Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2025eko ekainaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2694

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita Mirador Norte FV SLk Erriberabeitian (Araba) sustatutako 4 MW-eko «Beitia» instalazio fotovoltaikorako.

AURREKARIAK

2023ko irailaren 19an, ebazpen bat eman zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak, eta, haren bitartez, ingurumen-inpaktuaren txostena eman zen Erriberabeitian (Araba) sustatutako «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, eta xedatzen zen, espedientean jasotako txostenekin bat etorriz eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola proiektuari, efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean.

2024ko maiatzaren 9an, Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak jendaurreko informazioaren izapidea egin zion «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari, zeina Erriberabeitiko udalerrian egitekoa den (Araba), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Izapide horri dagokion iragarkia 2024ko maiatzaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (103. zk.) eta 2024ko ekainaren 5eko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (63. zk.) argitaratu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak adierazi zuen alegazioak jaso zirela.

Halaber, jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du kontuan hartu direla ukitutako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

Ebazpen honen eranskinean, jaso diren txosten eta alegazioen zerrenda ageri da, eta dokumentu hau egiterakoan ingurumen-arlokoak aztertu dira.

Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak, 2025eko otsailaren 11n, Erriberabeitia udal-mugartean (Araba) dagoen «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Erriberabeitiko (Araba) «Beitia» (puntakoa: 4,668 MW / izendatua: 4 MW) instalazio fotovoltaikoaren proiektua. 2023ko azaroko data du.

– Erriberabeitiko (Araba) «Beitia» (puntakoa: 4,668 MW / izendatua: 4 MW) instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko. Eranskinak eta planoak. 2025eko otsaileko data du.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

– Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

– Egindako kontsulten emaitza eta horiek kontuan hartzeko modua, proiektuaren azken proposamenean sartuta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, proiektu horiek ingurumenean ondorio nabarmenak izateko arriskua dakartenean, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea eta garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura bete beharko dute lege horren II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek. Aipatutako arauak II.E eranskineko 4.h puntuan jasotzen ditu 5 hektarea-lur edo gehiago okupatzen duten energia fotovoltaikoko instalazioak, eta, beraz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egin behar zaio.

Hala, bada, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidea egin zaio proiektuari. Ebaluazioaren emaitza gisa, 2023ko irailaren 19an Ebazpena eman zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak; eta haren bitartez, ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen Erriberabeitiko (Araba) «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, eta xedatu zen, espedientean jasotako txostenekin bat etorriz eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola proiektuari, efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egiteko zer behar den xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta kontuan hartzen dituela indarrean den araudian ezarritako alderdiak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematea, ingurumen-efektuei dagokienez soilik, Erriberabeitian (Araba) 4 MW-eko «Beitia» instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiekturako.

1.– Proiektuaren deskribapena eta kokalekua:

Proiektuaren xedea da dagozkion ezaugarri eta azpiegitura teknikoak zehaztea, eta adieraztea zer neurri hartu diren eguzki-zentral fotovoltaiko bat jartzeko, 4,668 MW-eko puntako potentzia duena bi eremutan edo «uhartetan» banatuta, bai eta energia ebakuatzeko behar diren instalazioak jartzeko ere. Instalazioa landa-lurzoruko sei lurzatitan ezarriko da, Celadas inguruan, Erriberabeitiko udal-mugartean, Ribabellosa udalerriaren mendebaldean (Araba), eta gertuen dagoen biztanlegunetik 500 metrora baino gehiagora.

Instalazioak 7,45 ha-ko azalera hartuko du guztira (instalazioen hesi perimetralaren barruko esparrua), eta, adierazi den bezala, 5,73 eta 1,72 ha-ko bi uhartek osatuko dute, hurrenez hurren. Emandako informazioaren arabera, hesi barruko azalera librea 5,25 ha-koa da; hau da, hesiz inguratutako azaleraren % 70,59. Instalazioko hesi perimetrala 1.609,39 m luze da guztira. Erdi-tentsioko ebakuazio-linea elektrikoa lurpekoa izango da, eta 1.632 metroko luzera izango du; horietatik 205,92 m zulaketa horizontal gidatu bidez joango dira, dauden errepide eta ibilguei kalterik ez egiteko.

Sare elektrikora konektatzeko instalazio fotovoltaikoek funtsezko bi zati dituzte: alde batetik, sorgailu fotovoltaikoak, modulu fotovoltaikoen bidez eguzki-erradiazioaren energia bildu eta elektrizitate bihurtzen dutenak; eta, bestetik, inbertsoreak, korronte zuzeneko energia elektrikoa korronte alterno bihurtzen dutenak, eta transformadoreak, sortutako energiaren tentsioa igotzen dutenak, ondoren sarera injektatzeko.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoa 665 W-eko punta-gaitasuneko Canadian Solar markako CS7W modeloko edo antzeko 7.020 modulu fotovoltaikok osatzen dute, eta 4,668 MW-eko puntako potentzia duten eguzki-eremu bat osatzen dute. Zehazki, instalazioa 30 moduluko 219 katek eta 15 moduluko 30 katek osatuko dute, seriean bakoitza.

Modulu fotovoltaikoak PVhardware markaren Monoline 1V euskarri-egituraren gainean edo antzekoren batean jarriko dira; lurrean ongi iltzatzeko aukera eman behar du, eta unean-unean inklinazio egokia eman behar die moduluei, eguzki-jarraigailuen bitartez. Egitura horiek ekialdetik mendebaldera jarraituko diote eguzkiari, ipar-hego ardatz batean. Eguzki-jarraigailu bakoitzak PLC automata bat du, besteetatik independentea eta programagarria. Haren bitartez, eguzkiaren jarraipen astronomikoa egiten du jarraigailuak, kanpoko klimaren arabera jarduten du, eta urrutiko agintea du. Jarraigailuak estazio meteorologiko batera konektatzen dira; estazio hori, PLC automataren laguntzarekin, baldintza klimatologikoen arabera orientatzen da. Moduluak lurrean iltzatutako zutabeen gainean jarriko dira. Egituraren gainazala babestuko da ingurumen-eragileetatik, sugarrezko galvanizazio bidez. Ardatz bakarreko jarraigailuak lurzorutik gehienez 4,7 m-ra eta gutxienez 1,70 m-ra egongo dira.

Modulu fotovoltaiko horiek energia elektriko bihurtzen dute eguzki-erradiazioa, korronte zuzena sorturik; beraz, korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko, inbertsore fotovoltaikoak instalatzen dira.

Proiektuan Sungrow etxearen String SG125HV motako edo antzeko 32 inbertsore erabiltzea aurreikusi da; haiei esker, 4 MW-eko potentzia izendatua izango du instalazioak. Inbertsoreak zuzenean lurrean iltzatutako saretazko egituretan jarriko dira.

Stringetako korronte zuzeneko kableak inbertsoreetara konektatzeko, Sunbox PVS-12MH-BD eta PVS-16MH-DB edo antzeko konexio-kutxak instalatuko dira, modulu-serieen eta inbertsoreen artean. Konexio-kutxak 32 izango dira, eta korronte zuzeneko 6 mm2-ra arteko 6 sarrera eta korronte zuzeneko 150 mm2-ra arteko linea-irteera bat izango dute.

Inbertsore fotovoltaikoek energia elektrikoa korronte alterno bihurtu ondoren, korronte hori barne-zanga batzuetatik joango da (2.057 m) 4.000 kVA-ko transformazio-zentrora, hor baitago potentzia-transformadorea, sortzen den energiaren tentsioa handitzeko. Transformazio-zentroa osatzen duten elementuak eraikin prefabrikatu batean kokatuko dira. Eraikina bat etorriko da MIE-RAT-14 jarraibidean xedatutakoarekin, neurriei eta segurtasun-distantziei dagokienez, bai eta zerbitzu-pasabideei dagokienez ere. 4 MVA-ko potentzia duen olio mineralezko transformadore bat izango du, hozte-sistema naturalarekin, bai eta gainerako ekipamendu beharrezkoa ere: erdi-tentsioko gelaxka, BTko koadro osagarria, monitorizazio-koadroa, zerbitzu osagarrien transformadorea, etab. Transformazio-zentroak 32,79 m2-ko azalera hartuko du (1,2 m-ko perimetroko espaloia eta eraikina barne).

Gainera, ebaketa-zentro bat eraiki beharko da, sarrera eta irteera ST Mirandako 30 kV-eko Miranda - Industrial 5 eremuko 6. linean izango dituena. Kanpoaldeko ebaketa-zentro bat jarriko da, Ormazabalen CMS-3f modeloaren monobloke motakoa edo antzekoren bat, 6. linearen oinean. Instalaziotik 1.139 metro hego-ekialdera egongo da ebaketa-zentroa, eta 14 m2 inguruko azalera izango du.

Barne-bideen sare bat egongo da, gutxienez 3,0 m-ko zabalerakoa, operazio- eta mantentze-lanak egiterakoan igaro ahal izateko, bai eta ibilgailuak igaro eta aldameneko instalazioetara sartzeko ere. Trackeren artean 3 metroko korridorekoak egongo dira, bai horizontalak, bai bertikalak. Bi tracker-errenkadako, zabalera bikoitzeko korridore horizontal bat egingo da, 6 metroko pitcha duena. Sekzioak eremuko material hautatuz egindako azpi-oinarri bat izango du, 0,20 m lodi izango dena eta behar bezala trinkotuta egongo dena, eta zagorrezko errodadura-geruza bat, 0,20 m lodi izango dena. Bideen luzera, guztira, 2.728 m-koa izango da; perimetro-bideek 1.609 m-ko trazadura izango dute, eta barrualdekoek 1.119 m-koa.

Parke fotovoltaikora Seterrenques Bidetik sartuko da (047-264-8). Proiektatu den sarbidea Seterrenques bidearekiko perpendikularra izango da, eta hesiarekiko paraleloa; 153 m inguruko luzera izango du, eta 3,5 m-ko zabalera.

Itxitura mota zinegetikoko hesi perimetrala izango da, hodi galvanizatuz osatua; hodiak 3 metroan behin jarriko dira, hormigoiz betetako zuloetan (50 mm-ko diametroa, 12 mm-ko lodiera eta 2,50 m-ko altuera). Norabide-aldaketa guztietan edo, halakorik ezean, 48 m-an behin, bi beso dituzten errefortzu-zutoinak jarriko dira. Bihurdura bakuneko sare galvanizatua jarriko da, 2,40 m-ko altuerakoa. Alanbrezko 4 tirante jarriko dira, 16 mm2-koak, dagozkien tentsore eta torlojuekin, eta hesiak 0,30 x 0,30 m-ko sarbide txikiak (katazuloak) izango ditu 50 m-an behin, inguruko animalia txikiei pasatzen uzteko. Instalaziorako sarbidean 6 m zabal eta 2,25 m garai den ataka bat jarriko da, bi orri izango dituena; 50 mm-ko diametroko eta 1,2 mm-ko lodierako hodi galvanizatuz eginak izango dira, eta bihurdura bakuneko sare galvanizatu bat ere izango dute, aurrekoaren ezaugarri berberekoak.

Proiektua eraikitzeko fasean hainbat instalazio osagarri beharko dira, hala nola materiala biltzeko guneak, makinak aparkatzekoak, hondakinetarako guneak eta aldi baterako bulegoak, besteak beste. Aldi baterako instalazio osagarri horiek hesi perimetraletik kanpo dauden ezarpen-lurzatietan jarriko dira. Ondoren, eragiketa faserako beharrezkoak ez diren azalera okupatu guztiak leheneratuko dira.

Eguzki-parkean sortutako energia 30 kV-eko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez ebakuatuko da transformazio-zentrotik, konpainia banatzaileak ST Mirandako 30 kV-eko Miranda - Industrial 5 eremuko 6. linean emandako konexio-puntuan dagoen ebaketa-zentro berrira, 16133 (4944889) eta 16134 (4947033) euskarrien arteko tartean, koordenatu hauetan: X: 506.097,00 m E; Y: 4.728.042,00 m N. Erdi-tentsioko lineak 1.632 metroko luzera izango du lurpean. Ebakuazio-lineak Baia ibaia eta A-4341 eta A-3312 errepideak gurutzatu behar dituenerako, zulaketa horizontal gidatua egingo da. Lurpeko gainerako trazadura zanga bidez egingo da, eta gutxienez 0,8 m-ko sakonera eta 0,6 m-ko zabalera izango du zangak.

Instalazio fotovoltaikoa gauzatzeko, lurrak mugitu beharko dira barruko bideak egiteko, transformazio-zentroa zimendatzeko eta eroanbide elektrikoak banatzeko zangak egiteko. Zutoinak lurrean zuzenean sartuta daudenez, ez da beharrezkoa euskarri-egituren zimenduetarako lur-mugimendurik egitea.

Bideak egiteari dagokionez, hondeaketa-lurren bolumena 245,52 m3-koa izango dela aurreikusten da. Transformazio-zentrorako 18,36 m3-ko lur-bolumena aurreikusten da, eta korronte alternoa daramaten barne-kanalizazioetarako, berriz, 822,8 m3-koa. Guztira, parke fotovoltaikoak 1.086,68 m3 lur mugituko ditu. Soberakinen bolumena 778,13 m3-koa izango da; horietatik 514,25 m3 balorizatuko direla aurreikusten da, eta 263,88 m3 ezabatu egingo direla.

Bestalde, lurpeko ebakuazio-linea elektrikoa egiteko 783,36 m3 lur induskatzea aurreikusten da; horietatik, 489,60 m3 balorizatu eta 293,76 m3 kendu egingo dira.

Soberako lurrak halako materialen eskatzaile izan litezkeenei bideratuko zaizkie, birbalorizatzeko. Hori ezinezkoa bada, azken neurri gisa, lur-hondakindegietara eramango dira soberako hondakinak.

Jarduketa egiteko unean, azterketa geoteknikoa egingo da, lursailaren ezaugarriak zehazteko, eta, horrela, instalazio fotovoltaikoaren elementuak iltzatzeko edo zimendatzeko lanak modu optimoan egiteko.

Drainatze-sistema lehendik dauden fluxu-lerro nagusiak ahalik eta gehien baliatzeko moduan diseinatuko da; lerro horiek aldatu edo berrantolatu egingo dira, eta drainatze-elementu bakoitzari uren ebakuazio egokia eta optimoa bermatzeko moduko diseinua eta neurriak emango zaizkio.

Segurtasun-sistema bat instalatuko da, hauez osatua: intrusioak hautemateko sistema bat, mikrouhin-hesiduna, eta telebista eta bideoko zirkuitu itxiko sistema bat (TBZI), zainketa-kamera finkoak izango dituena, gauez ikusteko ekipamenduarekin, instalazioen perimetroan zehar jarrita.

Instalazioa gauzatzeko epea 4 hilabetekoa izango dela zenbatetsi da, eta aurrekontu bat aurkezten da. Instalazioaren balio-bizitza 25 urte ingurukoa izango da.

2.– Proiektuaren eremuan garrantzitsuak diren ingurumen-alderdiak:

«Beitia» parke fotovoltaikoa eta haren ebakuazio-linea Celadas izeneko inguruan daude, Erriberabeitia udalerriaren (Araba) mendebaldean, udalerriko herrigune nagusia den Ribabellosako hirigunetik 1 km-era.

Honako hauek dira eremuko ingurumen-balio garrantzitsuak:

– Lurpeko ebaluazio-linearen (ETLL) zati batek «Baia ibaia / Río Baia» KBEa ukitzen du (S2110006); Natura 2000 Sareko eremua da hori.

– Batasunaren intereseko habitaten (aurrerantzean, BIH) 2019ko kartografiari jarraikiz, ETLLak halako bi habitat ukitzen ditu: lehentasunezko 91E0* BIHa, «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak»; eta 92A0 BIHa, «Salix alba eta Populus alba espezieen galeria-basoak». Baia ibaiaren eskuineko eta ezkerreko ertzetan daude horiek, hurrenez hurren. BIH horiek «Baia ibaia / Río Baia» KBEko elementuak dira.

– Baia ibaia ingurune urtarren eta hezeen jarraitutasun ekologikoa xede duen bilbe urdineko parte den igarobide ekologikotzat jotzen da. Ildo horretan, ibaia bera eta bere ibaiertzak, KBEaren mugekin bat etorriz, biodibertsitate-nukleotzat jotzen dira. Kontuan izan behar da Baia ibaiaren igarobide ekologikoa KBEko elementu giltzarria dela Natura 2000 Sarearen koherentziari eta konektagarritasunari laguntzen dielako.

– Baia ibaia interes bereziko eremutzat jotzen da kudeaketa-plan onartua duten fauna-espezie mehatxatu hauentzat: bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba arrunta (Lutra lutra), ibai-kabuxa (Salaria fluviatilis), mazkar arantzaduna (Cobitis calderoni) eta hegoaldeko katxoa (Squalius pyrenaicus). Gainera, uhalde-enararen (Riparia riparia) banaketa-area naturaltzat jotzen da, eta horrek ere badu kudeaketa-plan bat onartuta Araban. Gainera, kontuan hartu behar da bisoi europarra, igaraba arrunta, martin arrantzalea (Alcedo atthis), ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta uhalde-enara Baia ibaia KBEko elementu giltzarritzat jotzen direla.

– ETLLaren zati bat akuiferoak dituen interes hidrogeologikoko eremu batetik igarotzen da.

– EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialari (LPS) jarraikiz, bai instalazio fotovoltaikoak berak (IFV), bai ebakuazio-lineak, balio estrategiko handiko lurzoruak ukitzen dituzte.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSri jarraikiz, Baia ibaiak lehengoratzeko premia duten ertzak ditu tarte horretan.

– Proiektua kokatuta dagoen eremua bat dator EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan jasotako Labore-paisaia eta Ibaiertzeko eremuen paisaia kategoriekin.

– Arabako Lurralde Historikoko paisaia berezien eta bikainen katalogoari (2005) jarraikiz, Baia ibaia «Ibaiertzeko eremuen paisaia» (50. zk.) bikain gisa katalogatuta dago, eta paper garrantzitsua du lotura ekologiko eta paisaia-lotura gisa, beste zortzi paisaia bikainekin lotuta baitago.

– Proiektua Erriberabeitia udalerriko 32. arkeologia-eremuaren mugaketaren barruan dago, Las Celadas kokalekuan. Gainera, inguruetan, Erriberabeitia udalerriko arkeologia-gune hauek daude: 33. zk., Zarriza kokalekua; eta 17. zk., Magdalena herrixkaren ustezko zona arkeologikoa (1997-07-10eko EHAA, 131. zk.).

– Ebakuazio-lineak A-3312 errepidea gurutzatzen du Donejakue Bidearekin («Barrualdeko Bidea») bat egiten duen puntuan. Zulaketa gidatu bidez egingo da gurutzaketa.

– Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren «Energia berriztagarrietarako ingurumen-zonakatzea: eolikoa eta fotovoltaikoa» tresnaren arabera, proiektua sentsibilitate-balio txikiko eremuetan dago kokatuta nagusiki, Baia ibaia gurutzatzen duten linea zatiak izan ezik, hor balioak ertainen eta maximoen artekoak baitira.

– «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» (2022) dokumentuaren arabera, IFVaren zati bat, iparraldeko eremua bereziki, ingurumen-sentsibilitate maximoko eremuan dago, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera (Balio estrategiko handiko lurzoruak). Beste alde batetik, ETLLak Baia ibaia gurutzatzen du, eta hori ere sentsibilitate maximokoa da (Natura 2000 Sarea, fauna mehatxatua, igarobide ekologikoak, paisaia, etab.).

Arriskuei dagokienez, alderdi hauek nabarmendu behar dira:

– Ebakuazio-lineak zeharkatzen dituen eremu batzuetan uholde-arriskua dago. Baia ibaiaren eta ebakuazio-linearen arteko gurutzatze-eremua ES91_ARPS_AEB 05 Miranda UAHEan dago.

– Aztertutako eremuak arrisku ertaina du higadura-prozesuei dagokienez; alabaina, kontuan hartu beharko dira balizko hondoratze karstiko karbonatatuak eta irristatzeak nahiz luiziak, eta prebentzio-neurriak hartu beharko dira horrelakoak gertatzeko probabilitatea murrizteko.

– Eremuak suteekiko duen zaurgarritasuna ertaina dela jotzen da, baina komenigarria izaten da beti behar bezala planifikatutako neurriak izatea.

– Proiektuaren eremuko arrisku sismikoaren probabilitatea ertaina da.

– Proiektu honetan, gai arriskutsuen garraioa arrisku handikotzat jotzen da.

3.– Espedientearen azterketa teknikoa.

Espedientean dagoen informazioaren arabera –ingurumen-inpaktuaren azterketan (2025eko otsailekoa) jasotzen den informazioa zein ukituriko administrazio publikoek eta interesdunek egindako txostenetakoa barne–, eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarra daitezke, laburbilduz.

3.1.– Aukerak hautatzeko ingurumen-analisia:

Ikuspegi teknologikotik planteatutako aukerei dagokienez, eguzki-jarraigailuetarako dauden hirurak aztertu dira (finkoa, ardatz bakarreko jarraigailuak, edo bi ardatzeko jarraigailuak), eta ardatz bakarreko eguzki-jarraigailuak ezartzea hautatu da. Sistema horrek nabarmen handitzen du elektrizitatearen sorkuntza sistema tradizional finkoen aldean (% 30 gehiago), eta, bi ardatzeko jarraigailuen instalazioen aldean, % 5 soilik murrizten da errendimendua. Bi ardatzeko sistemak, ordea, azalera handiagoa behar du ekoizpen bera lortzeko.

Kokapen-aukerei dagokienez, hiru aztertu dira. Kokalekua hautatzeko, irizpide hauek hartu dira kontuan:

– Kokalekua, asko baldintzatzen baitu konpainia banatzaileak emandako konexio-puntuaren kokapenak, ST Mirandako 30 kV-eko Miranda - Industrial 5 eremuko 6. linean, 16133 (4944889) eta 16134 (4947033) euskarrien arteko tartean, koordenatu hauetan: X: 506.097,00 m E; Y: 4.728.042,00 m N.

– Lursaila beste jarduketa baterako konprometituta ez egotea, eta jarduketa hori bateraezina izatea hemen aztertzen denarekin.

– Lursailak erabilgarri egotea; izan ere, jabe guztiak ez daude prest beren lursailak lagatzeko, ez errentamendu edo salmentan, ez jabetza hartzeko beste ezein modutan, haietan hemen proposatutakoaren moduko instalazioak ezar daitezen.

– Lurraldeak ingurumenaren aldetik zer sentsibilitate duen, eta SIGPAC eta RN2000ren kartografiak erabiltzea ondoren afekziorik izango ez dela arrazoitu eta berresteko.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren arabera, 1. kokapen-aukera izango da egokiena, besteak beste, konexio-puntutik gertu dagoelako eta afekzio-azalera txikiagoa delako.

Ebakuazio-linearen trazaduraren aukerei dagokienez, hiru aukera aztertu dira parkea non kokatuko den hautatu ondoren. Guztiek Baia ibaia zeharkatzen dute. Aukera guztiak aztertu ondoren, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren ustez 1. aukera da egokiena, gainerakoak baino pixka bat laburragoa delako eta lurpeko trazadura duelako; horrela, hegaztiak linea elektrikoetan elektrokutatzeko arriskua kentzen da.

3.2.– Hautatutako alternatibaren inpaktu nabarmenen tratamendua.

Ingurunearen gaineko inpaktu nagusiak, batez ere, instalazioa egiteko fasekoak izango dira. Lurra prestatzeko, nekazaritzako lurra okupatu, landaredia kendu, lurrak mugitu, eta lurzorua trinkotu eta higatu behar da. Ondoren, parkeko elementuak instalatuko dira: eguzki-jarraigailuak tinkatu, transformazio-zentroen eta ebaketa-zentroen oinarria hormigoitu, hesiaren zutoinak eta, hala badagokio, eguzki-jarraigailuak hormigoitu, kable elektrikoak ezartzeko zangak ireki eta bideak eta sarbideak egokitu.

Proiektua gauzatzen den bitartean, emisio atmosferikoak (partikulak, zarata) egongo dira, hondakinak sortuko dira, eta litekeena da obran sortutako efluenteek lurrazaleko eta lurpeko uretan eragina izatea, makinen mantentze-lanek istripuz isurketak eragitea eta herritarrek eragozpenak jasatea.

Ondoren, ustiapen fasean, balizko beste inpaktu batzuk nabarmendu behar dira, hala nola infiltrazioa murriztea, lurrazaleko jariatze-ura ugaritzea, fauna-komunitateei erasatea, lurraldea zatitzea, ekosistemen konektagarritasuna murriztea eta paisaiari erasatea.

Azkenik, desmuntatzeko fasean, lur-mugimenduak egongo dira, materialak utzi eta metatuko dira, makinak erabiliko dira, egiturak desmuntatuko dira, eta hondakinak sortuko dira.

Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan. Eragin hori itzulgarria izango da epe luzera, instalazioa desinstalatzen denean, lursailak ez baitu kalte handirik pairatuko. Zuzenketa-neurri errazak hartuta, jatorrizko egoerara itzul daiteke. Eguzki-instalazioa ezartzeko aurreikusitako jarduketek eta aurreikusitako mantentze-lanek (tratamendu kimikorik gabe) aukera emango dute, instalazioak itxiz gero, okupatutako lurzoruek epe laburrean lanak egin aurreko ezaugarriak berreskuratzeko.

Laburbilduz, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak honako hauen ondorio dira: balio agrologiko handiko lurzoruen eta lurzoru ureztatuen okupazioa, horrek nekazaritza-jarduerari eragiten baitio; faunaren habitaten murrizketa eta zatiketa, eta eguzki-panelen paisaia-inpaktua.

Nekazaritza-produktibitatearen galerari dagokionez, kontuan hartu behar da eguzki-panelak jarriko diren lurzatiak nagusiki nekazaritzakoa den eremu batean daudela, eta balio estrategiko handiko lurzoruetan, eta eremu horretan ukitutako labore motak ugariak direla. Nolanahi ere, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera, instalazio hori A motako zerbitzu-instalazio tekniko ez-lineala da, eta, beraz, nekazaritza eta abeltzaintzako eta landazabaleko zonan instalatu ahal izango da, bai «Balio estrategiko handian», Araba erdialdeko eremu funtzionalean egoteagatik, bai eta «Trantsizioko landa-paisaian» ere, baldin eta nekazaritza eta basozaintzako jardueran izango duen eragin sektoriala aztertzen bada, eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, sektore-eragina ebaluatzeko protokoloan (SEEP) jasotako baldintzetan (Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren I. eranskineko D dokumentua, «Jarduketa-tresnak»).

Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiaren Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailaren Nekazaritza Garapeneko Zuzendaritzak txostena eman du, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez ukitutako administrazio publikoei egindako kontsulten esparruan. Bada, txosten horretan, eranskin gisa jaso du azterketa hori, eta ondorioztatu du proiektu honek inpaktu isolatu eta ertaina eragiten duela «Balio estrategiko handiko» kategoriako lurzoruan, eta bateragarria dela «Trantsizioko landa-paisaia» azpikategoriako lurzoruarentzat.

Beste alde batetik, azpimarratu behar da, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratutako energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren ingurumen-zonifikazioaren proposamenari jarraikiz, instalazioaren zatirik handiena energia fotovoltaikoko instalazioak jartzeko sentsibilitate maximokotzat jotako leku batean dagoela, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera (Balio estrategiko handiko lurzoruak).

Sustatzaileak, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean zehaztutako balio agrologiko handiko lurzoruen okupazioa konpentsatze aldera, okupatutakoa adina konpentsatzeko konpentsazio-neurria ezarri du, eta, hortaz, nekazaritza eta ingurumeneko estandarrak betetzen dituen azalera bera lortuko da laborantzarako (7,45 ha). Horretarako, laborantza-lurrak alokatzea aurreikusten da, estepako espezieetarako egokiak diren laboreak ereiteko, nekazaritza eta ingurumeneko kudeaketa izango dutenak. Aurreikusitako konpentsazio-neurriaren edukia ebazpen honen 4.12 atalean laburbiltzen da.

Faunari dagokionez, Erriberabeitiko udalerrian nekazaritzarako erabiltzen den azalera osoa kontuan hartuta, laborantzak okupatutako azalera txikia da; beraz, zereal-soroak elikatzeko eta bizitzeko erabiltzen dituen faunaren gaineko inpaktua ez da handia izango. Hesi perimetrala zinegetikoa izango da, ingurumen-inpakturen azterketako neurriei jarraikiz; sare-begiaren neurria 30 x 30 cm-koa izango da beheko aldean, ez du ez zokalorik ez loturarik izango lurrarekin lotzeko, eta lurretik 20-30 bat zentimetrora geldituko da, eta, gainera, ez da bihurdura bakuneko edo oilategi motako sarerik erabiliko, ez eta txarrantxarik edo bestelako elementu ebakitzailerik ere. Horregatik guztiagatik, ez da aurreikusten hesiak efekturik izango duenik eremuko konektagarritasun ekologikoan, ez delako oztopo izango lurreko faunarentzat. Nolanahi ere, proiektua gauzatzeko faserako, neurri egokiak hartu beharko dira, batez ere, estepako hegaztiei erasatea saihesteko; esate baterako, jardunean hasi aurretik azterlan bat egin beharko da inguruan estepako zer hegazti-populazio dauden ezagutzeko, eta obrak egin aurretik prospekzioa egingo da, edo, beharrezkoa bada, obren egutegia egokitu beharko da, aurkitutako hegaztien fenologiaren arabera.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren txostenekin bat etorriz, instalazioak «Las Celadas kokalekua» balizko gune arkeologikoa (33. Zk.) ukitzen du. Beraz, arkeologia-baloraziorako zundaketa mekanikoak edo eskuzkoak egin beharko dira obrak hasi aurretik (ukitutako eremu arkeologikoaren herenean), eta, emaitzak ikusita, neurri egokienak hartuko dira kasuan-kasuan; izan ere, litekeena da horien ondorioz proiektua aldatu behar izatea. Zundaketen emaitza gorabehera, obra osoko lur-mugimenduen kontrola egin beharko da.

Bestalde, linea elektrikoak Donejakue Bidea zeharkatzen du; ez da aurreikusten, ordea, jarduketa horrek Bidean eraginik izango duenik, zulaketa zuzendu bidez gurutzatuko baita bidea. Edonola ere, dagozkion neurriak hartu beharko dira erromesen joan-etorrietan eraginik ez izateko.

Ebakuazio-lineak egiteak erasan diezaieke Baia ibaia KBE eremu babestuari, Batasunaren intereseko habitatei (91E0* eta 92A0), fauna mehatxatuarentzako interes bereziko eremuei (bisoi europarra, igaraba arrunta, ibai-kabuxa, hegoaldeko katxoa eta mazkar arantzaduna) eta uhalde-enararen banaketa naturaleko eremuari; beraz, nabarmendu behar da sustatzaileak aldatu egin duela hasierako proiektuan jasotako asmoa (Baia ibaia airetik gurutzatzea), eta, azkenean, zulaketa horizontal gidatu (ZHG) bidezko lurpeko linea bat proiektatu dela, eta horrek nabarmen murrizten dituela eraginak.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenaren arabera, ZHGaren sarrera- eta irteera-putzuak non dauden eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean planteatzen den ibaiertzeko basoaren zuinketa kontuan hartuta (40 metroko zuinketa ibaiaren bi aldeetan), ez zaio inolako kalterik egingo Baia ibaiari eta haren ibaiertzeko basoari. Ondorioz, planteamendu berri horrekin, proiektuak Baia ibaia KBEaren osotasunari kalterik egingo ez diola uste da. Era berean, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak adierazi duenez, planteatutako aldaketarekin, ukitutako gune babestuen gaineko eraginak ez dira handiak, eta, beraz, proiektua gauzatzea bateragarria da espazio horien natura-balioak kontserbatzearekin. Hala ere, gerora sortutako arrazoiengatik edo beste edozein arrazoirengatik kalterik egiten bazaie intereseko espezie edo habitatei, sustatzaileak horiek lehengoratu beharko ditu, Natura Ondarearen Zerbitzuak horretarako ezartzen dituen jarraibideak eta baldintzak betez.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak paisaian eragingo duen inpaktuari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatzen du inpaktua minimoa izango dela, bai inguruan dagoen txandakatze-mailagatik, bai eta instalazioaren tamainagatik ere. Inpaktu ertaintzat jotzen du, zuzenketa-neurriak jarri behar direnez; zehazki, hesiaren alboan jarriko den landare-pantaila, instalazioa paisaian integratzen lagundu eta partzialki haren ikusgarritasuna mugatuko duelako. Landare-pantailak ebazpen honen 4.2 eta 4.3 apartatuetan ezarritako ezaugarriak izan beharko ditu.

Gainera, lanak egitean gerta litezkeen inpaktuen artean, kontuan hartu behar da giza osasunaren eta atseden publikoaren gaineko zuzeneko edo zeharkako eragina: hauts gehiago harrotuko da, soinu-maila igoko da, eta beste zenbait eragozpen sortuko dira bizitokietan. Ildo horretatik, kontuan hartu behar da Ribabellosa udalerriaren hirigunetik 1 km-era dagoela instalazioa, eta ebakuazio-linea, berriz, 400 m-ra punturik hurbilenean. Hala, ebazpen honen 4.7 eta 4.8 apartatuetan, giza inguruneari eragindako kalteak arintzeko neurriak zehazten dira.

Instalazioaren obren eta funtzionamenduaren ondorioz, hondakinak sortuko dira, eta lurzoruak nahiz ingurune hidrologikoa kutsatzeko arriskua egongo da, istripuzko isurien edo hondakin-kudeaketa okerraren eraginez. Ildo horretan, ebazpen honen 4.5 eta 4.9 apartatuetan jasotako zuzenketa-neurriak aplikatuko dira.

Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenean izango dituen ondorio kaltegarriak zuzentzeko eta babesteko neurriak.

Baldintza orokorrak:

– Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

– Ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzkoak, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektua garatzeko Plan Berezi bat izapidetu behar da (eta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaio), hirigintzarekin bat datorrela bermatzeko.

– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

– Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

– Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpenean finkatutakoak bermatzeko.

– Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako neurriei honako apartatu hauetan azaltzen diren neurriak gehitu beharko zaizkie:

Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak:

– Paisaia integratzeko eta fauna zaindu eta babesteko, landare-pantaila bat jarriko da hesi osoaren inguruan.

Instalazio osoak ahalik eta gutxien aldatu beharko du paisaia. Horretarako, instalatu beharreko itxitura perimetrala ingurunearekin bat datozen eta paisaian eragin txikia duten materialak edo estaldurak erabiliz egingo da. Ingurune naturalarekin bat datozen pintura mateak erabiliko dira.

– Obrak ukitutako eremu guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean obraren ondorioz kaltetu direnak ere.

– Lurrak mugitzean landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

– Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere. Espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatze-lanetan, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.

– Obrek ukitutako eremu guztietako lehengoratze-neurriak obrak egin ahala hartuko dira; hala, obrek aurrera egiten duten neurrian, birmoldaketa- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Parkearen bizitza baliagarri osoan zehar, zenbait mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da erabiliko pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik landaredia tratatzeko.

– Instalazioaren ezaugarri teknikoek horretarako aukera ematen badute, modulu fotovoltaikoan islapenaren aurkako tratamendua duen akabera jartzea gomendatzen da, argiaren erreflexua saihestu edo minimizatuko duena, instalazioaren ikus-inpaktua minimizatzeko.

– Aurreko paragrafoetan adierazitako betebeharrak eta aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoak betetze aldera, «Beitia» parke fotovoltaikoa gauzatzeko proiektuak Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektu bat izan beharko du. Proiektu horretan, landare-hesiak landatzeko eta obrek ukitutako eremu guztiak landareztatzeko proposamena jasoko da. Lehengoratze-proiektua hirugarren batzuek egiteko bezain xehea izan beharko da, eta natura-ondarearen arloan eskumenak dituzten administrazioek baliozkotu beharko dute.

– Lehengoratze-proiektua obrek irauten duten bitartean jarriko da martxan, lanak egin ondoren jarraituko du, eta desmuntatzeko fasean ingurumena lehengoratzeko ere erabiliko da, ukitutako eremuak lehengoratzen direla bermatzeko. Proiektu honek honako hauek zehaztu eta kuantifikatu behar ditu: lan-azalerak, lurzorua prestatzeko metodoak, erabili beharreko landare-espezieak, landaketen antolamendua eta osaera, ereiteko edo landatzeko metodoak eta gainerako preskripzio teknikoak, bai eta jarduketa guztien aurrekontua eta kronograma ere.

– Kontuan hartuta landaketak urteko sasoi jakin batzuetan egin behar direla eta beste ingurumen-baldintza batzuk behar dituztela, landareztatzea obrak amaitu ondorengo lehen landatze-aldian egingo da, eta horien jarraipena egin eta bideragarritasuna ziurtatuko da eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri osoan.

– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak zein aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatze-jarduketak eta landare-hesia sortzekoak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Istripuz kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurriak hartu ahal izango dira. Aldez aurretik, txostena egingo du ebazpen honen 4.14 apartatuan aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

– Proposatutako hesiari dagokionez, dokumentazioan jasotako oharrak aintzat hartzeaz gain, honako neurri hauek bete behar dira:

– Hesia garapen fotovoltaikoko eremu zehatzetan bakarrik jarri beharko da, eta itxitura-eremuak minimizatuko dira.

– Dauden baso-masetatik ahalik eta urrunen jarriko dira, landaredi naturala duten zuhaiztiak eta mendi-mazelak utzita.

– Hesiak basafaunaren zirkulazioa ahalbidetu behar du; ahal dela, ez du izango 2 metrotik gorako altuera, fauna txiki eta ertainari iragaten uzten dien diseinu bat izango du, eta «katazulo» motako pasabide batzuk prestatuko dira, lurzorura ainguratu edo lotu gabeak. Era berean, seinale islatzaileak dituzten talka-aurkako mekanismoak jarriko dira 10 metrotik behin hesiaren trazadura osoan, abifaunak talka egiteko probabilitatea gutxitzeko.

– 4.2 apartatuan adierazten den bezala, ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektuak barne hartuko du landare-pantaila bat instalatzea hesi osoaren inguruan. Landare-pantaila hori hesiaz kanpo jarriko da, hesiak ez dezan talka-arriskurik ekarri hegan doazen hegaztientzat; babesleku gisa balioko die zenbait espezieri eta paisaia integratzeko elementua izango da; gainera, hurbilen dauden herrietatik ikusmen-inpaktua gutxituko du. Espezie autoktonoak landatuta hesi naturalizatuak jartzeko nahikoa lurzoru-azalera gordeko da. Gutxienez 5 metroko zabalerako zerrendak eduki beharko lirateke, zuhaitz- eta zuhaixka-geruza desberdinak dituzten pantailak eratzeko. Modu azkar eta trinkoan hazten diren espezie handiagoak erabiliko dira, motelago hazten diren inguruko berezko espezieekin batera (Quercus sp.), baita zuhaixkak, fruituak dituzten espezieak, sastrakak eta gramineoak ere, naturaltasun-maila handiagoa lortzeko.

– Baia ibaiaren gurutzagunea egitean, ibaiertzeko landare-formazioetan eraginik ez izatea bermatu beharko da, eta zaindu egin beharko da ibaiertzetako ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera. Zona horiek obrak egin aurretik balizatuko dira, makinen ondoriozko kalte oro saihesteko.

– Abifaunari dagokionez, proiektuaren eremua sentikorra da hor estepako hegaztiak egon litezkeelako; zehazki, mirotz urdina (Cyrcus pygargus). Espezie horrek «kaltebera» kategoria du Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan, eta haren habitata jada hainbat faktorek mehatxatzen dute (monolaborantzak, nekazaritza intentsifikatzea, herbiziden eta agrokimikoen erabilera, presio antropikoak...). Horri dagokionez, jardunean hasi aurretik azterlan bat egingo da, eta espezie horrek apiriletik ekainera bitartean eremu hori nola erabiltzen duen sartuko da analisian. Hautemateko garairik egokiena (ugaldu aurrekoa) apirila da, aktiboago daudelako. Ugaldu aurreko garaian (apirilean) eta ugalketa-garaian (apirilaren bigarren hamabostalditik ekainera bitartean), espeziea bilatzeko, material optiko egokiarekin behatuko da espezie horrentzat aproposa den habitata. Horretarako, hamabost egunean behin behaketa-puntu bakoitzera ordubeteko bisita egitea proposatzen da (4 bisita, gutxienez 10 eguneko tartearekin). Aleren bat hautemanez gero, beste ordu bat egongo da bertan (gehienez 3 ordu). Ugaltze-portaerak eta egon litezkeen habien guneak hautematen saiatu beharko da. Helduak urduri ikusten badira, edo alarma- edo mehatxu-zantzuak dituztela, behaketa eten eta eremutik alde egingo da. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko dokumentuak hartu daitezke erreferentzia gisa.

Kontuan hartuko dira, halakorik bada, gertuko antzeko instalazioek dagoen abifaunari buruz dituzten azterlanak eta informazioa.

Jardunean hasi aurreko azterlan hori Arabako Foru Aldundiko ingurumen-organoari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaie proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bitartez, eta lortutako datuen arabera, proiektuan neurri berriak ezartzeko eskatu ahal izango dute.

– Era berean, obrak hasi aurretik, belar-sastrakak kendu eta lur-mugimenduak egin diren tokietan, fauna-prospekzio xehatua egin beharko du gaian aditua den teknikari batek, dagokion garai fenologikoan, habiak egin direla baztertu edo berresteko. Kontuan hartu beharko da zer potentzial duten instalazio fotovoltaikoak hartutako nekazaritza-eremuek, mirotz urdinek (Cyrcus pygargus) bertan habiak egiteko. Babestutako espezieen habiak edo aleak hautematen badira, agintaritza eskudunei jakinaraziko zaie, neurri egokiak ezar ditzaten ukitutako espeziearen arabera.

Halakoetan, jarduketak gauzatzeko egutegia finkatuko da, erasan litezkeen espezie babestuen aldi sentikorrak kontuan har daitezen. Instalazioa eraikitzeko, lursaila pixkanaka okupatzea gomendatzen da.

– Gauez instalazio fotovoltaikoa argiztatzea saihestuko da, baita eraikitzeko fasean gaueko lanak egitea ere. Salbuespen bakarrak dira araudiak eskatzen dituen sistemak eta eraikin osagarrietan ezinbestekoak diren edo arrisku-egoerei aurre egiteko diren argiztapenak. Kasu horietan, uhin laburreko luzera ugariko argi zuria igortzen ez duten luminariak (urdinak eta ultramoreak) erabiliko dira, argiztapena plano horizontalaren azpitik proiektatuko da lurrerantz, eta behar denean soilik.

– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ez daitezen hedatu lur-mugimenduen bitartez. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen xede diren lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera.

Nekazaritza-erabilera babesteko neurriak:

Proiektatutako jarduera Arabako Haranetako Ureztatze Azpisistemako lursail ureztatuetan egingo da, eta, beraz, instalazioak lurzati horretan jarririk lursailaren erabilera aldatzea aurreikusten denez, azkenean proiektua baimentzen bada, horren berri eman beharko zaio Ureztatzaileen Komunitateari, bere ureztatze-eremutik kendu dezan azalera hori, eta komunitate horrek eska diezaion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari haren emakidaren ezaugarriak aldatzeko, azalera eta ur-bolumena murriztu direnez.

Bestalde, proiektuak kontuan hartu beharko du jarduketek landa-bideetan duten eragina, eta Arabako Lurralde Historikoko landa-bideak erabili, kontserbatzeari eta zaintzeari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da. Hala badagokio, bide horietan eragina duen edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari.

Lurzorua eta urak babesteko neurriak:

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

– Lursailak parkearen funtzionamendurako beharrezkoak diren eraikinen zimenduak jartzeko bakarrik berdinduko dira, eta, ahal dela, panelen ezarpen-eremuetan ez da lurzorua berdinduko. Eremu horietan, ahal bada, lurzoruaren jatorrizko profilari eutsiko zaio, gainazaleko geruza kendu gabe; aldaketa bakarrak zangan lurpeko kableak jartzeak eragiten dituenak izango dira.

– Ahal beste murriztu beharko dira makineriaren lan-plataforma eta sarbideak, eta behar-beharrezkoa den lurzorua baino ez da ukituko.

– Oro har, eraikitzeko fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera; horrez gain, uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatu beharko da. Era berean, euste-sistema egokiak jarri beharko dira, isurketarik bada Baia ibaiari kalterik egiten ez zaiola ziurtatzeko.

– Zulaketa egiteko lohi bentonitikoak erabiltzeko beharrari dagokionez, arreta berezia jarri beharko da haien erabileran, eta, kasua bada, atxikipen-hesiak jarri beharko dira Baia ibaira isurketarik ez egiteko.

– Une oro urak lurrazaletik ibilguetarantz drainatzea bermatuko da, ertzak garbi mantenduz. Landare-lurraren geruza landareak lehengoratzeko berrerabiliko da, eta parke osoan drainatze-sare bat jarriko da, eremuko jariatze-ura hustubide naturalera bideratzeko. Gainera, euri-urak biltzeko eta husteko sistemarik eraginkorrenak jarri beharko dira.

– Ibaiertzeko landare-formazioei kalterik ez egitea bermatuko da, ibaiertzetako ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera zainduz.

– Landaredi naturala kontrolatzeko ez da herbizidarik eta pestizidarik erabiliko, lurrazaleko eta lurpeko urak kutsa baitaitezke. Horrela, espezie espontaneoen hazkundea erraztuko da, eta eremu biogeografikoarekin bat etorriko diren tamaina txikiko espezieak edo zuhaixkak landatuko dira. Mantentze-lanak metodo mekanikoen bidez egin beharko dira. Inguruan dagoen azienda estentsiboarekin bazkaren aprobetxamendua egitea gomendatzen da, ahal dela ardi-aziendarekin.

– Panelak garbitzeko ez da produktu kimiko kutsagarririk edo arriskutsurik erabiliko, eta ahal den guztietan ur birziklatua erabiltzea lehenetsiko da.

– Karraskariak, lagomorfoak edo beste animalia batzuk kontrolatzea ezinbestekoa bada, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliko dira kontrolatzeko, eta ez da pestizidarik, intsektizidarik, errodentizidarik edo bestelako pozoirik erabiliko.

– Linea elektrikoa mantentzeko behar diren ibilguetako jarduketek ibilguaren trazadura, fisionomia eta egitura errespetatu beharko dituzte.

– Hidrogeologiari dagokionez, beharrezkoa bada, lurpeko uretan izan daitezkeen eraginak kontuan hartzeko, honako hauek aztertuko dira: akuiferoen kokapena, kargatzeko eta sortzeko eremuak, uren kalitatea eta isurketen inbentarioa, eta maila freatikoen urtaroaren araberako bilakaera eta lurpeko fluxuen zehaztapena. Kontuan izan behar da akuiferoak betetzeko dinamika naturala aldatu litekeela, panel fotovoltaikoek lurraren azalera bat hartu dutelako.

– Proiektatutako jarduketak jarduketa-eremuko ingurune hidrikoan ahalik eta eragin txikiena izateko behar diren neurri guztiak hartu beharko dira, eta behar beste arretaz jardun beharko da. Hala, eremuaren dinamika hidrogeologikoan aldaketa nabarmenik ez eragitea bermatu behar da, eta une oro lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatu.

Horri dagokionez, instalazio fotovoltaikoak okupatutako eremu osoko gainazaleko jariatze-urak husteko, horiek biltzeko dekantazio-putzu txiki ezarri beharko litzateke, eremuko punturik baxuenean, hain zuzen. Hartara, aldi baterako bertan bilduko dira bideetako urak husteko arekatik datozen urak, drainatze-sarearekin lotu aurretik. Aldi baterako putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landareekin lehengoratu beharko litzatekeela uste da; horrela, azkar integratuko dira, eta, hasierako faseetatik, basafaunarentzako babesleku izango dira. Bereziki anfibioen ugalketarako habitaterako onuragarriak izango dira.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

e) Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa (biribilki modukoa, material pikortatua...) jarri beharko da eskura, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko. Istripuz jario edo isuriak daudenerako jarduteko protokolo bat ezarriko da.

– Obrak egin bitartean lursailera edo ibilgu publikoetara isurketak egiteari dagokionez, oroitarazi behar dugu horretarako ere beharko dela isurketa aurretiaz baimentzea, eta baimen horren esparruan ezarriko dira, hala badagokio, egokiak diren arauak.

– Eraikuntza-proiektuak ura hartzea aurreikusten badu, nahitaezkoa den aldi baterako baimena/emakida eskatu beharko zaio aldez aurretik Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

– Indarrean dagoen araudiaren arabera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena beharko dute jabari horretan nahiz haren zortasun-eremuetan (5 metro) eta zaintza-eremuetan (100 metro) egiten den jarduketa iraunkor nahiz aldi baterako guztiek, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatzen duena gorabehera, eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak ezartzen duena ezertan eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

Proiektua Erriberabeitia udalerriko 32. arkeologia-eremuaren mugaketaren barruan dago, Las Celadas kokalekuan. Gainera, inguruetan, Erriberabeitia udalerriko arkeologia-gune hauek daude: 33. zk., Zarriza kokalekua; eta 17. zk., Magdalena herrixkaren ustezko zona arkeologikoa (1997-07-10eko EHAA, 131. zk.).

Ondorioz, lanak hasi aurretik, arkeologia-baloraziorako zundaketa mekanikoak edo eskuzkoak egin beharko dira. Zundaketa horiek, gutxienez, lanen eraginpeko eremu arkeologikoaren herena hartu beharko dute. Emaitzak ikusita, Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak dagozkion zuzenketa-neurriak ezarri ahal izango ditu.

– Proiektuak ukitzen dituen gainerako lursailei dagokienez, obran zehar izandako lur-mugimenduen kontrol eta jarraipen arkeologikoa egingo da. Aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, jarraipen arkeologiko intentsiboa egingo da; ingurua balizatuko da, eta dagokion administrazioari aurkikuntzaren berri emango zaio.

– Nolanahi ere, berehala jakinarazi beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari proiektuaren edozein aldaketa egiten bada, baldin eta aldaketa horrek eragin arkeologikoa izan badezake, edo trazaduraren gainerakoan lanak egiten diren bitartean edozein aurkikuntza arkeologiko egiten bada (Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 74. artikulua.).

Hauts-emisioak murrizteko neurriak:

– Lanek iraun bitartean zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki biztanleguneen inguruan, eta, bereziki, indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, zarata sortzeko ordutegia mugatzean eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak; betiere Dekretu horretako 35 bis artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak:

– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan agindutakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batez pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kuboetan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:

Eguzki-jatorriko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak soilik) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasotzen du ekainaren 25eko 4/2015 Legeak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak (I. eranskina, ekainaren 25eko 4/2015 Legea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak aldatua). Ondorioz, instalazio horiek nahitaez bete beharko dituzte araudi horretan jasotako betebeharrak.

– Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, kasu horietarako aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

Garbiketa eta obra bukatzea:

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen 6,9. apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

Konpentsatzeko neurriak:

Sustatzaileak, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean zehaztutako balio agrologiko handiko lurzoruei erasaten zaiela-eta, Beitia instalazioak okupatutakoa adina konpentsatzea proposatzen du ingurumen-inpaktuaren azterlanean, nekazaritza eta ingurumeneko estandarrak betetzen dituen azalera bera lortzeko laborantzarako.

Horretarako, laborantza-lurrak alokatzea aurreikusten da, estepako espezieetarako egokiak diren laboreak ereiteko, nekazaritza eta ingurumeneko kudeaketa izango dutenak. Neurri horretarako, hesiz inguratutako azaleraren % 100a ezarri da (7,45 ha).

Hesi perimetraletik kanpoko lurretan, nekazaritzako ingurumen-kudeaketa egingo da, basafaunak aprobetxatu ahal ditzan.

Inguruko nekazariekin hitzarmenak egingo dira, estepako habitatak jartzeko lurrak lortzeko. Neurri hori ezartzeko, «Estepako hegaztiak kontserbatzeko lugorriak kudeatzeko eskuliburua» erabiliko da.

Jarduketa zehatz hauek proposatzen dira lurzati horietan:

– Labore-txandakatzea. Laboreak txandakatu egingo dira (gutxienez bi labore), urtean behin, eta bi urterik behin erabat lugorri utziko da, edo erdi-lugorri, ale-lekadunen haziz ereinda; lekadunak ezingo dira berdean erein, eta nekazariaren iritziaren arabera bilduko da, edo ez. Ez dira inola ere berde daudenean bazkarako bilduko.

– Gainereintza. Ereitean % 25 handituko da hazi kantitatea, badaezpada ere hegaztiek haziak jaten dituzten. Garia eta garagarra ereiteko, gutxieneko dosiak 200 kg/ha izango dira.

– Erabiliko den haziak ez du izango produktu kimikoz estaltzeko tratamendurik.

– Ziklo luzeko zerealak eta lekadunak erabiliko dira, eta abenduaren 15a baino lehen erein beharko dira beti.

– Gutxieneko laborantza edo zuzeneko ereintza. Ez da inola ere nekazaritza-lanik egingo apirilaren 1etik ekainaren 30era bitartean. Lugorrietan ez da lanik egingo. Irailaren 1etik aurrera, gainazala arin goldatu daiteke, irauli gabe (area pasa gabe).

– Debekatuta dago gauez lan mekanizatuak egitea (eguzkia sartzen denetik atera bitartean).

– Laboreetan, lugorrietan eta uztondoetan ezin izango da herbizidarik edo fungizidarik erabili. Intsektizidak eta errodentizidak ez dira erabiliko, Landare Osasunari buruzko 43/2002 Legearen arabera ofizialki aitortutako izurriteak daudenean izan ezik; halakoetan, erabili beharreko produktuak eta metodoak ofizialki gaituko dira.

– Uztak ez biltzea.

– Ongarrien eta bioziden erabilera mugatzea edo kentzea.

Sustatzaileak konpentsazio-plan batean garatuko ditu hartutako konpentsazio-neurriak, eta organo substantiboari aurkeztu beharko dizkio, instalazioa eraikitzeko fasea hasi aurretik.

Jarduera bertan behera uztea:

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartzen du parke fotovoltaikoko instalazio guztiak desmuntatzea haien bizitza baliagarriaren ondoren. Era berean, okupatutako lurzorua berreskuratzea eta haren izaeraren arabera sortutako hondakinak kudeatzea aurreikusten du.

Jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira. Hain zuzen, ebazpen honetan parke fotovoltaikoaren egikaritze eta ustiapen faseetarako ezarri direnen antzeko neurriak aplikatuko dira; batez ere, lursailaren berroneratze morfologikoari dagozkionak, eta lurzorua eta landaretza lehengoratzeari, uren kalitatea babesteari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak.

Bestalde, lehen aipatu bezala, eguzkitik datorren energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Ildo horretatik, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko du sustatzaileak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan xedatu bezala, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak.

Ingurumen-aholkularitza:

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ebazpen honen zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea:

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

a. Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

b. Intereseko flora- eta fauna-espezieen aleen gaineko eragina kontrolatzea, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatetan.

c. Hondakinik ez isurtzea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

d. Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

e. Proiektuaren eragin-eremuko espezieei zarata eta hautsa direla-eta eragozpenik ez eragitea.

Lan-programa diseinatzea.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondorengo azpiatal hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

–– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

–– Obran sortuko diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinekin lotutako betebeharrak nola beteko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.

Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.

Ingurumena zaintzeko plana instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar gauzatuko da, bereziki arlo hauek kontuan hartuta: faunarengan izango duen eraginaren kontrola, landaredia mantentzea, istripuz gertatutako isurketen kontrola, higadura-prozesuen kontrola eta aukeratutako konpentsazio-neurriei eustea eta horien eraginkortasuna.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

Obraren okupazio-mugak kontrolatzea:

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

Fauna kontrolatzea ustiapen fasean:

Faunaren kontrolari dagokionez, jarraipena egiteko metodologia zehaztu behar da: kontrol-ibilbideak, eguzki-instalazio fotovoltaikoan emandako denbora, egin beharreko kontrol mota (gorpuak bilatzea, abifaunaren mugimenduak aztertzea, etab.). Faunan adituak diren teknikari batzuek egin beharko dute jarraipena.

Panelekin eta itxiturako hesiarekin talka egitearen ondoriozko hilkortasuna detektatzeko, instalazioa abian jartzen den lehen hiru urteetan hamabost egunean behin egingo dira hilotz-kontrolak hesiaren inguruan eta instalazio-eremuaren barruan. Laginketak panelen arteko korridore guztiak zeharkatuz egingo dira, baita hesiaren kanpoko ertzari jarraituz ere. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna eraginaren ezaugarrietara egokitu ahal izango da, jarraipenaren maiztasuna handituta edo murriztuta.

Abifaunaren azterketa bat egin beharko du, bereziki, mirotz urdinarena, instalazioa martxan jarri eta 2 urte igaro ondoren. Jardunean hasi aurretik zegoen egoerarekin alderatu ahal izateko, antzeko metodologiarekin egin beharko dira bi azterlanak, eta urteko garai berean. Azterketa hori Arabako Foru Aldundiko ingurumen-organoari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidali beharko zaie, proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bitartez.

Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak ukitutako gainazalen landare-lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina:

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpenean ezarritakoak. Programan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea:

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatu eta lehengoratze-obren bermealdia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

Ingurume-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52 artikuluan xedatutakoa betez, jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da.

Era berean, aipatutako 52. artikuluaren arabera, ingurumena zaintzeko programa eta, behintzat, ingurumena zaintzeko programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda organo substantiboak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, eta, aldez aurretik, ingurumen-organoari jakinaraziko dio egoitza elektronikoan argitaratu duela.

Gorabeheren erregistroa:

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua gauzatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.

Halaber, ingurumena zaintzeko programaren emaitzak jendaurrean erakutsiko ditu organo substantiboak bere egoitza elektronikoan.

Neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea:

Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak aldatzeko ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen zaintzako programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumen zaintzako programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:

– Obrak hasi baino lehen, ebazpen honen 5. apartatuan adierazitako ingurumen zaintzako programako dokumentu bategina.

– Obrak hasi aurretik, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, ebazpen honen 4.2 apartatuan adierazitako zehaztapenekin.

– Obrak hasi aurretik, Ebazpen honen 4.12 apartatuan aipatzen den konpentsazio-plana, ekintzak zehaztu eta ekintzak hasteko egutegia ezartzen duena.

– Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, ebazpen honen 5.6 apartatuan adierazten denari jarraituta.

– Obrak amaitutakoan, urtean behin, jarduera hasten denetik eta jardueraren bizitza baliagarri osoan, eta lehengoratzearen berme-aldiaren amaieran, ebazpen honen 5. apartatuan ezarritako ingurumena zaintzeko programaren emaitzei buruzko dokumentua.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, amaitu egingo da ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzak 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

ERANSKINA

Jendaurreko informazioaren eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza

Jendaurreko informazioaren izapidean, EKIENEAren, ADIFen eta 243 partikularren alegazioak jaso dira (eduki berekoak).

Kontsulten izapidearen emaitza taula honetan jaso da:

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala