Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2025eko maiatzaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2323

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 21ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira, 2025eko ekitaldirako, Nekazaritza Politika Erkidearen barruan Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) kontura finantzatutako zuzeneko ordainketa erako esku-hartzeak.

Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) sortu zenetik (1962. urtea), politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitu da, ondoz ondoko erreformen bidez.

NPEren azken erreforma 2022ko abenduan amaitu zen, hiru erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek, kasuan kasuko erregelamendu eskuordetu eta betearazleekin batera, 2023-2027 aldian NPE aplikatzeko oinarriak finkatzen dituzte eta aplikazioa bera arautzen dute, balizko luzapenak eragotzi gabe.

Alde batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena (NPEren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua eta 1307/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen dituena.

Bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Eta, azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 Erregelamendua (EB), honako hauek aldatzen dituena: 1308/2013 Erregelamendua (EB), nekazaritza-produktuen merkatu-antolakunde erkidea sortzen duena; 1151/2012 Erregelamendua (EB), nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa; 251/2014 Erregelamendua (EB), mahastizaintza eta ardogintzako produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizio, deskribapen, aurkezpen, etiketatu eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 Erregelamendua (EB), nekazaritza-sektorean Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri espezifikoak ezartzen dituena.

NPE berriak, 2023tik 2027ra aplikatuko denak, aurreko NPEren funtsezko elementuei eutsiko die, baina laguntzen azken onuradunek bete beharreko betekizunen deskribapenean oinarritutako politika izatetik emaitza zehatzak lortzera bideratutako politika izatera igaroko da, emaitzok hiru helburu nagusiri lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea, eta Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, tartean, Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea. Helburu orokor horiek, era berean, bederatzi helburu espezifikotan banakatzen dira, jasangarritasunaren hiru zutabeetan oinarrituta, eta zeharkako helburu komun batekin osatuta: nekazaritza-sektorea modernizatzea landa-eremuetan, ezagutzaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.

2023-2027 aldiko NPEren berrikuntza nagusietako bat da estatu kide guztiek eduki behar dutela NPEren Plan Estrategiko bakarra (NPEPE). Plan horretan, NPEren helburuak eta Europako Itun Berdearen jomugak lortzeko egingo diren laguntza-arloko esku-hartzeak jasoko dira.

Ildo horretan, hiru urte inguruko lan-prozesu baten ondoren, 2022ko abuztuaren 31n, Europako Batzordeak Espainiako NPEren Plan Estrategikoa onartu zuen, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez (aurrerantzean, NPEPE). Lan-prozesu hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak koordinatu zuen, eta autonomia-erkidegoek parte hartu zuten, bai beharren diagnostikoaren eta analisiaren hasierako fasean, bai esku-hartzeen estrategia eta diseinua artikulatzeko ondorengo fasean.

NPEPE horretan jaso dira bai lehen oinarriaren esparruan programatutako laguntza esku-hartzeak (zuzeneko eta sektoreko laguntzak, NBEF funtsak finantzatutakoak), estatuan zuzenean aplikatuko direnak, bai bigarren zutabeko landa-garapeneko esku-hartzeak (LGENF funtsak batera finantzatuta), autonomia-erkidegoan inplementatu eta garatzen direnak, kasu bakoitzean ezarri diren eskualde-berezitasunekin eta autonomia-erkidego bakoitzak lurraldean programatu dituen esku-hartzeen eta aurrekontuen arabera. Horren ondorioz, EAEren kasuan, zuzeneko ordainketez eta NBEF funtseko esku-hartze sektorialez gainera, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira (LGENF).

NPEPE onartu ondoren, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak arau sorta zabala prestatu du, NPEPE behar bezala eta eraginkortasunez inplementatzen dela ziurtatzeko. Gure autonomia-erkidegoan, erreferentziako araua hauxe da: 66/2024 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena.

Horregatik, NPEPEn xedatutakoaren babesean eta NPEren eremuan aplikatu beharreko arauak –lehen aipatutakoak– betez, egokia da esku-hartzeetarako laguntzen deialdia antolatzea.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolamendua eta funtzionamendu-araubidea ezartzen dituen abenduaren 9ko 275/2020 Dekretua da neurri hori Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundien arteko harremanaren esparru arautzailea.

Agindu honen bidez egiten den deialdiko laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024rako, 2025erako eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen, NPEren oinarrizko ordainketarako laguntza gisa.

Eta bat etorriz Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2025erako, NBEFaren konturako zuzeneko ordainketen esku-hartzeen deialdiaren oinarriak, Espainiako Erresumaren 2023-2027 Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategiko Nazionalaren esparruan; haren oinarriak agindu honen eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 21a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea zera da: 2025eko laguntzen eskaera bakarra Euskal Autonomia Erkidegoan aurkezteko prozedura ezartzea, bai eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratua aplikatzeko eta esku-hartze hauek zuzeneko ordainketa gisa aplikatzeko espezialitateak arautzea ere:

A) Disoziatutako zuzeneko ordainketak.

1.– Jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntza.

2.– Jasangarritasunerako errentaren laguntza birbanatzaile osagarria.

3.– Nekazari gazteentzako errentarako laguntza osagarria.

4.– Klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenak:

4.1.– Larratze estentsiboa, segatzea eta biodibertsitatea larre hezeetako azaleretan.

4.2.– Larratze estentsiboa, segatzea eta biodibertsitatea larre mediterraneoetako azaleretan.

4.3.– Txandakatzeak eta zuzeneko ereitea lehorreko laborantza-lurretan.

4.4.– Txandakatzeak eta zuzeneko ereitea lehorreko laborantza-lur hezeetan.

4.5.– Txandakatzeak eta zuzeneko ereitea laborantza-lur ureztatuetan.

4.6.– Landare-estalkiak eta estalki geldoak lursail lauetako zurezko laboreetan.

4.7.– Landare-estalkiak eta estalki geldoak malda ertaineko lursailetako zurezko laboreetan.

4.8.– Landare-estalkiak eta estalki geldoak malda handiko eta baratze-alorretako lursailetako zurezko laboreetan.

4.9.– Biodibertsitate-guneak laborantza-lurretan eta labore iraunkorretan.

B) Lotutako zuzeneko ordainketak.

1.– Nekazariei lotutako zuzeneko ordainketak:

1.1.– Landare-jatorriko proteinen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza. Proteina-plana.

1.2.– Azukre-erremolatxaren ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

1.3.– Zailtasun espezifikoak eta ingurumen-balio handia dituen olibadiari lotutako laguntza.

2.– Abeltzainei lotutako zuzeneko ordainketak:

2.1.– Haragitarako behi-aziendako abeltzain estentsiboei lotutako laguntza.

2.2.– Txahalak jaiotzen diren ustiategian gizentzeari lotutako laguntza.

2.3.– Txahalak modu jasangarrian gizentzeari lotutako laguntza.

2.4.– Behi-esnearen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

2.5.– Haragitarako ardi- eta ahuntz-azienden abeltzain estentsiboei eta erdi-estentsiboei lotutako laguntza.

2.6.– Ardi- eta ahuntz-esnearen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

2.7.– Ardi- eta ahuntz-aziendako abeltzain estentsibo eta erdi-estentsiboei lotutako laguntza, baldin eta ez badute larrerik eskura eta animaliak lugorrietan, uztondoetan edo baratze-uztaren hondakinetan bazkatzen badira.

2. oinarria.– Aplikatu beharreko araudia.

Honako arau hauek –eta geroan arauok aldatu edo ordeztuko dituztenek– arautzen dituzte laguntza horiek:

a) 2021/2115 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena (NPEren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua eta 1307/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen dituena.

b) 30/2022 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta hari lotutako beste gai batzuk arautzen dituena.

c) 1045/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan jasangarritasuna bultzatzeko errentaren oinarrizko laguntzaren eskubideei buruzkoa.

d) 1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena.

e) 1048/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketen esku-hartzeak aplikatzeari eta betekizun komunak ezartzeari buruzkoa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoa.

f) 1049/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez ezartzen baita zer arau erabiliko diren Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintza sozialak eta indartuak aplikatzeko, baldin eta zuzeneko ordainketak, landa-garapeneko urteko ordainketa jakin batzuk eta Urrun eta Uharteetan egoteagatiko Aukera Espezifikoen Programaren ordainketak (POSEI) jasotzen badituzte.

g) 1054/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez ezartzen eta arautzen baitira Nekazaritza eta Abeltzaintza Ustiategien eta Nekazaritza Ekoizpenaren Informazio Sistema, Nekazaritza Ustiategien Erregistro Autonomikoa eta Nekazaritza Ustiategiaren Koaderno Digitala.

h) 1028/2024 Errege Dekretua, urriaren 8koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan estrategikoaren aldaketara egokitzeko, zenbait errege-dekretu aldatzen dituena.

3. oinarria.– Eskaera aurkeztea.

1.– Agindu honek nekazaria terminoari egiten dion erreferentzia oro nekazaritza-ustiategi baten titular diren eta nekazaritza-jarduera bat egiten duten pertsona fisiko edo juridikoei edo pertsona fisiko edo juridikoen talde orori buruzkoa dela ulertu behar da, 1048/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera (1048/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, 2023tik aurrera zuzeneko ordainketa moduko esku-hartzeak aplikatzeari, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan betekizun komunak ezartzeari eta kudeaketa eta kontrolerako sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoa).

2.– Nekazariek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan badute ustiategiaren azalera gehiena –eta azalerarik izan ezean, animalia gehienak–, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariari bidaliko diote eskaera bakarra. Nekazariak zuzenean aurkeztu ahal izango du eskabidea, edo haren ordezkariak bestela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluarekin.

3.– Eskaera bakarra aurkezteko epea agindu honek ondorioak dituen egunean hasiko da, eta 2025eko maiatzaren 15ean bukatuko da. Nolanahi ere, bat etorriz abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 108.2 artikuluan xedatzen denarekin, 2025eko otsailaren 1etik aurrera aurkeztutako eskabideak onartuko dira.

4.– Eskaera bakarra aurkeztutakoan, 2025eko maiatzaren 31ra arte aldatu ahal izango da haren edukia. Gainera, 3. edo 4. apartatuan ezarritako epea gorabehera, 2025. urterako, laguntza-eskaerak, jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntzaren eskubideak esleitzeko eskaerak eta haiekin baterako dokumentazioa onartuko dira, maiatzaren 31ra arte aurkeztutakoak, eta ez zaie aplikatuko eskabide bakarra aurkezteko epea bukatu ondoren izandako atzerapeneko egun baliodun bakoitzeko ehuneko 1eko murrizketa. Eskaera bakarra aurkeztu ondoren, hura aldatzeko, nekazariak adieraziko du eskabidea berriz irekitzeak aurreko bertsioa deuseztatuko duela.

5.– Aldatzeko epea amaituta (2025eko maiatzaren 31) aurkezten diren eskabide guztiak onartezintzat joko dira.

6.– Eskaerak Arabako eta Gipuzkoako Eskualdeko Nekazaritza Bulegoen (ENB) eta Bizkaiko Gertu eskualdeko arretarako bulego integralen bidez aurkeztu ahal izango dira. Bulego horiek beharrezkoak diren ezagutzak eta baliabideak jarriko dituzte eskura eskaerak behar bezala aurkezteko.

7.– Eskaera automatikoa egiteko mekanismoak ezarriko dira, zuzeneko ordainketa moduko esku-hartzeei dagokienez, eta nekazarien eskura jarriko dira. Horretarako, onuraduna titularra den abeltzaintzako ustiategietako REGA kodeko ekoizpen-unitateen eta ustiategi horietan egon daitezkeen animalia diruz lagungarrien berri jasotzeko, autonomia-erkidegoko eta estatuko Animalien Trazabilitaterako Sistema Integralaren (SITRAN) erregistroetan jasotako informazioan oinarrituko da.

8.– Eskaera bakarra aurkeztu ondoren erregistro horietatik eskuratu behar den informazioari dagokionez, onuradunak hau jakin behar du: kontrolen bitartez egiaztatzen bada diruz lagungarriak izan daitezkeen azalerak edo animaliak ez daudela erregistro horietan behar bezala identifikatuta edo erregistratuta, zehaztu gabeko azalera edo animaliatzat hartuko dira.

9.– Eskaera bakarra aurkezteko inprimakiak bete ondoren, aplikazio informatikoak eskabide-orri bat sortzen du, eta nekazariak edo haren ordezkariak sinatu beharko du.

10.– Ustiategiaren titularra da honako honen azken erantzulea: eskatutako esku-hartzeak bere borondatearekin bat etortzea eta eskaeran adierazitako informazio guzti-guztia egiazkoa izatea, eta zehazki, diruz lagungarritasunari, nekazari aktibo izateari eta nekazaritza-jarduera gauzatzeari dagokienez. Horrela izan ezean, dagokion araudian ezarritako zigorrak aplikatuko dira, alde batera utzi gabe abenduaren 23ko 30/2022 Legearen II. tituluan ezarritako zehapen-araubidea aplikatzea, hala dagokionean.

11.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten pertsonak edo erakundeak. Egoera hori automatikoki egiaztatuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako zerbitzu teknikoek, erakunde delegatu gisa. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin ahal izango dio egiaztapen horri, eta, hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du, honako agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.

4. oinarria.– Eskaera aldatzea eta egokitzea.

1.– Eskaera bakarra aurkezteko epea bukatu ondoren, nekazariek 2025eko maiatzaren 31ra arteko epea izango dute aldaketak egiteko edo zuzeneko ordainketa moduko edo landa-garapenerako beste esku-hartze batzuk eransteko, eta banakako lurzatiak edo banakako ordainketa-eskubideak gehitzeko, baldin eta dena delako esku-hartzean ezarritako baldintzak betetzen badira. Aldaketa horiek eragina baldin badute aurkeztu beharreko egiaztagiri edo kontraturen batean, kasu horretan ere hura aldatzeko aukera izango da.

2.– Aldaketa-aldiaren ondoren, aurretiazko kontrolen, administrazio-kontrolen edo monitorizazio-kontrolen emaitzen ondorioz, eskaera bakarra egokitzeko eskatu ahal izango dute nekazariek. Nekazariari, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 110. artikuluan xedatutakoaren arabera, aurretiazko kontrolen emaitzak jakinarazten zaizkionean, nekazariak eskaera bakarra egokitu ahal izango du, kontrol gurutzatuen emaitzek banakako lurzatietan zehaztutako ez-betetze guztiak zuzendu ahal izateko. Abuztuaren 31n bukatuko da eskaera bakarra egokitzeko epea.

3.– Azalerak monitorizatzeko sistemari lotutako esku-hartzeen kasuan, eskaera bakarra aldatzeko epea bukatu ondoren, abuztuaren 31ra arteko epea izango dute eskatzaileek eskaera bakarreko nekazaritza-lurzatiak esku-hartze monitorizatuei dagokienez egokitzeko (hau da, mugaketa grafikoaren egokitzapena edo nekazaritzako lurzatien erabilera), monitorizazio bidez kontrolatu daitezen, baldin eta agintari eskudunak lurzati bakoitzaren esparruko behin-behineko emaitzak jakinarazi badizkie, eta dena delako esku-hartzeari dagozkion baldintzak betetzen badira.

4.– Horrez gain, EAEko Erakunde Ordaintzaileak (aurrerantzean, Erakunde Ordaintzailea) edozein unetan zuzendu ahal izango ditu nekazariak aurkeztutako laguntza-eskaerak eta beste edozein egiaztagiri, haiek aurkeztu osteko edozein unetan, ageriko akatsik badago. Horretarako, nekazariak eskabidea helaraziko dio Erakunde Ordaintzaileko zuzendariari, eskaera bakarrean egindako akatsa ageriko akastzat har dezan. Ebaluazio globala oinarri hartuta, eta onuradunak fede onez jardun badu, Erakunde Ordaintzaileak eskabidea zuzenduko du, hala badagokio.

5.– Oro har, onuradunak emandako informazioaren eta agintari eskudunak duen informazioaren administrazio-kontrol baten bidez antzematen diren akatsak hartuko ditu Erakunde Ordaintzaileak ageriko hutsegitetzat.

6.– Ageriko akatsa aitortzeak eskabidea zuzentzea dakar. Ez da laguntzarik ordainduko, espedientea behar bezala kudeatu eta kontrolatu ezin den fase batean egiten bada eskaeraren zuzenketa. Hurrengo kanpainaren eskaera bakarraren epea hasten den eguna da aldatutako eskaeraren kontrolak egiteko azken eguna.

5. oinarria.– Laguntza-eskaerak osorik edo zati batez kentzea.

1.– Abuztuaren 31 da nekazariek laguntza-eskaerak osorik edo zati batez kentzeko azken eguna.

2.– Nekazariak eskaeraren zati bat kentzea erabakitzen badu, banakako lurzatien gaineko laguntza-eskaera kendu ahal izango du, baina bere horretan utzi beharko ditu banakako lurzatiak azalera-aitorpenean, dauzkan nekazaritza-lurzati guztiak aitortzeko betebeharra bete dezan, eta baldintzazkotasun-eskakizunak betetzen direla bermatzeko.

3.– Hala eta guztiz ere, tokian bertan kontrol bat egingo dela edo monitorizatu ezin den betekizunen bat egiaztatuko dela dagoeneko jakinarazi bazaio nekazariari, edo kontrol horietan antzemandako ez-betetzeen berri eman bazaio, galarazi egingo da kontrolak edo ez-betetzeak ukitutako zatiak kentzea. Ondorio horietarako, monitorizazio bidezko kontrolak egiten direnean, nekazariekin izandako komunikazioa –abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 111. artikuluaren babesean egina– ez da lekuko bertako kontrolaren abisutzat hartuko, ezta lekuan bertan egindako kontrol baten ondoriozko ez-betetzetzat ere, eta, ondorioz, horrek ez du mugatuko laguntza-eskaerak osorik edo zati batez kentzea.

4.– Animalietan oinarritutako esku-hartzeen kasuan, behi-, ardi- eta ahuntz-aziendak identifikatzeko eta erregistratzeko onargarritasun-baldintza betetzen ez bada, abuztuaren 31 baino lehen aldatu edo kendu ahal izango dira eskaerak beranduenez, salbu eta txahalak gizentzearekin lotutako esku-hartzeetan, abenduaren 31ra arteko epea izango baita haien gaineko eskaerak aldatu eta kentzeko.

6. oinarria.– Ustiategien titulartasuna aldatzea.

1.– Oinarri honen ondorioetarako kontuan hartu beharreko definizioak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 114. artikuluan jasotakoak dira.

2.– Baldin eta, eskaera bakarra aurkeztu ondoren eta dagokion urteko eskaera bakarra aldatzeko azken eguna baino lehen, onuradunak ustiategi osoa beste bati lagatzen badio, lagatzaileari ez zaio inolako laguntzarik emango lagatako ustiategi horrekin lotuta. Lagatzaileak eskatutako laguntza lagapen-hartzaileari emango zaio, baldin eta:

a) Hamar egun balioduneko epean, lagapen-hartzaileak agintari eskudunari lagapena izapidetzeko eta laguntza ordaintzeko eskatzen badio.

b) Agintari eskudunak eskatutako froga guztiak aurkezten baditu lagapen-hartzaileak. Zehazki, honako hauek:

1) Abeltzaintzako ekoizpen-unitateen aldaketa Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egon beharko da (martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak arautua).

2) Nekazaritza-ekoizpeneko unitateen aldaketak Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko du. (Lehengo erregistroaren araua: 9/2015 Errege Dekretua, urtarrilaren 16koa, nekazaritza-ekoizpen primarioan higiene-arloko Europar Batasuneko araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituena; bigarren erregistroaren araua: 203/2011 Dekretua, irailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrarena).

c) Laguntza emateko baldintza guztiak betetzen badira, lagatako ustiategiari dagokionez.

3.– Behin lagapen-hartzaileak agintari eskudunari laguntza-eskubideen lagapena izapidetzeko eta laguntza ordaintzeko eskatuta, eta aurreko apartatuan ezarritako baldintzak bete ondoren, lagapen-hartzaileari transferituko zaizkio eskaera bakarrak lagatzailearen eta agintari eskudunaren artean sortutako harreman juridikoaren ondorioz lagatzaileak dituen eskubide eta betebehar guztiak. Halaber, lagapen-hartzaileari esleituko zaizkio lagatzaileak lagapena egin aurretik egindako aitorpen guztiak eta laguntza emateko beharrezkoak diren jarduera guztiak, dagokion araudia aplikatzeko.

7. oinarria.– Eskaera bakarraren gutxieneko edukia.

1.– Eskaera bakarra hirugarren oinarrian adierazten den moduan aurkeztuko da. Eskaera bakarraren edukia abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren VI. eranskinean zehazten da, eta hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Onuradunaren nortasuna.

b) Eskatutako esku-hartzeen xehetasunak.

c) Hala badagokio, diruz laguntzeko baldintzak eta kasuan kasuko esku-hartzerako beharrezkoak diren beste betekizun batzuk ezartzeko behar diren egiaztagiriak.

d) Baldintzazkotasunerako informazio garrantzitsua.

e) Eskaera bakarrak barne hartutako esku-hartzeei dagokienez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 66.2 artikuluan aipatzen diren gauzatze-adierazleak eta emaitzak behar bezala jakinarazteko beharrezkoak diren datuak ateratzeko behar den informazio guztia.

2.– Nekazaria denbora osoan izango da laguntza-eskaeraren eta emandako informazioaren zehaztasunaren erantzule. Halaxe izango da, halaber, hirugarren oinarrian deskribatutako eskaera automatikoko sistema aplikatzen denean.

3.– Eskaera bakarrean, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 106. artikuluan ezarritakoari jarraikiz aitortuko da ustiategiaren nekazaritza-azalera. Horretarako, Nekazal Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) erabiliko da erreferentzia-sistema gisa. Ondorio horietarako, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa erakunde autonomoak, eta, hala badagokio, EAEk, SIGPAC sistemaren datu-base eguneratua argitaratuko dute, urtero, beren webgunean. (https://sigpac.nekanet.net/sigpac)

4.– Nekazariak esanbidezko aitorpen bat egin beharko du aitortutako esparru bakoitzaren mugaketarekin, erabilerarekin eta SIGPACen jasotako gainerako informazioekin ados dagoela adierazteko. Hala ez bada, dagozkion alegazioak egin beharko ditu, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 21. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

5.– Eskaera bakarrean, hura aurkezten den egunean eta abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz argitaratutako katalogoan oinarrituta adierazitako nekazaritza-lursail guztien erabilera edo aprobetxamendua aitortuko du nekazariak, bai eta azalerak larratzeko edo laborantzarako egoera egokian edukitzeko egindako ekoizpen- edo mantentze-lanak ere (abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako zerrendan egon behar dira).

6.– Nekazariak –pertsona fisikoa bada, edota ondasun-erkidegoa, jaraunspen jasogabea edo jaraunsle-erkidegoa, merkataritza-xederik gabeko sozietate zibila edo titulartasun partekatuko erregimeneko ustiapena bada–, eskaera bakarrean, baimena emango du agintari eskudunak behar den informazioa eskuratu dezan dagokion zerga-administrazioan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan jasotako baldintzak betetzen direla zehaztu ahal izateko. Baimen hori aurkezten ez badu, nekazaritzako diru-sarrerak, guztizko diru-sarrerak eta gizarte-segurantzako alta egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu nekazariak.

7.– Onuraduna aurreko paragrafoan adierazitako pertsona fisikoen elkarteetako bat bada, jakinaraziko da zein partaidek edo erkidek betetzen duen nekazaritzako diru-sarreren % 25eko baldintza edo Gizarte Segurantzan alta eman izanaren baldintza, eta eskaeran adierazitako baimena edo, halakorik izan ezean, egiaztagiriak jasoko dira. Gainera, pertsona fisikoen elkartearen nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari dagozkion diru-sarreren datua aitortu beharko du.

8.– Onuraduna merkataritza-helbururik gabeko sozietate zibila ez beste pertsona juridiko bat bada, edo pertsona juridikoen talde bat, nekazaritzako diru-sarrera guztiak eta guztizko diru-sarrera osoa aitortu beharko ditu.

9.– Nekazariak, pertsona fisikoa edo juridikoa izan, eskaera bakarrean berariazko adierazpen bat jasoko du, non adieraziko baitu ea egiten duen ala ez, jarduera nagusi gisa, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotako jarduera bazterturen bat. Era berean, adierazpen horretan aditzera emango du elkartutako erakunderen baten kontrola duen edo ez, eta, pertsona juridikoa izanez gero, baita erakunde elkarturen batek kontrolatuta dagoen ere. Baiezkoan, berarekin harremana duten erakunde elkartuen IFZ zehaztuko du nekazariak, eta jarduera nagusi gisa baztertutako jarduerarik gauzatzen duten edo ez adieraziko du, halaber. Nekazariak adierazten badu, bere kontura edo erakunde elkartu baten bidez, jarduera nagusi gisa baztertutako jarduera bat garatzen duela, aukera izango du, eskabidearekin batera, azkeneko zergaldiko edo, bestela, aurreko bietako guztizko diru-sarreren % 25 edo gehiago nekazaritzako diru-sarrerak direla frogatzen duten egiaztagiriak aurkezteko.

10.– Jaso beharreko jasangarritasunerako errentaren oinarrizko laguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa bada, aurreko urtean benetan ordaindutako lan-kostuak justifikatzeko informazioa eman ahal izango du laguntza eskatu duen pertsona fisikoak edo juridikoak, zergak eta gizarte-kotizazioak barne, bai eta nekazaritza-zerbitzuetako enpresen kontratazioan jasotako lan-kostuak ere. Hori guztia, agindu honen hamazazpigarren oinarrian ezarritakoa zuzen aplika dakion (17. oinarria, ordainketak mugatzeari edo pixkanaka murrizteari buruzkoa).

8. oinarria.– Eskaera bakarrean aitortu beharrekoak ez diren lurzatiak.

1.– Eskaera bakarrean aitortu nahi ez dituzten nekazaritza-lurzatien jabeek, lurzatiok ez daudelako ez alokatuta ez lagata, Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetako edozeinetan edo Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzan eman dezakete horren berri.

2.– Eskaera bakarrean aitortutako azalera guztien eta erregistro horretako azaleren arteko kontrol gurutzatuak egingo dira.

9. oinarria.– Eskaerak kudeatu eta kontrolatzea.

1.– Kudeaketa eta kontrolerako sistema integratuak kontrol-sistema bat izango du. Kontrol-sistemaren xehetasunak abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren III. tituluko II. kapituluan daude garatuta.

2.– Kontrol-sistema horren arabera, Nekazaritza Politika Erkidearen zuzeneko laguntzak kudeatzen dituen organoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak eta, eskuordetzaz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, urtero, administrazio-kontrolak egingo dituzte, aurretiko kontrolak barne, laguntza-eskaera guztien gainean, ordainketen legezkotasuna eta erregulartasuna egiaztatzeko.

3.– Administrazio-kontrolak honela osatuko dira:

a) Azalerak monitorizatzeko sisteman oinarritutako kontrolekin (abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 11. artikuluan aipatzen da sistema hori), azalerekin lotutako esku-hartzeak badira. Kontrol horiek laguntza-eskaera guztien gainean egingo dira, ordainketen legezkotasuna eta erregulartasuna egiaztatzeko.

b) Tokian bertan kontrolak eginez, baldintzazkotasunaren betekizunak eta betebeharrak egiaztatzeko, eta animaliekin lotutako esku-hartzeen kasuan. Erakunde Ordaintzaileak hautatutako espedienteen lagin baten gainean egingo dira kontrol horiek.

10. oinarria.– Azalerak monitorizatzeko sistema.

1.– Azalerak monitorizatzeko sistema nahitaez aplikatuko zaie Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeak dituzten laguntza-eskaera guztiei. Kontrol-sistema horri dagokionez, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren II. tituluko III. kapituluan ezarritakoa beteko da.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, «Sentinel» sateliteen irudien bidez monitorizatu gabeko azaleretan, besteak beste, berotegietan eta bestelako estalki artifizialetan, eskatutako esku-hartzeei dagozkien betekizunak, tokian bertan kontrolatuko dira ukitutako espedienteen % 3ko laginaren gainean.

3.– 1047/2022 Errege Dekretuaren, abenduaren 27koaren, 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, onuradunekin komunikazio-sistema bat ezarriko da, gutxienez honako hauek barne hartuta: diruz lagungarriak izateko baldintzak betetzen ez dituzten azalera, azalera edo erabilera diruz ez lagungarriak, nekazaritzako azaleren kategorien aldaketak, behin-behineko emaitzak, barne hartuta ageriko ez-betetzeak edo emaitza ez-eztabaidaezinak, eta proba gehigarriak, argazki geoetiketatuen modura, jarraipenerako ekintzen esparruan.

Baldin eta nekazariak garaiz eta behar bezala erantzun ezean, monitorizatu beharreko betekizunak ez direla bete pentsatuko da. Nolanahi ere, ebidentzia gehigarri gisa aurkeztutako argazki geoetiketatuei dagokienez, baldin eta nekazariak adierazitako epeetan eman ezean, nekazariak lurzatia eskaeratik kentzen duela ondorioztatuko da, eta ez da zigorrik aplikatuko.

4.– Emaitza horiek osatzeko, esku-hartze bakoitzean espedienteen % 1 kontrolatuko da, baldin eta dirulaguntza emateko irizpideak, konpromisoak edo bestelako betebeharrak ezin badira monitorizatu.

11. oinarria.– Zuzeneko ordainketak jaso ahal izateko gutxieneko atalasea.

Nekazariei ez zaie ordainketa zuzenik emango, baldin eta, ordainketa horien guztizko zenbatekoa 300 eurotik beherakoa bada, diru-lagungarritasuneko edo baldintzazkotasuneko irizpideak ez betetzeagatiko administrazio-zigorrak ezarri aurretik.

12. oinarria.– Nekazari aktiboaren izaera egiaztatzea.

1.– Nekazari aktibo izatearen definizioa eta betekizunak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan xedatutakoari jarraikiz aplikatuko dira.

2.– Nekazari aktiboaren izaera betetzea nahitaezko betekizun komuna da zuzeneko ordainketa bidezko esku-hartzeetarako eta muga naturalak edo beste muga espezifiko batzuk dituzten eremuetan landa-garapenerako esku-hartzeak egiteko.

13. oinarria.– Aitortutako azaleretako nekazaritza-jarduera eta dirulaguntza jaso dezaketen lursailak.

1.– Nekazaritza-azaleren betekizun orokor komunak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren II. tituluko II. kapituluan ezarritakoak izango dira.

2.– Hori gorabehera, Errege Dekretu horren 8.3 artikuluan bazkarako egoera egokian edukitzeko jasotzen diren jarduerei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan hauek onartuko dira:

a) Mantentzeko moztea (larreetan bakarrik).

b) Sastrakak kentzea (zuhaixka-larreetan eta zuhaiztietan bakarrik).

c) Larreko espezieak berriz ereitea eta gainazaleko laborantza-lanak egitea.

3.– Erabilera komuneko titulartasun publikoko larre iraunkorrei dagokienez, eskatzailearen ustiategiko abereekin egindako artzaintzan oinarritutako ekoizpen-jarduera baino ez da onartuko, baldin eta abeltzainak une oro atxikitzen badu larrean dauden abereen titulartasuna, eta ustiategiaren eta larrearen arteko mugimendu-gida ofizialak badaude.

14. oinarria.– Laguntza-eskaeraren xede diren nekazaritza-azaleretan nekazaritza-jardueraren bat egiteko baldintza ez betetzeko arrisku-egoerak.

1.– Arreta berezia emango zaie ustiategiko azaleretan nekazaritza-jardueraren eskakizunak saihesteko baldintza artifizialak sortzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Artikulu horren 4. apartatuaren arabera, ustiategiko larre-hektarea bakoitzeko Azienda Larrien 0,20 Unitateko abere-zama ezartzen da gutxieneko muga gisa; larreetan nekazaritza-jardueraren bat egiteko baldintza ez betetzeko arrisku-egoeratzat hartzen da hori baino gutxiago. Gutxieneko abere-zama hori betetzen ez bada, eskatzaileak frogatu beharko du zer nekazaritza-jarduera egiten duen larre-azaleren gainean.

15. oinarria.– Zuzeneko ordainketen araubideen bateragarritasuna.

1.– Errentarako oinarrizko laguntzaren eskubideak justifikatzeko aitortutako nekazaritza-lurzatiak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 8. artikuluan adierazitako nekazaritza-jardueretarako erabil daitezke. Horrenbestez, erregimen hori ordaintzea bateragarria da ekoerregimenekin eta baimendutako erabilerei dagozkien erregimenen ondoriozko ordainketa gehigarriekin.

2.– Urte batean ezin izango da aurkeztu, nekazaritzako lurzati bati dagokionez, lotutako ordainketaren eskaera bat baino gehiago edo klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenen eskaera bat baino gehiago. Halaber, urte batean, animalia beragatik ezin izango da jaso lotutako ordainketa bat baino gehiago, salbu eta lugorrietan, uztondoetan edo baratze-uztaren hondakinetan bazkatzen den ardi- eta ahuntz-aziendako abeltzainentzako laguntzari dagokionez, laguntza hori bateragarria izango baita ardi- eta ahuntz-aziendari lotutako beste bi laguntzekin.

II. KAPITULUA
DISOZIATUTAKO ZUZENEKO ORDAINKETAK

16. oinarria.– Errentarako oinarrizko laguntza.

1.– Nekazariek jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntza jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta, jabetzako, gozameneko edo errentamenduko erregimenean, errentarako oinarrizko laguntzarako eskubideak badituzte, 1045/2022 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (1045/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan jasangarritasuna bultzatzeko errentaren oinarrizko laguntza-eskubideei buruzkoa). Era berean, betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaera bakarra aurkeztea, hirugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

b) Eskaera horretan, titularrak errentarako oinarrizko zer ordainketa-eskubiderengatik jaso nahi duen ordainketa adierazi beharko da, bat etorriz laguntza-eskaera bakarrak bildu beharko duen gutxieneko informazioa ezartzen duen abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren VI. eranskinean xedatutakoarekin. Laguntza-eskubideak esleitu diren eskualdean baino ezin izango ditu aktibatu eskaera bakarra aldatzeko azken egunean erabilgarri dituen edota data horren ondoren lagapen bidez edo erreserba nazionaleko eskubide berrien esleipenaren bidez jasotzen dituen nekazariak.

2.– Ordainketa eskatzeko baliatutako laguntza-eskubide bakoitza, hektarea diruz lagungarri batekin justifikatu beharko da. Jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntza 20 eskualdek osatuko dutenez, abenduaren 27ko 1045/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera, behin betiko bihurketa egin ondoren 2024ko kanpainan dagokion eskualdean baino ezin izango da aktibatu eskubide bakoitza.

3.– Aktibatutako laguntza-eskubidetzat hauek hartuko dira: abenduaren 27ko 1045/2022 Errege Dekretuaren arabera 2024an eskubideen bihurketa egin ondorengo eskualdean nekazariak dauzkan hektarea diruz lagungarriei dagokienez eskaera bakarrean justifikatzen dituenak, baldin eta horien azalera abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren X. tituluan ezarritako kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren arabera zehazten bada.

4.– Ahal diren ordainketa-eskubide oso guztiak aktibatu ostean, nekazari batek hektarearen zati bat hartzen duen nekazaritza-lurzati bati lotutako ordainketa-eskubide bat erabili behar duenean, azken ordainketa-eskubide horrek legitimatu egingo du nekazaritza-lurzatiaren tamainarekin proportzionalki kalkulatutako laguntza bat jasotzeko, eta ulertuko da oso-osorik erabilita dagoela.

5.– Ordainketa-eskubideak aktibatzeko, eskubideak identifikatzeko eta erregistratzeko sisteman titular gisa agertzen diren guztiak aitortuko dira, eta adieraziko da, gainera, aktibatuko direla eskubide-lagapenen bidez jasotakoak edo erreserba nazionalaren bidez esleitzen zaizkionak, eskaera aurkeztu badu kanpaina horretan. Lehenik eta behin erreserba nazionaleko errentarako oinarrizko laguntzarako eskubideak erabili direla ulertuko da, horrelako eskubideen titularra izanez gero. Haien artean, lehenik, erreserba nazionaleko eskubide berriak aktibatuko dira, eta, bigarrenik, erreserba nazionalak eskualdeko batez besteko baliora handitutako eskubideak. Jarraian, ordainketa-eskubideak aktibatuko dira, unitate-balio handienekoetatik balio txikienekoetarako hurrenkeran. Unitate-balio berekoak izanez gero, eskubidearen identifikazio-kodearen goranzko hurrenkeraren arabera aktibatuko da.

6.– Ordainketa-eskubideak dituen nekazari batek eskubide horiek aktibatzen ez baditu ondoz ondoko bi urtetan, erreserba nazionalera igaroko dira. Erreserba nazionaletik datozen errentarako oinarrizko laguntzarako eskubideak badira (nola eskubide berriak, hala eskualdeko batez besteko balioraino handitutako eskubideak), erreserba nazionalera igaroko dira berriro, baldin eta ez badira aktibatzen lehenengo bost kanpainetako bakoitzean, hau da, esleipen-kanpainan eta hurrengo lau kanpainetan, agintaritza eskudunak aitortutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

17. oinarria.– Errentarako oinarrizko laguntzaren ordainketak mugatzea eta pixkanaka murriztea.

1.– Errentarako oinarrizko laguntza dela-eta 60.000 eurotik gorako zenbatekoa eman behar zaion nekazari orori murrizketa bat aplikatuko zaio zenbateko hori gainditzen duen errentarako oinarrizko laguntzaren zenbatekoaren zatian. Aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa honako tarte hauen arabera zehaztuko da:

a) % 25, 60.000 eta 75.000 eurora arteko tarterako;

b) % 50, 75.000 eta 90.000 eurora arteko tarterako;

c) % 85, 90.000 eta 100.000 eurora arteko tarterako;

d) % 100, errentarako oinarrizko laguntza 100.000 eurotik gorakoa bada.

2.– Murrizketa horren emaitza zenbatetsia ordainketa birbanatzailera bideratutako zenbatekoari gehituko zaio. Nolanahi ere, aurreko apartatuko tarteak aplikatu aurretik, errentarako oinarrizko laguntzaren zenbatekotik kendu egingo dira aurreko urte naturalean nekazaritza-jarduerarekin lotuta benetan ordaindu eta aitortutako lan-kostuak, enpleguari dagozkion zergak eta gizarte-kotizazioak barne. Horretarako, egokitzat jotzen diren administrazio-gurutzaketak egin ahal izango dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorreko, Zerga Agentziako edo zerga-arloan eskumena duten foru-lurraldeetako organoetako datuekin.

3.– 2. apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe, nekazaritza-jardueran hasten direnen kasuan, kontuan hartu ahal izango dira laguntza-eskaeraren lehenengo urteari dagozkionez nekazaritza-jarduerarekin lotuta benetan ordaindutako eta aitortutako lan-kostuak. Halaber, ondorio horietarako, nekazaritza-zerbitzuetako enpresak kontratatzeak sortutako lan-kostuak kendu ahal izango dira. Kendu beharreko kostu horien zenbatekoa egiaztatzeko, zerbitzuari lotutako lan-gastua justifikatzen duten kontabilitate-agiriak aurkeztu beharko ditu nekazariak.

4.– Nekazaritzako elikagaien kooperatibei, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenerako lan elkartuko kooperatibei eta lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibei, eraldaketarako nekazaritza-sozietateei eta Nekazaritzako Ustiategien Titulartasun Partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean ezarritakoaren arabera inskribatutako titulartasun partekatuko erregimeneko ustiategiei dagokienez, 1. apartatuko tarteetan aipatzen den murrizketa banaka kalkulatu eta aplikatuko zaio, hala badagokio, erakunde horietako kide bakoitzari.

5.– Nolanahi ere, nekazari batek jaso beharreko errentarako oinarrizko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da, gehienez.

18. oinarria.– Jasangarritasunerako errentaren laguntza birbanatzaile osagarria.

1.– Laguntza honen helburua errentarako laguntza ustiategi ertain eta txikien artean era ekitatiboagoan banatzea da, eta eraginkortasun eta efizientzia handiagoz esleitzea, ustiategi handiekin alderatuta duten errentagarritasun-aldea arintzearren.

2.– Errentarako oinarrizko laguntza dela-eta ordainketa jasotzeko eskubidea duten nekazariek izango dute errentaren laguntza birbanatzailea jasotzeko eskubidea.

3.– Hektarea diruz lagungarri bakoitzeko urteko ordainketa emango zaie lehenengo hektareei, onuradunei eta, ustiategia zer eskualdetan dagoen bereizita, errentarako oinarrizko laguntzarako ezarritako eskualdekatze-ereduaren arabera.

4.– Laguntza kalkulua ustiategien lehen hektareei dagokienez egingo da, eskualde bakoitzeko azalera eta hektarea bakoitzeko zenbatekoa kontuan hartuta, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren Errentarako laguntza birbanatzailea kalkulatzeko parametroei buruzko VIII. eranskinean ezarritako parametroen arabera:

a) Nekazariak eskualde batean baino gehiagoan aitortzen badu azalera, eskualde bakoitzari dagokion ustiategiko lehen hektareak kalkulatuko dira, proportzionaltasun-irizpideei jarraikiz, eskualde bakoitzean ustiategiaren guztizko azaleratik aitortutako azalera kontuan hartuta.

b) Nekazaritzako elikagaien kooperatibei, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenerako lan elkartuko kooperatibei eta lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibei, eraldaketarako nekazaritza-sozietateei eta Nekazaritzako Ustiategien Titulartasun Partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean ezarritakoaren arabera inskribatutako titulartasun partekatuko erregimeneko ustiategiei dagokienez, banaka kalkulatu eta aplikatu ahal izango zaio, hala badagokio, erakunde horietako kide bakoitzari.

19. oinarria.– Nekazari gazteentzako errentarako laguntza osagarria.

1.– Laguntza honen helburua nekazari gazteak jardunean has daitezen laguntzea da. Horrela, nekazaritza-sektoreko belaunaldi-txandaketa laguntzeaz gain, haien ustiategien errentagarritasuna hobetuko da jardunean hasi ondorengo lehenengo urteetan.

2.– Laguntza osagarri hori jasotzeko eskubidea izango dute eskaera bakarra aldatzeko epea amaitzen denean abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 21. artikuluko betekizunak betetzen dituztenek. Hori ezertan galarazi gabe, 21.a) artikuluko 3. puntuko eskakizuna (nekazaritza-arloan prestakuntza edo gaikuntza egokia egiaztatzeko betekizuna) bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-gaitasunaren eta -konpetentziaren betekizuna aplikatzearekin. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 75. artikuluaren arabera landa-garapenaren eremuan lehen aldiz ezartzeko laguntza ematearen aldeko ebazpenerako eskatzen da betekizun hori.

3.– Hala ere, errentarako zuzeneko laguntzen eskatzaileek (erreserba nazionaleko errentarako oinarrizko laguntzaren eskubideen esleipena edo gazteentzako laguntza osagarria), landa-garapenaren eremuan lehen ezarpenerako laguntza jasotzeko aldeko ebazpenik ez badute, eskakizun hori beteko dute, baldin eta gutxienez 150 irakastordu jaso dituztela egiaztatzen badute, Erreserba Nazionalerako eskubideen eskabideei buruzko abenduaren 27ko 1045/2022 Errege Dekretuaren 22.1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta gazteentzako errentaren laguntza osagarrien eskaerei buruzko abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 21.a) artikuluko 3. puntuan ezarritakoaren arabera, hurrenez hurren.

20. oinarria.– Klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenak (ekoerregimenak).

1.– Klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenen betekizunak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren III. tituluko II. kapituluko 4. atalean ezarritakoak dira.

2.– Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren III. tituluko II. kapituluko 2. ataleko 4. azpiatalean xedatutakoarekin, haren 31. artikuluaren arabera, nekazari aktiboek konpromisoa hartzen badute hektarea diruz lagungarrietan artikulu horretan zehaztutako klima eta ingurumenerako jardunbide onuragarriren bat gauzatzeko, errege-dekretu honetan ezarritakoaren araberako laguntza bat jasoko dute, klimaren eta ingurumenaren aldeko borondatezko erregimenei dagokienez (aurrerantzean, «ekoerregimenak»). Laguntza horien helburua klimaren eta ingurumenaren gaineko onurak handitzea da, kudeaketaren legezko betekizunez eta baldintzen nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiez haragoko borondatezko jardunbideak eginez.

3.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 31.5 artikuluaren arabera, ekoerregimenen jardunbideak kudeatzeko legezko betekizunetatik eta nekazaritzaren eta ingurumenaren arloko baldintza egokietatik harago joango dira, eta Erregelamendu horren 70. artikulua betez –Ingurumen- eta klima-konpromisoei eta landa-garapenerako esku-hartzeetan jasotako beste kudeaketa-konpromiso batzuei buruzkoa– ordainketak ematea dakarten konpromisoak ez bezalakoak izan beharko dira.

4.– Eskaera bakarraren epea amaitzen den egunean honako hauetan inskribatuta dauden ustiategiek baino ezin izango dute jaso laguntza: Nekazaritza Produkzioaren Erregistro Orokorrean (REGEPA), Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (REA) edo Animalien Trazabilitaterako Sistema Integralean (SITRAN) –autonomia-erkidegokoa edo Espainiako– eskuragarri dagoen Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA).

5.– Bederatzi ekoerregimen ezarri dira, kontuan hartuta lortu nahi diren karbono-nekazaritzaren edo agroekologiaren esparruko onurak eta klimaren eta ingurumenaren gainean onuragarritzat jo diren jardunbideak garatzeko azalera motak.

a) Karbono-nekazaritza eta agroekologia larre hezeetan. Praktikak: larratze estentsiboa, segatzea edo biodibertsitate-uharteak.

b) Karbono-nekazaritza eta agroekologia larre mediterraneoetan. Praktikak: larratze estentsiboa, segatzea edo biodibertsitate-uharteak.

c) Karbono-nekazaritza eta agroekologia lehorreko laborantza-lurretan. Praktikak: laboreak txandakatzea eta zuzenean ereitea.

d) Karbono-nekazaritza eta agroekologia lehorreko laborantza-lur hezeetan. Praktikak: laboreak txandakatzea eta zuzenean ereitea.

e) Karbono-nekazaritza eta agroekologia laborantza-lur ureztatuetan. Praktikak: laboreak txandakatzea eta zuzenean ereitea.

f) Karbono-nekazaritza lursail lauetako zurezko laboreetan. Praktikak: landare-estalkiak eta estalki geldoak.

g) Karbono-nekazaritza malda ertaineko lursailetako zurezko laboreetan. Praktikak: landare-estalkiak eta estalki geldoak.

h) Karbono-nekazaritza malda handiko eta baratze-alorretako lursailetako zurezko laboreetan. Praktikak: landare-estalkiak eta estalki geldoak.

i) Agroekologia laborantza-lurretan eta labore iraunkorretan. Praktika: biodibertsitate-eremuak.

6.– Aurreko apartatuaren ondorioetarako, azalera mota hauek hartuko dira kontuan:

a) Larre hezeak, Arabako eskualdeak (Kantauri itsasoa, Gorbeialdea, Arabako Ibarrak, Arabako Lautada, Arabako Mendialdea) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoak.

b) Larre mediterraneoak: Arabako Errioxa.

c) Arabako Errioxako Lehorreko laborantza-lurrak.

d) Lehorreko laborantza-lur hezeak (ez lur ureztatuan), Arabako eskualdeak (Kantauri itsasoa, Gorbeialdea, Arabako Ibarrak, Arabako Lautada, Arabako Mendialdea), eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoak.

e) Laborantza-lur ureztatuak.

f) % 5etik beherako maldako zurezko laboreak.

g) Gutxienez % 5eko eta % 10etik beherako maldako zurezko laboreak.

h) Gutxienez % 10eko maldako eta baratze-alorretako zurezko laboreak.

i) Labore iraunkorrak, zurezko laboreak barne.

7.– Ekoerregimenetarako laguntza urteko ordainketa bat izango da, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 24.3 artikuluan zehaztutako jardunbideetako bat betetzeko aitortutako hektarea diruz lagungarri guztiengatik, baldin eta baldintza orokorrak eta kasu bakoitzean ezarritako baldintza espezifikoak betetzen badituzte. Ekoerregimen bakoitzerako, hektareako jasotako laguntzaren zenbatekoa bera izango da, egiten den jardunbidea edozein dela ere. Hektarea diruz lagungarri bakoitzerako, laguntza bakar bat kobratuko da, haren gainean jardunbide bat baino gehiago egin arren.

8.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, 124. artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, zenbateko unitario bat ezarriko du urtero ekoerregimen bakoitzerako. Zenbateko unitarioak ez dira inola ere izango abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren X. eranskinean ezarritako gutxieneko zenbatekoak baino txikiagoak, ez eta gehieneko zenbatekoak baino handiagoak ere.

21. oinarria.– Larratze estentsiboaren jardunbidea.

1.– Larratze estentsiboaren jardunbiderako betekizunak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 30. artikuluan ezarrita daude.

2.– Eskaera bakarra aldatzeko epea amaitzen denean, Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) inskribatuta egon beharko dute ustiategiek, behi-, ardi-, ahuntz-, zaldi- edo txerri-aziendako ustiategi gisa, eta «larrea» edo «ekoizpena eta ugalketa» mota zehaztuta. Sailkapen zootekniko hauek izan behar dituzte:

a) Behi-azienda: haragia zein esnea ekoizteko edo ekoizpen mistorako ugalketa. Ustiategi horiek estentsibo edo erdi-estentsibo gisa sailkatuta egon beharko dute.

b) Ardi- eta ahuntz-azienda: haragia zein esnea ekoizteko edo ekoizpen mistorako ugalketa.

c) Zaldi-azienda: haragia ekoizteko ugalketa edo ekoizpen mistorako ugalketa.

d) Txerri-azienda: ekoizpen-sistemaren arabera (estentsiboa edo mistoa).

3.– Azalerak larre iraunkorren edo aldi baterakoen hektarea diruz lagungarriak izango dira, haietan larratze-jarduera egiten dutela aitortzen badute.

4.– Laguntza hori jasotzeko, betekizun hauek daude larratze estentsiboari dagokionez:

a) Ustiategiko animaliekin bazkaren aprobetxamendua egitea, urtean 120 egun gutxienez, jarraian edo etenka. Jardunbidearekin bat egiten duten larre-hektarea guztiak larratu behar dira, baina hektarea bakoitza ez da ezinbestean egunero edo animalia guztiekin zertan larratu.

b) Honako tarte hauek betetzea, jardunbidearekin bat egiten duten azaleren gaineko urteko batez besteko gutxieneko abere-zamaren eta gehieneko abere-zamaren artean:

1) Larre hezeetan, 0,4 eta 2 arteko AzLU/hektarea.

2) Larre mediterraneoetan, 0,2 eta 1,2 arteko AzLU/hektarea.

5.– Balio hauek erabiliko dira AzLU bihurtzeko:

(Ikus .PDF)

6.– Abere-zamaren tarteak betetzen direla egiaztatzeko, Animalien Trazabilitaterako Sistema Integral (SITRAN) autonomikoan eta nazionalean agertzen den informazioa baino ez da erabiliko.

7.– Abeltzainak ez badu ustiategiko animalia guztiekin larratuko, jardunbide horretan ustiategiko zenbat abere erabiliko duen adieraziko du, espezieka, eskabidea egiten duenean.

8.– Elkarren artetik 10 km baino gutxiagora dauden lurzatiak lurzati multzo berekotzat hartu ahal izango dira. Onuradunek nekazaritzako ustiategiaren koadernoan edo nekazaritzako ustiategiaren koaderno digitalean –hura indarrean jartzen denetik aurrera– erregistratu beharko dute noiz hasi eta noiz amaitzen duten ustiategiko abereek nekazaritzako lurzati edo lurzati multzo bakoitzean larratzeko jarduera. Larratze-aldia amaitu eta hilabeteko epean jaso beharko dituzte datu horiek koadernoan, beranduenez.

9.– Larre hezeen azaleretako larratze estentsiborako, azalera horiek batera erabiltzen direnean, eskaerak onuradunari adjudikatu zaion azalera osoa barne hartzen duela ulertuko da. Hala ere, ezarritako abere-zamaren gutxieneko muga lortu ezean, laguntza jasotzeko eskubidea duten gehieneko hektareen kopurua hauxe izango da: ustiategi horretako AzLU kopuruan gutxieneko abere-zama lortzen den hektarea kopurua. Xedapen hori aplikatu ahal izateko, agintari eskudunek bermatu beharko dute larre hezeen azalera osoan gutxieneko nekazaritza-jarduera egiten dela, ekoerregimen hori azalera osorako eskatu edo ez.

22. oinarria.– Segatze jasangarriaren eta biodibertsitate-uharteen jardunbidea.

1.– Larre-azaleretan biodibertsitate-uharteak ezartzeko edo segatze jasangarria egiteko jardunbidearen deskribapena eta onuradunen betekizunak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 31. artikuluan ezarrita daude. Jardunbide horretan, biodibertsitate-uharteak ezartzea edo sega jasangarria egitea aukeratu ahal izango dute onuradunek.

2.– Onuradunen ustiategiak abeltzaintzako ustiategiak izango dira, eta bateragarriak izan beharko dira segatutakoa bertako animaliak elikatzeko baliatzearekin. Ondorio horietarako, eskaera bakarra aldatzeko epea amaitzen denean REGAn «Ekoizpena eta Ugalketa» motarekin inskribatuta dauden behi-, ardi-, ahuntz- eta zaldi-espezieak hartuko dira kontuan, baldin eta honako sailkapen zootekniko hauetako bat badute:

a) Haragia ekoizteko ugalketa, esnea ekoizteko ugalketa edo ekoizpen mistorako ugalketa, behi-, ardi- eta ahuntz-aziendaren kasuan.

b) Zaldi-azienda: haragia ekoizteko ugalketa edo ekoizpen mistorako ugalketa.

3.– Segatze jasangarriaren baldintzei dagokienez, lepidopteroen bizi-zikloa eta larre-azaleren ziklo begetatiboa laguntze aldera, hauek egin beharko dira:

a) Maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan 60 egun jarraian gutxienez uztea aprobetxamendurik gabe larreen edo aldi baterako larreen azalerak. Euskal Autonomia Erkidegoan aprobetxamendurik gabeko bi aldi ezartzen dira, eta haietan ezin da segatu, ezta bestelako nekazaritzako jarduerarik egin ere: uztailaren 3tik abuztuaren 31ra arte, eta ekainaren 2tik uztailaren 31ra arte. Onuradunak aukeran izango du aprobetxamendu gabeko bi adietako zeini heldu.

b) Aro begetatibo nagusian ekoizpenerako segatzeko jarduera bat gutxienez, gehienez hiru ebaketa eginda.

c) Ustiapen-koadernoan edo koaderno digitalean jasotzea egindako segatze-lanak. Gehienez 30 eguneko epean egin behar dira idazpenak, lanak egiten direnetik aurrera.

4.– Biodibertsitate-uharteen betekizunei dagokienez, larreen eta aldi baterako larreen azalera osoaren % 4 utzi beharko da segatu gabe. Ehuneko hori zenbatzeko, NIBO-8an ezarritako ustiategiko paisaiaren elementuak hartuko dira kontuan. Lurzati horietan ez da inolako nekazaritza-jarduerarik egin behar urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra arte. Gainera:

a) Abuztuaren 31tik aurrera, lepidopteroen zikloa bukatu ondoren, segatu gabeko azaleretan nekazaritza-jarduera hauek egin beharko dituzte:

1) Ustiategiko animaliekin larratzea, larratze estentsiboaren jardunbidean adierazitako abere-zamak betez.

2) Segatzea, lur-lantzea, ereitea edo beste edozein mantentze-jarduera. Galarazita dago herbizidak erabiltzea.

b) Abuztuaren 31tik aurrera azalera horietan egindako nekazaritza-jarduerak gehienez hilabeteko epean erregistratu beharko dira ustiategiko koadernoan edo koaderno digitalean, jarduerak bukatzen direnetik aurrera.

c) Onuradunek segatu gabeko azalera zer lurzatiren gainean ezartzen den adierazi beharko dute eskaera egiteko unean; azalera horiek ez dira zertan berak izan eskaera-urte bakoitzean.

23. oinarria.– Laboreak txandakatzeko jardunbidea.

1.– Laboreak txandakatzeko jardunbidearen deskribapena eta betekizunak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 36. artikuluan ezarrita daude.

2.– Jardunbide hori eta zuzenean ereiteko jardunbidea lehorreko laborantza-lurretan, lehorreko laborantza-lur hezeetan (2011-2020ko batez besteko plubiometria 650 mm-koa edo hortik gorakoa) eta laborantza-lur ureztatuetan aplikatuko dira.

3.– Laborantza-lurren gaineko ekoerregimen horien ondorioetarako, lurzati ureztatutzat joko dira kanpainako eskaera bakarrean halakotzat jotakoak –baldin eta dagokion baimena dutela egiaztatzen bada–, edo SIGPAC esparruetan daudenak –lurzati ureztatu gisa deklaratu eta horrela ustiatu badira aurreko hiru kanpainetako batean–.

4.– Ustiategien titularrek ongarritze-plana izan beharko dute lurzati ureztatuetan, laguntza hori eskuratuko badute. Era berean, nekazaritzako ustiategiaren koadernoan edo nekazaritzako ustiategiaren koaderno digitalean erregistratu beharko dituzte nekazaritzako lurzoruan mantenugaiak eta materia organikoa zein ureztatzeko ura gehitzeko eragiketak.

5.– Hobetze-espezieen bidezko labore-txandaketako jardunbidea egiteko, nekazariak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Urtero, laborantza-lurraren azaleraren % 50ean, gutxienez, aurreko urtekoa ez beste labore bat egotea. Labore nagusiaren urte berean bigarren mailako labore bat ezartzea txandakatzetzat hartzen da. Euskal Autonomia Erkidegoan, baimenduta dago txandakatze-ehunekoa % 25era jaistea, ustiategietako laborantza-lurren % 25ean baino gehiagoan urte anitzeko espezieak badaude.

b) Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XV. eranskinean zehaztutako hobetze-espezieak egon behar dira dagokion laborantza-lurraren azaleraren % 10ean, gutxienez, eta espezie horietatik lekadunak izango dira, gutxienez, jardunbide horrekin bat egindako azaleraren % 5ean. Baimenduko da lekadunak ekoizpenera ez iristea ongarri berde gisa erabil dadin, eta lursailean egon beharko dira loratzen hasten diren arte gutxienez. Lekadunak dauden lurzatiak ez dira ondoren lugorri utziko. Bigarren mailako laborea ere kontuan hartuko da hobetze-espeziearen ehunekorako.

c) Dagokion ekoerregimenaren jardunbidea betetzeko aitortutako laborantza-lurraren azalera 10 hektareatik beherakoa bada, jardunbidea honako hau izango da:

1) Ezarritako txandakatzea, hobetze-espezierik erabili beharrik gabe; edo, bestela,

2) Dibertsifikatzeko betekizuna betetzea, gutxienez bi labore landatuz, labore nagusiak jardunbidearekin bat egindako azaleraren % 75 baino gehiago bete gabe.

6.– Urte anitzeko espezieen azalera diruz lagungarria izango da laguntza eskuratzeari begira, baina ez da kontuan hartuko txandakatutako azaleraren ehunekoa zenbatzeko, dagokion urtean jarritakoa izan ezik.

24. oinarria.– Zuzenean ereiteko jardunbidea.

1.– Zuzenean ereiteko jardunbidearen deskribapena eta betekizunak abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarrita daude.

2.– Zuzenean ereiteko jardunbidea betetzeko, honako betekizun hauek beharko ditu nekazariak, azalera-tipologia bakoitzari dagokion laborantzako lur-azaleraren % 40an gutxienez:

a) Goldatzeko lanik ez egitea.

b) Zuzenean uztondoen gainean ereitea, eta lurrean atxikitzea uztondo horiek, lurzorua urte osoan estalita egon dadin.

c) Laboreak txandakatzea zuzenean ereiten den azaleran, urte anitzeko espezieak kanpoan utzita, espezie horiek ezarri beharreko urtean izan ezik. Txandakatzetzat hartuko da labore nagusiaren urte berean bigarren mailako labore bat jartzea. Lekadunak dauden lurzatiak ez dira ondoren lugorri utziko.

3.– Osagarri gehigarri bat ezarri da jarduera hori ondoz ondoko urteetan azalera berean egiteagatik, karbonoa lurzoruan atxikitzen laguntzeko eta karbono horren zati bat atmosferara isur ez dadin. Osagarri horrek 25 euroko zenbateko finkoa izango du hektarea bakoitzeko, eta kalkulatutako laguntzaren zenbatekoari gehituko zaio. 2024ko kanpainarako, bai eta, laguntza lehen aldiz eskatuz gero, hurrengo kanpainetan ere, onuradunek hurrengo kanpainan jardunbide hori azalera berean egiteko konpromisoa hartu beharko dute onuradunek, osagarri hori kobratuko badute. Hartutako konpromisoak aplikatu eta hurrengo urtean bete ezean, osagarri horren zenbatekoa kenduko zaie. Gainerako kasuetan, hektarea bakoitzeko osagarria ordaintzeko, aurreko kanpainan hektarea berean jardunbide bera egin izana egiaztatu beharko da.

4.– Ekoerregimen hori azalera-tipologia bakoitzean ordainduko da, jardunbide horrekin bat egiten duen azalera aitortu osoaren gainean, hautagarritasun-baldintzak betez gero, betiere.

25. oinarria.– Landare-estalkien (berezkoak edo ereindakoak) jardunbidea.

1.– Landare-estalkien (berezkoak edo ereindakoak) jardunbidea egiteko, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 42. artikuluan ezarritako konpromisoak bete beharko ditu nekazariak.

2.– Urte osoan landare-estalkia (berezkoa edo ereindakoa) ezarri edo edukitzeko urteko konpromisoa hartu beharko du, estalki hori bizia edo ihartua izan, urteko une bakar batean ere lurzorua biluzik gelditu ez dadin.

3.– Betekizun hori egiaztatzeko, «lursailaren gaineko landare-estalkia (berezkoa edo ereindakoa), bizirik, ezartzeko data» idatzi beharko da nekazaritzako ustiategiaren koadernoan edo nekazaritzako ustiategiaren koaderno digitalean; data hori abenduaren 1a izango da, beranduenez. Idatzohar hori hilabeteko epean egin beharko da, data horretatik aurrera.

4.– Gainera, landare-estalkia bizirik egon behar da lursailean, lau hilabete gutxienez, abenduaren 1etik martxoaren 31ra.

5.– Landare-estalki horiek, oro har, bitarteko mekanikoen bidez kudeatuko dira: segatze mekanikoa edo sastrakak kentzea, eta segatze / sastraka kentze horren hondakinak lursailean bertan uztea, «mulching» gisa edo abereen bitartez kudeatuko da. Ez da baimenduko herbizidak eta bestelako fitosanitarioak erabiltzea belar-landarezko estalkia duen kalearen erdian. Salbuespenez, landare-estalkian herbizidak erabiltzea baimenduko da, behar bezala arrazoitutako flora-inbertsioen unean uneko kasuetan. Salbuespenaren aurretiko baldintza izango da bi urte jarraian jardunbidea egin izana, hirugarren urtean aplikatzeko.

6.– Landare-estalkiak bitarteko mekanikoz kudeatuko dira ur eta mantenugaiengatiko lehia mugatzeko; hain zuzen, urtero segatzeko eta sasi-garbitzeko makinak erabiliko dira, behar beste aldietan erabili ere.

7.– Jardunbidea betetzen dela egiaztatzeko, nekazariak nekazaritzako ustiategiaren koadernoan edo nekazaritzako ustiategiaren koaderno digitalean jaso beharko du nola mantentzen duen landare-estalkia (berezkoa edo ereindakoa). Halaber, estalkiaren zabalera eta adaburuaren proiekzioaren zabalera askea erregistratuko dira. Idatzohar horiek eskaera bakarra aldatzeko epea bukatu aurreko hilabetean egin beharko dira, beranduenez.

8.– Gainera, segatu edo sastraka kendu ondoren, landare-estalkien hondakinek estalkiaren hasierako eremua hartu beharko dute, urteko une bakar batean ere lurzorua biluzik gelditu ez dadin ezarritako estalkiaren zabaleraren ehunekoan.

9.– Estalkiak, zerrenda bakoitzean, adaburuaren proiekzioaren zabalera askearen % 40 hartuko du gutxienez; zabalera hori ez da 0,5 metrotik beherakoa izango.

10.– Lurzatiek % 10eko malda edo handiagoa dutenean, betiere esparruaren benetako malda terrazen edo baretze-alorren bidez orekatuta egon ezean, estalkiaren gutxieneko zabalera metro bat zabalagoa izango da aurreko paragrafoan eskatutako gutxieneko zabalera baino. Estalkiaren gutxieneko zabaleraren betekizun hori bete ezin duten zurezko laboreen azalerei dagokienez (zurezko laborearen zerrendaren batez besteko zabalera 1,5 metro baino txikiagoa delako), kalearen zabalera osoa hartu beharko du estalkiak.

11.– Ereindako estalkiak badira, baimenduta egongo dira lurrazaleko lanak, lursaila ereiteko egokitzearren. Salbuespen gisa, agintari eskudunari aldez aurretik eskatuta, estalkiak mantentzeko lurrazaleko lan ez oso sakonak ere baimenduko dira. Lurrazaleko lan horiek ez dute inola ere aldatuko lurzoruaren egitura, eta debekatuta egongo da nolanahi ere urteko une bakar batean ere lurzorua biluzik egotea.

12.– Jardunbide hori aplikatzeko baldintzak aldatu ahal izango dira salbuespenezko zenbait egoeratan, hain zuzen ere egoera hauetan:

a) Salbuespenez, estalduraren gainean fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da, landare-osasunaren arloko agintari eskudunak hala zehazten duen kasuetan, izurriak prebenitu, kontrolatu edo desagerrarazteko.

b) Aukera emango da landare-estalkia bizirik egon beharreko lau hilabeteko nahitaezko aldia murrizteko, agintari eskudunak justifikatutako egoeretan, egoera agroklimatiko txarren ondorioz, bai eta autonomia-erkidegoko agintari eskudunak egiaztatutako ezinbesteko egoeretan ere.

13.– Landare-estalkien jardunbiderako, osagarri gehigarri bat ezarri da azalera berean ondoz ondo urtebetean baino gehiagoan egiteagatik, lurzoruan karbonoa atxikitzen laguntzeko eta karbono horren zati bat atmosferara isur ez dadin. Osagarri horrek 25 euroko zenbateko finkoa izango du hektarea bakoitzeko, eta landare-estalkien jardunbide horretako malda-tarte bakoitzerako kalkulatutako laguntzaren zenbatekoari gehituko zaio.

14.– 2023ko kanpainarako, bai eta, laguntza lehen aldiz eskatuz gero, hurrengo kanpainetan ere, hurrengo kanpainan jardunbide bera egiteko konpromisoa hartu beharko dute onuradunek, osagarri hori kobratuko badute. Hartutako konpromisoak aplikatu eta hurrengo urtean bete ezean, osagarri horren zenbatekoa kenduko zaie. Gainerako kasuetan, hektarea bakoitzeko osagarria ordaintzeko, aurreko kanpainan hektarea berean jardunbide bera egin izana egiaztatu beharko da.

26. oinarria.– Inausketa-hondakinezko estalki geldoen jardunbidea.

1.– Inausketa-hondakinezko estalki geldoen jardunbidea egiteko, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 43. artikuluan ezarritako konpromisoak bete beharko ditu nekazariak. Honako hauek dira:

a) Inausketa-hondakinak birrintzea eta lursailean uztea, lurzoruaren gainean inausketa-hondakinezko estalki geldo bat ezar dadin, «mulching» gisa. Konpromiso hori egiaztatzeko, nekazaritzako ustiategiaren koadernoan edo nekazaritzako ustiategiaren koaderno digitalean (azken hori indarrean noiz jartzen den) idatzi beharko da zer egunetan ezarri den lurzoruaren gainean inausketa-hondakinak birrinduz sortutako estalki geldoa; dagokion kanpainako apirilaren 15a izango da egun hori, beranduenez. Idatzohar hori hilabeteko epean egin beharko da, data horretatik aurrera.

b) Lurzoruaren gainean jarritako inausketa-hondakinek adaburuaren proiekzioaren zabalera askearen % 40 hartuko dute gutxienez zerrenda bakoitzean. Kantitatea aski izango da jardunbidearen ondoriozko ingurumen-onurak lortzeko; zabalera hori, berriz, ez da 0,5 metrotik beherakoa izango. Lurzatiek % 10eko gutxieneko malda dutenean, betiere esparruaren benetako malda terrazen edo baretze-alorren bidez orekatuta egon ezean, estalkiaren gutxieneko metro bat zabal handiagoa izango da azpiapartatu honetako lehen paragrafoan eskatutako gutxieneko zabalera baino. Estalkiaren gutxieneko zabaleraren betekizun hori bete ezin duten zurezko laboreen azalerei dagokienez (zurezko laborearen zerrendaren batez besteko zabalera 1,5 metro baino txikiagoa delako), kalearen zabalera osoa hartu beharko du estalkiak.

Konpromiso hori egiaztatzeko, estalkiaren zabalera eta adaburuaren proiekzioaren zabalera askea idatzi beharko dira nekazaritzako ustiategiaren koadernoan edo nekazaritzako ustiategiaren koaderno digitalean (azken hori indarrean noiz jartzen den). Idatzohar hori eskaera bakarra aldatzeko epea amaitu aurreko hilabetearen barruan egin beharko da, beranduenez.

c) Inausketa-hondakinezko estalki geldoak hartzen duen azaleraren gainean ezin izango da tratamendu fitosanitariorik egin.

d) Salbuespenez eta agintari eskudunari aldez aurretik eskatuta, estalkietan azaleko mantentze-lan ez oso sakonak egitea baimenduko da, baldin eta ez badute inola ere lurzoruaren egitura aldatzen, ezta estaldura urteko une bakar batean ere desagerrarazten edo estalduraren ingurumen-onurak lortzea eragozten ere.

e) Inauste-hondakinen estalki geldoen jardunbidearen esparruan, baimendu egingo da berezko landare-estalkien edo ereindakoen jardunbidearekin konbinatzea esparru berean, estalkiren batek har dezan jardunbideen esparruan eskatutako azalera osoa. Jardunbide konbinatu horri adjudikatuko zaio, edonola ere, inauste-hondakinen estalki geldoen zenbatekoa.

2.– Jardunbide hori ez da egingo onuradunak izurri-arazoak hautematen baditu zurezko laboreetan, kutsatutako inausketa-hondakinak lursailean banatzeak izurria hedatzea ekarriko baitu.

Agintari eskudunak baimena eman badu, era horretako izurriren bat antzemateagatik, laboreari tratamendu fitosanitarioa emateko, onuradunak ezin izango du jardunbide hori egin, baldin eta, tratamendua aplikatu ondoren, zurezko laboreetan oraindik izurri-arazorik badago.

3.– Konpromisoa hartutakoan, landare-osasunaren arloko agintari eskudunak adierazten badu izurri bat dagoela inausketa-hondakinetan, dagoen izurri mota bakoitzerako dauden araudi edo gomendioei jarraikiz kudeatuko dira hondakin horiek. Hala, salbuespenezko egoera hauek jasoko dira, nekazaria laguntzaren onuradunak onuradun izateari utzi gabe, agintari eskudunak horrela zehazten duen kasuetan:

a) Inausketa-hondakinezko estalki geldoari fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da.

b) Inausketa-hondakinak kentzea baimenduko da.

c) Tratatu ondoren, inausketa-hondakinak lurperatzea baimenduko da.

4.– Lehorreko lurreko zurezko laboreen azaleretan bereziki, baldintza espezifiko batzuk ezarriko dira:

a) Estalki geldoak mantentzeko lan bertikal ez oso sakonen bat ahalbidetzea, apiriletik irailera arte, biak barne. Lurrazaleko lan horiek ez dute inola ere ekarriko lurzoruaren egitura aldatzea.

b) Estalki geldoak ezartzea baimenduko da, txandakako kaleetan.

27. oinarria.– Biodibertsitate-guneak laborantza-lurretan eta laborantza iraunkorretan.

1.– Ekoerregimen hori betetzeko, laborantza-lurren eta laborantza iraunkorren kasuan, zurezko laborantzak barne hartuta, biodibertsitate-guneen ehuneko bat ezarri beharko da.

2.– Biodibertsitate-gunetzat hartuko dira ekoerregimen hori betetzeko aitortutako azaleraren ondo-ondoan dauden elementuak, eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XIV. eranskinean jasotako betekizunak bete beharko dituzte. Elementu hauexek dira:

a) Hormatxoak, putzuak, urmaelak, atxikipen-terrazak, umantziak, aska naturalak, heskaiak, mugak, landaretza-uharteak eta -eremuak edo NIBO-8 betetzeko ezarritako paisaiaren beste edozein elementu, baldin eta hegazti eta faunaren eta intsektu onuragarrien edo polinizatzaileen babesleku, gordailu eta elikagai gisa balio badute.

b) Lugorria; biodibertsitaterako espezie egokiak dituen landare-estalkia badute baino ez dira diruz lagungarriak izango.

c) Biodibertsitate-bazterrak, -zerrendak eta -uharteak.

d) Laborantza-lurretan zerealak, lekadunak eta olio-laboreak bildu gabeko eremuak, zeinetan alea abifaunaren esku epe luzeagoan uzten duten.

e) Espezie aromatikoak bildu gabeko eremuan, zeinetan laborea biltzeko momentuan fauna polinizatzailearen esku nektarra edo polena duten.

3.– Ekoerregimen horrekin bat egiten duten nekazariek nekazari aktiboaren betekizuna bete beharko dute, eta jasangarritasunerako errentaren oinarrizko laguntza jaso.

4.– Honelako biodibertsitate-guneen azalera eduki beharko da:

a) Laborantza-lurretan:

1) Ekoerregimen horretan aitortutako lehorreko azaleraren % 7.

2) Ekoerregimen horretan aitortutako azalera ureztatuaren % 4.

b) Laborantza iraunkorretan, ekoerregimen horretan aitortutako azaleraren % 4.

5.– Ekoerregimen hori betetzeko aitortutako azalera osoaren gainean egingo da haren ordainketa.

6.– Biodibertsitate-azalerak eta -guneak, gainerako esparruak bezala, adierazpen grafikoaren bidez aitortuko dira, eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XVIII. eranskinean zehaztutako haztapen-koefizienteak aplikatuko zaizkie.

7.– Biodibertsitate-guneen azaleretan ezin izango da ongailurik edo produktu fitosanitariorik aplikatu. Salbuespenez, azalera horien gainean produktu fitosanitarioak aplikatu ahal izango dira, baldin eta landare-osasunaren arloko agintari eskudunak horrela xedatzen badu, izurriak prebenitu, kontrolatu edo desagerrarazteko. Aurreko muga hori ez da aplikatuko uzta bildu gabeko eremuen kasuan.

28. oinarria.– Ekoerregimenen betekizunen gaineko salbuespenezko malgutasunak.

Ezohiko egoeretan, ekoerregimenen jardunbideetako nahitaezko betekizun jakin batzuk malgutu ahal izango dira, EAEko Erakunde Ordaintzaileko zuzendariaren ebazpena argitaratuz. Taula honetan jasotzen dira:

(Ikus .PDF)
III. KAPITULUA
LOTUTAKO ZUZENEKO ORDAINKETAK

29. oinarria.– Azaleraren araberako lotutako zuzeneko ordainketak.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2115/2021 Erregelamenduaren 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Batzordeak 2022ko abuztuaren 31n onartutako Plan Estrategiko Nazionalaren arabera, zailtasun espezifikoak dituzten sektoreei lotutako errentarako laguntza emango da.

2.– Laguntza bideratzeko, urtean behin ordainketa bat egingo da betekizun orokorrak eta kasuan kasuko betekizun espezifikoak betetzen dituen laborantza-hektarea bakoitzeko. Betekizun horiek abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren III. kapituluko III. tituluan ezarrita daude.

3.– Azaleraren araberako lotutako laguntza hauek eska daitezke 2025eko eskaera bakarrean Euskal Autonomia Erkidegoan:

a) Landare-jatorriko proteinen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza. Proteina-plana.

b) Azukre-erremolatxaren ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

c) Zailtasun espezifikoak eta ingurumen-balio handia dituen olibadiari lotutako laguntza.

30. oinarria.– Landare-jatorriko proteinen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza. Proteina-plana.

1.– Laguntza honen helburua zera da: landare-jatorriko proteinaren eskuragarritasuna bultzatzea, animalien eta gizakien elikadurarako funtsezko lehengaiekiko mendekotasuna murrizteko, eta nekazaritzako elikagaien sistema jasangarriagoa sustatzea.

2.– Azaleraren araberako laguntza lotua emango zaie labore proteiko jakin batzuk ekoizten dituzten nekazariei; laguntza mota hauek, hain zuzen:

a) Txitxirio, dilista eta babarrun lehorreko espezieen lekaleak ekoizteko laguntza.

b) Gainerako lekadunak ekoizteko laguntza.

c) Txitxirio, dilista eta babarrun lehorreko espezieen lekaleen hazi ziurtatuak ekoizteko laguntza.

d) Gainerako lekadunen hazi ziurtatuak ekoizteko laguntza.

3.– Laguntza mota bakarra jaso ahal izango da laguntza eskatzen den azalera-hektarea diruz lagungarri bakoitzeko.

4.– Laguntza honen ondorioetarako, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 48.3 artikuluan jasotako lekadunen familiako espezieak hartuko dira kontuan. Zerrenda horretan jasotako lekadunak gramineoekin nahasita egon ahal izango dira, baldin eta lekadunak badira nahasketa horren labore nagusia.

5.– Neurri horren aurrekontu-zuzkidura, laguntza azpimota bakoitzerako, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XIX. eranskinean adierazita dago. Hala ere, gehieneko zenbateko unitarioari erantzun ondoren, laguntzaren batean soberakinik badago, neurri honetako gainerako laguntzetara bideratu ahal izango da soberakin hori, baldin eta laguntza horiek ez badira gehieneko horretara iritsi.

6.– Aurreko artikuluan aipatutako labore proteikoren bat ekoizten duten eta urtero eskaera bakarrean eskatzen duten nekazariak izan daitezke laguntza horien onuradun, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Europar Batasuneko nekazaritzako landare-espezieen barietateen katalogoan, merkataritza-barietateen Espainiako Erregistroan edo beste estatu kide baten erregistroan jasota dagoen barietateren bateko haziak erabiltzea, edo, kanpainaren eskaera bakarra aurkezteko aldia hasten den egunean Batzordearen 2004ko abenduaren 1eko 2004/842/EE Erabakiari jarraikiz merkaturatzeko baimena dutenak erabiltzea. Ezein barietate-katalogotan agertzen ez diren edota barietate jakin batekoa izan behar gabe merkatura daitezkeen espezieetako haziak betekizun horretaz salbuetsita daude.

b) Laborearen garapen normala ziurtatuko duten nekazaritza-lanak egitea, eta labore hori lurrean edukitzea labore eta aprobetxamendu bakoitzerako ondoren adieraziko den egoera fenologikora iritsi arte, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoien kasuan izan ezik:

1) Aletarako lekadunak: alearen esne-heldutasunaren egoerara iritsi arte.

2) Urteko bazka-aprobetxamendurako lekadunak: loratzen hasi arte.

3) Urte anitzeko bazka-lekadunak: urte osoan, laborea ereiten eta amaitzen den urtean izan ezik; lan horiek, nolanahi ere, inguruko jardunbide tradizionalei jarraikiz egingo dira.

4) Hazi ziurtatua ekoizteko lekadunak: hazia heldutasun fisiologikora iritsi arte.

c) Ganaduak lurrean bertan probetxua ateratzea baimenduko da, baldin eta espeziearekin bateragarria bada eta laboreak gutxienez loratzen hasi arte irauten badu.

d) Laguntza jasotzetik salbuetsita geratuko dira ongarri berde gisa erabiltzeko ekoizpena duten azalerak, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoien kasuan izan ezik.

e) Nekazaritzako esparru ureztatuetan landatutako alpaparen kasuan, laguntza eskatzen den azalerari dagokion ekoizpen osorako, eta EBko proteina-planaren helburuak betetzeko, beharrezkoa izango da nekazariak, kasuaren arabera, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 49.e) artikuluan alpapa lur ureztatuan landatzeko ezarritako betekizunetako bat betetzea.

f) Hazi ziurtatua ekoizteko laguntzaren kasuan, hazia ekoizten duen enpresarekin egindako kontratua jaso beharko da eskaeran, baldin eta nekazaria ez bada hazia ekoizten duen enpresa-egituraren parte.

g) Era berean, laguntza mota hori jasotzeko, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren Nekazaritza Zerbitzuan aitortuta egon beharko dira hazi ziurtatua ekoizten duten lurzatiak, eskaera bakarreko aldia amaitu baino lehen, eta ziurtagiri horretarako onartu beharko dira. Horrela izan ezean, beste laguntza-tipologia batzuk eskuratu ahal izango dituzte, kasuan kasuko espeziearen arabera, baldin eta horretarako eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

h) Kontratuen edukiak Elikatze Katearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean xedatutakoa beteko du.

i) Sargai edo intsumoen kudeaketa jasangarria egiteko eskatuko zaie onuradunei, nekazaritzako lurren nutrizio jasangarriaren arloan indarrean dauden arau-xedapenak betez.

31. oinarria.– Azukre-erremolatxaren ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

Laguntza bat emango zaie azukre-erremolatxa ekoizten duten nekazariei, baldin eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 55. eta 56. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

32. oinarria.– Zailtasun espezifikoak eta ingurumen-balio handia dituen olibadiari lotutako laguntza.

1.– Olibadi-ekoizleei lotutako laguntza bat emango zaie, baldin eta oinarri honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte. Laguntza honen helburua zera da: natura-ingurunearen mugen ondorioz zailtasun espezifikoak dituzten olibadiak bertan behera utz ditzaten ekiditea, baldin eta ingurumen-balio handikoak badira eta gizartearen eta ekologiaren ikuspegitik haiek atxikitzea funtsezkoa bada.

2.– Neurri honen aurrekontu-zuzkidura abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XIX. eranskinean adierazita dago.

3.– Laguntza horren onuradunak izango dira olibadien hektarea diruz lagungarriak dituzten ustiategien titular diren nekazari aktiboak, baldin eta eskaera bakarraren bitartez urtero eskatzen badute. Laguntza jaso ahal izateko, lurzatiek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) NPEren laguntza-eskaera bakarrean aitortutako edo 2018, 2019 edo 2020an Nekazaritza Produkzioaren Erregistro Orokorrean inskribatutako SIGPAC esparru batek edo batzuek osorik edo zati batean ordezkatuta egotea.

b) Lehorreko azalera gisa sailkatuta egotea.

c) Gehienez 100 zuhaitzeko landatze-dentsitatea izatea hektarea bakoitzeko, edo esparruaren batez besteko malda gutxienez % 25ekoa izatea.

d) Hektarea bakoitzeko 30 zuhaitzeko gutxieneko dentsitatea izatea.

e) Landaketaren batez besteko adina hamar urtetik gorakoa izango da.

f) Lurzati bakoitzeko gutxieneko azalera diruz lagungarria gutxienez 0,1 hektareakoa izatea, eta ustiategi bakoitzeko gutxieneko azalera diruz lagungarria 0,5 ha-koa izatea.

g) Gainera, ehun urtetik gorako olibadiak ere diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta nazioarteko aitorpen espezifikoak badituzte laborantza horretarako, kultura-ondare gisa, nahiz eta dentsitate edo maldaren inguruko betekizunak bete ez, betiere SIGPACen argi eta garbi identifikatuta badaude duten ondare-balioagatik.

33. oinarria.– Abeltzainei lotutako zuzeneko ordainketak.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2115/2021 Erregelamenduaren 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Batzordeak 2022ko abuztuaren 31n Espainiarako onartutako Plan Estrategiko Nazionalaren arabera, laguntza bat emango da, abeltzainei lotutako zuzeneko ordainketei buruzko 2. atal honetan ezarritako ekoizpen sektore edo motetako nekazari aktiboei lotutakoa, topatzen dituzten zailtasunei lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetuz aurre egin diezaieten.

2.– Laguntza horren bidez, urteko ordainketa bat egingo da abere hautagarri bakoitzeko, baldin eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren III. tituluko III. kapituluko II. atalean laguntza bakoitzerako ezarritako betekizun orokorrak eta espezifikoak betetzen baditu.

34. oinarria.– Haragitarako behi-aziendako abeltzaintza estentsiboei lotutako laguntza.

1.– Haragitarako behi-aziendako ustiategi estentsiboen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bermatzeko, eta ekoizpen-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua murrizte aldera, ustiategi horien titularrei lotutako laguntza bat emango zaie, baldin eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 83. eta 84. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

2.– Aurrekoa alde batera utzi gabe, laguntza jasotzeko, hautatzeko moduko behi inude eta bigantxak haragi-arraza batekoak izango dira (edo arraza horietako batekin gurutzatzearen ondoriozkoak), eta, horrez gain, haragia ekoizteko txahalen hazkuntzarako talde batekoak izango dira.

3.– Ez dira haragitarako behi edo bigantxatzat hartuko abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XXIII. eranskinean zerrendatutako morfotipoetakoak direnak.

4.– Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzaren xedea izango den ustiategiak SITRAN autonomikoan edo nazionalean behi-aziendaren azpiustiapeneko REGA bat erregistratuta badu, «ESNEA ekoizteko ugalketa» ez beste sailkapen zootekniko batekin, haragitarako morfotipotzat hartuko dira «Arrea», «Montbéliarde», «Simmental» eta «Fleckvieh» arrazako katalogazioa duten animaliak, bai eta «Multzo Mestizoa» osatzen dutenak ere. Ondorioz, morfotipo horietako abereak laguntza hau kobratzeko hautagarritzat jotzen badira, ez dira batez ere esnetarako aberetzat hartuko, eta ez dute eskubiderik izango behi-esnearen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza kobratzeko.

5.– Eskatzailearen ustiategian esnea saltzen bada, haragitarako behien abeltzain estentsiboei lotutako laguntza hori jasotzeko eskubidea zenbat abelburuk duten zehazteko, Esnearen Kontrolerako Euskal Zentroak ustiategiaren esne-errendimenduari buruz duen informazioa hartuko da kontuan. Ustiategia programa horren barruan ez badago eta eskatzaileak esne-errendimenduaren ziurtagiri ofizialik aurkeztu ez badu, Espainiarako ezarritako batez besteko esne-errendimendua aplikatuko da (6.500 kg).

35. oinarria.– Txahalak jaiotzen diren ustiategian gizentzeari lotutako laguntza.

Behi-aziendako ustiategi estentsibo eta erdi-estentsiboen titularrei lotutako laguntza emango zaie, txahalak aberea jaio den ustiategian gizentzeko jarduera egiten dutenean, baldin eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 86. eta 87. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

36. oinarria.– Txahalak modu jasangarrian gizentzeari lotutako laguntza.

Txahalak gizentzeko ustiategien titularrei lotutako laguntza emango zaie, baldin eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

37. oinarria.– Behi-esnearen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

1.– Esnetarako behi-aziendako ustiategien titularrei lotutako laguntza bat emango zaie, baldin eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 92. eta 93. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte. Aurrekoa alde batera utzi gabe, laguntza eman dadin, nagusiki esnetarako aberetzat hartuko dira abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XXIII. eranskinean zerrendatutako morfotipoetakoak.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzaren xede izango den ustiategiak Animalien Trazabilitaterako Sistema Integral (SITRAN) autonomikoan edo nazionalean behi-aziendaren azpiustiapeneko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokor (REGA) bat erregistratuta badu, «ESNEA ekoizteko ugalketa» ez beste sailkapen zootekniko batekin, nagusiki esnetarako aberetzat hartuko dira «Arrea», «Montbéliarde», «Simmental» eta «Fleckvieh» arrazako katalogazioa duten animaliak, bai eta «Multzo Mestizoa» osatzen dutenak ere. Ondorioz, morfotipo horietako abereak laguntza hau kobratzeko hautagarritzat jotzen badira, ez dira haragitarako morfotipoko aberetzat hartuko, eta ez dute eskubiderik izango haragitarako behi-esnearen abeltzain estentsiboei lotutako laguntza jasotzeko.

38. oinarria.– Haragitarako ardi- eta ahuntz-azienden abeltzain estentsiboei eta erdi-estentsiboei lotutako laguntza.

1.– Arkume- eta antxume-hazkuntzan aritzen diren ardi- eta ahuntz-azienden ustiategien titularrei lotutako laguntza bat emango zaie, ustiategi horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzearren eta ekoizpen-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagotzearren.

2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko finantza-esleipen adierazlea abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XXI. eranskinean jasotakoa izango da, eta urtean behin erabiliko da, 82. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Hauek izango dira abere hautagarriak: ardiak eta ahuntzak, ugalketarako daudenak eta, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, eskaera bakarra aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean azpiatal honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten ustiategietan banan-banan behar bezala identifikatuta eta erregistratuta daudenak. Banaka identifikatutako eta datu-base informatizatuan erregistratutako eme guztiek ez dute zertan ugaltzaile izan, banaka identifikatu beharko baitira, halaber, hiltegira bideratutako 12 hilabetetik beherako animaliak, baldin eta aurretik kontzentrazio-zentro batetik edo gizendegi batetik baino gehiagotik igarotzen badira, urriaren 17ko 787/2023 EDan jasotako trazabilitate-araudiaren azken aldaketen arabera.

4.– Abere-ustiategi batean sartzen diren abeltzain gazteen edo euren jarduera hasten duten abeltzainen kasuan, uneko eskaera bakarra izanik abeltzaintzari lotutako laguntzetakoren bat lehen aldiz eskatu duten eskaera, eskaera bakarra aldatzeko epea bukatzen den egunean ustiategian dauden abere hautagarriak izango dira laguntza hau jasotzeko eskubidea ematen duten abereak. Agintari eskuduna arduratuko da bikoiztasunik ez dadin izan; hau da, abere bat ustiategi batean baino gehiagotan hautagarri ez dadin izan. Horrelakorik gertatuz gero, orain hasten ari den abeltzain gaztearen abereen alde egingo da aberea hautatzeko orduan. Gainerako jarduera-hasierei dagokienez, kontrako erabaki idatzirik ez badago, ulertuko da hautagarritasun-lehentasuna orain hasten titular berriari emango zaiola. Abeltzain gazte batek edo jarduera hasten duen abeltzain batek lagapen-hartzaile gisa abeltzaintzako ustiategiaren titulartasun-aldaketa bat ere aurkeztu badu eskaera bakarra aldatzeko aldia bukatu baino lehen, animalia diruz lagungarriak zehazteko orduan, aukera onuragarriena aplikatu ahal izango zaio; hau da, eskaera bakarra aldatzeko epea bukatzen denean ustiategian dauden abere hautagarriak edo titularra aldatuko zaion ustiategian abereen hautagarritasuna zehazten den egunetan dauden abereak.

5.– Gutxienez 30 ardi edo 10 ahuntz hautagarri dituzten ustiategien titularrek baino ez dute jasoko lotutako laguntza hori.

6.– Abere hautagarriak kokatu behar diren ustiategiek «ekoizpena eta ugalketa» edo «larrea» sailkapenarekin inskribatuta egon beharko dute Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpiustiategi-eremuan, ardi- edo ahuntz-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «haragia ekoizteko ugalketa» edo «ekoizpen mistotako ugalketa» sailkapen zooteknikoarekin.

7.– Eskatzailearen ustiategian esnea saltzen bada, abereak esnetarako emeen edo haragitarako emeen erroldakoak diren zehazteko, honako hauen arteko erlazioa ezarriko da: batetik, eskaera egin aurreko urteko ekainaren 1etik eskaera egin den urteko maiatzaren 31ra bitartean aitortutako esne kantitatea edo, hala badagokio, eskaera egin aurreko urte naturalean aitortutako zuzeneko salmentak, eta, bestetik, Esnearen Kontrolerako Euskal Zentroak ustiategiaren esne-errendimenduari buruz duen informazioa. Ustiategia programa horren barruan ez badago eta eskatzaileak esne-errendimenduaren ziurtagiri ofizialik aurkeztu ez badu, Espainiarako ezarritako batez besteko esne-errendimendua aplikatuko da (230 litro esnetarako ardientzat eta 380 litro esnetarako ahuntzentzat).

8.– Laguntza jasotzeko baldintzak era artifizialean sortzea ekiditeko, ustiategiko irteera-mugimenduen gutxieneko muga bat izan beharko dute ustiategiek –0,6 arkume edo antxume, gutxienez, eme hautagarri bakoitzeko– eskaera egin aurreko urteko ekainaren 1etik eskaera egiten den urteko maiatzaren 31ra bitartean. Hori gorabehera, ustiategiko irteera-mugimenduen gutxieneko muga betetzeari begira, onuradunaren ustiategian jaiotako animaliak ere kontuan hartu ahal izango dira, hamabi hilabete baino gutxiagorekin birjartzeko merkaturatzen badira. Eme ugaltzaile bera ezin da animalia sarigarritzat hartu eta aldi berean ekoizteko gutxieneko atalasea kalkulatzeko kontabilizatu.

9.– Eme hautagarri bakoitzeko arkume kopurua kalkulatzeko, emaitza dezimal batera biribilduko da; emaitza zehazten duen dezimala bere horretan geratuko da baldin eta bigarren dezimala 5 baino txikiago bada; aldiz, hurrengo zenbaki naturala hartuko da baldin eta bigarren dezimala 5 edo 5 baino handiago bada.

10.– Eskaera aurkezten den aurreko urteko ekainaren 1az gero gauzatzen diren jarduera-hasteen edo titulartasun-aldatzeen kasuetan, gutxieneko ekoizpen-maila betetzen den berrikusteko (arkume edo antxumeen irteera-mugimenduak), laguntzaren onuradunak ustiategia altan jartzen duen egunetik jarduera gauzatu duen egun kopuruaren arabera hainbanatuko da.

11.– Ustiategia ez bada iristen 9. apartatuan ezarritako mugara, laguntza hau jasotzeko eskubidea ematen duten abelburuen gehieneko kopurua honako hauen arteko erlazioaren bidez ezarriko da: batetik, ustiategiak epigrafe horretan ezarritako epean merkaturatutako arkume edo antxumeak, eta, bestetik, 0,6ko mugara iristeko behar diren arkume edo antxumeak. Kasu horretan, doikuntza egiteko, % 50 edo handiagoa izan beharko da erlazio hori. Animalia diruz lagungarrien kopurua kalkulatzeko, 5eko araua erabiliko da biribiltzeko.

39. oinarria.– Ardi- eta ahuntz-esnearen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

1.– Esne-ekoizpenean aritzen diren ardi- eta ahuntz-azienden ustiategien titularrei lotutako laguntza bat emango zaie, ustiategi horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzearren eta ekoizpen-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagotzearren.

2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko finantza-esleipena abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XXI. eranskinean jasotakoa izango da, eta Errege Dekretu horren 82. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta erabiliko da urtero.

3.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Animaliak hautatzeko irizpideak 38. oinarriko 3. eta 4. apartatuetan ezarritako berak izango dira.

4.– 38. oinarriko 6. apartatuan ezarritakoa betetzen duten ustiategien titularrek baino ez dute jasoko laguntza hori.

5.– Abere hautagarriak kokatu behar diren ustiategiek «ekoizpena eta ugalketa» edo «larrea» sailkapenarekin inskribatuta egon beharko dute Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpiustiategi-eremuan, ardi- edo ahuntz-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «esne-ekoizpenerako ugalketa» edo «ekoizpen mistorako ugalketa» sailkapen zooteknikoarekin.

6.– Laguntza hori jasotzeko baldintzak artifizialki sortzea eragozteko, ustiategiek gutxienez 80 litroko esne-ekoizpena izan beharko dute ardi ugaltzaile eta urte bakoitzeko, edo 200 litrokoa eme ugaltzaile bakoitzeko eta urteko ahuntz-aziendaren kasuan. Horretarako, aintzat hartuko dira eskaera egin aurreko urteko ekainaren 1etik eskaera egiten den urteko maiatzaren 31ra bitartean erosleei egindako entregak eta, hala badagokio, eskaera egin aurreko urte naturalean egindako zuzeneko esne-salmentak.

7.– Dena den, eskaera aurkezten den aurreko urteko ekainaren 1az gero gauzatzen diren jarduera-hasteen edo titulartasun-aldatzeen kasuetan, gutxieneko ekoizpen-maila betetzen den berrikusteko (esne-litroen ekoizpena), laguntzaren onuradunak ustiategia altan jartzen duen egunetik jarduera gauzatu duen hilabete kopuruaren arabera hainbanatuko da.

8.– Ustiategia ez bada iristen oinarri honetako 6. apartatuan ezarritako atalasera, laguntza hau jasotzeko eskubidea ematen duten abelburuen gehieneko kopurua honako hauen arteko erlazioaren bidez ezarriko da: batetik, ustiategiak apartatu horretan ezarritako epean aitortutako entregak edo zuzeneko salmentak; eta, bestetik, 80 litroko (ardi-azienda) eta 200 litroko (ahuntz-azienda) atalasera iristeko behar diren entregak edo zuzeneko salmentak. Kasu horretan, doikuntza egiteko, % 50 edo handiagoa izan beharko da erlazio hori. Animalia diruz lagungarrien kopurua kalkulatzeko, 5eko araua erabiliko da biribiltzeko.

40. oinarria.– Ardi- eta ahuntz-aziendako ustiategi estentsibo eta erdi-estentsiboetako abeltzainei lotutako laguntza, baldin eta ez badute larrerik eskura eta animaliak lugorrietan, uztondoetan edo baratze-uztaren hondakinetan bazkatzen badira.

1.– Ardi- eta ahuntz-azienden ustiategien titularrei lotutako laguntza emango zaie, baldin eta ez badute larrerik eskura eta animaliak uztondoetan, lugorrietan edo baratze-uztaren hondakinetan bazkatzen badira, haien jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko, bazka-baliabideen aprobetxamendu jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatuz.

2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko finantza-esleipena abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren XXI. eranskinean jasotakoa izango da, eta Errege Dekretu horren 82. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta erabiliko da urtero.

3.– Ezin izango dute laguntza hau jaso larre iraunkorretako 2 hektarea diruz lagungarri baino gehiago aitortu dituzten abeltzainek. Kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean aitortutako hektarea diruz lagungarrien % 3 baino gehiago aitortutako larre iraunkorreko hektareak badira ere ezin izango dute jaso.

4.– Laguntza honen onuradun izan ahalko dira laborantza-lurren edo laborantza iraunkorren hektarea diruz lagungarriak aitortu dituzten eskatzaileak, baldin eta haietan uztondoak, lugorriak eta baratze-uztaren hondakinak larratzearen bidez aprobetxatuko badituzte, edo aitortutako hektareetan aprobetxamendu hori beste titular batek egingo duela aitortzen badute eta titular horrekin idatzizko akordioa badute edo dagokion esleipena edo emakida badute aprobetxamendu hori egiteko.

5.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. 38. oinarriko 3. eta 4. apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten ardiak eta ahuntzak izango dira abere hautagarriak.

6.– Abere hautagarriak kokatu behar diren ustiategiek «ekoizpena eta ugalketa» edo «larrea» sailkapenarekin inskribatuta egon beharko dute Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpiustiategi-eremuan, ardi- edo ahuntz-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «haragia ekoizteko ugalketa», «esnea ekoizteko ugalketa» edo «ekoizpen mistorako ugalketa» sailkapen zooteknikoarekin.

7.– Ustiategi bakoitzeko abere diruz lagungarrien gehieneko kopurua kalkulatzeko, 4. paragrafoan adierazitakoaren arabera larratzeko erabilitako hektarea diruz lagungarriak 1,2 AzLU/hektareako abere-zamaz biderkatuko dira.

IV. KAPITULUA
BALDINTZAZKOTASUN INDARTUA

41. oinarria.– Baldintzazkotasun indartua.

1.– Zuzeneko ordainketen eta landa-garapeneko urteko ordainketa jakin batzuen onuradunek baldintzazkotasun indartua aplikatzeko arauak bete beharko dituzte; arau horiek abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuan eta ekainaren 18ko 567/2024 Errege Dekretuaren aldaketetan ezarrita daude. Ekainaren 18ko 567/2024 Errege Dekretuaren bidez abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretua aldatzen da, zeinaren bidez ezartzen baita zer arau erabiliko diren Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintza sozialak eta indartuak aplikatzeko, baldin eta zuzeneko ordainketak, landa-garapeneko urteko ordainketa jakin batzuk eta Urrun eta Uharteetan egoteagatiko Aukera Espezifikoen Programaren ordainketak (POSEI) jasotzen badituzte.

2.– Zehazki, onuradunek Errege Dekretu horren I. eranskinean ageri diren legezko kudeaketa-betekizunak eta II. eranskinean ezarritako NIBOren arloko arauak bete beharko dituzte, nekazaritzako ustiategi osoan. Erakunde Ordaintzaileak onuradunei jakinaraziko dizkie ustiategiak zer betebehar dituen eskaera bakarra egiteko unean.

3.– Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek, beren lurralde-eremuan kudeaketa- eta kontrol-jardueren agintari arduradunak diren aldetik, eta Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenak alde batera utzi gabe, kontrol-erakunde espezializatuak izendatuko dituzte, baldintzazkotasun indartuko betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru lurralde historikoetako foru-aldundiek zuzeneko laguntzak kudeatzeko ardura duten zerbitzuak izendatzen dira kontrol-erakunde espezializatu.

4.– Erakunde Ordaintzaileak zuzeneko laguntzen eta landa-garapeneko urteko ordainketa jakin batzuen onuradunei buruzko beharrezko informazioa emango die Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol-erakunde espezializatuei, erakunde horiek lurraldeko ustiategien kontrol egokiak egin ahal izan ditzaten.

5.– Erakunde Ordaintzaileak, ezertan eragotzi gabe Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenak, baldintzazkotasun indartua kontrolatzeko sistema bat ezarriko du, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ageri diren laguntzen onuradunek, baldin eta haien ustiategiak 10 hektareatik gorako nekazaritza-azalera aitortua badute, errege dekretu horren I. eta II. eranskinetan ezarritako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko. Kontrolak egitean lortutako emaitzak ikusita, urtean behin berrikusiko da kontrol-sistema.

6.– Hala ere, baldintzazkotasun indartuko arauak eta betekizunak betetzen direla ziurtatzeko, Erakunde Ordaintzaileak bere kudeaketa- eta kontrol-sistemak erabili ahal izango ditu, baldin eta 5. apartatuan aipatutako sistemekin bateragarriak badira.

7.– Kontrol-organo espezializatuek administrazio-kontrolak eta lekuan bertan egin beharreko kontrolak gauzatuko dituzte, laguntzen onuradunek adierazi diren betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko. Hala dagokionean, azalerak monitorizatzeko sistema edo egokiak diren bestelako teknologiak erabili ahal izango dira.

8.– Bestalde, eta kasuan kasuko baldintza indartuen inguruko betekizunen eta arauen arabera, kontrol-organo espezializatuek dagozkien kontrol-sistema sektorialen esparruan egindako kontrolak erabili ahal izango dituzte, baldin eta kontrol horien irismena eta eraginkortasuna 5. apartatuan aipatutako kontrolen baliokide bada gutxienez. Hala eta guztiz ere, kontrol horien titulartasuna eta erantzukizuna Euskal Autonomia Erkidegoko baldintzazkotasuna kontrolatzeko organo espezializatu horiei dagokie oraindik ere. Egokia den beste edozein sistemaren kontrolen behin betiko emaitzekin gurutzatuko da, baldintzazkotasunaren arloko ez-betetzerik dagoen zehazteko.

42. oinarria.– Baldintzazkotasun indartuko kontrolak.

1.– Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa erakunde autonomoak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, baldintzazkotasun indartua kontrolatzeko plan nazional bat egingo du. Bertan, kontrolak koordinatuta egiteko eta zigorrak aplikatzeko beharrezkotzat jotzen den edozein alderdi jasoko da. Plan hori Europako araudian zehaztutako irizpideen eta abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuan adierazitakoaren arabera egingo da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan, Erakunde Ordaintzaileak kontrol-plan autonomikoa ezarriko du, plan nazionalaren irizpide orokorrei jarraikiz. Kontrol hauek ezarri behar dira:

a) Administrazio-kontrolak: Arau eta betekizun jakin batzuk, bai eta, hala dagokionean, NIBO-1, NIBO-2.2, NIBO-7 eta NIBO-9 ere, betetzen direla egiaztatzeko, betebehar horiek bete behar dituzten laguntzen onuradun guzti-guztiei egin beharko zaizkie administrazio-kontrolak.

b) Lekuan bertan egin beharreko kontrolak.

1) Lagina hautatzea eta gutxieneko kontrol-ehunekoa:

Lekuan bertan egin beharreko kontroletarako, kontrol-lagin bat hautatuko da. Lagin horrek, gutxienez, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 1. artikuluan adierazitako laguntzen onuradunen, 5. artikuluarekin bat etorriz kontrolen mende daudenen % 1 hartuko du barnean.

Kontrol-laginak arriskuen azterketa hartuko du oinarri, honako hauek kontuan hartuta: ustiategiaren egitura, ez betetzeko berezko arriskua eta, hala dagokionean, ea laguntzen pertsona onuradunek parte hartzen duten Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren, 2021eko abenduaren 2koaren, 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 15. artikuluak aipatutako ustiategiei aholkularitza emateko zerbitzuetan. Halaber, haztapen-faktoreak aplikatu beharko zaizkie elementuoi, ausazko elementu bat barne.

Kontrol-erakunde espezializatu bakoitzaren eremuan edo legezko kudeaketa-betekizun edo NIBO bakoitzaren eremuan lortu ahal izango da laguntzen onuradunei dagokienez adierazitako % 1eko gutxieneko kontrol-ehunekoa.

Lagina adierazgarria dela bermatzeko, ausaz hautatuko dira lekuan bertan egin beharreko kontrolak egingo zaizkien laguntzen onuradunen % 20 eta 25 artean. Nolanahi ere, lekuan bertan kontrolatuko diren laguntzen onuradunak gutxieneko kopuru hori baino gehiago badira, lagin gehigarrian ausaz hautatutako onuradunen ehunekoa ez da % 25etik gorakoa izango.

Baldintzazkotasun indartuko betebeharrei dagokienez, jarraipen-planetako laginketa-maila espezifiko bat aplikatzeak gutxieneko ehunekoaren baldintza betetzen duela ulertuko da. Baldintzazkotasun indartu hori lotuta dago 1996ko apirilaren 29ko Kontseiluaren 96/22/EE Zuzentarauarekin, zeinaren bitartez debekatzen baita ondorio hormonal eta tireostatikoak ekartzen dituzten substantzia jakin batzuk eta substantzia β-agonistak abelazkuntzan erabiltzea, eta indargabetzen baitira 81/602/EEE, 88/146/EEE eta 88/299/EEE Zuzentarauak. Zuzentarau horren transposizioa azaroaren 12ko 2178/2004 Errege Dekretuaren bidez egin zen (Errege Dekretu horrek ondorio hormonal eta tireostatikoak ekartzen dituzten substantzia jakin batzuk eta substantzia β-agonistak abelazkuntzan erabiltzea debekatzen du).

Lekuan bertan egin beharreko kontroletatik, urte natural batean egindakoetatik, ondorioztatzen bada ez-betetze maila handia dagoela legezko kudeaketa-betekizun edo NIBO jakin batean, hurrengo kontrol-aldian handitu egingo da legezko kudeaketa-betekizun edo NIBO horri dagokionez lekuan bertan egin beharreko kontrolen kopurua, eta honako hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: hautemandako ez-betetzeen ehunekoa, legezko kudeaketa-betekizun edo NIBO bakoitzerako laguntzaren murrizketa-ehunekoa, bai eta hura ez betetzeko asmoa ere.

Legezko kudeaketa-betekizun edo NIBO bakoitzaren barruan, Erakunde Ordaintzaileak erabaki ahal izango du gehien urratzen diren betekizun edo arauetara mugatzea lekuan bertan egin beharreko kontrol gehigarri horien irismena.

2) Lekuan bertan egin beharreko kontrolak egitea.

Laguntza-eskaerak aurkezten diren urte natural berean gauzatuko dira lekuan bertan egin beharreko kontrolak.

Hautatutako laginaren laguntzen onuradun guztiak kontrolatuko dira, eskudun dituen betekizun eta arauei dagokienez.

Kasuan kasuko betekizun eta arau gehienak egiaztatu ahal diren unean kontrolatuko da lekuan bertan egin beharreko kontrol baterako hautatutako laguntza-onuradun bakoitza. Dena den, urtean zehar maila egokiko kontrolak egingo dira legezko kudeaketa-betekizun eta NIBO guztiei dagokienez.

Ustiategiko nekazaritza-lurzatien erdiak gutxienez ordezkatzen duen laginera mugatu ahal izango da lekuan bertan egin beharreko kontrol baten esparruko landa-ikuskapena, baldin eta lagin horrek kontrol-maila fidagarria eta adierazgarria bermatzen badu betekizunei eta arauei dagokienez. Ez-betetzeak hautematen badira, handitu egingo da ikuskatu beharreko nekazaritza-lurzatien lagina.

c) Monitorizazio bidezko kontrolak.

Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol-organo espezializatuek monitorizatzeko moduko betekizun eta arau guztiak edo batzuk kontrolatu ahal izango dituzte, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 83.6.c) artikuluan jasotzen denarekin.

Baldintzazkotasun indartuari aplikatu beharreko betekizun eta arau batzuk ezin badira monitorizatu, kontrolak egingo zaizkio betekizun eta arau horien eraginpean dauden laguntzen onuradunen % 1i. Laguntzen onuradunen % 1 horren % 20 eta 25 artean ausaz hautatuko dira, eta gainerakoak, arriskuen azterketa baten bidez.

43. oinarria.– Baldintzazkotasun indartua lekuan bertan kontrolatzeko sistema malgutzea.

NIBO 5.1, NIBO 6.1, NIBO 6.2 arauen eta 1.1 legezko kudeaketa-betekizunaren kontroletan, tolerantzia-tarte tekniko bat onartu ahal izango da ustiapenaren baldintzek edo hura maneiatzeak beharrezkoa izateagatik justifikatu ahal dutenean. Malgutze horri heldu ahal izateko, dagokion lurralde historikoko nekazaritza-agintaritza eskudunak sinatutako baimen justifikatua eduki beharko da.

44. oinarria.– Baldintzazkotasuna kontrolatzeko txostena.

1.– Egindako kontrolak agiri batean jaso beharko dira, eta bertan egindako egiaztapenen emaitzak bilduko dira. Ondoren, kontrol-txosten bat egingo da, dokumentu hori oinarri hartuta; egindako kontrol-jarduketa guztiak jasoko ditu txosten horrek.

2.– Zehapenen eta arau-hausteen araubidea alde batera utzi gabe, ez-betetze guztien berri emango zaie dirulaguntzen onuradunei, gehienez ere hiru hilabeteko epean, lekuan bertan egin beharreko kontrola bukatzen den egunetik aurrera, eta, ez-betetzerik egon ezean, egindako azken kontrol-jarduketatik aurrera zenbatuta; halaber, hartu beharreko zuzenketa-neurriak ere adieraziko zaizkie, hala badagokio.

3.– Baldintzazkotasuna ez dela betetzen egiaztatzen bada egindako egiaztapenen emaitzak jasotzen dituen dokumentazioan, eta horrekin batera astuntasunaren, irismenaren eta iraunkortasunaren balorazioa jasotzen bada, dokumentazio horrek baldintzazkotasuna kontrolatzeko txosten gisa balio izango du.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol-organo espezializatuek kontrol-txostena eta behar den dokumentazio garrantzitsua bidaliko dizkiote Erakunde Ordaintzaileari, horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bitartez. Txostenak ez badu inolako egiaztapenik jasotzen, ez bidaltzeko aukera izango dute, baldin eta erakunde ordaintzaileak zuzenean eskuratu ahal badu.

5.– Hilabeteko epea egongo da txostena bidaltzeko, lekuan bertan egin beharreko kontrola bukatzen den egunetik aurrera, eta, halakorik ez badago, egindako azken kontrol-jarduketatik aurrera. Hala ere, kontrol-agintaritzen eta baldintzazkotasuna kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratua osatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen arteko koordinazioaren konplexutasuna dela eta, baliteke onartzea hilabeteko epe hori kontrol-kanpaina bukatu ondoren ematea (eskaera egiten den urteko abenduaren 31n amaitzen da kontrol-kanpaina).

45. oinarria.– Baldintzazkotasun indartua ez betetzeagatiko zigorrak aplikatzeko eta kalkulatzeko sistema.

1.– Baldintzazkotasuna ez betetzeagatik ezarritako zigorrak kalkulatzeko, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluan ezarritakoa beteko da.

2.– Kontrol-erakunde espezializatuak, kontrolak egin ondoren, kontrol-txostenak bidaliko dizkio Erakunde Ordaintzaileari. Txosten horietan, antzemandako ez-betetzeak adieraziko dira, bai eta haien astuntasunari, irismenari eta iraunkortasunari buruzko balorazioa ere. Ez-betetzeak baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Ez-betetze baten «astuntasuna», bereziki, dituen ondorioen garrantziaren araberakoa izango da, kasuan kasuko betekizunaren edo arauaren helburuak aintzat hartuta. Kontrolatu beharreko betekizun/arau bakoitzerako, ez-betetzeen astuntasuna maila hauen arabera sailkatuko da:

A: arina; B: astuna; C: oso astuna.

b) Ez-betetze baten «irismena» egiaztatzeko, ondorio handiak dituen ala ustiategira bertara mugatzen den hartuko da kontuan, bereziki. Ez-betetzearen ondorioek ustiategiari soilik eragiten badiote edo ustiategitik kanpo eragiten badute, kasuan-kasuan, irismena maila hauen arabera ebaluatuko da:

A: ustiategiari soilik; B: ustiategitik kanpoko ondorioak.

c) Ez-betetze baten «iraunkortasuna», bereziki, ondorioek dirauten denboraren araberakoa izango da, edo ondorio horiek bitarteko onargarriekin desagerrarazteko aukeraren araberakoa.

3.– Kontrolatu beharreko betekizun/arau bakoitzerako, ez-betetzeen iraunkortasuna maila hauen arabera sailkatuko da:

a) Ondoriorik ez badago edo urtebete baino gutxiago irauten badute;

b) Urtebete baino gehiago irauten duten ondorio zuzengarriak badaude;

c) Ondorioak ezin badira zuzendu (ondorioek eragindako eremuaren ekoizpen-ahalmena baldintzatzen dute).

4.– Kontrol-erakunde espezializatuak, berriz, aztertuko du ea ez-betetzea «nahita» gertatu den. Nahita egindako ez-betetzetzat hartuko da onuradunak jakinaren gainean egindako jarduera, baldin eta hark ematen ez badu laguntzarik edo haren aldetik fede txarra badago.

5.– Honako hauek jo ahal izango dira nahita egindako ez-betetzetzat: erregistroak faltsutzea, horiek edonola ezkutatzea edo iruzurrez manipulatzea, egiaztagiriak faltsutzea (fakturak edo baimenak, esaterako), gizakiei transmititzeko moduko gaixotasun kutsakorrak izateko susmopean dauden animaliak agintaritza eskudunari ezkutatzea edo animaliok hiltzea, bai eta animalien aurkako tratu txarren bat dagoela agerian uzten duten egoerak ere.

6.– Horrez gain, aztertu egingo da agintaritza eskuduna nahita egindako jarduna izan daitekeela pentsatzera bultza dezakeen edozein egoera, jardun hori jakinaren gainean egina den edo ez erabakitzeko.

7.– Lortutako informaziotik abiatuta, Erakunde Ordaintzaileak berrikusiko du ez-betetzeak bere horretan jarraitzen duen edo errepikatzen den:

a) Ez-betetze berak behin badirau hiru urte naturaleko epean, nahiz eta onuradunari aldez aurreko ez-betetzearen berri eman zaion eta, hala badagokio, aurretiazko ez-betetze hori zuzentzeko behar diren neurriak hartzeko aukera izan duen: ez-betetzea «errepikatu»tzat joko da.

b) Ez-betetze bat errepikatu dela egiaztatzeko, 640/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren arabera ezarritako baldintzazkotasun tradizionaleko arauen ez-betetzeak hartuko dira aintzat.

8.– Ez-betetze errepikatu batek bere horretan badirau onuradunak horren arrazoi justifikaturik eman gabe, ez-betetzea «nahita» gertatu dela pentsatuko da.

9.– Horren astuntasunaren, irismenaren eta iraunkortasunaren balorazioa eta errepikapena edo intentzionalitatea jakinda, espediente bakoitzari aplikatu beharreko zigor-ehunekoa kalkulatuko du Erakunde Ordaintzaileak.

a) Bete gabeko betekizun/arau bakoitzari aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa kalkulatzea.

b) Betekizun/arau bakoitzaren balorazioen eta aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoen arteko egokitasuna A taulan jasotakoa izango da. Taula berean ez-betetze mota ere jasotzen da, balorazio horretan bertan oinarrituta; horrela bada, «oso astun»tzat hartuko da ez-betetzeak dena delako arauaren edo betekizunaren helburua lortzeko ondorio larriak badakartza, edo osasun publikorako edo animalientzat zuzeneko arriskua badakar.

A taula; batetik, astuntasun, irismen, iraunkortasun eta intentzionalitatearen balorazioaren eta, bestetik, murrizketa-ehunekoaren artean ezartzen den elkarrekikotasuna:

(Ikus .PDF)

10.– Aurrekoa gorabehera, aukera hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Nahita egin gabeko ez-betetze «oso astun» batek ondorio larriak baditu kasuan kasuko arauaren edo betekizunaren helburua lortzeko, edo osasun publikorako edo animalientzat zuzeneko arriskua badakar: aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa % 10eraino handitu ahal izango da, kontrol-agintaritza eskudunak emandako ez-betetzearen ebaluazioa oinarri hartuta.

b) Nahita egin gabeko ez-betetze «arin» batek, lehen aldiz egindakoak, ondoriorik ez badu kasuan kasuko arauaren edo betekizunaren helburua lortzeko, edo ondorio horiek hutsalak badira: aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa % 0raino gutxitu ahal izango da, eta, beraz, ez da zigorrik ezarriko, eta ez-betetzea ez da kontuan hartuko errepikapena edo iraunkortasuna zehazteko, baina interesdunari jakinaraziko zaio.

c) Ez-betetze bat «errepikatu»tzat jotzen denean, murrizketa-ehunekoa, oro har, % 10ekoa izango da, eta ez-betetze horren errepikapen gehigarriak, onuradunak arrazoi justifikaturik ematen ez badu, nahita egindako ez-betetzetzat hartuko dira.

d) Nahita egin gabeko ez-betetze «arin» edo «astun» bat azalerak monitorizatzeko sistema erabiliz detektatu bada: aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa % 0,5eraino murriztu ahal izango da.

11.– Urte natural berean hainbat ez-betetze egiteagatik aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa faktore hauen arabera kalkulatuko da:

a) Betekizun/arau baten ez-betetze egiaztatua beste betekizun/arau baten ez-betetze bat ere bada, ez-betetze bakartzat hartuko da. Murrizketak kalkulatzeko, ez-betetzea betekizunaren baldintzazkotasun-eremuaren barruan dagoela ulertuko da.

b) Urte natural berean nahigabeko ez-betetze bat baino gehiago gertatu bada: murrizketa finkatzeko prozedura banaka aplikatuko zaio ez-betetze bakoitzari, eta ondoriozko ehunekoak batuko dira. Hala ere, espedienteari aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa hau izango da, gehienez:

– % 5, baldin eta ez-betetzea ez bada «oso astun»tzat hartu kasuan kasuko arauaren edo betekizunaren helburua lortzeko, edo osasun publikorako edo animalientzat zuzeneko arriskurik ez badakar.

– % 10, ez-betetze bat gutxienez «oso astun»tzat jo bada kasuan kasuko arauaren edo betekizunaren helburua lortzeko, edo osasun publikorako edo animalientzat zuzeneko arriskua badakar.

c) Urte natural berean ez-betetze errepikatu (nahi gabeko) bat baino gehiago gertatu bada: murrizketa finkatzeko prozedura banan-banan aplikatuko zaio ez-betetze bakoitzari, eta ondoriozko ehunekoak batuko dira. Hala ere, espedienteari aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa ez da % 20tik gorakoa izango.

d) Urte natural berean nahita egindako ez-betetze bat baino gehiago gertatu bada: murrizketa finkatzeko prozedura banan-banan aplikatuko zaio ez-betetze bakoitzari, eta ondoriozko ehunekoak batuko dira. Hala ere, aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa ez da % 100etik gorakoa izango.

e) Urte natural berean hainbat ez-betetze gertatu badira (nahi gabekoak, errepikatuak edo nahita egindakoak), b, c eta d paragrafoak aplikatuta ateratzen diren murrizketa-ehunekoak batuko dira, dagokion bezala. Hala ere, aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa ez da % 100etik gorakoa izango.

12.– Astuntasun-Irismen-Iraunkortasun parametroen balorazioa, betekizun/arau bakoitza betetzen ez denerako ezarritakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Interneteko atarian argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/euskadiko-npb-2023-2027-aren-baldintzazkotasuna/web01-a2pac/eu/

46. artikulua.– Baldintzazkotasun soziala.

1.– Zuzeneko ordainketen eta landa-garapeneko urteko ordainketa jakin batzuen onuradunek baldintzazkotasun indartua aplikatzeko arauak bete beharko dituzte; arau horiek abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuan eta ekainaren 18ko 567/2024 Errege Dekretuaren aldaketetan ezarrita daude. Ekainaren 18ko 567/2024 Errege Dekretuaren bidez abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretua aldatzen da, zeinaren bidez ezartzen baita zer arau erabiliko diren Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintza sozialak eta indartuak aplikatzeko, baldin eta zuzeneko ordainketak, landa-garapeneko urteko ordainketa jakin batzuk eta Urrun eta Uharteetan egoteagatiko Aukera Espezifikoen Programaren ordainketak (POSEI) jasotzen badituzte.

47. oinarria.– Baldintzazkotasun sozialeko kontrolak.

1.– Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa erakunde autonomoak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, baldintzazkotasun indartua kontrolatzeko plan nazional bat egingo du. Bertan, kontrolak koordinatuta egiteko eta zigorrak aplikatzeko beharrezkotzat jotzen den edozein alderdi jasoko da. Plan hori Europako araudian zehaztutako irizpideen eta abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuan adierazitakoaren arabera egingo da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan, Erakunde Ordaintzaileak kontrol-plan autonomikoa ezarriko du, plan nazionalaren irizpide orokorrei jarraikiz.

48. artikulua.– Baldintzazkotasun sozialaren arloko agintaritza eskudunak.

Baldintzazkotasun sozialaren arloko agintari eskudunak, bat etorriz 2021/2116 Erregelamenduaren (EB) 87. artikulua eta abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 18.2, 19.2 eta 19.3 artikuluak aplikatzearekin, hauek dira:

1.– Lanaren eta segurtasun eta osasunaren arloko agintari arduradunak.

a) Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren Lanaren Zuzendaritza Nagusia. Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren eta Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (FEGA EA) arteko solaskidetza dagokio baldintzazkotasun sozialarekin lotuta Estatuko lan-eskumena duten gaiei dagokienez. Zuzendaritza Nagusiari dagokio, bere eskumenen barruan, baldintzazkotasun sozialaren prozeduraren kudeaketa koordinatzea.

b) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza. Unitate honi dagokio gizarte-arloko arauak betetzen dituztela zaintzea eta behar diren erantzukizunak eskatzea, uztailaren 21eko 23/2015 Legea, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duena, eta hura garatzeko araudia betez.

c) Lanaren eta segurtasun eta osasunaren arloko agintari eskuduna. Agintari honi dagokio ebaztea Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak hasitako eta II. eta III. eranskinetan adierazitako ez-betetzeen ondorioz diren zehatze-prozedurak, kontuan hartuz abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 48. artikuluan ezarritakoa eta maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa. Errege Dekretu horren bitartez gizarte arloko arau-hausteengatiko zigorrak ezartzeko eta Gizarte Segurantzaren kuotak kitatzeko espedienteen prozedurei buruzko Erregelamendu Nagusia onartzen da. Agintari honek dagokion informazioa igorriko die erakunde ordaintzaileei.

2.– Nekazaritza Politika Erkidearen arloko agintari arduradunak.

a) Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa EA. Organismo honi dagokio baldintzazkotasun sozialaren arloko Erakunde Ordaintzaileen koordinazio teknikoa egitea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea. Agintari eskuduna da baldintzazkotasun sozialaren arloko betebeharrak betetzen ez dituzten laguntzen onuradunei dagozkien zigorrak erabaki eta ezartzeko.

49. oinarria.– Baldintzazkotasun soziala ez betetzeagatiko zigorrak aplikatzeko eta kalkulatzeko sistema.

1.– Baldintzazkotasuna ez betetzeagatik ezarritako zigorrak kalkulatzeko, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluan ezarritakoa beteko da.

2.– Baldintzazkotasun soziala kontrolatzeko eremuan, nekazaritzako jarduerarekin lotutako lanaren arloko ez-betetzeen astuntasunaren kalifikazioa (arina, astuna, oso astuna, nahitakoa) lanaren arloko agintari eskudunak zehaztuko du bere araudian oinarrituta. Identifikatuko du, orobat, lanaren arloko ez-betetzeak pertsonen osasunean zer kasutan eragiten duen.

3.– Lortutako informaziotik abiatuta, Erakunde Ordaintzaileak berrikusiko du ez-betetzeak bere horretan jarraitzen duen edo errepikatzen den:

a) Ez-betetze berak behin badirau hiru urte naturaleko epean, nahiz eta onuradunari aldez aurreko ez-betetzearen berri eman zaion eta, hala badagokio, aurretiazko ez-betetze hori zuzentzeko behar diren neurriak hartzeko aukera izan duen: ez-betetzea «errepikatu»tzat joko da.

b) Ez-betetze bat errepikatu dela egiaztatzeko, 640/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren arabera ezarritako baldintzazkotasun tradizionaleko arauen ez-betetzeak ere hartuko dira aintzat.

4.– Ez-betetze errepikatu batek bere horretan badirau onuradunak horren arrazoi justifikaturik eman gabe, ez-betetzea «nahita» gertatu dela pentsatuko da.

5.– Horren astuntasunaren, irismenaren eta iraunkortasunaren balorazioa eta errepikapena edo intentzionalitatea ezagututa, espediente bakoitzari aplikatu beharreko zigor-ehunekoa kalkulatuko du erakunde ordaintzaileak.

a) Baldintzazkotasun sozialaren eremuko zigorraren ehunekoa kalkulatzea:

1) Ez-betetze bakoitzari aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa kalkulatzea.

• Ez-betetzearen astuntasun mota bakoitzaren balorazioen eta aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoen arteko elkarrekikotasuna B taulan jasotakoa izango da. Taula berean jasotzen dira, halaber, ez-betetzeak pertsonen osasunean eraginez gero aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoak.

B taula; batetik, astuntasun, irismen, iraunkortasun eta intentzionalitatearen balorazioaren eta, bestetik, baldintzazkotasun sozialerako murrizketa-ehunekoaren artean ezartzen den elkarrekikotasuna:

(Ikus .PDF)

2) Aurrekoa gorabehera, aukera hauek hartu beharko dira kontuan:

• «Arin»tzat hartutako ez-betetzeak ondoriorik ez badu edo haiek hutsalak badira, ez da zigorrik ezarriko (% 0), eta ez-betetzea ez da kontuan hartuko haren errepikapena zehazteko.

• Urte natural berean ez-betetze bat baino gehiago gertatu bada, murrizketa finkatzeko prozedura banan-banan aplikatuko zaio ez-betetze bakoitzari, eta ondoriozko ehunekoak batuko dira. Nolanahi ere, espedienteari aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoa ez da % 10etik gorakoa izango, ez-betetzeren bat «nahitakoa» ez bada, hala izanez gero ez baita % 15etik gorakoa izango.

3) B taulari buruzko argibideak.

• Ez-betetze bat «errepikatu»tzat jotzen denean, murrizketa-ehunekoa % 10ekoa izango da, eta ez-betetze horren errepikapen gehigarriak, onuradunak arrazoi justifikaturik eman gabe, nahita egindako ez-betetzetzat hartuko dira.

• Nolanahi ere, ez-betetze bera, «oso astun»tzat jotakoa, hiru urte jarraian gertatzen bada, eta, gainera, langileen osasunean eragina badu, agintari eskudunek onuraduna baztertuko dute ordainketa guztietatik, 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 89.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

50. artikulua.– Murrizketa-ehunekoaren aplikazioa Euskal Autonomia Erkidegoan.

1.– Mahastia berregituratu eta birmoldatzeko laguntzaren onuradunei dagokienez, murrizketa-ehunekoa honako honi aplikatuko zaio: kontrol-kanpainaren aurreko hiru urteetan laguntza horiengatik kobratutako ordainketen zenbatekoa (bigarren urtekoa, abala liberatzea eta balizko ordainketa osagarriak barnean direla), zati hiru.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan, ez zaio zigorrik aplikatuko laguntzen onuradunari, baldin eta zigorraren zenbatekoa 100 euro edo txikiagoa bada urte natural bakoitzeko; hala ere, egiaztatutako ez-betetzea eta etorkizunerako neurri zuzentzaileak hartzeko betebeharra jakinaraziko zaizkio onuradunari. Geroko kontrol batean neurri zuzentzaileak ez direla hartu hautematen bada, kontuan hartuko da berrerortze edo iraunkortasunaren ondorioetarako.

3.– Baldintzazkotasunagatiko zehapena jakinarazten bada onuradunak urteko ordainketak eta primak jaso ondoren, onuradunak zigorraren ondorioz ordaindu beharreko zenbatekoa konpentsazio edo bidegabeko ordainketen bidez berreskuratuko da, bat etorriz 30/2022 Legearen 10. artikuluarekin.


Azterketa dokumentala