Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2025eko ekainaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2729

IRAGARKIA, enkante publikoaren bidezko besterentzea.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailean izapidetutako 2016EXP37016011 zenbakidun premiamendu-prozeduran, Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak erabaki du zordunari enbargatutako ondasun higiezinen enkante publikoa egitea. Horretarako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: 1/2021 Dekretuaren 97. eta 98. artikuluetan ezarritakoa (1/2021 Dekretua, urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onesten duena); eta 939/2005 Errege Dekretuaren 101. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa (939/2005 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorra onesten duena).

1.– Estatuko aldizkari ofizialaren enkanteen atariaren bidez egiteko enkantearen prozedura elektronikoa.

Enkante-prozedura Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Diru-bilketa Exekutiboa organoaren aurrean gauzatuko da (recaudacion.dirubilketa@gtt.es), prozedura elektronikoa baliatuz, Estatuko Aldizkari Ofizialeko Enkanteen Atariaren bidez (https://subastas.boe.es/).

2.– Besterentzearen xede diren ondasunak. Sortak, enkante-tasa, gutxieneko eskaintza.

Hona hemen besterentzearen xede diren ondasunak, sortetan bilduta, haietako bakoitzerako enkante-tasa eta lizitaziorako gutxieneko eskaintza.

Lehenengo sorta.

Hiritarra: Bazter-Eche izeneko etxea eta hura inguratzen duten lursail propioak, San Andres auzoan kokatuak (gaur egun Arrasate / Mondragoneko San Andres kaleko bi zenbakia). Etxea ekialde eta hegoaldeko aldeetarantz dago orientatuta, San Andres bidetik oso gertu. Bi sarrera ditu: bata mendebaldeko aldean, behe-solairurako sarbidea emateko; eta bestea ekialdeko aldean, lehen solairurako eta hurrengorako sarbidea emateko fatxadari atxikitako harmailadi baten bidez, lehen solairuko zoruaren mailaraino. Etxea lau solairutan banatuta dago: behe-solairua, etxebizitzarako egokitutako departamentuekin edo piezekin; lehen solairua, bi logela edo etxebizitza ezker-eskuin dituena, bananduta eta elkarren artean independenteak; bigarren solairua, bi logela edo etxebizitza ezker-eskuin dituena, bananduta eta elkarren artean independenteak; eta ganbara edo teilatupea. Etxeak instalatuta dauka logeletara ura eramateko eta hornitzeko beharrezkoa den hoditeria. Soberako lursailean dagoen putzu batetik hartzen da ura, mendebaldeko fatxadaren parean oso distantzia laburrean kokatuta dagoena. Hormak harlangaitzezkoak dira; zurajea, lodia eta haritzezkoa; lurzoruak, ipar-pinuzkoak. Etxea teila zapalezko teilatuarekin estalita dago. Etxeak ehun eta laurogeita hamazazpi metro eta laurogei dezimetro koadroko azalera hartzen du, eta soberako lursailak mila zazpiehun eta hirurogeita hamar metro eta hirurogeita lau dezimetro koadrokoa. Etxeak, okupatzen duen orubearekin eta inguruko soberako lursailarekin batera -finka berria osatzen dutenak-, mugakide hauek ditu: iparraldean, Leopoldo Sola jaunaren jaraunsleen lursaila; hegoaldean, Andrés Ugalde jaunaren lursaila; ekialdean, herritik San Andres auzora doan auzo-bidea; eta mendebaldean, Euskal Herriko trenbidea. mila bederatziehun eta hirurogeita hemezortzi metro eta berrogeita lau dezimetro koadroko azalera hartzen du. Segregazioak egin ondoren, etxearen zati hauek dagozkio zenbaki honi: soberako lursaila edo baratzea; bigarren solairuko eskuineko etxebizitza -hau da, hegoalderantz ematen duena-; eta etxeko ganbara edo teilatupea.

Finka ez dago grafikoki koordinatuta Katastroarekin, ekainaren 24ko 13/2015 Legearen 10. artikuluan ezarritako moduan.

Erregistro-inskripzioa: Bergarako Hiru zenbakiko Jabetza Erregistroa, artxiboaren 451. liburukia, Arrasateko 270. liburua, 83. folioa, 1518 zenbakidun finka. Idufir kodea: 2001700009586.

Besterentzearen xede den zordunaren eskubideak: Zordunak jabari osoaren gaineko soberako lursailaren edo baratzearen hiru hamabosten zatiezinen jabetza du finkaren gainean, irabazpidezko araubidean bere emaztearekin, Arrasateko Fermín Lizarazu Aramayo notario jaunaren aurrean 1988ko irailaren 22an egiletsitako eskrituraren arabera, 1988ko urriaren 20ko 12. inskripzioan jasotzen den moduan.

Lehentasunezko kargarik edo zamarik gabe.

Enkante-tasaren zehaztapena.

Sorta osatzen duen ondasunaren balorazioa: 77.520,96 euro.

Enkanterako tasa: 77.520,96 euro.

Enkanterako gutxieneko eskaintza: 7.752,09 euro.

Bigarren sorta.

Hiritarra. -BI-A Zenbakia. behe-solairuko merkataritza-lokala, ataritik sartu eta eskuinera, Arrasate / Mondragoneko Araba etorbideko hemezortzi zenbakiko etxekoa, hirurogeita hemeretzi metro eta hamalau dezimetro koadroko azalera duena. Mugakideak: aurrealdetik -ekialderantz-, Araba etorbidea eta ezkaratz-zuloa; bizkarraldetik -mendebalderant.– eta eskuinaldetik -iparralderantz-, eraikinaren muga orokorrak; eta ezkerraldetik -hegoalderantz-, Castor Martín jaunaren 2-B eta 2-C lokalak, eta, zati batean, ezkaratz-zuloa. ehuneko zortziko balioespen-koefizientea du eraikinaren osotasunarekiko.

Arrasate / Mondragoneko 2137 finkan jatorria duenez (122. liburukia, 47. liburua, 62. folioa, 3. inskripzioa), diruz lagundutako errenta mugatuko etxebizitzaren behin betiko kalifikazioa du, mila bederatziehun eta hirurogeita bateko azaroaren hogeita bederatziko datan jaulkitakoa, aipatutako inskripzioaren orri-bazterreko oharraren arabera.

Finka ez dago grafikoki koordinatuta Katastroarekin, ekainaren 24ko 13/2015 Legearen 10. artikuluan ezarritako moduan.

Erregistro-inskripzioa: Bergarako Hiru zenbakiko Jabetza Erregistroa, artxiboaren 487. liburukia, Arrasateko 291. liburua, 28. folioa, 15013 zenbakidun finka. Idufir kodea: 2001700078605.

Besterentzearen xede den zordunaren eskubideak: Zordunak jabari osoaren gaineko % 100eko jabetza du finkaren gainean, irabazpidezko araubidean bere emaztearekin, Arrasaten Jose Carlos Arnedo Ruiz notario jaunak 1992ko urtarrilaren 28an egindako adjudikazioa dela-eta, 1992ko martxoaren 11ko 1. inskripzioan jasotzen den moduan.

Lehentasunezko kargarik edo zamarik gabe.

Enkante-tasaren zehaztapena.

Sorta osatzen duen ondasunaren balorazioa: 77.559,57 euro.

Enkanterako tasa: 77.559,57 euro.

Enkanterako gutxieneko eskaintza: 7.755,96 euro.

3.– Besterentzearen xede diren ondasunen jabari-tituluak.

Besterendu beharreko ondasunei dagozkien tituluak Eusko Jaurlaritzako diru-bilketarako bulego honetako lokaletan aztertu ahal izango dituzte interesa dutenek: San Pedro plaza 2, behea 48014 Bilbo.– Bizkaia helbidean, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera; 94 475 94 97 telefonoa.

Lizitatzaileek ondasunen jabetza-tituluekin konformatu beharko dute, eta ez dute eskubiderik izango espedientean daudenez bestelako batzuk exijitzeko. Era berean, Diru-bilketarako organo honek eta organismo hartzekodunak dagokion notarioaren aurrean adjudikazio-eskritura ofizioz egilesteko betebeharra baino ez dute izango, ordainketa-betebeharraren ordez.

4.– Eskualdaketaren gastuak.

Enkante-tasan ez dira sartzen ondasun horien eskualdaketa kargatzen duten zeharkako zergak. Eskualdaketaren ondoriozko gastu eta zerga guztiak adjudikaziodunaren kontura izango dira.

5.– Lizitatzaileak.

Enkantean parte hartu nahi duten interesdunek sistemaren erabiltzaile gisa alta emanda egon beharko dute, eta enkantean sartuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialak identitatea egiaztatzeko onarturiko bitarteko elektronikoetako baten bidez, lizitatzaileen identifikazioa erabat bermatuta egon dadin. Enkanteen Atarian egin ahal izango da alta, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziak onartutako identifikazio-bitarteko elektroniko bat erabiliz.

Eskaintzak elektronikoki aurkeztuko dira Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian.

Zuzenbidearen arabera jarduteko gaitasuna duen edozein pertsonak parte hartu ahal izango du enkantean lizitatzaile gisa, betiere horretarako legezko eragozpenik edo murrizketarik ez badu, eta behar bezala identifikatzen bada. Nolanahi ere, honako hauek ezin izango dute lizitatzaile gisa parte hartu: diru-bilketarako organo eskudunari atxikitako langileek, tasatzaileek, ondasunen gordailuzainek eta premiamendu-prozeduran zuzenean inplikatuta dauden funtzionarioek.

6.– Zorra ordainduz gero enkantea etetea.

Enkantea salmenta-eskritura publikoa egiletsi aurreko edozein unetan eten ahal izango da, baldin eta zorraren printzipalak, errekarguak, interesek eta prozeduraren kostuek osatutako zorpeko guztiak ordaintzen badira.

7.– Lizitatzeko gordailua eta tarteen zenbatekoa.

Lizitatzaile orok, lizitatzaile modura onartua izateko, ondasun edo sorta bakoitzerako zehaztutako enkante-tasaren 100eko 5eko gordailua eratu beharko du enkantea egin aurretik. Gordailua telematikoki eratu beharko da, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren enkanteen atarian zehaztutako baldintzen arabera.

Adjudikaziodunek ez badute errematearen prezioa ordaintzen, gordailu hori zorra kitatzeko baliatuko da, alde batera utzi gabe erremate-prezioa ez ordaintzeak eragindako kalteengatik izan ditzaketen erantzukizunak.

Eskaintza egitean, eratutako gordailua erreserbatzeko aukera egongo da, enkanteko eskaintzaile onenak adjudikazioaren gainerako prezioa ondore horietarako emandako epean ordaintzeko betebeharra betetzen ez duen kasurako. Nolanahi ere, lizitatzaileak une horretara arte handiena den eskaintza baino txikiagoa edo berdina den eskaintza egiten duenean, gordailua erreserbatuta geratuko da automatikoki.

Eskaintzak aurkezteko epea amaitutakoan, eskaintzarik onena egin duen lizitatzaileari dagozkion zenbateko gordailutuak erreserbatuta geratuko dira, adjudikazio-prezioaren gainerakoa ordaintzeko betebeharra betetzeko berme gisa, bai eta eskaintza egitean haien gordailua borondatez erreserbatuta uzten duten lizitatzaileena ere, eskaintzailerik onenak betebehar hori betetzen ez duen kasurako edo ordura arte eskaintzarik handiena izan denaren berdina edo txikiagoa den eskaintza egiten duten kasurako. Erreserbatuta geratu diren zenbateko gordailutuak eskaintzaile onenak bere betebeharra betetakoan egongo dira erabilgarri. Erreserbatu gabeko gainerako zenbateko gordailutuak automatikoki itzuliko ditu Enkanteen Atariak, eskaintza-aldia amaitu ondoren.

Lizitazio-tarteen zenbatekoa honako eskala hauetara egokitu beharko da:

– 6.000 euro baino gutxiagoko enkante-tasetarako, 100 euro.

– 6.000 eurotik 30.000 eurora arteko enkante-tasetarako, 300 euro.

– 30.000 eurotik 150.000 eurora arteko enkante-tasetarako, 600 euro.

– 150.000 euro baino gehiagoko enkante-tasetarako, 1.000 euro.

8.– Enkantearen hasiera, garapena eta itxiera.

Administrazioak beretzat gordetzen du enkantea edozein unetan aldatzeko edo ezerezteko eskubidea, enkantea amaituta ez dagoen bitartean.

Iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez 24 ordu igarotakoan irekiko da enkantea, eta, ireki ondoren, eskaintza elektronikoak soilik egin ahal izango dira, hurrengo 20 egun naturaleko epean.

Eskaintzak elektronikoki bidaliko dira Eskaintzen Atarira, komunikazio-sistema seguruen bidez, eta atari horrek zigilu elektronikoarekin bermatutako hartu-agiri tekniko bat itzuliko du, eskaintza jaso den une zehatza eta haren zenbatekoa zehazten dituela. Une horretan, eskaintza elektronikoki argitaratuko da, eta bere eskaintza gaindituta ikusi duen eskaintzaileari horren ohartarazpena egingo dio sistemak.

Egindako eskaintzarik altuenak baino zenbateko handiagoa, berdina edo txikiagoa duten eskaintzak onartu ahal izango dira, eta berme gisa erreserbatu ahal izango dira, eskaintzarik altuena egin duen lizitatzaileak erremate-prezioa ordaintzeko betebeharra betetzen ez duen kasurako. Zenbateko bereko eskaintzarik egonez gero, lehenengo aurkeztutakoa lehenetsiko da.

Enkantearen xede diren ondasunak arestian zehaztutakoak dira, eta ez da onartuko lizitaziorako gutxieneko eskaintza baino beheragoko eskaintzarik. Ondoz ondoko eskaintzak adierazitako tarteetara egokitu beharko dira.

Enkantea ez da itxiko, harik eta azken eskaintza egin denetik ordubete igarotzen den arte, nahiz eta, horretarako, hasieran ezarritako epea luzatu behar izan, betiere gehienez 24 ordu.

9.– Adjudikaziorako arauak.

Eskaintzak aurkezteko fasea amaitutakoan, Enkante-mahaia gehienez 15 egun naturaleko epean bilduko da, eta honako arau hauen arabera adjudikatuko ditu ondasunak edo sortak.

a) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkante-tasaren ehuneko 50ekoa edo handiagoa bada, Mahaiak eskaintza hori aurkeztu duen lizitatzaileari adjudikatuko dio ondasuna edo sorta.

b) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkante-tasaren ehuneko 50 baino txikiagoa denean, Mahaiak, interes publikoa aintzat hartuta eta gutxieneko adjudikazio-preziorik egon gabe, eskaintza nahikoa den erabakiko du, eta ondasuna edo sorta adjudikatzea edota enkantea adjudikatu gabe uztea ebatziko du.

c) Baldin eta zordun berarentzat hainbat ondasun aldi berean enkantean jartzea erabaki bada, eta eskaintza elektronikoak egiteko epea amaitutakoan ikusten bada, eskainitako zenbatekoak aintzat hartuta, erreklamatutako zorra osorik estaltzeko ez dela beharrezkoa ondasun guztiak adjudikatzea, Mahaiak erabili beharreko adjudikazio-ordena Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorraren 99. artikuluan jasotako arauen arabera zehaztuko da.

d) Dagokion erabakia hartu ondoren, enkantea amaitutzat joko da, eta Mahaiaren idazkariak akta egingo du.

e) Aurreko apartatuen arabera adjudikazioduna izendatu denean, eta, aplikatzekoa den legeriaren arabera, lehentasunez erosteko eskubidearen edo lehentasunez eskuratzeko beste eskubide baten titular diren interesdunak daudenean eta horrek adjudikazioaren baldintzak aldez aurretik jakinaraztera behartzen duenean, horren berri emango zaie interesdun horiei. Mahaiak erabakitako adjudikazioa etenda geratuko da interesdunek eskuratze-eskubidea egikaritzeko daukaten epean, aplikatu beharreko legeriaren arabera.

f) Era berean, gordailu-erreserba duten beste eskaintza batzuk egonez gero, Mahaiak erabaki ahal izango du gordailua erreserbatu dutenen artean eskaintzarik altuena egin duen lizitatzaileari adjudikatzea, aurreko adjudikazio-arauen arabera.

10.– Adjudikazioa jakinaraztea. Errematea ordaintzeko epea. Salmenta formalizatzea.

Adjudikaziodunari adjudikazioa jakinaraziko zaio, eta eskatuko zaio jakinarazpena egin eta hurrengo 15 egunen barruan ordaindu dezala adjudikazioaren guztizko prezioaren eta gordailuaren zenbatekoaren arteko aldea. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, ordainketa epe horretan egiten ez badu, galdu egingo duela gordailuaren zenbatekoa, eta zenbateko hori prozeduraren xede diren zorrak kitatzeko aplikatuko dela, hargatik eragotzi gabe adjudikaziodunak erremate-prezioa ez ordaintzean Administrazioari eragindako kalteengatik izan ditzakeen erantzukizunak.

Adjudikazioa jakinarazi ondoren, adjudikaziodunak salmentaren eskritura publikoa egilesteko eskatu ahal izango dio espresuki enkante-mahaiari, adjudikazioaren jakinarazpena egin denetik 5 eguneko epean, eta epe horretan ondasunaren erremate-prezioaren ehuneko 5aren diru-sarrera gehigarria egin beharko du.

Adjudikaziodunak ez badu eskritura publikoa egilesteko eskatzen, 15 eguneko epean errematea ordaindu ondoren, ondasunen adjudikazio-aktaren ziurtagiria emango zaio, zeina salmenta-dokumentu publikoa izango den ondore guztietarako. Bertan jasoko da dagokion Merkataritza-bazkideen Erregistro Liburuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean egindako prebentziozko idatzoharra azkenduta geratuko dela.

11.– Enkantea hutsik geratzea. Ente hartzekodunari adjudikatzea.

Ondasun edo eskubide batzuk adjudikatu gabe geratzen badira, organo eskudunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari adjudikatzeko izapidea hasiko du, estali gabeko zorrak ordaintzeko, Tributuen Lege Orokorraren 172.2 artikuluaren eta Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorraren 109.1 artikuluaren arabera. Baldin eta, besterentze-prozedurak eta, hala badagokio, Ogasun publiko autonomikoari adjudikatzeko prozedura amaitutakoan, eskubide edo ondasun batzuk adjudikatu gabe geratuko balira, horiek beste besterentze-prozedura batzuen xede izan ahalko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a.

Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendaria,

ARANTZA LARRAURI ARANGUREN.


Azterketa dokumentala