
101. zk., 2025eko maiatzaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (149 KB - 4 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
2333
4/2025 LEGEA, maiatzaren 22koa, Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoa sortzen duena.
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoa sortzeko maiatzaren 22ko 4/2025 Legea.
ZIOEN AZALPENA
Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideetan aritzearen arloan, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe. Horri jarraikiz eman zen 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa. Lege horrek 29. artikuluan ezartzen duenez, elkargo profesional berriak sortzeko, Eusko Legebiltzarraren lege bat beharko da, profesional interesdunek eskatuta behar besteko ordezkaritzaz eta behar bezala egiaztatuta.
Asociación de Ambientólogos IZE-Euskadi elkarteak Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoa sortzeko eskatu zuen, zeinean elkargokidea izatea borondatezkoa izango bailitzateke. Horren ondorioz, egindako eskaeraren oinarria eta legez eska daitezkeen baldintzak egiaztatzeko izapideak egin ziren. Baldintza horien artean, nabarmentzekoa da lanbidea elkargo batean antolatzea justifikatzen duten interes publikoko nahiko arrazoi egotea.
Urriaren 20ko 2083/1994 Errege Dekretuaren bidez, Ingurumen Zientzietako Lizentziadunaren unibertsitate-titulu ofiziala ezarri zen, eta titulua lortzeko ikasketa-planen berezko jarraibide orokorrak onartu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Zientzietako Lizentziadunaren titulaziora zuzendutako ikasketa-plana Euskal Herriko Unibertsitatearen 2001eko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez homologatu zen. Geroago, Euskal Herriko Unibertsitatearen 2004ko otsailaren 16ko Ebazpenaren bidez, plan horretan egindako aldaketa argitaratzeko agindu zen.
Asociación de Ambientólogos IZE-Euskadi elkartearen arabera, nabaria da ez dagoela ingurumen-adituaren lanbide-profilaren aitorpen formalik, hala enpresa pribatuan, nola sektore publikoan, eta, gabezia horren aurrean, ordezkaritza-ekintza eta -kudeaketa ugari egin behar izan ditu elkarteak. Ekintza eta kudeaketa horiek, izatez, egokiago egin ditzake elkargo profesional batek, bere kideak ordezkatzea eta horien lanbide-interesak defendatzea baita bere lan-esparrua, eta horrexegatik aurkeztu dute elkargo profesionala sortzeko eskaera.
Interes publikoaren ikuspegitik, elkargoa sortzeak baliagarria izango da ingurumen-zientzietako profesionalek ematen diren zerbitzu profesionalen zorroztasuna eta kalitatea bermatuz jardun dezaten lanbide horretan, hobeto eta gehiago babesteko bai ingurumena, bai elkargokideen zerbitzuak kontsumitzen eta erabiltzen dituzten pertsonen interesak.
Bestalde, Profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 21. artikuluak aurreikusten du dagokion elkargoa sortzeko xedapena egiteko prozeduran gaiaren arabera eskumena duen sailak parte hartu behar duela; kasu honetan, Ingurumen Zientzietan tituludunak izanda, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila.
1. artikulua.– Xedea eta izaera.
Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi izeneko elkargo profesionala sortzen da, zuzenbide publikoko korporazio gisa eta nortasun juridiko propioarekin.
Lege honetan xedatutakoaren arabera elkargoaren gobernu-organoak eratzen diren unetik aurrera eskuratuko dira nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa.
Elkargoak ez du izango lanbidearen ordezkaritza instituzional esklusiboa, inskripzioaren borondatezko izaerarekin bat etorriz. Lanbidean jarduteko arauak onartu ahal izango ditu, elkargokideetara mugatzen badira, eta arau horiek behar bezala betetzen direla zaindu. Horrez gain, diziplina-ahalak ere erabili ahal izango ditu, arauak hausten dituena elkargotik kanporatzera eraman dezaketenak. Gainera, elkargo profesionalen berezko eginkizunak beteko dituzte, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legearen 24. artikuluan jasotakoak, baldin eta inskripzioaren borondatezko izaerarekin bateragarriak badira.
2. artikulua.– Lurralde-eremua.
Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoa du lurralde-eremu.
3. artikulua.– Eremu pertsonala.
Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoan borondatez sartu ahal izango dira hala eskatzen duten eta unibertsitate-titulu hauetakoren bat duten profesionalak:
a) Ingurumen Zientzietako lizentziatura, urriaren 20ko 2083/1994 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera lortua. Izan ere, 2083/1994 Errege Dekretuak, urriaren 20koak, Ingurumen Zientzietako Lizentziadunaren unibertsitate-titulu ofiziala ezartzen du eta titulu hori lortzeko ikasketa-planen berezko jarraibide orokorrak onartzen ditu.
b) Ingurumen Zientzietako gradua, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan edo ondorengo araudi aplikagarrian aurreikusitakoaren arabera lortua.
c) Aurrekoen baliokidea den unibertsitate-titulu ofiziala, agintaritza eskudunak aitortua edo homologatua.
4. artikulua.– Administrazioekiko harremanak.
Bere helburu instituzional edo korporatiboak betetzeko, Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoak harremanak izango ditu elkargo profesionalen gai orokorrez eskumena duen sailarekin eta, lanbidearen berezko edukiei dagokienez, ingurumen-eskumena duen sailarekin. Halaber, bere jarduera profesionalak hala eskatzen badu, harremanak izango ditu, orobat, Administrazio orokorreko, autonomikoko edo foraleko erakundeekin.
5. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoak elkargo ofizial eta profesionalei buruzko legediaren arabera jokatuko du, bai eta bere estatutuen arabera eta, halakorik badago, barne-araubidearen araudiarekin bat etorriz ere.
2.– Estatutuek profesionalen elkargoen legeak agintzen dituen arloak arautuko dituzte eta, estatutuak egiteko, onartzeko eta aldatzeko, aintzat hartuko dira indarrean dagoen legediak ezarritako betebeharrak.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kudeaketa batzordea.
1.– Kudeaketa-batzorde bat eratuko da, Asociación de Ambientólogos IZE-Euskadi elkarteak izendatutako bi kidek eta Euskal Herriko Unibertsitateak izendatutako bi kidek osatua.
2.– Batzordeak bi sexuen proportzio orekatua izango du. Batzordeburua Asociación de Ambientólogos IZE-Euskadi elkarteak izendatutako pertsona bat izango da. Presidenteak batzordearen lanak antolatu eta bultzatuko ditu eta, berdinketa gertatuz gero, boto erabakigarria izango du.
3.– Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
a) Elkargo profesionalaren lehenengo estatutuak idaztea. Estatutu horietan elkargoaren batzar eratzailea arautu beharko da, eta deialdia egiteko modua eta garatzeko prozedura zehaztu beharko dira.
b) Elkargokide bihurtzeko epea irekitzea eta agintzea.
c) Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoaren osoko bilkurarako deia egitea.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Elkargokide bihurtzeko epea.
Elkargoaren estatutuak argitaratu eta hiru hilabeteko epean, Kudeaketa Batzordeak elkargoko kide bihurtzeko epea irekiko du, lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten profesional guztiak Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala-Colegio Profesional de Personas Tituladas en Ciencias Ambientales de Euskadi elkargoan sartu ahal izateko. Horretarako, baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
Interesdunak elkargokide bihurtzea errazteko, Kudeaketa Batzordeak iragarki bat argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietako bitan, gutxienez. Iragarki horretan, lekua eta epea noiz irekiko den adieraziko da.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Osoko bilkuraren deialdia.
1.– Elkargokide bihurtzeko epea irekitzen denetik bederatzi hilabete igaro ondoren, Kudeaketa Batzordeak elkargo profesionalaren osoko bilkurarako deialdia egingo du, batzar orokor eratzailea egiteko.
2.– Hauek izango dira elkargoaren batzar eratzailearen eginkizunak:
a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onartzea.
b) Elkargoko organoetan dagozkien karguak bete behar dituzten pertsonak hautatzea.
3.– Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Behin betiko estatutuak, onartu ondoren, elkargoaren batzar eratzailearen aktaren ziurtagiriarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan elkargo profesionalen arloan eskumena duen organoari bidali beharko zaizkio, haien legezkotasunari buruzko irizpena eman dezan, Elkargo Profesionalen Erregistroan inskriba dadin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
5.– Bai elkargoaren estatutuak egitean, bai gobernu-organoko kideak hautatzean, kontuan hartu beharko da, zuzenbide publikoko korporazio den aldetik, ordezkaritza orekatua izatea botere publikoetako zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 26a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
RSS