Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2025eko ekainaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2699

AGINDUA, 2025eko ekainaren 9koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2025eko deialdia egin eta oinarri arautzaileak ezartzen baitira Gastrobikain kalitate gastronomikoa sustatzeko programaren «de minimis» araubidean jasotako laguntzak emateko (Gastrobikain Programa 2025).

Gastrobikain laguntza-programa 2024-2028 gobernu-programaren barruan dago, zehazki, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari dagokion «Euskal elikagai-sektorea babestea eta indartzea» helburu instrumentalaren barruan.

Programa hau aurreko Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren printzipioetatik abiatzen da, osasuna bermatzeari eta ekonomia eta enplegua suspertzeari dagokienez, eta helburutzat du pertsonengan eta enpresetan arreta jartzea, elikadura-ekosistema integratu, dinamiko, lehiakor eta nazioarteko bokazioa duena bultzatzea eta elikadura-sistema seguru, jasangarri eta osasungarri baterantz jotzea.

Gobernu Programan, halaber, Elikaduraren eta Gastronomiaren Balio Katearen balio erantsia handitzea eta haren garapenean aurrera egitea aurreikusten da, lehen mailako ekoizpenetik elikagaien kontsumoraino, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren gidaritzapean.

Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzan elikaduraren balio-katea lantzen ari dira, eta ondorioztatu dute elikagaien sektoreak, zentzu zabalenean, elikagaien industria ez ezik beste sektore batzuk ere hartzen dituela barnean: lehen sektorea, banaketa, merkaturatzea eta gastronomia, bai eta beste alderdi batzuk ere, hala nola marketina, ikerketa eta hezkuntza.

Hori dela eta, egoki iritzi zitzaion kalitate gastronomikoa sustatzeko laguntza-programa bat sortzeari, bi lerrotan gauzatuko dena.

Horietan lehenengoa negozio gastronomiko berri bat sustatzeko asmoa duten eta gastronomiako tituludun berri diren gazteei zuzenduta dago. Bigarrena, berriz, erreferentziazko gida gastronomikoetan jada aintzatetsitako establezimendu gastronomikoei zuzenduta dago, baldin eta kategoria hobetu nahi badute, egun duten bikaintasunaren barruan.

Aurrekari hurbilak ditugu 2018ko, 2019ko, 2022ko, 2023ko eta 2024ko ekitaldietan egin ziren antzeko deialdiak. Aurreko ekitaldien ildotik, agindu hau ere laguntza-programa bat da, helburu duena kalitate gastronomikoa sustatzeko proiektuak bultzatzea eta haietarako pizgarri izatea. Deialdi honen bitartez, ekonomikoki lagundu nahi dira gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak: alde batetik, tituludun berrien martxan jarritako negozio gastronomiko berriak; eta, bestetik, ospe handiko negozio gastronomikoen bikaintasuna sendotzea.

Laguntza hauek itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta 1.050.000 euroko finantzaketa dute bi lerroetarako. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik bakarrik etorriko da. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako «de minimis» araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

Iragartzen diren laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024rako, 2025erako eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen.

Arau hauek xedatutakoari jarraikiz erregulatzen da deialdia: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, nahikoa aurrekontu-zuzkidura baitago.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdiaren oinarriak onartzea.

Gastronomiaren arloan lankidetzako berrikuntzarako Gastrobikain programaren laguntzak emateko 2025. urterako deialdiaren oinarriak onartzea. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 9a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Eranskin honen xedea da kalitate gastronomikoa sustatzeko Gastrobikain laguntzen 2025eko deialdia arautuko duten oinarriak ezartzea.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen helburua da gastronomiaren sektorean estrategikotzat hartzen diren ekimen gastronomikoei laguntza ekonomikoa ematea.

Horretarako, bi motatako laguntzak proposatzen dira:

a) batetik, negozio gastronomiko berri bat sustatzeko asmoa duten eta gastronomiako tituludun berri diren gazteei zuzendutako laguntzak,

b) eta bestetik, ospe handiko negozio gastronomikoen bikaintasuna sendotzeko laguntzak.

2. oinarria.– Araubide juridikoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak, aginduan bertan xedatutako alderdiez gain, xedapen hauen bidez arautuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako oinarrizko manuak eta hura garatzeko erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua), eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.

2.– Agindu honetan ezarritako laguntzek jakinarazpena egiteko betebeharretik salbuetsitako laguntzen tratamendua izango dute, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

1.– Agindu honen 1. oinarrian jasotako xedea lortzeko, laguntza-lerro hauek ezartzen dira:

a) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programa. Negozio gastronomiko berriak sustatzea da helburua, baldin eta gastronomiako unibertsitate-graduetako edo sukaldaritzako edo jatetxe-arloko goi-mailako zikloetako tituludun berriek abian jarritakoak badira eta kalitatea bereizgarri badute.

b) Bikaintasuna sendotzeko programa. Ibilbide eta kalitate aintzatetsia duten establezimendu gastronomikoak babestea da helburua, sektoreko kalitate-estandarretan eta -ziurtagirietan hobetzeko helburuarekin, bereziki nazioartean ezagunak diren bikaintasun gastronomikoko zerrendetan eta gastronomia-gidetan.

2.– Agindu honen ondorioetarako, gastronomia-establezimendutzat hartzen dira oro har jendeari irekita dauden lokalak –aplikagarria den araudiaren arabera–, non jatetxe-zerbitzuak ematen diren eta haien jarduera ekonomikoa kontsumorako elikagaiak edo edariak ekoitzi, zerbitzatu eta saltzearekin lotuta duten.

3.– Programa bakoitzak dauzkan ezaugarri propioak direla eta, eskatzaile bakoitzak programetako batean bakarrik parte hartu ahal izango du.

4. oinarria.– Onuradunak.

Hauek izan daitezke agindu honetan jasotzen diren laguntzen onuradunak:

• Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako negozio baten gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza beren gain hartu duten edo hartuko duten pertsona fisikoak.

• Nortasun juridikorik gabeko entitateak, hala nola ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak edo antzekoak, baldin eta negozioaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartu duen pertsona negozioaren % 10aren edo gehiagoren titularra bada eta negozio hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua badago. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11.4 artikulua bete behar da; zera dio: «berariaz adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, onuradun gisa taldeari dagozkion obligazioak betetzeko ahal nahikoa izango duen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko du taldeak. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epe legez aurreikusitakoa igaro arte».

• Sektore pribatuko pertsona juridikoak: bakar-bakarrik negozioaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartu duen pertsona negozioaren % 10aren edo gehiagoren titularra bada eta negozio hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua badago.

5. oinarria.– Laguntzen finantzaketa, zenbatekoa eta ezaugarriak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak bakar-bakarrik etorriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik; izan ere, 2025eko ekitaldirako, 750.000 euro dira; horietatik 250.000 euro 2025eko ekitaldiari dagozkio, eta 500.000 euro 2026ko ekitaldiari.

2.– Gehieneko zenbateko horretatik, 250.000 euro proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programara bideratuko dira, honela banatuta: 100.000 euro 2025eko ordainketa-kredituaren kargura, eta 150.000 euro 2026ko konpromiso-kredituaren kargura.

Gainerako zuzkidura, hau da, 500.000 euro, bikaintasuna finkatzeko programara bideratuko da; horietatik, 150.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 350.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura.

Ildoetako baten zuzkidura agortzen ez bada, sobera geratu den kopurua beste lerroari gehituko zaio, baldin eta lerro horretan diruz lagundu daitezkeen proiektuak geratuko balira.

3.– Laguntza hauek itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, kopuru hauekin:

• Negozio gastronomikoen proiektu berriak: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 50.000 euroko mugarekin.

• Bikaintasuna sendotzea: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 80.000 euroko mugarekin.

4.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da baliabide horiek baino handiagoa izan, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Aurrekontu-gehikuntza hori gertatuz gero –hasieran aurreikusitako kopurua % 20 handitu ahal izango da gehienez– deialdiaren ebazpena eman baino lehen, eta horren berri emango da Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baina horrek ez du esan nahiko eskaera berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epearen beste zenbaketa bat hasiko denik ere.

6. oinarria.– Onuradun izateko eskakizunak.

1.– Eskakizun orokorrak: oinarri honetan adierazita dauden eskakizunak konplitu beharko dituzte onuradunek, eta ezingo dira erori Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko ezein debeku-kasuren pean.

A) Eskatzailearenak:

1) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori nahitaezkoa da onuradun izateko, eta egiaztapen-jarduerak bi unetan egingo dira: dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.

2) Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

3) Erregelamendu honen «de minimis» araubideko laguntzen onuradunek ezin izango dute 300.000 euroko laguntza-muga gainditu emakidaren aurreko hiru urteetan, eta, gainera, eskabidean jakinarazi beharko dute «de minimis» laguntzarik jaso duten aurreko hiru urteetan; hala izan bada, emailearen identitatea eta emandako zenbatekoa jakinarazi beharko dituzte.

4) Egunean egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Ulertuko da betebehar horien ordainketak egunean dituztela, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatikatuta badaude edo bertan behera uztea erabaki bada dagokion itzulketa-ebazpena dela-eta. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola laguntza jasotzeko, eta, hortaz, egiaztapen-jarduerak bi unetan egingo dira: dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.

5) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioaren arlokoak barnean hartuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.h) artikuluan ezarritakoaren arabera.

6) Ez egotea konkurtso-deklarazioa eskatuta ez edukitzea; ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta; ez egotea konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; ez egotea esku-hartze judizialaren pean, edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

7) Ez du dirulaguntzak lortzeko aukera kentzen dion zehapen-ebazpen irmorik, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatiko zehapenik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

8) Ez eragin izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa.

9) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea lege hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.

10) Zerga-egoitza ez izatea erregelamendu bidez zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

11) Ez egotea ezein berreskuratze-aginduren menpe, Europako Batzordeak erabaki izanagatik laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

12) Ez du dirulaguntzak lortzeko aukera kentzen dion zehapen-ebazpen irmorik, lege honetan edo beste batzuetan ezarritakoari jarraikiz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egon arren halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela.

13) Pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoa zein pribatua, ez du administrazio-bideko zehapen-ebazpen irmorik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun bat egin izanagatik, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

14) Ez betetzea desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

15) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

16) Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak beteta edukitzea, eta hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzea, hala jasota baitago agindu honen V. eranskinean.

B) Proiektuenak:

1) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2) 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean garatu beharko dira diruz lagundutako proiektuak, eta, betiere, 2025ean hasitakoak izan behar dute.

3) Proiektuak, zer udalerritan kokatzen den, hango jarduera-lizentzia emateko eskatzen den araudia betetzea. Lizentziak zaharberritze-jarduerari dagokiona izan behar du.

2.– Eskakizun espezifikoak:

A) Eskatzailearenak:

1) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan: negozio berrian gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza beren gain hartuko duten pertsona fisikoek gastronomiako unibertsitate-graduko titulu bat edo sukaldaritzako edo gastronomiako goi mailako zikloetako titulu bat izan behar dute, eta gehienez 35 urte bete 2025. urtean.

2) Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan, baldintza hauek bete beharko ditu:

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako establezimendu gastronomiko baten titularra izan edo hura zuzentzea, goi-mailako kalitatearekin eta ibilbidearekin, hala aitortuak nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikoko zerrendetan eta gastronomia-gidetan, esaterako: Michelin Gidaliburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, Macarfi Zerrenda, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.

Aurreko aintzatespenak ez dituzten eta azken bi urteetan ireki diren establezimenduen kasuan, halakoen titularrak diren edo haiek zuzentzen dituzten pertsona fisikoek establezimendu gastronomiko baten titular izan behar izan dute edo hura zuzendu, goi-mailako kalitatearekin eta ibilbidearekin, hala aitortuak nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikoko zerrendetan eta gastronomia-gidetan, esaterako: Michelin Gidaliburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, Macarfi Zerrenda, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.

B) Proiektuarena:

1) Dirulaguntzaren xede den negozio gastronomikoa garatzeko lokal bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan; lokal hori jabetzan eduki beharko da, edo, bestela, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera gutxienez 5 urterako errentamendu-kontratua egiteko konpromisoa hartu beharko da, edo gutxienez 5 urteko indarraldia geratu beharko zaio errentamendu-kontratuari. Proiektua ezingo da garatu eskabidean proposatutakoa ez den beste lokal batean.

2) Inbertsioak berekin badakar obra zibil bat egitea funtzionatzen ari den establezimendu batean, obra gauzatzeko lizentziak eta baimenak eskatuta egon beharko dute.

3) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan, gutxienez 30.000 euroko inbertsioa egin beharko da aktibo finkoetan.

4) Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Helburutzat izatea jatetxearen kategoria hobetzea edo areagotzea, aurreko paragrafoan aipatutako nazioarteko gastronomia-gida eta bikaintasun gastronomikoko zerrenda garrantzitsuenetan jada aitortua duen kategoriatik abiatuta.

b) 75.000 euroko gutxieneko inbertsioa izatea.

3.– Onuradun izateko eskakizunei laguntza justifikatzeko unera arte eutsi beharko zaie.

4.– Inola ere ezingo dira laguntzen onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4.5 eta 4.6 artikuluetan ezarritako debeku-kausaren batean dauden elkarteak. Era berean, ezingo dira onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ez-zilegitasun penalen arrazoizko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda duten elkarteak, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, haren bitartez, dagokion erregistroan inskribatu ahal izan arte.

7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. apartatuan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoa betez:

a) Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak.

– Aurrez aurre: eskabideak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean.

Alabaina, ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.

– Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira eskabideak:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075908

Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez du behartzen ordutik aurrera ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

b) Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.

3.– Eskabidea aurkezteko, eredu normalizatua erabili beharko da, eskuragai dagoena euskadi.eus egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075908

4.– Eskabidea egin osteko izapideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egingo dira bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazio-agiriak eta gainerako agiriak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075908

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/ Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, ordezkaritza egiaztatzeko, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua bete behar da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutan egiaztatu beharko da.

7.– Laguntzak eskatzeko ereduaren oinarrizko edukia agindu honen II. eranskinean dago argitaratuta.

8.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Identifikazio-agiria. Pertsona juridikoa izanez gero, ahalordetze-eskrituraren kopia autentikoa, eta entitatearen eratze-eskriturarena eta estatutuena, dagokien erregistroaren zigilu eta guzti.

b) Agindu honen III. eranskineko edukia jasotzen duen memoria bat.

c) Agindu honen IV. eranskineko eredua erabiliz, kapituluka banatutako inbertsioen zerrenda zehatza.

d) Bi urtean behin egiteko proiektua denean, 2025ean zein inbertsio egingo diren eta 2026an zein egingo diren zehaztuko da, kontuan hartuta inbertsioaren zati bat nahitaez 2025ean egin behar dela.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez ziurtatuko baita eskatzaileak, eskabidea aurkezteko unean, agindu honen eskakizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 6. oinarrian ezarritako eskakizunak betetzen dituela, kontuan harturik laguntza zein lerrotan eskatu duen.

f) Proposatutako lokalean egingo diren lanen eta instalazioen aurreproiektua.

g) Deialdi honen 15. oinarriko 2. paragrafoko b) apartatuan ezarritako mugak gaindituz gero, hiru eskaintza bereizi, memoriaren aurrekontuko kontzeptu bakoitzari dagozkionak. Eskaintzek konparagarriak izan behar dute, eta antzeko kontzeptuen bidez xehatuak egon; eskaintza ekonomikoen edo proformako fakturen konparazio bat ere aurkeztu behar da, eta azaldu behar da zergatik egin den hautatutako eskaintzaren alde.

h) Gainera, negozio gastronomiko berrietarako proiektuetan, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

1) Proiektuaren buru izango den eta jatetxe berriaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren tituluaren kopia autentikoa, eta espediente akademikoaren kopia, non batez besteko kalifikazioa agertuko baita.

2) Ospe aitortuko chefekin izandako lan-esperientziaren justifikazioa.

i) Gainera, bikaintasuna sendotzeko proiektuetan, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

1) Establezimenduak jasotako aintzatespenak.

2) Azalpen-memoria, energia-eraginkortasuna hobetzeari, hondakinak minimizatzeari edo oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzkoa, baldin eta puntuazio-irizpide horrekin lotutako puntuak eskatzen badira. Halaber, taula bat erantsi beharko da, erakusten duena inbertsioaren % 20 baino gehiago horretara bideratzen dela.

3) Tokiko produktuen hornitzaileekiko/ekoizleekiko konpromisoak, bi urte edo gehiagokoak, balorazio-irizpide horretako puntuak eskatuz gero.

j) Proiektuak baloratzeko, hauek aurkeztu beharko dira, bi kasuetan:

1) Sukaldaritza-eskaintza eta ardo-karta.

2) Komunikazio-plana eta sare sozialetako estrategia.

3) Alergenoen liburua edo kartan ematen diren argibideak.

4) Espazioaren estetika, dekorazio-mota eta argazkiak.

Agiri guztiak ordenatuta, orri-zenbakiak jarrita eta aurkibide batekin aurkeztu beharko dira.

Izendatu fitxategiak edukia adieraziz, eta egiaztatu orri guztiak orientazio berean eskaneatu direla.

9.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, eta, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela ziurtatzen duten agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion agiri edo ziurtagiria aurkeztu beharko du, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 9. apartatuan eskatutako agiriak lehendik administrazio honetan edo beste batean entregatu direnean, eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu agiri horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta noiz aurkeztu diren agiriok, eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

11.– Laguntza-eskabidea, eskatutako agiriekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Eskabidean ez badira jasotzen oinarri honetan eskatutako agiriak edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, dirulaguntza eman duen organoak ebazpena eman ondoren, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin.

13.– Edonola ere, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak eskatzaileari aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eska diezazkioke.

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean egindako gastuak, eta inbertsiotzat hartu behar dira. Beraz, halakotzat kontabilizatu behar dira enpresaren urteko kontuetan. Aplikatzekoak izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 30. artikuluan diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz ezarrita dauden zehaztapen guztiak; hauek izango dira:

• Lokalak egokitzeko lanak, makineria erostea, instalazioak egitea, altzariak.

• Bulegotikako ekipamenduak, lanabesak, uniformeak eta abar, diruz lagundu daitekeen proiektuaren guztizkoaren % 20ra arte.

• Inbertsioak egitea, ingurumen-inpaktua minimizatzeko eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko.

• Enpresaren funtzionamendurako berezkoak diren informatika-programak, web-plataformak sortzea, erreserbak online egiteko softwarea, web-plataforman hizkuntza hautatzeko aukera, sare sozialetako jarduera areagotzea.

Honako hauek ere dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira, enpresaren urteko kontuetan inbertsio gisa kontabilizatu ez arren:

• Obra zibila egiteko nahitaezkoak diren ordainsari profesionalak, gehienez ere proiektuaren egikaritze materialaren % 8ra artekoak.

• Bikaintasuna sustatzeko aholkularitza-plana, diruz lagundu daitekeen proiektuaren guztizkoaren % 20ra arte.

Hala ere, proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programarako, honako gastu hauek izango dira diruz lagungarriak:

• Proiektua gauzatuko den lokalaren lehen urteko errentamendua, 100.000 euroko mugarekin.

• Lokala erostea edo eskualdatzea, 100.000 euroko mugarekin.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.2 artikulua betez, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa epeetan ordainduak izan beharko dira, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan. (VI. eranskina).

9. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren kostuak.

Ez dira diruz lagunduko:

• Bulegoko altzariak.

• Ordezkaritza-gastuak.

• Makinak ez diren inbertsioen finantza-errentamendua.

• Laguntzaren xedearekin zuzenean lotuta ez dauden kostuak (segurtasun-kamerak, alarmak...).

• Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta beste zerga eta tasa batzuk.

• 1.000 eurotik beherakoak diren inbertsio-proiektuak.

• 200 eurotik beherakoak diren makinak edo lanabesak.

• Kontu-taulako 6. taldean kontabilizatutako kostuak, Kontabilitate Plan Orokorrak ezartzen duen bezala, honako hauek izan ezik: aholkularitza-plana, obra zibila egiteko nahitaezko ordainsari profesionalak eta establezimendu berrien kasuan lehen urteko errentamendua.

10. oinarria.– Diruz lagunduko diren proiektuak aukeratzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedura baliatuko da; horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, 11. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuz.

2.– Gutxieneko 30 puntuko puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, proiektuen bi zerrenda egingo dira, laguntza-lerro bakoitzeko bana; puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta puntuaziorik handieneko proiektuei dirulaguntzak emango zaizkie lerro bakoitzaren funtsak erabat agortu arte.

3.– Puntuazioan berdinketaren bat egonez gero, dagokion programan lehenengo ezarritako balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen proiektua lehenetsiko da. Orduan ere berdinketak jarraituz gero, bigarren tokian ezarritako irizpideko puntuazio handiena hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren.

11. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektuak baloratzeko, aurkeztutako proiektuen kalitaterako eta berrikuntzarako duten joera aintzat hartuko da, eta balorazio-irizpideak eta dagozkien puntuazioak eta haztapenak erabiliko dira, jarraian zehazten den moduan:

A) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programari dagokionez, 105 puntu lortu ahal izango dira gehienez, honela banatuta:

a) Sukaldaritza-eskaintza eta ardoen karta. 0 eta 35 puntu artean eman ahal izango dira, apartatu hauen arabera:

a.1.– Sukaldaritza-eskaintza, ongi egituratua eta aurkeztua: 0 eta 5 puntu artean.

a.2.– Garatutako sukaldaritza-eskaintza, kontzeptuarekin bat datorrena: 0 eta 5 puntu artean.

a.3.– Ardo-eskaintzaren eta proposamen gastronomikoaren arteko koherentzia: 0 eta 5 puntu artean.

a.4.– Ardo-eskaintza, ondo landua, informazio onarekin (urtabea, upategia...): 0 eta 5 puntu artean.

a.5.– Eskaintzaren kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa: 0 eta 15 puntu artean.

b) Establezimenduaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren espediente akademikoa. 0 eta 15 puntu artean eman ahal izango dira, espedientearen batez besteko notaren arabera:

b.1.– Espedientearen batez besteko nota: 5,00-6,50 (5 puntu emango dira).

b.2.– Espedientearen batez besteko nota: 6,51-8,50 (10 puntu emango dira).

b.3.– Espedientearen batez besteko nota: 8,51-10,00 (15 puntu emango dira).

c) Lan-esperientzia, ospe handiko chefekin haien establezimendu gastronomikoetan. 0 eta 20 puntu artean eman ahal izango dira, irizpide hauen arabera:

c.1.– Gutxienez urtebeteko beka edo praktikak: 5 puntu emango dira.

c.2.– Bi urte baino gutxiagoko lan-kontratua: 10 puntu emango dira.

c.3.– Gutxienez bi urteko lan-kontratua: 20 puntu emango dira.

d) Komunikazio-estrategia eta sare sozialak: 0 eta 10 puntu artean emango dira parametro hauen arabera:

d.1.– Komunikazio-plan globala: 0 eta 5 puntu artean emango dira.

d.2.– Aktiboak izatea sareetan, aldizkako argitalpenekin: 0 eta 5 puntu artean emango dira.

e) Arreta eskaintzeko konpromisoa, dieta berezia egiteko premia duten pertsonei (zeliakoak eta abar) edo zenbait jakiri alergia dietenei: 0-20 puntu emango dira.

f) Dirulaguntza egikaritzea:

f.1.– Gastrobikain programako lehenengo eskabidea, edo aurreko deialdietan onuradun ez izana: 5 puntu.

f.2.– Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo azken bietan onuradun izanik, onartutako proiektuaren % 80 edo gehiago egikaritu bazen: 4 puntu.

f.3.– Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo azken bietan onuradun izanik, proiektuaren % 80 baino gutxiago egikaritu bazen: 0 puntu.

B) Bikaintasuna sendotzeko programari dagokionez, 105 puntu lortu ahal izango dira gehienez, honela banatuta:

a) Sukaldaritza-eskaintza eta ardoen karta. 0 eta 35 puntu artean eman ahal izango dira, apartatu hauen arabera:

a.1.– Sukaldaritza-eskaintza, ongi egituratua eta aurkeztua: 0 eta 5 puntu artean.

a.2.– Garatutako sukaldaritza-eskaintza, kontzeptuarekin bat datorrena: 0 eta 5 puntu artean.

a.3.– Ardo-eskaintzaren eta proposamen gastronomikoaren arteko koherentzia: 0 eta 5 puntu artean.

a.4.– Ardo-karta, ondo landua, informazio onarekin (urtabea, upategia...): 0 eta 5 puntu artean.

a.5.– Eskaintzaren kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa: 0 eta 15 puntu artean.

b) Establezimenduaren aitorpen egiaztatua, nazioartean ezagunak diren bikaintasun gastronomikoko sukaldaritza-gidetan eta rankingetan. 0 eta 15 puntu artean emango dira, honen arabera:

b.1.– Michelin izar 1: 15 puntu emango dira.

b.2.– Michelin izar 1: 10 puntu emango dira.

b.3.– Michelin izarrik ez eta aintzatespenak beste gida batzuetan: 5 puntu emango dira.

c) 0 eta 10 puntu artean emango dira inbertsioaren % 20 baino gehiago bideratzen bada energia-efizientzia hobetzera, baliabideak minimizatzera edo oztopo arkitektonikoak ezabatzera.

d) Tokiko produktuak erosteko bi urteko konpromiso-kontratu bakoitzeko. Tokiko produktutzat hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko kalitate bereiziko markei atxikitako produktu oro, hala nola Eusko Label, Euskal Baserri, Jatorri Deitura Babestua (JDB), Adierazpen Geografiko Babestua (AGB), Euskadiko Produktu Ekologikoa eta Ekoizpen Integratuko Produktua. Halakotzat hartuko dira, halaber, Basque Wine markak babestutako produktuak. 0 eta 20 puntu artean emango dira, honen arabera:

d.1.– Tokiko produktua erosteko kontratu bakoitzeko, 2 puntu emango dira.

d.2.– Ekoizleak zuzenean hornitzen badu tokiko produktua erosteko kontratu hori, 2 puntu gehiago emango dira.

e) Komunikazio-estrategia eta sare sozialak: 0 eta 10 puntu artean emango dira parametro hauen arabera:

e.1.– Komunikazio-plan globala: 0 eta 5 puntu artean emango dira.

e.2.– Aktiboak izatea sareetan, aldizkako argitalpenekin: 0 eta 5 puntu artean emango dira.

f) Arreta eskaintzeko konpromisoa, dieta berezia egiteko premia duten pertsonei (zeliakoak eta abar) edo zenbait jakiri alergia dietenei: 0 eta 10 puntu artean emango dira.

g) Dirulaguntza egikaritzea:

g.1.– Gastrobikain programan egindako lehenengo eskabidea bada: 5 puntu.

g.2.– Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo azken bietan onuradun izanik, onartutako proiektuaren % 80 edo gehiago egikaritu bazen: 4 puntu.

g.3.– Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo azken bietan onuradun izanik, proiektuaren % 80 baino gutxiago egikaritu bazen: 0 puntu.

2.– 30 puntu baino gutxiago lortuz gero, laguntza-eskabidea ez da onartuko.

3.– 30 puntu lortuz gero, honako dirulaguntza-ehuneko hauek aplikatuko zaizkie diruz lagunduko diren kostuei, betiere agindu honen 5. oinarrian ezarritako mugen barruan:

a) 30 puntu edo gutxiago: eskabidea ez da onartuko.

b) 31 eta 50 puntu artean: % 20ko dirulaguntza.

c) 51 puntutik 75 puntura: % 30eko dirulaguntza.

d) 76 puntutik 105 puntura: % 40ko dirulaguntza.

12. oinarria.– Laguntzen kudeaketa eta ebazpen-proposamena.

1.– Laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritza da.

2.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute eskakizunak betetzen diren, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru kidek osatuko dute, eta horietako bat enpresa-programaren arduraduna izango da. Beste biak, berriz, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira, eta zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horrek, era berean, adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Balorazio-batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, aipatutako zuzendaritzako teknikarien artetik.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

4.– Balorazio-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta betetzen ez dutenak bereiztea. Horrez gain, araudia betetzen ez duten eskabideen zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.

c) Laguntza mota bakoitza baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituz, bi proiektu-zerrenda egitea, dirulaguntza-programa bakoitzeko bat, beherako ordenan; horrez gain, hautaketaren eta onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren txostena egitea.

5.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarriko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

6.– Balorazio-batzordearen txostena aztertu ondoren, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamenak gutxienez agindu honen 13. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.

Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera.

7.– Prozeduran entitate interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta entitate interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

8.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebatziko du deialdia. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du gutxienez:

A) Onartutako eskabideei buruz:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2) Diruz lagundutako proiektuaren izena.

3) Diruz lagundu daitekeen inbertsioa, lortutako puntuazioa eta laguntzaren ehunekoa.

4) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntza, urteka banatuta.

5) Proiektuaren egikaritze-epea.

6) Emandako laguntza «de minimis» laguntza dela ere jasoko da, Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua berariaz aipatuta eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu dela adierazita.

B) Aintzat hartu ez diren eskabideei buruz:

1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2) Ukatzeko arrazoiak.

3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.

4.– Norgehiagoka-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

5.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Administrazio Prozeduraren Legearen arabera, jakinarazpen-datatzat hartuko da ebazpena EHAAn argitaratzen den eguna, eta data hori izango da kontuan hartuko dena; beraz, interesdun bakoitzari ebazpena helarazteko egingo den izapidea ez da jakinarazpentzat hartuko.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz, betiere.

14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek oinarri honetan jasotako betebeharrak konplitu behar dituzte, hau da, besteak beste, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9., 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak:

1) Laguntza emateko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den proiektua; 2025. urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.

2) Eman den xede zehatzerako erabiltzea laguntza.

3) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak ez badu dirulaguntza berariaz onartzen, onuradun gisa proposatutako pertsonak hari uko egin diola ulertuko da.

4) Dirulaguntzaren xede den inbertsioa mantentzea, hura egin eta hurrengo 5 urteetan gutxienez; denbora horretan ezingo da besterentzerik egin, ezta diruz lagundutako helburuak ez direnetara bideratu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.5 artikuluak ezartzen dituen salbuespen-kasuetan izan ezik.

5) Gutxienez 5 urtez mantentzea dirulaguntza esleitzeko balorazio-irizpide gisa balio izan duten kalitate-estandarrak eta proposamen gastronomikoa. Aspektu hori gerora kontrolatuko da, ausaz, urtean behin; hain zuzen ere, diruz lagundutako inbertsioen % 4 kontrolatuko da gutxienez.

6) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea proiektua partzialki ala osorik egikaritu den, eta zuzendaritza horren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

7) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

8) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea beste administrazioren bati edo ente publiko zein pribaturen bati helburu bera betetzeko beste laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu izana eta, hala badagokio, lortu izana; ekarpenik jaso bada, beraz, haren zenbatekoa eta entitate emailea zehaztu beharko dira.

9) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari.

10) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztia argiki jasotzea, bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin.

11) Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak izatea, merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsio guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.

12) Bost urteko epean gordetzea jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten agiriak –agiri elektronikoak barne–, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.

13) Proiektua egikaritu izana justifikatzea 16. oinarrian aurreikusitako epeetan.

14) Jasotako funtsak edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

15) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

16) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

17) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan.

18) Gainfinantzaketarik ez eragiteko konpromisoa hartzea.

19) Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan adierazita dagoen laguntza-betebeharra konplitzea.

15. oinarria.– Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak kontratatzea.

1.– Dirulaguntzen xedea inbertsioak gauzatzea denez, onuradunek dirulaguntzen xede diren inbertsio guztiak hirugarrenekin kontratatuko dituzte.

2.– Diruz laguntzeko gastuak kontratatzerakoan, arau hauek beteko dira:

a) Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka inbertsioak egikaritzeko erantzukizun osoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrean.

b) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratuei buruzko legedian ezarritako kopuruak gainditzen dituenean (40.000 euro obra-kontratuak direnean, edo 15.000 euro hornidura- edo zerbitzu-kontratuak direnean, bi kasuetan BEZa kanpo), onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago nahikoa entitate halakoak egiten, ematen edo hornitzen dituenik.

Aurkeztutako eskaintzen artetik bat hautatzeko (justifikazioan aurkeztuko dira eskaintzok), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie; proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatu ezean, memoria batean justifikatu beharko da berariaz erabakia.

Kontratua ezingo da zatikatu haren diru-zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuan zehaztutako eskakizunak betetzea sahiesteko.

c) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak aurrez aipatutako mugak gainditzen ez dituen gainerako kasuetan ere, onuradunak berdin-berdin kontratatu beharko du hirugarrenekin efikazia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz, eta ez da onartuko merkatuko prezioen gainetik nabarmen gora dagoen inolako gasturik.

d) Onuradunak ezingo du inoiz diruz lagundutako jarduerak egikaritzeko hitzarmenik egin Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

e) Onuradunak ondasunak, zerbitzuak edo hornidurak kontratatzen baditu berarekin lotuta dauden pertsona fisiko edo juridikoekin, honako eskakizun hauek bete beharko ditu aurretik:

i) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako termino beretan.

ii) Dirulaguntza ematen duen organoaren baimena eskuratzea aurretik.

Organo emailearen ebazpen baten bidez baimendu edo ukatuko dira halako kontratazioak, gehienez ere bi hileko epean, baimen-eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jaso ezean, eskabidea onartu dela ulertuko da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluan adierazten den inguruabarren bat betetzen bada.

16. oinarria.– Gehieneko egikaritze-epeak.

Deialdi honen babespean diruz lagundutako inbertsio-proiektuek 2025ean hasitakoak izan behar dute, eta, gauzatu, urte horretako urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean gauzatuko dira.

17. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Ordainketa partziala zein azken ordainketa eskatu, onartutako dirulaguntzaren helburu den proiektua egikaritu dela eta, onuradun izateko eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari:

a) Ordainketa-eskaera, partziala edo azkena den adieraziz, eta laguntza-deialdi honen informazio-webgunean emandako ereduari jarraituz.

b) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua egikaritzeari eta haren egikaritzeko-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko eskakizunen eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa. Agindu honen III. eranskineko edukiak jaso behar ditu memoria horrek.

c) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan –bat etorriz Fakturazio-betebeharrak arautzeko erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin–, eta dagokien ordainketa-frogagiria. Kontuan hartu beharko da, halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. eta 28.4 artikuluetan ezarritakoa. Laguntza justifikatzen duten gastu-kontzeptuak zehaztu beharko dituzte fakturek. Orobat, auditoretza-txostena ere balia daiteke gastuak egiaztatzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.2 artikuluaren arabera.

Faktura bakoitzarekin ordainagiria aurkeztuko da.

d) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

e) Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

f) Lokala erosi bada, behar bezala onetsita dagoen eta kasuan kasuko erregistro ofizialean izena emanda duen tasatzaile independentearen ziurtagiria.

Agiriak era ordenatuan, zenbakituta eta aurkibidearekin aurkeztuko dira.

2.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dauden. Hala ere, onuradunak berariaz egin ahal izango dio uko baimen inplizitu horri, eta, hala egiten badu, dagokion agiri edo ziurtagiria aurkeztu beharko du, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.

3.– Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak agiri gehigarriak eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.

4.– Aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiriak aurkeztu ondoren, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako langileek proiektuaren azken ebaluazioari ekingo diote, eta, egikaritutako gastuaren zenbateko osoa eta onuradunaren ekarpena egiaztatuko dute; bukatzeko, proiektua egikaritu izanari buruzko azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Laguntzak egoki kudeatzen eta ordaintzen direla bermatzeko, hilabetekoa izango da egindako gastua justifikatzeko agiriak entregatzeko gehieneko epea, inbertsioak gauzatzeko ezarritako epea bukatzen denetik aurrera.

18. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

A) Aurreko oinarrian aipatzen diren agirien bidez inbertsioa edo gastua justifikatu ondoren, eta behin Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako teknikariek inbertsioei buruzko ziurtagiria egin dutenean.

B) Urte anitzeko proiektuak badira, ordainketa partzial bat egin ahal izango da, proiektuak egikaritzeko erritmoaren araberakoa, interesdunak aurretik hala eskatzen badu, eta aurrekontuetan erabilgarri dagoen dirua aintzat hartuta.

2.– Laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunek alta emanda egon beharko dute Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada –ebazpen batek hala adierazita–, dirulaguntza bat itzuli behar izateagatik.

4.– Inbertsioak ez badira ezarritako epeetan egiten, edo inbertsioa edo gastua egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 21. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste entitate publiko zein pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, horren berri eman eta justifikatu egin beharko zaio Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete beharko dira. Horretarako, dirulaguntza eman duen organoak dagokion aldaketa-ebazpena egingo du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko, hala badagokio. Horrez gain, kasua bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako itzulketa-prozedura hasiko da.

2.– Aurkeztutako eta dirulaguntza eragin zuen proiektuan egindako edozein aldaketa idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.

Laguntza emateko ebazpena aldatuko da, baldin eta gertatzen badira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotako aldaketak eta aurkeztutako eta diruz lagundutako proiektuan egindako aldaketak –11. oinarrian jasotako irizpideen arabera baloratuak, eta, beraz, eskaera onartzeko erabakigarriak izan direnak–; horiez gain, hauek ere ebazpena aldatzea eragingo dute:

1) Aldaketa esanguratsuak egitea, edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

2) Hornitzaileak aldatzea, non eta ez diren jatorri bera eta kalitate bera edo handiagoa dutenekin ordezten.

3) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

3.– Baldin eta egindako inbertsio edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontu onartua baino, eta betiere laguntza helburu bererako erabiltzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, dirulaguntza eman duen organoaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko diote organo emaileari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetza izango da, organo emaile gisa, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko-egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek, gutxienez, ez-betetzeen kausak dira:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean baldintzarik ezarri bada, haiek ez betetzea.

c) Laguntza zertarako eman zen, xede hori ez betetzea.

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan adierazitako ez-betetzeren baten pean badago, laguntza eman duen organoak itzulketa-espedientea egingo du, alderdi interesdunari entzungo dio –15 eguneko epea emanda egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko–, eta ebazpen baten bidez adieraziko du interesdunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, partzialki edo osorik, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola jasotako laguntza guztiak edo batzuk eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Onuradunaren edo, hala badagokio, entitate laguntzailearen betetze-maila erabateko betetze-mailara nabarmen hurbiltzen denean eta onuradun edo entitate laguntzaile horrek egiaztatzen duenean bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, entitate onuradunak azkenik jasoko duen zenbatekoa edo itzuli beharko duena –kasuan-kasuan zer dagokion– benetan gauzatu eta justifikatu duen inbertsioarekiko proportzionala izango da.

Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa pro rata temporis egingo da.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

22. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko edo ente pribatu ezin publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua, eta, hala gertatuz gero, agindu honetan emandako laguntza gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

3.– Agindu honetan xedatutako laguntzek errespetatu egingo dituzte Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarrita dauden «de minimis» arauak errespetatuko dituzte.

Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, enpresa berak, gehienez, 300.000 euro jaso ditzake laguntzen multzo osoagatik, aurreko zerga-ekitaldietan, «de minimis» erregelamenduaren arabera. Erregelamendu honen ondorioetarako kontuan hartu behar den hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da. «De minimis» laguntza berri bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako «de minimis» laguntzen zenbateko osoa hartu behar da kontuan.

Adierazitako muga gaindituz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio deialdi honetan emandako laguntzari, organo emailearen ebazpen baten bidez, entitate onuradunari entzun ondoren.

23. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Elikagaien industriaren arloko laguntzak.

– Arduraduna: Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritza; Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

– Xedea: Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzaren laguntzen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burutuko den eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS). Entitate ordaintzailea.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

– Araudia:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa:

https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

II. ERANSKINA

Laguntza eskatzeko inprimakia webgune honetan dago eskuragai:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075908

Hau da inprimakiaren edukia:

Eremu generikoak:

– Identifikazio-agiriaren mota.

– Zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoek soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoek soilik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Posta elektronikoa.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Abisuak jasotzeko mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

Eremu osagarriak: alderdi hauek jasotzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Ez dago krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

– Diruz lagundu daitekeen proiektu bererako, eskatu dio/ez dio eskatu bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribaturen bati, eta halakorik eskuratu du/ez du eskuratu.

– Diruz lagundu daitekeen proiektu bererako, eskatu dio/ez dio eskatu bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribaturen bati «de minimis» araubidearen pean, eta halakorik eskuratu du/ez du eskuratu.

Erantzuna baiezkoa bada, taula hau bete beharko da:

(Ikus .PDF)

– Sartuta dago/Ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean.

– Egunean ditu/Ez ditu egunean EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kopuru zehatzak ordaintzeko betebeharrak. Betebehar horien ordainketak egunean dituela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatikatuta badaude, eta, gainera, zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

– Ez du dirulaguntzak lortzeko aukera kentzen dion zehapen-ebazpen administratibo zein penal irmorik, eta ez du horretarako legezko inolako debekurik, sexu diskriminazioagatiko debekuak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin.

– Ez du eskatu konkurtso-deklaraziorik; ez dago ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta; ez dago konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; ez dago esku-hartze judizialaren eraginpean, eta ez dago desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

– Ez eragin izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuetan, edo ez daukate Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargurik, lege horretan edo arlo hori arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

– Ez du dirulaguntzak lortzeko aukera kentzen dion zehapen-ebazpen irmorik, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatiko zehapenik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Zerga-egoitza ez dauka erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Ez dago ezein berreskuratze-aginduren mende, Europako Batzordeak erabaki izanagatik laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

– Ez du dirulaguntzak lortzeko aukera kentzen dion zehapen-ebazpen irmorik, lege honetan edo beste batzuetan ezarritakoari jarraikiz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egon arren halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela.

– Pertsona fisikoak edo pertsona juridikoak, publikoa zein pribatua, ez du administrazio-bideko zehapen-ebazpen irmorik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun bat egin izanagatik, eta, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

– LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

– Ez egotea dirulaguntzak eskatzeko inprimakietan jaso beharreko legezko debekuen pean.

Eskabidea aurkezteak berarekin dakar Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari baimen inplizitua ematea, automatikoki egiazta ditzan NANa eta IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaindu izana; apartatu bat egongo da, baimen hori berariaz ukatzeko aukera emango duena, eta, aukera hori baliatuz gero, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.

Markatu, baldin eta baimenik ematen EZ badiozu Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari aurreko paragrafoan aipatutako eremuak automatikoki egiazta ditzan.

Horregatik, eta eskabidean adierazitakoaren arabera, aukera dago interesdunek baimenik ez emateko Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari informazioa jaso dezan eta, orduan, interesdunek konpromisoa hartuko dute zuzendaritza horrek eskatzen dituen agiri guztiak aurkezteko.

Administrazio Prozeduraren Legearen 28.2 artikuluaren arabera, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden agiriak edo beste edozein administraziok egindakoak. Administrazio jarduleak agiri horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, non eta interesdunak ez dion aurka egiten.

Horretarako, interesdunak adierazi beharko du zein administraziotan, zein prozeduratan eta zein datatan aurkeztu zituen agiriak, eta erantzukizunez deklaratu beharko du ez dela aldaketarik egon agiri horietan.

III. ERANSKINA
ESKAERAREN MEMORIAREN EDUKIA

Eskabide-memoriak eduki hauek hartu beharko ditu barnean:

1) Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

2) Enpresaren egitura.

3) Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.

4) Inbertsioaren aurretik landutako produktuen merkatua.

5) Proiektuaren kokalekua.

6) Gauzatu beharreko ekintza zehatzen deskribapena (obra zibila, makineria...).

7) Ekoizpen-prozesu berrien eta lortu beharreko produktuen (halakorik bada) deskribapena.

8) Egikaritze-epea.

9 Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegu-sorkuntza, etab.).

10) Azken bi urteotako balantzea eta emaitza-kontua.

11) Inbertsioak egiteko aurreikusitako aurrekontua.

IV. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU DAITEKEEN AURREKONTU XEHATUA KAPITULUKA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ORDAINKETA-ESKAERAREN JUSTIFIKAZIO-MEMORIA

Justifikazio-memoria bat erantsiko zaio ordainketa-eskaera bakoitzari. Bertan, proiektuaren betetze-mailari eta egikaritze-mailari buruzko informazioa jasoko da, baita laguntza emateko kontuan hartu diren eskakizunak eta baldintzak betetzen direla ere, zerrenda honen arabera:

1) Egindako ekintza zehatzen deskribapena, onartutakoekin alderatuta.

2) Ekoizpen-prozesu berrien eta egindako inbertsioarekin lortutako produktuen deskribapena.

3) Betetako egikaritze-epeak.

4) Inbertsioarekin lortutako emaitzak.

Agiri grafikoak (planoak, argazkiak...) eta memoriari eranstea beharrezko/komenigarri jotzen den gainerako agiriak gehi daitezke.

Ordainketa bi fasetan eskatu behar bada, eduki hori duen memoria bat aurkeztu beharko da ordainketa-eskaeraren fase bakoitzerako.

VI. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3 BIS ARTIKULUAN EZARRITAKO ORDAINKETA-EPEAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEKO AGIRIAK

Onuradunaren edo entitate laguntzailearen izaera lortzeko, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateek ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute betetzen dituztela lege horretan ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

Betetze-maila egiaztatzeko, frogabide hauek baliatuko dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta.

Horrez gainera, b) letran ezarritako frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek agiri hauetako bat aurkeztu ahal izango dute:

1) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezarritakora) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.

Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte izango da baliozkoa.

2) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarrian oinarrituta, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, ordainketa-epeei buruzko eskakizuna betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epe horien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehuneko bera edo handiagoa denean.


Azterketa dokumentala