Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2025eko ekainaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2501

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 26koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Energy Intelligence Center Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2024ko irailaren 3an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Fundación Energy Intelligence Center Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera, administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Fundazioaren estatutuen 2. artikuluak fundazioaren helburua ezartzen du, eta honela dio, hitzez hitz:

Energy Intelligence Center Fundazioaren helburua da balioa sortzeko zentro bat bultzatzea eta martxan jartzea, ekonomia deskarbonizatu bateranzko trantsizio energetikoaren inguruko ekosistema teknologiko industrial bat garatzeko.

Fundazioaren hasierako zuzkidura 90.000 euroko diru-ekarpena da, osorik ordainduta.

Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoa da.

Estatutuen 22. artikuluak ezartzen du patronatuak hamabi kide izango dituela.

Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (berorien izendapena eta onarpena eraketa-egintzan daude jasota):

● Presidentea: Bizkaiko Foru Aldundia. Ordezkari den pertsona fisikoa: Bizkaiko ahaldun nagusia: Elixabete Etxanobe Landajuela andrea.

● Presidenteordea: Energiaren Euskal Erakundea. Ordezkari den pertsona fisikoa: Iñigo Ansola Kareaga jauna.

● Idazkaria: Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartea BH2C. Ordezkari den pertsona fisikoa: José Ignacio Zudaire Arana jauna.

● Bokala: Energy Advanced Engineering Fundazioa. Ordezkari den pertsona fisikoa: Leire Colomo Zulaica andrea.

● Bokala: Petroleos del Norte SA. Ordezkari den pertsona fisikoa: José Gregorio Luque González jauna.

● Bokala: Nortegas Energía Grupo SLU. Ordezkari den pertsona fisikoa: Francisco Javier Contreras García jauna.

Lehen patronatua fundazioaren estatutuetako 22. artikuluan xedatutakoaren arabera izendatu da. Patronatukide berrien izendapena eta kargu-uztea estatutuen 22. eta 26. artikuluetan arautzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2025eko maiatzaren 19an bildu da inskripzio-eskaera aztertzeko, fundazioaren helburuen zilegitasuna eta interes orokorra eta haren bideragarritasuna diren bezainbatean. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2025eko maiatzaren 20an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman du.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eraketa-espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua; eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Energy Intelligence Center Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-504 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2024ko uztailaren 30ean, Bilbon, Miguel Angel Martinez Urroz notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan –2025eko apirilaren 15eko eginbidez zuzendua– jasotako baldintzetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 26a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala