Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2025eko ekainaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2742

AGINDUA, 2025eko ekainaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Donostiako (Gipuzkoa) «Presentación de María» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena, unitateak gehitzeagatik.

Donostiako (Gipuzkoa) «Presentación de María» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularra den «Fundación María Rivier» erakundeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako unitate bat gehitzeko egin duen eskabidea aztertu da.

Espedientea ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek txostena eman dute.

Arau hauek aztertu dira: 8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena; 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatua; 332/1992 Errege Dekretua, apirilaren 3koa, Unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa, otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak aldatua; 132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena; eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) «Presentación de María» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako unitate bat gehitzeko baimena ematea.

Horrela, 2025-2026 ikasturtetik aurrera, ikastetxe hori Hezkuntza Sailaren unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatuta geratuko da, erregistroko datu hauekin:

Kode-zenbakiak: 012532 (EAE) eta 20004435 (unibertsala).

Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua (HLBHIP).

Izen espezifikoa: «Presentación de María».

Titularra: «Fundación María Rivier».

Helbidea: Mandasko dukearen pasealekua 1.

Udalerria: Donostia.

Lurralde Historikoa: Gipuzkoa.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntza, lehen zikloa: 5 unitate.

• 2 unitate urte batetik beherako haurrentzat; bakoitza 8 ikaspostuko edukierakoa.

• 2 unitate urte batetik bi urtera bitarteko haurrentzat; bakoitza 13 ikaspostuko edukierakoa.

• Unitate 1 bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat; 18 ikaspostuko edukierakoa.

– Haur Hezkuntza, bigarren zikloa: 3 unitate, bakoitza 25 ikaspostuko edukierakoa.

– Lehen Hezkuntza: 6 unitate, bakoitza 25 ikaspostuko edukierakoa.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 5 unitate, bakoitza 30 ikaspostuko edukierakoa.

Bigarrena.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren hamahirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeek ezin izango dute beren burua identifikatzeko beren erregistro-inskripzioetan agertzen direnez bestelako izendapenik erabili.

Hirugarrena.– Hezkuntza Administrazioari zuzendutako eskabide edo komunikazio guztietan, dokumentazio propioan eta ikastetxeari buruzko publizitatean, hori egiteko bidea edozein dela ere, ikastetxearen erakunde titularrak izen generikoa, espezifikoa eta ikastetxearen kodea erabili beharko ditu, erregistro-inskripzioan jasotako datuen arabera.

Halaber, Estatuz kanpoko ikastetxeen izenak eta publizitatea arautzen dituen otsailaren 13ko 401/1979 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa bete beharko du ikastetxearen publizitateak.

Laugarrena.– Ikastetxearen erakunde titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostu-kopuruari, ekipamenduari, titulazio akademikoari, irakasleen hizkuntza-eskakizunari eta indarrean dagoen eta aplikagarri den gainerako legeriari dagokienez, eta emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, ikastetxearen erregistro-daturen bat aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo litzateke.

Bosgarrena.– Era berean, ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazten diren higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna zentroaren erakunde titularrari dagokio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen bitartez dirulaguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala