Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2025eko ekainaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
2447

AGINDUA, 2025eko apirilaren 30ekoa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena eta Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Kontratazio Mahaiaren osaera ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8.3 artikuluak ezartzen duenez, «kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izenda daitezke, edo berariaz, kontratu bakoitza esleitzeko. Kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izendatzen badira edo mahaiari kontratu anitzetarako eginkizunak esleitzen bazaizkio, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren eta kasuan kasuko sailaren titularraren edo erakundea atxikita dagoen sailaren titularraren baterako agindu bidez eratuko da kontratazio-mahaia, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da...».

Era berean, 2. apartatuan honako hau ezartzen du: «dekretu honen 19. eta 25. artikuluetan xedatutako espezialitateak kontuan hartuta, kontratazio-mahaiak presidente batek, idazkari batek eta gutxienez hiru kidek osatuko dituzte. Mahaikide hauek egongo dira nahitaez: kontratazio-organoari aholkularitza juridikoa emateko betebeharra duen kide bat eta aholkularitza teknikoa emateko betebeharra duen beste bat, eta kontu-hartzaile bat edo kontratazio-organoaren ekonomia eta aurrekontuak kontrolatzeko zeregina esleituta duen pertsona bat.

Kontratazio-organoak izendatuko ditu mahaikideak. Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria, berriz, bulego horretako titularrak izendatuko du.

Kontratazio-organoari lege-aholkularitza emateko baldintzak betetzen dituen pertsona izendatzen bada idazkari izateko, organo horrek erabaki ahal izango du pertsona berberak gauzatzea idazkaritza-eginkizunak eta aholkularitza-eginkizuna.

Kontratazio-organoak eskatuz gero, aipatutako kideez gain, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da kontratazio-mahaian. Kide hori ere kontratazio-organoak izendatuko du, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak proposatuta. Zuzendariak, proposamena egiteko, hiru egun balioduneko epea izango du kontratazio-organoak eskaera egiten duenetik.

Kontratua ondasun eta zerbitzu informatikoei eta telematikoei buruzkoa baldin bada, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da kontratazio-mahaian. Zuzendaritza horretako titularrak proposatuko du ordezkaria, eta kontratazio-organoak izendatuko du.

Kontratazio-mahaiko kide guztiek izango dute hitz egiteko eta botoa emateko aukera, idazkariak izan ezik; izan ere, idazkaritza-eginkizunak bakarrik baditu, hitz egiteko aukera izango baitu, baina ez botoa ematekoa».

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko irailaren 22ko Aginduaren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera ezarri zen.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila iraungitako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko organo eta unitateek osatzen dute, Zerbitzu Zuzendaritzako eta Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzako organo eta unitateek izan ezik. Era berean, Zerbitzu Zuzendaritza sortu zen Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailean.

Eusko Jaurlaritzako sailen berregituraketa lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera egin da (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren arabera, beharrezkoa da sail horren kontratazio-mahaiaren osaera zehaztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluak ezarritakoa kontuan hartuta (kontratazio-mahaien egitura zehazten du), baita aplikatu beharreko arau-xedapenak ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ostean, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Kontratazio-mahai batek lagunduko die Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko kontratazio-organoei, esleipen-prozedura irekietan, murriztuetan eta negoziatu publizitatedunetan. Mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, eta, dekretu horren 8. artikuluan xedatutakoa betez, kide hauek izan beharko ditu:

a) Lehendakaria: Saileko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako arduraduna edo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

Kargua hutsik badago, karguduna bertaratu ez bada edo gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketaren Arloko edo Aholkularitza Juridikoko teknikari batek ordezkatuko du.

b) Kontratazio-organoak izendatutako kide bat, aholkularitza teknikoa emango diona.

c) Idazkari-bokal aholkulari juridikoa: Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio-arloko arduraduna izango da Mahaiko aholkulari juridikoa eta idazkaria, eta hitza eta botoa izango ditu. Kargua hutsik badago, karguduna bertaratu ez bada edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuko teknikariak ordezkatuko du.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulegoaren titularrak izendatua.

e) IKTen arloko zuzendaritza eskudunaren ordezkari bat, IKT ondasunak, azpiegitura teknologikoak eta zerbitzuak kontratatzen direnean. Kontratazio-organoak izendatuko du, zuzendaritza horretako titularrak proposatuta.

f) Aukeran, kontratazio-organoak eskatuta, kide bat izango da Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari, zuzendaritza horretako titularrak proposatuta eta kontratazio-organoak izendatuta.

2. artikulua.– Nolanahi ere, osaera eta kideen identifikazioa kontratuaren administrazio-klausula partikularren agirian jasoko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko da, kontratatzeko gaitasuna eta kaudimen- edo sailkapen-baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa kalifikatzeko egin behar duen bilera egin baino hamar egun lehenago, gutxienez.

3. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera osatutako kontratazio-mahaiak, halaber, adjudikazio-prozeduretan esku hartzeko eskumena ere izango du, baldin eta, kide anitzeko horrelako organoek esku hartzea nahitaezkoa ez den arren, dagokion kontratazio-organoak horrela erabakitzen badu.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Egin beharreko kontratuaren ezaugarrien arabera, kontratazio-organoak kontratazio-mahaiaren laguntza jaso ahal izango du, berau agindu honen bidez iraunkortasunez eratuta egonik edo haren kideak kontratu bakoitza adjudikatzeko berariaz izendatuta; azken kasu horretan, halere, kideen nortasuna kontratatzailearen profilean argitaratu beharko dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko irailaren 22ko Agindua, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 30a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala