
108. zk., 2025eko ekainaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 12 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2570
AGINDUA, 2025eko ekainaren 4koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2024-2025 ikasturterako beka-deialdia egiten baita nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola.
Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren betekizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren 13.1.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko Sailburuordetzari dagokio «Nautika eta arrantzako prestakuntza. Nautika eta arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea. Itsas ikasketak eta aisialdiko nabigazioko ikasketak». Bestalde, 14.1.p) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio egiteko hau: «itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea».
Eskumen-esparru horren barruan, eta lehenengo paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko, hain zuzen ere, onartu da beka-deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Horrekin lotuta, 2024ko ekitaldian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko apirilaren 9ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez beka-deialdia egiten baita itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko, 2023-2024 ikasturtean, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola (2024ko apirilaren 17ko EHAA, 76. zk.).
Deialdia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoan dauden ekimenetako bat da –plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen–. Deialdiaren bidez, laguntza ekonomiko txiki bat eman nahi zaie nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiten dituztenei, horrek dakarzkien gastuak ordaindu ahal izan ditzaten.
Halaber, oraingo deialdian, berriz ere aukera ematen da lantokiko prestakuntzako moduluei (LP) bekak emateko, heziketa-zikloen parte diren aldetik (B eta C mailak), baldin eta 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten badira, hala ezartzen baita Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).
Autonomia Estatutuaren 10.10. eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, bat etorriz abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuan xedatutakoarekin (dekretu horrek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du), eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2024-2025 ikasturterako beka-deialdiaren oinarriak onartzea, nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola. Deialdiaren oinarriak agindu honen I. eranskinean daude jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 4a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Deialdia.
Agindu honen xedea da 2024-2025 ikasturterako beka-deialdia egitea nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola.
2. oinarria.– Finantzaketa.
1.– Gehienez ere, ehun eta berrogei mila bostehun eta sei euro (140.506 euro) baliatuko dira 2024-2025 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko guztizko zenbatekoa % 40 handitu ahal izango da. Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak emango du handitze hori xedatzen duen ebazpena, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitalpen horrek, baina, ez du eragingo eskabide berriak aurkezteko epea hastea, ezta ebazteko beste epe bat hastea ere.
3. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Eskatzaile guztiek, onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako legezko debekuren baten pean.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko nautika- eta arrantza-arloko irakaskuntzak ematen dituzten hiru eskoletako edozeinetan matrikulatuta egon izana, 7. oinarrian adierazitako ikasketetan, 2024-2025 ikasturtean.
2.– Gainera, 7. oinarriko B eta C mailetan dauden eskatzaileek betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte:
a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskolatzeko beka- eta laguntza-deialditik kanpo geratu izana (Agindua, 2024ko uztailaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko beka, laguntza eta sorospenetarako deialdia egiten duena 2024-2025 ikasturterako – 2024ko uztailaren 19ko EHAA, 142. zk.).
b) Prestakuntzaren zati praktikoa (lantokiko prestakuntza) jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan 3. zerrendan inskribatuta dauden arrantza-ontzietan egitea, hala ezarrita baitago Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).
c) Lehenengo mailan, enpresako prestakuntza egitea, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuan eta Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
4. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Eskatzaileek, pertsona fisikoak direnez, aurrez aurre nahiz elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:
– Aurrez aurre: eskabideak ikasketa-zentro hauetan aurkeztuko dira, dagokien dokumentazioa erantsita:
• Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII, Marinel kalea 2 – 20110 Pasaia (Gipuzkoa).
• Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII, Ongintza kalea z.g. – 48370 Bermeo (Bizkaia).
– Elektronikoki: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, helbide hau erabiliz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030110
Edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietako edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin.
Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, edozein momentutan alda baitaiteke aukeratutako bidea.
2.– Edonola ere, eskabideak eta eskabideen izapidetzeari buruzko jarraibideak –aurrez aurre nahiz elektronikoki–, eta agindu honen bidez onartzen diren gainerako ereduak edo memoriak, egoitza elektronikoaren helbide honetan daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030110 Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak). Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
3.– Agindu honen bidez onartzen den eskabide-eredu normalizatuak II. eranskinean xedatutako edukia izango du.
4.– Beka eskatzeko inprimakiarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo AIZren fotokopia.
b) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du foru-ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.
c) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.
d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu izanaren erantzukizunpeko adierazpena.
e) Dagokion foru-ogasunarekiko zerga-betebeharrak betetzen dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak betetzen dituelako erantzukizunpeko adierazpena.
f) Hirugarrenaren altaren inprimakia. Elektronikoki izapidetu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
g) 2024-2025 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko nautika- eta arrantza-arloko irakaskuntzak ematen dituzten eskoletako edozeinetan matrikulatu izanaren egiaztagiria.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez izateari buruzkoa:
– Ez egotea zigortuta epai irmo bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez egin izana hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaririk, ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan, ez egotea hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, eta ez egotea epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
– Ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa ez egotea lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ere: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.
– Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehazten den moduan.
– Egoitza fiskala ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
– Ez galdu izana dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, jaso ez izana zehapen administratibo edo penalik sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, edo kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldia igarota ez egotea.
5.– Dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari zuzenean eskuratu ditzan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.
6.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Prozedurak eskatzen dituen datu eta dokumentuak kontsultatu edo bilduko eta egiaztatuko ditu administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.
Hala ere, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Horrelakoetan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, atzera egin duela joko dela, hirugarrenaren altari dagokionez izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.
8.– Beka jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.
9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.
5. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
2.– Agindu honen bidez deitutako laguntzak emateko prozedura lehiaketaz besteko norgehiagoka da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan arautua. Horrela, eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiek jasoko dute beka.
6. oinarria.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Eskatzaileei balorazioa egiteko eta puntuazioa emateko –hurrengo oinarrian azaldutako irizpideen arabera–, ebaluazio-batzorde bat sortzen da; kide hauek izango ditu:
a) Batzordeburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Egituren Zerbitzuko arduraduna.
b) Idazkaria: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako pertsona bat.
c) Bokalak: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHIIko, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIko eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskolako zuzendariak.
2.– Ebaluazio-batzorde horren jardunean, behar diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
7. oinarria.– Beka esleitzeko irizpideak.
Hautagai bakoitzari puntuak esleitzeko, irizpide hauek baliatuko dira:
Egin beharreko ikasketen maila:
– A maila – Arrantzako kapitaina: 8 puntu.
– B maila – Goi-mailako heziketa-zikloak: 8 puntu.
– C maila – Erdi-mailako heziketa-zikloak: 6 puntu.
– D maila – Itsasbazterreko patroi balioaniztuna (36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, arrantza-sektoreko titulu profesionalak arautzen dituena; 2014ko otsailaren 17ko BOE, 41. zk.): 6 puntu.
– E maila – Oinarrizko mailako heziketa-zikloa: 6 puntu.
Gainera, lantokiko prestakuntza (LP) 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten bada, Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.), pertsona bakoitzari puntuazio hau esleituko zaio:
– B maila – Goi-mailako heziketa-zikloak: 4 puntu.
– C maila – Erdi-mailako heziketa-zikloak: 3 puntu.
2.– Ohiko bizilekuko herritik ikastetxea dagoen herrira dagoen distantzia; kalkulua egiteko, kontuan hartuko da zer distantzia dagoen herrigunetik ikastetxera, eskala honi jarraituz:
– 1. taldea: 50 kilometro baino gehiago: 16 puntu.
– 2. taldea: 31 eta 50 kilometro artean: 8 puntu.
– 3. taldea: 11 eta 30 kilometro artean: 4 puntu.
– 4. taldea: 5 eta 10 kilometro artean: 2 puntu.
3.– Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:
– Ezkontidea edo izatezko bikotekidea izateagatik (ezkontideak lan egiten ez badu): 2 puntu.
– Seme-alaba bakoitzarengatik: 2 puntu.
– Anai-arreba bakoitzarengatik (adingabe emantzipatu gabeak badira edo langabezian badaude, eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan): 1 puntu.
4.– Eskatzaileak edo haren familiak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada:
– 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak: 8 puntu.
– 6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak: 4 puntu.
– 12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak: 2 puntu.
8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, diruz lagundu ahal izango dira 2024-2025 ikasturtean kontzeptu hauei buruz egindako eta ordaindutako gastuak:
a) Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak. Gehienez, 2.000,00 euro.
b) Ikastetxera joan-etorriak egiteak eragindako gastuak. Gehienez, 500 euro.
c) Mantenu-gastuak. Gehienez, 1.000 euro.
d) Ikasketa-materialerako gastuak. Gehienez, 500 euro.
9. oinarria.– Bekaren zenbatekoa.
1.– Agindu honetako eskakizunak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Beken zenbatekoa bi mila laurehun eta lau euro eta bost zentimokoa (2.404,05 euro) izango da gehienez ere, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera eta proportzioan kalkulatuko da. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako zenbatekoa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua, agindu oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.
2.– Ikasturtea errepikatzen duten ikasleen kasuan, balorazio-irizpideak aplikatuta legokiekeen beka arruntaren % 50 lortu ahal izango dute (gehienez), baldin eta aurreko ikasturteko aprobetxamendu txarra behar bezala justifikatuta badago eskola edo ikasketekin zerikusia ez duten arrazoi larriengatik. Arrazoi horiek behar bezala baloratuko ditu agindu honen 6. oinarrian sortzen den ebaluazio-batzordeak.
10. oinarria.– Ebaluazio-batzordearen txostena.
Aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren, eskatutako baldintzak betetzen dituzten hautagaiak hautatuko ditu ebaluazio-batzordeak, eta dagokien puntuazioa emango die. Jarraian, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.
11. oinarria.– Behin-behineko ebazpenaren proposamena.
1.– Zuzendaritza kudeatzailearen titularrak, espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusita, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinaraziko zaie soilik prozeduran agertzen direnean edo interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak ez diren beste batzuk kontuan hartzen direnean. Jakinarazpenean, hala badagokio, hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako kasuaz kanpo, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluari jarraikiz.
12. oinarria.– Behin betiko ebazpenaren proposamena.
1.– Alegazioak aztertuta, halakorik egonez gero, eta hurrengo paragrafoetan xedatutako alderdiak egiaztatuta, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak behin betiko ebazpenaren proposamena egingo du. Bertan, beken hartzaile izateko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta hura egiteko jarraitu diren balorazio irizpideak zehaztu beharko ditu.
2.– Eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, bekaren behin betiko ebazpenaren proposamena eman aurretik. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Era berean, zuzendaritza kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren IFZa ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri; hala eginez gero, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.
3.– Bekak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta bertan adieraziko da, haren esku dagoen informazioaren arabera, eskatzaileek bekak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
4.– Onuradun gisa proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuz.
5.– Behin betiko ebazpenaren proposamena ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.
6.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde, administrazioaren aurrean.
13. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpenaren proposamena onartu ondoren, arrantzaren arloan eskumena duen sailburuordeari helaraziko dio, eta hark emango du prozeduraren ebazpena.
2.– Bekak emateko eta ukatzeko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori bukatuta ebazpen espresurik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte eskabideak, hala xedatzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraikiz. Dena den, interesdun guztiei banaka jakinaraziko zaie ebazpena osorik; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Nolanahi ere, lehenengo egin denaren data joko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin.
14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Beken onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ildo horretan, onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia ematea, betiere erakunde horiek laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.
2.– Halaber, betebehar espezifiko hauek izango dituzte:
a) Matrikulatuta dauden modulu edo irakasgai guztiak gainditzea; hala badagokio, prestakuntza praktikoa gainditzea; eta eskoletara bertaratzeari buruzko gutxieneko baldintza hauek betetzea:
– Ikaslea justifikatu gabe ez badoa eskolara, hutsek ezin dute eskolaldiaren % 15 gainditu.
– Ikaslea justifikatuta ez badoa eskolara, hutsek ezin dute eskolaldiaren % 30 gainditu.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
15. oinarria.– Justifikazioa.
Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuetara mugatuko da, eta, ildo horretan, onuradunak gastu horien ziurtagiriak (originalak edo kopia konpultsatuak) aurkeztu beharko ditu, hilabeteko epean, ikasturtea amaitzen den egunetik hasita. Justifikazio hori 8. oinarrian zehaztutako gastuei buruzkoa izango da: ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak, ikastetxera joan-etorriak egiteak eragindako gastuak, mantenu-gastuak eta ikasketa-materialerako gastuak.
16. oinarria.– Bekaren ordainketa.
Ikasketa teorikoen kasuan, beka bakoitzari dagokion zenbatekoa gorabehera, emandako laguntza ordainketa bakar batean gauzatuko da, zenbateko osoarena, ikasturtea amaitu ondoren; betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatu den modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu. Probetxu hori aldez aurretik baliozkotuko dute ebaluazio-batzordeko kideek, eta ikasleek matrikulatuta zeuden modulu edo irakasgaiak gainditu dituztela egiaztatuko dute, baita deialdi honetan eskatzen diren eskolara joatearen ehunekoak ere.
17. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntzaren eskatzaileak aukera izango du eskabide horretan atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko da atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabili ahal izango da, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria izango da, ebazpen bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena eskatzaile horri dagokionez.
2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako bekari. Emandako beka onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabili ahal izango da, eta organo emailea izango da, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.
18. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo, hala badagokio, beka emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ebazpen bidez, beka jasotzeko eskubidea kenduko dio (osorik edo partez) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio jaso duen beka (guztia edo zati bat) eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.
2.– Zehazki, eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Ez-bertaratzea honelaxe neurtuko da:
– Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatu gabe, eskolaldiaren % 15 baino gehiagotan, beka galduko du, eta jasotako kopuruak itzuli beharko ditu.
– Ikaslea ez badoa eskolara, baina justifikatu egiten badu, aurreko atalean azaldutako ondorio berberak egongo dira, baldin eta hutsen kopurua % 30 baino handiagoa bada. Nolanahi ere, eskolara itzultzen den unean bertan aurkeztu beharko du ikasleak eskolara joan ez izanaren justifikazioa.
3.– Halaber, ikasleek lantokiko prestakuntzarako (LP) beka jasotzeko eskubidea galduko dute, baldin eta ez badute modu sinesgarrian egiaztatzen prestakuntza hori egin dutela. Horretarako, prestakuntza praktikoa egin den arrantza-ontziko armadorearen idazki bat aurkeztu beharko dute.
4.– Arrantzaren arloko eskumena duen sailburuordea izango da itzulketa-espedientea hasteko eta izapidetzeko organo eskuduna, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioaren arabera.
5.– Arau-hauste administratibotzat hartu daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
19. oinarria.– Bateraezintasuna.
Agindu honen bidez egiten den deialdiko bekak bateraezinak dira funts publikoen kontura helburu bererako jasotako beste edozein laguntzarekin. Bekaren onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, baldin eta edozein administraziori edo ente publiko eta pribaturi xede bererako eskatutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta jaso badute. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik hasita, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.
20. oinarria.– Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko bekak.
Arduraduna: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
Helburua: nautika- eta arrantza-arloko beken jarraipena, kontrola eta kudeaketa.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: arrantza-sektoreari zuzenean edo zeharka lotutako EAEko arrantza-prestakuntzako zikloetako eta arrantzako titulu profesionaletako ikasleak.
Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: helbide honetan kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/037400-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA
Laguntza eskatzeko inprimakia webgune honetan dago eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030110
Eduki hau izango du:
– Nautika- eta arrantza-arloko bekak, 2024-2025 ikasturtea.
– Kodea.
– Instrukzio-organoari zuzendua.
– Nortasun-datuak.
– Titularra.
– Ordezkaria.
– Eskatzailearen datu fiskalak zer lurralde historikotan dauden.
– Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.
– Abisuak jasotzeko datuak.
– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.
– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
– Eskatzen duen laguntza-lerroa, Aginduaren arabera.
– Zerga-egoitza.
– Balorazio-irizpideak, Aginduaren arabera.
– Informazio osagarria.
– Erantzukizunpeko adierazpen hauek:
a) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu izanaren erantzukizunpeko adierazpena.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez izateari buruzkoa; 4. oinarriko 4.h) apartatuan daude zehaztuta debekuok.
c) Deialdi-aginduan ezarritako eskakizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztia egiazkoak eta osoak izateari buruzkoa, eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzekoa.
Halaber, onuradunak baimen inplizitua eman beharko du Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak bete dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak egunean dituela; aukera izango du baimen hori espresuki ukatzeko, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.