Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2025eko ekainaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2665

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 4koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2025eko ekainaren 3ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, onespena eman dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdiari. Apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 14.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera, ente publiko horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateei berrikuntzaren arloko inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak 2025eko ekainaaren 3ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakitera ematea laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, zeinaren bidez onartzen baita deialdia, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 4a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZAKO ENTITATEEK BERRIKUNTZAREN ARLOAN EGITEN DUTEN INBERTSIOA FINANTZATZEKO 2025EKO EKITALDIKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen du. Dekretu horren 2. artikuluan ezartzen da enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera; prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, jakintzan oinarritutako ekonomia batean.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari izendatzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lankidetzan aritu behar du sailarekin azken horretan, berari dagozkion arduren barruan. Baina hori guztia ezingo da eragozpena izan Hezkuntza Sailak lanbide-heziketaren zuzendaritzari, antolamenduari eta plangintzari lotuta oro har esleitu zaizkion eginkizunak bete ditzan.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa izeneko ente publikoak, zeina Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago, egitekoen artean ditu, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntzako programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, bat etorriz maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluarekin. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da langileei lan-merkatuan sartzen eta enplegu-aukerak hobetzen laguntzeko. Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei eta landunei aukera ematen zaie prestakuntza-eskaintza zabala izateko, behar bezala lagunduko diena enplegu-aukerak hobetzen, eta, hala, enpresen beharrizanei erantzun ahal izango zaie, ekoizpen-metodo eta -bitartekoen berrikuntzari eta eguneratzeari lotutako esparru guztiak aintzat hartuz.

2021-2024ko Enplegu Plan Estrategikoak hauxe dio: «Trantsizio digital, energetiko-klimatiko eta sozio-demografiko hirukoitza gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, gizarteen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da pertsona prestatuak izatea». «Kualifikazio handiko eskulana behar da, ondo prestatua eta moldagarria, eta biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta enpresen beharren arteko desorekak saihestea hiru trantsizioei lotutako profiletan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari ezinbestekoa iruditzen zaio langabeak eta landunak prestatzen lankidetzan aritzen diren entitateek EAEko enpresa-sarearen beharretara ondoen egokitzen diren eta eguneratuen dauden bitarteko eta instalazioak edukitzea eta, beraz, eguneratze eta egokitzapen hori babestea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025eko Dirulaguntza Plan Estrategikoan (Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburuaren Aginduz onartua eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean esekita dago (https://www.lanbide.euskadi.eus/hasiera/), «Laguntzak» atalean argitaratua) jasota daude enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko laguntzak (2.2 gako estrategikoa – Prestakuntza eraginkorragoa eta gure ekoizpen-sarearen benetako beharretara hobeto moldatzen dena, konpetentzia profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena). Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen du bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren Aginduaren bidez. Dirulaguntza hauen bidez ekonomikoki finantzatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetako azpiegitura berritzaileak, prestakuntza-ekintzak kalitate-bermeekin irakasteko aukera ematen dutenak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2025eko ekainaren 3ko bilkuran, ontzat eman du Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza-entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da 2025eko ekitaldirako enplegurako lanbide-heziketa ematen duten erakundeentzako laguntzak arautzea, azpiegitura berritzaileak emateko inbertsioa finantzatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazioetan, prestakuntza-ekintzak eman daitezen kalitate, eguneraketa eta eraginkortasuneko bermeekin, enpresen errealitate teknologikora eta gaur egun dituzten ekoizpen-bitartekoetara egokituta. Hartara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako prestakuntzak merkatuaren benetako beharrei erantzungo die, eta, beraz, sustatu egingo du enpresen lehiakortasuna eta langileen laneratzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko, guztira 4.000.000 euroren baliabide ekonomikoak emango dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.

Baliabide horiek bi dirulaguntza-lerrotan banatzen dira, honela:

a) 250.000 euro, ordenagailuetan inbertsioak egiteko, 4. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, bereziki 4.3 artikuluan.

b) 3.750.000 euro, gainerako inbertsioetarako.

Baldin dirulaguntza-lerro batean kreditua amaitzen ez bada, soberakinarekin beste lerroko laguntzak finantzatu ahal izango dira, eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Baldintza hauek betetzen dituzten prestakuntza-entitateek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak:

– Eusko Jaurlaritzaren mendekoa ez den prestakuntza-entitate pribatu edo publikoa izatea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako prestakuntza-entitateen erregistroan, prestakuntza-entitateen beste erregistro autonomiko batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan izena emanda edo akreditatuta egotea, dirulaguntza-eskabidea aurkezten denerako, diruz lagundu nahi diren inbertsioei dagokien lanbide-familiako prestakuntza-espezialitateetako bi irakasteko, gutxienez.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak eman izana, diruz lagundu nahi diren inbertsioei dagokien lanbide-familiakoak, honako bi baldintza hauek betez:

• Aurtengo ekitaldian espezialitate horiek ematen aritzea edo 2021-2025 aldian gutxienez hiru ekitalditan eman izana.

• Urtean batez beste familia horretako bi prestakuntza-ekintza eman izana, gutxienez. Batezbesteko hori honela kalkulatuko da: 2021. eta 2025. urteen artean (biak barne) eman diren edo emango diren ekintzen batura zati ekintza horiek eman diren urteen kopurua.

2.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean dauden entitateak:

a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egonik.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, auziren batean errudun deklaratu dutelako.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkarien kasuan, bateraezintasun-egoera hauetakoren batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat arauz hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

h) Dirulaguntzei dagokienez, itzulketa-betebeharren ordainketak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Konpromisoa hartu beharko dute egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena dutenak, barnean direla arrazoi hauengatik ezarritakoak:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak dituztenak, hauek barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiagoko enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Ez betetzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Proiektuaren kostua baino gehiagoko dirulaguntza jaso dutenak deialdi honen barruan diruz lagundutako jarduerak egiteko.

o) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean daudenak.

p) Deslokalizatzen diren enpresak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

q) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituztenak Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3.bis artikuluan aurreikusitako moduan. Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Aurreko q) apartatuan jasotako eskakizuna egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3.bis artikuluaren b) apartatuan aipatzen den dokumentazioaren bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22.bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbidek, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jardunak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira makina edo ekipamendu aurreratuak erosi edo alokatzeko jarduketak, renting eta leasing modalitateak barne, bai eta horiek instalatzeko gastuak ere, baldin eta beharrezkoak badira lanbide-familia bereko prestakuntza-espezialitateak emateko, berrikuntzaren arloko inbertsioa eragiten badute, edo azpiegiturak lan-merkatuan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara egokitzea eta eguneratzea badakarte, langileei aldaketa horietara egokitutako prestakuntza emate aldera.

Errentamendu, renting eta leasing kasuetan, kontratuaren iraupena gutxienez 2027ko abenduaren 31ra arte luzatu beharko da, eta haren aurkezpenari eutsi beharko zaio 2025eko gastuaren justifikazioarekin batera.

Leasing kasuan, kontratuaren iraupena txikiagoa izan daiteke, baldin eta egiaztatzen bada prestakuntza-entitateak konpromisoa duela kontratua amaitzean hura erosteko, 6.3.b) artikuluan adierazitakoaren arabera.

Era berean, diruz lagundu ahal izango da ikaskuntza-metodologia eta -tresna berritzaileak ezartze aldera instalazioak hobetu edo aldatzeko gastu oro, apaingarriak aintzat hartu gabe.

2.– Diruz lagundutako ekipamenduak eta makinak dirulaguntzaren xede zehatzera bideratuko dira, gutxienez 2027ko abenduaren 31ra arte.

Horri dagokionez, fisikoki prestakuntzarako espazioetan kokatuko dira (prestakuntzaren tailerrean edo gelan), eta soilik prestakuntzarako erabiliko dira. Ez dira inoiz erabiliko ikastetxeko irakasleen edo zuzendaritzaren erabilera esklusiboko ekipamendu moduan. Beraz, dagokion espezialitaterako espezifikoak izango dira.

3.– 2.a) artikuluan esandakoaren baitan egindako inbertsioak PCak (CPU + teklatua + pantaila), ordenagailu eramangarriak eta tabletak eskuratzeko besterik ez dira izango. Gainerako periferikoak, hala nola telebista-pantailak, inprimagailuak, eskanerrak, kamerak, mugikorrak, pda, software, aplikazioak... ez dira onartuko.

4.– Aurreko apartatuetan deskribatutako jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetan inplementatu beharko dira, izan propioak nahiz besterenak. Azken kasu horretan, errentamendu-kontratu bat edo instalazioak erabiltzeko hitzarmen bat eduki beharko da, 2. apartatuan zehaztutako denborarako, gutxienez.

5.– 2025eko urtarrilaren 1aren eta dirulaguntza-eskabidea aurkeztu den egunaren artean egin beharko dira makina edo ekipoak erosteko, errentamendu, renting edo leasingeko kuotak ordaintzeko eta deialdi honetako dirulaguntzaren xede diren instalazioak hobetu edo aldatzeko jarduketak. Hala, diruz lagundu daitekeen gastua aldi horretan benetan ordaindutakoa izango da.

6.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzeko kostua (rentinga eta leasinga barne) ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.

7.– Makineria eta ekipamenduak erostea zein alokatzea dela eta ordaindutako BEZa diruz laguntzeko modukoa izango da baldin eta ordaindutakoa zerga-arau aplikagarrien arabera ez bada berreskuragarria eta eskura dagoen azken ekitaldiari dagokion aitorpen-kitapenaren 390 eredua, edo zuzenbidean balio duen beste agiri frogagarriren bat aurkezten bada.

8.– Makina edo ekipo hauek ezin izango dira diruz lagundu:

– Administrazioko elementu komunak; prestakuntzako gelan, tailerrean edo prestakuntza-jarduerak egiten diren espazio fisikoan kokatuta ez dauden elementu informatikoak, baldin eta prestakuntzarako soilik erabiltzen ez badira (eskanerrak, inprimagailuak eta abar); eta ikastetxeko irakasleek, zuzendaritzak eta administrazioak soilik erabiltzekoak diren ekipoak.

– Aplikazio informatiko edo teknologikoen erabilerarako software eta lizentziak, beren xedeko espezialitateetarako espezifikoak ez direnak.

– Sareko elementu komunak, hala nola zerbitzariak, wifi sarbideak eta beren xedeko espezialitaterako espezifikoak ez diren beste batzuk.

– Erabilera partekatu eta orokorreko beste edozein elementu, bere xedeko espezialitaterako espezifikoa ez bada.

– Prestakuntza-zentroa izena emanda edo akreditatuta dagoen instalazioen alokairua, rentinga edo leasinga, bai eta lanbide-familiako edukien ikaskuntzarekin zuzenean lotuta ez dauden altzari orokor guztiak ere.

– Unitateko hondar-prezioa 100 euro baino gutxiagokoa duen elementu oro.

– Entitate eskatzaileak akreditatutako zein inskribatutako prestakuntza-espezialitateak gauzatzeko behar den material suntsikorreko elementuak.

– Memoria teknikoan behar bezala justifikatu gabeko ekipamendu eta makineria.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz laguntzekoa den gastuaren zenbatekoaren gainean kalkulatuko da, hauen arabera:

– 2021etik 2025era bitartean (biak barne) Lanbidek diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen batez besteko kopurua, lanbide-arlokoak eta edozein deialditakoak, dagoeneko eman direnak edo orain ematen ari direnak eta

– Diruz lagundu nahi diren inbertsioei lotuta dauden lanbide-familiako prestakuntza-espezialitateen kopurua, prestakuntza-entitate eskatzailea espezialitate horiek emateko inskribatuta edo egiaztatuta badago, ehuneko hauek aplikatuta:

(Ikus .PDF)

2.– Prestakuntza-entitate eta lanbide-familia bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da, kontuan hartu gabe 2. artikuluko dirulaguntzen lerro batera edo bi lerroetara aurkeztu den, eta entitate bakoitzeko gehienez hiru lanbide-familia finantzatuko dira, dirulaguntzen bi lerroetan. Edonola ere, de minimis laguntzak arautzen dituen Europako legerian aurreikusitako muga aplika daiteke, deialdi hau legeria horren pean baitago, 15. artikuluaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Helbide honetan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1218604

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da entitate bakoitzeko eta dirulaguntza-lerro bakoitzeko (2. artikulua), diruz lagundu nahi diren gastuak lanbide-familien arabera bereizita.

Inbertsio bakoitza lanbide-familia bakar bati esleitu dakioke.

3.– Eskabide bakoitzarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Aurkeztutako proiektu bakoitza deskribatzen duen memoria bat, elektronikoki sinatuta; bertan, egindako inbertsioaren azalpen deskribagarria, zergatik eta zertarako egin den, prestatze-jarduerari zer neurritan eragiten dion, harekin programatutako helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa eta emaitzen eta hobetzeko proposamenen ebaluazioa jasoko dira. Memoria hori ez da onartuko inbertsioaren objektua eta haren kostua baizik ez bada aurkezten.

b) Justifikazio-memoria ekonomikoa. Agiri horretan, honako hauek jasoko dira:

– Erosketaren kasuan: fakturak eta ordainketaren egiaztagiriak, bai eta faktura horien zerrenda ere, hornitzailearen edo finantza-entitatearen identifikazioarekin, faktura-zenbakiarekin, fakturaren jaulkipen-datarekin eta ordainketa-datarekin.

– Errentamendu, renting edo leasingaren kasuan: kuoten hileroko ordainagiriak edo fakturak, horiek ordaindu direla egiaztatuta, eta kontratuaren kopia, gutxienez 4.1 artikuluan aurreikusitako iraupenarekin. Leasingaren kasuan, kontratuaren iraupena artikulu horretan eskatutakoa baino txikiagoa bada, kontratua amaitzean hura erosteko aukera baliatzeko konpromisoa erantsi beharko da, bi aldeek sinatuta, edo, hala badagokio, diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan benetan egindako erosketaren egiaztagiria.

– Instalazioak hobetu edo aldatuz gero, apaingarriak aintzat hartu gabe, egindako gastua eta ordainketa egiaztatzen duten agiriak.

c) Inbertsioa dirulaguntzaren bidez ez ezik funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.

d) Balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratzeari buruzko informaziorako, dirulaguntzaren eskatzaileek zergaren aitorpenak aurkezteko betebeharrik ez dutela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga-administrazio eskudunak emandakoa, edo, hala badagokio, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko zergaren urteko likidazio-aitorpenaren 390 ereduaren kopia.

e) Diruz lagundutako inbertsioarekin edo gastuarekin lotutako instalazioak ez badira propioak, errentamendu-kontratuaren kopia edo hura erabiltzeko baimena ematen duen hitzarmena (gutxienez 2027ko abenduaren 31ra arte) aurkeztu beharko da, 2025. urteko gastuaren justifikazioarekin batera.

f) 3.2.f) artikuluan aurreikusitako kasuan, sozietateek ezin badute galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

4.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun baliodun dituela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela iritziko zaiola; hala irizteko, aurrez ebazpena eman behar da, eta horretan guztian urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraituko zaio.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2025eko irailaren 12an amaituko da.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak du prozedura kudeatzeko eskumena, eta Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak du prozedura ebazteko eskumena.

2.– Berrikuntzaren arloko inbertsioaren laguntzetarako dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko lehiaketa izango da.

Eskaerek deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, espedienteak osatzen diren unearen araberako ordenean emango dira laguntzak.

Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegurako Lanbide Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, egoitza elektronikoaren bidez.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak emateko ebazpenetan berariaz aipatuko da emandako dirulaguntzaren «de minimis» izaera.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

8. artikulua.– Prestakuntza-entitate onuradunen betebeharrak.

Prestakuntza-erakundearen onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak, zehazki, hauek:

a) Diruz lagundutako makinak eta ekipoak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez 2027ko abenduaren 31ra arte.

b) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, haien jardunak hala eskatzen duenean.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.

e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko langileei erraztasunak ematea diruz lagundutako inbertsioak dauden instalazioetara sartzeko.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako finantzaketaren berri berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horietatik sortzen diren ekintzetan ere. Finantzaketaren berri emateko neurri gisa, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan adierazpen hau sartu beharko da: «Makina edo ekipamendu honek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren kofinantzaketa jaso du 2025. urteko deialdian».

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Emandako dirulaguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren, onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan.

Erakundeak ez badu lehenago Lanbideren ordainketarik jaso edo bankuko datuak aldatu nahi baldin baditu, hirugarrenaren datu-fitxa bete beharko du, helbide honetan eskuragarri egongo dena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1218604

10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo bestelako laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa gertatuz gero, deialdi honen pean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak 4.5 artikuluan aurreikusitako aldiko gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.

12. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak behar diren egiaztapenak egingo ditu, egiaztatzeko diruz lagundutako makineria edo ekipamendua dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako erabiltzen dela 4.2 artikuluan eskatutako gutxieneko aldian.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, berrikuntzaren arloko inbertsioa jaso duten prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta diruz lagundutako makina/teknologia berriak erabiliz emandako prestakuntzaren emaitza ebaluatzeaz harago doan lana da, eta kalitatearen hobekuntza bermatzeko balio izango du.

Horretarako, prestakuntza-ekintzak egiten diren eta eskuratutako horniduraren kokaleku den zentroa bisitatu ahalko da, eta idazki bidez jasoko da dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, hornidura eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...), edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman diren, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdiaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako makinak/teknologiak prestakuntza-entitatearen instalazioetan benetan zer egoeratan dauden aztertzeko.

13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute. Bereziki, kasu hauetan:

a) Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak abiaraziko du laguntza itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Horrez gain, jakinaraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenean ez-betetzea gertatu dela jasotzen bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu izana adieraziko du, eta, hala badagokio, dagozkion kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharra, Ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

Itzuli beharrekoak borondatezko epean itzultzen ez badira, premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

14. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

15. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzek hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman «de minimis» laguntzetan, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «de minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «de minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

16. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Laguntza-programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: oinarrizko legediari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; eta, horiez gain, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duena eta dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.


Azterketa dokumentala