
109. zk., 2025eko ekainaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2584
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, Mungiako farmazia-eskualdean Mungiako udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko prozedurari hasiera ematen zaiola iragartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34.1 artikuluak ezartzen du urteko lehen seihilekoan egin behar dela farmazia-bulego berriak irekitzeko deialdia edo, hala bada, bulego berrien beharrik ez dagoelako iragarpena.
Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzak 2025. urtean indarrean dauden biztanleria-datu eguneratuak eman ditu, osasun-eremuka, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Eremuak finkatzen dituen 2018ko apirilaren 20ko Aginduaren 4. artikuluaren 2. puntuarekin.
Farmazia Zuzendaritzak 2019ko ekainaren 21eko Aginduan ezartzen denaren arabera aztertu ditu datuak (agindu horretan, farmazia-eskualdeak eta eskualde bakoitzean sartzen diren udalerriak zehazten eta sailkatzen dira; 2019ko uztailaren 16ko EHAA), eta hortik ondorioztatzen da farmazia-bulego berri bat ireki daitekeela aurten Mungiako farmazia-eskualdean (2CUR01), Mungiako udalerrian betiere; izan ere, udalerri horrek, izan ere, bere lurralde-eremuan farmazia-bulego bat irekitzeko aukera ematen duen biztanle-proportzioa lortu du.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Mungiako farmazia-eskualdean farmazia-bulego bat sortzeko deialdia egitea, ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (338/1995 Dekretua, ekainaren 27koa, Farmaziak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzen dituena; gero, otsailaren 3ko 24/2004 Dekretuaren bidez aldatu zen).
11/1994 Legearen 13. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, eta 2024ko biztanleria-datuekin bat etorriz, deialdi honetako farmazia-bulegoa Mungiako udalerrian kokatu beharko da.
Hilabete izango da deialdi honetako farmazia-bulegoaren titulartasuna lortzeko eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskabide horiek ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako agiriak erantsita aurkeztu beharko dira, 24/2004 Dekretuak egindako berridazketari jarraituz.
Eskabidea eta harekin batera doan dokumentazioa bitarteko elektronikoz aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0609210); hor daude, eskuragarri, bide elektronikoz izapideak egiteko zehaztapenak, eranskinak, eskuliburuak eta ereduak. Merezimenduak behar bezala alegatzeko, inprimaki elektroniko xehatu bat emango da, arestian aipatutako 24/2004 Dekretuan ezarritako merezimendu-baremoaren arabera.
Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak eta jakinarazpenak «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 28a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.