Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2025eko ekainaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2482

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizen 6,085 MWp-ko Carlina Solar instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko administrazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2024ko azaroaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzako Arabako Ordezkaritzak Vitoria-Gasteizen 6,085 MWp-ko Carlina Solar instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko administrazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko urtarrilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Eguzki-instalazio fotovoltaikorako (aurrerantzean, EIFV) proiektuak 9 ha baino gehiagoko azalera izango du, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende dago; izan ere, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan jasota datozen kasuen artean dago, lege horren II. E eranskinean jasotako proiektu bat denez gero (E4 taldea), eta, zehazki, 4.h epigrafean jasotakoa: «Energia fotovoltaikoko instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek guztira 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute».

Era berean, aplikatzekoa da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen –ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuak aldatutakoaren– 7. artikulua; izan ere, 2a apartatuaren (II. eranskinean jasotako proiektuak) 4j taldean sartzen da proiektua, hau da: Eguzki-energia baliatuta energia elektrikoa ekoizteko instalazioak, alde batera utzita I. eranskinean jasotzen direnak eta eraikinen estalki edo teilatuetan instalatuta daudenak, bai eta 5 ha baino gutxiagoko azalera dutenak ere, salbu eta 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Ventaja Solar 13 SLk sustatutako 6,085 MWp-ko Carlina Solar instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko administrazio-proiektuari dagokionez, honela:

Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektua Gasteizko udalerrian dago, herrigunearen hegoaldean. Instalazioak 95.033,17 m2-ko azalera hartzen du; paneletan 6,085 MWp-ko potentzia du (5 MW-ko potentzia nominala) eta 4,945 MVA-ko potentzia instalatua inbertsoreetan.

Eguzki-instalazio fotovoltaikorako sarrera Arabako A-2124 errepide autonomikotik egingo da, 4. kilometro-puntuan kokatutako lotune baten medioz, Gasteiz hiriaren hegoaldean. Lotune horretatik, A-4128 errepiderako sarbidea egongo litzateke, Gaztelura iritsi arte. Handik abiatuko dira bideak, obrak exekutatzeko eta instalazioa mantentzeko beharrezkoak diren ibilgailuak igarotzeko neurri eta ezaugarri egokiak dituztenak. Azpiegitura fotovoltaiko berrirako sarrera lehendik dauden bideetatik egingo da.

Instalazio fotovoltaikoa 575 Wp-ko potentzia maximoko 10.582 moduluk osatzen dute, ZM 1x26 motako 59 egitura jarraitzailetan eta ZM 1 x 52 motako 174 egitura jarraitzailetan instalatuak, eta 215 kVA-ko 23 inbertitzaileri konektatuak; multzoa osatzeko, 2.500 kVA-ko 2 transformazio-zentro proiektatzen dira. Transformazio-zentro horiek elkarri lotuta egongo dira, erdi-tentsioko lurpeko kable-sare baten bidez.

Instalazio fotovoltaikoak honako elementu hauek izango ditu:

– Modulu fotovoltaikoak, Jinko Tiger Neo N-type 72HL4-BDV 575 modelokoak edo antzekoak, 575 W-ko potentzia maximokoak.

– Lurzoruan finkatutako egitura jarraitzaileak edo trackerrak, egitura bakoitzeko 26 edo 52 modulukoak, N-S norabidean. Mahaien arteko itzalak saihesteko, lerrokaduren artean 6 metroko distantzia diseinatu da, E-W norabidean. Panel fotovoltaikoen euskarri den egiturari esker, instalatzeko hormigoia erabiltzea saihestu daiteke baldintza arruntetan. Profilak zuzenean lurrean iltzatuta instalatuko da.

– 215 kVako potentzia maximoko 23 inbertsore kokatuko dira moduluek sortutako korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko, eta hormigoizko zimenduak dituzten bi transformazio-zentrotan banatuko dira inbertsore horiek. Sortutako energia inbertsoretik transformazio-zentroko behe tentsioko armairuraino eramango da.

– Transformadore bat, inbertsorearen AC irteeraren tentsioa igotzeaz arduratuko dena, instalazio fotovoltaikoaren 13,2 kV-ko zirkuituetan galera elektrikoak murrizteko.

– Korronte zuzeneko behe-tentsioko kableatua, korronte alternoko eta erdi-tentsioko kableatua, bai eta babes-sistema bat ere, kontrol-sistemarekin (denbora errealeko SCADA) etengabe komunikatuko dena edozein hutsegite edo anomalia detektatzeko. Hiru babes-eremu nagusi bereizten dira: eguzki-eremua, inbertsoreak eta tentsio ertaina.

Instalazioaren ezaugarri nagusiak ondoren laburbiltzen dira:

(Ikus .PDF)

Instalazioa konfiguratzeko beharrezkoa den obra zibilak honako hauek ditu:

– Sartzeko bideak: Dauden landa-bideetan eginak.

– Barne-bideak: instalazioko eraikuntzetara eta inbertsoreetara sarbidea emateko. Bide horien zabalera 4 m-koa izango da.

– Eraikinak: O&M zentroa edukiontzi bakar batean kokatuko da, instalazioaren esparruan. Eraikina 15 m2 inguruko oinplano laukizuzen bat izango da (2,5 x 6 m). Bertan, instalazioaren operaziorako eta mantentze-lanetarako behar den ekipamendua kokatuko da.

– Egituren finkapenak: oro har, 1,5 m-ko sakoneran tinkatuko dira; lurra horretarako gogorregia bada, hormigoizko dadoak erabiliko dira.

– Hesiaren zimenduak hormigoizko zapaten bidez.

– Kanalizazio elektrikoak: Zangetan instalatuko dira, batez ere bideen ibilbideak aprobetxatuz, haiekiko paraleloan.

– Perimetro-hesia: 1.607,6 m-ko luzera du guztira. Ehiza-itxitura bat izango da, alanbre galbanizatuzko bihurdura soileko sare batez osatua, 20 x 15 cm-ko bilbea eta 2 m-ko altuera dituena. Gutxienez 15 cm-ko distantzia utzi beharko da lurretik. Hesiak ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izango, eta ez ditu ur-ibilgu naturalak etengo edo lurren higadura edo arrastatzea eragingo. Hesien gutxieneko altuera 1,5 metrokoa izango da.

– Drainatzeak: Parke fotovoltaikoaren drainatzea bermatzeko, bideekiko paraleloa den areka-sare bat egingo da jariatze-uretatik babesteko. Kasu horretan, arekek ez dute estaldurarik izango; 1H/1V-ko ezponda izango dute, metro bateko zabalera eta 0,4 metroko sakonera. Estaldura duten arekak jarriko dira luzetarako malda % 3koa baino handiagoa bada, eremuaren topografia xehatuaren arabera. Osagarri gisa, zeharkako drainatze-lanak egingo dira bideetako puntu zehatzetan, ura eremu batetik bestera igarotzen dela bermatzeko eta, horrela, ekarpen-arroetako jariatze-urak ez metatzeko.

– Lur-mugimenduak: Ur-pilaketak saihesteko eta jariatze-ura hustea faboratzeko moduan egingo dira. Ekidin egingo da, halaber, desnibel handiak sortzea. % 10eko malda maximoak N-S eta S-N planoetan; eta % 15ekoa E-W eta W-E planoetan. Ezezaguna da lur-mugimenduaren azken balantzea.

Instalazio osagarri gisa, instalazioak datu meteorologikoak neurtzeko estazioa izango du, bai eta segurtasun-sistema ere, instalazioko materiala lapurtu ez dezaten.

Interkonexio-linea lurperatua proiektatzen da instalazioaren hesi barruan, eta aireko ebakuazio-linea (13,2 kV) proiektatzen da instalazio fotovoltaikoaren esparru hesituaren ipar-ekialdeko izkinatik, 1.200 m-ko luzeran, hamahiru (13) euskarrirekin eta 269 metroko azken zati batekin, lurpean Olarizu TEArekin (13,2 kV) duen loturaraino.

Lanak egiteko epea 3 hilabetekoa izango dela aurreikusten da.

Proiektuaren kokapena:

Proiektuaren eremuak Gasteizko udalerriko lurzoru urbanizaezinaren 9,5 hektareako azalera hartzen du. Bertan, nekazaritza-jarduerak garatzen dira, Gaztelu toki-entitate txikiaren iparraldean.

– Planaren eremua Zadorraren unitate hidrologikoan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan. Instalazio fotovoltaikoaren eremuan ez dago ur-ibilgurik, baina izenik gabeko 11933 errekaren –Errekaleor ibaiaren ibaiadarraren– jaiotzatik oso gertu dago; era berean, tentsio ertaineko aireko linearen bigarren euskarria izenik gabeko 11675 errekaren –arestian aipatutako izenik gabeko 11933 errekaren ibaiadarraren– inguruan dago. EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Arloko Planaren arabera, biak 00. mailan sailkatzen dira.

– Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuetatik 350 m ekialdera dago proiektua.

– Hidrogeologiari dagokionez, Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean kokatzen da proiektua. Masa horrek «Ona» egoera globala du 2018-2022 aldirako. Proiektuaren eremuan ez dago lurpeko ur-masen zatirik, ezta interes hidrogeologikoko eremurik ere. Instalazio fotovoltaikoa akuiferoen kalteberatasun ertain eta handiko eremu batean kokatzen da, eta ebakuazio lerroa, gainera, akuiferoen oso eremu kaltebera batean dago zati batean.

– Eremuko litologian tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien eta kalkareniten alternantzia dago, eta pitzadura bidezko iragazkortasun ertaina du. Eremuak ez du zuzenean ukitzen EAEko Geologia Interesdun Lekuen inbentarioan sartutako interes geologikoko punturik edo lekurik, baina 79. puntuaren (Salburuako hezeguneak eta kuaternarioa) eragin-eremuan dago.

– Instalazio fotovoltaikoak EAEko Nekazaritza eta Basogintzako LPSan sailkatutako nekazaritzarako lurzoruak hartzen ditu, «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia» kategorian. Ebakuazio-linearen ibilbidean, «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia» eta «Basogintza-Mendi Barbana» moduan sailkatutako eremuak daude, eta, azken zatian (100 m inguruko zanga), «Balio Estrategiko Handiko» lurzoruak. Aipatu behar da ipar-mendebaldetik instalazio fotovoltaikoaren hesiarekin mugakide, «Ingurumen Hobekuntzako» gisa sailkatutako eremu bat identifikatzen dela.

– Landaretzaren ikuspegitik, eta EUNIS habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), «monolabore intentsibo» gisa sailkatutako lursailetan kokatzen da instalazio fotovoltaikoa. Horrek ingurumen-dokumentua berresten du, zeinak, gainera, landa-arakatze batean oinarrituta, adierazten baitu sastrakadi-eremu batzuk daudela bertan (Cornus sanguinea, Prunus spinosa), eta, tarteka, zuhaitz-oinen bat agertzen dela (Acer sp.). Bestalde, ebakuazio-instalazioa, zati batzuetan, Batasunaren intereseko habitat hauetatik zehar doa: «4090 - Txilardi kaltzikola subaltlantiarra, Genista-rekin» eta «6210* - Arbiztiak eta Mesobromion taldeko larreak». Ingurumen-dokumentuak adierazten du landa-laginketetan ez dela katalogatutako flora-alerik aurkitu ezarpen-eremuan –lursailetako aztarna antropiko handiaren ondorioz–, ez eta espezie inbaditzailerik ere eremuan.

– Ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko plan onartuen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzekorik ere. Dena den, instalazio fotovoltaikoa bat dator, Vitoria-Azazeta mendietan, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.) izendatutako abifauna babesteko eremuekin. Ingurumen-dokumentuaren arabera (10 x 10eko UTM gelaxka izan da analisi-unitatea), hegaztiak dira –bereziki estepakoak, harrapariak eta planeatzaile handiak– proiektuaren jarduketekiko sentikorrenak, batez ere aireko linea elektrikoaren ondorioz, harekin talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskua dela-eta; era berean, eremuan beste espezie hegalari batzuk ere aipatzen dira, hala nola kiropteroak. Proiektuaren inguruan dauden hegaztien artean, honako hauek aipatzen dira, besteak beste: mirotz urdina (Circus pygargus)0F eta mirotz zuria (Circus cyaneus)1F; ugaztunen artean, Europako basakatua (Felis silvestris)2 eta zenbait saguzar: Pipistrellus kuhlii2, Miniopterus schreibersii1, Pipistrellus pygmaeus2, Pipistrellus nathusii2 eta Rhinolophus ferrumequinum1. Haiez gain, honako hauek ageri dira aipatutako dokumentazioan: narrastiak (Schreiber muskerra, horma-sugandila, etab.), anfibioak (hegoaldeko apo pintatua, apo lasterkaria, uhandre marmolairea, etab.) eta iktiofauna. Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareko naturagune babesturik, baina Gasteizko Mendiekin –EAEko Azpiegitura Berdean biodibertsitate-erreserba gisa definituak– gainjartzen da. Era berean, ebakuazio-linearen zati bat Gasteizko Eraztun Berdeko korridore ekologikotik igarotzen da.

– Proiektuan badaude energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzearekiko sentikortasun handiko –eta, puntu jakinetan, sentikortasun maximoko– guneak, energia eolikoari eta fotovoltaikoari lotutako ingurumen-zonakatzeko proposamenari dagozkionak, zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratu baitu2F.

– Proiektuaren eremuan ez dago babestutako kultura-ondareko elementurik; hala ere, ingurune horretan badaude balizko arkeologia-gune batzuk: Los Balconesko asentamendua, Kutzemendiko herrixka eta Olarizuko Santa Kruz baseliza. Bestalde, proiektua Gaztelu ikuseremuan (160) dago –EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekian inbentariatuta dagoena (EJ, 2005), baina katalogatu gabe–.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira uholde-arriskuarekin, sismikotasunarekin, Seveso enpresetatik hurbil egotearen ondoriozko arrisku kimikoarekin eta trenbidez nahiz errepidez salgai arriskutsuak garraiatzearekin lotutako arriskuak.– Proiektuaren eremuko lurzorurik ez dago sartuta kutsagarriak izan litezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan, ez eta baso-suteko arrisku handi edo oso handiko eremurik ere. Haatik, eta jada adierazi den bezala, badaude akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eta oso handiko eremuak; era berean, higadura-arrisku handia du eremuak.

Inpaktu potentzialaren ezaugarriak:

Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, obra-fasean honako jarduketa hauen inpaktua izango da: belar-sastrakak kentzea, lur-mugimenduak, makinen joan-etorria, lurzatia hesitzea, barneko bideak gauzatzea, euskarri-egiturak instalatzea (eguzki-panelenak eta hesitutako esparruaren barruko interkonexio-lineen lurpeko instalazioenak), eraikuntza osagarriak instalatzea (transformazio-zentroak eta operazio- eta mantentze-eraikina), eta, hesitutako esparrutik kanpo, dagoen landa-bidetik barrutirako sarbidea egokitzea eta ebakuazio-linea berria jartzea Olarizu TEAraino (13,2 kV). Azken horrek 1.200 m-ko aireko zatia izango du, hamahiru euskarrirekin, eta 269 m-ko zangako beste zati bat. Jarduketa horiek honako ondorio hauek eragingo dituzte: lehorreko laborantza-azalerak galtzea, jabari publiko hidraulikoari eragitea, Batasunaren intereseko habitatei eragiteko arriskua (haien arteko bat, lehentasunezkoa: 6210* - Arbiztiak eta Mesobromion taldeko larreak), paisaiari eragitea (bai instalazioaren eraginez, bai aireko linea berriaren eraginez) eta faunaren habitataren kalitateari eragitea, bereziki nabarmen estepako hegaztiekin, hegazti harrapariekin eta planeatzaile handiekin lotutakoa. Horrez gain, kultura-ondarea kaltetzeko arriskua dago (aldamenean, ustezko 27. arkeologia-gunea dago: Los Balconesko asentamendua), bai eta lurrazaleko uren (izenik gabeko 11933 errekastoa eta izenik gabeko 11933 errekastoa) eta lurpeko uren (kalteberatasun handiko eta oso handiko akuiferoak) kalitatean eragiteko arriskua ere –erabilitako makinen ustekabeko isuriengatik, edo, lur-mugimenduetan, esekitako solidoengatik–. Horrez gain, hauek hartu behar dira kontuan: baliabideen kontsumoa, atmosferaren kalitatearen gaineko eragina (hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzea obretako atmosferan) eta giza habitataren kalitatearen gaineko eragina (zarata). Horrez gain, lurrak iraultzeak erraztu egingo du, fase honetan, landare-espezie inbaditzaileak sartzea; horrelako espezieak ugaritzeko arrisku-faktorea izango da, beraz.

Aireko linearen zatia egiteak Batasunaren intereseko habitatetan izango duen eraginari dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du habitat horiek belarkarez osatuta daudenez ez dutela aireko linea elektrikoarekin topo egingo, eta dorrearen azpiko espazioa landareztatu eta balioetsi egingo dela stepping stone3F deritzenen bidez.

Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak eremu horretako jarduera antropikoa handitzearen (instalazio fotovoltaikoa kontrolatzeko/kudeatzeko) ondorio izango direla pentsatzen da, horrela hondakin gehiago sortuko direlako eta eragindako mugikortasuna handituko delako. Fase horretan, gainera, ingurumen-dokumentuak dio aireko linearen zati berriaren funtzionamenduak istripuak eragin ditzakeela, batez ere abifaunarekin; izan ere, kableekin talka egitea eta elektrokutatzea eragin ditzake. Aukera hori ahalik eta gehien arintzeko, neurri espezifikoak sartzea aurreikusten da (talken aurkako txori-babesgarriak eta ez elektrokutatzeko gailu isolatzaileak). Bestalde, aurkeztutako dokumentazioak onuragarritzat jotzen du instalazioak fase honetan landaredian izango duen eragina, argudiatuz egungo nekazaritza-presioa murriztuko duela eta ingurumena lehengoratzeak landare-dibertsitate handiagoa ahalbidetuko duela.

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, ingurumen-dokumentuak ez die behar bezala heltzen Natura 2000 Sareko eremuei –zehazki, Gasteizko Mendi Garaietako KBEari (ES2110015), zeinaren aldaketa-dekretua EHAAn argitaratzeke baitago–. Beraz, ezin da jakin proiektuak lekuan izango dituen ondorioen ebaluazioa egin behar den ala ez.

Alabaina, Gasteizko Mendietako KBEaren gaineko erasanari dagokionez, eta eremu hori duela gutxi handitu dela kontuan hartuta, Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzak uste du EIFVak ez duela inpaktu nabarmenik eragingo KBE horretan, betiere ebakuazio-lerroa lurperatzen bada, horrek KBEaren funtsezko elementutzat jotzen diren eremuko abifaunako espezieen gaineko erasana saihestuko baitu. Era berean, uste du, paisaian eraginik ez izateko, ebakuazio-linea elektrikoa bere luzera osoan lurperatu behar dela, horrela ikusizko inpaktu handia sortu ez dezan, txangozaleek eta paseariek maiz bisitatzen baitute eremu hori. Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzak honako erasan hauek identifikatu ditu esanguratsuentzat: landatutako nekazaritza-lurzoruetan eragingo liratekeenak, kontuan hartuta jarduketak 9,50 hektareari eragiten diola eremu hesituaren barruan. Gainera, uste du lanak hasi aurretik beharrezkoa dela abifaunari buruzko azterlan bat egitea, eremuan egon daitezkeen espezie mehatxatuen gainean izan dezakeen eragina baloratzeko eta zehazteko, hala nola sai arrea (Gyps fulvus), mirotz zuria (Circus cyaneus), mirotz urdina (Circus pygargus), miru gorria (Milvus milvus), sai zuria (Neophron percnopterus), hontz zuria (Tyto alba) eta mozolo arrunta (Athene noctua).

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak jakinarazi du Carlina Solar EIFVaren eremuaren zati batek Euskadiko Energia Berriztagarrien LPSak definitutako esklusio-eremuetako bat hartzen duela, eta, beraz, proiektua ez litzatekeela koherentea izango tresna horrekin.

Nekazaritzako lurzoruen gaineko eraginari dagokionez, eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren txostenean jasotako Nekazaritza Sektorearen gaineko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren arabera, bateragarritzat jotzen da, Gasteiz udalerrirako, Nekazaritza eta Basogintzaren LPSko Nekazaritza nahiz Abeltzaintzako eta Landazabaleko lurzoru gisa katalogatutako lurzoruan eragingo den inpaktua. Hala ere, proiektuan konpentsazio-neurriak sartu beharko dira, eragindako ustiategien errentagarritasuna handitzeko, ureztatzeko azpiegiturak instalatuz edo hobetuz, sarbideak eginez edo hobetuz, instalazioak modernizatuz, edo, inguruneko lur-mugimenduak aprobetxatuz, bazterreko lurrei balioa emanez.

Kultura-ondarean izango duen eraginari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak adierazi du mugakide dituela bi balizko arkeologia-gune: Los Balconesko asentamendua (27. zenbakia) eta Kutzetamendiko herrixka (15. zenbakia). Lurpean egon litezkeen hondakinen balioari eta garrantziari buruzko ziurgabetasuna dela eta, 6/2019 Legearen 65. artikuluan aurreikusitako aurretiazko azterketa arkeologikoa egitea gomendatzen du.

Aireko ebakuazio-linearen eta ibai-sarearen arteko gurutzatzeari dagokionez, honako hauek bete beharko dira: Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenak eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoak.

Lehengoratzeko eta bisualki integratzeko sustatzaileak egin duen proposamenari dagokionez, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak uste du ez dela nahikoa, Olarizu ingurune enblematikoa baita eta Gasteizko biztanle asko joaten baitira hara. Funtsezkotzat jotzen du ebakuazioko linea elektrikoa bere luzera osoan lurperatzea, landare-pantailaren zabalera handitzea, EIFVaren iparraldean dauden zuhaixka-eremuak elkarren artean lotzeko neurri intentsiboak hartzea, zuhaixka-eremuetan (erkameztia) dagoen landaredia ugaritzea eta zangetan eta EIFVaren barruan lehengoratzeko neurri aktiboak hartzea (hidroereitea eta zuhaixkak landatzea).

Vitoria-Gasteizko Udalak azaldu duenez, indarreko Vitoria-Gasteizko HAPOarekin bateragarria den alternatiba bat bilatu beharko da, Energia Berriztagarrien LPSan jasotako Gazteluko guneari dagokion 500 m-ko esklusio-eremuari eragitea saihesteko, eta tentsio ertaineko linea elektrikoa erabat lurperatzea aurreikusten duen alternatiba bat bilatu beharko litzateke.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta 6,085 MWp-ko Carlina Solar IFVa Vitoria-Gasteizen eraikitzeko administrazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira babes- eta zuzenketa-neurriak, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, horren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, neurriek eta kontrolerako langile kopuruak bermatu beharko dute betetzen direla ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak ere.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Hurrengo apartatuetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Ebakuazio-linea bere luzera osoan lurperatu beharko da, eremuan dagoen abifaunarentzat onargarria ez den arriskurik ekar ez dezan, ez eta ikusizko inpaktu berririk ere paisaia-balio handiko ingurunea den horretan. Olarizu mendiko eremuak –Gasteizko Eraztun Berdea korridore ekologikoaren eta Euskadiko Korridore Ekologikoen Sarearen (indargetze-eremua) parte denak– aireko linearik gabe jarrai dezan, ahaleginak egingo dira zangen trazadura lehendik dauden bideetatik egin dadin Olarizu TEA azpiestazioraino: IV12-GR25 baso-pista / Ibilbide Berdetik eta Jauregilanda izeneko bidetik, hain zuzen. Nolanahi ere, dagozkion baimenak eskatu beharko zaizkie bai Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari –baso-pistaren titular den aldetik–, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuari –Arabako Lurralde Historikoko Ibilbide Berdeen Sarea kudeatzen duen organoa den aldetik– eta Gasteizko Udalari –Jauregilanda bidearen titularra den aldetik–.

– Abifaunaren azterketa egin beharko da, martxotik uztailera bitartean EIFVaren inguruan ugalketa-jarduera duten espezieetan oinarritua. Jarduera aurreko azterketa hori Arabako Foru Aldundiko ingurumen-organoari bidaliko zaio, obrak hasi aurretik; izan ere, hark ezarriko ditu ingurumen-baldintzak eta denbora-mugak instalazioa eraikitzeko fasean. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari ere bidaliko zaio, proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bidez, zeinak, lortutako datuen arabera, proiektuan neurri berriak sartzea eskatzeko aukera izango baitu.

– Era berean, obrak hasi aurretik, sasi-garbitzeak eta lur-mugimenduak egingo diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, zeinaren helburua izango baita fauna-aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatzea, halakorik ez suntsitzeko Kontuan hartu beharko da EIFVak okupatutako nekazaritza-eremuak egokiak direla mirotz urdinak (Circus pygargus) habiak egiteko, eta, kasua balitz, obren kronograma egokitu egin beharko litzatekeela espezie horretan eraginik ez izateko, kontuan hartuta haren garairik sentikorrena (apirila-abuztua).

– Instalazio fotovoltaikoa instalatzeko landaredi belarkara kentzean, behar-beharrezkoa dena bakarrik kenduko da, eta instalazioaren kanpoko ertzetan edo mugetan dagoen zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia mantendu beharko da. Bereziki, 01-59-15-73 eta 01-59-15-77 lurzatiak kontserbatu beharko dira, zeinak «Basogintza-Mendi Barbana» gisa katalogatuta baitaude.

– Ahal bezain ondo kontserbatu beharko da eragindako eremuaren gaur egungo geomorfologia edo topografia; horretarako, indusketa minimizatze aldera, plakak «tinkatze» bidez instalatuko dira. Landare-lurrari dagozkion horizonte edafikoak –instalazio fotovoltaikoa egiteko kendu beharrekoak– selektiboki kenduko dira. Lehenbailehen birbanatu beharko dira, edo, bestela, pilatu, eremuko ingurumena lehengoratzeko berrerabiltzeko. Ebakuazioko linea elektrikoaren lurpeko trazadura lurzatietatik zehar egiten bada, era berean jokatuko da hura egikaritzean: landare-lurrari dagozkion horizonte edafikoak modu selektiboan kendu eta zangak betetzeko erabiliko dira, edo pilatu egingo dira, eremuaren ingurumena lehengoratzeko berrerabiltzeko. Horizonterik sakonenak, hau da, zorupea, material geldo egokikoak izanez gero, ahal dela inguruko lursailak edo finkak lehengoratzeko edo birmoldatzeko baliatuko dira.

– Eraikuntza-fasean, soilik lurzoru-nibelazioak egin beharko lirateke, instalazio fotovoltaikoko eraikinak zimendatzeko. Beharrezkoa ez den guztietan, ez da inolako nibelaziorik egingo panelen ezarpen-eremuetan. Aldiz, lurzoruaren jatorrizko profilari eutsiko zaio, lurrazaleko geruza kendu edo aldatu gabe, salbu eta lurpeko kableentzako zangak egin behar direnean.

– Jarduketen ondorioz eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, eta kendutako landaredi interesgarria birjarriko da. Higadura-prozesuak ekiditeko, ahalik eta lasterren egingo da landareztatzea, espezie autoktonoak erabiliz; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.

– Lurreko basa-faunaren gaineko inpaktuak minimizatzeko, perimetro-hesiaren ezaugarri hauek hartuko dira kontuan, aukera hoberik justifikatzen ez bada:

– Ehiza- edo abeltzaintza-sarea, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena.

– Fauna txiki eta ertaina igarotzeko moduko diseinua.

– «Katazulo» motako pasabideak gaitzea, ainguratu gabe eta azpitik zorura eutsi gabe.

– Ahal den neurrian abifaunak eguzki-panelen aurka talka egitearen ondoriozko hilkortasuna murrizteko, islapenen aurkako estaldura bat aplikatuko zaie modulu fotovoltaikoei. Neurri horrek kiropteroei eta ornogabeei ere mesede egingo die, panelak uraren gainazalarekin nahasteko arriskua baitago.

– Landare-pantailaren instalazioak instalazio fotovoltaikoaren perimetro osoa inguratu beharko du. Landare-pantaila perimetrala hesitik kanpo jartzeko eskatzen da, era horretan perimetro-hesi horrek hegan doazen hegaztiek talka egiteko arriskurik sortu ez dezan. Gainera, aztertu beharko da ea beharrezkoa den hesiak talken aurkako gailuekin seinaleztatzea.

– Landare-pantaila sortzeko hautatutako espezieek espezie autoktonoak izan beharko dute: inguruko baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak eta inguruko paisaiarekin bat datozenak.

– Bai hesiaren kanpoko perimetroan landare-pantaila sortzeko lanetan, bai landaredi-unada berriak sortzeko lanetan, honako eragiketa hauek egin beharko dira gutxienez:

– Lursaila aldez aurretik destrinkotzea, modelatzea eta profilatzea, forma fisiografiko egokia emateko eta behar bezala doitzeko lursail naturalarekin kontaktuan eta trantsizioan dauden eremuetan.

– Gutxienez 0,3 m-ko kalitatezko landare-lurra duen geruza bat gehitzea eta ondoren xehetasunez profilatzea.

– Lurzorua lantzeko eta harrotzeko eta ondoren fintzeko lanak egitea, ereiteko eta hidroereiterako eremuak behar bezala prestatzeko.

– Instalazio fotovoltaikoen pantailatzeak 5 metroko zabalera izan beharko du, eta eremuko landaretzaren bertako espezieak izan daitezkeenak erabiliko dira Jarduteko eremuetan egin beharreko landaketek ezaugarri hauek izango dituzte:

– Metro batetik beherako aleak. Landareen arteko distantzia: 1,5 m-tik 2 m-ra. Zuloaren gutxieneko neurria: 0,4 x 0,4 x 4 m.

– Landareak sartu ondoren, zuloa edo zanga beteko da: hondoan, kalitatezko landare-lurra jarriko da, behar bezala trinkotutako 20 cm-ko geruzatan, 1/3 hareaz edo legarrez medeatuta, iragazkortasuna handitzeko; ondoren, kilo bat ongarri organiko konpostatu gehituko zaio.

– Zuloa kalitatezko lurrekin bete ondoren, 40 cm-ko erradioa eta 10 cm-ko kabailoi-altuera duen zuhaitz-txorko bat egingo da gainazalean, eta ureztatu egingo da (50 l/landare).

– Oso gomendagarria da landare guztien oinarrian belarren aurkako oinarri-babesgarri bat jartzea, «Horsol» motakoa, 110 g/m2-koa, metro bateko zabalera duena, alde bakoitzean 20 cm lurperatuz ondo ainguratzeko, eta 0,6 m agerian utziz.

– Landatzeko garaia: abendua-otsaila.

– Bermatu egin beharko da zurezko landare-estalduraren mantentze-lanak egingo direla hura ezarri ondorengo hasierako garaian, behin betiko sustraitzen eta ezartzen dela ziurtatzeko. Honako hauek aurreikusi beharko dira: ur-eskasiako sasoian ureztatzea, hildako landareak birjartzea, oinen babesgarriak eta zurkaitzak lehengoratzea, ongarritzea, konformazio-inausketak, belar-sastrakak kentzea, etab.

– Ustiapen-fasean, EIFVaren barruko landare-estalkia mantentzeko lanen bidez, landareztatzearen arrakasta ziurtatuko da; metodo mekanikoen bidez egingo dira, herbizidarik erabili gabe. Kanpoko landaredia kontrolatzeko neurri posibleen artean, gomendatzen da inguruan dagoen azienda estentsiboarekin bazkaren aprobetxamendua egitea, ahal dela ardi-aziendarekin.

– Instalazio fotovoltaikoak hartzen duen eremu osoko lurrazaleko jariatze-urak husteko, dekantazio-putzu txiki batean biltzea aurreikusi beharko litzateke, eremuaren punturik baxuenean, halako moldez non bideetatik datozen urak jasotzen dituen ebakuazio-arekaren urak jasoko bailituzke, drainatze-sarearekin lotu aurretik. Aldi baterako putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landarediarekin lehengoratu beharko litzatekeela uste da, horrela, azkar integratu dadin, eta, hasierako faseetatik, basafaunarentzako babesleku izan dadin, eta, bereziki, anfibioen ugalketa-habitaterako onuragarria.

– Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ez daitezen hedatu lur-mugimenduen bitartez. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen xede diren lursailen leheneratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera.

– Proiektuak sortzen duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu egin beharko da, baldintza naturalei eusteko, eta, horrela, faunaren gaineko eragina nahiz gaueko zeruaren baldintzen gainekoa saihesteko.

– Obrak hasi aurretik, ingurumena lehengoratzeko eta paisaia egokitzeko plan bat aurkeztuko zaie Arabako Foru Aldundiko ingurumen-organoari, kontrastatu eta ikuska dezan, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bidez. Plan horrek kronograma bat eta dagokion aurrekontua izango ditu, eta ingurumen-dokumentuan adierazitako lehengoratze-neurriak eta jarraian adierazten direnak jasoko ditu:

– Jarduketek eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, eta kendutako landaredi interesgarria birjarriko da.

– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.

– Zangei dagozkion eremu guztiak eta EIFVaren barrualdea lehengoratzeko, neurri aktiboak hartu behar dira (ereiteak edo hidroereiteak egitea, eta, EIFVaren barnealdearen kasu espezifikoan, zuhaixkak landatzea eguzki-plaken funtzionamendua oztopatzen ez duten lekuetan).

– Planak lehengoratze-lanen xehetasunak jasoko ditu, eta xehetasun hauek zehaztuko ditu: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea eta/edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak, etab.

– Beharrezkoa da hidroereiteko proposatutako espezieen nahasketa berrikustea, horrela bermatzeko EIFVrako proiektua garatzen den eremuko landaredi potentzialera egokitzen dela nahasketa hori.

– Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.

Urak babesteko neurriak:

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira. Proposatutako neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak jabari publiko hidraulikora irits ez daitezen.

– Iltzatzeak egitean sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, bai eta, istripuz isurtzen badira, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko ere, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

– Lursailetara eta ibilgu publikoetara isurketak egiteari dagokienez (obra-fasean, eta, halakorik balego, IFVa martxan dagoen bitartean), oroitarazi behar dugu horretarako ere beharko dela isurketa aurretiaz baimentzea, eta baimen horren esparruan ezarriko dira, hala badagokio, egokiak diren arauak.

– Gogoan izan eraikuntza-proiektuak ura hartzea aurreikusten badu aldez aurretik aldi baterako baimena/emakida eskatu beharko zaiola Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

– Kasua bada, ibai-saretik hurbil egiten diren obretan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa eskura izan beharko da, istripuzko isuri edo ihesen bat gertatzen bada berehala erabili ahal izateko.

– Ez da egingo lur-pilaketarik ibai-ibilguen ingurumarietan.

Lurzoruak babesteko neurriak:

– Lur-mugimenduak minimizatuko dira; horretarako, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta haiek parke fotovoltaikoaren esparruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

– Landare-lurra gaika kenduko da, instalazioa bera, zangak, bideak, eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landareztatzeko lanetan berrerabiliko da landare-lur hori. Instalazioko gainerako eremuetan, lurzoruaren gainazaleko horizontea bere horretan utziko da.

– Ustiapen-fasean, lurzorua trinkotu dezaketen jarduketak saihestuko dira. Ibilgailuen zirkulazioa barneko bide-sarera mugatuko da; sare hori uste da iragazgaiztu gabe diseinatu beharko litzatekeela, eta horrela mantendu. Utzi egingo da landaredia tarteko kaleetan eta panel-lerroen artean.

Herritarrei sorrarazitako eraginak eta eragozpenak murrizteko neurriak:

– Ikusizko inpaktua saihesteko, uste da nabarmen handitu beharko litzatekeela Gaztelu herriguneko gutxieneko atzerapena. Panel fotovoltaikoen ezarpena 500 metroko distantziara atzeratu behar dela uste da, kontuan hartuta Euskadiko Energia Berriztagarriaren LPSa aplikatzeko arauen II. eranskinean jasotako «Lasaitasun publikoa» izeneko gizarte-ingurunearekin lotutako baztertze-irizpidea, zeina behin-behineko onarpen-fasean baitago.

– Atmosferaren kalitatea babesteko neurriak zehaztuko dira, barne hartuta hautsa, zaratak, usainak eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako bestelako eragozpenak.

– Orobat, mugatu egingo dira obrako lanen ordutegia, makinen zirkulazio-abiadura eta abar.

Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren –zeinak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez garatzen baitu– 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.

– Energia ekoizteko instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu, zeinak I. eranskinaren F taulan jasota baitaude.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Hirigintza-lizentzia eman aurretik, azterlan bat aurkeztu beharko da, orubearen edo eraikuntzaren balio arkeologikoari eta obra-proiektuak izan dezakeen eraginari buruzkoa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluak ezartzen duenaren arabera. Alde horretatik, Los Balcones asentamenduko eta Kutzetamendiko herrixkako balizko arkeologia-guneen azterketa arkeologikoa egin beharko da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak eskatuta.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Landa-ingurunea babesteko neurriak:

– Nekazaritzako ustiategien gaineko eragina murrizteko, ukitutako ustiategien errentagarritasuna handitzea ahalbidetuko duten neurriak sartuko dira –azalera-galera konpentsatzeko–, ureztatzeko azpiegiturak instalatuz edo hobetuz, sarbideak eginez edo hobetuz, instalazioak modernizatuz, edo, inguruneko lur-mugimenduak aprobetxatuz, bazterreko lurrei balioa emanez.

– Obrako eta ustiapeneko faseetan, erregistratutako mendi-bideetan edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, eta Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da.

– Nolanahi dela ere, eragindako bideak lehengoratu egingo dira obrak amaitzean. Eta, proiektuak eragindako trafikoaren ondorioz bide-sarea hondatzen dela ikusiz gero, lehengoratuko egingo dira bideak, azpiegiturak edo kaltetutako beste edozein zortasun-elementu (landa-elementu tradizionalak, hala nola harlangaitz-hormak, hesiak, heskai biziak, etab.).

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argi batean etiketatu behar dira, irakurtzeko moduan eta ezabatzerik ez dagoela, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kuboetan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituko zaie.

– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.

– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta airera ahalik eta hauts gutxien emititzeko neurriak:

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Garbiketa eta obra-akabera:

– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Ingurumen-zaintzako Plana:

– Ingurumen-zaintzako Plana instalazioaren bizitza erabilgarri osoan zehar egongo da indarraldian.

– Faunaren kontrola dela eta, jarraipen-metodologia zehaztu behar da Ingurumen-zaintzako Planean: kontrol-ibilbideak, EIFVan emandako denbora, egin beharreko kontrol mota (gorpuak bilatzea, abifaunaren mugimenduak aztertzea, etab.). Faunan adituak diren langile teknikoek egin beharko dute jarraipena.

– Aurkeztutako Ingurumen-zaintzako Planean, instalazioa martxan jarri eta 2 urte igaro ondoren egindako abifaunaren azterketa jaso beharko da, eragiketaren aurretik abifaunak zuen egoerarekin konparazioa egiteko. Horregatik, bi azterketak antzeko metodologiarekin egin behar dira, eta urteko sasoi berean. Abifaunaren azterketa hori Arabako Foru Aldundiko ingurumen-organoari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidali beharko zaie, proiektua baimentzeko ardura duen organoaren bidez, dagozkion neurriak har ditzan hala badagokio.

Jarduera bertan behera uztea:

Jarduera bertan behera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako, obra-faseetarako ezarri zirenen antzekoak, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako eremu guztiak leheneratu beharko dira.

Proiektuaren eraispen-faseari lotutako neurriak hartu beharko dira kontuan, instalazioaren bizitza baliagarria amaitu eta haren elementu guztiak bertan behera utzi eta desegin ondoren, eragindako gainazalen leheneratze geomorfologiko eta edafikoko lanak eta lehengoratze begetaleko lanak egingo direla bermatzeko.

Ingurumen-aholkularitza:

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Vitoria-Gasteizen 6,085 MWp-ko Carlina Solar instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko administrazio-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua egikaritzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala