
110. zk., 2025eko ekainaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (261 KB - 13 orri.)
- EPUB (134 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2626
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko HE.03.01 (HS) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2025eko otsailaren 7an, Hernaniko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Hernaniko HE.03.01 (HS) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
21/2013 Legearen 6.2 artikuluan adierazten denez, honako kasu hauetan egin behar da, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua: «b) Aurreko paragrafoan aipatutako plan eta programetan, udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen dutenean». Bada, Plana kasu horietako bat da.
Era berean, Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuen artean dago, eta horren arabera «Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua eduki beharko dute Administrazio publiko batek hartutako II.B eranskinean zerrendatutako planek eta programek, eta horien aldaketek eta berrikuspenek, eta horiek egitea lege- edo erregelamendu-xedapen batek edo Gobernu Kontseiluaren akordioren batek eskatzen edo babesten badu». Zehazki, Plan Berezia II.B eranskinaren 1. apartatuan dago jasota, «Udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen duten II.A eranskineko planak eta programak» delakoan.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hernaniko HE.03.01 (HS) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren jasotzen diren zehaztapenei jarraikiz:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziaren eremuak 10.859 m2-ko azalera du, Hernaniko (Gipuzkoa) hirigunean dago, Atzieta kalearen eta trenbidearen geltokiaren ondoan, eta hiru azpieremuk osatzen dute. Horietako bat, hegoaldeen dagoena, «hiri-lurzoru finkatu» gisa dago sailkatuta, eta iparralderago dauden bi azpieremu etenak «sistema orokorrak: espazio libreak» gisa daude sailkatuta.
Hegoaldean dagoen azpieremuak honako mugakide hauek ditu: iparraldean, Atzieta kalea; ekialdean, Atzieta parkea; mendebaldean, parrokia-eraikin bat, Lizeaga kaleko 3 zenbakiko etxea eta ibilgailuak Portu auzora jaisteko bidea; eta hegoaldean, bizitegirako lurzati pribatu bat. Atzieta kalearen bazterrean dagoen 12 zenbakiko etxeari (Gure Etxola) eta 6 zenbakiko etxeari (Orkolaga etxea) dagozkien bizitegi-eraikinak hartzen ditu barne; horiek eraistea aurreikusten da. Bi eraikin horiez gain, hegoaldeko azpieremuan baratzeak eta solairu bateko eraikin txikiak (txabolak) daude; inolako baliorik ez dute eta antolamenduz kanpokotzat hartzen dira.
Iparraldean dauden bi azpieremuak Hernaniko hirigune historikoaren hegalean daude, beren perimetroetan jabari eta erabilera publikoko espazio libreekin egiten dute muga eta Atzieta kalea eta trenbidearen geltokia lotzen dituzten eskailerek banatzen dituzte.
Hernaniko Hirigintza Plangintzako Arau Subsidiarioek HS.03.01 (HE) eremua mugatzen dute, Espazio Libreen Sistema Orokor berri eta A.20/HS.03 garapeneko bizitegi-eremu berri gisa. Indarrean dagoen plangintzaren arabera, aurreikusten den garapen berriko bizitegi-zona horren antolamendua (A.20/HS.03) Hiri Antolamenduko Plan Berezi baten idazketaren bidez ezarriko da.
Horregatik, Hiri Antolamenduko Plan Berezi honen bidez, Hernaniko (Gipuzkoa) HS.03.01 (HE) eremuaren antolamendu xehatuaren araubidea ezartzea proposatzen da. Plan Bereziaren bidez, honako hau egin nahi da: Espazio Libreen Sistema Orokorra handitu; ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbidea hobetu; eta bizitegi-eremua garatu, hiru bloketan 52 etxebizitza eginda. Iparraldean modu ez jarraituan dauden eta HS.03 (HE) azpieremuko D.10/HS.03 Espazio Libreen Sistema Orokorrekoak diren bi azpieremuak eremuari atxikitzen zaizkio, lurzoru publikoa lortzeko soilik, Hernaniko Udalari lagata.
(Ikus .PDF)
Planak lursail multzo bat zuinkatzen du hegoaldeko azpieremuan, hirigintza-garapen berri bat integratzeko eta Espazio Libreen Sistema Orokorra handitzeko, indarrean dagoen plangintza orokorra betez. Bizitegi-erabilerako 3 bloke eraikitzea aurreikusten da: guztira 52 etxebizitza izango ditu 4 solairutan banatuta. Bizitegi-multzoak, funtsean, hiru lurzati hartuko ditu etorkizunean: Atzieta kalekoa; erdikoa, Orkolaga etxearen ordez dagoena eta ekialdetik mendebaldera doana; eta terraza bat, azpieremuaren hegoaldean. Eraikigarritasunik gabeko laugarren lurzati bat dago, Elizatxo kaleko 12. zenbakiko 7. lurzatiaren azaleraren zati bat trukatzeko balio duena.
Hegoaldeko azpieremuko garapen berriko bizitegi-eremuan ezarriko den antolamendu xehatuak honako irizpide hauek beteko ditu:
– Berrantolatu beharreko eremuan egun dauden eraikin guztiak eraitsi beharko dira.
– Gutxienez 1.900 m2 erabiliko dira Espazio Libreen Tokiko Sistemarako, zeina lursailaren goiko aldean kokatuko baita, Goiz Eguzki parkearen jarraian, eta dauden baldintza topografiko eta zuhaizti onenak aprobetxatuko dira.
– Eraikin berriak eremuaren behealdean kokatuko dira, eta lurraren topografiara egokituko dira. Salbuespen gisa, Atzieta kalearen bazterrean eraikin bat eraikitzea onartzen da, 12 zenbakiko etxearen egungo orubea berrantolatzen delako (Gure Etxola).
– Oinezkoentzako sarbideak ezarriko dira, egun dagoen Goiz Eguzki parkea Atzieta kalearekin, Portuko auzorako jaitsierarekin eta Leokako eskailerekin zeharka lotzeko, parke horren irisgarritasun-baldintzak hobetzeko asmotan.
– Bide-diseinua birmoldatzea eta Portu auzora jaisteko kalearen urbanizazioa hobetzea, norabide bakarreko galtzada bat (4 m-ko sekzioa), oinezkoentzako bi espaloi (2 m-ko gutxieneko zabalera) eta lineako aparkaleku-banda bat (2 m) jarriz. Horren ondorioz, oinezkoen arriskua murriztu egingo da, eta Ikastolako atearen aurrean aparkatzeko gune bat jarriko da.
Eraikigarritasunari dagokionez, Hernaniko arau subsidiarioen arabera, azpieremuak 3.200 m2-ko sabai-azalera du sestra azpian aparkaleku eta trastelekuetarako, eta 4.831 m2(s) sestra gainean:
– 561 m2 gaur egun dagoen sabai-eraikigarritasunari dagozkio.
– 220 m2-ko sabai-azalera atarietarako.
– 4.050 m2 bizitegietarako sabai-eraikigarritasun berriari dagozkio.
– 810 m2-ko sabai-azalera babes sozialeko etxebizitzei dagokie.
– 810 m2-ko sabai-azalera etxebizitza tasatuei dagokie.
– 2.430 m2-ko sabai-azalera salmenta libreko etxebizitzei dagokie.
Gainera, Planak 112 m2-ko sabai-azalera du hirugarren sektoreko ekipamendurako (birkokatze gisa), hots, Gure Etxola 12 zenbakiko etxearen egungo erabileraren baliokidea (josteko tailerra).
Hori guztia lau lurzatitan banatzen da, honela:
a.20.HS.03.01.A lurzatia:
Hegoaldeko azpieremuaren iparraldean dago, eta profil hau du: 2 erdisotoko solairu, beheko solairu bat eta bi goiko solairu. Gehienez 4 etxebizitza egitea aurreikusten da, 5 solairuetan banatzeko (350 m2-ko bizitegietarako sabai-eraikigarritasuna, gehienez). Gainerako sabai-eraikigarritasuna, 270 m2, aparkalekua (4 plaza), erabilera lagungarriak eta trastelekuak egiteko erabiliko da.
a.20.HS.03.01.B lurzatia:
Hegoaldeko azpieremuaren erdialdean dago, eta profil hau du: sotoko solairu bat, erdisotoko solairu bat, beheko solairu bat eta hiru goiko solairu eta atiko atzeraeman bat. Beheko solairuan eta goiko 3 solairuetan 8 etxebizitza aurreikusten dira solairu bakoitzeko; hala, 32 etxebizitza lortuko dira. Atiko atzeraemanak beste 6 etxebizitza ebazten ditu. Guztira, 30 salmenta libreko etxebizitza eta 8 etxebizitza tasatu dira. Etxebizitza libreetara 2.861 m2-ko sabai-azalera bideratuko da, eta etxebizitza tasatuetara, berriz, 810 m2-ko sabai-azalera. Erdisotoko eta sotoko solairuetan bi solairutan banatutako aparkaleku bat dago, guztira 60 bat plaza dituena. Bi solairuetan, 2.730 m2-koa sestra azpiko sabai-azalera.
a.20.HS.03.01.C lurzatia:
Hegoaldeko azpieremuaren hegoaldean dago, eta profil hau du: erdisotoko solairu bat, beheko solairu bat eta hiru goiko solairu. 810 m2-ko sabai-azalera babes sozialeko etxebizitzetarako da. Goiko hiru solairuak etxebizitzetarako dira, eta beheko solairua atarirako, etxebizitzarako eta Gure Etxola etxeko josteko tailerreko 112 m2-ko sabai-azalerako ekipamendurako. Guztira, 10 babes sozialeko etxebizitza eta aipatutako ekipamendu pribatua dira. Erdisotoko solairuan 10 aparkaleku-plaza daude (1 etxebizitza bakoitzeko), eta gainerakoa etxebizitzetako erabilera lagungarrietarako eta trastelekuetarako da. Hala, 410 m2-koa da sestra azpiko sabai-azalera.
a.30.HS.03.01.D lurzatia:
Elizatxo kaleko 12 zenbakiarekin muga egiten duen azalera txiki bat da, eremutik kanpo geratzen dena, eta eremuari txertatzen zaio, hegoaldeko muturrean gehitzen zaion azaleraren zati baten truke gisa.
Antolamendu berriak honako hauek izango ditu: hiri-eremuetako ohiko zerbitzuen hornidura eta zuzkidura, elektrizitate-hornidura, ur-hornidura, gas-hornidura, telekomunikazio-sarerako konexioa eta abar.
Bestalde, Planak espazio libreen sistema orokorrari dagokion gehikuntza ezartzen du iparraldeko bi azpieremuetan (729 m2-koa eta 3.771 m2-koa, guztira 4.500 m2). Horrela, bi parkeak lotuta geratzen dira espazioaren eta funtzioaren aldetik (Atzieta eta Goiz Eguzki). Horrez gain, igogailua, pasabidea, eskailerak edo pasealekuak jartzea aurreikusten da Hirigune Historikoaren eta Portuko auzoaren arteko oinezkoentzako irisgarritasuna ebatzi eta bermatzeko.
Etorkizuneko hirigintza-eremurako, urbanizatzeko jarduketa programak eta urbanizazio eta lizentzia proiektuak egingo dira, Udalak berak onartu beharko dituenak.
Kontuan hartutako alternatibak:
Ingurumen dokumentuak bi alternatiba aurkezten ditu: 0 alternatiba edo «ez esku hartzekoa» eta 1. alternatiba. 1. alternatiba hautatu da, Hernaniko arau subsidiarioekin bat etorriz, hura garatu, kudeatu eta egikaritzeko beharrezkoak diren H.S. 03.01 (HE) eremuko zehaztapen guztiak definitzeko.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak lurzati bat antolatzen du hiri-lurzoru finkatuan, eta bide ematen du Hernaniko arau subsidiarioetako zehaztapenen arabera haren hirigintza- eta eraikuntza-garapena egiteko. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako legedia txertatzeko, ingurumenaren arloan.
Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta etorkizunean plana garatzean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, ez dago zertan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Plan Bereziaren eremua Hernaniko udal-mugartearen hirigunean dago. 10.859 m2-ko azalera du, eta 3 azpieremutan banatzen da, honela sailkatuta: hegoaldeen dagoen azpieremua «hiri-lurzoru finkatu» gisa, eta iparralderago dauden bi azpieremuak «sistema orokorrak: espazio libreak» gisa.
Eremua «Urumeako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Eremuan ez da ur-ibilgurik identifikatzen. Gertuen daudenak Portu ibaia eta Urumea ibaia dira, eta 150 m eta 200 m baino gehiagora daude, hurrenez hurren. Eremuan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Planaren eremua «Andoain-Oiartzun» lurpeko ur-masaren gainean dago, zeina egoera onean baitago, oro har. Iparraldeko azpieremuak interes hidrogeologikoko eremu batekin egiten du muga.
Litologia bat dator igeltsuekin eta beste gatz iragazgaitz batzuk dituzten ofita eta buztinekin. Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna ertaina da. Planaren xede diren lurzoruak ez daude antolatuta Nekazaritza eta Abeltzaintzako LPSan.
Eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.
EUNIS habitataren (geoEuskadi) kartografiaren arabera, eremua, nagusiki, «parke eta lorategi apaingarri txiki» gisa sailkatzen da, hegoaldeko azpieremuaren ipar-mendebaldean izan ezik, zeina «dentsitate handiko herri eta hirien eraikuntza» gisa baitago sailkatuta. Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, iparraldean dauden azpieremuetan zenbait zuhaitz-ale apaingarri daude; hegoaldean dagoen azpieremuan, berriz, azalera gehiena baratzeek hartzen dute, baina zuhaitz-masa misto bat ere badago (hostozabalena eta koniferoena), eta flora-espezie ugari daude, hala nola Ipomoea indica eta Pittosporum tobira. Gainera, zuhaitz berezi izendatutako Hernaniko ginkgoa bertan dagoela adierazten du, hegoaldeko azpieremuaren ondoan. Zuhaitzaren enborra Planaren xede den eremutik kanpo dago, baina adaburua eta sustrai-sistema azterketa-lurzatiaren barruan daude.
Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua kudeatzeko planen xede den espaziorik. Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremuaren eragin antropogenikoak izugarri baldintzatzen du eremuan fauna-espezieak egotea.
Planaren xede den eremuak, iparraldean, Hernaniko Hirigune Historikoarekin egiten du muga, kultura-ondasun eta balizko arkeologia gune izendatua; bestalde, «D10 Hiri-espazio libreak. Parkea (sistema orokorra)» gisa zonifikatutako azpieremuetako batekin bat etorriz, «1873-76 gudaren garaiko harresia» balizko arkeologia gunea dago. Gainera, eremuak Donejakue bidearekin egiten du muga hego-mendebaldean.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da ibai-uholdeengatiko arrisku-arazorik hauteman, ez eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziaren ondoriozko arriskurik ere. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman SEVESO III Zuzentaraua bete behar duten enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik. Higadurari dagokionez, RUSLE kartografiaren arabera, azpieremu batzuek muturrekoak edo oso larriak diren higadura-prozesuak dituzte. Salgai arriskutsuak trenez garraiatzeagatik 100 m-ko afekzio-bandan dago eremua, arrisku ertainekotzat jotzen den tarte batean (Madril-Irun). Eremuaren zati bat salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeagatik arrisku txikia duen errepide baten 200 m-ko afekzio-bandan dago.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Planak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jasotzen du. Horren arabera, HS.03.01 eremua bat dator A motako eremu akustiko batekin: nagusiki bizitegi-erabilerara bideratutako lurralde-eremua/-sektoreak, zeinak honako kalitate akustikoko helburu (aurrerantzean, KAH) hauek bete behar baititu kanpoko espaziorako: 65 dB (A) eguneko eta arratsaldeko aldietarako, eta 55 dB (A) gauerako. Hala ere, etxebizitzak aurreikusten diren hegoaldeko azpieremua etorkizuneko garapen bat da; hori dela eta, kasu honetan, bete beharreko KAHak 60 dB (A) dira eguneko eta arratsaldeko aldietarako eta 50 dB (A) gauerako. Eremuan eraiki beharreko bi eraikin trenbidetik 75 metro baino gutxiagora daudenez, bibrazioen azterketa bat ere aurkezten da.
Aurrekoa ikusita, honako hauek izango dira inpaktu nagusiak: obren fasean sortutakoak, lehendik dauden eraikinak eta egiturak eraistegatik; lur-mugimenduak, urbanizazio-kotak lortzeko eta sestra azpiko solairuak egikaritzeko; urbanizazio-obrak; etxebizitzak egikaritzea; eta espazio libre komunak egitea hegoaldeko azpieremuan. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak baliteke airearen, uren eta lurzoruen kalitatean eragina izatea.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, landarediaren gaineko inpaktua neurritsua da; izan ere, jarduketa-eremuan dauden zuhaitz-ale gehienak errespetatu nahi badira ere, espezie inbaditzaileen hedapenak eragin handia izan dezake inguruko landaredian.
Funtzionamendu-faseari dagokionez, eremuko bizitegi-jarduera handitzearen ondorioz inpaktuak izatea ere espero da, mugikortasunaren hazkundeari, baliabideen kontsumoari eta hondakinen ekoizpenari dagokienez.
Etorkizuneko agertokiko egoera akustikoari dagokionez, azterlan akustikoak ondorioztatzen du hegoaldeko azpieremuan (garapen berriak aurreikusten diren horretan) KAHak gaindituko direla kanpoan eguneko aldi guztietan, bai eta fatxadetan ere. Baztertu egin da konponbideak hartzea, neurrigabeak direlako teknikoki zein ekonomikoki; beraz, eraikinak egiteko proiektuak barnealdean aplikatu beharreko isolamendu-balioak jasoko ditu, KAHak betetzeko behar direnak.
Bi eraikinetan aurreikusitako bibrazio-mailek gainditu egiten dute legeriak ezarritako kalitate akustikoaren helburua (75 adB). Bibrazio-mailak murrizteko, bibrazioen aurkako elementuak jarri beharko lirateke, bai eraikinen zimenduetan, bai etxebizitzen 1. solairuaren alturan, gutxieneko 10 dB-eko ahultzearekin 16 Hz-eko bandan, eta 14 dB-ekoarekin 25 Hz-eko bandan, eta 12 Hz-etik beherako erresonantzia-maiztasunarekin, 8 dB-eko gehieneko anplifikazioarekin.
Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, Planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterako, itzulgarriak eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, bereziki, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.
C) Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Hernaniko HE.03.01 (HS) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Bestalde, eraikinak egikaritzeko proiektuan behar bezala justifikatuko da fatxadan erabiliko den isolamendua, betiere eraikinen barruan KAHak betetzeko, hargatik eragotzi gabe 43. artikulua betetzea.
– Bibrazioei buruzko neurriak.
Bibrazioei dagokienez, aurkeztutako bibrazioen azterketan ezartzen den moduan, bibrazioen aurkako elementuak jarriko dira eraikinen zimenduetan edo etxebizitzen lehenengo solairuaren parean. Elementu horien ezaugarriak zehazteko, neurketa-kanpaina berri bat egingo da eraikinaren zimendu-kotan zimendu mota proiektatu ondoren, eta bibrazioen kontrako elementu horiek lortu behar duten gutxieneko indargabetzea ezarriko da, guztia ere legeriak ezarritako kalitate akustikoaren helburua betetzen dela bermatzeko.
– Landarediari eragiten dioten neurriak.
Obrak egin bitartean, arreta berezia jarriko zaio Hernaniko ginkgoari, zeinak zuhaitz bereziaren izendapena baitu. Makineriaren mugimenduek, hala nola, atzerako hondeamakinen palek, garabiek eta abarrek, arreta berezia jarri beharko dute hari ez eragiteko. Obrak hasi aurretik, zuhaitza behar bezala zuinkatu eta babestuko da, eta, ahal den neurrian, makinak sustrai-sistemaren gainetik zirkulatzea saihestuko da, adarrek hartzen duten distantzia berean, eta enborra babestuko da, ustekabeko kolpeak saihesteko. Babesak sendoa izan beharko du, ustekabeko kolpeak arintzeko modukoa. Seinaleztapena gorabehera, joan-etorriak adar edo zurtoinen bati eragiten badio, garbi moztu beharko dira eragindako adarrak, eta orbaintzailea aplikatu beharko du eremuan, aleak gaixotasunik edo infekziorik har ez dezan.
Interes handiena duten zuhaitzak modu xehean identifikatuko dira, tamainagatik, adinagatik, ezaugarriengatik edo faunarentzako interesagatik, prebentzio-neurri egokiak ezarri eta hartu ahal izateko.
Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko. Ildo horretan, ezin izango da espezie aloktono inbaditzaileak hauteman diren eremuetako landare-lurrik berrerabili obran, eta behar bezala eta modu bereizian kudeatu beharko da. Puntu honetan, aipatu behar da Pittosporum tobira ez dagoela sartuta Espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuaren katalogoan, eta Ipomoea indica espezie inbaditzaile gisa agertzen dela katalogo horretan Kanarietan eta Balear Uharteetan, baina ez azterketaren esparruan.
– Ondare historikoa babestearekin lotutako neurriak.
Plan Berezia onartu aurretik, eremu osoaren azterketa historiko-arkeologikoa egingo da. Ondorioen arabera, erabaki ahal izango da ea komeni den esku-hartze arkeologiko bat egitea obrak hasi aurretik, edo obra-fasean, bai eta esku-hartze horren modalitateari eta hedadurari dagokienez ere.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari lurrak mugitzea dakarten obra-lizentzien eskabideen berri eman beharko zaio; hala, egokitzat joz gero, Sail honek ezarriko du, sustatzailearekin bat etorriz, obren jarraipen arkeologikoa egiteko plana.
– Aurretik esandakoa eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Nolanahi ere, honako hauek bete beharko dira: Kultura Ondarearen zuzendariaren 1996ko azaroaren 11ko Ebazpena, Hernaniko (Gipuzkoa) Balizko Arkeologia Guneen Aurretiazko Deklarazioa egiten duena eta interesdunei entzuteko epea irekitzen diena, eta Kultura sailburuaren 1998ko otsailaren 12ko Agindua, zeinak Hernaniko Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartzen baitu, Monumentu Multzo izendapenarekin, Kultura Ondasun gisa.
– Portu auzora jaisteko bidea birmoldatzen bada, kontuan hartu beharko da hiri-eremuetatik igarotzen diren Donejakue bideko tarteetarako bide-trazadura babesteko araubidea. Honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena; 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa; eta 66/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duen Dekretua.
– Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak.
Planak esplizituki jasoko du oinarrizko proiektuak edo egikaritze-proiektuak «lehengoratze-proiektua» ere jaso behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango duen, aurrekontua barne.
Espazio libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua izeneko dokumentuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo Cortaderia selloana.
– Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.
Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio maileguak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak baloratzeari. Balorazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa lege-xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Jardunbide egokien eskuliburua edukiko da, obrako langileek erabil dezaten. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak aldi batean pilatzeko guneak, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko eremuak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioesteko beste modu batzuk, balioespen energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balioestea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtzen badira edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argi batean etiketatu behar dira, irakurtzeko moduan eta ezabatzerik ez dagoela, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoak egiteko lanak, urak kutsatu ez daitezen.
– Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.
– Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen eskuragarri: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, Ebazpen honetan zehaztutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Hernaniko HE.03.01 (HS) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hernaniko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, «Hernaniko HE.03.01 (HS) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia» onartzen ez bada, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, hala badagokio, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 15a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS