Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2025eko ekainaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
2745

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 10ekoa, Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, «Euskal Trenbide Sareko Bilbo-Donostia lineako San Esteban tunelean errefortzu-jarduerak definitzeko eraikuntza-proiektua» onartu duena.

San Esteban tunela 613 metro luze da, bide bakarrekoa, balastoaren gaineko plataforma duena, eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Aginaga auzoan dago, Bilbo-Donostia lineako 97+120 eta 97+412 KPen artean. Tunel ia osoa masa-hormigoiz estalirik dago, muturretan izan ezik, horietan harlangaitzezko estaldura baitago.

Proiektu honen xedea da 97+287 eta 97+412 KPen artean antzemandako patologiak konpontzeko behar diren jarduerak zehaztea da. Eremu horretan estaldurako hormigoiaren degradazio nabarmena identifikatu da, baita noizbehinkako zulo batzuk ere.

Egikaritze materialaren aurrekontua hirurehun eta hogeita hamabi mila zortziehun eta hirurogeita bederatzi euro eta berrogeita zortzi zentimokoa (332.869,48) da.

Kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua, % 6ko mozkin industriala eta % 13ko gastu orokorrak gehituta, 396.114,68 eurokoa da.

«Euskal Trenbide Sareko Bilbo-Donostia lineako San Esteban tunelean errefortzu-jarduerak definitzeko eraikuntza-proiektuko» obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, dagokion % 21eko BEZa gehitu ondoren, laurehun eta hirurogeita hemeretzi mila berrehun eta laurogeita hamazortzi euro eta hirurogeita hamasei zentimokoa (479.298,76) da.

Obrak egiteko aurreikusitako epea hamabost (15) astekoa da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektuak bere xedeari erantzuten diola, Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 11. artikuluan (abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretua), Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorraren 126-132 artikuluetan (urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretua) adierazitako dokumentuak biltzen dituela, eta kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen dituela. Beraz, aldeko txostena eman dute.

Organo honek Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren eskumeneko trenbide-azpiegituren eraikuntza-proiektu jakin batzuk onartzeko eskumena du, organo horrek Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez eskuordetuta.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatzekoak direnak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

«Euskal Trenbide Sareko Bilbo-Donostia lineako San Esteban tunelean errefortzu-jarduerak definitzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Proiektuaren helburua tunelaren estaldura indartzea da, laurehun eta hirurogeita hemeretzi mila berrehun eta laurogeita hamazortzi euro eta hirurogeita hamasei zentimoko (479.298,76) lizitazioaren oinarrizko aurrekontuarekin, BEZa barne. Obrak egiteko epea hamabost (15) astekoa izango da.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beronen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako, idazkia bidali beharko diote organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, 2 hilabeteko epean. Nolanahi ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahal izango dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Guztiek jakin dezaten ematen da horren berri.

Bilbao, 2025eko ekainaren 10a.

Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,

ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.


Azterketa dokumentala