
102. zk., 2025eko ekainaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (291 KB - 19 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2417
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 21ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, ontzi eta itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen esklusiboa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta.
Eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, zeinaren bidez ezartzen baita zer prozedura bete behar den Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak kultura-interesekoak direla deklaratzeko eta nola kudeatu behar den euskal kultura-ondarea sustapen-, kontserbazio- eta babes-arloei dagokienez.
Gizartean, zabalagoa da ondarearen kontzeptua gaur egun eta, testuinguru horretan, zenbait eremu berri agertu dira, orain arte gutxitan aztertu direnak; areago, aipatutako legeak berak modu generikoan jorratzen ditu eremu horiek. Horregatik, aurreko ekitaldietan, itsas sektore tradizionalaren gainbeheraz eta ia desagerpenaz jabetu ondoren, ontzi eta itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko laguntzen lehen deialdiak egin ziren. Desagertzeko bidean dagoen sektore bat da, eta, paradoxikoa badirudi ere, haren protagonistak elkarrekin antolatzen hasi dira, kultura horretan geratzen diren arrasto bakanak mantentzeko eta elkarri babes teknikoa emateko. Urte hauetan, gora egin du kultura-ondare horren sozializazioak, bai eta, hein batean, herritarrek haren gainean duten kontzientziak ere. Nolanahi ere, oso gutxi dira ondare horretan egun mantentzen diren laginak, eta, are gutxiago, bizirik daudenak, eta, horregatik, beharrezkoa da, oraindik ere, erakundeen laguntza izatea, maila guztietan, ontzi eta itsas kultura-ondarea babeste aldera.
Hutsune hori eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen agindua betetzeko, ontzi eta itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko agindu hau onartzen da, helburu hartuta dirulaguntza hauetarako deialdia egitea eta haiek eskatzeko eta ebazteko modua eta baldintzak arautzea, betiere horretara bideratutako diru-zenbatekoa kontuan hartuta. Izan ere, hala ezarrita dago 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (PES 2025-2028), zeina Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu baitzuen, 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez. Agindu horren bidez, halaber, 2025eko dirulaguntzen artero plana (PAS 2025) onartu zen –hemen daude eskuragarri bi planak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/pes-2025-2028-dirulaguntzen-plan-estrategikoa/ –; hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean jasotako aurrekontu-kredituaren barruan.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko deialdia egitea eta dirulaguntzak arautzea; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ontzi eta itsas kultura-ondarearen ondasun higikorrak, higiezinak eta immaterialak babestu eta sustatzeko jarduerak bultzatzeko, aintzat hartuta haien balio historikoa, etnografikoa, arkeologikoa edo soziala; agindu honen bidez, orobat, dirulaguntza horiek emateko araubidea ezartzen da.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Laguntzak emango dira itsas ondarearen arloan kultura-balioa duten elementuak sustatzeko, sendotzeko, konpontzeko eta egokitzeko jarduerak egiteko, elementuok erabiltzeko moduan jar daitezen; jarduera horiek, betiere, bateragarriak izan behar dira elementu horien ezaugarriekin, eta ez diote kalte nabarmenik egin behar haien ondare-balioari.
2.– Agindu honetan itsasontzien erreplikaren kontzeptua sartzen da, hau da, ontzi historikoak edo tradizionalak berreraikitzea, eraikuntzako teknika, neurri eta moduetan zehaztasun handiz, nahiz eta material, segurtasun-elementu eta bestelakoetan erabakigarriak ez diren aldaketak sartu, gaur egun nabigatu ahal izateko.
3.– Lau dirulaguntza-lerrotan emango dira laguntzak, jarraian adierazten den bezala:
1. lerroa: egurrezko ontzietan obrak egitea, musealizazioa helburu. Honako hauek lagunduko dira diruz:
a) Esku hartzeko edo berritzeko lana egin aurretik irizpideak finkatzeko beharrezko diren azterlan edo analisiak.
b) Segurtasunerako eta sarbideetarako obrak edo elementuak, bai ontzi barrukoak bai sarbideetakoak.
c) Kartelak, panelak, biki digitalak eta beste edozein informazio-mekanismo, interpretazioa egiteko beharrezkoa dena, baina ontziaren parte ez dena.
d) Prest jartzeko lanak, gero erakusgai jarri ahal izateko.
2. lerroa: egurrezko ontziak tresnatzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.
a) Gastu hauek hartuko ditu barnean: segurtasuneko eta nabigazioko ekipamendurako gastuak; atrakalekuen eta zaintza-lanen gastuak (1.500 euro gehienez); eta ontziak berak duen garrantzia nabarmentzeko egindakoak, halakorik balego.
b) Egiturazko lanak, nabigaziorako beharrezkoak direnak.
3. lerroa: pertsona fisikoen edo irabazi-asmorik gabeko elkarteen egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak; hor sartzen dira lizentziak izapidetzeko gastuak, Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan modu egonkorrean atrakatzeko edo zaintzeko gastuak (kontzeptu horietan, 1.000 euro gehienez), eta ontziaren nabigazio-baimenak. Egindako konponketak diruz lagunduko dira, baldin eta ondasunaren ezaugarrietara egokitzen badira, eta ondarearen balioak kaltetzen ez badira. Gainera, ontziek Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan erregistratuta behar dute, edo, leheneratze-fasean badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte edo entitateen esku egon behar dute, eta uretaratuta egon edo 2025eko ekitaldian uretaratzekoak izan.
4. lerroa: elkarte edo entitate publiko zein pribatuek egurrezko ontzi eta itsas kultura-ondarearen garrantzia azpimarratzeko antolatutako ekitaldiak edo jarduerak. Diruz lagunduko dira zenbait jarduera edo ekitaldi-atal, baldin eta zuzeneko lotura badute ontzi eta itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko lanarekin (ontzien kontzentrazioak, lanbide eta tradizioak berreskuratzea, erakusketak, hitzaldiak, jarduera didaktikoak, argitalpenak...).
4.– Ez da dirulaguntzarik jasoko erregaia eta motorren funtzionamendurako gainerako fluidoak, ikus-entzunezko ekipamendua, informatika-programak eta webguneak erosteko. Argitalpenak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta ondarearen balioa nabarmentzeko edo zabaltzeko proiektu baten barruan badaude eta berez ekimenaren helburua ez badira.
5.– Deialdi honetan, gehienez hiru dirulaguntza emango zaizkio pertsona edo entitate bakoitzari, dirulaguntzen lerro bakoitzean. Hiru eskabide baino gehiago aurkeztuz gero, puntuaziorik handiena lortzen duten hirurak baino ez dira aintzat hartuko, eta, berdinketa gertatuz gero, dirulaguntza handiena jasotzen duten hirurak.
6.– Ontzi bat ezin izango da bi aldiz aurkeztu lerro berera. Bat baino gehiago aurkeztuz gero, ez da onartuko dirulaguntza txikiena eskatzen duena.
7.– Ontziak 1. eta 2. lerroetan aurkeztea, eta 3. lerroan aurkeztea bateraezina da. Egitekotan, 3. lerroan aurkeztutakoa ez da onartuko.
3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradun izateko betekizunak.
1.– Dirulaguntza hauek eskatu ahal izango dituzte pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek, baldin eta egoitza EAEn badute, edo EAEn garatzen badituzte deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduerak, betiere hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz.
Onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen taldeak (publikoak zein pribatuak), ondasun-erkidegoak edo bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, diruz lagundutako jarduerak garatu ditzaketenak, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan.
Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean (publikoak zein nortasunik gabeko pribatuak direnean), berariaz adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, onuradun gisa taldeari dagozkion obligazioak betetzeko ahal nahikoa izango duen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko du taldeak. Taldeak ezingo dira desegin, harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igaro arte.
2.– 1., 2. eta 3. lerroen onuradunek dirulaguntzen xede den elementuaren jabe izan beharko dute, edo, errentarien edo haien gaineko eskubide errealen titularren kasuan, pertsona edo entitate jabearen baimena izan beharko dute, agiri bidez justifikatua. Museoen edo antzeko erakundeen kasuan, nahikoa izango da elementu hori erakundearen funtsen artean dagoela egiaztatzea. Elkarte edo taldeen kasuan, eta erregistratu gabeko eta berreskuratze-fasean dauden ontzien kasuan, horiek erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute, ontzia elkarteak edo taldeak jaso duela adieraziz.
3.– Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzeko, ezinbestekoa da jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, erregistro egokian inskribatuta egotea.
4.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak. Hau da:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren taldeak eta erkidegoak ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan, kideren batek aurreko debekuren bat ezarria badu.
Debeku horiek aplikagarriak dira, bai onuradun izateko, bai horrela mantentzeko, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte. Beraz, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketa egiten denean egiaztatuko da debekurik eza.
5.– 1., 2. eta 3. lerroetako dirulaguntzak jasoko dituzten ontziek Euskal Autonomia Erkidegoko erakusketa-zentroetan egon beharko dute erakusgai; edo, leheneratze-fasean badaude, EAEko kultura-elkarte edo -entitateen esku egon; edo nabigatzeko moduan badaude, EAEko portuetan erregistratuta.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira 1. artikuluan adierazitako xedea lortzeko: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro. Horietatik, 1. lerrora, 50.000 euro bideratuko dira; 2. lerrora, 60.000 euro; 3. lerrora, 20.000 euro; eta 4. lerrora, 20.000 euro.
5. artikulua.– Dirulaguntzen gehieneko kopurua edo muga.
Agindu honetan aurreikusitakoaren arabera emango diren dirulaguntzen gehieneko muga hauxe izango da: aurkeztutako aurrekontu diruz lagungarriko zenbatekoaren (BEZa barne) ehuneko hirurogeita hamabost (% 75), 1. eta 2. lerroetan, eta, gehienez ere, 30.000 euro. Bestalde, 3. lerroko jarduerek 3.000 euro jasoko dituzte, gehienez. 4. lerrokoek, berriz, 5.000 euro, gehienez.
6. artikulua.– Proiektuak aurkezteko epea.
Diruz lagundutako proiektuek hasita egon beharko dute, edo 2025eko ekitaldian hasi beharko dira, eta, beranduenik ere, 2025eko abenduaren 31 baino lehen amaitu.
7. artikulua.– Bateragarritasuna.
Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio edo ente publiko eta pribatu batzuek xede bererako emandakoekin, bai eta onuradunak finantzaketarako lor ditzakeen bestelako diru-sarrera edo baliabideekin ere, betiere batera eskuratutako diru-zenbatekoek ez badute gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostu efektiboa. Kostua gainditzen bada, deialdi honen babespean emandako dirulaguntza murriztu egingo da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– 2. eta 3. lerroetan, ontzi edo proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da eskabide bakoitzean. Bat baino gehiago aurkeztuz gero, kontuan hartuko da zenbateko handiagoa eskatzen duena, eta gainerakoak ezetsi egingo dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak nahiz presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan. Pertsona juridikoek, pertsona taldeek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, administrazio-prozeduraren edozein izapide egiteko.
4.– Eskabideak modu presentzialean egiteko, inprimaki normalizatua osorik eta behar bezala beteta aurkeztu beharko da, modu hauetako batean: Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, nahitaez aurretik hitzordua eskatuta Interneten (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean) edo hitzordua eskatu edo ezeztatzeko telefonoaren bidez (945 01 90 00); erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan arautuak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan.
Bestalde, bitarteko elektronikoak erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
5.– Pertsona fisikoek eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak (presentziala edo elektronikoa) ez du behartzen gerora ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera; edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
Eskaeraren osteko izapideak, jakinarazpenak barnean direla, helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075808
7.– Entitate edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.
8.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Izapideak ordezkari baten bidez eginez gero, ordezkariak inskribatuta egon behar du Ahalordeen Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
9. artikulua.– Entitate edo pertsona eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du deialdi hau kudeatzen duen organoak, salbu eta eskatzaileak modu arrazoituan adierazten badu ez duela nahi. Kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Era berean, organo kudeatzaileak zuzenean kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, ofizioz, araudiak eskatzen dituen dokumentuak, baldin eta dagoeneko administrazio jardulearen esku badaude edo beste edozein administraziok egin baditu, salbu eta pertsona edo entitate interesdunak berariaz adierazten badu ez duela nahi; kasu horretan, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
2.– Eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 eta 13.9 artikuluei jarraituz:
a) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan aipatutako betebeharrak bete direla egiaztatzeari buruzko Agindua).
b) Eskaera egiten duen pertsonak edo entitateak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera).
c) Behartuta egonez gero, berdintasun-plan bat izatea indarrean, Estatuko araudiaren arabera. 50 langiletik gorako enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko neurriak ezarri izana.
d) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekurik ez duela adieraztea.
e) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea, edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik etorriak direla ere, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzea.
Helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik lortu ez bada, ez eta eskatu ere, horren berri ematen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
f) Dirulaguntzen onuradun izanez gero, enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
g) Halaber, entitate edo pertsona eskatzaileak adierazi behar du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla. Hala ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, subjektu onuradun izateko proposatzen direnek berretsi egin beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta, dagokion dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
10. artikulua.– Proiektuari buruzko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabideari erantsi beharreko agiriak:
a) Diruz lagundu daitezkeen lerro guztietarako:
– Jardueraren edo proiektuaren ahalik eta memoriarik xehatuena, ontziaren, eraikinaren edo jardueraren ezaugarriak argi eta garbi adieraziz. Memoria horretan berariaz jasoko dira diruz lagundutako jarduera hori gauzatzeko gehieneko epeak; horiek, betiere, ez dira izango 2025eko abenduaren 31z geroztikoak. 3. lerroko eskaeretan, memoria horren ordez, inprimaki bat aurkez daiteke, eskuragarri egongo dena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075808), Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta Zuzenean zerbitzuan.
– Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta zehatza, «Diru-sarrera eta gastuen aurrekontua» ereduari jarraituz. Eredu hori eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075808), Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), eta Zuzenean zerbitzuan.
b) 1., 2. eta 3. lerroetako elementuen kasuan, lehorrean baldin badaude eta nabigaziorako balio ez badute, esku-hartzearen xede den elementuaren gaineko jabetza egiaztatu beharko da; elementuen errentariek edo haien gaineko eskubide errealen titularrek, berriz, jabeen baimena aurkeztu beharko dute, agiri bidez justifikatua. Museoek, elkarteek edo antzeko erakundeek egiaztatu beharko dute dagokion elementua erakundearen funtsen artean dagoela.
c) 1., 2. eta 3. lerroetan diruz lagundutako elementuen kasuan, horiek nabigazio-egoeran badaude, ontziaren idazpen-orriaren kopia autentikoa edo Euskal Autonomia Erkidegoko portuan duen basea egiaztatzen duen agiria.
d) Oro har, eskatutako dirulaguntzaren berme izango den beste edozein agiri, betiere gaia ulertzeko eta baloratzeko balio badu.
11. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.
12. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan forma-akatsak badaude, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege horren 14.2 artikuluan aipatzen diren pertsona juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko entitateek modu presentzialean aurkezten badute eskabidea, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak interesdunei eskatuko die akatsen zuzenketa bitarteko elektronikoz aurkez dezaten. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
13. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Dirulaguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, 2.2 artikuluan adierazitako dirulaguntza-lerroei dagozkien prozeduretako bakoitzean (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa errespetatuz). Eskaerak aurkezteko epea amaituta eratuko da batzorde hori, zeinak egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko duen txostena egingo baitu. Honako hauek osatuko dute batzordea:
a) Kultura Ondarearen Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu. Batzordeburuaren postua hutsik dagoenean, azaltzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordeztuko da.
b) Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.
c) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Kulturako sailburuordeak izendatua.
d) Ontzi eta itsas kultura-ondarearen ikerketa-arloan entzute handia duten bi pertsona, Kulturako sailburuordeak izendatuak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da balorazio-batzordearen osaera.
2.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat. Batzordeko idazkaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.
3.– Balorazio-batzordeak, egoki deritzonean, aukera izango du proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatzeko.
4.– Balorazio-batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek eta, gutxienez, kideen erdiek parte hartzea, hara bertaratuta edo urrunetik.
5.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
6.– Prozedura bakoitzean, balorazio-batzordeak txosten bat egingo du, adierazteko zein izan den ebaluazioaren emaitza eta zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, eta honako hauek zehaztuko ditu: onuradun izateko proposatu direnen izen-abizenak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa eta dirulaguntzaren xede izango den jarduera; halaber, ukatzea proposatu diren eskabideak eta ukatzeko arrazoiak jasoko ditu. Onartu ez diren eskabideen zerrenda ere zehaztuko da. Onuraduna nortasun juridikorik gabeko talde bat baldin bada, adierazi beharko dira, orobat, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, bai eta kide bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere. Horretaz gainera, adierazi beharko du zer dirulaguntza ukatzea proposatzen duen eta zein diren horretarako arrazoiak.
7.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan, eskatzailea edo dirulaguntza ematea proposatzen zaien eskatzaileen zerrenda adieraziko da, bai eta dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta dirulaguntza emateko erabilitako balorazio-irizpideak zehaztuko dira.
14. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Lehia-konkurrentziako prozedura hau erabiliko da agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko:
a) Behin eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 12. artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutakoan, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatuko ditu balorazio-batzordeak, 15. artikuluari jarraituz.
b) 1., 2. eta 4. lerroetan, dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduerek gutxienez hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte. 3. lerroaren kasuan, gutxienez hamabost (15) puntu lortu beharko dira.
c) Dirulaguntzen lerro bakoitzari esleitutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada hasieran kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, dirulaguntzen zenbatekoa esleituko da, eta prozeduraren ebazpena emango da. 4. lerroan soberan geratzen den saldoa, hala badagokio, 1. eta 2. lerroetako hasierako zuzkidura handitzeko erabiliko da, ordena horretan. 1. eta 2. lerro horietan diruz lagundu daitekeen jardueraren % 75 emango da. Guztizkoek lerro bakoitzeko gehieneko kopuruak gainditzen badituzte, lortutako puntuen arabera hainbanatuko dira, lerroaren zuzkidura ekonomikoa bete arte.
d) Era berean, 1. eta 2. lerroetako soberakinen kasuan, soberakina gainerakoei gehituko zaie, 1. lerrotik hasita; hala ere, soberakinen bat sortzen bada, 3. lerroari metatuko zaio, eta, ondoren, 4. lerroari. 4. lerroan diruz lagundu beharreko guztizko zenbatekoa esleitutako zenbatekotik gorakoa bada, kenketa lineal bat egingo da, harik eta zuzkidura horiek lerroari esleitutako zuzkidurara egokitu arte.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak biribildu egingo dira aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, ateratzen den aldea kendu egingo zaio finantzaketa handiena duen proiektuari.
15. artikulua.– Ebaluazio- eta hautaketa-irizpideak.
Jarduketak lerro bakoitzean ebaluatu eta hautatuko dira, kasuan kasuko irizpideak kontuan hartuta.
1.– 1. lerroa: egurrezko ontzietan obrak egitea, musealizazioa helburu:
a) Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik (50 puntu).
Jarraian zehazten den moduan ebaluatuko da zer interes duen jarduerak, era honetan: museoetan eta atrakatuta dauden ontzietan egindako jarduerak: 50 puntu gehienez; lehorreko erakusketa-zentroetan edo atrakatuta dauden ontzietan egindakoak, oraindik musealizatu gabe daudenean: 40 puntu gehienez; musealizazio-prozesuan dauden ontziak: 30 puntu gehienez.
b) Ontziaren antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu. Erreplikatutako ontzien kasuan, zuzenean 3 puntu emango dira atal honetan, antzinatasuna kontuan hartu gabe.
c) Kontserbazio-egoeraren arabera 5 puntu emango dira gehienez, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
Egoera txarrean badago eta % 80tik gorako konponketak behar baditu: 1 puntu.
Egoera onargarrian badago eta % 51-80 arteko konponketak behar baditu: 3 puntu.
Egoera onean badago eta % 31-50 arteko konponketak behar baditu: 4 puntu.
Egoera bikainean badago eta % 30etik beherako konponketak behar baditu: 5 puntu.
Ontziak erreplikak badira, zuzenean 3 puntu emango dira atal honetan, haien egoera zein den gorabehera.
d) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da, gehienez. Ontziak gehienez 10 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen baditu; gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen baditu; eta gehienez 2 puntu, jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen baditu. Ontziak erreplikak badira, zuzenean 6 puntu emango dira atal honetan, aipatutako baremoa kontuan hartu gabe.
e) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egin bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egin bada; eta 0 puntu, baldintza horietako bakar bat betetzen ez bada.
f) Gehienez 15 puntu emango zaizkie, ezaugarriak direla-eta ikono bihurtu diren eta kategorizazio oro gainditzen duten ontziei. Ikonotzat hartuko dira tipologia-ezaugarriengatik edo funtzionaltasunagatik Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrak diren ontziak, eta haien kontserbazioa eta mantentzea erabat lehentasunezkotzat jotzen direnak; edo Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi bereziko gertaera historiko baten isla direnak.
2.– 2. lerroa: egurrezko ontziak tresnatzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.
a) Gehienez 70 puntu emango dira, jardueraren arabera. Gehienez 70 puntu emango dira ontziaren bitartez euskal itsas kultura tradizionalarekin lotutako jarduerak egin badaitezke. Gehienez 50 puntu emango dira itsas edo kultura-jarduerekin lotutako jarduerak egiten badira; eta gehienez 35 puntu, ontziak publiko orokorrarentzako zerbitzu orokorrak eskaintzen baditu.
b) Antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu. Erreplikatutako ontzien kasuan, zuzenean 5 puntu emango dira atal honetan, antzinatasuna kontuan hartu gabe.
c) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak gehienez 10 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen baditu; gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen baditu; eta gehienez 2 puntu, jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen baditu. Erreplikatutako ontzien kasuan, zuzenean 6 puntu emango dira atal honetan, aipatutako baremoa kontuan hartu gabe.
d) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egin bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egin bada; eta 0 puntu, baldintza horietako bakar bat betetzen ez bada.
3.– 3. lerroa: Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak:
a) Antzinatasun-hamarkada bakoitzeko puntu bat emango da, eta gehienez, 10 puntu. Erreplikatutako ontzietarako eta ontziak erreplikatzeko, 6 puntu emango dira.
b) Kontserbazio-egoeraren arabera 5 puntu emango dira gehienez, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
Egoera txarra (% 20tik beherako kontserbazioa): 1 puntu.
Egoera onargarria (% 21etik % 50era arteko kontserbazioa): 3 puntu.
Egoera ona (% 51tik % 80ra arteko kontserbazioa): 4 puntu.
Egoera bikaina (% 81etik gorako kontserbazioa): 5 puntu.
Erreplikatutako ontzietarako edo ontziak erreplikatzeko, 3 puntu emango dira.
c) Ontziaren jatorrizko egoera 10 punturekin baloratuko da gehienez. Ontziak gehienez 10 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 60 baino gehiago mantentzen baditu; gehienez 6 puntu jasoko ditu jatorrizko elementuen % 25 baino gehiago mantentzen baditu; eta gehienez 2 puntu, jatorrizko egoeraren % 25 baino gutxiago mantentzen baditu. Erreplikatutako ontzietarako eta ontziak erreplikatzeko, 6 puntu emango dira.
d) Gehienez 10 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada eta EAEn egin bada. Gehienez 6 puntu emango dira euskal ontzi mota bat bada edo EAEn egin bada; eta 0 puntu, baldintza horietako bakar bat betetzen ez bada.
e) Gehienez 15 puntu emango zaizkie, ezaugarriak direla-eta ikono bihurtu diren eta kategorizazio oro gainditzen duten ontziei. «Ikono» gisa ulertzen da bere ezaugarri tipologikoengatik edo funtzionalitateagatik Euskal Autonomia Erkidegoan bakarra den eta bere kontserbazioa eta mantentzea lehentasunezkotzat jotzen den ontzia, edo Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi berezia duen gertaera historiko baten isla dena. Erreplikatutako ontziak direnean edo ontziak erreplikatu nahi direnean, gehienez 10 puntu emango dira, ontzi enblematiko baten edo ontzi mota enblematiko baten erreplika bada.
4.– 4. lerroa: elkarte edo entitate publiko zein pribatuek euskal itsas kultura sustatzeko antolatutako ekitaldiak edo jarduerak.
a) Jardueraren kalitatea eta interesa, jardueraren kalitate-faktorea ondasunaren interesaren gainean aplikatzearen ondorioz (50 puntu, gehienez):
a.1.– Sustatutako ondasunaren interesa:
– 50 puntura arte: Erriberako arotzeria, arrantza tradizionala edo EAEko egurrezko ontziak sustatzeko jarduerak eta ontzien kontzentrazioak.
– 30 puntura arte: balioa emateko jarduerak, argitalpenak edo zabalkunde orokorreko jarduerak edo haurrei zuzendutakoak.
a.2.– Jardueraren kalitatea:
– Kalitate handia (1): itsas ondarearen balioak balioesteko optimoak diren helburuek, ekintzek, teknikek edo materialek osatzen dituzten jarduerak, edo haren ondare-balioen balioespen edo hedapen integrala dakartenak.
– Kalitate ertaina (0,7): itsas ondarearen balioak balioesteko egokiak diren helburuek, ekintzek, teknikek edo materialek osatzen dituzten jarduerak, edo haren ondare-balioen balioespen edo hedapen partziala dakartenak.
– Kalitate txikia (0,5): interes kultural urria edo nulua duten jarduerak, edo itsas ondarearen balioei balio oso partziala ematea dakarten objektuak, ekintza teknikoak edo materialak dituztenak.
b) Jardueraren eragina eta kanpo-hedapena. EAEn eragin handia duten ekimenei 15 puntu emango zaizkie gehienez; lurralde- edo toki-mailan eragina dutenei, berriz, 10 puntu emango zaizkie gehienez.
c) Proiektuaren ezaugarri teknikoak (20 puntu, gehienez):
Gehienez 20 puntu emango zaizkie proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehatz adierazten dituzten proiektuei eta proiektuaren garapen zehatza aurkezten dutenei, finkatutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren jarduerak eta ekintzak zehaztuta.
d) Jardueraren autofinantzaketa-maila (10 puntu, gehienez):
10 puntu emango dira, baldin eta guztizko aurrekontuaren % 50 gutxienez eskatzaileen funtsekin edo beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez ordaindu bada. Horrela, premisa horretatik abiatuta eta hiruko erregela baten bidez logika matematikoa aplikatuta, eskabide bakoitzari dagokion puntuazioa emango zaio.
e) Genero-ikuspegia txertatzea (5 puntu, gehienez):
Honako jarduera hauek puntuatuko dira:
– Emakumeek euskal kultura-ondareari egiten dioten ekarpenaren balioa nabarmentzeko, hedatzeko eta ikusarazteko eragin nabarmena dutenak.
– Emakumeen kolektiboak dituztenak zuzeneko azken hartzaile edo erabiltzaile.
– Jardueraren eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurri zehatzak jasotzen dituztenak, bai onuradunen artean, bai jarduera gauzatuko duten langileen artean.
Alderdi horiek guztiak ekitaldiaren dokumentazio ofizialaren bidez egiaztatu behar dira (programak, kartelak, ziurtagiriak...).
16. artikulua.– Laguntzak kuantifikatzea.
1.– Ebaluazio- eta hautaketa-fasea bukatu ondoren esleituko zaizkie deialdi honetako dirulaguntzak hautatutako proiektuei, 2. artikuluan ezarritako lerroetako bakoitzean.
2.– Pertsona edo entitate onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa zehazteko, eman beharreko hasierako zenbatekoa kalkulatuko da dirulaguntzen lerro bakoitzean, 5. artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoa errespetatuz, eta betiere 14. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa edo puntuazio handiagoa lortu duten eskabideen artean.
1. eta 2. lerroetako dirulaguntzen zenbatekoa finkatzeko, lerro bakoitzari esleitutako zenbatekoak gainditu badira, lerro bakoitzeko soberakinak metatu ondoren –halakorik balego– hainbanaketa egingo da proiektu bakoitzak lortutako puntuen arabera, jarraian adierazten diren formulak aplikatuz:
a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta kasu bakoitzean hasieran proposatutako zenbatekoa. Formula hau erabiliko da horretarako:
(Ikus .PDF)
non,
Si = eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.
Ei = kasu bakoitzean hasieran proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
Pi = programa edo jarduera bakoitzari balorazio-batzordeak esleitutako puntuazioa.
b) Baldin eta aurreko apartatuan ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, formula honen bidez zehaztuko da kasu bakoitzean eta 2.2 artikuluko atal bakoitzaren arabera eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa:
(Ikus .PDF)
non,
Si’ = programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa.
D = dirulaguntzaren xede diren programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.
Si = aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa.
17. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen- eta jakinarazpen-epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak egindako proposamena ikusita, Kulturako sailburuordeak ebazpen bakar bat emango du, interesdunek planteatu dituzten gai guztiak ebazteko.
2.– Hartutako ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak ukatzen diren, ematen diren ala onartzen ez diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: pertsonaren edo entitate onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa. Onuradunak nortasun juridikorik gabeko taldeak badira, taldekide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dira.
Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, pertsona edo entitate eskatzailearen nortasuna eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
3.– Aurreko apartatuan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; argitaratutako ebazpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena den, lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
6.– Kulturako sailburuordeak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki ahal izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan zerrendatutako betekizunak betetzen direnean.
18. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan jaso eta arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean pertsona edo entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz eta espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Helburua betetzea, proiektua exekutatzea edo jarduera gauzatzea, dirulaguntzaren oinarri diren aldetik.
c) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
d) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, beste edozein administraziok edo ente publikok nahiz pribatuk emanda, hala gertatuz gero.
e) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu dela, hala gertatzen denean. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak, baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.
f) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egiten ari direla eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.
g) Gutxienez euskaraz egitea zabaltzeko material inprimatuak (kartelak, liburuxkak, testuak), beste hizkuntza batzuk erabiltzeari kalterik egin gabe.
h) Diruz lagundutako jarduerarekin lotuta sor litezkeen karteletan, testuetan edo inprimatutako beste edozein bitarteko erreal edo birtualetan, adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta, gainera, sailaren logotipo ofiziala jaso beharko da haietan.
i) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako beste edozein betebehar, bereziki 14. eta 42. artikuluetan ezarrita daudenak.
19. artikulua.– Azpikontratazioa.
Onuradunek diruz laguntzen den jardueraren zenbatekoaren % 100 azpikontratatu ahal izango dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
20. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik.
Horretarako, eta legez beste entitate eta organismo publiko batzuei dagozkien ahalmenak ezertan eragotzi gabe, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze- eta egiaztapen-lanak egitea.
21. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Ordainketa bakar batean ordainduko dira agindu honen kargura emandako dirulaguntzak. Aurretik, betiere, justifikatu beharko da diruz lagundutako jarduera gauzatu dela eta egiazki izandako kostua, 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak kenduko zaizkio, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.
3.– Laguntzaren eskatzailea erregistratu gabe egonez gero Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota erregistro horretan dauden bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, helbide honetan egin daiteke alta edo aldaketa, inprimakia deskargatuta edo bide elektronikoz eginda: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.
22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, baldintza hauek betetzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz: diruz lagundutako jardueraren izaerarekin nabarmen lotuta egotea, erabat beharrezkoak izatea eta 6. artikuluan ezarritako epean gauzatzea, betiere agindu honetako 2. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta.
2.– Diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu obra egiteko edo zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik. Aurkeztutako hiru eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki merkeena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.
3.– Betiere, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra garatzen duen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikulua.
23. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, nahitaez aurretik hitzordua eskatuta Interneteko helbidean (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean) edo hitzordua eskatu edo ezeztatzeko telefonoaren bidez (945 01 90 00), erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan arautuak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan. Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, dirulaguntza justifikatzeko.
Justifikazio-agiriak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.
2.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:
a) Egindako jarduera justifikatzen duten agiriak: egindako jarduerari buruzko memoria, ahalik eta zehatzena eta argazkiak txertatuta; ziurtagiri teknikoa, egindako obra edo jarduera zehaztuta. 3. lerroko onuradunek, memoria horren ordez, «Egindako jarduerak» izeneko dokumentua aurkeztu beharko dute, eskuragarri dagoena egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075808) eta Kultura Ondarearen Zerbitzuan.
b) Egindako gastu guztiak justifikatzeko agiriak, jarraian zehazten denarekin bat datozenak:
– Izandako gastuen fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan baliozkoak direnak edo administrazio-efikazia dutenak. Modu korrelatiboan banan-banan zenbakituta aurkeztuko dira, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen fakturen eta gastuen inprimakiaren arabera (www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075808). Diruz lagundutako jardueran izandako gastuenak izango dira agiri guztiak, eta egindako gastuaren zenbateko osoaren adinakoak. Ezohiko formatua edo formatu txikia duten ziurtagiriak badira (tiketak eta abar), horien fotokopiak erantsi beharko dira DIN A-4 formatuan, zenbakituta eta fakturazioari dagokion zenbaki berarekin.
c) Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, diruz lagundutako jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena, Balantzea izeneko inprimakiari jarraituz aurkeztuta (eskuragarri dago www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075808 egoitza elektronikoan, eta Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzan). Adierazpenean, espresuki aipatuko dira erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako laguntzak, bai eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntza ere.
d) Onuraduna beste administrazio publiko bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du, emandako dirulaguntzaren helburua bete dela adierazteko eta horretarako erabilitako zenbatekoak zehazteko.
e) Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.
3.– Diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko muga-eguna 2026ko urtarrilaren 9a izango da.
Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea luzatzea erabaki ahal izango du organo emaileak, epea bukatu baino lehen, baldin eta beste inoren eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Hori egiteko, baina, onuradunak egin beharko du epea luzatzeko eskaera, eta justifikatu egin beharko du justifikazioa epe barruan egitea ezinezko egiten duten arrazoiak daudela.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, betiere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
24. artikulua.– Dirulaguntza likidatzea.
1.– Behin betiko likidazio-ebazpena emango da, hain zuzen ere emandako dirulaguntza benetan garatutako proiektura egokitzeko, PFEZari dagokion zenbatekoa kenduz, hala badagokio. Hasieran aurkeztutako aurrekontua baino gastu handiago bat justifikatzeak ez du inola ere eskubiderik emango hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzeko.
2.– Dirulaguntzak likidatzeko prozedura hau izango da:
a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak aztertu eta egokitzat jotzen badira, dagokion zenbatekoa ordainduko da.
b) Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada–, dirulaguntza emateko hasierako ebazpena aldatu ahal izango da, dela egiazki egindako gastua aurrekontuetan jasotakoa baino txikiagoa delako, dela beste entitate publiko zein pribatuetatik beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direlako eta, ondorioz, ezarritako mugak gainditu direlako.
c) Jarduera partzialki ez betetzea onartu ahal izango da, baldin eta egiaztatzen bada argi eta garbi diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko jardun dela, eta jardueraren betetze-maila, gutxienez, eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen dela. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan. Salbuespen gisa, proiektuaren gauzatze-maila aurrez ezarritako ehunekoan lortzen ez bada, ez-betetze partzialak egin direla onartu ahal izango du dirulaguntza kudeatzen duen organoak, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo entitate onuradunak egindako lanek ezaugarri objektibo bereziak eta espezifikoak badituzte eta, berez, balio erantsia badakarkiote diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari.
25. artikulua.– Dirulaguntza itzultzea.
1.– Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak izango dira:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zati bat, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan jasotako beste edozein betebehar ez betetzea.
2.– Artikulu honen aurreko apartatuan aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.
Horretarako, itzulketa-prozedura bideratuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako baldintzetan, bereziki 40. eta 41. artikuluetan adierazitakoetan.
26. artikulua.– Datu pertsonalei buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
● Arduraduna: Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
● Xedea: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
● Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean eginkizun bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak baliatzeko.
● Hartzaileak: arloan eskumena duten administrazioak.
● Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
● Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri zehatza gure web-orrian kontsultatu dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml
● Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
AZKEN XEDAPEnetako lehenengoa
Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 21a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS