
112. zk., 2025eko ekainaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
2660
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 27koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza-proiektua».
Instalazioak modernizatzera bideratutako jarduketen barruan, tren-ustiapenaren gero eta premia zorrotzagoei erantzun ahal izateko, funtzionaltasun eta eraginkortasun handiko trenbide-sarea izatea ahalbidetuko duten proiektu batzuk planteatzen dira, azpiegiturak hobetuz, horrela bidaiarien eta garraiatutako salgaien kuota handitze aldera. Hori lortzeko, bidaiarien trenen maiztasuna handitu beharko da, eta merkantzia-tren gehiago sartu beharko dira.
Modernizatu behar diren instalazio horien artean, energia-azpiegitura dago. Azpiegitura horren funtsezko osagaia trakzioko azpiestazio elektrikoak dira, eta horien artean egun Errenterian dagoen azpiestazioa sareko zaharrenetako bat da, 1971. urtekoa. Azpiestazio horren antzinatasunak ordezko piezen horniduran arazoak sortzen ditu maiz, eta, gainera, diseinu zaharkitua du, goi-tentsioko parkea aire zabalean baitago.
Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da dagokion proiektua idaztea, Errenterian trakzioko azpiestazio elektriko berri bat eraikitzeko.
Proiektuaren helburua Euskal Trenbide Sareko Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza-proiektua idaztea da.
Proiektu honen baitan kudeaketa- eta kontrol-sistemak instalazio elektrikoetan banatuta ezartzea aztertu da, bai eta maniobra-ebakigailuak instalatzea ere, eta jazoeraren bat gertatuz gero, elementu horiek kontrolatu eta eragin ahal izatea.
Proiektu honetan sartzen dira, beraz, bertan dauden elikatzeko feeder-ebakigailuak, bai eta feeder-puntako ebakigailuak eta katenaria-zubia ebakigailuak kontrolatzeko eta teleagintea egiteko lanak ere. Proiektu honen xedetzat hartuko dugu, halaber, azpiestazioko komunikazio-ekipo egokia definitzea, azpiestazioak ETSko komunikazio-sarearekin bat egin dezan. Komunikazioari dagozkion instalazioetan sartzen dira bideozaintza, telefonia, eta intrusioaren aurkako eta sarbideak kontrolatzeko sistemak.
Honekin batera, proiektu honetan hargune elektrikoen dimentsionamenduaz arduratuko gara, lan baldintza berrietara egokitzeaz, eta 13,2 kV eta 2,2 kV erdi-tentsioko lineari dagozkion kableen ekipamenduaz eta hoditeria ezartzeaz.
Era berean, azpiestazioa aginte-postu nagusian sartzea ere aurreikusten da, bai eta babesteko sistema (arraste) ezartzeko beharrezkoak diren instalazio eta programazioak ere, «hotzeko» programazioa barne hartuta, aurrerago zehaztasunez definituko duguna.
Horrenbestez, proiektuan sartzen da ETSko Errenteriako lantegietan kokatutako egungo azpiestazioa eraisteko edo desegiteko lanak gauzatzea.
Ondorioz, proiektu honen xedea Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoko instalazioak eraikitzeko eta martxan jartzeko beharrezkoak diren lanak kontrata bidez egikaritzeko definizioa eta balorazioa prestatzea da.
Proiektuaren irispidearen baitan sartzen dira Errenteriako azpiestazio berriaren eragiketa-eskakizunak eta ustiapen-helburuak, azpiestazioaren konexioa lehen mailako energia-sarearekin eta lineako elektrifikazio-sistemekin, bai eta komunikazio eta teleaginteari dagozkionak eta aginte-postuarekin bat egiteko gauzatu beharreko jarduerak ere.
Eraikina kokatuta dagoen lurzatiak triangelu-forma nabarmena du, eta 1079 m2 inguruko azalera hartzen du ETSren trenbideen, iparraldetik, eta Erramun Astibia kalearen artean, hegoaldetik eta mendebaldetik. Kale horrek bidegorri bat du hegoaldean lurzatiaren eta espaloi publikoaren artean. Proiektatutako azpiestaziorako sarbidea lurzatiaren ipar-ekialdeko puntan dago aurreikusita, bidetik, eta bidegorria zeharkatuz.
Proiektuan oinplano angeluzuzeneko nabe bat eraikitzea sartzen da, gutxi gorabehera 28,78 x 10,25 m-koa.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua hiru milioi hirurehun eta laurogeita bost mila ehun eta laurogeita hamazortzi euro eta hogeita bost zentimokoa da (3.385.198,25 euro). Lizitazio-oinarriaren aurrekontuaren zenbatekoa lau milioi zortziehun eta hirurogeita hamalau mila hirurehun eta berrogeita sei euro eta laurogeita hamasei zentimokoa da (4.874.346,96 euro), BEZa barne; eta administrazioak horren berri izateko aurrekontua: lau milioi hogeita hamaika mila seiehun eta laurogeita lau euro eta berrogeita zazpi zentimokoa da (4.031.684,47 euro) BEZa kanpo.
Obrak egiteko hamabost (15) hilabeteko epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua, eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du euskal trenbide-sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak 11.2.b) artikuluan.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, lau milioi zortziehun eta hirurogeita hamalau mila hirurehun eta berrogeita sei euro eta laurogeita hamasei zentimokoa da (4.874.346,96 euro), eta obrak egiteko epea hamabost (15) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 27a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS