
115. zk., 2025eko ekainaren 19a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (157 KB - 4 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2743
AGINDUA, 2025eko apirilaren 8koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, interesdunen eskura jartzen duena transexualen dokumentazio administratiboa eskatzeko inprimaki elektronikoa.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Transexualen dokumentazio administratiboari buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuaren I. eranskinean ezarrita dago aipatutako dokumentazioa eskatzeko eredu normalizatua.
Hala ere, 2015. urtetik gaur egun arte, arau-doikuntza asko egin dira, modu batera edo bestera, eredu horren forman eta funtsean eragiten dutenak. Arau-aldaketa horien artean, azpimarratzekoa da Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa indarrean jarri izana.
Gainera, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak berariaz aitortzen du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin harremanetan jartzeko arreta-modalitatea aukeratzeko, eta, horren ondorioz, beharrezko neurriak ezarri behar dira herritarrek administrazio-izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izan ditzaten, administrazio-kudeaketarako sarbidea hobetuz eta eskatzaileen eskubideak baliatzea erraztuz.
Bigarrena.– Inprimakia berrikusi bitartean, halaber, erabilitako terminologia berrikustea komeni dela ikusi da, erabilitako hizkera inklusiboagoa izan dadin eta bat etor dadin genero-identitateen aniztasuna aitortzeko egindako aurrerapenekin.
Hirugarrena.– Azkenik, ikusi da komeni dela xehetasun handiagoz zehaztea nortzuk izango diren beste administrazio publiko batzuei zuzendutako komunikazioen hartzaileak, administrazio hartzaile bakoitzaren barruko organo zehatzak adierazteko. Egokitzapen horren helburua da bermatzea informazioa modu zuzen eta eraginkorragoan iritsiko dela dagokion organoetara, administrazio-prozesua arinagoa eta efizienteagoa izan dadin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 60. artikuluak –Eredu elektroniko normalizatuak– hau ezartzen du:
1.– Egoitza elektronikoan, eskabideetarako eta gainerako izapideetarako eredu eta formulario elektroniko guztiak jarriko ditu Administrazioak interesdunen eskura.
2.– Egoitza elektronikoko eskabideetarako eta gainerako izapideetarako berariazko ereduak nahitaez erabili beharko dituzte interesdunek.
3.– Eskabideetarako berariazko ereduak eta, oro har, administrazio-izapideak formalizatzeko eredu normalizatuak formulario elektronikoak izango dira beti. Eredu horiek egiteko, kontuan hartuko dira, dagokionaren arabera, administrazio elektronikoaren eskumena duen organoak edo herritarrentzako arretaren eskumena duen organoak emandako jarraibideak, eta web-euskarrian egingo dira beti.
4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko prozedura-argitalpenek egoitza elektronikoetara baino ez dute bideratuko ereduak eta formularioak eskuratzeko.
5.– Prozedurak arautzen dituzten arauek ez dute irudi estatikorik izango, ez eskabideak aurkezteko berariazko ereduenak, ez gainerako dokumentu normalizatuenak; horien ordez, formalizatu beharreko berariazko ereduak non topa daitezkeen adierazten duen helbide elektronikoa adierazi beharko da.
Beraz, eta aipatutako artikuluan xedatutakoaren arabera, bermatu behar da transexualentzako dokumentazio administratiboa eskatzeko eredua euskarri elektroniko batean eskuragarri egongo dela, eta helbide elektroniko espezifiko baten bidez iritsi ahal izango dela, eta, horrela, atzean utziko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako araudian inprimaki estatikoak sartzeko sistema, eragotzi egiten baitzuen une bakoitzean indarrean dagoen araudi-esparrura egokitzea.
Ondorioz, eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 60.5 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, agindu honen bidez berariaz adierazten da zein helbide elektronikotan aurki daitekeen transexualen dokumentazio administratiboa eskatzeko inprimaki elektroniko berria.
Bigarrena.– Gainera, 91/2023 Dekretuaren 7. artikuluak bermatzen du herritarrek eskubide hauek dituztela:
– Administrazioarekiko harremanak izateko arreta-modalitatea aukeratzekoa, baldin eta dekretu honetan, administrazio-prozedura erkidearen arauetan edo prozeduraren araudi espezifikoan ez bada xedatzen nahitaez baliabide jakin bat erabili behar dela (7.d artikulua).
– Administrazio-prozeduretara irispide-puntu elektroniko orokor baten bidez sartzekoa (7.h artikulua).
– Inprimaki argiak eta irisgarriak izatekoa, hizkera ulergarriaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideen arabera diseinatuak (7.k artikulua).
Ildo beretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluak ezartzen du pertsona fisikoek eskubidea dutela administrazioarekin harremanetan jartzeko modua aukeratzeko, beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko. Hau xedatzen du artikulu horrek:
«Pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera.»
Ondorioz, eta herritarren eskubide hori bermatze aldera, formatu elektronikoan zein aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira eskabideak, eta ziurtatu egingo da interesdunek beren beharretara ondoen egokitzen den bidea aukeratu ahal izango dutela, eta, horretarako, eskabide-eredua egokituko da.
Hirugarrena.– Bestalde, 91/2023 Dekretuaren 60.7.b artikuluak ezartzen du eskabideetarako berariazko eredu normalizatuek hauek aurreikusi behar dituztela: Interesdunaren datu pertsonalak lortu eta tratatzeko baimena lortu behar dela, kontsultatu nahi diren datuetarako, arlo horretan indarrean dauden arauek xedatutakoarekin bat etorriz.
Nolanahi ere, Euskadiko datuak babesteko ordezkariaren jarraibideak beteko dira, eredu normalizatuetan sartu behar diren tratamendu-jardueren informazio-klausulei dagokienez.
Oraingo eskabide-ereduak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa aipatzen du, eta indargabetuta dago hori, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak indargabetu baitzuen.
Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da inprimakiaren edukia eguneratzea, indarrean dagoen araudira egokitzeko, honako hauek ziurtatuz:
– Datuen babesaren arloko lege-erreferentzia behar bezala eguneratuta dagoela, indargabetutako araudiei buruzko aipamenak ezabatuta.
– Inprimakiko informazio-klausulek 3/2018 Lege Organikoaren bermeak islatzen dituztela, eta bat egiten dutela Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679) ezarrita dagoen datuak babesteko Europako esparruarekin.
Laugarrena.– Era berean, 91/2023 Dekretuaren 28. artikuluak ezartzen du administrazio-informazioak kalitate-irizpideak bete behar dituela, etengabeko eguneratzea barne, eta informazioa etengabe eguneratu beharko dela, eta zaharkitutako edukiak kendu egin beharko direla.
Beraz, datuak babesteko araudira egokitzeaz gain, administrazio-informazioa eguneratuta edukitzeko betebeharrari ere erantzuten dio transexualentzako dokumentazio administratiboa eskatzeko eredua egokitzeak, indargabetutako araudiei buruzko erreferentzia oro ezabatuz, eta inprimakian indarrean dagoen legeria islatzen dela ziurtatuz.
Bosgarrena.– Azkenik, 91/2023 Dekretuaren 28. artikuluak ezartzen du administrazio-informazioak kalitate-irizpide hauek bete behar dituela:
– Homogeneotasuna: Informazioaren egiturak berdina izan behar du beti, koherentzia bermatuz dokumentazio administratiboan.
– Zehaztasuna: Inprimakietan jasotako informazioak zehatz adierazi beharko ditu edukiak, zerbitzuak eta prozedurak.
– Osotasuna: Inprimakietan emandako informazioak osoa izan behar du, eta herritarrek aukera izan behar dute beren eskaera izapidetzeko, beste kontsulta batzuk egin beharrik gabe edo beharrezkoa ez den dokumentazio gehigarria aurkeztu beharrik gabe.
– Argitasuna eta konkretutasuna: Inprimakiak zehatz eta labur idatzi beharko dira, erraz ulertu eta erabili ahal izan daitezen.
– Eguneratzea: Informazio administratiboa etengabe eguneratu beharko da, eskuragarri dauden inprimakiak beti indarrean egongo direla ziurtatuz eta zaharkituta geratu direnak ezabatuz.
Printzipio horiek aplikatuz, transexualentzako dokumentazio administratiboa eskatzeko ereduaren egokitzapenak doikuntza hauek eragin ditu:
– Sailaren logoa goiburuan sartu da, erakundea errazago identifikatzeko.
– Inprimakiaren izenburua eguneratu da, egungo izenaren ordez «Sexu-identitatearekin bat datorren dokumentazio administratiboaren eskabidea» jarriz, hizkera inklusiboagoa eta eguneratuagoa bermatuz.
– «Sexu biologikoa» eremua aldatu da, eta «Jaiotzean erregistratutako sexua» ipini da haren ordez, erreferentzia medikoak saihestuz eta eskubideetan oinarritutako ikuspegiarekin bat eginez.
– Zaharkituta dagoen dokumentu-betekizun bat kendu da, kendu egin baita Erregistro Zibilean erregistro-zuzenketarako espedientea hasi izanaren egiaztagiria aurkezteko betebeharra, betekizun hori jada ez baita aplikagarria.
– Komunikazioaren hartzaile diren administrazioen eta sailen identifikazioa aldatu da, administrazio bakoitzaren barruan dauden aukerak zabalduz, komunikazio eraginkorrago eta zuzenagoa ziurtatzeko.
Egokitzapen horiek bermatu egiten dute inprimakiak homogeneotasunaren, zehaztasunaren, osotasunaren, argitasunaren eta etengabeko eguneratzearen irizpideak betetzen dituela, irisgarritasuna optimizatuz eta indarrean dagoen araudira egokituz.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Interesdunen eskura jartzea Transexualen dokumentazio administratiboari buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuan aurreikusitako transexualen dokumentazio administratiboa eskatzeko inprimaki elektronikoa, helbide elektroniko honetan:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111201
Bigarrena.– Eskabideak formatu elektronikoan zein aurrez aurre aurkezteko aukera ematea, eta bermatzea interesdunek beren beharretara ondoen egokitzen den bidea aukeratu ahal izango dutela.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, guztiek haren berri izan dezaten.
Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo hori, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 8a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS