
105. zk., 2025eko ekainaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 12 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2483
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa «PERI-06-Sefanitro» eremurako.
AURREKARIAK
2025eko otsailaren 3an, Barakaldoko Udalak eskaera bat aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, hasiera emateko «PERI-06-Sefanitro» eremurako eta Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko martxoaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «PERI-06-Sefanitro» eremuaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
a) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xede den eremua, 249.277 m2-ko azalerakoa, Barakaldoko udalerriko Lutxana auzoko herrigunean dago, eremu artifizializatuan, eta mugakide hauek ditu: hegoaldean, Lutxana auzoko industriak eta etxebizitzak; iparraldean eta mendebaldean, N-367 errepidea, eta ekialdean, Santurtzirako errepidea eta Bilbo-Portugalete-Triano tren-plataforma.
Planaren helburua da Barakaldoko HAPOko Sefanitroko PERI 06 eremuaren egiturazko antolamendua aldatzea, soil-soilik Sefanitroko banaketa-arearen mugaketari dagokionez, eta egiturazko antolamenduaren gainerako parametroei eutsiko zaie, aldaketa esanguratsurik egin gabe. Egiturazko antolamenduari buruzko zehaztapenen aldaketaz gain, arearen antolamendu xehatua ere jasoko da.
Planak sistema orokorren eremu publiko eta eremu pribatuetako erabilera baimenduen, berezkoen eta bateragarrien erregimena zehazten du. Sefanitro arearen barnean zehaztutako eremu pribatuak etxebizitzaren berezko erabilerako bizitegi-eremuak dira, antolamenduaren planoan adierazitakoaren arabera.
Egiturazko antolamenduan ezarritako eremu pribatuetan jar daitezkeen berezko erabilerako hirigintza-eraikigarritasunak eta erabilera bateragarriak zehazteko, HAPOren fitxan PERI-06-Sefanitro eremurako ezarrita dagoen bizitegi-erabilerako guztizko hiri-eraikigarritasunari eutsiko zaio, alegia, sestraren gaineko 183.310 m2-ko sabai-azalerari.
Antolamendu horren ezaugarri nagusiak hauek dira:
– Erabilera nagusia bizitegiena da, baina proposatutako antolamenduaren bereizgarritasuna hauxe da: bizitegietarako hirigunean ekipamendu publikoko orubeak sartu dituela, bizitegi-erabilerarekin nahasiak, eta, haiei esker, irisgarritasun handiagoa lortuko da eta erabilera pribatuak eta publikoak errazago nahasi ahal izango dira sor litezkeen erabilerak har litzakeen hiri-plaza batean.
– Bizitegi-eraikuntza, 1.384 etxebizitzakoa, eraikuntza irekiko 22 eraikin isolaturekin ezartzen da. Horietatik 13k BS+5+Atikoa altuera dute, eta bizitegi-kokapenaren zonarik garrantzitsuenean daude, Artzain Onaren kalearen aurrealdean. Beste sei eraikinek BS+7+Atikoa altuera dute eta aurrekoen iparraldeko ertzean daude, eta, eraikuntza-antolamenduari gaina jartzeko, BS+15+Atikoa altuera duten bi eraikin daude. Azkenean, eremuko ekialdean dagoen eta BS+6+Atikoa altuera duen eraikin bat proposatzen da, Artzain Onaren luzapena eta Aita Olaetxea Apezpikua kalea elkartzen diren biribilgunearen ondoan kokatzeko, eta mugakidea izango da babes ofizialeko etxebizitzen kooperatiben eraikinekin (dagoeneko egikarituak). Halaber, sekzio-planoek erakusten dute eraikinek sotoko hiru solairu ere eduki ahalko dituztela.
– Indarreko egiturazko antolamenduarekin bat etorriz, Planak jasotzen du, araubide libreko etxebizitza kolektiboko bizitegi-erabileraz gain, babes ofizialeko etxebizitzako bizitegi-erabilera.
– Ekipamenduetako Tokiko Sistema Mistoetarako lurzoruaren erreserbak (SLEM 1, 2, 3 eta 4) 32.452,28 m2 hartzen ditu, eta babes sozialeko etxebizitzen (BSE) 1.460 m2-ko bizitegi-azpieremu bat zehazten da. Horrenbestez, Tokiko Beste Zuzkidura batzuen guztizko azalera 36.630,92 m2-koa da.
– Tuntun mendia hiri-parkeen Sistema Orokorrean jasota dago, eta, Sefanitro Jarduketa integratuko hiru Berdeguneekin batera eta antolamendu xehatuan Komunikazioen Sistema Orokorrari atxikitzat hartutako Berdeguneen Sistema Orokorrarekin batera, Espazio libreen eta Berdeguneen Sistema Orokorraren guztizko azalera 88.648,91 m2-koa da.
Gainera, Planak eremuko hiri-bilbearen eta gainerako hiri-bilbearen arteko konexioa definitzen du, barne hartuta Barakaldoko herriguneko hiri-bilbearekiko konexioa –Artzain Onaren kaleko sistema orokorra luzatuz–, Aita Olaetxea Apezpikua kalearen diseinua eta hiri-bilbearekin Urban-Galindorekin lotu arte duen konexioa, eta Sefanitroko kargalekuaren sarbidea eta errehabilitazioa (ondare-intereseko elementua).
Sefanitroko kargalekuarekin lotuta, proposatutako antolamenduak hura zaharberritzea kontsideratzen du, eta haren egituraren gainean oinezkoentzako hiri-komunikazioen sistema orokorra sortzea, haren kalifikazio globala Lutxana-Burtzeńa eremuaren gainean espazialki gainezartzeko ezaugarriekin.
Bestalde, ekipamenduei dagokienez, aurreikusten da, besteak beste, aire zabaleko kirol-erabilera jasotzea (futbol-zelaia izan liteke), ekipamenduko tokiko sistemaren azpieremuetako batean.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan dagoen informazioari jarraikiz, Plana garatzeko, beharrezkoa izango da hauek izapidetzea: birpartzelazio-proiektua, hirigintzako jarduketa-programa, urbanizazio-proiektua, eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-obra osagarrien proiektua.
Epeei dagokienez, behin betiko onetsi eta indarrean jarri ondoren, Planak 8 urteko epea ezartzen du eremuaren urbanizazioa osatzeko, eta 12 urteko epea, irabazizko erabilera duten lurzatien eraikuntza bukatzeko.
Kontuan hartutako aukerak:
Ingurumen-dokumentu estrategikoak aztertutako 23 aukera hartu ditu erreferentziatzat, eta haietatik 0 aukera edo «esku hartzerik ez egitea», Barakaldoko hiri-bilbearekin lotzeko bi aukera eta antolatzeko bi aukera aurkezten ditu.
Barakaldoko hiri-bilbearekin lotzeko aukerei dagokienez, aztertutako bi aukerek antzeko ondorioak izango lituzkete, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera; horrenbestez, lotzeko 2. aukera hautatu da (alegia, lehendik dagoen errepidea eraistea eta, ondoren, errepide berria eraikitzea Arrontegitik gertuago, hiru erreirekin, zeinean eskuineko erreiak Florida kalerantz egiten duen, eta beste bi erreiak BECeko biribilgunera sartuko diren, Azkue kalearekiko paraleloan), hiri-eremu zabalagoa sortzeko egokiagoa delako, eta interferentzia errazagoa, obrak egiteko prozesuan bideak bere horretan mantendu daitezen.
Antolamendu-aukerei dagokienez, antolamendu xehatuaren gainean HAPOren egiturazko eraikigarritasuna garatzeko egindako ondoz ondoko haztaketen barruan, 1. eta 2. aukerak hautatu dira, herritarrek parte hartzeko lehen saioan jasotako eskakizunetara hobeto egokitzen direlako. 1. aukerak eraikinak antolatzeko bi elementu linealen eskema bat garatzen du, ekialdetik mendebalderako noranzkoan, berriz diseinatutako Artzain Onaren kalearekiko paraleloan, eta 2. aukerak (hautatutako aukera), berriz, eraikinak antolatzeko hiru elementu linealen eskema garatzen du, ekialdetik mendebalderako noranzkoan, berriz diseinatutako Artzain Onaren kalearekiko paraleloan.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duenez, ingurumen-ikuspegitik bi aukerek antzeko ondorioak dituzte ingurunearen aldaera gehienen gainean, baina 2. aukera hobea da giza habitatarekin lotutako alderdiak hobetzen dituelako.
b) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75,3. artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak Barakaldoko HAPOren PERI-06-Sefanitro eremuaren egiturazko antolamenduko zehaztapenak aldatzen ditu Sefanitroko banaketa-eremuaren mugaketari dagokionez; halaber, eutsi egiten die egiturazko antolamenduaren gainerako parametroei, aldaketa esanguratsurik egin gabe, eta eremuko antolamendu xehatua gehitzen du. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Proposatutako garapena dago Sefanitro nitrogenatu sintetikoen lantegiak (Sociedad Espańola de Fabricaciones Nitrogenadas SA) lehen hartzen zituen lursailetan. Horrenbestez, hiri-lurzorua erabat antropizatua da. Tuntun mendiak proposatutako espazio libreak hartuko ditu.
Oro har, eremua «Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Eremutik gainazaleko ur-ibilgurik ez badoa ere, eremua trantsizioko Nerbioi Barrualdea ur-masatik (ES111T068010 kodea) gertu dago; ur-masa mareazpiko estuario atlantikoaren tipologiakoa eta izaera oso aldatukoa da. Planaren eremua itsaso eta lehorraren arteko jabari publikotik kanpo dago, eta bertan ez dago plan hidrologikoak babestutako eremuen erregistroko ezein elementu.
Litologiari dagokionez, metaketa antropogenoa dago eremu lauan, eta porositate bidezko iragazkortasun ertaina du; Tuntun mendiko eremuan, berriz, tartekatu egiten dira tuparri-kareharriak, tuparriak, kareharriak eta kalkarenitak –pitzadura bidezko iragazkortasun txikia dute– eta arroka igneo iragazgaitz batzuk azaleratzen dira. Eremuaren ezaugarri fisikoak direla eta, lurzoruek ez dute gaitasun agrologikorik. Bestalde, ez zaio eragiten EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko ezein lekuri.
Eremua «Hegoaldeko antiklinorioa» lurpeko ur-masaren gainean dago, zeinak egoera global ona duen. Eremuan ez dago interes hidrogeologikoko eremurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia – oso txikia da.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute. Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duenez, Tuntun mendiko hegoaldeko mazelaren oinarrian apaindurazko zenbait zuhaitz eta zuhaixka daude, lorategi-eremua izan zen tokian, eta iparraldeko mazelaren oinarrizkoan, berriz, baratze txiki batzuk daude. Landan ikusitako gainerako espezieak espezie arruntak dira; alegia, aldatutako tokietan eta bide-ertzetan ohikoak diren izaera erruderaleko espezieak. Halaber, zenbait zuhaitz eta zuhaixka aitzindari daude: Brachypodium pinnatum, Dactylis glomerata, Daucus carota, Dipsacus fullonum, Foeniculum vulgare, Geranium rotundifolium, Menta rotundifolia, Plantago lanceolata, Poa annua, Populus gr. deltoides, Pteridium aquilinum, Rubus sp., Salix atrocinerea, Sambucus nigra, Sonchus oleraceus, Taraxacum officinale, beste landare askorekin batera. Garai bateko industria-instalazioetan osatutako putzuetan espezie higrofilo batzuk ikusten dira, hala nola Typha latifolia eta Phragmites australis. Ikusitako ornamentuzko zuhaitzak eta zuhaixkak arruntak dira eskualdeko parkeetan eta lorategietan: Nerium oleander, Ligustrum lucidum, Betula alba, Taxus baccata, Cupressus sp., Eriobotrya japonica, Laurus nobilis eta abar. Aurkeztutako dokumentazioak erakusten du eremuan landare-espezie exotiko inbaditzaileak ugariak dira, eta batez ere Buddleja davidii, Cortaderia selloana eta, neurri txikiagoan, Robinia pseudoacacia espeziekoak. Tuntun mendian ugaria da, orobat, Dittrichia viscosa konposatu mediterraneoa. Tokian ikusitako beste espezie exotiko batzuk: Arundo donax, Conyza canadensis, Centranthus ruber, Cyperus eragrostis, Paspalum dilatatum, Cymbalaria muralis, Erigeron karvinskianus. Zerrenda ez da zehatza, eta litekeena da bestelako espezie inbaditzaileak ere egotea. Oro har, landaretzaren interesa oso txikia da; ez da landare-komunitate edo -espezie interesgarririk eremuan, eta ez dago Batasunaren intereseko habitaten barruan.
Planaren xede den eremuak ez du ukitzen mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den espaziorik. Ez planaren eremuan, ez haren ingurunean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.). Planaren eremuan dauden espezieak hiri-eremuekin lotutako fauna-komunitatekoak dira; ezaugarri dute ubikistak izatea eta giza presentziarekiko tolerantzia-maila handia edukitzea.
Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere; halaber, ez da EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik identifikatzen.
Plana bat dator Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren Datu Baseko 82.19.– elementuarekin (Sefanitroko kargalekua), zeinak babes ertaineko proposamena duen. Era berean, Planaren eremuan 33. elementua (Arrontegiko gotorlekua) dago, esandako datu-basean balizko arkeologia gune deklaratzeko proposamena duena. Paisaiaren ikuspegitik, eremua Barakaldoko ikuspen-arrokoa da (113. kod.), eta bat dator jabari antropogenoko hiri-paisaiarekin, zeinean ez baitago ez paisaia-mugarririk, ezta arro katalogatu eta inbentariaturik ere.
Ingurumen-arriskuekin lotuta, eremua ADIFen trenbideetarako 100, 200 eta 600 metroko eragin-zerrenden barruan dago; trenbideok lotzen dira tren bidezko salgai arriskutsuen garraioko istripu-arrisku handiarekin. Halaber, N-637 errepidearekiko 200 metroko zerrendaren barruan dago, zeina lotzen baita errepide bidezko salgai arriskutsuen garraioko istripu-arrisku handiarekin. Gainera, etorkizuneko garapenean eragina du Bilboko portuarekin lotutako hodi toxikoaren arriskuak (1. sektorea, SEVESO III zuzentarauaren mende). Gainera, planaren eremuko bi toki jasota daude Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan: 48013-00099 eta 48013-00090 kodeko lurzatiak. Harekin lotuta, aipatzekoa da 2012ko azaroaren 15eko, 2014ko apirilaren 11ko, 2015eko uztailaren 13ko eta 2015eko uztailaren 23ko ebazpenak eman direla. Ebazpen horietan, garai batean Sefanitrok eta Befesa Sulfuración SLk zuten kokapenaren saneamendu-fase batzuetako lurzoruaren kalitatea jakinarazten da. 2018ko urtarrilaren 9ko beste ebazpen batean, ordea, Befesa de Sulfuración SAk zuen kokapenaren lurzoru-kalitatea jakinarazten da, lehenago hiri- eta parke-erabilerarako lurzoru kutsatutzat jo baita, 2012ko ekainaren 7ko Ebazpenaren bidez. Eremuaren mugatik kanpo, Sefanitroko mineral-kargalekua 48013-00133 kodeko kokapenean dago, eta etorkizuneko lotura, berriz, 48013-00072 kodeko kokapenean.
Bestelako arriskuekin lotuta, ez da antzeman ibaiaren uholde-arriskuaren arazorik, ezta sismikotasunaren eta baso-sutearen ondoriozko arriskurik ere; era berean, ez da hauteman akuiferoen kalteberatasun handiaren edo oso handiaren ondoriozko arriskurik.
Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioak «Barakaldoko HAPO Sefanitron aldatzeko Inpaktu Akustikoaren Azterlana», AAC Centro de Acústica Aplicada SLk 2017ko maiatzean egindakoa, aipatzen du, zeinaren arabera kalitate akustikoko muga batzuk gainditu egiten baitira proiektatutako eraikinen fatxadetan. Mugak gainditzen direnez, batez ere komunikazio-bideetara bideratutako fatxadetan, afekzio akustikoa gutxitzeko irtenbideak aztertu ziren, eta haietatik eraginkorrena izan zen N-637 errepidean pantaila akustiko bat jartzea, erreferentziako kalitate akustikoko helburuak betetzea lortzen ez baditu ere. «PERI-06-Sefanitro» eremua Babes Akustiko Bereziko Eremuaren barruan dago, zeina Barakaldoko Udalak 2012an deklaratu zuen Zarataren 37/2003 Legean ezarritakoan oinarriturik (iragarkia, 180. BAOn argitaratua, 2012ko irailaren 18an, asteartea).
Adierazi behar da, halaber, Plana bat datorrela Bizkaiko errepideen foru-sarearen, hain zuzen N-637 errepidearen, zortasun akustikoarekin.
Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak izango dira obra-faseetan sortutakoak, honako hauen ondorioz: lur-mugimenduak –bereziki Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko tokietan egiten direnean–, berrurbanizazio-obrak, eraikin berriak egitea, garapen berriak paisaian txertatzeko jarduketak eta kultura-ondarea lehengoratzea. Aurreikusitako jarduketen ondorioz honako hau gertatuko da: lurzorua okupatzea, makinen joan-etorriak izatea, obra-hondakinak sortzea, hondeaketa-soberakinak sortzea, istripuzko isurketen ondorioz uretan eta lurzoruetan eragiteko arriskua egotea, herritarrei eragozpenak ekartzea emisio atmosferikoengatik eta zaratengatik, eta abar. Hori guztia erabat hiritarra den eremuan izango da.
Balorazio ona egiten da gaur egun abandonu-egoeran dauden lursail artifizializatuak aurreikusitako erabilera berrietara bideratzeaz, era horretan eragozten baita eraldatu gabeko lurzorua hiri-hazkunderako okupatzea (esaterako, Planaren eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak). Sefanitroko kargalekua zaharberritzea, eta erabilera berria ematea, positibotzat hartzen da, halaber, kultura-ondarea zaintzearen ikuspegitik.
Planaren eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak egoteari dagokionez, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoan, xedatutakoa bete beharko da, eta batez ere, ingurumen-organoaren ebazpenetan xedatutakoa, zeinen bitartez deklaratzen baita Sefanitrok eta Befesa Sulfuración SLk lehen okupatzen zuten kokalekua saneatzeko faseen lurzoru-kalitatea.
Ustiapen-fasean, berriz, eraginak garapen berriaren paisaia-inpaktuarekin lotuta egongo dira, bai eta baliabide- eta energia-kontsumoa handitzearekin, eremuko mugikortasuna areagotzearekin eta eremuaren egoera akustikoarekin ere.
Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, ez dira betetzen aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak. Antzemandako ez-betetzeei dagokienez, zuzentzeko neurri gisa proposatu da N-637 errepidean pantaila akustiko bat jartzea, baina horren bidez ez da lortuko, halere, kanpoaldean Kalitate Akustikoko Helburuak guztiz betetzea. Udalak eremuaren egoera akustikoa ezagututa, 2012. urtean Babes Akustiko Bereziko Eremu deklaratu zuen. Horrenbestez, ustiatzeko fasean kanpoaldeko eragin akustikoak bere horretan jarraituko du, eta hura zuzentzea egongo da udal-administrazioak, bere eskumenen barruan, dagokion Eremu Planaren bidez, arrazoizko epearen barruan kalitate akustikoko helburuak betetzea ahalbidetuta. Eraikinaren barruan fatxadako isolamenduaren bidez bete beharko dira kalitate akustikoko helburuak, eta kontuan hartu beharko da, halaber, bibrazioetarako kalitate akustikoko helburuak bete beharra, bizitegi-, ospitale-, hezkuntza- eta kultura-erabileretarako eraikinen barne-eremu bizigarriari dagokionez, ADIFen tren-azpiegitura dagoelako.
Ustiapen-faseko paisaia-eraginari dagokionez, ingurumen-dokumentuak Planaren ondorio positibo bat baloratzen du, gaur egun narriatuta dagoen eremua leheneratzea lortzen baita, eta antolamenduan espazio libreen eta berdeguneen azalera handia proposatzen baita.
Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere lurrei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren «PERI-06-Sefanitro» eremuari buruzko aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Bestalde, eraikitzeko proiektuetan behar bezala justifikatuko da fatxadan zer isolamendu erabiliko den, betiere eraikinen barruan KAHak betetzeko, hargatik eragotzi gabe 43. artikulua betetzea.
Gainera, Planaren eremua errepideen zortasun akustikoarekin bat dator, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikulua betez; horregatik, inpaktu akustikoaren azterlan bat igorri beharko zaio zortasun akustikoa sortzen duen azpiegituraren titularrari Planaren hasierako onespenaren aurretik.
Kultura-ondarea babestearekin lotutako neurriak:
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenarekin bat, 82.19.– Sefanitroko kargalekuaren gainean esku-hartze zientifikoa edo kontserbatzaileak egingo dira, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren «Birgaitzeko esku-hartzeak» I. eranskinean zehaztu bezala. Gomendatzen da arreta berezia jartzea eraikin berrien eta Sefanitroko kargalekuaren arteko eremuaren diseinuan materialei nahiz hiri-altzariei dagokienez eta, batez ere, elementuaren argiztapenari dagokionez, haren balioak nabarmen daitezen.
Balizko arkeologia gune deklaratzea proposatutako 33. elementuari (Arrontegiko gotorlekua) dagokionez, 6/2019 Legean, maiatzaren 9koan, EAEko Kultura Ondareari buruzkoan, xedatutakoa beteko da, eta, kautelaz, haren 65. artikuluan ezarritako babes-araubidea aplikatuko da.
Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Natura-inguruneari buruzko neurriak:
Etorkizuneko urbanizazio-proiektuak flora-espezie inbaditzaileak kontrolatzeko programa jasoko du (hain zuzen, 630/2013 Errege Dekretuan, abuztuaren 2koan, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoan arautzekoan, jasotakoen katalogoa). Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko programak jaso beharko du, gutxienez, identifikatutako espezieak plan baten barruan kentzea eta ondoren behar bezala kudeatzea, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako jarraibideen arabera egingo da. Obrak hiru urteko epean zainduko dira gutxienez, eta finkatzen diren flora-espezie inbaditzaileak epe horretan kendu beharra egongo da; halaber, debekatuta egongo da flora-espezie inbaditzaileak berriz ereitea eta landatzea parke nahiz lorategietan (publikoak eta pribatuak).
Planaren araudian ezarriko da flora-espezie inbaditzaileak kontrolatzeko programa egin eta betearazteko beharra.
Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:
Planak berariaz jasoko du urbanizazio-proiektuak «Leheneratze-proiektua» izan behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz ukitutako eremu guztiak bilduko dituen, eta non leheneratze-lanak xehetasun-maila nahikoarekin xehatuko diren, behar bezala gauzatu ahal izateko (erabiliko diren espezieak, ereiteko dosiak edo hidroereiteak, landaketa-dentsitateak, landareak agertzea eta abar), planoa eta aurrekontua barne direla.
Espazio libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua izeneko dokumentuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Eremuko landaredi potentzialeko berezko espezieak erabiltzea lehenetsiko da, eta landareztatze-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar.
Ur-baliabideen eraginari buruzko neurriak:
URAren txostenarekin bat etorriz, hirigintza-izapideen fasean, arrazoitu beharko da Kostaldeen Legearen eragin-eremuko eraikin berriek ez dakartela arkitektura-pantailarik sortzea eta bolumen-metaketarik pilatzea, Kostaldeen Legearen 30. artikuluan eta Kostaldeen Erregelamendu Orokorraren 59. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Azkenik, justifikazio hori behar bezala gehitu beharko da Urbanizazio-proiektuko paisaia-azterlanean.
Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako tokietan hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari buruzko neurriak:
Garai batean Sefanitrok eta Befesa Sulfuración SLk zuten kokapenaren saneamendu-fase batzuetako lurzoruaren kalitatea jakinarazteko ingurumen-organoak emandako ebazpenen arabera, eraikuntza-proiektua betearazteko, sustatzaileek ingurumen-organo horretan aurkeztu beharko dituzte dagozkien hondeaketa-planak, aurretiaz onesteko. Beste zenbait alderdiren artean, egin beharreko hondeaketa-planak hondeatu beharreko materialen kudeaketa-bide egokia bildu beharko du, eta kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez zehaztu beharko da, honen arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak Hondakindegietan Biltegiratuta eta Betelanak Eginda Ezabatzea arautzen duena, eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen).
Kontuan hartu beharko da bai Barakaldoko herrigunearekiko etorkizuneko lotura egiteko jarduketek, bai Sefanitroko kargalekua zaharberritu eta zaintzeko esku-hartzeek (hurrenez hurren, 48013-00072 eta 48013-00133 kokalekuei dagozkienak) 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoan, ezarritakoa bete beharko dutela; hala bada, Legearen 23. artikuluan jasotako egoeretakoren bat gertatuz gero, lurzoru-kalitatearen deklarazioa izapidetu beharko da.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:
Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du etorkizuneko urbanizazio-proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lurren eta arroken soberakinak mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa lege-xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari buruzko neurriak (errepideak eta trenbidea):
Errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko plan berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurtzea eragoztea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtzen badira edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argi batean etiketatu behar dira, irakurtzeko moduan eta ezabatzerik ez dagoela, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok eragozteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoak egiteko lanak, urak kutsa ez daitezen.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Egunez lan egingo da.
Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.
– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta sustatzaileak planteatutakoak hartuta, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «PERI-06-Sefanitro» eremuaren aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak eragingo dituenik, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egitea.
Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «PERI-06-Sefanitro» eremuaren aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, hala badagokio, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS