Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2025eko ekainaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2628

AGINDUA, 2025eko ekainaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiteko dena, 2025-2026 ikasturtean Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

Gaur egungo egoera sozioekonomikoan merkatuen zein ekoizpenaren globalizazioa da ezaugarri nagusia; horregatik, enpresen ekoizpen-ehunak eta, ondorioz, enpresa-ereduak egoera berri horretara egokitu behar dute. Globalizazio-prozesu horrek lehia handia eragiten du; hori dela eta, lehia-posizioak eginkizun garrantzitsua du enpresen etorkizunean. Lehia-posizio hori garapenerako eta enpresa-hazkunderako motorra ere bada, eta lortuko bada, adimen-kapitala zein ezagutzaren kudeaketa eraginkorra behar dira, baita estrategia berritzaileak aplikatzea ere, biak ala biak enpresetan balioa eta lehiatzeko abantaila sortzeko iturri baitira.

Egoera horrek lanbide-profil berri bat eskatzen du; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, taldeko lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.

Lanbide Heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa, eta ondorioz enplegurako gaikuntza, hobetzen lan eginez.

Garapen- eta berrikuntza-sistemak aukera berriak sortzera eta enplegu-sorrera laguntzera bideratzea da Lanbide Heziketako ikastetxeen erronka nagusia.

Hartarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak Lanbide Heziketa diseinatu eta garatzearen alde egin du, non ikastetxeak adimen estrategikoaren eta ezagutzaren unitate autonomo eta malgu bihurtzen diren; era horretan, etengabeko eboluzioan ari den gizartearen eta ekoizpen-sektorearen –bereziki industrialaren– beharrak aurreikusteaz gain, produktu edo ekoizpen-prozesu berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatu ere egin ditzakete, bai eta indarra hartzen ari diren sektoreetako jarduerak ere, euskal ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna zein ikasleen enplegagarritasuna hobetu eta indartzearren.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Lanbide Heziketako 6. Euskal Plana modu eraginkorrean hedatzeko asmoz, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketak gidatu behar dituen tresna gisa (2022ko azaroaren 7an onartu zen eta Hezkuntza Sailaren webgunean ikus daiteke), itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten die, irakasleen bitartez, ikastetxearen konpetentziak indartuko dituzten jarduera eta proiektuetan parte hartzeko, teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzute aldera. Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak giza garapen jasangarriaren, pertsonen talentuaren sustapenaren eta ikaskuntza-eredu aurreratuen aldeko apustua egin du, ingurune produktibo, teknologiko eta digital berri baten erronkei erantzuteko. Era berean, Euskadiko LHren rola finkatu du, eraldaketa- eta berrikuntza-eragile bihurtu baitu, funtsezkoa delako pertsonen enplegagarritasuna nahiz Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta garapen jasangarria sustatzeko. Ildo horretatik, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak hainbat helburu eta jarduera-ildo nagusi ezartzen ditu esparru estrategiko hauen barruan: Teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak, berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa, adimenaren kudeaketa Lanbide Heziketako zentro adimendunetan, bioteknologia, berroneratzea eta ongizatea, giza garapena, LHko zentro adimendunak eta LHko euskal sistema nazioartekotzea.

Era berean, deialdi hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Hezkuntzako sailburuaren 2025eko apirilaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen Plana, eta Hezkuntza Sailaren euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, haren berri emateko.

Horiek horrela, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, zeinetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea jasotzen baita eta, aldi berean, laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteak eta zehapenak zehazten baitira, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egitea, 2025-2026 ikasturtean Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan araututako dirulaguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 3a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honek xedetzat du itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2025-2026 ikasturtean Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean estrategikotzat hartutako eremuak ezartzeko jarduera-ildoak, deialdi honen 3. artikuluan zehaztutakoak, gara ditzaten.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2025-2026 ikasturtean.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera-lerroak eta horien garapena

1.– Agindu honetako dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte Lanbide Heziketako 6. Euskal Planerako lehentasunezkotzat jotako helburuak lortzera bideratutako jarduerek, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak xede horrekin bultzatutakoek. Ikus I. eranskina.

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ekimenekin bat egingo dute dirulaguntzen eskaera egiten duten itunpeko ikastetxeek, eta bere egingo dituzte ezarritako helburuak, garapen-baldintzak eta plangintza.

3.– Jarduerak behar bezala ebaluatu eta garatzearen erantzule, dagokionaren arabera, hauek izango dira: TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, iTlent Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua eta EIEI Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua.

4.– Ikastetxeak jarduerarako liberatutako irakaslea jarduera amaitu arte eduki beharko du. Justifikatutako zioak direla eta, pertsona horrek proiektuan ezin badu jarraitu, ikastetxeak Lanbide Heziketako Sailburuordetzari eskatuko dio hura ordezkatzeko baimena; gainera, adierazi beharko du proiektuaz arduratzeko nor proposatzen den eta aldaketaren zergatia zein den.

5.– Jarduera hauetako bakoitzean hautatutako ikastetxe guztiek irakaste-ordutegirik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea, I. eranskinean adierazitako astegunetan, jarduera hori TKNIKAn, iTlent-en edo EIEIn egin ahal izan dezan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «Eremu estrategikoetako jarduera-ildo» gisa.

4. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa hiru milioi ehun eta laurogeita hemeretzi mila eta berrogeita hamar euro da (3.199.050). I. eranskinean azalduta dago zenbateko hori nola banatuko den deialdiaren xede diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoen artean.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Jarraian adierazten diren gastuak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako ordu osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.

b) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2024-2025 ikasturtean.

c) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakaskuntza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxetik liberatutako irakasleen kontratua zabaltzeko kostuak. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2024-2025 ikasturtean.

2.– Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta entitate eskatzailearen konturako karga sozialak. Era berean, ordu osagarritzat hartuko dira abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan eta apirilaren 1eko 46/2014 Dekretu korrelatiboan (Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena) esleitutako helburuak, xedeak eta funtzioak betetzeko ikastetxeak egingo dituen jarduerak (klaustroak, ebaluazio-batzarrak, saileko jarduerak...). Liberatutako irakasleak beren lanaldi osotik liberatzen dira (irakastorduak gehi ordu osagarriak) proiektuan aritzeko.

3.– Jardueran, 726 irakastordu eta 526 ordu osagarri lagunduko dira diruz, gehienez, lanaldi osoko liberazio baterako. Ordezko langileak kontratatzeko diruz lagundu eta egotzi daitekeen orduko gehieneko kostua berrogeita bost (45) eurokoa irakasleentzat. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu kopurua lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da.

6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2025-2026 ikasturtean Lanbide Heziketako itunpeko heziketa-zikloak ematea.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako inolako egoeratan ez egotea ikastetxea.

2.– Baldintza orokorrez gainera, dirulaguntza eskatzen den jarduera bakoitzerako agindu honen I. eranskinean ezarritako berariazko baldintzak ere bete beharko dituzte.

7. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuak egiteko epea.

Diruz lagundutako jarduera, hasiera ematen diotenetik 2025-2026 ikasturtea amaitzen den arte garatuko dute, hau da, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra arteko aldian.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte.

2.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, eskabiderako zer inprimaki erabili behar den, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/0097616

3.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA EMATE-PROZEDURA

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta zuzentzeko modua, lekua eta epea.

1.– Eskabideak (I. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den jarduera bakoitzeko.

3.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla administrazio edo ente publiko edo pribaturen batean, eta, hala badagokio, laguntzak jaso direla –horrelakoetan, laguntzaren zenbatekoa eta entitatearen izena adierazi beharko dira–.

b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta.

c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan eta 20/2023 Legean ezarritako egoeretako batean.

e) Entitate eskatzailea itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta badago, hau da, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den halako prozeduraren batean, zehaztu zer prozeduratan.

4.– Eskabidearekin batera, kasuan kasuko jarduerari dagokion inprimakia aurkeztu behar da. III. eranskina.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa eta dokumentazio osagarria aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio, aurrekoa egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.

10. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Deialdiaren xede diren diruz lagun daitekeen jarduera-ildo bakoitza emateko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, horien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, I. eranskinean jarduera bakoitzerako aurrez ezarritako balorazio-irizpideen arabera, eta irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenak esleitzeko, dagoen kredituarekin eta eranskin horretan ezarritako mugarekin.

2.– Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko gehieneko ordu-kopurua I. eranskinaren zehaztuta dago, lehenengo taulako bosgarren zutabean.

3.– Baldin eta, jarduera zehatzerako, parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ikastetxeek eskatutako ikastetxe eta partaidetza-orduen kopuruak ez baditu gainditzen aipatutako zutabean jarduera horretarako gehienekotzat finkatutakoak, dirulaguntza guztiei emango zaie, eskabideak baloratzeko irizpiderik aplikatu gabe.

4.– Eskabide bakoitzean, aurkeztutako jarduera-ildoari buruzko egiaztagiriak baino ez dira balioetsiko. Dokumentazio bera 2 jarduera-ildotan edo gehiagotan egiaztatu nahi izanez gero, eskabide bakoitzean egiaztatu beharko da.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Jarduera bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa I. eranskinean adierazitakoa izango da, eta zenbateko horrek ez du inola ere gaindituko ikastetxeak irakasleak kontratatzeko benetan egindako gastua, 5. artikuluaren arabera.

12. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.

2.– Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da I. eranskinean azaldutako jarduera-ildoetara aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango ditu kide:

a) Batzordeburua: Inge Gorostiaga Luzarraga andrea, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Bokalak:

● Gorka Baquerizo Modrego jauna, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

● M.ª José Barriola Baraibar andrea, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

● Jose Ramón Gómez Laconcha jauna, iTlent-eko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

● Miguel Angel Gallego Conde jauna, EIEI Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuko zuzendari exekutiboa, edo haren ordezkoa.

● Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio-batzordea osatzen duten pertsonak ezin izango dira interes-gatazkako egoeran egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

4.– Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, behin-behineko balorazio-txostena egin beharko du, eta bertan zehaztuko du egindako balorazioaren emaitza. Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, batzorde horrek behin betiko balorazio-txostena emango du.

13. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio aginduaren behin-behineko ebazpena ematea, Balorazio Batzordeak eginiko txostenean jasotakoan oinarrituz (12.4 artikulua).

Behin-behin-behineko ebazpena agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuzen ere konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

2.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte, 20/2023 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Alegazioak eta, hala badagokio, eskabideen birformulazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, non adieraziko baitu dirulaguntza zein eskatzailerentzat edo zein eskatzaile-zerrendarentzat proposatzen den, zenbatekoa, ebaluazioa eta hura egiteko jarraitutako balorazio-irizpideak zehaztuta, bai eta ukatzeko edo ez onartzeko proposamenak ere, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori, instrukzio-organoa den aldetik, Eraldaketa Digitalerako eta Ikaskuntza Aurreratuetarako zuzendariak aurkeztuko dio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hark baitu deitutako prozedura ebazteko eskumena.

4.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

5.– Hartzen diren ebazpenek erabakiko dute eskatutako dirulaguntzak eman ala ukatu egingo diren. Emanez gero, datu hauek adierazi beharko dira: pertsona edo entitate onuradunaren izena edo izen soziala zein den, zer ikastetxeri dagokion, zer proiektu finantzatu den eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza ukatzeko arrazoia adieraziko du ebazpenak.

6.– Laguntza emateari buruzko ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

7.– Ebazpen hori argitara emango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios), eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

8.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere, sei hilabete izango dira, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.

14. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzen justifikazioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera egingo da, eta, zehazki, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2026ko irailaren 4a baino lehen:

a) V. eranskina: ordezte-prozesua ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren ohar guztiak «oharrak» atalean azalduko dira.

b) Amaierako justifikazio-memoria (VI. eranskina).

c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa, 5.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan bakarrik.

d) Ordezko irakasleen nominen kopia autentikoak, diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkionak (agindu honen 5.3 artikuluan ezarrita dago estaldura-aldia).

2.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako «Nire karpeta» atalaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.

III. KAPITULUA
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA

15. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, zehazki hiru ordainketa eginez, honela:

a) Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 40 ordainduko da, 19.1 artikuluan adierazten den epea bukatutakoan, baldin eta bitarte horretan dirulaguntzari uko egin ez bazaio, eta, betiere, 2025eko urriaren 24a baino lehen IV. eranskina aurkeztu ondoren (liberatutako irakasleen eta ordezko irakasleen ordu-arduraldiaren ziurtagiria). Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «Eremu estrategikoetako jarduera-ildo» gisa, eskariari dagokion jardueran aritzen diren irakasle titular eta ordezkoen liberazioa.

b) Bigarren ordainketa onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren % 50ekoa izango da, eta 2026ko ekitaldian egingo da, diruz lagundutako jardueraren % 50 garatu ostean, betiere ebaluazioaz eta jarduera behar bezala garatzeaz arduratzen den erakundeak aldeko ebaluazio-txostena egiten badu, dagokionaren arabera, agindu honen 3. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoari jarraikiz, eta ordezko irakasleen gastu-zerrenda 2026ko apirilaren 1ean aurkeztu ondoren (V. eranskina).

c) Hirugarren ordainketa gainerako zenbatekoagatik izango da, % 10, diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, egindako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko atal guztiak bete ondoren (14. art.).

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Emandako laguntzak ezeztatzeko kausa izango da onuradunek agindu honetan ezarritako baldintza eta eskakizunetakoren bat ez betetzea, bai eta laguntzak aurkeztutako proiektuan zehaztutakoaren bestelako xedeetara bideratzea ere. Hori dela eta, dirulaguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko ahalmena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.

3.– Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu horrek ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak.

4.– Liberatutako irakasleek, gutxienez, dena delako jarduerari egotzitako ordu guztien % 70ean parte hartu beharko dute modu aktiboan. % 30 baino gehiagoko ehunekoan ez parte hartzea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren berandutze-interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 70eko parte-hartzea badago baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, jardueran izandako parte-hartze mailaren arabera itzuli beharko dute dirulaguntza.

17. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik aldi berean laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, edo, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira, salbu eta hori betetzea eragotzi duten eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko inguruabarrak gertatzen badira. Ezinbestetzat joko da Kode Zibilaren 1.105 artikuluan xedatutakoarekin bat datozen kasuak.

Lege-testu hauetan arautzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

18. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

Onuradunak laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat –publikoa edo pribatua– jasoz gero agindu honen bidez finantzatutako proiektua garatu ahala, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, hasierako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, eta horrek Lanbide Heziketako sailburuordearen aginduaren ebazpena aldaraziko du.

2.– Nolanahi ere, 2025-2026 ikasturtean, deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzak ezin izango dira bateratu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jarduera-ildo bera garatzeko emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.

19. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek baldintza hauekin bat etorriz eta honako betebehar hauek betez egin beharko dute jarduera:

1.– Eman zaien dirulaguntza onartuko dute. Pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza eman zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean berariaz uko egiten ez badio, onartu duela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gorde behar dituzte, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, zuzenean edo bere erakunderen baten bidez (TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, iTlent Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua edo EIEI Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua), dagokionaren arabera, jarduera bakoitzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatu du jarduera hau».

10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14., eta 42. artikuluetan ezarritako beste baldintza guztiak bete beharko dituzte.

20. artikulua.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta entitate laguntzaileentzat.

Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileentzako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

Hartzaileak:

– Europar Batasuneko organoak.

– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Europako Batzordea.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/039900-capa2-es.shtml

Araudia:

– Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala