Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2025eko ekainaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2636

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 6koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, agindua emateko honako zerrendak argitaratzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu berezietan eta salbuespenezko prozesuetan hautatutako langileen behin betiko zerrenda eta esleipen gehigarriko lanpostuen behin betiko zerrenda.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko maiatzaren 18an emandako Aginduaren bidez, oinarri orokorrak onartu ziren arautzeko nola bideratuko ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak. Agindu hori 2022ko maiatzaren 23an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agindu bana eman zuen 2022ko maiatzaren 18an, 2022ko irailaren 8an eta 2022ko azaroaren 18an (hurrenez hurren, egun hauetan argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: 2022ko maiatzaren 23an, 2022ko irailaren 13an eta 2022ko azaroaren 23an). Agindu horiek bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu berezietako eta salbuespenezko prozesuetako deialdia egin zen, eta prozesu horietako oinarri espezifikoak onartu ziren.

Oinarri orokorren 6. apartatuan, lanpostuen esleipen gehigarriak zein kasutan eta egoeratan egingo diren zehazten da: lehenengo itzulian esleitu diren lanpostuen kasuan, ez baldin badira lanpostu horietarako behin betiko hautatutako pertsonak azkenean funtzionario izendatu, edo funtzionario izendatuta ere lanpostua jabetzan hartu ez badute; lehenengo itzulian esleitu diren lanpostuetan, baldin eta esleipendunak, lanpostuak jabetzan hartzeaz batera, plaza-erreserbarik gabeko eszedentzia egoerara igaro badira; karrerako funtzionarioen titulartasunekoak ziren lanpostuen kasuan, baldin eta funtzionario horiei beste lanpostu bat esleitu bazaie finkatze-prozesuren batean. Horrez gain, aukera dago deitutako lanpostuak baino % 10 gehiago esleitzeko, lanpostu huts gehiago sortzen badira. Langileen ordezkariekin negoziatu eta onartu da beste % 10 horretan zehazki zein zuzkidura sartuko diren zehazteko irizpideak. Azkenik, hasierako esleipenean esleitu ez diren lanpostuak ere gehituko dira, oinarrietan aurreikusitako egoera horretan egonez gero.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2025eko apirilaren 10eko Ebazpenaren bidez:

– Zehaztu zen zenbat plaza esleituko diren enplegua finkatzeko prozesu bakoitzean eta plaza horiek nola banatuko diren sarbide-modalitatearen eta hizkuntza-eskakizunaren arabera.

– Esleipen osagarrietan parte har dezaketen pertsonak identifikatu ziren.

– Adierazi zen zein prozesutan egongo den lanpostuak aukeratzeko izapidea eta zeinetan ez, eta kasu bakoitzerako esleipen-prozedura ezarri zen.

– Izapide hori duten lanpostuetan, lanpostua aukeratzeko epea ezarri zen, baita lanpostua aukeratu behar duten hautagaiei dei egiteko prozedura ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautzen dituzten oinarri orokorren 12., 13., 14., 15. eta 16. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera (2022ko maiatzaren 18ko Agindua) garatuko dira lanpostuak aukeratzeko prozedura, destinoen esleipena, hautatutakoen zerrenda, dokumentazioaren aurkezpena, izendapena eta lanpostuaz jabetzeko prozedura.

Hautatutako pertsonen eta esleipen gehigarriko lanpostuen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak egiteko epea igaro denez eta erreklamazioak ebatzita daudenez, IVAPeko zuzendariak ebazpena eman behar du hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak argitara daitezela agintzeko. Horrenbestez, honakoa

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Hautaketa-prozesuetako web-orriko Eskaerak eta jarraipena apartatuan eta 7. oinarri orokorrean adierazten diren tokietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezietan eta salbuespenezko hautaketa-prozesuetan hautatutako pertsonen eta esleipen gehigarriko lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko agintzea. Ebazpen honen xede diren kidegoak eta eskalak hauek dira:

– Laguntzako Langileen Talde Profesionala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Administrarien Kidegoko Administrarien Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Administrari Laguntzaileen Kidegoko Administrari Laguntzaileen Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Kudeaketa-informatikako Eskala. Prozesu berezia.

– Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Arrantzako Eskala. Prozesu berezia.

– Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Obren eta Instalazioen Delineazioko Eskala. Prozesu berezia.

– Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Laborategiko eta Osasun- eta Ingurumen-Ikuskaritzako Eskala. Prozesu berezia.

– Kidego Teknikoko Erizaintzako Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Administrazioko Goi-mailako Kidegoko Administrazioko Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Kultura-administrazioko Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazioko Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Arreta Soziolaboraleko Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Kartografiako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Ekonomia eta Enpresako Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Eraikingintza, Hirigintza eta Lurralde-antolamenduko Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Larrialdietako eta Meteorologiako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Estatistikako eta Datu Analisietako Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Farmaziako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Laborategiko Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Medikuntzako Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Ingurumeneko Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Prentsa eta Argitalpenetako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Lan-arriskuen Prebentzioko Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Giza Baliabideetako eta Prestakuntzako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Osasun Publikoko eta Epidemiologiako Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Informazio-sistemetako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Itzulpengintzako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Albaitaritzako Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Nekazaritza- eta Abeltzaintza-sektoreko Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Industriako Eskala. Prozesu berezia.

– Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko Eskala Juridikoa. Prozesu berezia.

– Kidego Teknikoko Laborategiko Eskala. Salbuespenezko prozesua.

– Kidego Teknikoko Ingurumeneko Eskala. Prozesu berezia.

– Kidego Teknikoko Hizkuntza Normalizazioko Eskala. Prozesu berezia eta salbuespenezko prozesua.

– Kidego Teknikoko Lan-arriskuen Prebentzioko Eskala. Salbuespenezko prozesua.

– Kidego Teknikoko Nekazaritza- eta Abeltzaintza-sektoreko Eskala. Prozesu berezia.

– Kidego Teknikoko Industriako Eskala. Prozesu berezia.

Bigarren artikulua.– 20 egun balioduneko epea ematea, 2025eko ekainaren 30etik 2025eko uztailaren 28ra arte, karrerako funtzionario izendatzeko eta lanpostuaz jabetzeko beharrezkoak diren agiriak aurkezteko Enplegu Publikoko Zuzendaritzan. Aurkeztu beharreko dokumentazio zehatzari buruzko informazioa Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» apartatuan dago, «Lanpostuaz jabetzeko urratsak» sarbidean.

Epe berean, hautatutako pertsona guztiek karrerako funtzionario izendatzeko eta lanpostuaz jabetzeko ezinbestekoa den informazioa bete beharko dute, Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» apartatuan eta «Lanpostuaz jabetzeko urratsak» sarbidean.

Hirugarren artikulua.– Dokumentazioa aurkezteko epea amaitu ondoren, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kidegoetako eta eskaletako karrerako funtzionario izendatuko ditu oinarri orokorretan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Laugarren artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu agortzen administrazio-bidea; betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartzerik izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 6a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.


Azterketa dokumentala