
106. zk., 2025eko ekainaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (294 KB - 15 orri.)
- EPUB (133 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2505
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Ventaja Solar 13 SL enpresa Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalerrietan (Araba) sustatzen ari den «Piparra Solar» Eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.
AURREKARIAK
2024ko abenduaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak eskatu zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari has zedila «Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia (Araba, Euskal Autonomia Erkidegoa) udalerrietako» Piparra Solar «5,427 MWp-ko instalazio fotovoltaikoaren proiektua»ren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko otsailaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egin behar zaio, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikulua aplikatuz, II.E eranskineko E4 taldeko h epigrafean sartzen baita (4.h. Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak). Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek guztira 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Ventaja Solar 13 SLk sustatutako Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia (Araba) udalerrietako «Piparra Solar» 5,427 MWp-ko instalazio fotovoltaikoaren proiektuari dagokionez, honela:
A) Proiektuaren xedea da 5,427 MWp-ko instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, Piparra Solar izenekoa.
B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez txostena ematen baita Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia (Araba) udalerrietako 5,427 MWp-ko Piparra Solar IFVaren proiektuak ingurumenean izango duen inpaktuari buruz, proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Piparra Solar instalazio fotovoltaikoa Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia (Araba) udalerrietan dago. Instalazioak 70.554,47 m2-ko azalera du, 5,427 MWp-ko potentzia paneletan, eta 4,945 MVA-ko potentzia instalatua inbertsoreetan.
Instalazio fotovoltaikoak 575 Wp-ko potentzia maximoa duten 9.438 modulu izango ditu guztira, ZM 1x26 motako 15 egitura jarraitzailetan, ZM 1x52 motako 15 egitura jarraitzailetan eta ZM 1x78 motako 106 egitura jarraitzailetan instalatuak eta 215 kVA-ko 23 inbertsoretara konektatuak; multzoa osatzeko, 2.500 kVA-ko 2 transformazio-zentro proiektatzen dira. Transformazio-zentro horiek elkarri lotuta egongo dira erdi-tentsioko lurpeko kableatu baten bidez.
Era berean, honako hauek proiektatzen dira: «Piparra Solar» sekzionamendu-zentro (aurrerantzean, SZ) berri bat (30 kV) eta Tentsio Ertaineko Lurpeko Linearen (30 kV) bi zati (aurrerantzean, LSMT), sartzeko eta irteteko, SZ horren eta «Gamarra-Villareal 1» (30 kV) airetiko linearen (aurrerantzean, LAMT) 45. euskarriaren artean. Linea hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena da (lehendik dagoena).
Instalazio fotovoltaikoaren energia ebakuatzeko, erdi-tentsioko (30 kV) lurpeko zirkuitu bat erabiliko da, gutxi gorabehera 119 metroko luzerakoa, instalazioaren transformazio-zentroetatik «Piparra Solar» SZrekin konektatu arte, eta, ondoren, 90 m inguruko luzera duen LSMTko beste zati bat, SZtik «Gamarra-Villarreal 1» LAMTaren aireko linearen (30 kV) 45. euskarrira konektatu arte.
Arratzua-Ubarrundia udal-mugartean daude transformazio-zentroak, Piparra Solar SZ eta «Gamarra-Villareal 1» LAMTko 45. euskarriraino energia ebakuatzeko lurpeko linearen bi zatiak.
Instalazio fotovoltaikorako (aurrerantzean, IFV) sarbidea Arabako A-4401 errepidearen hasieratik egiten da; errepide horretara, N-240 errepide nazionalaren 10. kilometro-puntutik sartzen da, bai eta AP-1 autobideko 107. kilometro-puntutik ere, biak Vitoria-Gasteizko iparraldean kokatuak. Puntu horretatik abiatzen diren bideek neurri eta ezaugarri egokiak dituzte obrak egiteko eta ondoren instalazioa mantentzeko behar diren makinak igarotzeko.
Instalazio fotovoltaikoak honako elementu hauek izango ditu:
– Jinko Tiger Neo N-type 72HL4-BDV 575 edo antzeko modulu fotovoltaikoak, 575 W-eko potentzia maximokoak.
– Egitura jarraitzaileak edo trackerrak, egitura bakoitzeko 26, 52 edo 78 modulukoak, N-S orientazioan lurzorura finkatuak. Mahaien artean itzalik egon ez dadin, 6 metroko tartea utziko da E-W norabideko lerrokaduren artean.
– 215 kVA-ko potentzia maximoko 23 inbertsore kokatuko dira moduluek sortutako korronte zuzena korronte alterno (aurrerantzean, AC, hau da, Alternating Current) bihurtzeko, eta bi transformazio-zentrotan banatuko dira. Inbertsoretik, transformazio-zentroko behe-tentsioko armairuraino ebakuatuko da sortutako energia.
– Hormigoizko zimenduak dituzten bi transformazio-zentro, erdi-tentsioko lurpeko kableatu baten bidez elkarri lotuak.
– Transformadore bat, inbertsorearen AC irteeraren tentsioa igotzeaz arduratzen dena, instalazio fotovoltaikoaren 30 kV-ko zirkuituetan galera elektrikoak murrizteko.
– Korronte alternoko behe-tentsioko kableatua eta erdi-tentsioko kableatua, bai eta babes-sistema bat ere, kontrol-sistemarekin (denbora errealeko SCADA) etengabe komunikatua hutsegiteak eta anomaliak detektatzeko. Hiru babes-eremu nagusi bereizten dira: eguzki-eremua, inbertsoreak eta erdi-tentsioa.
Instalazioa konfiguratzeko beharrezkoa den obra zibilak honako hauek ditu:
– Iristeko bideak: Dauden landa-bideak erabiliko dira.
– Barne-bideak: instalazioko eraikuntzetara eta inbertsoreetara sarbidea emateko. Bide horien zabalera 4 metrokoa izango da.
– Eraikinak: O&M zentroa (operazioa eta mantentze-lanak) edukiontzi bakar batean kokatuko da, instalazioaren esparruan. Eraikina 15 m2 inguruko oinplano laukizuzen bat izango da (2,5 x 6 m).
– Egituren finkapenak: oro har, 1,5 m-ko sakoneran tinkatuko dira; lurra horretarako gogorregia bada, hormigoizko kuboak erabiliko dira.
– Hesiaren zimenduak, hormigoizko zapaten bidez.
– Kanalizazio elektrikoak: dagozkien zangak. Barneko zangak bideen ibilbideak aprobetxatuz egingo dira nagusiki.
– Perimetro-hesia: 1.084,73 m-ko luzera izango du guztira. Ehiza-itxitura bat izango da, alanbre gavanizatuzko bihurdura soileko sare batez osatua, 20 x 15 cm-ko bilbea eta 2 m-ko altuera dituena. Gutxienez 15 cm-ko distantzia utzi beharko da lurretik. Hesiak ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izango, eta ez ditu ur-ibilgu naturalak etengo edo lurren higadura edo arrastatzea eragingo. Hesien gutxieneko altuera 1,5 metrokoa izango da.
– Drainatzeak: beharrezkoa izanez gero, drainatze-arekak egingo dira. Prezipitazioak behar bezala husteko, dagokion sekzioko ponpaketa bermatuko da.
– Lur-mugimenduak: ur-pilaketak saihesteko eta jariatze-ura husten laguntzeko moduan egingo dira. Desnibel handiak sortzea ere saihestuko da. % 10eko malda maximoak N-S eta S-N planoetan; eta % 15ekoa E-W eta W-E planoetan.
Instalazio osagarri gisa, instalazioak datu meteorologikoak neurtzeko estazioa izango du, bai eta segurtasun-sistema ere, instalazioko materiala lapurtu ez dezaten.
Lanak egiteko epea 2 hilabetekoa izango dela aurreikusten da.
Ingurumen-dokumentuak barne hartzen du aukera hauen azterketa: 0 alternatiba –alegia, «proiektua ez gauzatzea»– eta instalazio fotovoltaikoaren 2 kokapen-aukera. Ebakuazio-lerrorako ez da alternatibarik planteatzen; izan ere, IFVa ezartzeko lurzatia hautatu ondoren, egun martxan dauden lineekin konektatuta planteatzen da ebakuazioa, eta, beraz, ez da ez beharrezkotzat, ezta egokitzat ere, jotzen beste aukera bat planteatzea.
0 aukera –«proiektua ez gauzatzea»– baztertu egin da; izan ere, datozen urteetan Euskadin espero den energia berriztagarriaren sorkuntzaren areagotzea eragotziko luke. Areagotze hori beharrezkoa da kutsadura, kanpoarekiko mendekotasun energetikoa eta berotegi-efektuko gasen ekoizpena murrizteko.
Instalazio fotovoltaikoa ezartzeko, 2 aukera proposatzen dira, biak Vitoria-Gasteiz iparraldean.
1. aukera, 54.179,01 m2-koa, Vitoria-Gasteiz udalerriko Amarita kontzejuan kokatzen da, lehorreko laborantzako lursail batzuetan, izenik gabeko 11816 errekatik eta Uribarri Ganboako urtegiko ibilbide berdearen zati batetik oso gertu.
2. aukera, 70.554,47 m2-koa, iparralderago kokatzen da, Vitoria-Gasteiz udalerriko Miñao kontzejuan eta Arratzua-Ubarrundia udalerrian, lehorreko laborantzako lurzati batzuetan. Lursail horiek, ingurumen-dokumentuak emandako informazioaren arabera, Arabako Foru Aldundiak proposatutako (2005) Korridore Ekologikoen Sarearen zati bat hartzen dute eta EAEko Korridore Ekologikoen Saretik gertu daude.
Ingurumen-dokumentuak altenatiben analisi konparatibo kualitatiboa egiten du, eta ondorioztatzen du 2. altenatibak lurzatiaren tamaina handiagoa, energia-ekoizpen handiagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa dakartzala, ez duelako ia eraginik aztertutako ingurumen-faktoreetan (intereseko landaredia, BIH, babestutako espazioak, fauna, hidrologia, paisaia, kultura-ondarea eta biztanleria), eta horregatik aukeratu da. 2. aukerari eragiten dion faktore bakarra da Arabako Foru Aldundiak proposatutako (2005) Korridore Ekologikoen Sarearekiko aipatutako gainjartzea.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremuak Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz udalerrietako lurzoru urbanizaezineko 7 ha inguruko azalera hartzen du, zeinetan nekazaritza-jarduerak egiten baitira. Hurbilen dauden herriguneetatik 500 metro baino gehiagora dago.
Proiektuaren eremua Zadorrako Unitate Hidrologikoan (UH) sartzen da, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan. IFVaren eremuan ez dago ur-ibilgurik, eta hurbilen dauden ibilguak izenik gabeko 11301 eta 12257 errekak dira (IFVtik 300 m ekialdera, gutxi gorabehera), biak Santa Engrazia ibaiaren (500 m ekialdera) eta Betolatza ibaiaren (500 m hegoaldera) ibaiadarrak. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, ez da elementu babesturik identifikatzen, ez proiektuaren eremuan (linea elektrikoa barne), ez haren ingurune hurbilean.
Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean kokatzen da –«Ona» egoera globala duena 2018-2022 aldirako–, eta ez du barne hartzen interes hidrogeologikoko eremurik ere. Proiektu osoa akuiferoen kalteberatasun oso handiko eremu batean kokatzen da.
Eremuko litologian tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien eta kalkareniten alternantzia dago, eta pitzadura bidezko iragazkortasun baxua du. Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.
Instalazio fotovoltaikoan, EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren LPSak «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia», «Balio Estrategiko Handiko» eta «Basoa – Mendi mehatza» moduan sailkatutako eremuak daude. LSMT linea «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia» eta «Basoa – Mendi mehatza» moduan sailkatutako lurzoruetatik igarotzen da. Aipatutako LPSaren erabilera-matrizearen arabera, Piparra Solar IFVaren proiektuan aurreikusitako erabilerak onargarritzat jotzen dira (2a), baina nekazaritza eta basogintzako jardueraren gaineko eraginaren azterketa bat egin behar zaie.
Landaretzaren ikuspegitik, eta EUNIS habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), «monolabore intentsibo» gisa sailkatutako lurretan dago instalazio fotovoltaikoa, bai eta LSMTa ere. Ingurumen-dokumentuan adierazten da berretsi egiten dela, landa-azterketa batean oinarrituta, ezarpen-eremua lehorreko laborantzako lurzatiak direla, eta soilik tamaina txikiko belar-formazioak identifikatzen direla, partzelaren ertzaren eta dagoen bidearen artean, natura-interes txikiko espezie nitrofiloz osatuak. Proiektuak ez du barne hartzen Batasunaren Intereseko Habitatak (aurrerantzean, BIH) kartografiatutako lurzatirik; hurbilena IFVtik 100 m iparraldera dago eta BIH 4090 Txilardi oromediterraneo endemiko elorri-triskadunak gisa sailkatuta dago. Geoeuskadiren arabera, proiektuaren eragin-eremuan ez da hauteman mehatxatutako flora-espezierik.
Proiektuaren ezarpen-eremuan ez dago mehatxatutako fauna kudeatzeko plan onartuen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzekorik ere. Hala ere, eremutik gertu (IFVaren ekialdetik 200 m ingurura) Zadorra eremua dago, 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasoa –zeinaren bidez, arriskupean dauden espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen baitira eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA)–; hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko eremutzat hartzen da, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arabera –zeinak ezartzen baititu abifauna goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan talka egitearen eta elektrokutatzearen aurka babesteko neurriak–.
IFVtik 5 km ipar-mendebaldera, gutxi gorabehera, Gorbeia Interes Bereziko Eremua eta Hegazti Nekrofagoak Elikatzeko Babes Eremua dago. Halaber, Bechstein saguzarraren (Myotis bechsteinii) Lehentasunezko Banaketa Eremua ere bada. Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako planaren arabera, ez da kiropteroen babeslekurik ikusten proiektutik gertu dagoen eremuan (10 km baino gutxiagora).
Bestalde, Santa Engrazia ibaia lehentasunezko esku-hartze eremua (2. maila) da usapalarentzat (Streptopelia turtur), banaketa naturaleko eremua uhalde-enararentzat (Riparia riparia), eta interes bereziko eremua bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) eta igaraba paleartikoarentzat (Lutra lutra). IFVaren hegoaldean, Betolatza ibaiaren ertzak ere uhalde-enararen banaketa naturaleko eremua dira.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu sentikor batean dago IFVaren kokapena. Proiektuaren kokapenean bizi diren hegazti-espezieen artean, hauek aipatzen dira 10x10eko UTM gelaxkan, besteak beste: mirotz urdina (Circus pygargus), mirotz zuria (Circus cyaneus), belatz gorria (Falco tinnunculus) eta miru beltza (Milvus milvus); ugaztunen artean, basakatu europarra (Felis sylvestris), bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra) eta zenbait saguzar, hala nola Schreibers saguzarra (Miniopterus schreibersii), saguzar arratoi-belarri handia (Myotis myotis) eta saguzar mediterraneoa (Pipistrellus pygmaeus). Aipatutako dokumentazioak, gainera, espezie hauek erreferentziatzen ditu: anfibioak (igel arina, baso-igel iberiarra, uhandre marmolairea eta abar), narrastiak (horma-sugandila, suge gorbataduna, eskinko hiruhatza eta abar) eta iktiofauna.
Proiektuaren eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta EAEko azpiegitura berdean sartutako elementurik ere.
Hauek dira proiektuaren eremutik hurbilen dauden Natura 2000 Sareko espazioak:
– ES2110010 Zadorra ibaia Kontserbazio Bereziko Eremua (aurrerantzean, KBEa), IFVaren ezarpen-eremutik 450 metro ingurura, Santa Engrazia ibaiaren trazadurarekin bat datorrena.
– ES2110011 Zadorraren sistemako urtegiak KBEa, IFVaren ezarpen-eremutik 2 km-ra edo.
– ES2110013 Arabako lautadako irla-hariztiak KBEa, IFVaren ezarpen-eremutik 5 km-ra edo.
– ES2110009 Gorbeia KBEa, IFVaren ezarpen-eremutik 7 km-ra edo.
Bestalde, IFVaren ezarpen-eremutik 450 m iparraldera, gutxi gorabehera, EAEko azpiegitura berdeko korridore ekologiko bat dago.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratutako energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren ingurumen-zonakatzearen proposamenari jarraikiz, IFVaren zatirik handiena energia fotovoltaikoko instalazioak jartzeko sentikortasun txikikotzat jotako eremuetan dago; hala ere, haren hegoaldeko zatia sentikortasun maximoko eremu batean dago.
Proiektuan ez dago babestutako kultura-ondareko elementurik. EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekiaren arabera (EJ, 2005), proiektua Miñaoko ikus-arroan dago –inbentariora bildua baina katalogatu gabea (388. kod.)–, eta, proiektutik oso hurbil (2 km baino gutxiagora), Legutioko (341. kod.) eta Uribarriko urtegiko (549. kod.) ikuspen-arro katalogatuak daude.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira uholde-arriskuarekin, baso-suteekin, sismikotasunarekin, SEVESO enpresetatik hurbil egotearen ondoriozko arrisku kimikoarekin eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzearekin lotutako arriskuak. Instalazio fotovoltaikoaren ezarpen-eremuan ez dago kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzorurik. Hala ere, lehen adierazi den bezala, badaude akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun oso handiko eremuak; era berean, higadura-arrisku handia du eremuak.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, honako jarduketa hauen inpaktua izango da obra-fasean: belar-sastrakak kentzea, lur-mugimenduak, makinen joan-etorria, lurzatia hesitzea, barneko bideak gauzatzea, euskarri-egiturak instalatzea (eguzki-panelenak eta hesitutako esparruaren barruko interkonexio-lineen lurpeko instalazioenak), eraikuntza osagarriak instalatzea (transformazio-zentroak eta operazio- eta mantentze-eraikina), eta, hesitutako esparrutik kanpo, dagoen landa-bidetik esparrura sartzeko egokitzapena egitea eta LSMT berriak instalatzea, lotura egiteko, alde batetik, transformazio-zentroen eta Piparra Solar SZren, eta, bestetik, lehendik dagoen «Gamarra-Villareal 1» LAMTaren (30 kV) artean. Jarduketa horien ondorioz, lehorreko laborantza-eremuak galduko dira, paisaia-kalitatea murriztuko da IFVaren presentziaren eraginez, eta faunaren habitataren kalitateari eragingo zaio, bereziki estepako hegaztiekin, hegazti harrapariekin eta planeatzaile handiekin lotutakoari. Horri gehitu behar zaio lurzoruaren, azaleko uren eta lurpeko uren (akuiferoen kalteberatasun oso handia) kalitatean eragiteko arriskua –erabilitako makineriatik sortutako ustekabeko isuriengatik, edo, lur-mugimenduak egitean, solido esekiengatik–, bai eta baliabideak kontsumitzea, atmosferaren kalitateari eragitea (obretan, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzea) eta zarata sortzea ere. Horrez gain, lurrak iraultzeak erraztu egingo du, fase horretan, landare-espezie inbaditzaileak sartzea; beraz, horrelako espezieak ugaritzeko arrisku-faktorea izango da.
Ustiapen fasean, inpaktu nagusiak eremu horretako jarduera antropikoa handitzearen (instalazio fotovoltaikoa kontrolatzeko/kudeatzeko) ondorio izango direla pentsatzen da, horrela hondakin gehiago sortuko direlako eta eragindako mugikortasuna handituko delako. Bestalde, kontuan hartu behar da hesiak faunaren mugikortasuna murriztu dezakeela, haren habitata zatitu dezakeela eta animaliak harrapatu eta hil ditzakeela. Dena den, ingurumen-dokumentuak dio Piparra Solar IFVak ez dituela afekzio horiek izango faunan, instalazio txikia eta mugatua delako eta hesiaren diseinuari esker fauna bertatik igaro daitekeelako.
Energia berriztagarrien proiektuak hartzeko sentikortasunik handieneko eremuan –Nekazaritza eta Basogintzaren LPSaren araberako Balio Estrategiko Handiko lurzoruetan nekazaritzako laboreak daudelako– Piparra Solar IFVak lurzoruak okupatzeari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak uste du bateragarria dela instalazio fotovoltaikoak sortuko duen inpaktu isolatua, eta, inguruko beste instalazio fotovoltaiko batzuekiko eragin sinergikoari dagokionez, neurrizkotzat jotzen du Balio Estrategiko Handiko lurzoruen gaineko eragina, eta bateragarria Trantsizioko Landa Paisaia gisa katalogatutakoen gainekoa, bai Vitoria-Gasteiz udalerrian, bai Arratzua-Ubarrundian.
Faunaren gaineko afekzioei dagokienez, nabarmendu behar da IFVak okupatutako nekazaritza-eremu horiek egokiak direla mirotz urdinak (Circus pygargus) habiak egiteko. Hori dela eta, beharrezkoa izango da proiektuaren esparruan espezie horren aurretiazko txostena egitea eta prebentzio-neurriak hartzea, hala nola obrek eragindako eremuen prospekzioa egitea obrei ekin aurretik, eta, kasua bada, obren kronograma egokitzea, espezie horren gaineko afektazioak saihesteko.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak ohartarazi du Piparra Solar IFVa instalatzeko proiektuak Noryesteko Ureztatzaileen Komunitateari eragingo diola, eta, beraz, jakinarazi egin behar zaiola erkidego horri eragiten dion edozein obra, eta lehengoratu egin behar direla sareko elementuei sortzen zaizkien kalte guztiak. Era berean, erregistratutako landa-bideei eragingo die, eta, beraz, edozein jarduera egin aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari. Azkenik, IFVa akuiferoen kutsadurarekiko oso kalteberatasun handiko eremu batean dagoenez, lurpeko urentzako kaltegabetasun-bermea eskatu beharko da.
Egin beharreko jarduerak paisaian integratzeko, proposamen hauek dakartza ingurumen-dokumentuak: IFVa ezkutatuko duen landare-pantaila bat instalatzea, LSMTko zangak modu naturalean lehengoratzea eta IFVaren plaken azpiko landare-estaldura berritzea. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen du aurretiazko planteamendu hori, baina kontuan hartu beharreko zenbait alderdi aipatzen ditu; besteak beste, landare-pantaila osatzen duten espezieei buruzkoak eta zangak lehengoratzeko neurri aktiboak hartzeari buruzkoak.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalerrietan 5,427 MWp-ko «Piparra Solar» instalazio fotovoltaikoaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurri horiek txertatzen badira proiektuan.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, azalduko diren apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak:
– Kontuan hartuta proiektuaren eremua sentikorra dela estepako hegaztien presentziarako, mirotz urdinaren (Circus pygargus) azterlan bat egingo da jarduera hasi aurretik; bertan, apiriletik ekainera espezie horrek eremu hori nola erabiltzen duen analizatuko da. Apirila da ugaltzen hasi aurretik detektatzeko garairik egokiena, orduan baitaude aktiboen. Ugalketa aurreko garaian (apirila) eta ugalketa-garaian (apiriletik ekainera bitarteko bigarren hamabostaldia), espezie horretarako egokia den habitatean bilatuko da, material optiko egokiaren bidez. Horretarako, proposatzen da hamabost egunean behin ordubeteko behaketa-bisita bat egitea behaketa-puntu bakoitzean (4 bisita inguru, gutxienez 10 eguneko tartearekin). Aleren bat hautemanez gero, beste ordu batez egon beharko da, gehienez ere 3 orduz. Ahaleginak egingo dira ugalketa-portaerak eta habiak egiteko eremuak hautemateko. Helduak urduri edo asaldatuta badaude, edo mehatxatuta sentitzen direla badirudi, behaketa eten eta gunetik alde egin beharko da. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren dokumentuak har daitezke erreferentziatzat.
Kontuan hartuko dira, hala badagokio, inguruan dauden antzeko instalazioetan dagoen abifaunari buruz eskuragarri dauden azterlanak eta informazioa.
Jarduera hasi aurreko azterketa hori obrak hasi baino lehen bidaliko zaie Arabako Foru Aldundiko ingurumen-organoari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bidez. Organo horrek, lortutako datuen arabera, proiektuan neurri berriak sartzeko eskatzeko aukera izango du.
– Era berean, obrak hasi aurretik, sasi-garbitzeak eta lur-mugimenduak egingo diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, zeinaren helburua izango baita fauna-aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatzea, halakorik ez suntsitzeko. Kontuan hartu beharko da IFVak okupatutako nekazaritza-eremuak egokiak direla mirotz urdinak (Cyrcus pygargus) habiak egiteko, eta, kasua balitz, obren kronograma egokitu egin beharko litzatekeela espezie horretan eraginik ez izateko, kontuan hartuta haren garairik sentikorrena (apirila-abuztua).
– Instalazio fotovoltaikoaren perimetro-itxiturak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan beharko du; hesi-efektua saihestu beharko du, eta ingurunean integratu. Ehiza- edo abeltzaintza-sare bat erabiliko da, 1,5 metrotik gorakoa ez dena. Ez da erabiliko bihurdura soileko sarerik, ez eta txarrantxa edo bestelako elementu ebakitzailerik ere. Hesiaren behealdea lurretik 30 cm altxatuko da, eta «katazulo» erako pasabideak jarriko dira 50 metrotik behin, horrela haien funtzionaltasuna bermatzeko. Hesiaren ikusgarritasuna hobetzeko, eta, hala, hegaztiek hesiarekin talka gutxiago egiteko, landare-pantailaz gain hesiaren zenbait mailatan poliestirenozko plaka txikiak jartzea gomendatzen da.
– Instalazio fotovoltaikoaren perimetro osoan landare-pantaila bat ezarriko da, gutxienez 5 metroko zabalerako zerrenda batean, IFVaren ingurumen- eta paisaia-integrazioa errazteko. Landare-pantaila hesitik kanpo jarriko da, hegan doazen hegaztiek talka egiteko arriskurik izan ez dezaten. Landare-pantailak inguruari dagozkion espezieak izan beharko ditu, erkamezti submediterraneoaren seriekoak. Ildo horretan, gomendatzen da proposatutako erramuaren eta ipuruaren (Juniperus oxycedrus) ordez beste espezie batzuk sartzea, hala nola ipar-ipurua (Juniperus communis), elorri beltza (Prunus spinosa) eta abar.
– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ez daitezen heda lur-mugimenduen bitartez. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen xede diren lursailen leheneratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera.
– Modulu fotovoltaikoen akaberak islatzearen aurkako estaldura bat izan behar du, argiaren isla minimizatuko edo eragotziko duena, baita gauez ilargi betearekin ere, era horretan hegazti urtarrenganako dei-efekturik egon ez dadin, eta instalazioaren ikusizko inpaktua minimizatu dadin. Neurri horrek kiropteroei eta ornogabeei ere mesede egingo die, panelak uraren gainazalarekin nahasteko arriskua baitago.
– Panelen garbiketari dagokionez, urarekin egitea aurreikusten da, printzipioz urtero, betiere baliabide hori ahal bezain gutxi erabiliz eta produktu kimikorik gabe.
– Proiektuak sortzen duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu egin beharko da, baldintza naturalei eusteko, eta, horrela, faunaren gaineko eragina nahiz gaueko zeruaren baldintzen gainekoa saihesteko.
– Ustiatze-fasean, instalazio fotovoltaikoaren barruko landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira; ahal dela, ardi-azienda larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen eremuko landaretza kontrolatzeko.
– Instalazio fotovoltaikoak hartzen duen eremu osoko lurrazaleko jariatze-urak husteko, dekantazio-istil txiki batean biltzea aurreikusi beharko litzateke, eremuaren punturik baxuenean, halako moldez non bideetatik datozen urak jasotzen dituen ebakuazio-arekaren urak jasoko bailituzke, drainatze-sarearekin lotu aurretik. Aldi baterako putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landarediarekin lehengoratu beharko litzatekeela uste da, horrela, azkar integratu dadin, eta, hasierako faseetatik, basafaunarentzako babesleku izan dadin, eta, bereziki, anfibioen ugalketa-habitaterako onuragarria.
– Obrak hasi aurretik, ingurumena lehengoratzeko plan bat aurkeztuko zaio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bidez. Plan horrek kronograma bat eta dagokion aurrekontua izango ditu, eta ingurumen-dokumentuan adierazitako lehengoratze-neurriak eta jarraian adierazten direnak jasoko ditu:
– Jarduketen ondorioz eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, kendutako landaredi interesgarria birjarrita.
– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.
– Zangei dagozkion eremu guztiak eta IFVaren barrualdea lehengoratzeko, neurri aktiboak hartu behar dira (ereiteak edo hidroereiteak egitea, eta, IFVaren barnealdearen kasu espezifikoan, zuhaixkak landatzea eguzki-plaken funtzionamendua oztopatzen ez duten lekuetan).
– Planak leheneratze-lanen xehetasunak jasoko ditu, eta xehetasun hauek zehaztuko ditu: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea eta/edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak, etab.
– Beharrezkoa da hidroereiteko proposatutako espezieen nahasketa berrikustea, horrela bermatzeko Piparra Solar IFV proiektua garatzen den eremuko landaredi potentzialera egokitzen dela nahasketa hori.
– Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
Urak babesteko neurriak:
– Kudeaketa eta Jarduketako Larrialdi Plan bat izango da prest, eraikuntza-, ustiapen- eta desegite-faseetan aplikatu beharrekoa, protokolo bat izango duena ingurune naturalean gai toxiko eta arriskutsuen kontrolik gabeko eta ustekabeko isurketak gertatzen direnerako.
Lurzoruak babesteko neurriak:
– Lur-mugimenduak minimizatuko dira; horretarako, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta haiek parke fotovoltaikoaren esparruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira.
– Landare-lurra gaika kenduko da, zangak, transformazio-zentroa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landareztatzeko lanetan berrerabiliko da landare-lur hori. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.
– Ez zaio eragingo hasieran aurreikusitakoa baino eremu handiagoari.
– Material antzurik badago, lanak amaitu ondoren baimendutako zabortegi batera eramango dira.
– Ahal den neurrian, lurzoruak trinkotzea eragotzi beharko da, eta, horretarako, ahal bezainbat mugatuko da makina astunak sartuko diren eremuen azalera. Ibilgailuen zirkulazioa barneko bide-sarera mugatuko da; sare hori uste da iragazgaiztu gabe diseinatu beharko litzatekeela, eta horrela mantendu. Hazten utziko zaio tarteko kaleetako eta panel-lerroen arteko landarediari. Lurzorua trinkotzen bada, harrotu egin beharko da.
– Indusketa guztietan ateratako landare-lurra pilatu egingo da, obra-zuzendariak adierazitako lekuetan. Lur-mailak ez dira nahastuko eta pilaketak kontrolpean egingo dira, haien gaineko isurketak eragozteko eta haien gainetik makinarik ez pasatzeko.
– Landare-lurrezko pilaketak gehienez 1,5 m-ko alturako zokor moduan egingo dira, eta 3,5 m-ko zabalerako korridore bat utziko da, makinak pasa daitezen. Ahalik eta lasterren berrerabili beharko dira landare-lurraren pilaketak. Ahal izanez gero, bertako lurra hartzearekin batera sasi-garbitzea egingo da, eta, horrela, bildutako materia organiko horren zati bat lur horri erantsiko zaio. Pilaketak berrerabili gabe edukitzen diren denbora luzatu behar izanez gero, egoera ezin hobean kontserbatu beharko dira, teknikarik egokienak erabiliz (ureztatzeak, ongarritzeak, ereintzak, etab.), baldintza ezin hobeetan atxiki ditzaten emankortasuna eta egitura.
– Obrak amaitzean, aldi baterako instalazioetarako lursailak –instalazioaren mantentze-lanak egiteko beharrezkoak ez direnak– leheneratu egingo dira.
Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren –zeinak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez garatzen baitu– 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
– Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.
– Energia ekoizteko instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu, zeinak I. eranskinaren F taulan jasota baitaude.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Landa-ingurunea babesteko neurriak:
– Erregistratutako mendi-bideetan edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, eta Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da.
Nolanahi dela ere, eragindako bideak leheneratu egingo dira obrak amaitzean.
– Noryesteko Ureztatzaileen Komunitateari eragiten dion edozein obra jakinarazi egin behar zaio, eta lehengoratu egin behar dira sareko elementuei sortzen zaizkien kalte guztiak.
– Proiektuak eragindako trafikoaren ondorioz bide-sarea hondatzen dela ikusiz gero, lehengoratu egingo dira bideak, azpiegiturak edo kaltetutako beste edozein zortasun-elementu (landa-elementu tradizionalak, hala nola harlangaitz-hormak, hesiak, heskai biziak eta abar).
– Landaredia mantentzeko inausketa selektiboak egin behar badira, ahal dela eskuz egingo dira, eta ahal bada, ez dira makina astunak eta herbizidak erabiliko. Inausketak egiteko, baso-praktika egokiak egingo dira.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
– Proiektuaren fase guztietan, edozein elementutan sortutako hondakinak eta hondakin-urak aldizka bildu eta eremutik atera beharko dira, eta kudeatzaile baimenduari entregatu. Alderdi horretatik, arreta berezia jarri behar zaie panelak mantentzeko eta garbitzeko lanei (erabilitako produktuak, beharrezkoa den ura, hondakinen kudeaketa, etab.).
– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoa beteko da.
– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua beteko da.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (A–EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioak beteko dira; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua beteko dira. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta airera ahalik eta hauts gutxien emititzeko neurriak:
– Obrek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Ingurumena Zaintzeko Plana:
– Ingurumen-zaintzako Plana instalazioaren bizitza erabilgarri osoan zehar egongo da indarraldian.
– Faunaren kontrola dela eta, jarraipen-metodologia zehaztu behar da: kontrol-ibilbideak, IFVan emandako denbora, egin beharreko kontrol mota (gorpuak bilatzea, abifaunaren mugimenduak aztertzea, etab.). Faunan adituak diren langile teknikoek egin beharko dute jarraipena.
– Aurkezten den Ingurumena Zaintzeko Planak abifaunaren azterketa jaso beharko du, batez ere mirotz urdinarena, eta instalazioa martxan jartzen denetik 2 urtera egin beharko da. Jarduera hasi aurreko egoerarekin konparazioa egin ahal izateko, bi azterlanak antzeko metodologiarekin eta urteko sasoi berean egin beharko dira. Azterlan hori Arabako Foru Aldundiko ingurumen-organoari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidali beharko zaie, proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bitartez.
Jardunbide egokien sistema bat hartzea:
– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obrak okupatzen dituen lurren mugak kontrolatzea.
– Hondakinik ez isurtzea eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko afektaziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Obra-zuzendaritzak onetsi beharko ditu kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak. Inola ere ez da makinen mantentze-lanik egingo behar bezala iragazgaiztuta ez dauden eremuetan.
– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Garbiketa eta obra-akabera:
– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Jarduera uztea:
Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako; hain zuzen, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzekoak izango dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratu beharko dira, eta ziurtatu beharko da kaltetutako azalera guztiak morfologikoki eta edafikoki berreskuratuko direla eta landaredia lehengoratuko dela.
Ingurumen-aholkularitza:
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak aholkularitza bat izan beharko du; hain zuzen, ingurumenaren, eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan gaitua dagoena. Baldintza-agiriak obra-zuzendaritzari gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioekin lotuta obra-zuzendaritzak erabakirik hartu aurretik, aholkularitza horren ardura duten adituek txosten bat egin beharko dute.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalerrietako 5,427 MWp-ko «Piparra Solar» instalazio fotovoltaikoaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua egikaritzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 5a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS