Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2025eko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2352

55/2025 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten karrera judizialeko langileen etengabeko prestakuntzaren arloan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten karrera judizialeko langileen etengabeko prestakuntzaren arloan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 23a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 23KO 55/2025 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA, DESTINOA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DUTEN KARRERA JUDIZIALEKO LANGILEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZARI BURUZKOA, 2025-2028 URTEETARAKO
BILDU DIRA:

Alde batetik, Isabel Perelló Doménech andre txit agurgarria, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkuraren 2024ko irailaren 3ko Erabakiaren (I-2. zk.) bitartez izendatua, 888/2024 Errege Dekretuan, irailaren 3koan (2024ko irailaren 4ko BOE) jasoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 585. artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren izenean, uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 598.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Eta, bestetik, María Jesús Carmen San José López andrea, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuari eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburua izendatzen duen Lehendakariaren ekainaren 24ko 34/2024 Dekretuari jarraiki; Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak (2024ko abenduaren 19ko EHAA, 246. zk.) esleitzen dizkion ahalmenak betez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko martxoaren 18an hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako ahaldunduta, hitzarmena egitea baimentzen duena.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote lankidetza-hitzarmen hau gauzatu eta sinatzeko gaitasun eta legitimazio nahikoa, eta, horrenbestez, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Espainiako Konstituzioaren 122. artikuluak ezartzen duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) da haren gobernu-organoa, eta Auzitegi Gorenaren presidentea izango du buru. Era berean, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren (aurrerantzean, BJLO) 104.2 artikuluak xedatzen duenez, BJKNari dagokio Botere Judizialaren gobernua, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskumenak lurralde nazional osoan gauzatzen ditu. BJLOaren 105., 585. eta 588. artikuluen arabera, BJKNko presidentea da nazioko lehen agintaritza judiziala, eta Botere Judizialaren eta haren gobernu-organoaren ordezkaritza du.

BJKNk, Botere Judizialaren gobernu-funtzio konstituzionalen artean, eskumen esklusiboa du epaile eta magistratuen hasierako eta etengabeko prestakuntzaren arloan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 560.1 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hori gauzatzeko, lege-testu horren 433bis.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, beste erakunde eta organismo batzuekin lankidetzan jardun dezake.

Bigarrena.– Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioaren beharrei erantzuteko ahalmen guztiak.

Hirugarrena.– Bi erakundeen arteko lankidetza 1991ko irailaren 9an sinatutako hitzarmen baten bidez gauzatu zen. Testu horretan, alderdi horiek Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten karrera judizialeko kideen prestakuntza-arloko lankidetza gauzatu zuten, eta elkarlan horretan finkatu ziren bi erakundeen arteko lankidetzaren oinarriak.

Aipatutako hitzarmenean oinarrituta, bi alderdiak lankidetzan ari ziren Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten epaile eta magistratuen etengabeko prestakuntzan, aipatutako hitzarmenaren jarraipen-batzordearen urteko aktak sinatuz. Akta horietan, hitzarmena egikarituz urtero garatu beharreko jarduerak zehazten dira, eta haren indarraldia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren eraginpean geratzen da.

Ildo horretan, bi erakundeek beharrezkotzat jo zuten hitzarmen hori indarreko legedira egokitzea, eta hori 2022ko irailaren 14an sinatutako hitzarmenean islatu zen, aipatu urtean indarrean egon zena, bi erakundeen arteko lankidetza-ildo horiei eusteko eta horiek bultzatzeko. Azken hitzarmena 2024ko ekainaren 13an sinatu zen.

Laugarrena.– Azaldu berri den guztia kontuan hartuta, bi alderdiek, bakoitzak bere eskumenak erabiliz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea bientzat onuragarria dela ulertuta, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza, Eskola Judizialaren eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren bitartez, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten epaile eta magistratuentzako prestakuntza- eta hobekuntza-jarduerei dagokienez. Jarduera horiek hitzarmen honen indarraldian egingo dira, hamargarren klausulan zehaztutakoaren arabera, eta biltzarrak, mintegiak, solasaldiak, egonaldiak, jardunaldiak eta ikastaroak antolatuko dira, bai eta hura hobetzen lagun dezaketen ikerketak, argitalpenak eta azterlanak ere.

Hitzarmen honen lankidetza-esparrua, hitzarmenaren indarraldira mugatzen da.

Bigarrena.– Lankidetza-araubidea.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Justizia eta Giza Eskubideen Departamentuak, erkidego horretan lan egiten duten karrera judizialeko kide guztiei zuzendutako prestakuntza- eta hobekuntza-programak finantzatzen, antolatzen eta kudeatzen lagunduko dute, jarraian zehazten den eran.

Hirugarrena.– Lehentasunezko ikasgaiak.

Eremu horren barruan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailak epaile eta magistratuen prestakuntza areagotzeko komenigarriak diren jarduera guztiak sustatuko dituzte, elkarren arteko adostasunez, eta arreta berezia eskainiko diete Zuzenbide Autonomikoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibilarekin, Europar Batasuneko Zuzenbidearekin eta Oinarrizko Eskubideekin, Genero Indarkeriarekin (gai horri buruzko Estatu Itunaren arabera) eta, oro har, Euskadin ezarrita dauden legezko arau guztiekin lotutako gaiei.

Laugarrena.– Alderdien konpromisoak.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Justizia eta Giza Eskubideen Departamentuak batera antolatu eta kudeatuko dituzte erkidegoaren esparruan urtero egiten diren prestakuntza- eta hobekuntza-jarduera guztiak, betiere hitzarmen honen esparruan programatutako jarduerak badira. Nolanahi ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, bere prestakuntza-planen barruan, probintziako edo beheragoko mailako beste jarduera batzuk ere sustatu ahal izango ditu, edota autonomia-erkidegoko lurralde-mailakoak ere bai, betiere hitzarmenaren esparruan aurreikusita ez dauden jarduerak badira.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

Erakunde sinatzaileek finantzatuko dute hitzartutako helburuak betetzearen kostua, dagozkien ekarpenen bidez. Ekarpen horiek urtero aurreikusitako ekintzen araberakoak izango dira eta Urteko Jarduera Programan ekitaldi bakoitzerako dauden aurrekontu-xedapenen arabera zehaztuak.

Aurreikusitako jardueren aurrekontua eta finantzaketa-modua honako hau izango da:

a) Bi erakundeek finantzatuko dituzte jarduerak, bakoitzak bere aurrekontu-ekarpenen mugaren barruan.

Finantzaketa hori % 50ean egingo da, eta, nolanahi ere, ez da 40.000 eurotik gorakoa izango.

b) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gehienez ere hogei mila euro (20.000,00) jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak gehienez hogei mila euro (20.000,00) emango ditu 2025. urtean egiten diren jardueretarako. 2025. urterako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokion zatia honako aurrekontu-partida hauen kontura izango da: 080132.111.O.22606 (Bilerak eta hitzaldiak), 080132.111.O.230 (Dietak eta Ostatua), 080132.111.O.231 (Joan-etorriak), 080132.111.O.233 (Ordainsariak). Partida horiek 2025eko aurrekontuari dagozkio. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagokion zatia 2025 1001911100 1.14110.23700 2023/000648 aurrekontu-partidaren kargura izango da. Hitzarmenaren ondoriozko betebehar ekonomikoei aurre egiteko diru kopurua, gehienez ere, 80.000 eurokoa izango da, urteko 20.000 euro alde bakoitzetik.

c) Likidazio partzialak egin behar izanez gero, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gastuen zenbatekoa transferituko dio Justizia eta Giza Eskubideen Sailari, dagokion zatian, sail horrek gauzatutako jarduerek sortutako gastu horiei buruz emandako ziurtagiria aurkeztu ondoren.

d) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, bere aldetik, bere gain hartu ahal izango ditu zenbait jarduera eta horien ondoriozko gastuak, eta, aurrez egiaztatu eta gero, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari eskatu ahal izango dio dagokion zatia ordaintzea.

Hitzarmen honen Jarraipen Batzordeak erabakiko du, urteko jarduketa-programan edo berariazko akordioen bidez, zer jarduera finantzatuko diren c) eta d) letretan aurreikusitako moduan.

Hitzarmen honen azken likidazioa programatutako prestakuntza-jarduerak amaitu ondoren egingo da. Horretarako, alderdi bakoitzak bere aurrekontuaren kontura egindako gastuak egiaztatzen dituen behar beste ziurtagiri emango dio beste alderdiari, eta zordunak, erakunde bakoitzak ezarria duen prozedura baliatuz, dagokion kopurua ordainduko dio beste alderdiari, hitzarmenaren aurrekontu osoari egindako ekarpenetan oreka lortzeko.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute, batik bat, hitzarmen hau gauzatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aurreikuspenak eta legezko izapideak egiteko.

Urtero, dagokion gehigarria sinatuko da, urte horretan egitekoak diren prestakuntza-ekintzak eta aurrekontu-ekarpenak jasoko dituena.

Seigarrena.– Urteko jarduketa programa.

Diru-sarreren aurrekontua alderdien ekarpenek osatuko dute.

Gastuak honela banatuko dira:

– Administrazio-kudeaketari datxezkion guztiak, hala nola baliabide materialak, giza baliabideak eta azpiegitura (lokalak, material didaktikoa, diplomak egitea, laguntzaileak, administrazioa, etab.).

– Zuzendarien, txostengileen, errelatoreen, hizlarien eta abarren ordainsariak eta gastuak.

– Txostenen edizioa.

– Hitzarmen honen xede den kolektiboko bertaratuen dietak eta joan-etorrien gastuak.

Nolanahi ere, gastuen eta diru-sarreren aurrekontua orekatua izan beharko da, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruz indarrean dauden arauen arabera.

Urteko programan jasotako gastu- aurrekontuan beren gain hartutako betebeharren ordainketak bi alderdiek gauzatuko dituzte, hitzarmen honen bosgarren klausulan zehazten den moduan.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

Hitzarmen hau gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko eta jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Mistoa sortuko da. Batzorde hori alde bakoitzeko bina ordezkarik osatuko dute, eta alde bakoitzak bere erakunde-arauen arabera izendatuko ditu. Batzordeburutza, txandaka, parte hartzen duten bi alderdietako bakoitza izango da, urtebeteko epealdian.

Batzordea alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatuta bilduko da, batzordeburuak deialdia egin ondoren, eta gutxienez urtean behin, egindako lankidetzaren emaitzak aztertzeko.

Batzordeak txostenak eskatu ahal izango ditu hitzarmen honen xede diren neurri, emaitza eta gorabeherei buruz, eta bere eginkizunak hauek izango dira:

a) Hitzarmen honen xedea gauzatzearren bideratutako jarduerak egin daitezen proposatzea.

b) Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko egindako jardueren eta lanen jarraipena egitea.

c) Hartutako konpromisoen berrikuspen posibleak aztertzea eta, hala badagokio, proposatzea.

d) Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio-eginkizunak bultzatzea, hitzarmenaren helburuak ahalik eta egokien lortzeko.

e) Hitzarmena interpretatzea eta hura gauzatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea.

Batzorde hori, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen (aurrerantzean, SPAJL) 49.f) artikuluan ezarritakoa betez, bi alderdiek adostutako tresna da hala hitzarmenaren beraren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, nola sinatzaileek hartutako konpromisoena. Aipatutako Legearen 51.2.c) eta 52.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera beteko ditu bere eginkizunak, eta haren osaera nahiz eginkizunak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalaren edukira egokituko ditu.15. artikulua eta hurrengoak.

Zortzigarrena.– Datuen babesa.

Informazioaren segurtasunari eta datu pertsonalen babesari dagokienez, alderdiek honako jarduketa eta konpromiso hauek hartzen dituzte beren gain:

a) Datu pertsonalen tratamenduan, alderdi bakoitza izango da hitzarmena aplikatzeko behar diren tratamenduen erantzule, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua aplikatuz (DBEO). Erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez. BJKNren kasuan, Idazkaritza Nagusia da tratamenduaren arduraduna, DBEOren ondorioetarako. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kasuan, Justizia Administrazioaren Zuzendaritza da tratamenduaren arduraduna, DBEOren ondorioetarako.

b) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia arduratuko da Karrera Judizialeko kideek hitzarmen hau betez egindako zikloetan, ikastaroetan, mintegietan, solasaldi edo mahai-inguruetan parte hartzeari buruzko datu pertsonalak tratatzeaz, bai eta datu horietatik eratorritako irakaskuntza-, administrazio- eta ekonomia-jarduerak kudeatzeari eta izapidetzeari buruzko tratamenduez ere. Datu pertsonal horiek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren «Etengabeko prestakuntza eta prestakuntza osagarria» eta «Irakasleak» izeneko tratamendu-jardueretan sartuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, bestalde, zikloen, ikastaroen, mintegien, solasaldien edo mahai-inguruen garapenetik eratorritako irakaskuntza-, administrazio- eta ekonomia-jarduerak kudeatzeko eta izapidetzeko tratamenduen arduraduna da.

c) Alderdi sinatzaileen erantzukizun-eremuaren zehaztapena datuen titularrei jakinaraziko zaie klausula honen g) letran jasotako eskubideen berri ematean.

d) Hitzarmen honetatik eratorritako datuak identifikagarriak eta finantzarioak izango dira, eta hitzarmenaren xedean zehaztutakoa betetzeari zuzenduak.

e) Hitzarmen honetatik eratorritako tratamenduei eragiten dieten segurtasun-gorabeherarik gertatuz gero, alderdiek konpromisoa hartzen dute elkarri ahalik eta lasterren jakinarazteko, hartara ebazteko Kontrol Agintaritzari (Datuak Babesteko Espainiako Bulegoa/Datuak Babesteko Euskal Agintaritza) eta eragindako pertsonei jakinarazi beharrekoa den, hirurogeita hamabi orduko muga gainditu gabe, DBEOren 33. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, alderdiek konpromisoa hartzen dute intzidentea konpontzen laguntzeko eta bitartekoak jartzeko, berriz ere antzeko gorabeherarik gerta ez dadin.

f) Alderdiek informazioaren segurtasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko solaskideak izendatuko dituzte, eta horiek arduratuko dira gerta daitezkeen segurtasun-gorabeheren tratamendua jakinarazteaz eta koordinatzeaz.

g) Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, tratamendua mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, une bakoitzean beren egoitzei dagokien helbidean, edo, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kasuan, webgunean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez:

http://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Temas/Proteccion-de-Datos/Ejercicio-de-derechos--formulario-/

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kasuan:

https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/

Alderdiek konpromisoa hartzen dute, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharreko moduetan betetzeko: Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta hura garatzeko xedapenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), eta indarrean dagoen gainerako araudia.

Bederatzigarrena.– Konfidentzialtasuna.

Alderdiek adostu dute konfidentzialtasunez tratatuko dituztela hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean beste alderdiari eman zaizkion datu, dokumentazio eta informazio guztiak. Bi alderdiek adostu dute, halaber, informazio hori ez zabaltzea ezein pertsona edo erakunderi, bertako langileei izan ezik, baldin eta konfidentzialtasunari ere eusten badiote, eta hitzarmen hau behar bezala betetzeko beharrezkoa den neurrian soilik. Hori guztia Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legetik eratorritako publizitate- eta gardentasun-betebeharrei eragotzi gabe.

Konfidentzialtasun-akordioak indarrean jarraituko du baita hitzarmen hau azkendu ondoren ere, azkentzeko arrazoia edozein dela.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta eraginkortasuna.

Hitzarmen hau sinatzen den unetik aurrera jarriko da indarrean, eta 2028ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Epe hori beste lau urtez luzatu ahal izango da, baldin eta alderdiek berariaz adosten badute hitzarmena luzatzea, eranskin bidez, hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehenago, eta araudian aurreikusitako izapideak gauzatu ondoren.

Urtero sinatuko da dagokion gehigarria, urte bakoitzean egingo diren prestakuntza-ekintzak eta aurrekontu-ekarpenak jasoz.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena aldatzea, suntsiaraztea eta azkentzea.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da bi aldeek hala erabakitzen badute, dagokion aldaketa-gehigarria sinatuz. Eranskin hori hitzarmen honen agintari berberek sinatu beharko dute.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera:

Hitzarmena azkendu egingo da haren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat dagoenean.

Suntsiarazteko arrazoiak dira:

a) Hitzarmenaren indarraldia igarotzea.

b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Hitzarmena salatzea, sinatu den baldintzetan funtsezko aldaketak gertatu direla uste denean.

d) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, bi hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei jakinaraziko zaie.

Errekerimenduan adierazitako epea igaro eta ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.

e) Epaileak hitzarmena deuseza deklaratzeagatik.

f) Hitzarmenaren xedea ezinezko egiten duen ezinbesteko kausagatik.

g) Aurrekoez bestelako edozein arrazoirengatik, betiere legeetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiarazteak ez du eragingo gauzatzen ari diren jarduerak amaiaraztea, eta Jarraipen Batzorde Mistoak jarduera horiek amaitzeko epe luzaezin bat ezarriko du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan xedatutakoa betez.

Hamabigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluak arautzen du. Ez du kontratu-izaerarik.

Hitzarmen honen edukiaren interpretazioak, aldaketak, ondorioek edo suntsiarazpenak sor ditzakeen auzigaiak, alderdiek Jarraipen Batzorde Mistoan adostuta konpondu ez badituzte, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Egoitza elektronikoa, 2025eko apirilaren 24a.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Presidentea,

ISABEL PERELLÓ DOMENECH.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia eta Giza Eskubideen Sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA
BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN ETA EUSKO JAURLARITZAREN ARTEKO PRESTAKUNTZA-HITZARMENAREN ESPARRUAN PROGRAMATUTAKO JARDUERAK
2025. URTEA

2024ko abenduaren 11n, epaile eta magistratuen etengabeko prestakuntzaren arloko lankidetza-hitzarmenaren Jarraipen Batzordea bildu zen, elkarte judizialetako ordezkariekin eta berdintasuneko magistratu ordezkariarekin batera, hitzarmen horren esparruan 2025erako egin beharreko jarduerak diseinatzeko.

Programa hori lantzerakoan, egindako proposamenak hartu dira kontuan, epailetzako profesionalen artean hausnarketarako eta elkarrizketarako guneak ahalbidetzeko, jurisdikzio-funtzioa betetzeko interes berezia izan dezaketen gaien inguruko azterketa eta eztabaida sustatuz. Gaiak hautatzeko, ordena bakoitzaren alderdi egungoenak hartu dira kontuan. Ikastaroak jurisdikzio-ordena bakoitzerako espezializatuta egongo dira, baina eskainitako plaza guztiak betetzen ez badira, karrera judizialeko edozein kidek eskuratu ahal izango ditu, zerbitzuak ematen dituen eremua edozein dela ere. Bertaratuen gehieneko kopurua jarduera bakoitzean finkatzen da, xede-jurisdikzio-ordenaren arabera. Kasuren batean plaza baino eskatzaile gehiago balego, hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak plaza kopurua handitzen ote den aztertuko du. Kopurua handitzen ez bada eta plaza baino eskatzaile gehiago balego, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak egingo du hautaketa. Eskainitako plazen % 70era iristen ez diren eskaerak dituzten jarduerak automatikoki eten egingo dira.

Hasierako aurrekontu-partida berrogei mila eurokoa da (40.000,00), hogei mila eurokoa (20.000,00) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jarritakoa eta hogei mila eurokoa (20.000,00) Eusko Jaurlaritzak jarritakoa.

Hasiera batean, parametro hauek ezartzen dira, egiten diren jarduerak arautzeko:

•Prestakuntza-ekintzak zuzentzen, kozuzentzen eta koordinatzen dituzten pertsonek, egun bateko iraupena badute, seiehun eta berrogeita hamar euro (650,00) gordin jasoko dituzte gehienez zeregin horrengatik, txosten bat ematea edo mahai-inguru batean parte hartzea barne. Prestakuntza-ekintzen zuzendaritza-, zuzendarikidetza- eta koordinazio-lanak egiten dituzten pertsonen zeregina jardueraren zuzendaritza soilik bada, gehienez ere berrehun eta berrogeita hamar euro (250,00) jasoko dituzte. Jarduera batek bi zuzendari edo koordinatzaile edo gehiago baditu, horien guztien artean hainbanatuko da ordainsaria.

•Egun eta erdiko iraupena duten prestakuntza-ekintzen zuzendaritzan, zuzendarikidetzan eta koordinazioan diharduten pertsonek zazpiehun eta hirurogeita hamabost euro gordin (775,00) jasoko dituzte gehienez zeregin horrengatik, eta hor sartuko da hitzaldi bat ematea edo mahai-inguru batean parte hartzea. Prestakuntza-ekintzen zuzendaritza-, zuzendarikidetza- eta koordinazio-lanak egiten dituzten pertsonen zeregina jardueraren zuzendaritza soilik bada, hirurehun eta hirurogeita hamabost euro (375,00) jasoko dituzte gehienez. Jarduera batek bi zuzendari edo koordinatzaile edo gehiago baditu, horien guztien artean hainbanatuko da ordainsaria.

•Hizlari gisa esku hartzen duten irakasle laguntzaileek laurehun euroko (400,00) ordainsari gordina jasoko dute gehienez. Ponentzia bi hizlarik edo gehiagok partekatzen badute, ordainsaria haien guztien artean hainbanatuko da

•Prestakuntza-ekintzaren zuzendari edo koordinatzaile ez diren mahai-inguruetako parte-hartzaileek eta moderatzaileek hirurehun euroko (300,00) gehieneko ordainsari gordina jasoko dute beren lankidetzagatik.

•Goian adierazitakoekin bat ez datozen irakasle-lankidetzen kasuan, Hitzarmenaren Batzorde Betearazleak dagokion ordainsari gordina finkatuko du. Nolanahi ere, orduko 30,00 eta 100,00 euro artekoa izango da, eta gehienez 300,00 eurokoa.

Hitzarmen honen esparruan, ez dira zenbateko gehigarriekin ordaintzen txosten edo komunikazio idatziak.

Jarduera hauek proposatzen dira:

PV2501.– Garrantzi jurisdikzional berezia duten atzerritartasun-prozeduren kasuak.

Plazak: 10.

Iraupena: egun 1.

Zuzendarikideak: Emilio Lamo de Espinosa Vázquez de Sola jauna, Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiko magistratua; eta Alfonso Álvarez Buylla Naharro jauna, Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 5 zenbakiko Epaitegiko magistratua.

Eguna: maiatzaren 21a.

Lekua: Bilbo

PV2502.– Jurisdikzio zibilean masako auziari erantzuteko mekanismoak.

Plazak: 15

Iraupena: egun eta erdi.

Zuzendaria: Ana García Orruño andrea, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 4. sekzioko magistratua.

Eguna: ekainaren 5a eta 6a.

Lekua: Bilbo.

PV2503.– Lan-arloko jurisdikzioari dagozkion gaietako arau- eta jurisprudentzia-berritasunak.

Plazak: 15.

Iraupena: egun 1.

Zuzendarikideak: Garbiñe Biurrun Mancisidor andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidentea, eta Juan Carlos Benito Butrón jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salako magistratua.

Eguna: ekainaren 12a.

Lekua: Bilbo.

PV2504.– Nazioarteko lankidetza judiziala zigor arloan.

Plazak: 10.

Iraupena: egun 1.

Zuzendarikideak: Julián García Marcos jauna, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko magistratua, eta Ana Aurora Torres Hernández andrea, Bilboko Instrukzioko 10 zenbakiko Epaitegiko magistratua.

Eguna: irailaren 11.

Lekua: Donostia.

PV2505.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-arazoari buruzko jardunaldia.

Plazak: 10.

Iraupena: egun 1.

Zuzendaria: Jesús Agustín Pueyo Rodero jauna, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 1. sekzioko magistratua.

Data: zehazteke (irail amaieran edo urri hasieran).

Lekua: Urdaibai Bird Center (Gautegiz-Arteaga, Bizkaia).

PV2506.– Adingabearen babesa bisita- eta komunikazio-eskubidean.

Plazak: 15.

Iraupena: egun eta erdi.

Zuzendaria: Leticia Badiola Pérez andrea, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Bilboko 1 zenbakiko Epaitegiko magistratua.

Eguna: urriaren 9a eta 10a.

Lekua: Bilbo

PV2507.– Entzunaldi publikoko jarduketak.

Plazak: 15.

Iraupena: egun eta erdi.

Zuzendaria: Francisco Javier Ruiz Ferreiro jauna, Arabako Probintzia Auzitegiko magistratua.

Eguna: urriaren 23a eta 24a.

Lekua: Vitoria-Gasteiz.


Azterketa dokumentala