
103. zk., 2025eko ekainaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 4 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
2442
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 27koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, 2025eko apirilaren 8ko Agindua efekturik gabe utzi eta berri bat ematen duena goi-kargudunaren idazkari-lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko (520010/34).
AURREKARIAK
2025eko apirilaren 14ko EHAAn (72.zk) Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko apirilaren 8ko Agindua argitaratu zen, Justizia Sailburuordetzan goi-kargudunaren idazkari-lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten zuena (Kodea: 520010 plaza, 34 dotazioa).
Aginduaren testuan akatsak antzeman zirenez, hura ondoriorik gabe utzi eta deialdi-agindu berri bat ematen da.
Justizia eta Giza Eskubideen Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzan hutsik geratu da goi-kargudunaren idazkari-lanpostua (kodea: 520010; dotazioa: 34). Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluaren arabera, eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman eta gero, sail honek erabaki du iragartzea izendapen askez beteko dela eranskinean aipatzen den lanpostua, honako oinarri hauei jarraituz:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdian, honako egoera hauetan izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora (2 urte).
2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada lanpostu-zerrendan langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/hasiera/
Gainerako izangaiek Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari zuzenduko dizkiete eskabideak, erregistro elektronikoaren bidez.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Agindu honen eranskinean, LZn «Goi-kargudunaren idazkaria»ren lanposturako eskatutako betekizunak ezartzen dira.
Era berean ezartzen da zer merezimendu eta konpetentzia baloratu ahal izango diren lanpostuari dagozkion funtzio eta zereginetarako.
Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitaea» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-ezagutzak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen diren bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko administrazio orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko eskakizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Laugarrena.– Ebazpena.
Deialdi honen ebazpena Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren Agindu bidez egingo da, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindua EHAAn argitaratu beharko da.
Lanpostua lortzen duenak esleipen-aginduan ezarritako datan jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Agindu honen indarraldia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 27a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
ERANSKINA
LANPOSTUAREN DATUAK
Deitutako lanpostua: Goi-kargudunaren idazkaria.
Kodea: 520010.
Hornidura: 34.
Kidegoa eta eskala:
– Administrarien kidegoa / Administrarien eskala.
– Administrari laguntzaileen kidegoa / Administrari laguntzaileen eskala.
Lanpostu-mailako osagarria: 18.
Berariazko osagarria: VI A.
Kokapena: Justizia Sailburuordetza.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2.
Derrigortasun-data: 2000-10-30.
Lanpostu-zerrendako betekizunak edo berariazko ezagutzak: askotan izan behar dituzte harremanak goi-kargudunekin. Sarri, Informazio konfidentzialarekin lan egin behar dute. Prest egon behar dute lanaldia luzatzeko.
RSS