Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2025eko ekainaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2627

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gamiz-Fikako Ibarra auzoan Butroe ibaiaren gaineko zubia ordezteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektu hori URA Uraren Euskal Agentziak sustatu du.

EGITEZKO AURREKARIAK

2024ko otsailaren 28an, Uraren Euskal Agentziak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Gamiz-Fikako Ibarra auzoan Butroe ibaiaren gaineko zubia ordezteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko martxoaren 11n Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultatzeko izapidea hasi zuen. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Ubideratze-obrak, ibilguak eta ibaiertzak babesteko proiektuak, eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, baldin eta ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak ur-masaren edo ibaian beherako beste batzuen egoera edo potentzial ekologikoa honda badezake, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte.

Proiektuak Butroe ibaiaren gainean Ibarra auzoan (Gamiz-Fika udalerria) gaur egun dagoen zubia ordezteko obrak zehazten ditu, bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremutzat hartzen den ibaiaren zati batean, bai eta Ibarra auzoko etxebizitzetara sartzeko bideak altxatzeko lanak ere, auzo horretan uholde-arriskua murrizteko.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta ondorioz proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Gamiz-Fikako Ibarra auzoan Butroe ibaiaren gaineko zubia ordezteko Uraren Euskal Agentziak sustatutako proiekturako, honela:

A) Proiektuaren xedea da Gamiz-Fika udalerriko Ibarra auzoan uholde-arriskua murrizteko behar diren obrak definitzea. Proiektuan aurreikusten da Ibarra auzoko egungo zubia eraistea, eta, ondoren, leku berean zubi berri bat eraikitzea, bai eta etxebizitzetara sartzeko bideak altxatzea ere.

B) Ebazpen honen bidez, Gamiz-Fikako Ibarra auzoan Butroe ibaiaren gaineko zubia ordezteko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da, eta proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Butroe ibaiak Ibarra auzoan (Gamiz-Fika udal-mugartean) duen uholde-arriskuaren azterketak ondorioztatzen duenez, ibaiaren eskuineko ertzean dauden etxebizitzen uholde-arriskua murriztu daiteke auzoan dagoen zubia ordeztuta eta eskuinaldeko etxebizitzetarako sarbideen sestra igota.

Proiektuaren helburua da Ibarra auzoko egungo zubiaren ordez argi handiagoko eta bao bakarreko zubi zabalago bat jartzea, eta etxebizitzetara sartzeko bideak altxatzea. Proiektuak, halaber, kontuan hartzen du lehendik dauden zerbitzuak desbideratu beharra, egungo zubia eraisteko eta berria eraikitzeko.

Zubi berria, batetik, altzairuzko luzetarako bi habe angeluzuzen hutsez osatua egongo da, ertz aldakorrekoak berak; ertzak gehienez 1,30 m izango ditu, 0,35 m-ko zabalera eta 16,30 m-ko luzera. Zeharkako habeak HEB300 motakoak izango dira, hormigoizko konpresio-geruza dutenak (sekzio mistoa) eta 5 metroko luzera. Habeen arteko tartea 1,70 m-koa izango da. Konpresio-geruzak zeharkako habeak konektatuko ditu karga banatzeko. 18 cm-ko lodiera izango du; haietatik, 12 cm lauzazkoak eta 6 cm aurrelauzazkoak.

Zimenduaren mutur bakoitzean buru-habe bat egongo da, 6,40 m x 1,50 m x 0,90 m-koa, eta 4 mikropilote pare. Mikropiloteek 139,7x10 mm-ko armadura tubularra izango dute, eta arrokan 6 m-ko landatzea bermatu beharko dute.

Zubiaren gainean, 4 m-ko zabalerako errei bakarra planteatzen da bi noranzkoetarako, zintarri eta baranda batez babestuta. Orain zutoinen bidez airetik igarotzen diren zerbitzuak zeharkako habeen barrualdetik desbideratuko dira.

Horrez gain, harri-lubetazko hiru geruza daude: bana ibaiaren ertz bakoitzean, mikropiloteak babesteko, eta azkena, bidea babesteko. Ezkerraldeko ezpondaren zati bat bioingeniaritzako tekniken bidez egonkortuko da (zurezko hesi bizia).

Bestalde, zubiaren inguruan Ibarra auzoko bideak altxatzea proiektatu da, eta 11 zenbakiko etxebizitzaren aurrean elkargunea egitea ere bai. Sestra berriek, gutxienez, % 0,5eko luzetarako malda izango dute beti, urak husten direla bermatzeko. Zoru-pakete berri bat egingo da, honela osatua: nahasketa bituminosozko 6 cm-z eta hormigoi gihartsuzko 20 cm-z osatutako zati misto bat, eta zabor-legar artifizialezko beste zati bat, gutxienez 20 cm-koa.

Izenik gabeko 8179 jariatzearen paraleloa den bidea altxatzeko, 750 kg-ko harri-lubeta bat egingo da, salix-aldaxkekin landareztatua.

Jarduketen ondorioz, zenbait azalera okupatuko dira (bide publikoak, belardiak eta abar), sastrakak kenduko dira eta lurrak mugituko, lehendik dauden zerbitzuak desbideratuko dira (energia elektrikoaren sarea, telekomunikazio-sarea eta argiteria-sarea), trafikoa eta dauden sarbideak desbideratuko dira, egiturak eraikiko dira, instalazioak birjarriko dira (energia elektrikoa, telekomunikazioak, argiteria eta zeharkako drainatze-lanak), eta zubi berriaren ondoko eremuak egokitu, urbanizatu eta seinaleztatuko dira.

Proiektuaren 9. eranskinaren arabera («Eraikuntza-prozedurak»), zubia 17 fasetan eraikiko da:

– 1. fasea: entzepatuetako mikropiloteak egitea. Ibaiaren bi ertzetan 8 mikropilote egingo dira.

– 2.etik 6.era bitarteko faseak: Hormigoizko hodiak jartzea eta ur-xafla kanalizatzea. Lehendik dagoen zubia eraisteko, metro bateko diametroa duten hormigoizko 4 hodi instalatu behar dira, ura zubitik igaro dadin eta harri-morroiloak ibilgura eror ez daitezen.

– 7. fasea: dagoen zubia eraistea, bi ertzetan makinak jarrita.

– 8. fasea: arkua eraistea, kanalizaziotik.

– 9.etik 11.era bitarteko faseak: harri-lubetazko geruza egitea eta ur-laminaren kanalizazioa kentzea.

– 12. fasea: entzepatuak egitea.

– 13. fasea: luzetarako nerbioak muntatzea, garabi autopropultsatuen bidez.

– 14. fasea: zeharkako habeak ipintzea eta zerbitzu-zorroak jartzea.

– 15. fasea: aurrelauzak jartzea. 18 aurrelauza-modulu ipiniko dira, konpresio-lauzarako kofratu galduaren funtzioa beteko dutenak.

– 16. fasea: konpresio-lauza egitea. Hormigoiztatzea.

– 17. fasea: zubiaren akaberak egitea: zorua ipintzea, taula iragazgaiztea, eta dilatazio-junturak, zintarria, espaloia eta baranda jartzea.

6. eranskinaren arabera: Trazadura, lur-mugimenduak eta zoruak. Estribuak eta zangak egitean induskatutako lur eta arroken bolumena 917,62 m3-koa da, eta obran bertan 48,88 m3 berrerabiliko dira. Bestalde, induskatutako landare-lurraren bolumena 885 m3-koa da, eta obran bertan 366,52 m3 berrerabiliko dira.

Eremu osagarriak egokituko dira makinak hornitzeko, pilaketak egiteko, obra-hondakinak kudeatzeko, eta abar.

Aurkeztutako dokumentazioan, lehengoratze-proiektu bat dago, proiektuaren obrek ukitzen dituzten eremuak landareztatzeko eta berroneratzeko, eta proiektu hori ingurunean integratzen laguntzeko.

Obrak egiteko, 13 hilabeteko epea aurreikusten da, kontuan hartu gabe bisoi europarra babesteagatiko jarduerarik gabeko tartea.

Hautabideei dagokienez, zubiaren tipologiarako aztertutako 5 aukera jasotzen ditu ingurumen-dokumentuak, kontuan hartuta ahal bezainbeste hobetu behar dutela egungo portaera hidraulikoa eta ingurunearen barruan egokitu behar dela proposatutako soluzioa.

Honako aukera hauek aztertu dira:

– 1. hautabidea. Zubia: hormigoi aurreatezatuzko hiru habe prefabrikatu, 70 cm-ko ertzekoak, eta 25 cm-ko konpresio-geruza. Ondoren, 5 cm-ko zorua egingo da.

– 2. hautabidea: habez eta lauzaz osatutako zubia. Hautabide hau 1.aren antzekoa da, baina T bikoitzeko habeen ordez, PI alderantzikatu formako habeak ipinita. Ondoren, espazioak in situ hormigoituko dira, aurrekoaren ertz-neurri bereko (0,95 m) lauza bat lortu arte. Ondoren, 5 cm-ko lodiera duen zoladura egingo da.

– 3. hautabidea. Habedun metalezko zubi bat: luzetarako bi nerbio eta zeharkako habeak. Soluzio horrek galibo handiagoa ahalbidetzen du, egituraren ertzaren zati bat sestran baitago. Horren emaitza 75 cm inguruko sekzio angeluzuzeneko luzetarako nerbioak eta HEB 200 zeharkako profilak izango lirateke. Sekzio horrek aukera ematen du konponbide hobetuak egiteko, ertz eta sestra aldakorrekoak. Konponbide horrek 13 tona altzairu inguru erabiltzen ditu.

– 4. hautabidea: sareta metalikozko zubia, ertz konstantea duena. Sareta metalikoaren ertzak 0,85 m eta 0,20 m-ko konpresio-geruza izango ituzke (1,05 m guztira). Kofratua txapa kolaboratzailea izango litzateke, eta soilik kofratu galdu gisa jardungo luke. Orain arteko aukerek baino 10 cm gehiagoko ertzarekin planteatu den arren, T25 errepikatze-denborako uraldira egokitzen da. Uraldi handietarako, abantaila bat du: zertxobait iragazkorra da konpresio-lauzaraino. Soluzio horrek 10 tona altzairu erabiltzen ditu.

– 5. hautabidea: sareta metalikozko zubia, beheko aldean ertz eta zabalera aldakorrak dituena. Soluzio horren ertza aurreko soluzioan baino 10 cm handiagoa da; hala ere, aurrekoaren berdina izateko ahalegina egin liteke, lodierak pixka bat handituta. Kasu horretan, dena S355 izango litzateke. Soluzio horrek 8,8 tona altzairu inguru erabiltzen ditu.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, 2. hautabidea hautatu da, hark ematen duelako hobekuntza hidraulikorik handiena eta hark eragiten diolako ibilguari gutxien.

2.– Proiektuaren kokapena.

Jarduera-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren erkidego arteko arroetan dago. Zehazki, eremuak iparraldean Anbieta errekarekin bat egiten du; gero, «izenik gabeko 8719» errekarekiko paralelo doa, eta, azkenik, Butroe ibaiarekin bat egiten du, Butroe-A (ES111R048010) ur-masan, Butroeko Unitate Hidrologikoaren (UH) barruan. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroak (EBE) honela sailkatzen du masa hori: «Hornidura-bilketak dituen masa» eta «Espezie mehatxatuen interes bereziko eremua. Ugaztunen babesa (bisoi europarra)». Gainera, Butroe estuarioari dagokion mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen barruan dago proiektuaren eremua (ESCA637). LAGen azpiegitura berdeak Butroe ibaia «bilbe urdinean» sartzen du. Nabarmendu behar da Butroe ibaiaren hezeguneak daudela Butroe ibaian behera, eremutik 500 m pasatxora.

Proiektuaren esparrua ez dago naturagune babestu baten barruan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere. Hala ere, proiektuaren esparruko ibilguak bisoi europarraren Interes Bereziko Eremutzat hartzen dira.

Halaber, ez dago interes geologikoko gunerik (IGG). Akuiferoen kalteberatasunari dagokionez, kalteberatasun txikiko eremu batean dago.

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), proiektua belardi eta labore atlantikoen eremu batean egitekoa da, eta Butroe ibaiaren eta izenik gabeko 8719 errekaren ertzetan haltzadi kantauriarra dago, Batasunaren lehentasunezko intereseko 91E0* habitatarekin (Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra) bat datorrena. Ingurumen-dokumentuan hori berresten da, eta, gainera, izenik gabeko 8719 errekaren erriberako landaredia haltzez (Alnus glutinosa) eta hurritzez (Corylus avellana) osatuta dagoela zehazten da.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren eremuan ez da kultura-ondare babestuko elementurik hauteman.

Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak eremuaren hegoaldeko muturra –hau da, Butroe ibaia eta haren ezkerraldea– «Balio Estrategiko Handiko» lurzoru gisa hartzen du. Ibaiaren eskuinaldea «Baso» gisa katalogatuta dago; proiektuak hartzen duen eremuaren gainerakoa, berriz, bizitegirako, industriarako, ekipamendurako eta azpiegituretarako lurzoruaren kategoriari dagokio, eta ez da aipatutako LPSaren xedea.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, uholde-arriskua da garrantzitsuena, hori baita proiektua gauzatzeko arrazoi nagusia. Jarduketaren eremua uholde-arriskugunea da 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uraldietan, eta lehentasunezko fluxugunean dago.

3.– Proiektuak izan dezakeen eraginaren ezaugarriak.

Aztertutako dokumentazioa ikusita, inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira, honako jarduketa hauen eraginez: lur-mugimenduak, Butroe ibaiaren ibilguaren jarduketak, dagoen zubia eraistea, zubi berri bat eraikitzea, ibai-ezpondak harri-lubeten eta bioingeniaritzako tekniken bidez egonkortzea, bidea 1. ardatzean zehar loditzea eta lur naturaleko hainbat eremu aldi baterako okupatzea obra-instalazio osagarrietarako. Jarduketa horiek honako hauen gaineko inpaktuak eragingo dituzte: edafologia, Batasunaren intereseko landaredia eta habitatak, uren eta airearen kalitatea, soinu-konforta, ibaien morfologia, faunaren habitata –bereziki ibaiei eta ibaiertzei lotutakoarena– eta landa-ingurunea.

Ustiapen-fasean, aurreikus daitekeen inpaktu nagusia uholde-arriskuaren gainekoa da, zeina ontzat jotzen baita; halaber, onuragarria izango da uren kalitaterako, prezipitazio handiko aldietan haiek kutsatzeko arriskua murrizten baitu.

Butroe ibaiaren ibilguan eragina izango du ur-hesia egokitzeko elementuak sartzeak. Halaber, proiektatzen den harri-lubetaren ondorioz, berregituratu egingo dira zubiaren inguruko ibaiaren ertzak, bai eta izenik gabeko 8719 errekaren ertzak ere 1. ardatzean zehar. Gainera, Butroe ibaiaren ezkerraldean, zubi berritik ibaian gora, proiektatutako harri-lubetaren ondoren, ibai-ezponda zurezko hesi bizi baten bidez babestea proposatzen da. Ibilgua aldi baterako egokitzeari esker, eragotziko da hura kutsa dezaketen obrako makinak eta harri-morroiloak sartzea bertan. Bestalde, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektatutako harri-lubetak salix-aldaxkekin landareztatuko dira.

Proiektuak obra egiten hasteko baldintzak ezartzen ditu, lur-mugimenduen ondoriozko ezegonkortasuna eta arrisku geologikoak saihesteko, eta, beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

Uren kalitateari dagokionez, eragin-arriskurik handiena lur-mugimenduek eta dagoen zubia eraisteak eragingo dute; izan ere, baliteke ibilguaren uretara elementu esekiak iristea eragitea.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, honako hauek eragingo diote landarediari: zubi berriaren estribuak eraikitzeak eta harri-lubeten geruza egiteak, bai eta bidea 1. ardatzean zehar handitzeak ere. Bide-handitzeari eusteko, 750 kg-ko harri-lubeta txiki bat egitea proposatzen da, eta Salix atrocinereazko aldaxkekin landareztatzea. Gainera, telekomunikazioen aireko linea desbideratzeko, beharbada zuhaitz-landarediaren adar batzuk inausi beharko dira.

Bisoi europarraren interes bereziko eremuaren eta bertako faunaren gaineko eraginari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera obra-planak kontuan hartu du espeziearen ugalketa-garaia (martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartekoa), eta garai horretan ez da lanik egingo ibilguan eta haren inguruan.

Atmosferaren gaineko eraginik garrantzitsuenak honako hauek areagotzearen ondoriozkoak dira: partikula esekiak, kutsatzaileak eta soinu-mailak, guztiak ere makinen funtzionamenduak, ibilgailuen joan-etorriak eta lur-mugimenduek eragindakoak.

Zarata-mailei dagokienez, ingurumen-dokumentuaren arabera, obrak egitean baliteke 65 dB(A)-tik gorako puntetara iristea, noizean behin, makinen inguruan, baina, zaratak ez direnez jarraituak puntu finko bakar batean ere, «maila jarraitu baliokidea» (Leq) ez da 65 dB(A) baino handiagoa izango 40 metrotik gorako distantzietan, makinek etenik gabe lan egiten dutenean –eta, normalean, egoera hori ez da gertatzen–.

Ustiapen-faserako, eremuaren uholde-arriskua eta irisgarritasuna hobetzeagatik bizilagunen bizi-kalitaterako onuragarria izateaz gain, ibai-tartearen konektibitate ekologikoa hobetzen duela ere nabarmentzen du ingurumen-dokumentuak, ibilguak zabalgune libre handiagoa duelako horrela, eta ibaiertzek eta harri-lubetek faunari lehorrean pasatzeko aukera ematen diotelako. Era berean, zubiaren tarteko pilarerik ez dagoenez, hobeto integratzen da inguruko naturan.

Aurrekoez gain, obra-fasearekin lotutako beste inpaktu batzuk egongo dira, baina guztiak bateragarritzat jotzen dira.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Gamiz-Fikako Ibarra auzoan Butroe ibaiaren gaineko zubia ordezteko proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari ondare naturala babeste aldera:

– Bisoi europarraren gaineko eraginari dagokionez, ibilguan eta haren ertzetan edozein ekintza egin aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren nahitaezko txostena beharko da, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduraduna den aldetik.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak nahitaezko txostenean xedatzen duena alde batera utzi gabe, espeziearentzako kritikoa den garaitik (martxoaren 15etik uztailaren 31ra) kanpo egingo dira ibilguari, ibaiertzei eta ingurumariei zuzenean eragiten dieten eraispen- eta eraikuntza-jarduketa guztiak. Muga hori behar bezala jaso behar da proiektuaren obra-planean.

– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Eremu horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko.

Erriberako landaredia duten natura-interes handiko eremuetan (91E0* «Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra» lehentasunezko BIHa), arreta handiz jokatu beharko da, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremua baino handiagoa ez ukitzeko. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, kolpeak saihesteko eta sustrai-sistemak kalterik ez izateko. Aipatutako eremu sentikorren zuinketa-fasean eta lanak egitean, ingurumen-aholkularitzak bertan egon beharko du.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:

Babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

– Ibilguaren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira obrak.

– Makinek, beti, proiektuan deskribatutako ur-hesiak (ur-laminaren kanalizazioa, hormigoizko hodien eta big-bagen bidezkoa) sortutako plataforma erabiliko dute; beraz, ez dute zirkulatuko ibilgutik.

– Eraikuntza fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Alde horretatik, ingurumen-dokumentuan deskribatutakoaren arabera, zubi berriaren estribuak hormigoitu eta mikropiloteak egin aurretik –zeinak lehorrean egingo baitira hormigoi-esnearen jariatzerik gerta ez dadin–, dekantazio-putzu bat instalatuko da, polietilenozko xafla iragazgaitz batez hornitua, gehiegizko hormigoi-esnea jaso ahal izateko. Halaber, harri-lubeta zimendatzeko ibai-ibilguan egindako indusketetako urak xukatzeko, dekantazio-putzuak jarriko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko.

Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, bai eta eurite handiak direnean ere, edukiera erabilgarria nahikoa izan dadin une oro, eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izan dadin. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.

Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako sedimentuak, gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzukoak barne, aldian-aldian bildu eta behar bezala kudeatuko dira, bakoitzaren karakterizazioaren arabera. Bestalde, putzuetako urei jarraipen analitikoa egingo zaie. Isurketa-baimenetan ezarritako mugak betetzen direnean bakarrik isuri ahal izango dira urak ibilgu naturaletara.

– Ibaian uhertasuna hautematen bada, ezarritako dekantazio- eta iragazketa-sistemak eraginkorrak diren aztertuko da, eta haiek indartu edo sistema eraginkorragoekin ordeztu behar diren aztertuko da.

– Lanak egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean utziko dira aldi baterako –edo berariaz diseinatutako instalazioetan–, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura (biribilki modukoa, material pikortatua, eta abar), istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-dokumentuan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak, bai eta garbigunea ere, ibilguetatik urrun eta uholde-arriskuko eremuetatik kanpo kokatuko dira.

– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen gainean izan ditzaketen ondorioak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisiko-kimikoari buruzko egoera zehaztu beharko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pH-a, eroankortasuna, material esekiak, olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa.

– Obrak egin bitartean, hamabostean behin, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira, eta lanak egin aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira. Kontrol horietan lortutako emaitzen arabera, uren kalitateari eragiten diola hautemanez gero, horren arrazoia identifikatu eta neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira (dekantazio-sistemen dimentsionamendua berraztertzea, ur-hesiaren egoera aztertzea eta abar).

Kutsatutako lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak:

– Lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero obrak egin bitartean, horren berri eman beharko zaie, berehala, Gamiz-Fikako Udalari eta Ingurumeneko Sailburuordetzari, azken horrek zehaztu dezan zer neurri hartu behar diren eta zer pertsona fisikok edo juridikok exekutatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Hauts-emisioak murrizteko neurriak:

– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egin beharko da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta ukitutako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Obra-guneen irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, ahal dela zirkuitu itxikoak, solido esekien karga handia duten urak ibaira ez isurtzeko. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra fase osoan zehar.

– Mikropiloteak egiteko makinek partikula esekien emisioak murrizteko sistemak izango dituzte.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe betiere. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak:

– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan sortutako hondakinak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatu behar dira.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluaren eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua bete beharko da. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur- eta arroka-soberakinak izango direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa beteko da.

– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera, obrak eragina izan badezake Ibarrekoerrota Balizko Arkeologia Gunerako adierazitako eremuaren lurpean (1997ko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bidez deklaratu zen eremu hori; EHAA, 106. zk., 1997-06-05), azterketa arkeologiko bat egin beharko da aurretik, eta organo eskudunari aurkeztu beharko zaio.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Landa-ingurunea babesteko neurriak:

– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren txostenaren arabera, proiektuaren eremuan EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren LPSko balio estrategiko handiko lurzoruak daudenez, nekazaritzaren arloan eskumena duen foru-organoaren txostena eduki beharko da, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan xedatuta dagoen bezala.

Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak:

– Lehengoratze-lanak egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraituko zaio.

– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilgura solido-arrasteak ekiditeko, eta espezie autoktonoak erabiliz; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko kontrol-neurriak hartuko dira.

Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.

– Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta aurkeztutako leheneratze-proiektuan agertu ez arren obrak bukatzean kaltetuta daudenetan ere.

– Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera. Lehengoratzean, ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin [hala nola budleia (Buddleja davidii), panpa-lezka (Cortaderia selloana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia)] kutsatuta egon litezkeen lurrak, jatorria obran bertan edo kanpoan izan.

– Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatzeak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, besteak beste helburu hauek ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren okupazio-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako baino eremu handiagoa.

– Interes handiko landaretza-eremuen (haltzadia) gaineko eragina kontrolatzea.

– Bisoi europarraren garai kritikoan (martxoaren 15etik uztailaren 31ra), ez egitea ur-ibilguei, haien ertzei eta haien inguruei eragiten dien obrarik.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.

Garbiketa eta obra bukatzea.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.

Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Uraren Euskal Agentziak sustatutako Gamiz-Fikako Ibarra auzoan Butroe ibaiaren gaineko zubia ordezteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urte igaro baino lehen. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala