
108. zk., 2025eko ekainaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (299 KB - 23 orri.)
- EPUB (149 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2566
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 28koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, EAEn sektore pribatuan dauden lantokietan 2025ean euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak (Lanhitz) emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 6. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.
Bestalde, 389/2024 Dekretuak, azaroaren 26koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 13.2 artikuluan: azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak.
Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak, hainbat urtetako hausnarketaren ondoren eta eremu sozioekonomikoko eragile askorekin parte hartzeko prozesu bat izan ondoren, «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-23» izeneko plana onartu eta inplementatzeari ekin zion. Planean 5.1 helburu estrategikoa honako hau zen: «Euskara planak enpresetan garatzeko laguntzak eta programak indartu».
Eusko Jaurlaritzaren XIII. Legegintzaldirako 2024-2028 Gobernu Programak ere jasotzen du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana. Hain zuzen ere, I. ardatzeko 6. jarduketa-arloko 43. konpromisoko 6. ekimenak honela dio: «Eremu Sozioekonomikoan 2024-2027 epealdirako Euskara Normalizatzeko Plana garatzea».
Horretaz gain, Gobernu Kontseiluak 2024ko urtarrilaren 30ean datozen hamar urteetarako plana onartu zuen, Aroa, euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa. Aroaren sarreran honako hau esaten da: «Azken hamarkadetan euskara lekua hartzen ari da lan munduan, kirolaren esparruan, osasunean, baita zaintzaren esparruan ere. Euskararen indarberritzeari ekarpena egiten ari zaie esparru hauetako eragileak eta erakunde pribatu zein publikoak. Hizkuntzen kudeaketak eta euskararen aldekotasun ekintzek gero eta leku gehiago dute, eta Aroak bide horiek urratzen jarraitzeko proposamena egiten du. Euskara planak ugaritzea eta hobetzea, kudeaketa aurreratuan hizkuntzen kudeaketari buruzko praktika berriak sortzea, erakundeetako langile edo partaideen euskalduntzean eragitea, hizkuntza ohitura aldaketen gaineko programa edo ikerketak sustatzen jarraitzea izango dira etorkizuneko egiteko azpimarragarriak.»
Era berean, emakumeek lan-esparruan duten egiturazko desberdintasuna, soldata arraila, sexuaren ziozko lan-jazarpen egoerak, bereizkeria horizontala eta bertikala eta lanaldi partziala, besteak beste, egiaztaturik, genero-ikuspegia modu eraginkorrean integratzea bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuaren (aurrerantzean, Berdintasunerako Legea) 3.5 artikuluan xedatzen den moduan. Hau da, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratuko dira, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatuko dira.
Halaber, lege horren printzipio orokorren artean 3.16 artikuluak honako hauek jasotzen ditu: hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea. Aipatutako artikuluaren arabera, euskal botere publikoek bermatu behar dute hizkuntza-eskubideak baliatzen direla eta euskararen erabilera sustatzen dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Horretarako, berdintasun-politikak garatzeko orduan, ziurtatuko dute, beste neurri batzuen artean, interesdunak aukeratutako hizkuntza koofizialean ematen direla zerbitzuak, herritarrentzako prestakuntza-, partaidetza- eta sentsibilizazio-jardueretan hizkuntza-eskubideak bermatzen direla, eta langile eta profesionalentzako jardueretan euskararen erabilera sustatzen dela.
Euskal Autonomia Erkidegoan laguntzei eta dirulaguntzei buruzko arau hauek daude indarrean: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
Azkenik, 2025eko otsailaren 27ko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduaren bidez, sailaren 2025-2028 epealdiko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu da, eta euskadi.eus atarian argitaratu da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren web guneko «Planak eta proiektuak» izeneko atalean, 2025eko martxoaren 12an. Plan horretan LanHitz deialdia aurreikusita dago.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Agindu honen xedea da EAEn sektore pribatuan dauden lantokietan, 2025ean euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea eta deialdia egitea (Lanhitz).
2. artikulua.– Deialdira bil daitezkeen jarduerak eta diru baliabideak.
1.– Lau multzo hauetako jarduerak lagunduko dira diruz:
a) Lehenengo multzoa: entitatean euskara planik izan gabe, euskararen erabilera edota presentzia sustatzeko jarduerak. Gehienez ere, bost urtez jaso ahal izango da dirulaguntza multzo honetan, eta, betiere, 2021eko Lanhitz deialdira arte dirulaguntzarik jaso ez bada edota hurrengo deialdietan 2., 3. edo 4. multzoan ere dirulaguntzarik jaso ez bada.
b) Bigarren multzoa: entitatean euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara plana diseinatzea, eta, nahi izanez gero, abian jartzea ekintza solteak eginez. Urte bakarrean lagunduko dira multzo honetako jarduerak, betiere, 2021eko Lanhitz deialdira arte dirulaguntzarik jaso ez bada edota hurrengo deialdietan 2., 3. edo 4. multzoan ere dirulaguntzarik jaso ez bada.
c) Hirugarren multzoa: entitatearen euskara plana eta urteko kudeaketa plana oinarri izanda, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak. Ezin izango dira multzo honetako onuradun izan, Lanhitzeko dirulaguntza 18 urtez edo gehiagotan jaso dutenak.
d) Laugarren multzoa: entitateko euskara planak ibilbide luzea izanda, edo euskararen kudeaketan maila aurreratuan egonda, euskara planetik harantzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak garatzea. Lanhitzeko dirulaguntza 18 urtez edo gehiagotan jaso dutenek multzo honetan egin beharko dute eskaera.
Multzo honetan hiru urtez dirulaguntza jaso dutenek berriro ere onuradun izan ahal izateko Bikain ebaluazioa (osoa edo partziala) jaso beharko dute, laugarren aldiz dirulaguntza jaso ahal izateko.
Aurrez noizbait Bikain ziurtagiria eskuratu dutenek, bi aukera dituzte:
– Dirulaguntza multzo honetan hiru aldiz jaso eta gero, laugarrenez jaso ahal izateko, berriro jasotzea Bikain ebaluazioa.
– Hiru urte horiek gehienez beste bi urtez luzatzea. Horretarako, plantillako norbaitek Bikaineko prestakuntza jaso eta ebaluatzaile aritu beharko du bi urte horietan, urte bakoitzeko ebaluazio-aldietako batean, gutxienez.
Aurrez noizbait Bikain ebaluazioa jaso baina ziurtagiririk lortu ez dutenek:
– Ebaluazioa jasotzen duenetik hasita beste hiru urtez jaso ahal izango da dirulaguntza laugarren multzoan, baina laugarrenean onuradun izan ahal izateko Bikain ebaluazioa jasota izan beharko du entitateak.
Eskaera edozein multzotan egiten dela ere, diruz lagun daitezkeen kontzeptu zehatzak 15.4 artikuluan jasotakoak izango dira, bertan adierazitako mugekin.
2.– LanHitz deialdirako aurreikusitako diru-baliabideak 2.200.000 euro dira.
Diru kopuru hori, 2025ean, dagokion multzoa aukeratu eta eskaera bakarra betetzen duten pertsona edo entitate guztien artean banatuko da. Hori guztiori, Agindu honetako 14. eta 15. artikuluetan jasotako puntuen eta mugen arabera.
Kopuru hori honela banatuko da eta multzoren batean soberakinik egonez gero, hurrengo puntuan zehaztutakoaren arabera banatuko da:
(Ikus .PDF)
3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabideak ez aurkezteagatik, baldintzak ez betetzeagatik edo aurkeztutako eskabideen kalitaterik ezagatik modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa amaitzen ez bada, Balorazio Batzordeak edo, hala badagokio, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak, arrazoituta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari proposatuko dio beste modalitate batean ezarritako zenbatekoa handitzea, baldin eta modalitate hartzailea oraindik ebatzi gabe badago. Horretarako, irizpide hauei jarraituko zaie: hirugarren multzoak izango du lehentasuna eta multzo horren premiak bete ondoren, gainontzeko multzoen artean hurrenkera honetan birbanatuko da dirua: laugarren multzoa, bigarren multzoa eta, azkenik, lehenengo multzoa. Birbanaketa egitean, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horrela jasoko da organo sustatzaileak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan.
Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da proposatutako diru-birbanaketen berri.
3. artikulua.– Dirulaguntza-gai diren jarduerek bete beharrekoak.
1.– Laguntza-deialdi honek 2025ean gauzatuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoek dakartzaten jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2025eko abenduaren 31rako gauzatu eta aurkeztu behar dira jendaurrean. Gainera, egitasmo horiek EAEn gauzatu beharko dira.
2.– Hona multzo bakoitzeko jarduerek bete beharrekoak:
a) Lehenengo multzoa: lantokian euskararen erabilera, ezagutza edota presentzia indartzea helburu izan behar dute aurkeztutako ekintzek.
b) Bigarren multzoa: entitateak 2025ean, lehenengoz, diagnostikoa eta euskara-plana egingo ditu, entitatearen jardueran euskara pixkanaka txerta dadin. Prozesua gauzatzeko, entitatearen diagnostiko soziolinguistikoa (ezagutza eta erabilera datuak), eta eraldaketarako euskara-plana zehaztuko dira, Erreferentzia Marko Estandarraren arabera (EME aurrerantzean) zerbitzu- eta lan-hizkuntza kontuan hartuta. Horrez gain, ekintza solteak egiteko aukera izango du entitateak.
Diagnostikoa eta euskara plana diseinatzeaz gain, euskararen erabilera sustatzeko jarduera solteak ere egingo diren adierazi behar da. Horrela bada, jardueren helburuak eta horien deskribapena ere zehaztuko da.
c) Hirugarren multzoa: eskatzaileek aurkeztu behar duten kudeaketa-planek EMEren araberakoak izan behar dute.
d) Laugarren multzoa: entitateak euskararen erabilera indartzeko hizkuntza-proiektu estrategiko bat garatzea. Erakundeak nahi duen markoa erabili dezake proiektu hori garatzeko.
3.– Proiektuaren auto-finantzaketak lehenengo eta bigarren multzoetan gutxienez % 20koa izan behar du; hirugarrenean eta laugarrenean, berriz, gutxienez % 40koa.
4.– Lau multzoetako jarduerak osatzeko, erreferentzia hauek har daitezke oinarri edo markotzat:
a) Erreferentzia Marko Estandarra (EME). http://www.euskadi.eus/errefrentzia-marko-estandarra-eme/web01-a2sekpri/eu/.
b) Kudeaketa Aurreratua eta Hizkuntzen Kudeaketa. Integraziorako Gida. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/gestion_linguistica/eu_def/adjuntos/web-kudeaketa-aurreratua.pdf
5.– Entitate eskatzaileek, euskara-koordinatzaile bat edo euskararen erabilera areagotzeko garatuko diren jardueren gaineko komunikazioa errazteko arduradun bat izan beharko dute. Pertsona horrek plantillakoa izan beharko du.
6.– Urteko jarduera sortak eta horren inguruko informazioak entitatearen aginte exekutibo gorena duen organoaren edo pertsonaren oniritzia izan beharko du eskabidean.
7.– Entitateak, Berdintasunerako Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik erabiliko. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du eta, ahal dela, genero-ikuspegia txertatuko du jardueran eta azalduko du nola txertatuko den.
4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Europar Batasuneko edozein estatutako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna duten edo egoitza soziala estatu haietako batean duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta indarreko legediaren arabera eratuta badaude eta, edozein dela ere haien eraketa juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten lantokien titularrak edo kudeatzaileak badira.
Halaber, elkargo profesionalak ere izan daitezke deialdi honetako onuradun, betiere euren funtzio pribatuak egikaritzeari dagokionean. Ondorioz, deialdi honen bidez ez dira diruz lagunduko elkargo profesionalen funtzio publikoei dagozkien honako gai hauek: a) Nahitaez elkargoko kide izatea; b) Hauteskunde-araubidea eta diziplina-araubidea; c) Elkargoaren oniritzia, kasuan kasuko estatutuek hala eskatzen dutenean; d) Elkargoko organoek emandako administrazio-egintzen aurkako errekurtso-araubidea; e) Sektorearen interesak ordezkatzea eta defendatzea, gai horretan eskumena duten administrazioen aurrean; f) Lanbidea arautzea; g) Korporazio horiek herri-administrazioekin lankidetzan aritzea, sektorearekin zerikusia duten eginkizunak betetzeko; h) Arau deontologikoak betetzea; i) Administrazioak eskuordetu ahal izan dizkien beste eginkizun batzuk.
2.– Deialdi honetatik bazter geratuko direnak:
a) Sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoek, kasuan kasuko zehapenean ezarritako epean. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legedian ezarritako eran.
b) Euskal sektore publikoa osatzen duten entitateak, maiatzaren 12ko Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 4. artikuluan definitu bezala.
c) Euskara-zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateak: euskalduntzea, alfabetatzea, hizkuntza-kudeaketaren inguruko aholkularitza, itzulpenak eta trebakuntza.
d) EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak eta haien fundazioak.
e) Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C 249, 2014-07-31koa), krisialdian dauden enpresak.
f) Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak.
g) Fundazio publikoak.
h) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonek edo entitateak.
5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak
1.– Eskatzaileari dirulaguntza esleitzeko eta ordaintzeko, eskatzaileak beteak eduki behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntza itzultzeko betebeharrak ere.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan, edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoenik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginean (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) xedatutakoaren arabera.
3.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda egon behar du.
4.– Onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan xedatutakoaren arabera.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta dirulaguntzen izapidetzea.
1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok hilabete izango du eskaera egiteko, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Pertsona edo entitate interesdunek bide elektronikoak erabili behar dituzte prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak, herritarrei arreta integrala eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzkoak, bere 15.1 artikuluan dioenari jarraituz.
Pertsona fisikoei ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuak bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie (97/2023 Dekretua, ekainaren 27koa, Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena).
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus-eko ondoko helbideetan daude eskuragarri:
– 1. multzoa: https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096122
– 2. multzoa: https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096123
– 3. multzoa: https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096124
– 4. multzoa: https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096125
Eskaeraren ondorengo izapideak, jakinarazpenak ere tartean direla, honako gunearen bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide hauetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Era berean, izapidetzak elektronikoki ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.
5.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla dakar; horrek ez du kentzen arautu moduan inpugnatu ahal izatea.
7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: pertsona edo entitate eskatzailearen ingurukoa.
1.– Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero:
– Eskatzailearen izena.
– Autonomoen araubidean edo dagokion elkargo profesionalean alta emandako egiaztagiria.
– Jarduera ekonomikoen zergan alta emandako egiaztagiria.
Administrazioak ofizioz kontsultatu ahalko ditu datu horiek, pertsona fisikoak berariaz horretarako baimena ukatu ezean.
2.– Eskatzailea pertsona juridiko pribatua izanez gero:
Entitate bakoitza legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria. Administrazio honetako erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta nahikoa izango da eskabide-orrian hau adieraztea.
3.– Artikulu honetako 1 eta 2 ataletan aipatutako dokumentazioa Administrazioan aurkeztu izan bada eta eskaera egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da eta noiz eta non aurkeztu zen dokumentazioa adierazi.
4.– 20/2023 Legearen 9.5 artikulua betetze-aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betekizun hauek egiaztatu behar dira eskabide normalizatuan:
Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturi helburu bera duen dirulaguntza, bestelako laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren batzuk eskatu izanaren eta, hala badagokio, jaso izanaren jakinarazpena.
– Entitatea ez dagoela sartuta itzultze- edo zehapen-prozedura batean. Halaber, ez duela itzulketa-prozedura batetik eratorritako dirulaguntzarik itzultzeko betebeharrik.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, eta ez daukala horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 23. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
– Entitatea legez eratuta dagoela eta dagokion erregistroan izena emanda.
– Entitate edo pertsona eskatzaileak ez duela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: jardueren ingurukoa.
1.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Lehenengo multzoa:
– Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua jasoko da. Horrez gain, garatuko diren ekintzen helburua eta deskribapen zehatza ere jasoko dira.
b) Bigarren multzoa:
– Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua jasoko da.
– Azalpen memoria. Gutxienez, entitatearen diagnostikoa eta euskara plana diseinatzeko jarraituko den prozesuaren metodologia eta kronograma jaso behar ditu. Honako hau zehaztu behar da lehenengoz egingo diren diagnostikoaren eta euskara-planaren inguruan:
– Metodologia. Diagnostikoa eta euskara-plana diseinatzeko erabiliko den metodologia: datu-bilketa, adierazleak, jarraipenerako maiztasunak, eta abar. Horiek guztiak genero-ikuspegiarekin egingo dira, hau da, datu bilketa sexuaren arabera bereizita eta genero adierazleak txertatuta.
– Kronograma. Diagnostikoa eta euskara-plana diseinatzeko kronograma.
– Jarduera solteak garatuz gero, horien inguruko informazioa ere jasoko da eskabidean eta azalpen memorian.
c) Hirugarren multzoa:
– Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua jasoko da.
– «Hizketa» izeneko aplikazioa era egokian beteta. Bertan ondorengo hauek agertu beharko dira:
Lehenengoa.– Plan Estrategikoari dagokion atalean, erakundearen hizkuntza-egoera eta 2025erako helburuak. Horretarako, 2025-2026 urteetarako plan estrategikoa sortu beharko da aplikazioan.
Bigarrena.– Kudeaketa-planari dagokionez, planaren helburuak lortzeko aurreikusitako ekintzen inguruko informazioa. Urte bakarrerako kudeaketa-plana jasoko da aplikazioan, kasu honetan 2025ekoari dagokiona. Ez dago zertan elementu guztietarako helburu eta ekintzarik zehaztu, horrek ez baitu baldintzatuko lor daitekeen laguntza.
Hori guztia genero-ikuspegiarekin osatuko da, hau da, datu-bilketa sexuaren arabera bereizita eta adierazleen artean genero-adierazleak txertatuta.
Eskatzaile guztiek Erreferentzia Marko Estandarrari jarraiki osatuko dute «Hizketa» aplikazioa. EMEri buruzko zehaztapenak helbide honetan daude: http://www.euskadi.eus/errefrentzia-marko-estandarra-eme/web01-a2sekpri/eu/. Hizketari buruzko zehaztapenak honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/informazioa/hizketa-aplikazioa/web01-a2euplan/eu/
«Hizketa» aplikazioan sarbidea izateko, entitateek edo entitateen ordezkariek Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri behar dute. «Hizketa» aplikazioan alta eskatzeko, dagozkion fitxak bete beharko dituzte (entitate-fitxa/erabiltzaile-fitxa). Fitxa horiek LanHitz webgunean eskuratu ahal izango dira eta, bete ondoren, helbide honetara bidali beharko dira: lanhitz@euskadi.eus
Erabiltzaile-alta eta aldaketa guztiak (altak, bajak...) fitxen bidez jakinarazi behar zaizkio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.
Aplikazioan sartzeko ezinbestekoa da ziurtagiri digitala izatea. Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunek Lanhitz webgunean dute (http://www.euskadi.eus/zer-da-lanhitz/web01-a2lanhit/eu/).
– Hamabi urtean baino gehiagoan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza jaso duten entitateek, «Hizkuntza trebakuntza ikastaroetarako» laguntza eskatuz gero, ikasketa-plan pertsonalizatu bat aurkeztu beharko dute langile bakoitzarentzat. Plan pertsonalizatu horrek, gutxienez, eduki hau izango du: langilearen inguruko informazioa (izen-abizenak, adina, lanpostua eta lanpostuaren eginkizun nagusiak), ikas-prozesuaren ingurukoa (hasierako maila, helburua, planifikazioa, orain arte egindakoen balorazioa eta 2025eko ikas-prozesuaren helburuak eta nondik norakoak) eta, behar izanez gero, egoki ikusten den edozein ohar.
d) Laugarren multzoa:
– Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua sartu behar da.
– Proiektua. Jardueren nondik norakoak jasoko dituen azalpen memoria. Gutxienez, proiektuaren izena, deskribapen orokorra, helburua eta jarduera zehatzen deskribapena, metodologia, proiektuaren azalpena eta kronograma eduki behar ditu.
– Hamabi urtean baino gehiagoan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza jaso duten entitateek, «Hizkuntza trebakuntza ikastaroetarako» laguntza eskatuz gero, ikasketa-plan pertsonalizatu bat aurkeztu beharko dute langile bakoitzarentzat. Plan pertsonalizatu horrek, gutxienez, eduki hau izango du: langilearen inguruko informazioa (izen-abizenak, adina, lanpostua eta lanpostuaren eginkizun nagusiak), ikas-prozesuaren ingurukoa (hasierako maila, helburua, planifikazioa, orain arte egindakoen balorazioa eta 2025eko ikas-prozesuaren helburuak eta nondik norakoak) eta, behar izanez gero, egoki ikusten den edozein ohar.
2.– Hirugarren eta laugarren multzoetarako, baloratzeko aurkez daitekeen dokumentazioa (aukerakoa):
a) Entitateak zenbait urterako daukan Euskararen Plan Estrategikoa edo baliokidea.
b) Entitatearen hizkuntza-politika eta/edo hizkuntza-irizpideak.
c) Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak.
d) Langileek euskarako ikastaroak egiteko irizpideak.
e) 2024 edo 2025ean jarraipena egiteko neurtutako adierazleen emaitzak.
9. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.
10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurrez ebazpena emanez.
Eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.
11. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Balorazio-batzordearen osaeran, Berdintasunerako Legearen 10. artikuluan edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginean (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) ezarritakoa hartuko da kontuan. Gainera, kideetako batek, gutxienez, berdintasunari buruzko prestakuntza izango du.
2.– 2025eko deialdian onartutako eskabideak baloratzeko, hurrengo kideek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:
a) Sonia Rodríguez Rodríguez, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa, Miren Josune Irabien Marigorta, Euskara Sustatzeko zuzendaria.
c) Edurne Pérez de San Román Ruiz de Munain, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara Planak Sustatzeko arduraduna, edo haren ordezkoa, Ane Crespo Calvo, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna.
d) Aitor Esteban Etxebarria, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Ainhoa Delgado Iriondo, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu. Idazkariak balorazio-batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du. Idazkariak ziurtatu beharko du balorazio-batzordeak hartutako erabakiak eta burututako ekintzak legezkoak direla. Hitza izango du, baina botorik ez.
3.– Balorazio Batzordeak, agindu honen 14. eta 15. artikuluetan ezarritako dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko irizpideak kontuan izanik, txostena aurkeztuko dio organo kudeatzaileari.
4.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako moduan.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio Batzordeak egindako txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamen bat egingo dio Hizkuntza Politikako sailburuordeari, eta proposamen horretan jasoko ditu zer dirulaguntza ematea proposatzen den, honako hauek adierazita: deialdian finkaturiko baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa, onuradun gisa proposatutako pertsonen edo erakundeen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, ematea proposatzen den jarduera, onartutako gastu-aurrekontua eta emandako zenbatekoa, bai eta ukatzea proposatzen direnak ere, ukatzeko arrazoiak adierazita (gutxieneko puntuak ez lortzeagatik edo esleipen-proposamena 1.000 eurotik beherakoa izateagatik) eta horiek lortutako puntuak.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, organo sustatzailearen proposamena ikusita eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik sei hilabete igaro baino lehen, ebazpena emango du dirulaguntzak esleitzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 22.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta interesdunei jakinaraziko die.
2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei «Nire karpeta» atalaren bidez eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan eta dagozkion ondorioak izan ditzan. Edozein modutan, lehenago egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunean hasi eta hilabeteko epean Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.
13. artikulua.– Dirulaguntza ebazteko prozedura.
Dirulaguntza ebazteko prozedurak honako pauso hauei jarraituko die:
1.– Baldintzak betetzen dituzten eskabideen aurrekontuak araztu egingo dira, 15.4 artikuluko irizpideen arabera.
2.– Onartutako aurrekontuaren arabera kalkulatuko da eskaera bakoitzari legokiokeen gehieneko dirulaguntza: lehen eta bigarren multzoetan gehienez ere onartutako aurrekontuaren % 80 eta hirugarren eta laugarren multzoetan, berriz, % 60. Nolanahi ere, entitate eskatzaileak egindako dirulaguntza eskaera kopuru hau baino txikiagoa baldin bada, jasotako eskaera hartuko da oinarri.
3.– 14. artikuluko balorazio irizpideak aplikatuko zaizkie onartuak izan diren eskabideei eta dagokien puntuazioa kalkulatuko da.
4.– Lortutako puntuazioa ehuneko bihurtuko da (adib.: 50 puntu = % 50) eta artikulu honetako 2. puntuan kalkulatutako kopuruari aplikatuko zaio, esleipen-proposamena kalkulatzeko.
5.– Ateratzen den kopuruari 15.3 artikuluak multzo bakoitzerako zehaztutako mugak aplikatuko zaizkio, gehienez lortu ahal den kopurua finkatzeko.
6.– Multzoren batean dagoen diru-partidarekin hasierako esleipen-proposamena estaltzerik ez badago, begiratuko da gainontzeko multzoetan soberakinik dagoen, multzo horren beharrak asetzeko. Horrela ez balitz, hainbanaketa egingo litzateke multzoko eskaera guztien artean. Soberakinak agindu honetako 2.3 artikuluak ezarritako lehentasunen arabera banatuko dira.
Hainbanaketa egiteko, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da, hiruko erregela sinplea erabilita.
A --- B
C --- X
A = Diru mugarik izan ezean, onuradun guztiei legokiekeen diru kopurua.
B = Diru mugarik izan ezean, onuradun bati legokiokeen diru kopurua.
C = Onuradun guztien artean banatzeko dagoen diru kopurua.
X = Onuradun guztien artean banatzeko dagoen diru kopurua kontuan izanda, onuradun bati dagokion diru kopurua.
(Ikus .PDF)
14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Baldintzak betetzen dituzten egitasmoak honako oinarrizko irizpide hauen arabera baloratuko dira:
A) Lehen multzoan:
a.1.– Aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko jardueren egokitasuna eta bideragarritasuna: 55 (berrogeita hamabost) puntu, gehienez.
a.2.– Urteko jardueretara bideratutako diru-baliabideen egokitasuna: 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.
a.3.– Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu.
a.4.– Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Honetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan gutxienez bost orduko prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea ekintzen diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa...) kontuan izatea ekintzak diseinatzean eta planteatzean.
B) Bigarren multzoa:
b.1.– Diagnostikoa eta euskara planaren azalpen-memoria. Kontuan hartuko dira erabiliko diren metodologia eta baliabideak (ekonomikoak, giza baliabideak, dokumentazioa, kronograma...): Egitura eta edukia egokiak izanez gero, «gai» izango da.
b.2.– Ekintza solteak burutuz gero, lehen multzoko irizpideak jarraituko dira.
– Aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko jardueren egokitasuna eta bideragarritasuna: 55 (berrogeita hamabost) puntu, gehienez.
– Urteko jarduerak bideratutako diru-baliabideen egokitasuna: 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.
– Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu.
– Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Honetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan gutxienez bost orduko prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea diagnostikoan eta planaren diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa...) kontuan izatea plana diseinatzean eta planteatzean.
C) Hirugarren multzoa:
c.1.– Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 10 (hamar) puntu, gehienez.
c.2.– Euskara planaren sendotasuna erakusten duten dokumentuak: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
– Indarrean dagoen entitatearen hainbat urtetarako euskararen Plan Estrategikoa: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– Entitatearen hizkuntza-politika edo hizkuntza-irizpideak: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– Euskara ikasten ari diren langileak euskara lanean erabiltzeko helburuarekin sortutako ikas-prozesu pertsonalizatua: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– Euskaraz dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– 2024 edo 2025ean jarraipena egiteko neurtutako adierazleen emaitzak: 3 (hiru) puntu, gehienez.
c.3.– Euskara-planak zuzenean eragindako langile kopurua: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
(Ikus .PDF)
c.4.– Pertsona edo entitate eskatzaileak, bere izaeragatik, dagokion sektorearen ezaugarriengatik (industria/zerbitzua) eta finkatuta dauzkan hizkuntza-politika eta hizkuntza-irizpideak kontuan izanda, abiapuntutik finkatutako helburuetara iristeko aurreikusi dituen giza eta diru-baliabideen egokitasuna: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
c.5.– EMEren lehen mailako elementuak oinarritzat hartuta, euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurrien eta ekintzen egokitasuna: 25 (hogeita bost) puntu, gehienez.
c.6.– Aurreko 3 (hiru) urtean Bikain ziurtagiria edo Harrobi diploma eskuratu izana: 10 (hamar) puntu, gehienez. Egiaztatutako azkena hartuko da kontuan.
– Entitate osorako Oinarrizkoa: 6 (sei) puntu.
– Entitate osorako Ertaina: 8 (zortzi) puntu.
– Entitate osorako Goi-maila: 10 (hamar) puntu.
– Entitate osorako izan ezean: 4 (lau) puntu.
– Harrobi diploma: 3 (hiru) puntu.
c.7.– Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu, gehienez.
c.8.– Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Honetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan gutxienez bost orduko prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea diagnostikoan eta planaren diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa...) kontuan izatea plana diseinatzean eta planteatzean.
D) Laugarren multzoa:
d.1.– Jarritako helburuetara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 20 (hogei) puntu, gehienez.
d.2.– Pertsona edo entitate eskatzaileak abiapuntutik finkatutako helburuetara iristeko aurreikusi dituen giza eta diru-baliabideen egokitasuna, kontuan izanda haren izaera, dagokion sektorearen ezaugarriak (industria/zerbitzua) eta finkatuta dauzkan hizkuntza-politika eta hizkuntza-irizpideak: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
d.3.– Proiektuaren berrikuntza-maila: 10 (hamar) puntu, gehienez.
d.4.– Proiektuak beste enpresetan edo, oro har, gizartean duen eragina: 10 (hamar) puntu, gehienez.
d.5.– Proiektuan inplikatutako langile-kopurua: 10 (hamar) puntu, gehienez.
(Ikus .PDF)
d.6.– Euskara planaren sendotasuna erakusten duten dokumentuak: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
– Entitatearen Urte Anitzeko Euskara Plan Estrategikoa edo baliokidea indarrean egotea: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– Entitatearen hizkuntza politika edo hizkuntza-irizpideak: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzeko helburuarekin sortutako ikas-prozesu pertsonalizatua: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak: 3 (hiru) puntu, gehienez.
– 2024 edo 2025ean jarraipena egiteko neurtutako adierazleen emaitzak: 3 (hiru) puntu, gehienez.
d.7.– Bikain ziurtagiria edo Harrobi diploma aurreko 3 (hiru) urteetan eskuratuta izatea: 10 (hamar) puntu, gehienez. Egiaztatutako azkena hartuko da kontuan.
– Entitate osorako Oinarrizkoa: 6 (sei) puntu.
– Entitate osorako Ertaina: 8 (zortzi) puntu.
– Entitate osorako Goi-maila: 10 (hamar) puntu.
– Entitate osorako izan ezean: 4 (lau) puntu.
– Harrobi diploma: 3 (hiru) puntu.
d.8.– Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu.
d.9.– Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Honetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan gutxienez bost orduko prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea diagnostikoan eta planaren diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa...) kontuan izatea plana diseinatzean eta planteatzean.
2.– Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako jarduerak era egokian baloratzeko.
15. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.
1.– Esleitu beharreko dirulaguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzailearen proposamena bertan behera utziko du 40 (berrogei) puntu baino gutxiago jasotzen dituzten jardueren kasuan, edo HPSri eskatutako kopurua 1.000 eurotik beherakoa baldin bada edo, organo kudeatzaileak esleipen-proposamena prestatu ondoren, pertsona edo entitate jakin bati esleitu behar zaion diru-kopurua guztira mila (1.000) euro baino gutxiagokoa balitz (lehenengo multzoan izan ezik).
2.– Edozein modutan ere, 13.2 artikuluan jasotzen den aurrekontu araztuaren gaineko % 80ko dirulaguntza esleitu ahal izango da, gehienez ere, lehenengo multzoan eta bigarrenean eta % 60koa hirugarrenean eta laugarrenean.
3.– Hauek izango dira esleitu ahal diren dirulaguntzen mugak, multzoz multzo:
a) Lehen multzoan, eskaria aurkezten duen pertsona edo entitateak, gehienez ere, 6.000 euro jaso ahal izango ditu. Nolanahi ere, multzo honetako pertsona edo entitate eskatzaileak dirulaguntza jasotzeko beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa jasoz gero, eta onartutako aurrekontua gutxienez 1.000 eurokoa izanez gero, bermatuta izango du, gutxienez, 1.000 euroko dirulaguntza.
b) Bigarren multzoan, eskaria aurkezten duen pertsona edo entitateak gehienez ere 14.000 euro jasoko ditu. Horren barruan bi kontzeptu egongo dira eta bakoitzak bere mugak izango ditu:
Lehenengoa, diagnostikoa eta planaren diseinua aurkezten dituen erakundearen tamainak baldintzatuko du, honela:
– 1-10 langile: 3000 euro, gehienez.
– 11-50 langile: 5000 euro, gehienez.
– 51-100 langile: 7000 euro, gehienez.
– >100 langile: 8000 euro, gehienez.
Bigarren kontzeptua ekintza solteak direnez, lehen multzoan jarritako muga berdina egongo da, 6.000 eurokoa.
c) Hirugarren eta laugarren multzoetan: euskara-planak kudeatzeko HPSren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duen pertsona edo entitate bakoitzak gehienez ere 25.000 euro jaso ahal izango ditu, eta gainontzekoek, 35.000 euro.
4.– Gastu eta muga hauek hartuko dira kontuan:
Dirulaguntza honetako gastuak eta mugak finkatzeko, diruz lagundu daitezkeen gastuak finkatzen dituen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 30. artikuluan ezarritakoa hartu dira kontuan.
a) Itzulpenetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 50 hartuko da kontuan, betiere, 12.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Lehenengo eta bigarren multzoetan ez da aplikatuko % 50eko muga hori.
Kontuan hartuko den tarifa honako hau izango da multzo guztietan: 0,0823 euro hitzeko.
HPSren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileek ezin dute dirulaguntzarik eskatu kontzeptu honetarako.
Ez dira onartuko bezero zehatz batekin egindako kontratu baten ondorioz dirulaguntzaren eskatzaileak egin beharreko itzulpenak. Bestela esanda: ez da onartuko bezero jakin batentzat egindako lanaren itzulpena, lan hori bada bezeroak kontratatutako produktua edo zerbitzua.
Itzulpenetako testuak zuzenak eta egokiak izan behar dira.
b) Batzarretako aldibereko itzulpen-zerbitzua. Gehienez ere 2.000 euro arteko gastua hartuko da kontuan.
c) Langile elebidunen lanari lotutako hizkuntza-trebakuntza orokorra, baldin eta HABEk diruz lagundu ez badu. Kalkuluak egiteko erabiliko den erreferentzia: 8 euro ikasle/orduko.
Langileek hizkuntza-gaitasuna eskuratzeko edo hobetzeko euskalduntze zein alfabetatze ikastaroak, baldin eta HABEk diruz lagundu ez baditu, eta Aldahitz proiektuko Ulerrizketa eta Ulersaioak metodologietan oinarritutako ikastaroak.
Euskara-planak kudeatzeko HPSren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileen kasuan, beren lanpostuan euskara erabiltzeko plan pertsonalizatua egin behar zaie ikasleei (hala bada, erantsi horri buruzko informazioa).
d) Langileentzako prestakuntza-ikastaroa euskaraz. Langile bakoitzaren lanpostuari lotutako berariazko prestakuntza euskaraz.
e) Euskararen erabilerari zuzenean lotutako Aldahitz proiektuko Eusle edo gisako metodologian oinarritutako prozesuak abiaraztea. Gehienez ere 1.500 euro arteko gastua onartuko da. Kalkuluak egiteko erabiliko den erreferentzia: 6 euro langile/orduko.
f) Euskararen sustapen orokorrarekin lotutako ekimenak edota euskararen motibazio ekimenak: Euskaraldia, Korrika, soziolinguistika gaiak, euskararen aldeko ekimenak, eta abar. Gehienez 1.000 euroko gastua hartuko da kontuan.
g) Softwarea. Gehienez ere 15.000 euroko gastua hartuko da kontuan. Kontzeptu honetan diruz lagunduko dira:
1.– Euskarazko softwarearen sorkuntza.
2.– Programa, aplikazio edo software baten iturburu kodea euskaratzea.
Hemendik kanpo geratzen dira webguneak euskaraz elikatzea, edo sortuta dauden aplikazioen bitartez euskarazko informazioaren bidaltze soila, aplikazioa bera euskaratu gabe.
Terminologia zein hizkuntza egokitzapen soila denean, honi dagokion diru-zuzkidura itzulpenen atalean sartu beharko da, derrigorrean. Edozein eratara, entitateek softwaregintzan egin dituzten lanen merkatuko kostu estimatua zein izan litekeen jakiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak era horretako lanetan eskarmentua duten aholkularitzekin jarduteko aukera izango du, baldin eta beharrezkotzat jotzen badu.
h) Diagnostikoa, plangintzaren diseinua, jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena. Honetan hiru azpi-kontzeptu hauek hartuko dira aintzat:
1.– Euskara Batzordearen jarduera; hots, euskara batzordekideen eta euskara-lantaldeen lan-bileren orduak. Kalkuluak egiteko erabiliko den muga: 30 euro langile/orduko.
2.– Euskara-koordinatzailearen edo jardueren komunikazioaz arduratuko den pertsonaren dedikazioa; bere lan-jardunaren barruan zeregin horri eskainitako denbora (ehunekotan) eta horren kostua.
3.– Pertsona edo entitate eskatzaileak kanpo aholkularitza-zerbitzua kontratatua baldin badu, planaren jarraipenari eta ebaluazioari dagokien gastua, muga hauekin:
– Euskara-planak kudeatzeko HPSren dirulaguntza behin edo 12 urtetan jaso dutenek, 5.000 euroko muga.
– Euskara-planak kudeatzeko HPSren dirulaguntza 12 urtean baino gehiagotan jaso dutenek, 2.000 euroko muga.
– Salbuespen modura, lehen edo bigarren multzoetako eskaerei ez zaie kontzeptu horretan mugarik aplikatuko.
i) Ez da aintzat hartuko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria edo Harrobi diploma eskuratzeari edota eskuratzeko aurrelanari lotutako gasturik.
16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bertsurako ematen dituenekin, baldin eta agindu honetako mugak errespetatzen badira eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoari dagokion mugaraino.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.
Dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz bidalitako jakinarazpena jaso eta hamar (10) eguneko epean dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartutzat emango da.
18. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan finkaturiko betebeharrez gain, hauek ere izango dituzte:
a) Dirulaguntza eskabidean zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.
b) Dirulaguntza eskabidean aurreikusitako ekintzetarako erabili beharko dute.
c) Eskabidean aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute urtean bertan.
d) Eusko Jaurlaritzak, deialdi honen bidez diruz lagundutako edozein egitasmo zenbateraino betetzen ari den jakiteko, jarraipena egin ahal izango du, eta, horretarako, egokien irizten dien neurriak hartuko ditu. Dirulaguntzaren onuradunak behar beste erraztasun eman behar dizkio Eusko Jaurlaritzari, jarraipen hori egin ahal izan dezan.
e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko funtzioak betetze aldera eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
f) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte.
g) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
h) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.
i) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte-, eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
j) Berdintasunerako Legean xedatutakoa betez, irudiak eta hizkuntza era inklusiboan eta sexismorik gabe erabiliko dira.
k) Dirulaguntzaren pertsona edo entitate onuradunek diruz lagundutako programa, proiektu edo jardueren ondorioz agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, entzunezkoetan eta elektronikoetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi beharko dute, horretarako logotipo normalizatua erabiliz. Arestian zerrendatutako material horiek guztiek gutxienez euskaraz egon beharko dute.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Esleitutako dirulaguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira:
1.– Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da, dirulaguntza emateko ebazpena eman eta 17. artikuluan ezarritako epea igaro ondoren.
2.– Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabost (% 35) ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa 2026ko aurrekontuen kontura egingo da.
3.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenaren Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenaren datuen alta aurkeztu beharko du. Inprimaki hori euskadi.eus-en dago (https://www.euskadi.eus/hirugarrenak).
20. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikaziorako dirulaguntza publikoei buruzko justifikazioa arautzen duen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 32. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du ezinbestean Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzan.
3.– Dirulaguntza zuritzeko, gastuak 2025eko urtarrilaren 1a eta 2025eko abenduaren 31 bitartekoak izango dira, eta gastu horiei dagozkien ordainketa-agiriak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak eta justifikazioa egiteko epea amaitu baino lehenagokoak.
4.– Dirulaguntzaren justifikazioa egiteko azken eguna 2026ko martxoaren 31 izango da.
5.– Justifikatzeko era:
Bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web gunean sartuta.
21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Diruz lagundutako jardueren behin betiko balantze ekonomikoa, 2025eko diru-sarrerak eta -irteerak «Emandako dirulaguntzaren justifikazioa» izeneko Excel formularioaren arabera zehaztuz eta erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako beste dirulaguntzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak esleitutakoa ere adierazita. Pertsona edo entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez badu, horren adierazpena egingo du «Emandako dirulaguntzaren justifikazioa» Exceleko formularioan bertan.
2.– Justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egin beharko da, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak 75. artikuluan ezarritakoaren arabera. Justifikazio-kontu erraztuak, honako hauek jaso beharko ditu («Justifikazio-kontu erraztua» deituriko Exceleko formularioa):
a) Agindu honetako 18. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko justifikazio memoria.
b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, jaulkipen-data, guztirako zenbatekoa eta egotzitako gastua biltzen dituena, «Emandako dirulaguntzaren justifikazioa» izeneko formularioan finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta. Langile-gastuak zuritzeko ez dira onartuko berariaz egindako ziurtagiriak.
3.– 2025eko jarduerak garatzeko dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek honako hauek erantsi behar dituzte:
a) Lehenengo multzoan: egindako ekintzen amaierako egoera azaltzeko txostena. Bertan zehaztuko da zer egin den, helburua bete den, parte hartzaileak zeintzuk izan diren eta zer baliabide erabili diren.
b) Bigarren multzoan: entitateak gauzatutako diagnostikoa eta euskara plana. Gutxienez, ondorengo hauek jaso beharko dituzte:
– Diagnostikoa: entitatearen egoera soziolinguistikoa zein den, euskararen ezagutza eta erabilera zenbatekoa den EMEren arabera.
– Euskara Plana: indarraldia, helburu nagusiak, lehentasunezko lan-ildoak, aurreikusten diren baliabideak, jarraipenerako adierazle nagusiak eta maiztasuna.
– Ekintza solteak ere eginez gero, egindako ekintzen amaierako egoera azaltzeko txostena, lehenengo multzorako aurreikusitakoaren arabera.
c) Hirugarren multzoan: «Hizketa» aplikazioa behar bezala beteta. Bertan, Euskararen Plan Estrategikoaren atalean amaierako egoera bete behar da eta, Kudeaketa-planaren atalean, aurrera eramandako ekintza bakoitzaren amaierako egoera.
d) Laugarren multzoan: entitateak burututako proiektuaren ebaluazio-txostena. Parte hartzaileen datuak emateko momentuan, ahal dela, sexu, kargu eta hizkuntza aldagaiak kontuan izango dira.
4.– Bestalde, dagokion entitateak honako hauek ere erantsi beharko ditu:
a) Itzuli edo egokitutako testuak eta jatorrizkoak euskarri informatikoan aurkeztu behar dira (15 MBtik gorako artxiboak helbide honetara bidali behar dira, fitxategiak partekatzeko web tresna baten bidez: lanhitz@euskadi.eus), eta zerrenda ere bai (dagokion Exceleko formularioa). Gainera, agiri-ereduak, glosategi eta terminologia-lanez gain, diruz lagundutako prestakuntza espezializaturako eta hizkuntza-trebakuntzarako material kurrikularra ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku jarri behar da, euskarri informatikoan guztia ere.
b) Hizkuntza-trebakuntza orokorraren eta euskaraz egin diren laneko berariazko prestakuntza-ikastaroen zerrenda, iraupena eta bakoitzean parte hartutako ikasleen kopurua, sexuaren arabera berezita (dagokion Exceleko formularioa).
Berdintasunerako Legean xedatutakoa betez, irudiak eta hizkuntza era inklusiboan eta sexismorik gabe erabiliko dira. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko da.
c) Aldahitz proiektuko Eusle metodologian edo gisakoan oinarrituta garatu diren prozesuen inguruko balorazio-txostena: talde kopurua, talde bakoitzeko kideak sexuaren arabera bereizita, erabilitako materialak eta lortutako emaitzak.
d) Motibazio saio eta ekimenen zerrenda, iraupena eta bakoitzean parte hartutako langile kopurua sexuaren arabera banatuta (dagokion Excel formularioa).
e) Euskara-batzordearen bileren akten kopia aurkeztu behar da euskarri informatikoan (15 MB-tik gorako artxiboak helbide honetara bidaliko dira fitxategiak partekatzeko tresna/web zerbitzu baten bidez: lanhitz@euskadi.eus), besteak beste, honako hauek zehaztuz: data, partaideak (sexuaren arabera berezita), iraupena eta jorratutako gaiak.
f) Softwaregintzari dagokionez, egindako lanen gaineko memoria aurkeztuko da (dagokion Exceleko formularioa). Kontzeptu honetan programa, aplikazio edo software baten iturburu-kodea euskaratzeko gasturik egin bada, itzuli edo egokitutako testuak eta jatorrizkoak euskarri informatikoan aurkeztu behar dira (15 MBtik gorako artxiboak helbide honetara bidali behar dira, fitxategiak partekatzeko web tresna baten bidez: lanhitz@euskadi.eus).
5.– Dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek erabat justifikatu behar dute (% 100) aurrekontu onartua 15.2 artikuluan agindu bezala.
6.– Justifikazio-kontu erraztuaren arabera justifikatzen bada ere, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak ausazko laginketa sinplea izeneko laginketa-teknika aplikatuko du frogagiriok egiaztatzerakoan, dirulaguntza egoki aplikatzeari buruzko zentzuzko ebidentziak lortu ahal izateko. Lagina gutxienez % 30ekoa izango da. Eta, horrela eginez gero, organo emaileak eskatu ahalko dio onuradunari bidaltzeko bai laginketan aukeratutako gastu-inbertsioen egiaztagiriak, bai eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.
Justifikazio garaian, ezeren okerrik edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 22. eta 23. artikuluetan xedatutakoaren arabera jokatuko da zuzenean.
22. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen-ebazpena.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hori dela eta, onartutako aurrekontuaren eta justifikatutako gastuaren arteko desbideratzea % 25eranokoa bada, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da, onartutako aurrekontuarekiko desbideratzearen neurri berean. Hortik gorako alderik ez da onartuko eta ebazpena bertan behera utziko da.
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:
a) Jasotako dirulaguntza ez justifikatzea edo bere osotasunean ez justifikatzea.
b) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.
c) Honako Agindu honen 18. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.
d) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.
e) Dirulaguntzen araudian nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.
2.– Artikulu honen aurreko apartatuan azaldutako kasuren bat atzemanez gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta, hala badagokio, 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
24. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
Arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Helburua: euskararen presentzia eta erabilera indartzeko dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/023400-capa1-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Laguntza programa hau 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, zeinak Europako Batzordeak zenbait dirulaguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen baititu, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta Erregelamendu horren 53.2 artikuluak ezarritakora egokitzen da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 28a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.