Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2025eko ekainaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2695

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 9koa, Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez ukatzen baita Euskal Haizie SL sozietateak Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñes udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako Artzentales-Sopuerta Parke Eolikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena.

Espedientea: 48-GE-Y-2022-00001

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2022ko urtarrilaren 25ean, Euskal Haizie SLk (aurrerantzean, Euskal Haizie) aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Artzentales-Sopuerta parke eolikoa egiteko Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñes udal-mugartean (Bizkaia), eta, eskaerarekin batera, 115/2002 Dekretuan prozedura hasteko aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu zuen.

Bigarrena.– 115/2002 Dekretuan aurreikusitako eskumen-prozesuaren ondorioetarako, iragarkia argitaratu zen 2022ko martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2022ko martxoaren 16ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta ez zen lehiarako eskaerarik aurkeztu. Beraz, Euskal Haizie sozietateak aurkeztutako aurreproiektua hautatu zen, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2022ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horren bidez, Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñes udal-mugarteetan (Bizkaia) Artzentales-Sopuerta parke eolikorako aurretiazko administrazio-baimena eskatzeko eskumen-prozedura ebatzi zen.

Hirugarrena.– 2023ko urriaren 26an, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2023ko urriaren 20ko Iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinaren bidez jendaurrean jarri baitziren Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñes udal-mugarteetako «Artzentales-Sopuerta parke eolikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura» proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena lortzeko eskaerak, (udal horiek guztiak ere Bizkaiko Lurralde Historikoak dira). Halaber, 2023ko urriaren 30eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Alegazioak aurkeztu zituzten Karrantza Zabala talde politikoak, EH Bildu Muskiz Udal Taldeak, Enkarterri Bizirik Elkarteak, Sopuertako hauteskunde-talde independenteak, Otsoaren Taldea Ekologista Elkarteak, Meatzaldea Bizirik Ekologista Taldeak eta hainbat partikularrek.

Hona hemen jendaurreko informazio-aldian eta espedientea izapidetzean aurkeztutako alegazioen edukia laburbilduta:

– Floraren eta faunaren gaineko eragina.

– Habitatak zatitzea eta biodibertsitatea galtzea.

– Igarobide ekologikoei, Batasunaren intereseko habitatei eta paisaia-interes bereziko eremuei eragitea.

– Pertsonen bizitzan eta osasunean duen eragina.

– Inpaktu akustikoa.

– Akuiferoen eta ur-hornidurako harguneen gaineko inpaktua.

– Barbadun ibaiaren sare hidrografiko babestuaren gaineko eragina.

– Kultura- eta arkeologia-ondarearen gaineko eragina.

– Landa-eremua despopulatzea eta pobretzea.

– Lurzoruaren gaineko eragina, ingurunearen desbalorizazioa, lurzoruaren, etxebizitzen eta paisaiaren balio-galera.

– Proiektu zehaztugabea izatea eta ingurumen-inpaktuaren eta abifaunaren azterlanak osatugabeak izatea.

– Onura publikoko mendien gaineko eragina. Mendiaren industrializazioa.

– Ez betetzea Euskadiko Lurraldearen Arloko Plana, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratua (PNIEC), Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko 9/2021 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko 128/2019 Dekretua, EAEko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planari buruzko 83/2015 Dekretua, 2016ko maiatzaren 6ko Agindua (abifaunarentzako babes-eremuak), Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea, Balmaseda-Zallako Lurralde Plan Partziala, Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana, 2030eko Enkarterriko Eskualdeko Plan Estrategikoa eta udal hirigintza-plangintzak.

– Bateraezina izatea Euskadiko Lurzorua Babesteko 2023 Estrategiarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) basoberritzeko egindako jarduerekin.

– Energia sortzeko eta garraiatzeko beste instalazio batzuen sinergia-ondorioak ez aztertzea.

– Hondakinen kudeaketa, lur-mugimenduak, soberakinak eta harriak ez aztertzea.

– Azterketa geologiko eta hidrogeologikorik eza.

– Turismoaren gaineko eragina.

Laugarrena.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsulta egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, oinarrizko proiektuari eta Ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruz. Zuzenean eragiten zaien ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio edo erakundeen kasuan, dagokion separata bidali zen, baldintza teknikoak emateko.

Kontsulta egin zitzaien Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñesko udalei; Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari; eta URA Uraren Euskal Agentziari, eta Kantauriko Konferentzia Hidrografikoari.

Halaber, separatak bidali zitzaizkien honako hauei: Red Eléctrica de España SAU (REE), Telefónica de España SA eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF).

Eta Ingurumen-prozeduran interesdun direnei: Ekologistak Martxan eta SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkartea.

Bosgarrena.– Kontsultak eta jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, jasotako alegazio eta txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion sustatzaileari, erantzuna eman ziezaien.

Artzentalesko Udalaren ustez, proiektua bateraezina da tokiko, autonomia-erkidegoko eta sektoreko indarreko araudiarekin, ingurumenean, paisaian eta ondarean eragin handia duelako. Parke eolikoa kokatzeko alternatiba tekniko justifikaturik ez dagoela eta ingurumen-inpaktuaren balorazioa eskasa dela salatu du. Alegatu dute eragin larria izango duela floran, abifaunan, kiropteroetan, igarobide ekologikoetan, ondare arkeologikoan, Alen mendian etorkizunean jarriko den Behaketa Astronomiko, Ornitologiko eta Paisajistikorako Zentroan, udalerria hornitzeko funtsezko iturburuetan eta paisaian.

Sopuertako Udalak hainbat lege-hausteren, lurralde-bateraezintasunen eta paisaiari, kulturari eta ingurumenari lotutako eragin larriren berri eman du. Esate baterako, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) eta Lurralde Plangintza Sektoriala (LPS) ez betetzea, udal-plangintza urratzea, Enkarterriko Lurralde Plan Partziala ez betetzea, paisaia babestuei, kultura-ondareari eta ingurumen-inpaktu larriari eragitea. Gainera, uste du ez dela teknikoki justifikatzen kokalekuaren egokitasuna.

Galdamesko Udalak oinarrizko proiektua eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana osatzea eskatzen du, kontuan hartuz sarbideen eta eraiki beharreko bideen kartografia, indarrean dagoen legediaren arabera hondakinak zuzen kudeatzeko azterlana eta azterketa geologiko eta hidrogeologiko xehatua. Uste dute ez dagoela justifikatuta parkerako proposatutako kokalekuaren egokitasuna, ez teknikoa, ez ingurumenekoa. Alegatu dute pertsonen osasunean eragina duela (zarata; aldizkako itzala edo kliskada; argi-kutsadura; eremu elektromagnetikoak...), flora eta abifauna mehatxatuei eragitea, Euskadiko interes komunitarioko hegazti nekrofagoak kudeatzeko plana ez betetzea, Espainian Hegaztiak eta Biodibertsitatea Kontserbatzeko Eremu Garrantzitsuetan eragina izatea, turismoan eta paisaian kaltegarria izatea, udalerriko lurralde- eta hirigintza-plangintza, Lurzoruaren Legea, Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektoriala eta Balmaseda-Zallako (Enkarterri) Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala ez betetzea eta ondare kulturalean eta arkeologikoan eragina izatea.

Muskizko Udalaren ustez, proiektuak kalte egingo die ingurumenari, gizarteari eta lurraldeari, eta ez du behar adinako konpentsaziorik eskaintzen, ezta justifikazio egokirik ere. Era berean, ingurumen-ebaluazioaren azterketa ez dela nahikoa uste du. Parke eolikoa eta hautatutako eremuaren kalteberatasun handia bateraezinak direla jakinarazi du, babestutako espezieei (flora, fauna eta kiropteroak) eta Natura 2000 Sareko guneei eragiten diela, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak Kudeatzeko Plana ez dela betetzen, igarobide ekologikoei eragiten diela, habitatak zatikatzen dituela, landa-garapenari eragiten diola, pertsonen osasunerako eta ongizaterako kaltegarria dela, paisaian eta landa-turismoan eragiten duela, eta inpaktu gehiago dituela, ebaluatu gabekoak.

Zallako Udalak honako hauen berri eman du: biodibertsitatearen eta balio naturalen gaineko eragin larria duela, 7/2021 Legea hausten duela, udaleko eta lurraldeko hirigintza-araudia urratzen, Zalla mendia parke eolikorik gabe deklaratzen duten udalerriaren berezko egintzak urratzen, eta BFAren aurkako txostenak daudela. Era berean, udalaren parte-hartzea eskatzen dute, eta parke eolikoaren proiektua gauzatzeko plan berezi bat onartzeko beharra.

Gueñesko Udalak alegatu du azpiegitura elektrikoek eragin handia dutela udalerrian eta, beraz, parke eolikoaren ebakuazio-linearako linea elektriko berriak arazoa larritu eta paisaian eta ingurumenean eragin handia izango lukeela. Alternatiben balorazio teknikoa eskatu du.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak identifikatutako arriskuen azterketaren berri eman du. Besteak beste, arrisku hauek ikusi ditu: radar meteorologikoekin (Jatako eta Kapilduiko radarrak) interferentziak izateko eta larrialdien kudeaketari eragiteko arriskua, baso-suteen arriskua, arrisku sismikoa eta arrisku teknologikoak (salgai arriskutsuen garraioa, Bilboko Portuan edo Petronorren izandako gorabeherekin lotutako balizko hodei toxikoak). Azaldu du autobabeserako plan bat egin behar dela 277/2010 eta 21/2019 dekretuen arabera, eta jarduerak jarraitzeko plan bat egin behar dela.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren iritziz, ezin dira onartu abifaunako espezieen gaineko ondorioak (bereziki, sai zuriaren gainekoak), ezta Artzentales-Sopuerta parke eolikorako proposatutako kokapenean dauden hamazazpi kiroptero-espezieen gainekoak ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ez du proiektu honi buruzko dokumentaziorik edo alegaziorik aurkeztu.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kategoria hauetako lurzoruen okupazioari buruz ohartarazi du: Basoak; Basoa – Mendi Barbana; Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa. Eragingo zaien erabilerei dagokienez, jakinarazi du proiektua Nekazaritza Lursailen Informazio Geografikoko Sistema (SIGPAC), Zuhaixka-larrea eta Zuhaizti-larrea erabiltzen dituzten lurzoruetatik igarotzen dela, eta nabarmendu du ebakuazio-lineak, 17 km-tik gorako luzerakoa bera, eragin handia izango duela baso-landaketetan (batez ere, intsinis pinuan; ekoizpen betean dago). Nekazaritzaren sektoreko eragina ebaluatzeko eta dagozkion prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ezartzeko eskatzen du.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak adierazi du proiektuak eragin nabarmena duela Alen-Arribaltzagako estazio megalitikoan, eta ezinbestekotzat jotzen du aurrez azterketa arkeologiko bat egitea, prospekzio sistematikoaren eta laginketen bidez, beste aztarnategi arkeologikorik ez dagoela ziurtatzeko. Era berean, Alen-Castro trenbideari lotutako ondasun historikoen galera aipatu du. Trenbidearen trazadura Bide Berde gisa egokitzeko asmoa dago. Era berean, argudiatu dute mendiko burdinolen hondarrei kalte egingo diela eta Salcedoko dorretxearen inguruko irudia kutsatuko duela.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuak, zenbait gogoeta egin ondoren, ondorioztatu du ageriko dela proiektua ez dela bideragarria ingurumen-arrazoiengatik. Besteak beste, hauek alegatu dituzte: biodibertsitatearen gaineko eragina, Plan Hidrologikoaren eremu babestuen gaineko eragina, lurzoruaren eta geomorfologiaren gaineko eragin larria, proiektuaren eta EAEko lurralde-plangintzaren arteko bateraezintasuna, Balmaseda-Zalla Lurralde Plan Partzialarekiko bateraezintasuna eta kultura ondarearen gaineko eragina.

Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak berariazko txosten bat bidali du, EAEn Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planari buruzkoa (BFA 83/2015 Foru Dekretua). Txosten horretan, Neophron Percnopterus (sai zuria) espezie mehatxatuaren gaineko eraginari buruzko alderdiak aipatzen dira. Haren arabera, sai zuriari zuzenean eragingo lioke eta eragina onartezina izango litzateke, eta eragin kritiko hori ezin da neurrien bidez zuzendu, ezta konpentsazio-neurrien bidez konpentsatu ere. Ondorioz, ez du bateragarritzat jotzen biodibertsitatea babestea eta Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektuaren aurretiko administrazio-baimena ematea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Atalak ebaluatu egin du proiektuak landareetan, lurzoruetan, faunan, paisaian eta abarretan zer eragin duen, eta uste du bateragarria dela baina zenbait neurri zuzentzaile ezarri behar direla.

Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Antolamenduko Atalak jakinarazi du proiektuak gabeziak dituela eta horrek eragotzi egiten duela behar bezala baloratzea bai proiektuak zer inpaktu dakartzan eta bai aplikatu beharreko araudia betetzen den, eta gabezia horiek osatu eta zuzentzeko eskatu du. Era berean, beharrezkotzat jotzen du nekazaritzako eta basogintzako gaietan eskumena duten organoek aztertzea nekazaritza eta basogintzako jardueran eta onura publikoko mendietan duen eragina.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak jakinarazi du obra-baimena behar dela jabari publiko hidraulikoan jarduteko, eta arroko organismoaren aldez aurreko administrazio-baimena behar dela (URAri eskatu behar zaio): uren arloko araudiarekiko eta Plan Hidrologikoarekiko bateragarritasun-azterlana eta urak har ditzakeen eremuekiko erabileren bateragarritasun-azterlana. Eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk proposatzen ditu.

URA Uraren Euskal Agentziak uste du bateragarriak direla parke eolikoaren eta hari lotutako instalazioen proiektua mamitzea eta gainazaleko eta lurpeko uren egoera onari eustea. Hala ere, proiektuaren faseetan (baimenen tramitazioa, emakidak, afekzioen eta neurri zuzentzaileen azterketa...) kontuan hartzeko zenbait gogoeta adierazi ditu.

Red Eléctrica de España SAUk (REE) jakinarazi du ez duela eragozpenik aurkeztu Artzentales-Sopuerta parke eolikoko haize-sorgailuen kontra, ezta 30/66 kV-eko azpiestazio jasotzailearen eta 66/30 kV-eko azpiestazio murriztailearen kontra ere. Parke eolikoaren barneko lurpeko linearen eta 30 kV-eko SE Reductora-SE La Jara lurpeko linearen inguruko lanei dagokienez, beharrezkotzat jotzen dute REEren ikuskapena. 66 kV-eko aireko lineari dagokionez –400 kV-eko Gueñes-Virtus linearekin gurutzatzea, 224-225 baoa–, ados dago emandako datuekin, eta arauzkotzat jotzen du, baina dagozkion egiaztapenak egin beharko direla jakinarazi du. Era berean, gogorarazi du lanak ezarritako segurtasun- eta osasun-xedapenen arabera egin beharko direla, eta 400 kV-eko eta 220 kV-eko linea batetik gertu dauden lanetarako ezarritako segurtasun elektrikoko distantzia gorde beharko dela.

Telefónica de España SAk gogorarazi du telekomunikazio-lineekiko paralelismoei eta gurutzatzeei buruz indarrean dagoen araudia bete behar dela, eta, bereziki, goi- eta behe-tentsioko erregelamendu elektroteknikoak.

ADIF tren-azpiegituren administratzaileak eskatu du dagokion ingurumen-legedia betetzen dela egiaztatzeko eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Era berean, adierazi du proposatutako obrek trenbidearen afekzio-eremuei eragiten dietela eta, beraz, ADIFen baimena behar dutela. Aldez aurreko administrazio-baimena eta eraikuntza-baimena lortu ondoren eskatu beharko da baimen hori.

Ekologistak Martxan-ek adierazi du parke eolikoaren proiektuaren aurka dagoela, eta ingurumenari buruzko hainbat alegazio egin ditu. Era berean, ondare kultural, arkeologiko eta naturalaren gaineko eraginen berri ematen du.

SEO Birdlifek abifaunako espezie mehatxatuekiko eragin larria, KBE Kontserbazio Bereziko Eremuekiko hurbiltasuna eta Natura 2000 Sarearekiko hurbiltasuna aipatu ditu. Eremu horien gaineko eraginaren ebaluazioa eskasa dela jakinarazi du, eta ez dela aztertu 25 km-ra baino gutxiagora dauden parkeekiko eragin sinergiko eta metakorrik (Punta Lucero, Kantabriako Cañoneras eta Burgosko Montija parke eolikoak).

Seigarrena.– 2024ko martxoaren 7an, ingurumen-ebaluazioaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa den aldetik (espediente horri EIAO-138 erreferentzia esleitu zitzaion), azter zezan, honako hauek barne hartuta: proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta sustatzaileak horiei buruz egindako gogoetak.

Zazpigarrena.– 2025eko apirilaren 22an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman zuen Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñesko mugarteetan (Bizkaia) Euskal Haiziek sustatutako Artzentales-Sopuerta proiekturako parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko ingurumen-inpaktuaren adierazpenari buruz (aurrerantzean, IIA); ebazpena 2025eko maiatzaren 20ko EHAAn argitaratu zen (93. zk.).

Ebazpen horretan, Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren proiektuaren aurkako IIA eman zen.

Zortzigarrena.– 2025eko maiatzaren 5ean, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatzaileari jakinarazi zion parke eoliko horri lotutako sarbide- eta konexio-baimenak iraungi zirela.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan.

Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, honako hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 1/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; eta 115/2002 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan parke eolikoen bidez energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duena.

Hirugarrena.– 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukiak bete egin behar dira proiektuak gauzatzeko neurrietan eta baldintzetan, bai eta adierazpena aurkakoa denean eta ondorioz proiektua gauzatu ezin denean ere.

Laugarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluaren arabera, sortze-instalazioen administrazio-baimena ezin izango da eman, baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik eskuratu garraio- edo banaketa-sareetara sartzeko eta konektatzeko dagozkion baimenak.

Bosgarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluak adierazten du administrazio publiko eskudunak baimena ukatu ahal izango duela soilik aplikatu beharreko araudian aurreikusitako baldintzak betetzen ez direnean edo sistemaren funtzionamenduan eragin negatiboa duenean.

Bat etorriz adierazitako oinarri juridikoekin eta aplikazio orokor eta berariazko beste batzuekin eta ordezkaritza honetako energia arloaren txostenarekin, Bizkaiko Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

Aurretiazko administrazio-baimena ez ematea Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñes (Bizkaia) udal-mugarteetan Euskal Haizie SLk sustatuta Artzentales-Sopuerta parke eolikoa egiteko proiektuari, Ingurumen-inpaktuaren aurkako adierazpena egin delako eta sarbide- eta konexio-baimenik ez duelako.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Bilbao, 2025eko ekainaren 9a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

M.ª JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala