
100. zk., 2025eko maiatzaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (2930 KB - 53 orri.)
- EPUB (3557 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2317
54/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, argitara emateko arau-xedapen orokorrak lantzeko prozeduraren Oinarrizko Izapidetze Eredua onartzeko Erabakia, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen arabera.
Gobernu Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 13an egindako bilkuran, arau-xedapen orokorrak lantzeko prozeduraren Oinarrizko Izapidetze Eredua onartzeko Erabakia onartu du, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen arabera, eta behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea arau-xedapen orokorrak lantzeko prozeduraren Oinarrizko Izapidetze Eredua onartzen duen Erabakiaren testua, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen arabera, (ebazpen honen eranskinean dago).
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 20KO 54/2025 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ARAU-XEDAPEN OROKORRAK LANTZEKO PROZEDURAREN OINARRIZKO IZAPIDETZE EREDUA ONARTZEKOA, XEDAPEN OROKORRAK EGITEKO PROZEDURARI BURUZKO EKAINAREN 30EKO 6/2022 LEGEAREN ARABERA
Xedapen orokor arauemaileak izapidetzeko oinarrizko eredua euskarri komun bat da, eta hor islatzen dira, elkartuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan arau juridiko berri bat onartzeko kontuan hartu behar diren arau-aurreikuspenak (lege-proiektuen kasuan, lege-proiektu gisa aurkeztea Eusko Legebiltzarrean, hari baitagokio hura kontuan hartzea eta, hala badagokio, onartzea). Horrela, segidako izapideen eskema estandarizatu baten barruan sartu ahal izango dira arau horiek, eta informatikoki programatu ahal izango dira.
Elkartze horrek, berez, ez dakar arau juridikoren batean formalki aurreikusita ez dagoen arau-berritasunik, eta ikuspegi sistematizatua osatzen du prozedura-tipologia hori izapidetzeko modua, nahitaez edo borondatez, erabakitzen duten izapide eta ekintza guztien gainean.
Euskal Autonomia Erkidegoko sail, organismo autonomo eta zuzenbide pribatuko ente publikoek egindako xedapen orokor arauemaileak lantzeko espedienteei eragiten die izapidetzeko oinarrizko ereduak, baina salbuespena dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak –Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusi ziren–. Ereduak barne hartzen du xedapen bat egiteko ibilbide osoa, hasteko agindutik hasi (premiari edo egokitasunari buruzko prestaketa-azterlanak eta erabaki-hartzea) eta EHAAn argitaratu arte.
Izapidetzeko oinarrizko ereduak (eta elektronikoki izapidetzeko garatu den aplikazioak) xedapen orokor arauemaileak egiteko onartu eta indarrean diren arau-agindu guztiak txertatzen ditu, eta, horretaz gain, Gobernu Kontseiluak prozedura horri buruz adostu dituen azken jarraibideak ere islatzen ditu. Bada, horren inguruko hausnarketa bultzatu zuen helburuarekin bat etorriz, hainbat tresna eskaintzen ditu xedapen orokor arauemaileak egiteko behar den ahalegina eta denbora optimizatzeko.
Horretarako, izapidetze-eskema estandarizatuak eskaintzen ditu, prozedurazko izapide batzuk aldi berean egiteko aurreikuspenak jasotzen ditu, izapidetzearen dokumentu arruntenen eredu homologagarriak eskaintzen ditu, eta, azkenik, espedientea automatikoki helarazten die, aurreikusitako eskemen arabera, prozeduran parte hartzen duten organo eta instantziei. Alderdi horiek guztiak Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamen honekin batera doan eranskinaren laugarren apartatuan daude jasota.
Horrela, eredu horren helburua da izapidegilearen lana erraztea eta, horretarako, informatikoki bideratuko da, egin behar diren izapideak modu berean egiteko eta egin daitezkeen lan guztien sekuentzia paralelo eta aldiberekoa ordenatzeko, izapidetze-denborak laburtzen saiatuz, baina prozedurari kalterik eragin gabe, eta betiere arauen kalitatea zainduz, garrantzitsua baita testu juridiko-arauemaileak teknikoki ondo ebatziak izatea eta ezartzen dituzten neurriak bat etortzea arauok sorrarazi dituzten beharrizanekin. Eta, noski, printzipio demokratikoak eta legezkotasuna erabat errespetatuz eta herritarrei eta arauak betearazi behar dituenari ahalik eta kostu txikiena eraginez egingo da hori guztia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ere ahalegin handia egin du araudia hobetzeko asmoz egin den garapenean. Eta, horregatik, zenbait neurri identifikatu behar dira administrazio autonomikoan egindako ordenamendu juridikoaren kalitatea hobetzeko. Hona hemen:
– «Araugintza-teknikaren» alderdiak barneratzea eta indartzea, gai hori aztertuta Aholku Batzorde Juridikoak egindako txostenetan.
– Euskadiko gobernantzari buruzko hausnarketa. Gobernu Kontseiluaren 2006ko ekainaren 27ko Erabakiaren bidez onartu zen dokumentu estrategikoa.
– Arau-prozeduraren inguruko hausnarketari eta digitalizazioari ekiteko abiapuntu izan den azterlana (Gobernu Kontseiluaren 2010eko otsailaren 9ko Erabakia, Dekretu-mailako xedapen orokorrak egiteko prozedura izapidetzeko jarraibideak eta haiek antolatzeko beste neurri batzuk onartzen dituena, eta Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakia, Xedapen orokorrak izapidetzeko jarraibideak onartzen dituena).
– 8/2016 Legea, ekainaren 2koa, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea aldatzekoa (2016ko ekainaren 8ko EHAA, 108. zk.).
– 6/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena (2022ko uztailaren 15eko EHAA, 137. zk.).
– Legegintza-teknikako jarraibideak, Gobernu Kontseiluaren 2023ko uztailaren 11ko Erabakiaren bidez hartuak (2023ko abuztuaren 7ko EHAA, 149. zk.).
Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakiak ordeztu egin zuen, prozedurazko jarraibideei zegokienez, 2010eko otsailaren 9ko Erabakia eta, ondoren, Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 12ko Erabakiak ordeztu eta osatu zuen 2010eko erabaki hori ere. Bada, 2017ko erabakiak, alderdi batzuk berregokitu zituen, eta Eusko Jaurlaritzan egiten diren arau-produktu guztietara hedatu zituen aurretiazko prozeduraren jarraibideak; halaber, gaur egun indarrean dagoen Xedapen Orokor Arauemaileak Izapidetzeko Ereduaren oinarriak ezarri zituen, abenduaren 22ko 8/2003 Lege indargabetuaren aurreikuspenetara egokituta funtsean.
Hori guztia ikusita, eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legea onartzearen ondorioz –zeinak prozedura-bide aurreratuago, finduago, egituratuago eta ordenatuagoa sistematizatzen baitu–, nahitaez berrikusi behar da gaur egungo Xedapen Orokor Arauemaileak Izapidetzeko Ereduan aurreikusitako eskema, eta nahitaez eraman behar da administrazio elektronikora. Hain zuzen ere, horrexegatik egin da dokumentu berri hau.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 16. artikuluak xedatzen du Jaurlaritza kide anitzeko organo bat dela, eta, lehendakariaren zuzendaritzapean, helburu politiko orokorrak ezartzen dituela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa zuzentzen duela, funtzio betearazlea betez. Bestalde, lege beraren 26.3 artikuluaren arabera, sailburuei dagokie beren sailei dagozkien gaiei buruzko dekretuak proposatzea Jaurlaritzari, onar ditzan. Eskumen hori Gobernu Kontseiluaren barneko edo antolamenduko erabakietara ere hedatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1 f) eta m) apartatuetan xedatutakoaren arabera, egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailari: «Administrazioa, administrazio digitala, gobernu elektronikoa eta gardentasun-politika modernizatzea eta eraberritzea» eta «EAEko administrazio publikoen antolaketa eta prozeduraren araubidea».
Aurrekoarekin bat etorriz, eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 24. artikuluan xedatutakoa betez, izapidetzeko oinarrizko eredu bat onartzeko prozedura izapidetu da, indarrean dagoen araudiaren arabera, eta beharrezkoak diren nahitaezko txostenak eskatu dira.
Horrenbestez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eztabaidatu ondoren Gobernu Kontseiluak, honalo erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Xedapen orokor arauemaileak egiteko prozedura izapidetzeko oinarrizko eredua onartzea (erabaki honen eranskinean dago), Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen arabera.
Bigarrena.– Ondoriorik gabe uztea erabaki hauen bidez onartutako jarraibideak: Gobernu Kontseiluaren 2010eko otsailaren 9ko Erabakia, Dekretu-mailako xedapen orokorrak egiteko prozedura izapidetzeko jarraibideak eta haiek antolatzeko beste neurri batzuk onartzen dituena; Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakia, Xedapen orokorrak izapidetzeko jarraibideak onartzen dituena; Gobernu Kontseiluaren 2012ko azaroaren 27ko Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren prozedura jakin batzuk elektronikoki izapidetzeko jarraibideak onartzen dituena, Jarraibide horiek guztiak jada indargabetuta dagoen Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen esparruan hartu ziren. Akordio honek osatu egiten du, eta, hala badagokio, ordeztu egiten du xedapen orokorrak egiteko aplikazioari buruzko jarraibideak onartzen dituen Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 12ko Erabakiak xedatutakoaren kontrakotzat jotzen den guztia.
Hirugarrena.– Erabaki hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailei, haren administrazio instituzionaleko entitateei (organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko ente publikoak) eta sektore publikoko gainerako entitateei aplikatuko zaie, erabaki honetan aurreikusitako prozeduraren izapideetan parte hartzen dutenean.
Laugarrena.– Sail guztiek, haien mendeko organismo autonomo guztiek zein zuzenbide pribatuko gainerako ente publiko guztiek, sustatzen dituzten xedapen orokor arauemaileak izapidetzeko, nahitaez erabili beharko dute xede horretarako garatu den aplikazio informatikoa –Platea/Tramitagune plataforman dago hedatuta–; salbuespen bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak izango dira –Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusi ziren–.
Bosgarrena.– Aplikazio hori, xedapen arauemaileak itzultzeko/berrikusteko/korredaktatzeko, Itzulnet aplikazioarekin integratuko da, aurreikusitako ereduaren arabera eta bertan zehazten diren izapidetze-prozedurei jarraituz. Era berean, xedapen orokor arauemaileen espedienteen izapidetzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko eta Gobernu Kontseilura bidaltzeko aplikazioekin ere integratuko da, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren aplikazioaren bidez.
Seigarrena.– Alde batera utziko da «Legesarea» lankidetza-gunea, baina erabilgarri egongo da tresna horretan hasita dauden espedienteak itxi arte. Horren ordez, hasteko aginduak eta aldez aurretik onartzeko aginduak argitaratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoa erabiltzea bultzatuko da.
Zazpigarrena.– Gardentasun-printzipioa bultzatuko da xedapen orokor arauemaileak egiteko prozeduran, eta, horretarako, Legegunean argitaratzeko mugarriak ezarriko dira xedapen arauemaileak egiteko espedientea izapidetzean.
Zortzigarrena.– Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (EGAB), Lan Harremanen Kontseilua (LHK) eta Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordea sartzen dira xedapen orokor arauemaileak egiteko espedienteak izapidetzean.
Ente horiekiko harremana ez da jakinarazpen-erretiluaren bidez gauzatuko, baizik eta txostena eskatzeko atazaren bidez, Platea/Tramitagune plataforman horretarako sortutako izapidetze-postontzien bitartez, ente horiek XLNets segurtasun-sisteman alta eman ondoren.
Bederatzigarrena.– Autokontsumorako prestakuntza-materiala argitaratzea (izapidetzeko oinarrizko eredua, eskemak, bideoak, testak, etab.) aldaketaren kudeaketan aurrera egiteko. Webgune honetan argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/mbt-dncg
Hamargarrena.– Administrazio instituzionaleko sail eta entitateen eskura jartzea administrazio elektronikoan eskumena duen zuzendaritzari atxikitako tutoretza-zerbitzua, izapidegileek izan ditzaketen kontsultei erantzuteko, helbide elektroniko honen bidez: tutoretzazerbitzua@euskadi.eus
Hamaikagarrena.– Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen arabera, administrazio elektronikoan eskumena duen zuzendaritzak onartuko ditu xedapen orokor arauemaileak egiteko prozedura izapidetzeko oinarrizko ereduaren aldaketak edo bertsio berriak, baldin eta hobekuntza teknikoei erantzuten badiete edo aurretiaz arauetan islatu ez badira, edo nahitaezko arau-aldaketen ondoriozkoak badira eta ez badute aldatzen Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean aurreikusitako oinarrizko eskema.
Hamabigarrena.– Administrazio elektronikoan eskumena duen zuzendaritzaren ardura izango da administrazio elektronikoko Platea/Tramitagune plataforma garatzea, funtzionaltasun berriak izan ditzan, haren erabilgarritasuna gero eta hobea izan dadin eta etorkizunean espedienteen kudeaketa integralari begira beharrezkoak izan daitezkeen beste aplikazio informatiko batzuekiko elkarreragina berma dadin. Aplikazio horien organo arduradunek Platea/Tramitagune plataformarekiko elkarreragin zuzena segurtatu beharko dute; horretarako, elkarreragin horren betekizunen analisia aurreikusiko da garapenean. Nolanahi ere, administrazio elektronikoan eskumena duen zuzendaritza lankidetzan arituko da aplikazioen organo arduradunekin, bi sistemen arteko elkarreragina garatzeko behar duten euskarri teknikoa emateko.
Hamahirugarrena.– Erabaki hau bete behar duten gainerako sail, organo eta enteek lankidetzan jardun beharko dute goian adierazitako organoekin aplikazio informatikoa eguneratuta mantentzeko. Horretarako, aldaketarik egiten bada, besteak beste erabiltzaileen nortasunean, bere eremuko kontsulta-organoetan, informatu behar diren langileen ordezkaritzan, egitura organikoan edo dokumentuen plantilletan, eskumena duen zuzendaritzari jakinaraziko diote.
Hamalaugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, xedapen orokor arauemaileak izapidetzeko oinarrizko ereduaren testu osoarekin batera –eranskin gisa erantsi beharko da–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo guztiek ezagutu behar baitute, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 24.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Erabaki hau, xedapen orokor arauemaileak izapidetzeko oinarrizko ereduaren testu osoarekin batera, egoitza elektroniko honetan ere argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/mbt-dncg
Hamabosgarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren hasiko diren espedienteak izapidetzeko aplikatuko dira jarraibide hauek.
RSS