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, epea amaitu aurretik eta, betiere, horrek hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez badie. Epe hori luzatzea justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da izango, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
3.– Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, laguntzaren pertsona edo erakunde onuraduna erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu. Inprimaki hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
17. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.
Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetakoren bat aldatu delako –baina helburua beteta, eta, betiere, deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzei eusten bazaie–, aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako dirulaguntza jasotzea izan badu, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.
18. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Honakoak izango dira dirua itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.
d) Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.
e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako edozein arrazoi.
2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako dirua eta horrek sortutako ikus-entzunezkoen alorrean aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera.
19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Kultura- eta sormen-eremurako laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Kulturaren eta sormenaren sektoreko dirulaguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misioa betetzeko beharrezko tratamendua (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena).
Hartzaileak: arlo horretan eskumena duten administrazio publikoak.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
II. KAPITULUA
FILM LUZEEN GARAPENERAKO LAGUNTZAK
20. artikulua.– Laguntzen xedea.
1.– Laguntza-modalitate honen barruan, film luzeak garatzea lagunduko da.
2.– Ondorio horietarako, film luzetzat hartuko da ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala izan eta hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiliko dena.
21. artikulua.– Laguntzen mugak.
Gehienez ere, laguntzen zenbatekoa ezin izango da hogei mila (20.000) eurotik gorakoa izan, hogeita bost mila (25.000) euskarazko proiektuetan, fikzioaren eta dokumentalaren kasuan. Eta ezin izango da hogeita hamabost mila (35.000) eurotik gorakoa izan, edo berrogei mila (40.000) euskarazko proiektuetan, animazioaren kasuan.
22. artikulua.– Hautaketa eta Balorazio irizpideak.
Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:
a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 45). Bereziki hauek izango dira kontuan:
– Zehaztasun-maila memorian jasotako ekintzen deskribapenean eta ekintza horien arduradunen parte-hartzearen deskribapenean (% 5).
– Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 15). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.
– Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzazio planaren egokitasuna (% 5).
– Nazioarteko edota nazionaleko koprodukziorako eta hedapenerako potentzialtasuna (% 10).
– Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira Euskadin ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.
b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki honakoak izango dira kontuan:
– Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 15). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere, koherentea eta egituratua izan dadin eta genero eta publiko hartzailearentzat erritmo egokiari eutsi diezaion.
– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) / parte-hartzaileak (dokumentalak) (% 10). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa). Dokumentalen kasuan, parte-hartzaileen interesa, garrantzia eta historiarekiko lotura baloratuko dira.
– Proiektuaren aurkezpena (% 5). Koherentzia bisuala eta estetikoa baloratuko dira, baita maketazioa eta erabilitako materialak ere (teaser, etab.). Sortze-prozesuan ezingo da erabili adimen artifizialeko softwarerik.
c) Ekoizlearen, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 10): Aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.
d) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren % 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.
e) Proiektuaren ibilbidea (% 3), kontuan hartuz emango da ikus-entzunezko proiektuak Eusko Jaurlaritzak gidoiak sortzeko modalitatean egin izan dituen deialdietan laguntza jaso izana, 3 puntu; edo beste administrazio publiko batzuek garapenerako emandako beste laguntzarik jaso izana, puntu bana. Gidoiari dagokion laguntza kontuan hartzeko, gidoiak amaituta eta behar bezala justifikatuta egon beharko du, dagokion deialdiaren araudiaren arabera.
f) Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 5). Puntu bat emango da lanpostu bakoitzeko. Aparteko bi puntu emango dira aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango dira puntuak.
g) Produkzioaren jasangarritasun-plana, inplementatu beharreko ekintzak jasotzen dituena (% 2).
III. KAPITULUA
SERIEEN GARAPENERAKO LAGUNTZAK
23. artikulua.– Laguntzen xedea.
1.– Laguntza-modalitate honen barruan, fikziozko, animaziozko eta dokumental serieak eta miniserieak garatzen lagunduko da.
2.– Serietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira gutxienez 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion 3 kapitulurekin gutxienez, eta zine aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen-moduetan ustiatzeko direnak.
3.– Miniserietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez 2 kapitulu eta guztira gutxienez 90 minutuko iraupena dutenak. Proiektu horiek zine aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu behar dira.
24. artikulua.– Laguntzen mugak.
Gehienez ere, laguntzen zenbatekoa ezin izango da izan hogeita hamar mila (30.000.00) eurotik gorakoa izan, hogeita hamabost mila (35.000) eurotik gorakoa euskarazko proiektuetan, fikziozko eta dokumentalezko serie edo miniseriearen kasuan; eta berrogei mila (40.000,00) eurotik gorakoa, berrogeita bost mila (45.000) eurotik gorakoa euskarazko proiektuetan, animaziozko serie edo miniseriearen kasuan.
25. artikulua.– Hautaketa eta Balorazio irizpideak.
Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:
a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 45). Bereziki honakoak izango dira kontuan:
– Zehaztasun-maila memorian jasotako ekintzen deskribapenean eta ekintza horien arduradunen parte-hartzearen deskribapenean (% 5).
– Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 15). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.
– Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzazio planaren egokitasuna (% 5).
– Nazioarteko edota nazionaleko koprodukziorako eta hedapenerako potentzialtasuna (% 10).
– Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira Euskadin ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.
b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki honakoak izango dira kontuan:
– Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 10). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere, koherentea eta egituratua izan dadin eta genero eta publiko hartzailearentzat erritmo egokiari eutsi diezaion.
– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) / parte-hartzaileak (dokumentalak) (% 15). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa). Dokumentalen kasuan, parte-hartzaileen interesa, garrantzia eta historiarekiko lotura baloratuko dira.
– Proiektuaren aurkezpena (% 5). Koherentzia bisuala eta estetikoa baloratuko dira, baita maketazioa eta erabilitako materialak ere (teaser, etab.). Sortze-prozesuan ezingo da erabili adimen artifizialeko softwarerik.
c) Ekoizlearen, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 10): Aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.
d) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren % 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.
e) Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 8). 2 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aparteko 2 puntu emango dira aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango ditu puntuak.
f) Produkzioaren jasangarritasun-plana, inplementatu beharreko ekintzak jasotzen dituena (% 2).
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
2. artikuluan adierazitako zenbatekoak kultura sailburuordearen ebazpen bidez handitu ahal izango dira, eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, kultura eta hizkuntza politika saileko kultura sailburuordetzaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta horiek ebatzi aurretik. horretarako, 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. ebazpen hori ehaan argitaratu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS