Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2025eko ekainaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2484

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita Red Eléctrica de España SAUk sustatutako «Elgea-Itxaso zirkuitu bakuneko energia elektrikoa garraiatzeko 220 kV-ko linea berritzeko proiekturako, T-389-SE Itxaso tartean.»

AURREKARIAK

2025eko martxoaren 4an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak egindako eskaera bat jaso zen, Elgea-Itxaso zirkuitu bakunean, T-389-SE Itxaso tartean, energia elektrikoa garraiatzeko 220 kV-ko linea berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zedin, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 10/2021 Legea) eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) xedatutakoaren arabera.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Elgea-Itxaso zirkuitu bakuneko energia elektrikoa garraiatzeko 220 kV-ko linea berritzeko proiektua, T-389-SE Itxaso tartean, 2023ko irailean.

– Elgea-Itxaso zirkuitu bakunean, T389-SE Itxaso tartean, energia elektrikoa garraiatzeko 220 kV-ko linea berritzeko ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2023ko irailean.

– Jendaurreko informaziorako aldiaren ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituen dokumentua.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan ezartzen da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea dela lege horren xedea; horrela, ingurumenak babes-maila handia duela bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legeak (abenduaren 9ko 10/2021 Legea) 76.1 artikuluan ezartzen duena aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Zehazki, hemen aztertzen den proiektua eranskin horretako «D3. Energiaren industria» taldean dago jasota, 3.g) apartatuan: «100 kV-ko edo tentsio handiagoa eta 1 km-eko edo gehiagoko luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak, eta haiekin loturiko azpiestazioak, eraikitzea, oso-osorik lurzoru urbanizatuaren zorupetik edo dauden komunikabideetatik igarotzen diren lineak izan ezik».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartu dira, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori da eskumeneko organoa, Industria, abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuak (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ezarritakoaren arabera.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu, eta arau hauek guztiak ikusi dira: 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Elgea-Itxaso zirkuitu bakunean, T-389-SE Itxaso tartean, energia garraiatzeko 220 kV-ko linea berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau egitea.

Proiektuaren xedea da mantentze-lanengatiko berritze-lanak egitea Elgea-Itxasoko zirkuitu bakunean energia elektrikoa garraiatzeko 220 kV-ko aireko linea mantentzeko. Linea hori, zeina 28,16 km luze den, Elgeako azpiestazioan hasten da (Barrundiako udal-mugartea, Araban) eta Itxasoko azpiestazioan amaitzen (Gipuzkoa).

Egin beharreko jarduketa hau da: «Elgea-Itxaso» izeneko 220 kV-ko energia elektrikoa garraiatzeko linearen euskarriak, eroaleak, eroaleen grapak eta burdineria, isolatzailea, zaintza-kableak eta zaintza-kablearen burdineria ordezkatzea, T-389 euskarritik Itxasoko azpiestaziora doan tartean, trazadura edota euskarrien kokapena aldatu gabe. Proiektu honen xede den linearekin batera, bada aktibo ez dagoen beste linea bat, T-413tik T-430era arteko euskarriak dituena. Linea aktiboaren segurtasun-sistemaren parte izateko mantentzen da, badaezpada ere zuhaitzik erortzen den haize bortitzen edo elurte ugarien ondorioz, eta garraio elektrikoa mantentzeko aktibo ez dagoen zatitik desbideratu behar den energia. T-412 euskarritik T-431 euskarrira doan tartean, bi zaintza-kable instalatuko dira aktibo ez dagoen lerroan.

Linearen berrikuntzak udal-mugarte hauek ukituko ditu: Barrundia, San Millán/Donemiliaga, Asparrena eta Zalduondo Arabako probintzian; Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa, Gabiria eta Ezkio-Itsaso Gipuzkoako probintzian; eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra.

Eroalea berritzeko, linearen hiru tarte bereizten dira:

– T-389 eta T-412 euskarrien arteko tartea (8.502 m-ko luzera): Condor Dx motako eroalea berrituko da.

– T-412 eta T-431 euskarrien arteko tartea (6.795 m-ko luzera): Cardinal Sx motako eroalea berrituko da.

– T-431 euskarriaren eta Itxasoko azpiestazioaren arteko tartea (11.974 m-ko luzera): Condor Dx motako eroalea berrituko da.

Zaintza-kablea, berriz, tarte hauetan berrituko da:

– T-389 eta T-412 euskarrien arteko tartea (8.502 m-ko luzera): berritu beharreko 1. zaintza-kablea, AC 53; berritu beharreko 2. zaintza-kablea, OPGW17/48P.

– T-412 eta T-431 euskarrien arteko tartea (6.795 m-ko luzera): berritu beharreko 1. zaintza-kablea, 7n7; berritu beharreko 2. zaintza-kablea, OPGW17/48P.

– T-431 eta T-450 euskarrien arteko tartea (6.644 m-ko luzera): berritu beharreko 1. zaintza-kablea, AC 53; berritu beharreko 2. zaintza-kablea, OPGW25/48D.

– T-450 eta T-1 euskarrien arteko tartea (5.185 m-ko luzera): berritu beharreko 1. zaintza-kablea, OPGW25/4 8D.

– T-1 euskarriaren eta Itxasoko azpiestazioaren arteko tartea (144 m-ko luzera): berritu beharreko 1. zaintza-kablea, AC 53; berritu beharreko 2. zaintza-kablea, OPGW.

Guztira, 72 euskarri berritu edo emendatu beharko dira.

Lanak egiteko sarbideak 30,30 km luze dira guztira. Horietatik, 14,14 km egoera onean dauden sarbideetan daude; 5,81 km, berriz, egokitu beharreko sarbideetan; 6,17 km, ordea, landa-sarbideetan; 4,10 km, bestalde, oinezkoentzako sarbideetan; eta 76 m, azkenik, eraiki beharreko sarbide berrietan.

Lanak hasi aurretik, Elgea-Itxasoko 220 kV-ko linearen eta tartean diren lineen (gurutzaketak) deskargua egingo da. Jarraian, Eremu Babestua sortuko da, linea elektrikoaren trazadurako hutsarte batzuetan zuhaitzak moztuz, suterik sortu ez dadin, baita 1.600 m2 inguruko (40 x 40 m) Lan Eremu bat ere euskarri bakoitzaren kokalekuaren inguruan, zelaia zabalduz eta belar-sastrakak kenduz eta zorua sendotuz. Lan-eremuan, materialak eta elementu osagarriak jarriko dira, bai eta obrako makineria ere.

Oinarrian, lan hauek egin behar dira linea planteatu bezala berriztatzeko:

– Dauden sarbideak egokitzea.

– Segurtasuneko zuhaitz-mozketak egitea.

– Lanerako zelaiak prestatzea.

– Berritzeko beharrezko den materiala biltzea.

– Dauden euskarriak desmuntatzea eta dorre berriak muntatu eta altxatzea. Garabia aldi baterako okupazio-plataforman kokatuko da, ondoren euskarri berria altxatzeko.

– Zimendatze-lanak egitea.

– Isolatzaileetako kateak, grapak eta burdineriak ordeztea.

– Eroalea ordeztea.

– Lurreko kableak ordeztea.

– Txoriak babesteko balizak instalatzea.

– Obra zibileko lurrak eta materialak kentzea eta kalteak leheneratzea.

Jarduketek guztira 374 egun iraungo dutela kalkulatzen da (2-3 egun euskarri bakoitzeko).

Obra amaitutakoan, eraginpeko eremuetako kalteak eta leheneratze-beharrak baloratuko dira. Egin litezkeen jardueren artean, landare-lurra ekarri, askotariko belarkarak erein eta gainazala egokitzeko aukerak aztertuko dira. Euskarriaren ingurunea nabarmen aldatzen ez bada eta landaredi naturala badago, ez da beharrezkoa izango jarduketa gehigarririk egitea.

Bigarrena.– Kondizio hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan xedatzen denaren arabera):

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak:

Aztergai dugun linea-tartea Barrundiako udal-mugartean hasi eta Ezkio-Itsasoko udal-mugartean amaitzen da, eta San Millán/Donemiliaga, Asparrena, Zalduondo, Arabako eta Gipuzkoako Partzuergo Orokorra, Zegama, Segura, Mutiloa eta Gabiria zeharkatzen ditu. Aztertutako linea 28,16 km luze da guztira.

Trazadura ibai-arro hauetatik igarotzen da: Barrundiarena Ullibarri urtegiraino eta Zadorrarena Ullibarri urtegiraino, Zadorrako Unitate Hidrologikokoak biak (aurrerantzean, UH); Arakilena Altzaniaraino eta Altzaniarena Arakileraino, Arakileko UHkoak biak; eta Oria I, Oria II eta Estanda arroetatik, Oriako UHkoak hirurak. Ingurumen-dokumentuaren arabera, berrituko den linearen trazadurak 17 puntutan zeharkatzen du jabari publiko hidraulikoa.

Linearen eta haren deribazioen luzera dela eta, instalazioan askotariko iragazkortasunak dituzten tipologia litologiko ugari identifikatu dira. Era bertsuan, akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun oso txikia eta txikia duten lurzoruak identifikatu dira nagusiki; hala ere, linearen erdiko tarteak, Aizkorri-Aratz mendilerroaren parean, oso kalteberatasun handia du.

Lineatik gertu, Geologia Interesdun Leku hauek nabarmentzen dira (aurrerantzean, GIL): Galarretako Goi Kretazeoko Tuparriak, Urbiako sakonunea eta Mutiloako domoko meatzegunea (Troyako meatzea), eta horien eragin-eremuak.

Kokalekua Kuartango-Aguraingo jabari hidrogeologikoan dago, Aizkorri mendilerroan eta Hegoaldeko antiklinorioan. Lineak interes hidrogeologikoko eremuekin bat datozen zenbait sektore zeharkatzen ditu: Aldaia lurpeko ur-masen sektorea, Altube-Urkilla Kuaternarioko sektorea, eta Araia eta Anarri sektoreak.

Natura 2000 Sareko naturagune babestuetatik ere igarotzen da linea, zehazki, hauetatik:

– Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremua (aurrerantzean, KBE) (ES2120002), 410 eta 427R euskarrien arteko tartean eta 412 eta 426 euskarrien arteko tarte ez-aktiboan.

– Oria Garaia/Alto Oria KBEa (ES2120005), T-428R–T-429R eta T-437–T-438 euskarrien arteko tarteetan eta T-428–T-429 euskarrien arteko tarte ez-aktiboan.

Halaber, Natura 2000 Sareko gune hauek daude linearen eremuan:

– Aldaiako Mendiak / Montes de Aldaia KBEa (Es2110016), Elgeako azpiestazioarekiko mugan.

– Barrundia Ibaia / Río Barrundia KBEa (ES2110017), lineatik 1 km iparraldera gutxi gorabehera.

– Arabako Lautadako irla-hariztiak / Robledales isla de la Llanada Alavesa KBEa (ES2110013), lineatik 2 km hegoaldera gutxi gorabehera.

– Aralar KBEa (ES2120011), linearen trazaduratik 5 km mendebaldera gutxi gorabehera.

Natura-ondarearen eremu babestuei dagokienez, Aizkorri-Aratz Parke Naturala (ES210003) zeharkatzen du lineak. Inbentarioan jasotako natura-intereseko eremuei dagokienez, Elgeako azpiestaziotik gertuko linearen tarte bat Aizkorri-Aldaiako mendiak 3 igarobide ekologikoan dago, zeina azpiegitura berde gisa inbentariatu baita Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan (aurrerantzean, LAG). Gainera, inbentarioaren barne daude Arakil eta Oria ibilguak ere, azpiegitura berdeko ur-korronte gisa (bilbe urdina).

Ingurumen-dokumentuaren arabera, aztergai den eremuak landaredi-mosaiko bat du, askotariko eremuz osatua: basoak, heskaiak, sailak, laboreak, ibaiertzeko eremuak, belardiak eta sastrakak. Horiek guztiek eremuari ekarritako biotopoek askotariko espezie multzo bati ematen diote babesa. Zehazki, inguru horretan Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartutako ornogabe-espezieak daude, bereziki, Aizkorri-Aratzen, hor baitaude ibai-karramarroa arrunta (Austropotamobius italicus) (galtzeko arriskuan), Osmoderma eremita (kaltebera) eta interes bereziko beste espezie batzuk, harizti eta pagadietako baso-eremuetan, hala nola Rosalia alpina, Lucanus cervus eta Cerambyx cerdo. Gainera, Aizkorri-Aratzek anfibioentzako interesekoak diren zenbait hezegune ditu, hala Arabako aldean nola Gipuzkoan. Besteak beste, aztergai den eremuan apo lasterkaria (Epidalea calamita), baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) eta uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) daude. Proiektuaren eremurako, hegazti-fauna hau jasotzen du ingurumen-dokumentuak: sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus), miru gorria (Milvus milvus), mirotz zuria (Circus cyaneus), mirotz urdina (Circus pygargus), okil beltza (Dryocopus martius), basoko harrapariak eta intereseko beste espezie batzuk, hala nola arrano txikia (Hieraaetus pennatus), belatz handia (Falco peregrinus), zuhaitz-belatz eurasiarra (Falco subbuteo) eta gabirai arrunta (Accipiter nisus). Aizkorriko sistema karstikoen zabalerak eta baso eta ibai-tarteen hedadurak eremu interesgarriak eratzen dituzte kiropteroentzat. Gutxienez 17 espezie daudela ezagutzen da; horien artean, Myotis myotys eta Myotis mystacinus nabarmentzen dira, galtzeko arriskuan daudela ezartzen baitu Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoak. Espezie hauek ere badaude: Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus hipposideros, Miniopterus schreibersii, Myotis emarginatus, Myotis nattereri, Myotis blythii, Myotis daubentonii, Plecotus auritus, Plecotus austriacus, Nyctalus leisleri, Eptesicus serotinus, Pipistrellus pipistrellus, Pipistrellus pygmaeus, Pipistrellus kuhlii, eta Tadarida teniotis.

Proiektuak fauna-espezie mehatxatuak kudeatzeko planetan sartuta dauden zenbait eremu zeharkatzen ditu, hala nola, Añarri ibilgua, goi-ibarretik bertatik muturluze piriniotarraren (Galemys pyrenaicus) Interes Bereziko Eremutzat hartua; eta Oria ibaia, bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremutzat jotzen dena.

Bestalde, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoentzako Aizkorri-Aratz Interes Bereziko Eremutik eta Elikatzeko Babesgunetik igarotzen da linea, baita Aizkorri-Aratz-Elgea eta Zadorrako urtegiak-Aldaia Hegazti-faunarentzako babes-eremuetatik ere. Arestian aipatutako eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (abifauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena). Era berean, Elgeako azpiestazioan, linearen hasierak usapal europarraren (Streptopelia turtur) lehentasunezko 2. mailako esku-hartzeko eremu batekin egiten du muga, eta amaierako zatia Sasietako hegazti-faunaren babes-eremutik 1 km-ra baino gutxiagora igarotzen da.

Dagoen landaredia kontuan hartuta, linea elektrikoak zenbait habitat zeharkatzen ditu, hala nola basoak, laboreak, sastrakak, larre eta belardiak edo baso-sailak, besteak beste. Batasunaren intereseko hainbat habitat identifikatu dira (aurrerantzean, BIH): 4030 Txilardi lehor europarrak, 4090 Elorri-triskak dituzten txilardi oromediterraneo endemikoak, 6170 Kare-belardi alpetar eta subalpetarrak, 6210* Belardi erdi-natural lehorrak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea nabarmenak dituzten parajeak), 6220* Subestepako zonak: gramineoak eta urteko landareak (Thero Brachypodietea) (*), 6230* Nardus formazio belarkarak, espezie ugarikoak, zonalde menditarreko substratu silizeoen gainean (eta Europa kontinentaleko zonalde azpi-menditarrekoak) (*), 6510 Altitude baxuetako sega-belardi txiroak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), 8210 Malda harritsu kaltzikolak, landare kasmofitikodunak, 91E0* Baso alubialak: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) (*), 9120 Pagadi azidofilo atlantikoak, oihanpeak dituztenak: Ilex eta batzuetan Taxus (Quercion robori-petraeae edo Ilici-Fagenion), 9230 Harizti galaiko-portugesak (Quercus robur eta Quercus pyernaica) eta 9240 Harizti iberiarrak (Quercus faginea eta Quercus canariensis).

EAEko flora mehatxatuari dagokionez, GeoEuskadiren kartografiaren arabera, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren inguruan, lineatik oso gertu, otsagereziondoaren (Prunus padus) eta Sorbus hybrida, Geranium cinereum eta Ranunculus aconitifolius espezieen berreskuratze-eremu batzuk daude, baita azken horren kontserbazio-eremu bat ere. Ingurumen-dokumentuak zerrenda batean jasotzen ditu jarduketen ingurunean egindako azterketa botanikoak Aizkorri-Aratz KBEan identifikatutako flora mehatxatuko espezieak. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartutako taxon hauek daudela berresten du zerrenda horrek: Armeria pubinervis Boiss (bakana), Buxus sempervirens L. (interes berezikoa), Ilex aquifolium L., Narcissus asturiensis (Jord.) Pugsley (interes berezikoa), Narcissus pseudonarcissus L. (bakana), Taxus baccata L. (interes berezikoa), Viola bubanii Timb-Lagr. (bakana).

Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera (aurrerantzean, LPS), linea elektrikoa honela katalogatutako lursailetatik igarotzen da, besteak beste: «Basoa», «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia», «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Balio Estrategiko Handia», eta «Basoa - Mendi Barbana». Aireko lineak onargarritzat (2a) jotzen dira horietan guztietan, baina nekazaritzako eta basogintzako jardueran zer eragin izango duten aztertu beharko da. Nolanahi ere, kontuan izan behar da lehendik dagoen linea bat berrituko dela, eta ez dela, inola ere, haren trazadura aldatuko.

Linea elektrikoak Etxabarriko, Ozaetako, Narbaxako, Idiazabalgo, Aratzeko, Añarriko eta Oriaren goi-ibarreko ikuspen-arroak zeharkatzen ditu. Azken hirurak (Aratz, Añarri eta Oriaren goi-ibarra) EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta daude (Eusko Jaurlaritza, 2005). Gainera, onura publikoko mendi (OPM) askotatik igarotzen da: Barrundia udal-mugartean, 364 eta 344 OPMak; Donemiliagan, 637 eta 617 OPMak; Asparrenan, 312 OPMa; Zalduondon, 732 OPMa; Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrean, 3.070.2 OPMa; eta Zegaman, 3.070.5, 1.025.3 eta 2.025.1 OPMak.

Linea elektrikoaren trazadurak arkeologia-intereseko eta eraikitako elementu asko ukitzen ditu. Gainera, Aizkorri-Aratz KBEaren eremuan, linea elektrikoa behin baino gehiagotan igarotzen da San Adriango tunelaren bide gainetik, Donejakue Bidean.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Elgeako eta Itxasoko azpiestazioetan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzati inbentariatuak daude. Gainera, linearen trazadurak baso-suteen zein higaduren arriskuak dituzten zenbait eremu zeharkatzen ditu; arrisku horien mailak askotarikoak dira, oso maila baxuetatik eta oso maila altuetara. Salgai arriskutsuen garraioari lotutako arriskuari dagokionez, Zegamako udalerrian dagoen linea-tartea trenbideko garraioaren afekzio-bandan dago, eta Gabiriako udalerriko tartea, berriz, trenbideko zein errepideko garraioaren afekzio-bandetan. Gabiriako udal-mugartean, lineatik 1 km-ra baino gutxiagora, Troya meatzea dago, 2012/18 (EU) Zuzentarauaren mendeko industrien artean sartua (SEVESO III Zuzentaraua deritzona).

Uholde-arriskuari dagokionez, linearen euskarri guztiak uholde-arriskuko eremutik kanpo badaude ere, lineak 10, 100 eta 500 urteko uholde-arriskua duten zenbait eremu igarotzen ditu gainetik, baita Argisao, Eztanda, Oria eta Olaran ibaien lehentasunezko fluxu-eremua ere.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektua garatzeko behar diren jarduketak egiteko, 1.600 m2-ko (40 x 40 m) lan-plataformak eraiki beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan. Aldez aurretik, landare-estaldura kendu eta zorua finkatu beharko da. Euskarri bakoitzera sartzeko bideei dagokienez, dagoen bide-sarea aprobetxatuko da gehienbat. Bi bide berri baino ez dira irekiko, T-431 eta T-441 euskarrietara iristeko, eta 304 m2 hartuko dituzte orotara. Guztira, 301 m3 lur mugituko direla kalkulatzen da. Oro har, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen du lurzoruaren gaineko inpaktua.

Aizkorri-Aratz KBEaren barruan egingo diren jarduketen kasuan, helikopteroz egingo dira euskarrien ordezte-lanak, eta, horrela, lan-eremuetan ez da makina astunik sartuko eta ez da biderik eraikiko KBEaren barruan. Gainera, 25 m2-ra (5 x 5 m) txikituko da ordeztu beharreko euskarrien oinarriaren ondoan dagoen aldi baterako lan-zelaiaren azalera: horrela, bat etorriko da linearen segurtasun-kalearekin, hau da, kalea mantentzeko jada zuhaitzez gabetu den azalerarekin. Egokitu beharko diren pistei dagokienez, ingurumen-dokumentuaren arabera, afekzio-azalera 1 m zabal izango da, gehienez, trazadura osoan; izan ere, zoladuraren hobekuntzak besterik ez dira egingo, eta, noizbehinka, inausketa batzuk ertzetan, landaredia kendu gabe.

Horrela, Aizkorri-Aratz KBEan, Batasunaren intereseko habitaten (9230, 4030, 9120, 8210, 6170 eta 6230*) 5.930 m2-ko azalera ukituko dela aurreikusten du ingurumen-dokumentuak (500 m2 lan-zelaiei dagozkie, eta 5.430 m2, berriz, sarbideei). Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren (MITERD) gida metodologikoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatzen du ukitutako BIH bakar batean ere ez dela inpaktu nabarmenik eragingo, Aizkorri-Aratz KBEaren Kudeaketa Planean funtsezko elementu gisa agertzen direnak barne.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, Aizkorri-Aratz KBEan, proiektuaren zuzeneko ondorioak bateragarriak dira obra-fasean, eta positiboak funtzionamendu-fasean; Oria Garaiko KBEan, berriz, ez dira adierazgarriak obra-fasean, eta positiboak dira funtzionamendu-fasean. Orobat, proiektuaren zeharkako ondorioak positiboak dira Natura 2000 Sareko bi espazio horietan eta haietan funtsezkotzat jotzen diren espezieetan. Ildo horretan, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak uste du ingurumen-dokumentuak zorrotz aztertzen dituela proiektuak Natura Sarean izango dituen eraginak, eta harekin bat dator, Natura 2000 Sareko espazioetan eta sarearen koherentzian kalterik eragiten ez dela ondorioztaturik. Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak beren txostenean ondorioztatzen dutenez, proiektatutako lanek ez dute eragin nabarmenik izango Aizkorri-Aratz Natura Parkea KBEko habitat, espezie eta kontserbazio-helburuetan, baldin eta proposatzen diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak errespetatzen badira.

Proiektua gauzatzeko, 9.993,41 m2 baso moztuko da (baso misto atlantikoa, pagoa, erkametza, ametz arrunta, haritz kanduduna), baita 5.174,29 m2 baso-sail (Douglas izeia, laritza, larizio pinua, intsinis pinua, askotariko hostozabalen landaketak, haritz amerikarra) eta zuhaixka ere. Linea osoan, ukitutako BIHen azalera, guztira, 91.306 m2 izango dela kalkulatu da (89.973 m2 aldi baterako zelaiengatik eta 1.333 m2 lehendik dauden sarbideak egokitu eta berriak eraikitzeagatik). Flora mehatxatuari dagokionez, espezie hauen populazioak identifikatu dira: Armeria pubinervis Boiss 422R euskarriaren inguruan; Buxus sempervirens L. T-392 eta T-393 euskarrien artean; Narcissus asturiensis (Jord.) Pugsley espeziearen zenbait populazio T-391, T-406, T-420R, T-422R euskarrietatik eta tarte ez-aktiboko T-418 eta T-419 euskarrietatik oso gertu; Narcissus pseudonarcissus L. espezieko populazio bat T-424R euskarritik gertu; eta Viola bubanii Timb.– Lagr. ale bat T-422R euskarritik gertu.

Euskarriak ordeztea aurreikusi den tartean, linea elektrikoak ibai-ibilgu hauek zeharkatzen ditu: Ugarte, Luzuriaga, Estibarri eta Urdasakon erreken goi-ibarrak, erreka izengabe batzuk, Oria, Iturrieta Gorostizu, Urbizuaran, Burdas, Olaran, Eztanda, Arana eta Argisao. Euskarrietara iristeko bideek ere ibilgu batzuk zeharkatzen dituzten arren, proiektatu diren sarbide berriek ez dute zeharkagune berririk izango. Ibai-sarea zeharkatuko den toki horietan, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) araudian xedatutakoa bete beharko da.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahalko dira lurra mugitzean sortutako istripu edo gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta linearen zortasun- eta babes-eremua mantentzeko ebaketa- edo inausketa-lanak egingo dira. Ingurumen-dokumentuak baztergarritzat eta bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek.

Aizkorriko mendilerroa karstikoa denez, eta akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun-arriskua handia denez, kontu handiz ibili beharko da obren fasean isurketarik ez egiteko.

Nabarmendu behar da makinen eta ibilgailuen mugimenduak eta helikopteroen hegaldiak faunaren ezbeharrak eragin ditzaketela, harrapaketen edo talken ondorioz.

Funtzionamendu-fasean, hegazti-faunari eragingo zaizkio inpaktu nagusiak, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaiari ere.

Aireko linea elektrikoa berritzeko proiektua Aizkorri-Aratz KBEarentzat eta Parke Naturalarentzat interesgarriak diren eta Batasunaren edo eskualdearen interesekoak diren hegazti asko dituen ingurune batean egingo da. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, KBEaren barruan dauden euskarri arteko hutsarte guztietan, txoriak babesteko balizak ezarriko dira (katadioptrikoak). Hala ere, beharrezkotzat jotzen da KBEaren eremutik kanpo ere ezartzea txoriak babesteko balizak (katadioptrikoak), T-393 euskarritik T-405 euskarriraino.

Paisaiaren gaineko eraginari dagokionez, funtsean lehendik dagoen trazadura bat berritzen denez, inpaktua ez da adierazgarritzat jotzen.

Hala badagokio, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatietan esku hartu ahal izateko, jarraipen berezia egin beharko da, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudeatu daitezen.

Linea elektrikoa onura publikoko mendi (OPM) hauetatik igarotzen da: Barrundia udal-mugartean, 364 eta 344 OPMak; Donemiliagan, 637 eta 617 OPMak; Asparrenan, 312 OPMa; Zalduondon, 732 OPMa; Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrean, 3.070.2 OPMa; eta Zegaman, 3.070.5, 1.025.3 eta 2.025.1 OPMak. Gainera, Arabako Lurralde Historikoko Landa Bideen Erregistroan inskribatuta dauden bide batzuetan eragina izango du instalazioak; zehazki, Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Arauak araututako bide hauetan: 061-000-1, 013-141-101, 009-049-104, 009-049-2, 009-049-3, 009-049-101, 009-049-105, 009-134-1, 009-134-9, 009-134-101, 009-134-103, 053-122-1, 053-122-2, 053-122-3, 053-122-103, 053-225-5, 053 225-6, 053-225-101, 053-225-7, 053-225-8, 053-225-10, 053-225-11 eta 013-000-101.

Kultura-ondareari dagokionez, 66/2022 Dekretua betez, eta Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Zerbitzuari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuari eta Eusko Jaurlaritzako Euskal Kultura Ondarearen Zentroari jaramon eginik, sustatzaileak trazadura berria proposatu du 425R eta 426R euskarrietara sartzeko, Donejakue Bidean dagoen San Adriango Bidetik ez igarotzeko.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak inolako eragin negatiborik izango duenik aipatutako ingurune-alderdietan.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak:

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honetan finkatutakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Ildo horretan, hurrengo apartatuetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Natura-ondarearen gaineko erasana gutxiagotzeko neurriak:

– Landaredia inausteko edo mozteko jarduerak eta helikopteroz egin beharreko lanak ez dira egingo basoko eta/edo haitzetako hegazti-faunaren hazkuntza-garaian, martxoaren 15etik abuztuaren 31ra bitartean. Inausketari edo mozketari dagokionez, gutxienez astebete lehenago jakinarazi beharko zaio AFAko Natura Ondarearen Zerbitzuari, ebaluatu dezan.

– Txoriak babesteko balizak (kolpeen aurkako katadioptrikoak) ezarri beharko dira T-393 eta T-405 euskarrien arteko hutsarteetan. Jarduketa hori ez dago aurreikusia aurkeztutako proiektuan.

– «Islatzaile/birakari» motako elementuak ezarriko dira talken aurka.

– Mirotz zuri eta/edo urdinaren ugaltze-garaian eta hazkuntza-eremu potentzialetan egiten diren lanek aldez aurreko prospekzioa beharko dute. Prospekzio horren helburua izango da habiak egiteko gertuko puntuak aurkitzea, eta emaitzak obrak hasi baino lehen jakinarazi beharko zaizkio ingurumen-organoari.

– Moztu ondoren sortutako egurra herriko auzotarrek erabil dezatela sustatuko da, eta zati bat tokian bertan uztea, saproxilikoentzat. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2002 Legeak 27.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Oro har, ez dago baimenduta nekazaritza- edo baso-ingurunean sortutako landare-hondakinak erretzea». Horregatik, eta moztu/inausi nahi den materia organikoaren zati bat lurzoruari emateak dituen onurengatik, tokian bertan birrindu beharko dira egurretarako balio ez duten landare-hondarrak, eta egurra eta hondakinak ez dira utziko jariatze-urak herrestan eraman ditzakeen lekuetan.

– Lanak egin aurretik, proiektuaren ingurumarietan dagoen florarengan eta faunarengan eragina izan dezaketen lanen programazioa eta egutegia bidali beharko dizkio sustatzaileak Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari.

– Gaur egun dauden sarbideak erabiliko dira, eta debekatuta egongo da bide berriak irekitzea, lursailen titular diren erakundeei eta AFAko Mendien eta Natura Ondarearen zerbitzuei aurrez dagokion baimena eskatu gabe.

– Metaketarik egiten bada, ez dira inoiz egingo eremu sentikorretan, hala nola ibaiertzean, hezegune edo istiletan, zohikaztegietan, zuhaixka-heskaietan eta abarretan.

– Zumarraundiren ordez beste aukera bat planteatu beharko da, lan-eremu gisa, helikoptero-lanak egiteko, ez baita egokia kokalekuaren egungo egoera eta exekuzio-epeak kontuan hartuz gero. Proposatzen den ordezko aukerak ezingo du inola ere eraginik izan intereseko landaredian, Batasunaren intereseko habitatetan eta, Aizkorri-Aratz KBEaren muga-barruan badago, haren oinarrizko elementuetan.

– Behin obra amaituta, jarduketa-eremua garbitzeko kanpaina zorrotz bat egingo da, eta ukitutako eremuen kalteak aztertu beharko dira, eta oneratu edo jatorrizko egoerara leheneratu.

– Lanen ingurumen-jarraipen egokia egiteko, ezinbestean abisatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari, gutxienez astebete lehenago.

– Kontu handiz ibili behar da T-392 eta T-393 euskarrien arteko kalean, kalte ahalik eta txikiena egiteko ezpel-aleei (Buxus sempervirens).

– Narcissus asturiensis eta Narcissus pseudonarcissus aleak dituzten eremuetan, fruitu-garaitik kanpo eta lurzorua lehor dagoenean gauzatu beharko dira jarduketak.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, ez da inolako isurketarik egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ez eta bere babeseko zorgunean ere, eta ez dute jasoko lur-mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik ere.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da eraginik izan sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

– Isurketei dagokienez, bermatu egin beharko da eraikitze-fasean egin daitezkeen isurketa kutsagarriek lurrazaleko eta lurpeko ur-ibilguei ez eragitea. Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa edukiko da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikorkatua, etab. Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

– Larrialdiko Kudeaketa eta Jarduketa Plan bat eduki beharko da, eraikitzeko, ustiatzeko eta eraisteko faseetan aplikatzekoa izango dena, bai eta protokolo bat ere, badaezpada ere substantzia toxiko eta arriskutsuak kontrolik gabe eta ustekabean isurtzen badira ingurune naturalean.

– Obrako makineria-parkea behar izanez gero, eremuko drainatze-sare naturaletik nahikoa urrun dauden guneetan jarri beharko dira parke hori eta garbigunea, ahal dela inguruan dauden eremu artifizialenetan. Mantentze-lanen eremua drainatze-sare naturaletik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo, eremuko akuiferoak kutsatzeko kalteberak baitira. Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak ibilguetatik urrun kokatuko dira.

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditu diren eremuetatik landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin.

D.3.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak:

– Eremuko zenbait lurzati agertzen direnez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioan, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoak) eta berori garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko da.

D.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak:

– Obrek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbitze-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obren eraginpeko ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan.

– Obraguneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako babes-neurriak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorra, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata egiten den ordu kopurua murriztea, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan ez dira gaindituko, obrek sortutako zarataren ondorioz, kalitate akustikoko helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) ezarriak.

D.6.– Landa-ingurunea babesteko neurriak:

– Arabako Lurralde Historikoko Landa Bideen Erregistroan inskribatuta dauden bideetan eragina duen edozein jarduketa egin aurretik (Arabako Lurralde Historikoko Landa Bideak Erabili, Zaindu eta Zaintzeko 6/1995 Foru Arauak arautzen ditu bide horiek), obra-baimenaren txostena eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Garapenerako Zerbitzuari.

– Onura Publikoko Mendietan eragina duen edozein jarduketak Baso Administrazioaren txosten loteslea behar du.

D.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Proiektua egikaritzen den eta abian den bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legean (Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa) eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan (Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duena) eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen) ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aurretik aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuak (Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

D.8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– 66/2022 Dekretuaren Babes Araubidearekin bat etorriz, bide historikoak, galtzada harriztatuak eta zubi-gaineko trazadura tarteak, 2/2012 Dekretuaren IV. eranskinaren 1. eta 2. zerrendetan babestuta daudenak, San Adriango bidea eta galtzada barne direla, oinezkoek, zikloturistek edo zaldizkoek soilik erabil ditzakete, eta berariaz debekatuta dago ibilgailu motordunak edo bestelako makinak haietatik igarotzea (66/2022 Dekretuaren 13.1 artikulua).

– Obrek errespetatu egin beharko dituzte bide historikoen, galtzada harriztatuen eta zubi-gaineko trazadura tarteen berariazko araubidean ezarritako zehaztapenak (66/2022 Dekretuaren 13. artikulua), 66/2022 Dekretuaren 12. artikuluan zehaztutako zortasun-babeseko eta afekzio-zonak barne.

– San Adriango tumulua, Aizkorriko Estazio Megalitiko izendatuaren barne, balizaz markatuko da, eta estazio megalitikoaren 3. eremutik kanpoko gune batean jarri beharko da hari dagokion metaketa-eremua, inpaktu oro minimizatzeko.

– Arriskuan dauden ondare-elementuak behar bezala balizatuko dira, haien babesa bermatzeko.

– Obren eta lan osagarrien eta/edo zortasun-lanen ondoriozko lur-mugimendu guztien kontrol arkeologikoa egingo da.

D.9.– Paisaia babesteko eta ukitutako lekuak leheneratzeko neurriak:

– Intereseko landaredia ukitzen duten lan-zelai guztiak lehengoratuko dira, 1:1 proportzioan (kaltetua: lehengoratua) formazio belarkara eta sastraken kasuan, eta 1:2 proportzioan (kaltetua: lehengoratua) basoen kasuan. Aizkorri-Aratz KBEaren barruan ukitu diren eremuetan, azkenean obrak gauzatzean kalteak izan dituzten BIH azalerak eta BIH ez diren landaredi-azalerak konpentsatu beharko dira, 1:2ko ratioan (kaltetua: lehengoratua edo hobetua); baldintza horretatik kanpo uzten dira egungo zortasun-eremuaren barruko afekzio-azalerak, betiere, hura handitzen ez bada. Hori guztia Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundietara eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzara bidali beharko den leheneratze-proiektu batean zehaztu beharko da, baliozkotu dadin, proiektua behin betiko onartu aurretik. Leheneratze-proiektuak adierazi beharko du zein diren ukitutako landaredi-unitateen azalerak, BIHei dagozkienak identifikatuz.

– Obra-leku bakoitzean lurrak mugiarazi dituzten lanak amaitutakoan, jarduketen eraginpeko lursailaren leheneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.

– Leheneratze edafikoaren lanak iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatutako espezieez kutsaturik legokeen lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

– Lehengoratu egin behar dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru okupazioak eta abar). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin egingo dira; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotuko dira.

– Ahal den guztietan, espezie inbaditzaileak errotik kenduko dira jarduera-gunean.

D.10.– Jardunbide egokien sistema bat ezartzea:

Obrek iraun bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

– Ongi kontserbatutako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Hondakinik ez isurtzea eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eragin-eremuko biztanleei zarataren eta hautsaren ondoriozko eragozpenik ez sortzea.

D.11.– Garbiketa eta obra bukatzea:

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den eremu osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen 6.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.12.– Ingurumen-aholkularitza:

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra Zuzendaritzak erabakirik hartu behar badu baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko du aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinek zarata sortzea, hondakinen kudeaketa, ibai-ibilguak babestea eta natura-ondarea babestea.

D.13.– Lan-programaren diseinua:

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondorengo azpiapartatu hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak aldi baterako pilaketa-eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira obrak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta interes-habitatak.

– Hala badagokio, habien kokapenari edo intereseko fauna-aleen presentziari buruzko xehetasunak.

– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak Elgea-Itxaso zirkuitu bakunean, T-389-SE Itxaso tartean, energia elektrikoa garraiatzeko 220 kV-ko linea berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu duen dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izango dela bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa:

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugak kontrolatzea:

Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino eremu handiagorik.

E.3.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina:

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta aipatu proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpenean ezarritakoak.

Programan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea:

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, eta bereziki aipatuko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean. Bai ingurumena zaintzeko programa bai egiaztapen-zerrenda, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira biak. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

E.5.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:

– Obrak hasi baino lehen, ebazpen honetako E.3 apartatuan aurreikusitako Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.

– Obrak amaitu eta 2 hilabeteko epean, gehienez, obrak egin direnean sortu diren gorabeheren gaineko erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zer neurriraino bete diren adierazten duen agiria ere, ebazpen honetako E.1 apartatuan xedatutakoaren arabera.

F) Aldaketak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen zaintzako programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumen-zaintzako programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, amaitu egingo da ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 21a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala