Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2025eko ekainaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2443

727/2025 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdi publikoa egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan idazkari akademikoaren lanpostua izendapen askez betetzeko.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako idazkari akademikoaren lanpostua hutsik dago (Erizaintzako Ondokoa). Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea.

OINARRIAK

Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia, Erizaintzako Unibertsitate Eskola.

Kokapena: Vitoria-Gasteiz.

Lanaldia: zatitua.

Hizkuntza-eskakizuna: 2. HE; derrigortasun-data: 2024-11-20.

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.

b) B1 lanbide-taldeko diplomadun/gradudun sanitario titulua edukitzea.

c) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.

d) 2. hizkuntza-eskakizuna.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Funtzioak.

– Eskolako eta gainerako irakaskuntza-jardueretako ordutegiak behar bezala aplikatzen direla zuzenean zaintzea.

– Eskolaren urteko memoria egiteko irakaskuntzako eta antolaketako datuak ematea.

– Klaustroaren eta Patronatuaren idazkaritza-lanak egitea.

– Dokumentuak, langileen eta ikasleen espedienteak, eta azterketen eta ebaluazioen aktak artxibatzeaz arduratzea, baita Unibertsitateak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Eskolako Zuzendaritzak agintzen dizkioten administrazio-arloko gai guztiez arduratzea ere.

– Dagozkion ziurtagiriak ematea, Zuzendaritzaren oniritziarekin.

– Eskolako beste organo batzuek eskuordetutako bestelako eskumenak gauzatzea.

– Zuzendaritza Taldearen eta Eskolako Batzordearen bileretara joatea, bai eta bere karguagatik idazkari izan behar duten batzorde guztietara ere, eta bilkuretako aktak idaztea eta zaintzea.

– Eskolako Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatzea, Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiaren araudiaren eta jarraibideen esparruan.

– Eta, oro har, Eskolako Zuzendaritzari eta Eskolako Idazkaritza Akademikoari datxekion beste edozein funtziotan laguntzea.

3.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

(Dokumentu bidez egiaztatu beharko dira, salbu eta aplikazio informatikoan baliozkotuta badaude).

– Laneko eta irakaskuntzako esperientzia.

– Osasun Mentaleko Erizaintzako espezialitatea izatea.

4.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

5.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen honen Iragarkia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaerekin batera.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

d) Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua: titulu akademikoak, betetako lanpostuak, laneko eta kudeaketa lanpostuetako esperientzia, eta ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntza-ezagutzak eta egokitzat jotzen diren merezimendu guztiak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman beharko du eskabidean.

6.– Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzordea osatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluak ezarritakoaren arabera; hortaz, horren burua Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo hura eskuordetu duen pertsona izango da eta kide hauek izango ditu: Erizaintzako Unibertsitate Eskolako zuzendari teknikoa, Erizaintzako Unibertsitate Eskolako zuzendariordea eta Zuzendaritza Nagusiko goi mailako teknikari bat (azken horrek idazkari gisa jardungo du).

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik utz dezake Batzordeak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

7.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdiaren Iragarkia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

8.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta EHAAn, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da. Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 14a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

SUSANA LÓPEZ ALTUNA.


Azterketa dokumentala