
100. zk., 2025eko maiatzaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (925 KB - 68 orri.)
- EPUB (3872 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2318
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 31koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten den eta ingurumen-baimen bateratua ematen zaion mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko tratamendu-instalazioari, zeina Verdalia Bio Karrantza SLUk sustatzen baitu (Torcachas auzoa, 13. industrialdea, 44., 45., 46. eta 47. lurzatiak, 48891 Karrantza Harana, Bizkaia).
AURREKARIAK
2023ko martxoaren 9an, Verdalia Bio Karrantza SLUk ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-inpaktuaren nahitaezko adierazpena eskatzeko dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen-organo honetan, mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko instalazioaren proiekturako (Torcachas auzoa, 13. industrialdea, 44., 45., 46. eta 47. lurzatiak, 48891 Karrantza Harana, Bizkaia), Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Hona hemen agiri guztiak:
• Administrazio-datuak.
• Planoak.
• Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.
• Laburpen ez-teknikoa.
• Jardueraren hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena, Karrantzako Udalak 2023ko urtarrilaren 31n emana.
• Hondakin izateari uzteko eskaera.
Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.5 artikuluarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, eta Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko apirilaren 5eko Iragarkiaren bidez, erabaki zen 30 egun baliodunez jendaurrean jartzea Verdalia Bio Karrantza SLUk sustatutako proiektua, egoki jotzen ziren alegazioak aurkezteko. Iragarkia 2024ko apirilaren 15ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, egiaztatu zen ez dela }aurkeztu.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, 2024ko apirilaren 18an, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Karrantza Haraneko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzari, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeari (Neiker), URA-Uraren Euskal Agentziari, Eguzkizaleak elkarteari, Ekologistak Martxan elkarteari, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Hondakin Arriskugabeen Zerbitzuari.
2024ko apirilaren 26an, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso zen; 2024ko apirilaren 30ean, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen (Neiker) txostena jaso zen; 2024ko maiatzaren 3an, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso zen; 2024ko maiatzaren 6an, URA-Uraren Euskal Agentziaren errekerimendua jaso zen, Verdalia Bio Karrantza SLUk proiektua alda zezan, hasiera batean lurrera zuzenean iragazten ziren euri-uren isurketa Las Fuentes errekara kanalizatzeko, hidrokarburoen bereizgailuan tratatu ondoren aldaketa hori egitea txostena egin ahal izateko baldintza gisa jarri zen; 2024ko maiatzaren 20an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostena jaso zen.
URAk egindako errekerimendu horren ondorioz, Verdalia Bio Karrantza SLUk aurkeztutako proiektuaren zati baten aldaketa bidali zuen 2024ko maiatzaren 14an, euri-uren isurketa aldatzeko, azpiegituran aldaketak eginda.
Hori dela eta, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko ekainaren 3ko iragarkiaren bidez, berriz ere 30 egun baliodunez jendaurrean jarri ziren Verdalia Bio Karrantza SLU enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen, 2024ko ekainaren 10ean.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu zen.
2024ko ekainaren 12an, beste txosten batzuk eskatu zitzaizkien Karrantza Haraneko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzari, URA-Uraren Euskal Agentziari, Eguzkizaleak elkarteari, Ekologistak Martxan elkarteari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Nekazaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Hondakin Arriskugabeen Zerbitzuari.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua aplikatuz, 2025eko urtarrilaren 9an, organo substantiboak aldez aurreko izapideetan jasotako txostenak igorri zituen, egoki bazen, proiektuaren bertsio berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan izateko.
2025eko urtarrilaren 9an, sustatzaileak idazki bat bidali zuen. Zioenez, ez zen beharrezkoa aurkeztutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea, baina jasotako txostenetan adierazitako zenbait ohar kontuan hartuko ziren.
2025eko urtarrilaren 21ean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Verdalia Bio Karrantza SLUren esku utzi zen espediente osoa.
2025eko urtarrilaren 24an, Verdalia Bio Karrantza SLUk alegazioak aurkeztu zituen. Verdalia Bio Karrantza SLUk ebazpen honen entzunaldi-izapidean egindako alegazioen azterketaren eranskinean jaso dira, laburbilduta, organo honek alegazio horiei buruz egindako oharrekin batera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.
Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean aurreikusitako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu.
Orobat, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen, isurien eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Verdalia Bio Karrantza SLUk Karrantza Haranean sustatutako mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko tratamendu-proiektua Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I. eranskineko 5.4.a) apartatuan sartuta dago, bai eta I.A eranskineko 5.4.a) apartatuan ere. Beraz, jarduera hori egin ahal izateko ingurumen-baimen bateratua lortu behar du.
Bidalitako dokumentazioaren arabera, proiektua Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinean (Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuak) jasotako kasuen barruan dago, zehazki 9.b) epigrafean: «Hondakinak deuseztatzeko edo balorizatzeko instalazioak, jarduketa aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada». Hala ere, II.D eranskineko 4. apartatuaren arabera (Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duten proiektuak), sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko eskatzen du, izapide hori ingurumen-baimen bateratuarekin uztartzeko, izapidetze-epeak murrizte aldera. Horregatik, abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoa aplikatuz, Verdalia Bio Karrantza SLUk sustatutako proiektuak ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko, eta administrazioaren esku-hartze bakar batean batzea indarrean dagoen legerian jasotako ingurumen-baimen guztiak.
Verdalia Bio Karrantza SLUren kasuan, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortu eta kudeatzeari, jabari publiko hidraulikora isurtzeari eta atmosferara eginiko emisioei dagozkien baimenak behar ditu. Gainera, espedientean beste administrazio eta organismo eskudun batzuek ere zegozkien txostenak eginez parte hartu dutela egiaztatu da.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota zuzenketa-neurriak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.
Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte honako jarduketa hauek ingurumen-baimen bateratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.
Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43.4 artikuluaren arabera, ingurumen-baimen bateratuaren mendeko jarduera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende badago, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharreko babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.
Aipatutako abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie ingurumen-ebaluazioaren eremuan jasota dauden proiektuei, II.D eranskinaren arabera.
Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bateratuaren erregimenaren eraginpean dagoenean, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bateratu egingo dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen bateratuaren parte izango da, eta ekintza administratibo berean egingo dira bi adierazpen horiek.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion zuzenketa-neurriekin.
Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki kontuan izan da Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitziren hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.
Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertuta, ebazpen-proposamena sinatu zen, eta Verdalia Bio Karrantza SLUk sustatutako mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko tratamendu-jarduerari aplikagarri zaizkion baldintzak sartu ziren; hala ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.8 artikuluan ezarritako entzunaldi-izapidetik ondorioztatzen dena bete beharko da.
Arestian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.
Ingurumen Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Honako hauek ikusi dira: Ebazpena, 2025eko urtarrilaren 21ekoa, Sailburuordetzarena; 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Verdalia Bio Karrantza SLUk sustatutako mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko instalazioaren proiekturako (Torcachas auzoa, 13. industrialdea, 44., 45., 46. eta 47. lurzatiak, 48891 Karrantza Harana, Bizkaia), ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.
Bigarrena.– Verdalia Bio Karrantza SLUri (egoitza soziala: Maria de Molina 40, 3. solairua, 28006 Madril, Espainia; IFK: B72590631) ingurumen-baimen bateratua ematea mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko tratamendu-instalazioaren proiekturako (Torcachas auzoa, 13. industrialdea, 44., 45., 46. eta 47. lurzatiak, 48891 Karrantza Harana, Bizkaia), ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.
Hirugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ezartzea Verdalia Bio Karrantza SLUk Karrantza Harana udalerrian (Bizkaia) sustatutako mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko tratamendu-jardueraren instalazioa egokitzeko obretarako, instalazioa ustiatzeko eta jardunari uzteko.
Laugarrena.– AAI00452 erregistro-kodea eta 4820218236 NIMA esleitzea Verdalia Bio Karrantza SLUk ustiatutako instalazioari (Torcachas auzoa, 13. industrialdea, 44., 45., 46. eta 47. lurzatiak, 48891 Karrantza Harana, Bizkaia). Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 474265.5, Y: 4787083.8.
Bosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.
Seigarrena.– Baimen hau indarrean jartzea eta baimendutako hondakin-kudeaketaren hasiera baldintzatuko ditu aurretiazko egiaztapenak. Ikuskatze-bisita egingo dute ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatutakoaren arabera eta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eraiki eta hornitu direla egiaztatzeko.
Instalazioa ezingo da abiarazi ingurumen-baimen bateratuaren onespena izan arte. Hala ere, probaldian abiarazteko aldi bat baimenduko da, gehienez ere bost hilabetekoa. Epe horretan, besteak beste, zuzenketa-neurrien eraginkortasuna egiaztatuko da. Epe horretan, baimen honetako baldintza partikularren atalean ezarritako neurketak egingo dira, eta horien emaitzak organo honi igorriko zaizkio, lehen aipatutako ikuskatze-bisita horren aurretik.
Zazpigarrena.– Ingurumen-baimen bateratua jaso duen jarduera hasteko epea bost urtekoa da.
Instalazioaren titularrak jarduera gauzatu ahal izango du, legez eska daitezkeen gainerako baimenak lortzea edo legez eska daitezkeen erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpen sektorialak bidaltzea ezertan eragotzi gabe.
Zortzigarrena.– Verdalia Bio Karrantza SLUri eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:
• Instalazioa eraikitzeko lanak amaituta, eta martxan jartzeko prest dagoenean, eta jarduten hasi aurretik, dagozkion lizentziak, baimenak eta jakinarazpenak edukitzea, edo sektore-erregistroan izena emanda egotea:
– Organo honi eta udalari teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkeztea, baimenaren helburu den jarduketa motaren arabera, egiaztatuko duena instalazioak onetsitako proiektura egokitzen direla eta bete direla ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak.
– As built proiektua; emisio atmosferikoen fokuen datuak (altuera, diametroa eta koordenatuak) eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.
– Erantzukizun zibileko asegurua, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera.
– Ingurumen-arriskuen analisia (IAA) eta, hala badagokio, ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiko finantza-bermea eratu izanaren egiaztagiria.
– Lurzoruen txosten bakarra:
○ Lurzoruaren egoerari buruzko txostena, as built proiektuan oinarrituta.
○ Oinarrizko txostena.
○ Lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena.
– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere txostenean eskatutako eskakizunak aurkeztu izanaren justifikazioa.
– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
– «Hondakinen Kudeaketa – Baldintza Partikularrak» eta «Hondakinen Kudeaketa – Baldintza Orokorrak» ataletan deskribatutako hondakin izateari uzteko adierazpenaren apartatuko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen informazioa.
– Espero diren immisioen modelizazio akustikoa (indize akustiko hauen ebaluazioa: Lk,d, Lk,e eta Lk,n), zarata-fokuen emisio-datu errealetatik abiatuta, eta lantegiaren ebaluazio akustikoaren txostena, ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak betetzen direla egiaztatzen duena.
• Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:
– Tratamendu-kontratuak, sortzen diren hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandakoak.
– Emisio atmosferikoen fokuei buruzko ILEaren txostena.
– Olfatometria azterketa.
– Usainen kudeaketa-plana.
– Digestatoak ekoizteko eta kudeatzeko plana.
Eskatutako dokumentazio hori guztia Nire Karpetatik aurkeztuko da, AAI00452_SOL_2023_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aipatutako hasierako eskaera-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.
Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik gabe.
Bederatzigarrena.– Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan adierazi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta jarraian jasotako eranskinetan ezarritakoari jarraituz. Gainera, babes- eta zuzenketa-neurri horiek eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
Hamargarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondoreetarako (funtsezko aldaketak), artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.
Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko agirien kasuan, ingurumen-organoak eskatutako aldaketa aztertu eta kalifikatuko du, funtsezkoa dela edo ez ebazteko.
Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzerako eskatutako informazioarekin batera, webgunean eskuragarri dagoen formulario hau sartu behar da:
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.
Baldin eta aldaketak lurzoru gehigarria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, okupatu nahi den lurzoruaren kalitate-adierazpena eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.
Hamaikagarrena.– Verdalia Bio Karrantza SLUk administrazioarekiko harremanen ardura duen goi-mailako tituludunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio ingurumen-organo honi.
Hamabigarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.
Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:
a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako emisioen muga-balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.
b) Emisioak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.
c) Arroko organismoak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen bateratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko organismoak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen bateratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko aldaketa-prozesua.
d) Prozesuaren edo jarduketaren funtzionamenduaren segurtasunagatik beste teknika batzuk erabili behar direnean.
e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.
f) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.
g) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
h) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
i) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aski ez direla egiaztatzen bada.
j) Aldaketa beharrezkoa denean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.
Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamahirugarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Verdalia Bio Karrantza SLUk ebazpen honen xede den mindak biometano eta bioongarri bihurtzeko tratamendu-jardueran gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio ingurumen-organo honi, azken horrek onets dezan.
Hamalaugarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:
– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zortzigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Bost urteko epean ez bada abiarazten ebazpen honen zazpigarren apartatuan arabera baimentzen den jarduera, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Verdalia Bio Karrantza SLUren nortasun juridikoa iraungitzen bada, indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan.
Hamabosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Hamaseigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Verdalia Bio Karrantza SLUri, Karrantza Haranako Udalari, ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.
Hamazazpigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.
ERREKURTSOAK
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 31.
Ingurumeneko sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS