Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2025eko ekainaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
2650

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 6koa, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Zerbitzuen zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxeetako Zuzendaritzen esku uzten duena zenbait gairen gaineko eskumenak egikaritzea.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak 8.1.b) eta c) artikuluaren letretan ezartzen duenez, Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio sailaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontua exekutatzeko faseak izapidetzea, eta sailaren 1.000.000 eurotik beherako gastuak baimentzea.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan espetxe-legeria betearaztea eta, ondorioz, espetxe-jarduera kudeatzea, bai eta espetxeak zuzendu, antolatu eta ikuskatzea ere, honako hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14 eta 12. artikuluak; Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organiko Orokorraren 79. artikulua, eta ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretua, espetxe-legeria betearazteko eskumenari dagozkion baliabideak eta zerbitzuak eskualdatzekoa.

Kontuan hartuta Zerbitzu Zuzendaritzak duen lan-karga, une honetan komenigarritzat jotzen da ebazpen honen xedapen-zatian zerrendatzen diren eskumenen erabilera eskuordetzea.

Lehenago adierazitakoaren arabera, eta bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 20ko 40/2015 Legearen 9. artikuluan eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxeetako zuzendaritzei eskuordetzan ematea, bakoitzak bere zentroaren esparruan, honako eskumen hauek:

– Bere esparruan beharrezkoak diren funtzionamendu-gastuak onartzea, indarrean dagoen funts aurreratuen araubidearen eremuan.

Bigarrena.– Eskuordetza honek ez die kalterik egingo Zerbitzu Zuzendaritzak, organo eskuduna den aldetik, gaiari buruz ezartzen dituen jarraibide eta irizpideei. Eskuordetza bidez ematen diren ebazpenek zorrotz beteko dituzte irizpide horiek. Gainera, eskuordetutako eskumenak baliatzean ematen diren egintzen zerrenda aldizka bidaltzeko agindu ahal izango die organo eskuordetzaileak eskuordetza ezarrita duen organoari.

Hirugarrena.– Eskuordetza honen bidez emandako ebazpen guztietan, berariaz aipatuko da horrela eman direla, eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko dira.

Laugarrena.– Ebazpen honetan aipatzen den eskumen-eskuordetza urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.2 artikuluan eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25.8 artikuluan adierazitako mugen mende dago.

Bosgarrena.– Zerbitzuen zuzendariak edozein unetan erreboka dezake ebazpen honetan aipatzen den eskumen-eskuordetza. Errobokatzeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Seigarrena.– Zerbitzuen zuzendariak beregana ditzake ebazpen honek aipatzen duen eskuordetzan jasotako edozein gairen ezagutza eta ebazpena, hargatik eragotzi gabe eskuordetzak iraun ahal izatea, espresuki aldatzen edo errebokatzen ez den bitartean.

Zazpigarrena.– Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25. artikuluari jarraituz, eskumenak eskuordetzeak eta errebokatzeak modu iraunkorrean eta eskuragarrian agertu beharko dira sail eta organo eskuordetzailearen webgunean, bai eta sail edo organo eskuordetuarenean ere.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 6a.

Zerbitzuen zuzendaria,

OSCAR TROBO TRASAHEDO.


Azterketa dokumentala