
106. zk., 2025eko ekainaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (114 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2504
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 26koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Lauro Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2025eko martxoaren 12an eskabide bat sartu da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Lauro Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Horrekin batera administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Estatutuen 5. artikuluak fundazioaren xedeak jasotzen ditu:
Hezkuntzaren eta irakaskuntzaren arloan:
– Heziketa eta ikerketa garatzea.
– Hezkuntzaren arloan kalitatea sustatzea.
– Hezkuntzaren arloarekin lotutako zerbitzuak sustatzea, hobetzea eta garatzea.
– Ikerketa, berrikuntza eta hezkuntza-jardueren garapena sustatzea.
– Familiei prestakuntza eta aholkularitza ematea, beren seme-alabak hezkuntzaren arloan hobeto garatu daitezen.
Euskal kulturaren eta euskararen arloan:
– Euskal jarduera kulturala sustatzeko lerroak eta estrategiak garatzea.
– Euskal kultura ezagutaraztea eta zabaltzea ikastolan eta ikastolatik kanpo, behar diren baliabide ekonomiko eta teknikoen bidez.
– Fundazioa euskararen eta kulturaren aldeko hausnarketak eta ekimenak sortzeko topagunea izatea.
– Euskal kultura-ondarea belaunaldi berriei transmititzea.
– Kultura- eta gizarte-jarduerak garatzea.
– Euskal kulturaren unibertsoan aliantzak sortzea.
– Euskara sustatzea.
Kirolaren eta kulturaren arloan:
– Kirol- eta kultura-jarduera sustatzea, bultzatzea eta hedatzea, mota guztietako kirol-ekitaldi eta kultura-jarduerak antolatuz eta hauen heziketa eta praktika sustatuz.
Aukera-berdintasunaren arloan:
– Kulturarteko aniztasuna aztertzea eta garatzea.
– Ikasle zaurgarriak sustatzea, ikasleen artean aukera-berdintasuna hobetuz eta sustatuz, ekonomia, ideologia, erlijio, arraza, sexu edo bestelakoen ziozko diskriminaziorik gabe.
– Ikasle guztien eskubideen erabateko eraginkortasuna sustatzea, ekonomia, ideologia, erlijio, arraza, sexu edo bestelakoen ziozko diskriminaziorik gabe.
– Pobrezia, marjinazio, gaixotasun edo desgaitasuneko arazoak dituzten ikasleei laguntzea, sexu, adin, arraza, nazionalitate, erlijio edo ideologiaren ziozko diskriminaziorik gabe.
Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da.
Jarduteko lurralde-eremua, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, lurralde nazionalaren gainerakoa baztertu gabe.
Estatutuen 11. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez hiru kidek osatuko dutela eta gehienez hamabostek.
Fundazioaren patronatua, hasiera batean, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta horien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran eta zuzenketetan jasota daude:
– Lehendakaria: Xabier Manterola Lejarza jauna.
– Lehendakariordea: Alaitz Landaluce Solaun andrea.
– Idazkaria: Enara Venturini Álvarez andrea.
– Diruzaina: Aitzol Llona Aurecoechea jauna.
– Kidea: Izaskun Aguirre Collado andrea.
– Kidea: Naroa Atxurra Lasfuentes andrea.
– Kidea: Alex Belaustegui Foronda jauna.
– Kidea: Olatz Ibarretxe Larisgoitia andrea.
– Kidea: Libe Makua Garcia andrea.
– Kidea: Begoña Madarias Gaztelurrutia andrea.
– Kidea: Isusko Oribe Bastero jauna.
– Kidea: María Rodriguez Uranga andrea.
Lehenengo patronatu hori lau urteko eperako izendatu da, fundazioaren estatutuetako 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Patronatukide berriak kargutik kentzea eta izendatzea estatutuen 12. eta 13. artikuluetan arautzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2025eko maiatzaren 19an bildu zen inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2025eko maiatzaren 19an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.
Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Lauro Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa (erregistro-zenbakia: F-505), bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Bilbon, 2025eko martxoaren 4an, Andrés Maria Urrutia Badiola notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 505).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 26a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS