
100. zk., 2025eko maiatzaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (330 KB - 21 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2325
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 16koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen eta iragartzen baitira «Lortu» 2025 laguntza-programa arautzen duten oinarriak.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, informazioaren eta ezagutzaren gizartearen garapenari eta enpresen ekintzailetza sustatzeari Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ildo horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehuna sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira industria-lehiakortasuna sustatzea helburu duten laguntza-programak.
Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna enpresen lehiakortasuna sustatzea den arren zenbait palanka aktibatzearen bidez, garrantzitsua dela uste da planteatzen diren erronkei heltzea, epe ertain eta luzean finantza-osasuna izateko. Horren mende dago haren lehiakortasunean eragin zuzena duten planei eta proiektuei heldu ahal izatea.
Erakunde publiko nahiz pribatuak ahalegintzen dira enpresen esku jartzen laguntzeko neurriak, enpresa-jarduerarekin sendotasunez eta kaudimenez jarraitu ahal izateko. Mundu globalizatuan, enpresek aurre egin behar izaten diete ekonomia-, osasun- eta ingurumen-arloko krisiek edo gerra-gatazkek eragiten dituzten erronkei, bai eta horien guztien ondoriozko eragin ekonomiko-finantzarioei ere. Hortaz, enpresek zenbait neurri hartu behar izaten dituzte lehiakortasuna mantendu eta sendotu ahal izateko.
Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da helburu nagusi batekin: industria-produktuari eta -prozesuari lotutako industria-enpresen eta zerbitzu-enpresen bideragarritasuna babestea, haien jarduerari jarraipena emateko eta etorkizuna ziurtatzeko, haien zati operatiboa eta bereziki finantza-zatia antolatuz.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko («DAEL») abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.2.a) artikuluan eskatzen denez, lege horretan aipatutako dirulaguntzak, besteak beste, publizitatearen printzipioaren arabera kudeatu eta eman behar dira. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak xedatzen du dirulaguntza mota edo dirulaguntza-programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
SPRIko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez Programari zegokion gastua baimendu zen.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Onestea «Lortu» 2025 laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia, zeintzuen edukia atxikita baitago erabaki honen eranskinean.
Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean administrazioarekiko auzi-epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2025eko maiatzaren 16a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
LORTU 2025 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatzearen bidez euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.
Lehiakortasun-palanketako jarduketa-politikekin bat datorren tresna da «Lortu» programa. Programaren xedea da enpresei laguntzea finantza-osasuna lortzen, eta, horretarako, denboran zehar haien bideragarritasuna eta jasangarritasuna arriskuan jar ditzaketen erronkei (erakundearenak zein erakundetik kanpokoak) erantzun behar zaie, enpresek aukera izan dezaten plan eta proiektuei heldu eta lehiakortasuna sendotzeko epe motz, ertain eta luzera. Finantza-osasuna esatean erakunde batek finantza-baliabideen kudeaketa onaren ondorioz lortutako ongizateaz ari gara, ordaintzeko betebeharra bete eta sarreren eta gastuen gorabeheren aurrean erresilienteak izateko aukera ematen duena, enpresaren oraingo eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko, haien lehiakortasuna zaintzeko edo areagotzeko proiektuei heltzen jarraitzeko aukerarekin.
Enpresa askoren jarraipena lotuta dago berregituraketa-prozesuak negoziatzeari, eta bizirik iraun duten enpresa askok euren aktiboa berregituratzeko eta zorra erabat birfinantzatzeko duten gaitasunari esker iraun dute. Berregituraketa bat ez da soilik zorra birfinantzatzea: kasu gehienetan, birfinantzaketak aktiboak edo zati operatiboa berregituratzeko ere eskatzen du.
Aldea dago ikuspuntu operatibotik eta finantza-ikuspuntutik jorratu beharreko kontuen artean. Lehenengoek prezio eta kostuei, kobrantza eta ordainketei, gastuei, inbentarioari, eta abarri buruzko erabakiei leku handiagoa ematen diete, eta bigarrenek, berriz, gai operatibo horiek finantzatzeko moduari buruzko erabakiak behar dituzte, kapital-egitura, zorraren egitura, bien kostua eta horiek nola edo noiz eskuratu behar diren aztertuz. Finantza-osasuna izateko eta zaintzeko, enpresek osasun horretan eragina duten aldagai guztiak aztertu behar dituzte eta beharrezkotzat jotako gainerako guztiak ere bai.
Laguntza horren bidez, kontu horietan eragina duen alderdi bakoitzaren aurretiko diagnostikoa egin nahi da, bi aldeen arteko lan partekatuaren bidez. Zeregin horretan, aditu independenteak enpresaren egungo egoera ezagutu ahal izango du, eta, horrela, lagundu ahal izango dio plan bat egiten eta alde guztiek beharrezkotzat jotzen dituzten erabakiak eta neurriak hartzen.
Berregituraketa operatiboak egiten dituzten enpresa askok likidezia-arazo bat hautematen dute, eta arazo hori sortu daiteke galera-irabazien kontuan islatzen diren eragiketa-politiken ondorioz, enpresaren maniobra-funtsaren kudeaketarekin zerikusi handiagoa duten alderdi operatiboen ondorioz, aktibo finkoetan inbertitzeko politika ez-efiziente baten ondorioz edo kapital- eta zor-egitura egokirik ez izatearen ondorioz.
Behin enpresaren aldi baterako berregituraketa eta birfinantzaketa behar duen likidezia-arazoa identifikatuta, plan bat egin behar da, epe labur, ertain eta luzekoa, non jasoko baitira likidezia operatiboa hobetzeko ezarriko diren neurri operatiboak eta enpresa bideragarri egiteko behar diren baliabideak.
Bestalde, erakundearen tamaina funtsezko lehiakortasun-faktorea da askotan; izan ere, baldintzatu egiten ditu eskura dauden baliabideak eta inbertsioak egiteko beharrezkoa den kapitala lortzea, ekoizpen-gaitasuna eta sinergiak lortu eta bezero berriengana eta merkatu berrietara heltzeko. Hori dela eta, erakundeek hartu behar dituzten erabakien artean, bazkideak aurkitzea da finantza-osasuna lortzeko aukeretako bat.
Horrek guztiak analisi bat eta plan bat egiteko eskatzen du, enpresaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten neurri identifikatuak aurrera eraman ahal izateko, finantza-osasuna izan dezan, eta horrek, aldi berean, bere lehiakortasuna indartzeko aukera emango dio.
Horretarako, egokitzat jotzen diren neurri operatibo eta finantzarioak antzeman eta ezarri behar dira. Baliteke horiek identifikatu eta abiaraztea prozesu konplexua izatea eta enpresak ez izatea beharrezkoak diren baliabideak. Birfinantzaketa beharrezkoa den kasuetan, enpresak aldebiko negoziazioari egin behar dio aurre finantza-erakundeekin, hainbat aukera egon daitezkeen testuinguru batean. Hala ere, baliteke berregituratze horrek eragile gehiago inplikatzea, hala nola finantza- eta merkataritza-hartzekodunak, akziodunak, langileak, bezeroak eta Ogasun Publikoa eta Administrazioak. Bideragarritasun- edo berregituratze-planak oreka bilatu behar du enpresaren bideragarritasunaren eta eragileen sakrifizioen artean.
Mota horretako prozesuak diagnostikatzeko eta lantzeko zailtasun tekniko eta operatibo handiak daudenez, adituen laguntza erabakigarria da emaitza arrakastatsuak lortzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da enpresei laguntzea horrelako prozesuetan parte hartzen, gaian esperientzia duten kanpoko profesionalek lagunduta. Hori dela eta, garrantzi berezia du enpresei laguntza profesional aditua emateak finantza osasunari ekiteko.
Horregatik guztiagatik, laguntza honen bidez, kanpoko profesionalek emandako zerbitzuak kalitatezkoak izatea lortu nahi da, finantza osasun-proiektua gauzatzeko aldi osoan alderdien arteko lankidetza estua izango dela ziurtatuz, eta lankidetza hori gailenduko dela dokumentuak egiten direnetik neurriak betearazteko laguntza ematen den arte. Proiektu osoarekin lortutako arrakasta ulertuko da bi aldeen arteko lankidetzaren emaitza izango dela, eta, horregatik, laguntza hori zenbait jarduketa betetzearen baldintzapean egongo da.
Amaitzeko, adierazi behar da programa jasota dagoela erakundearen 2025-2028 eperako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onetsi baitzen eta erakundearen gardentasun-atarian argitaratu baitzen. Programak Planeko helburu hauek betetzen laguntzen du: «Kanpoko laguntza profesionala ematea industria-produktu eta -prozesuekin lotutako zerbitzu- eta industria-enpresei, halakorik behar dutenei, elkarrekin finantza-osasuneko proiektu bat egin ahal izateko, enpresaren jarraitutasuna eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak azter ditzaten. Horri guztiari esker, ekintza-plan bat gauzatu ahal izango da epe labur, ertain eta luzerako finantza-egonkortasuna eta bideragarritasuna lortzeko, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin».
1. artikulua.– Xedea.
Kanpoko laguntza profesionala ematea industria-produktu eta -prozesuekin lotutako zerbitzu- eta industria-enpresei, halakorik behar dutenei, elkarrekin finantza-osasuna lortzeko aukera emango dien proiektu bat egin ahal izateko. Horretarako, egoeraren diagnostikoa egin behar da, ondoren, enpresaren jarraitutasuna eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak osatzeko.
Erabaki horien ondorioz, neurri operatibo zein finantzarioak hartu behar dira eta ekintza-plan batean jaso. Neurri horiek, ondoren, laguntza eta aholkularitza emateko esparru batean gauzatu beharko dira. Horri guztiari esker, prozesu bat abiarazi ahalko da enpresaren lehiakortasuna hobetzeko, eta, beharrezkoa balitz, berriro negoziatu ahal izateko finantza-zorrak, finantza-egonkortasuna eta bideragarritasuna lortzeko epe labur, ertain eta luzera. Era berean, beharrezkoa balitz, ekintza-planak eragiketa korporatibo bat negoziatzeko prozesua jaso beharko luke.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren ondoz ondoko konkurrentzia-prozedurari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.
2.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.
3.– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, 2023ko abenduaren 13ko Europako Batzordearen 2831/2023 (EB) Araudian ezarritakoa bete behar dute («2831/2023 Araudia»).
4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako zenbatekoekin, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzearekin edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2025eko baliabide ekonomikoak 570.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funtsen izaera mugatua dela eta, programaren asmoa da laguntzak ahalik eta azkarren ematea eskatu ondoren; beraz, esleipena hurrenkerari jarraituz egingo da, espedientea osorik dagoenean, eta laguntzak ebazpen baten bidez ukatuko dira programaren gehieneko zuzkidura gainditzen badute.
3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web-orrian (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Enpresa industrialek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako industria- eta zerbitzu-enpresek eskura ditzakete programa honetan aurreikusitako laguntzak, 5. artikuluaren arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduerarako zentro bat badute.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda badaude.
2.– Honako hauek ezin izango dituzte eskuratu deialdiaren xede diren dirulaguntzak:
a) Sektore publikoren bateko kide direnek, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek, aplikatzekoa den guztian.
Bereziki, kontuan izango da eskatzaileek zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak beteta dituztela Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, ulertuko da egunean dituztela dirulaguntzen itzulketaren ondoriozko betebeharrak, baldin eta zor horiek geroratuta edo zatikatuta eta bermatuta badaude, edo zor horiek etenda badaude itzulketarako ebazpena aurkaratu delako.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.
d) LGBTIfobia sortzen, bultzatzen edo sustatzen dutenek, konbertsio-terapia egin edo bultzatzea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legean xedatutakoarekin bat.
e) Lortu programaren onuradunak izan direnek 2023ko deialdian edo ez dituztenek likidatu Lortu programaren aurreko deialdiko laguntzaren xede izan diren jarduerak. Ezintasun hori hedatu egingo da onuradunaren enpresa-talde bereko enpresetara.
f) Kanpoko enpresa adituarekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetza dutenek edo gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna dutenek.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko (salbuespen bakarra DEALen 13.1.b) artikuluan aurrez ikusitako konkurtso-egoerei buruzko debekurik eza da) aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako baldintza betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat dutela.
– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako baldintzak egiaztatzeko, 11. artikuluko dokumentazioa eta informazioa aurkeztuko dira edo erantzukizunpeko adierazpena egingo da oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera; bigarren aukera hautatuz gero, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatutakoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpen bidez ziurtatutako baldintzen egiazkotasuna, dagokionean, ikuskapen-ikustaldi bidez edo dokumentazioa eskatuta egiaztatu ahal izango da.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta exekuzio-epea.
1.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak izango dira onuradunen erakundeetan finantza-osasuna lantzeko proiektuak, baldin eta honako hauek ondoz ondo ahalbidetzen badituzte:
a) Onuradunaren abiapuntuko egoeraren diagnostikoa egitea.
b) Ekintza-plan bat egitea abiapuntuko egoeraren diagnostikotik abiatuta, onuradunaren bideragarritasuna bermatzeko eta haren lehiakortasuna sendotzeko beharrezkoak diren ekintzak zehaztu ahal izateko. Ekintza Plana egokitzat jotzen diren alderdietatik landu behar da, hau da, alderdi estrategiko eta operatibotik (egiturazko, merkataritzako, produktuko, fabrikazioko eta abarreko neurriak biltzen dituena), bai eta, beharrezkoa izanez gero, alderdi finantzariotik (birfinantzaketa edo eragiketa korporatibo potentzial bat lantzen duena) ere.
c) Ekintza Planean jasotako neurriak gauzatzea finantza-osasuna izateko, eta, hala badagokio, finantza-pasiboaren birfinantzaketa ahalbidetzea prozesuan inplikatutako hartzekodun guztiekin.
Ondore horretarako, finantza-osasuntzat hartuko da, alde batetik, enpresa batek lortzen duen ongizatea uneko eta etorkizuneko ordainketa-betebeharrak betetzeko finantza-baliabideen kudeaketaren bidez; eta, bestetik, operatiboan eragina duten gainerako faktoreen kudeaketa ekonomiko ona. Horri esker, proiektuak modu jasangarrian egin ahalko dira, eta lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko gai izango da. Enpresa baten xedea kaudimen ekonomikoa izango da, uneko eta etorkizuneko betebehar ekonomikoei aurre egiteko eta jarduera modu jarraian egin ahal izateko.
Kasu jakin batzuetan enpresaren pasibo finantzarioaren baldintzak hobetuko dituen birfinantzaketa egin beharko da, zorraren zerbitzuaren epeak eta baldintzak hobetzeko xedez.
Ondorio horietarako, birfinantzaketa-proiektutzat hartuko dira diruzaintzako tentsioen edo kaudimengabeziaren ondorioz pasibo finantzario osoaren terminoak eta baldintzak aldatzen saiatzen diren ekintzak. Prozesu hori bukatu ondoren, enpresaren egoera finantzarioa egonkorragoa eta jasangarriagoa izan beharko luke.
Bat-egite edo erosketaren bidez eragiketa korporatibo bat gauzatu daitekeela uste den egoeretan, Ekintza Planak enpresa onuradunaren egungo eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko neurriak jasoko ditu.
2.– Proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da enpresa edo enpresa-talde bakoitzeko.
3.– Proiektuak hasten direnetik gehienez ere 9 hilabeteko epean gauzatu beharko dira.
6. artikulua.– Gastu hautagarriak.
Gastu hautagarritzat hartuko dira kanpoko enpresek egindako aholkularitza-gastuak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Onuradunaren abiapuntuaren egoeraren diagnostikoa egiteko gastuak, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik;
b) Ekintza-plan bat egiteko gastuak, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne; eta
c) Ekintza Planean jasotako neurriak gauzatzearen gastuak, finantza-osasuna lortzeko prozesuan laguntza eta aholkularitza emanez, pasibo finantzarioa berriz negoziatzea barne.
7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
1.– Programa honen xede den jarduerarekin zuzenean lotuta egon behar dira.
2.– Laguntza-eskaera SPRIn aurkezten denetik eta proiektua gauzatzeko ezarritako epean zehar sortu edo fakturatu beharko dira. Halaber, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira.
3.– Kanpoko enpresek egindakoak.
4.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastuaren balioa txikitu egingo da.
5.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.
6.– Aditu independentearen eskaintzak proiektuaren proposatutako lanorduen kopurua eta aholkularitza espezializatu eraginkorraren ordu bakoitzeko prezioa adierazi beharko ditu, eta jarraian jasotako jarduketak zehaztu beharko ditu:
i.– Onuradunaren abiapuntuaren egoeraren diagnostikoa egitea, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik.
ii.– Ekintza-plan bat egitea, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne.
iii.– Ekintza-plana eta bertan planteatutako neurriak gauzatzea.
iv.– Finantza-osasuna lortzeko plana gauzatzean laguntza eta aholkularitza ematea; beharbada beharrezkoa izango da laguntza ematea pasibo finantzarioa berriro negoziatzeko, edo eragiketa korporatibo posible bat aztertzeko edo negoziatzeko.
7.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak erosteko kostua ezingo da inolaz ere merkatuko balioa baino handiagoa izan. Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua edo aholkularitza espezializatuaren orduko prezioa handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien zenbatekoa murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
8.– Ez dira gastu hautagarritzat hartuko eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak.
9.– Oinarri hauen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira DAELen 31.3 artikuluarekin bat datozenak. Onuradun batek azpikontratatu edo kontratatu duela ulertuko da dirulaguntzaren xede den jardueraren egikaritze osoa edo partziala hirugarrenekin hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko kontratatu behar dituen gastuak. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke, eta hirugarrenekin diruz lagundutako jarduerak kontratatu edo azpikontratatzeko aplikagarriak izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada eta hirugarrenekin kontratua egin beharra badago, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, mailegatzen edo hornitzen dituzten behar besteko erakunderik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
Jaso dituen eskaintzetatik zein aukeratu duen adierazi beharko du dirulaguntza-eskaeran. Aukeraketa hori eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egin beharko da, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean hautatutako eskaintza ez denean ekonomikoki onuragarriena.
10.– Kanpoko enpresa adituek ezingo dute laguntzaren eskatzailearekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetzarik izan, ezta gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere. Erakunde eskatzaileak ere baldintza bera bete beharko du kanpoko enpresa adituari dagokionez.
11.– Kanpoko enpresek eta proposatutako taldeak esperientzia egiaztatua izan beharko dute proiektuaren esparruan, eta eskaintzan honako datu hauek jaso beharko dira:
– Proiektua gauzatzeko osatutako taldean parte hartzen duten pertsonen izena, prestakuntza eta esperientzia osoa;
– Esperientzia antzeko eragiketatan:
– Lankidetzan aritu diren izaera bereko eragiketen kopurua;
– Eragiketa motak;
– Eragiketa horiek zein sektoretan kokatzen diren;
– Parte hartu duen 3 eragiketa nagusien deskribapen laburra;
– Mota horretako eragiketetan birfinantzatutako zorraren bolumena; eta
– Eragiketa horietan lortutako emaitzak/lorpenak.
8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Deialdi honen xede diren laguntzak gastu hautagarrien % 80aren dirulaguntza bezala egituratuko dira, eta gehienez ere 30.000 euroko dirulaguntza emango da enpresako deialdi honetan.
9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete.
2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.
4.– Erakunde onuradun batek gehienez 300.000 euroko minimis laguntza jaso ahal izango du azken hiru urteetan.
5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez ez eta arriskuko finantzaketa-neurri bererako estatuko laguntzei ere, baldin eta metatze horrek gainditu egiten badu laguntzaren intentsitatea edo dagokion laguntzaren kopurua handiena. Kopuru handien hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kopurua murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.
10. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.
2.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera bete beharko dute SPRIren webgunean dagoen aplikazio informatikoaren bidez; horren bidez, eskatzaileek, pantaila jarraikien bidez, oinarri hauekin bat eskatzen zaien informazioa ikusi ahalko dute.
3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek.
4.– Laguntza-eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.
5.– SPRIk kontsultatu egingo du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, bai eta enpresa EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) altan emanda dagoela ere. Edonola ere, laguntza-eskaerak barnean hartzen du eskatzaileak SPRIri kontsulta hori egiteko aukera ukatzea. Kasu horretan, onuradunak aurkeztuko ditu dagozkion ziurtagiriak.
11. artikulua.– Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza-eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
1.– Administrazioaren dokumentazioa/informazioa:
a) Erantzukizunpeko adierazpena Eranskineko edukiaren arabera, adierazpen horretan adierazitako laguntzei buruzko datuekin.
b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea.
c) Erakunde onuradunaren IFZ.
d) Finantza-erakundearen ziurtagiria erakunde onuradunaren izenean titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) ziurtatzen dituena, ordainketak egin ahal izateko.
2.– Dokumentazio teknikoa:
a) Aditu independente baten aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua eskatzeko beharra justifikatzen duen memoria. Memoria horretan, eskaeraren datan, honako puntu hauek landu beharko dira:
a.1.– Enpresaren jarduera eta egungo egoera;
a.2.– Enpresako arloetan identifikatutako arazo operatiboak eta finantzarioak (horiek jarduera ekonomikoan duten eragina);
a.3.– Egin diren balizko ekintzak edo egin daitezkeenak arazo horiek eragindako egoerari aurre egiteko eta finantza-osasuna hobetzeko (bai alderdi operatiboan, bai finantza-alderdian);
a.4.– Finantza-posizio garbiaren egoera;
a.5.– Finantza-hartzekodunen zerrenda, baita bakoitzaren zor-posizioa ere;
a.6.– Aditu independente bati laguntza eskatzeko beharra eta arrazoiak. Justifikatu egin beharko da finantza-osasuneko proiektua egitearen garrantzia –proiektu hori gabe, enpresaren bideragarritasuna arriskuan egongo litzateke–. Era berean, justifikatu egin beharko dira enpresaren egoerari eragiten dioten erronkak, eta deskribatu egin beharko da enpresa eskatzailean izan duten inpaktua, arazo operatibo eta finantzarioetan jasotako justifikazio zehatzarekin.
a.7.– Dirulaguntza honen xede den zerbitzuarekin lortu nahi diren helburuen deskribapena.
b) DAELen 30.3 artikulua ezarrita, erakunde onuradunak eskatu beharreko hiru aurrekontuak.
c) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratu bada, «Negozio-plana» aurkeztu beharko du.
3.– Soilik harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartuko da programaren onuradun gisa agertzen den enpresari dagokiona.
4.– Eskatzaileek, programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harremanetan, ahoz edo idatziz euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta hizkuntza berean artatuak izateko eskubidea izango dute.
12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2025eko urriaren 31n amaituko da. Era berean, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2025eko urriaren 31ko 15:00etan (Espainiako ordu penintsularra) amaituko da.
Izapidetzeko onartuko dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuak.
13. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Laguntza-eskaerak organo kudeatzaileak kudeatuko ditu, espedientea osorik dagoen unearen arabera.
2.– Proiektuak aztertzeko, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatuko da:
a) Proiektua programara egokitzea.
Proiektuaren izaera 1. artikuluan jasotako programaren helburuekin bat datorrela egiaztatuko da, proiektuaren, planteatutako ekintzen eta lortu nahi diren helburuen argitasunaren arabera.
b) Aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna proiektua gauzatu ahal izateko.
Egiaztatuko da kanpoko aholkulariak aurkeztutako eskaintza argia dela garatu beharreko ekintzei dagokienez eta oinarri hauetara egokitzen dela, proiektua behar bezala garatzen dela bermatzeko.
c) Finantza-aholkulari adituaren egokitasuna.
Finantza-aholkulari adituak bere prestakuntza akademikoan (goi-mailako unibertsitate titulazioa) eta finantza-osasuneko proiektuetan (kudeatutako hiru proiektu gutxienez) esperientzia dituela egiaztatuko da.
Aurreko baldintza guztiak betetzen ez dituzten jarduerak dituzten laguntza-eskaerak ukatu egingo dira.
3.– Prozeduraren ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eskaeren aurkezpen-ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean.
4.– Ebazteko epea. Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik aurrera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera gaitzetsi egin dela ulertuko da.
5.– Erakunde eskatzaileei ebazpenaren berri ematean, honako hauek adieraziko dira: ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa, haren baldintzak eta diruz lagundu daitekeen jarduketa gauzatzeko epeak, eta hura garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza.
6.– Ebazpena baliabide elektronikoen bidez eman eta jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari, ematen denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean.
7.– Denek emandako laguntzen berri izan dezaten, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.
8.– Emakida-ebazpenean onuradunari minimis laguntza dela jakinaraziko zaio.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Behin diruz lagundu daitekeen jarduketak finantzatuta, erakunde onuradunek proiektuaren egikaritzea justifikatu beharko dute SPRIren webgunean eskuragarri dauden likidazio-eskaeraren inprimakiak erabiliz.
2.– Likidazio-eskaera erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektronikoaren bidez.
3.– SPRIk ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituelako egiaztagiria, bai eta enpresa EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) alta emanda dagoela ere, baldin eta onuradunak uko egiten ez badu. Kasu horretan, onuradunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
4.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu.
5.– Likidazio-eskaera proiektua amaitu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta, edonola ere, beranduenez 2026ko irailaren 16an. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Egikaritutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu hautagarrien fakturak, kostuak banakatuta.
b) Finantza-erakundearen ordainketako banku-egiaztagiriak, proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuena.
c) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, aldatu bada eta ondorioz aurretik aipatutakoa ez bada.
d) Gauzatutako lanak egiaztatzeko erakunde hornitzaileak proiektua egikaritu ondoren egiten duen memoria teknikoa, zeinak honako informazio hau jasoko duen:
– Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa, ikuspuntu operatibo zein finantzarioaren arabera. Diagnostikoa zenbait ikuspegiren arabera egin behar da, besteak beste honako hauek adibidez: finantza-egoera (egoera-orri finantzarioak, funtsen jatorria eta erabilera, inbertsio-politika, zorraren kalitatea eta diru-sarreren eredua aztertuko dira), produktuek eta zerbitzuak (bezero-zorroa, produktuak, merkatu-segmentazioa, prezioak eta horien bilakaera, lehiakortasuna, osagai teknologikoak, urtarokotasuna, etab.), barneko prozesuak (ekoizpen-prozesuak, logistika, erosketak, hornitzaile-katea, etab.), bai eta antolaketa estrukturaren eta giza baliabideen arabera ere (enpresaren egiturarekin lotutako alderdiak, giza baliabideen eta baliabide teknikoen banaketa arloetan, etab.).
– Ekintza Plana, zeinak proiektua egikaritzean egindako ekintzen eta hobekuntzen deskribapena eta etorkizunean ezarri beharreko neurrien deskribapen laburra jasoko duen, egindako abiapuntuaren diagnostikoan oinarrituta.
– Zorra birfinantzatu behar izanez gero, zehaztu egin beharko dira hasitako ekintzak eta hasi gabe daudenak. Era berean, eragiketa korporatibo baten aurrean egonez gero, zehaztu egin beharko dira hasitako ekintzak eta hasi gabe daudenak.
– Aurreko bi puntuetan jasotako jarduketak egikaritzeko behin betiko kronograma; eta
– Ekintza Planean finantza-osasuna eskuratzeko aukera ematen duten neurriak gauzatzean finantza-aholkulariak egindako laguntza-ekintzak, hala nola finantza-pasiboa berriz negoziatzea, eragiketa korporatibo bat negoziatzea, etab.
e) Jarduketak dirulaguntzaz gain, berezko funtsen edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuen bidez finantzatu badira, diruz lagundutako jarduera horietarako lortu diren funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.
6.– Ez dira kontuan hartuko Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.
7.– SPRIren Industria Garapena Sailak jarraipen-bilerak egiteko eskatu ahal izango dio onuradunari proiektua egikaritzen den bitartean, edozein unetan.
8.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean.
15. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaeren zuzenketa.
Laguntza- edo likidazio-eskaera ez badira guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.
Epea igaro eta ez bada zuzenketa egin, laguntza-eskaeran atzera egin duela ulertuko da, aurretik horretarako ebazpena eman ondoren.
16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak SPRIk formalizatu eta bi ordainketen bidez entregatuko ditu: Lehenengo ordainketa laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, dirulaguntzaren % 50ari dagokion zenbatekoarekin eta aplikatu beharreko berme-erregimenarekin.
Bigarren ordainketa gainerako % 50ekoa izango da, likidazio-eskaera eta 14. artikuluan eskatutako egiaztagiriak aurkeztu ondoren.
2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ez eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren otsailaren 13ko Aginduan ezartzen denaren arabera.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira DAELen 14. eta 42. artikuluetan aurreikusitakoak eta, bereziki, eta mugatzeko asmorik gabe, honako hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio hari espresuki uko egiten SPRIren aurrean, ulertuko da dirulaguntza onartu dela.
b) Emandako laguntza haren xede den helburua garatzeko erabiltzea. Jarduera gauzatzea, edo dirulaguntza ematea arrazoitzen duen egoeran egotea. SPRIri justifikatzea emakida eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla.
c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela beren instalazioetan, emandako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako betekizunak bete direla egiaztatzeko.
d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik aurrera.
e) Jasotako dirulaguntzei dagokienez, SPRIk egin beharreko egiaztapen-lanak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta beste kontrol-organo eskudun batzuek (nazionalek zein erkidegokoek) gauzatu beharreko finantzaren egiaztapen- eta kontrol-lanak onartzea. Horretarako, arestian aipatutako jarduerak gauzatzean eskatzen den informazioa eman beharko du.
f) SPRIri jakinaraztea hemen araututako laguntzen xede bera edo antzekoa duten jarduketetarako dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo jaso dituela, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik. Jakinarazpena laguntzaren berri izan bezain laster egin behar da, eta, edozein kasutan, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) SPRIri laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.
h) DAELeko 27. artikuluarekin bat, dirulaguntzaren xede den programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko honako hedapen-neurri hauek hartzea:
– Publikoki hedatzeko egiten diren dokumentazio, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoak eta «SPRIk diruz lagundua» esaldiak agertu beharko dute, esteka honetako formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/
– Diruz lagundutako jarduerekin lotutako ekintzen argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabili behar dira.
i) Sailarteko ikuspegia errespetatzen duten hizkuntza eta irudiak erabiltzea, eta, bereziki, sexuaren eta generoaren alderdia errespetatzen dutenak dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan. Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.
j) Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta, bereziki, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean euskararen erabilera bermatzea.
k) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusitako kasuan dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea.
l) Aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jasotzea, dirulaguntza likidatzen ez den bitartean, oinarri hauetan aurreikusitakoa betez. Aurrerakin hori SPRIri itzuli beharko zaio dagozkion interesekin batera, baldin eta dirulaguntza itzultzeko ebazpenean hala xedatzen bada.
m) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, merkataritza-legeriak zein kasu bakoitzean onuradunari ezarri ahal zaizkion alorreko legeriak agindu bezala, kontuen liburuak, diligentzien erregistroak eta ikuskatutako dokumentuak edukitzea, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eska ditzaketen kontuen egoera nahiz erregistro zehatzak ere. Hori guztia egiaztatze- eta kontrol-eskumenak ondo bete direla bermatzeko.
n) Jasotako funtsak ezarri direla justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, baita dokumentu elektronikoak ere, horiexek erabili ahal direlako egiaztatzeko eta kontrola egiteko.
o) DAELen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak edo araututako jardueraren edo jarduketaren diruz lagundu daitekeen kostuaren gainean lortutako soberakina itzultzea.
p) DAELen 30.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat bada, merkataritza-eragiketetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu behar zaion sektore-araudian xedatutako epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoetan.
18. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.
1.– Aurreikusten da dirulaguntza ematen duen erakundeak aukera izango duela, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta eta aldez aurretik unean uneko egoeraren balorazioa eginda, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Alde baten eskaerari erantzuteko bada, onuradunak jakinaraztea DAELen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez, horren berri izan bezain laster, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako edo egingo den jarduera oinarri arautzaileen helburuen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez izatea.
e) Aldaketa justifikatzen duten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.
2.– Onuradunak dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
3.– Halaber, erakunde eskatzaileen eskaera eta justifikazioaren ondoren, programaren kudeaketa-arduradunak epea luzatu ahal izango du egin beharreko jarduerak egikaritzeko, baldin eta ez bada 6 hilabete baino gehiagoz gainditzen proiektuak egikaritzeko 9 hilabeteko gehieneko epea eta ez bada gainditzen justifikatzeko ezarritako epea, hau da, 2025eko irailaren 16a.
19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira. halaber, enpresa aholkulariari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.
2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Jarduketa egikaritzean edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, baldin eta SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Proiektua erabat ez gauzatzea.
d) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, baldin eta ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
e) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak eta betekizunak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.
f) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.
g) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
h) DAELen aurreikusitako kausak.
3.– Hasieran, SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Deialdi honetan, aplikatu beharreko gainerako arauetan, DAELen 51. artikulua aplikatuta enpresa-deslokalizazioaren adierazpena barne, eta hala badagokio emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, DAELen xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, baldin eta onuradunak inolako zalantzarik gabe konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuli beharko da, eta, horretarako, egindako jardueraren guztizkoaren araberako proportzioa kalkulatuko da. Onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbateko efektiboarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren, betiere.
5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntzaren zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
6.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu-bidez jokatu ahalko da aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.
3.– Europako Batzordearen 2831/2023 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datuak Babesteko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babestearen arloan aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.
Tratamendu horren helburua, da, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskaeran oinarrituta, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori arloan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahalko zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, tratamenduari aurka egiteko, datuak eramateko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko aplikatu beharreko araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean. Horretarako, idatziz bidali beharko da jakinarazpena honako helbide honetara: lopd@spri.eus Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin jarri ahal izango dira harremanetan, idatzizko komunikazioaren bidez, honako helbide honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.euskadi.eus
SPRIren datu pertsonalak babesteko informazio gehigarri eta xehatua kontsultatzeko, pribatutasun-politika atalera jo dezakezue https://www.spri.eus/lege-oharra/ webgunean.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak, oinarri hauei dagokienez, administrazio-izaerakoak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziena da.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek, nolanahi ere, programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egin beharko dute, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.
Bilbao, 2025eko maiatzaren 16a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta:
HONAKO HAU ADIERAZTEN DU bere ERANTZUKIZUNPEAN
Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honako hauek:
i) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat duela. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izango du inpaktua eta bertan egingo da diruz laguntzekoa den jarduera.
ii) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda dagoela.
iii) Aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago ez dituela jaso. Hori dela eta, eskaera honen atalean, alderdi hauei buruzko informazio-zerrenda aurkeztu beharko da:
Eskaera honetan (dagokion apartatuan), alderdi hauei buruzko informazio-zerrenda aurkezten da:
a) Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
iv) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, DEALen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.
v) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, DEALen 9.4h) artikuluan adierazitako baldintzetan.
vi) Ez izatea sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
vii) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:
a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.
f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.
h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
viii) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe ez egotea.
ix) LGTBIfobia ez egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
I.– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, dagokion erantzukizuna hartuko du bere gain.
II. I. atalean egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.
III.– Badakiela adierazpen honekin batera doan edo adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
[...] Goian jasotako adierazpenen edukiaren onarpena.
RSS