Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2025eko ekainaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
2648

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 21ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. lineako obraren 1. proiektu aldatua. Tartea: Aperribai-Galdakao» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2022ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez, «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Tartea: Aperribai-Galdakao» onetsi zen.

Ebazpen horren bitartez onartzen den proiektuaren xedea da zehaztea Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linea berriaren bigarren tartea -Euskotrenek ustiatua, Aperribai auzotik eta Galdakaoko hiriguneraino- ezarri ahal izateko egin beharreko herri-lanak eraikuntza mailan.

2025eko apirilaren 16ko Ebazpenaren bidez, «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. lineako obraren 1. proiektu aldatua. Tartea: Aperribai-Galdakao» onetsi zen. Ebazpena 2025eko maiatzaren 13an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (88. zk.).

Oinarrizko proiektuaren preskripzioekin lotuta obran gertatzen diren aldaketak, 1. proiektu aldatua idaztea justifikatzen dutenak, geografikoki ordenatutako obrako 4 gunetan ekoizten dira: Olabarrieta, Bengoetxe, Galdakao eta Abusu.

Egin beharreko aldaketak proiektua obraren errealitate fisikora egokitzearen ondorio dira; izan ere, proiektuan jasotzen ez diren soluzio teknikoak behar dira.

Jarraian zehazten da zer arrazoi dagoen indarrean dauden eraikuntza-soluzioak aldatzeko:

- Olabarrietako larrialdi-irteera.

- Bengoetxeko geltokia.

- Abusuko larrialdi-irteera.

- Hondakin-uren arazketa.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. lineako obraren 1. proiektu aldatua. Tartea: Aperribai-Galdakao» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Galdakaoko udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 21a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala