Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2025eko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2350

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 21ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari atxikiko zaizkion funtzionarioen zerrenda, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak subrogatuko duen langile lan-kontratudunen zerrenda ere.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren administrazio-erakunde autonomo gisa.

Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 90.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, «Nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa. Bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa du, eta enplegu-arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita dago».

Bosgarren xedapen gehigarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakunde autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoa bihurtzea arautzen du, eta, erakunde autonomoari atxikitako langileei buruz, hau ezartzen du bigarren apartatuan: «harreman juridikoak, ondarea, aktiboa eta pasiboa, baliabide materialak eta giza baliabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoarenak izango dira. Izan ere, erakunde hori haren ondorengoa izango da, modu unibertsalean, haren eskubide eta betebeharretan, entitate eraldatuaren aktibo eta pasibo osoa, egintza-batasunean, modu globalean lagatzearen eta integratzearen bidez».

Langile lan-kontratudunei dagokienez, hau xedatzen du hirugarren apartatuak: «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakundearekin lan-kontratu bat hitzartua duten eta lan-zuzenbidearen mende dauden langileak modu unibertsalean haren ondorengoa izango den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren plantillan sartuko dira. Langile horiek atxikita dauden talde, kategoria eta zerbitzu berberetan sartuko dira, eraldaketaren unean zituzten eskubide eta betebehar berberekin».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakunde autonomoari atxikitako funtzionarioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoari atxikiko zaizkio. Laugarren apartatuak xedatzen duenez, «funtzionarioek aukera izango dute, erregelamenduz ezarritako epean eta prozedurarekin, batetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoko langile lan-kontratudunen plantillan sartzeko, dagokien antzinatasuna aitortuta eta jatorrizko kidego edo eskaletan interes partikularragatik borondatezko eszedentzia-egoeran geratuta, edo, bestetik, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean edo hura ordezten duen arauan ezartzen diren mugikortasun-prozeduren arabera dagozkien lanpostuetan sartzeko. Langile lan-kontratudunen plantillan sartzeko aukera baliatzen ez dutenek funtzionario izaten jarraituko dute zuzenbide pribatuko erakunde publikoan, hargatik eragotzi gabe lege honen araubidea eta hura garatzeko araudia osorik aplikatzea eta eraginpeko funtzionarioek betetzen duten lanpostua iraungitzat jo ahal izatea, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen hamaikagarren xedapen iragankorrean edo hura ordezten duen arauan ezarritako baldintzetan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuak (maiatzaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen ditu, eta ezartzen du dekretua indarrean jartzen den egunean hasiko dela haren jarduna, eta egun horretan bertan azkenduko dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa. Bosgarren xedapen gehigarriaren arabera, dekretua 2025eko ekainaren 1ean jarriko da indarrean.

Halaber, laugarren xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio enplegu publikoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularrari zuzenbide pribatuko erakunde publikoari atxikiko zaizkion funtzionarioen zerrenda zehazteko, bai eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak subrogatuko dituen langile lan-kontratudunena ere. Zerrenda hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jardueraren hasierako egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Argitaratuko den zerrendan, 2025eko maiatzaren 15ean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari atxikita dauden funtzionarioak eta langile lan-kontratudunak jasoko dira, zerbitzu aktiboan daudenak edo zerbitzu aktiboaz bestelako erreserbadun egoera administratiboan daudenak, hargatik eragotzi gabe data horren ondoren gerta daitezkeen aldaketak.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuak eta apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak emandako eskumenaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Zehaztea 2025eko ekainaren 1ean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoari atxikiko zaion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari atxikitako kidego eta eskaletako (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legean jasotakoak) funtzionarioen zerrenda. Aipatutako zerrenda agindu honen I. eranskinean dago.

Bigarren artikulua.– Zehaztea 2025eko ekainaren 1ean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoak subrogatuko duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari atxikitako langile lan-kontratudunen zerrenda. Aipatutako zerrenda agindu honen II. eranskinean dago.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 21a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala