
102. zk., 2025eko ekainaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (347 KB - 24 orri.)
- EPUB (1473 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
2418
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 15ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarriak onartzen, deialdia egiten eta argitaratzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Jasangarritasunari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak (hemendik aurrera, «4/2019 Legea») energia-jasangarritasunaren arau-zutabeak ezartzen ditu administrazio publikoen eremuan, energia-efizientzia bultzatzean, energia aurreztean eta energia berriztagarrien sustapen eta inplementazioan oinarrituta.
Ildo horretan, 2030erako (3E2030) Euskadiko Energia Estrategia dokumentuan gauzatutako Eusko Jaurlaritzaren energia-politikaren helburuei jarraikiz, energia-kontsumoan efizientzia areagotzen laguntzea da Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren misioa, beharrezkoa den bultzada publikoaren bidez, eta, horrekin batera, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruagoa lortzea, ingurumen-inpaktua gutxitu, kontsumorako edo produkziorako energia gutxiago behar, eta kanpo energia-baliabideekiko dependentzia murriztuko baita.
Horrenbestez, aurrezpena eta energia-efizientzia, eta horrekin batera Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazio eta eraikin publikoetan energia berriztagarrien erabilera jomuga duten ekintzak identifikatu eta sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da laguntzen programa hau.
Azaldutako guztia dela-eta, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarriak eta dagokion deialdia onartzea, programaren edukia ebazpen honi eranskin gisa eransten zaiolarik.
Bigarrena.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.3 artikuluari jarraikiz, Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bilbao, 2025eko maiatzaren 15a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.
RSS