
100. zk., 2025eko maiatzaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (252 KB - 13 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2316
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 20koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025. urtean literatura argitalpenetarako dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira artearen eta kulturaren arloko jarduerak eta horien zabalkundea. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrien Zuzendaritzari esleitzen dizkio azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.
Euskal Autonomia Erkidegoan literatura-lanak argitaratzeko ahalegina sustatzeko xedez, material horiek editatzeko laguntza-bideak ezartzea beharrezkotzat jotzen du sail honek.
2014ko uztailaren 1ean kultura arloko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasunaren araudia aldatu zen, beste araudi hau jarri zelako indarrean: (EB) 651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri egiten dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan zen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 108. artikuluaren 3. apartatuan jaso eta jakinarazi beharrik ez dagoen estatu-dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria horien artean daude kulturarako eta ondarea gordetzeko dirulaguntzak, eta zehazki musika eta literatura argitalpenari dagozkionak.
Beraz, literatura argitalpenetarako dirulaguntzak jakinarazi beharrik ez dago, Tratatuaren 108. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera.
Horregatik, agindu honen bidez literatura-argitalpenetarako dirulaguntzak 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamendura (53. artikulua eta I. kapitulua) egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri egiten dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).
Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren 2025-2028 urteetako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, bai eta, eta 2025eko Dirulaguntzen Urteko Planean ere, zeina Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu baita. Bi planak Eusko Jaurlaritzaren euskadi.eus webgunean argitaratuta daude.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honek euskarazko eta gaztelaniazko literatura argitalpenetarako dirulaguntzetarako deialdia egiten du, eta dirulaguntzen araubidea ezartzen, 2025. urterako.
Dirulaguntzen helburua literatura argitalpena sustatzea da. Eta horretarako 2025. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanen urteko argitalpen-planaren eta euskarazko audioliburuen argitalpen-kostuen parte bat ordainduko da.
2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak finantzatzeko 760.000 euro erabiliko dira, diruz lagun daitezkeen honako jarduera-eremu edo modalitate hauen arabera banatuta:
a) Euskarazko literatura argitalpenak, 575.000 euroko zuzkidura izango duena.
b) Gaztelaniazko literatura argitalpenak, 125.000 euroko zuzkidura izango duena.
c) Euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenak, 60.000 euroko zuzkidura izango duena.
2.– Modalitate bakoitzean zehaztutako diru kopuruak direnak direla, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako eskabideek behar adina kalitate-maila ez dutelako, modalitateren batean erabakitako diru kopuru guztia baliatzen ez bada, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrien Zuzendaritzak sortutako soberakina beste modalitate baten diru kopuruari gehitzeko proposatuko dio Kulturako sailburuordeari. a) modalitatearen zuzkidura agortzen ez bada, soberakina b) modalitatera joango da lehendabizi eta c) modalitatera gero. Eta b) edo c) modalitateetan soberakina badago a) modalitatera joango da lehendabizi. Eragiketa hori egiteko, soberakina izan duen eremuaren edo modalitatearen prozedurak aldez aurretik ebatzia egon beharko du, eta soberakina jasoko duen modalitatearen prozedurak, aldiz, ebatzi gabe.
3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.
1.– Deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen dituzten argitaletxeek jaso ditzakete dirulaguntzak. Argitaletxetzat hartuko dira bakarrik 2023. eta 2024. urteetan gutxienez hiru egileren bost liburu paperean edo formatu digital irakurgarrian argitaratu dituzten merkataritza-erakunde pribatuak edo pertsona fisikoak. Pertsona fisikoek zein juridikoek jarduera ekonomikoen zergako 476.1 epigrafean (liburuen argitalpena) alta emanda egon behar dute.
Ez dira diruz lagunduko elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskabideak.
2.– Euskarazko literatura argitalpenen eta euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenen modalitateetan, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izan beharko dute, eta eskabidea aurkezten duten momentuan konpromisoa hartu beharko dute establezimendu egonkor bat zabaltzeko euskararen eremu geografikoan, dirulaguntza emanez gero. Euskararen eremu geografikotzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa. Gainera, euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenen modalitatean laguntza jaso ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileek deialdi honetan edo aurreko bostetan euskarazko literatura argitalpenaren modalitateko laguntza jasota eduki behar dute.
Gaztelaniazko literatura argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean eduki behar dute egoitza, eta eskabidea aurkezten duten unean konpromisoa hartu beharko dute establezimendu egonkor bat zabaltzeko Euskal Autonomia Erkidegoan, dirulaguntza emanez gero.
Pertsona fisiko edo juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomikoa Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluan dioena hartuko da aintzat.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, pertsona fisiko eta juridikoek, zergak betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta eduki beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzko 2023ko otsailaren 13ko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Aginduaren arabera.
4.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalak dituzten pertsona edo erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere.
5.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiten duten jarduerei, ez eta sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penal bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.
Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
6.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso krisi egoeran dauden enpresak, betiere estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (DO L 187 de 26-6-2014).
7.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresek edo erakundeek, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela adierazten badu.
8.– Era berean, ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako gainerako egoeraren batean dauden pertsonek edo entitateek.
4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen materialak eta oinarrizko betebeharrak.
1.– Argitaletxeek argitalpen-planen proiektu bereiziak aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-deialdi honetako modalitate bakoitzerako, eta modalitate bakoitzeko planetan liburu hauek sartzen dira:
a) modalitatean 2025. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura liburuak paperean edo formatu digital irakurgarrian.
b) modalitatean 2025. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura liburuak paperean edo formatu digital irakurgarrian.
c) modalitatean 2025. urtean argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audioliburuak.
Liburuek ezin izan dute aurreko urteetako dirulaguntza hauen ebazpenean dirulaguntza jasotzeko modukotzat agertu. Haur, gazte edo helduentzako izan daitezke, eta genero hauetako batekoak izan daitezke: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, komikia eta literatura-saiakera.
Modalitate bakar baterako –euskarazko literatura argitalpenak, gaztelaniazko literatura argitalpenak edo euskarazko literaturako audioliburuak– eskatu ahal izango da dirulaguntza, bietarako edo hiruretarako. Modalitate bakoitzean eskatutako baldintzak bete beharko dira. Liburu bera ezingo da sartu modalitate ezberdinetan aurkeztutako planetan.
Liburu kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa hartuko da. Liburua inprimatuta edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daiteke.
2.– Aurkezten diren argitalpen-planeko liburuek ezaugarria hauek bete beharko dituzte:
a) Jabego intelektualari dagokionez indarrean dagoen arautegia bete beharko dute, bai eta ISBN eta lege-gordailua eskuratzeko egin beharreko lege-izapide guztiak ere.
b) Paperean inprimatutako lana denean, euskarazko lanen kasuan gutxienez 800 aleko tirada izatea, itzulitako lanak, poesia, entsegu, antzerki-lanak, eta irakurketa errazeko lanetan izan ezik, horietan 300 alekoa nahikoa izango baita. Eta gaztelaniazko lanen kasuan gutxienez 1.000 aleko tirada izatea, poesia, entsegu, antzerki-lanak eta Irakurketa errazeko lanetan izan ezik, horietan 750 alekoa nahikoa izango baita.
Irakurketa errazeko formatuko obratzat hartzen dira IFLAren (International Federation of Library Associations an Institutions) eta Inclusion Europeren nazioarteko jarraibideak betetzen dituzten argitalpenak hizkuntzari, edukiari eta formari dagokienez.
c) Gutxienez 50 orrialde izatea testuak, komikiek, haurrentzako liburuek, poesiak, antzerki-lanek eta irakurketa errazakoek izan ezik.
d) Paperean inprimatutako lanen kasuan, gutxienez 500 ale merkaturatzea liburu-dendetan, euskarara itzulitako lanen, euskarazko poesia, euskarazko entsegu, euskarazko antzerki-lan eta irakurketa errazeko beste edozein euskarazko lanetan izan ezik, horietan 200 ale merkaturatzea nahikoa izango baita. Eta euskarri digitalean argitaratutako lana denean, plataforma digital batean salgai egotea.
e) Lehen argitaraldiak izan behar dute, edo berrargitalpenak ere bai, baldin eta tituluaren aurreko argitalpenak 6 urte baino gehiago baditu. Berrargitalpentzat hartzeko, ISBN berria eta laguntza-deialdiari dagokion urteko lege-gordailua izan beharko dituzte.
f) Euskarazko audioliburuen kasuan, obra beraren euskarazko aurreko argitalpen bat egon behar da edo aldi berean paperean argitaratu beharko da.
5. artikulua.– Bazterketak.
Ez dira deialdi honekin diruz lagunduko atal hauetako batean sartuta dauden liburuak:
a) Testuliburuak, liburu zientifikoak, dibulgaziozko liburuak, bidaia edo beste gai batzuei buruzko gidak, sukaldaritza-errezeten liburuak, entziklopediak, hiztegiak eta hezkuntzara zuzendutako argitalpenak.
b) Bibliofilo-liburuak eta argitalpen mugatua eta zenbakitua dutenak.
c) Eguneratu daitezkeen lanak, atalka argitara daitezkeenak eta koadernatu gabeko orrietan argitaratutakoak, lan osoari kalterik egin gabe kendu edo alda daitezkeen zatiak dituztenak.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren administrazio instituzionalak diruz lagunduta argitaratzen diren obrak.
e) Agindu honen xede diren dirulaguntzak jaso ezin dituzten entitateen (erakunde publikoak, argitaletxeak ez diren enpresak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak...) enkarguz onuradun izan daitezkeen entitateek argitaratutako lanak.
f) Liburugileek beraiek argitaratutako lanak, salgarri ez direnak eta argitaratzaileak berak egindako antologiak.
g) Epeka saltzeko argitalpen-lanak, eta liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat edo kideentzat bakarrik argitaraturikoak.
h) Albumak, ebakigarriak, pintatzeko liburuak, eranskailudunak, denbora-pasakoak eta kaligrafia koadernoak.
i) Urtekariak, aldizkako argitalpenak eta eranskinak edo horien zenbaki monografikoak, dietarioak eta antzekoak.
j) Bi hizkuntza edo gehiagoko testuak dituzten lanak, jatorrizko testua duten poesia-liburuak izan ezik.
k) Berrinprimatutako obrak.
6. artikulua.– Eskabideak.
1.– Agindu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio. Eskabide bat aurkeztuko da modalitate bakoitzeko.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. apartatuan adierazten den helbideen bidez.
3.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek, euskaraz edo gaztelaniaz, nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea nahiz atxikitako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen dutenaren arabera.
4.– Datuak ematerakoan gezurretan ibili edo irregulartasunak eginez gero, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak akats hori egin duen argitaratzailearen liburuei dirulaguntzarik ez ematea edo dirulaguntza zati bat kentzea erabaki dezake.
5.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak honako helbide elektroniko hauetan daude ikusgai:
– Euskarazko literatura argitalpenak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094423
– Gaztelaniazko literatura argitalpenak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094424
– Euskarazko literaturako audioliburuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094425
6.– Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz egingo dira, hemendik: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
8. artikulua.– Pertsona eta erakunde eskatzaileen betebeharrak egiaztatzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonen edo entitateen identitateari buruzko datuak, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzirik beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, pertsona fisikoen kasuan, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, baldintza hauek betetzen direla egiaztatuko da:
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
– Ez dagoela krisian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (2014-06-26ko EBAO, 187 L).
– Ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela.
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzea.
– Baduela edo konpromisoa hartzen duela euskararen eremu geografikoan establezimendu iraunkor bat irekitzeko, euskarazko literatura-ekoizpenaren eta euskarazko audioliburuen literatura-argitalpenaren modalitateen kasuan, edo EAEn, gaztelaniazko literatura-ekoizpenaren modalitatean.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta pertsona edo erakunde eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako baldintzak.
3.– Modalitate bakoitzeko aurkezten den proiektuari buruzko dokumentazioa:
a) Argitalpen-plan berezituak, argitaratuko diren euskarazko literatura liburuen argitalpengintzarako, gaztelaniazko literatura liburuen argitalpengintzarako eta euskarazko audioliburuetarako. Argitaletxeak, plana proposatutako ezaugarriekin gauzatzeko dirulaguntza beharrezkoa duela justifikatu beharko du. Plan bakoitzean, 2025. urtean argitaratu behar diren liburuak sartuko dira, eta liburu bakoitzaren edukia eta ikuspegia, egilearen jarduera eta argitaratzeko aurreikusitako epea adierazi beharko dira. Gainera, euskarazko audioliburuen kasuan, ekoizpen-prozesua, interpreteak eta salmenta-kanalak (dokumentu bakarra formatu digitalean) zein diren adierazi beharko dira.
b) Argitaletxearen ibilbidea modalitate bakoitzari dagokionez, azken 10 urteetan modalitate bakoitzean argitaratutako lanak eta horien formatuak eta modalitate bakoitzean azken 10 urteetan berrinprimatutako lanak adieraziz, bai eta euskaraz argitaratutako audioliburuak eta e-liburutegian eskuragarri dauden lanak ere, euskadi.eus-ren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
c) Argitaletxearen katalogoa (dokumentu bakarra formatu digitalean).
d) Modalitate bakoitzaren marketin-plana, segmentazio-estrategiak eta hartzaileak, komunikazio-estrategia, banaketa-kanalak eta nazioartekotze-estrategia adierazita, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
e) Argitalpen-planean jasotako liburu bakoitzerako: datu orokorrak, argitalpenaren ezaugarri teknikoak eta edizioaren kostua, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezin izango da baloraziora aurkeztutako proiektuan aldaketarik egin.
4.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek ezaugarria hauek izan beharko dituzte:
a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, eta, ahal dela, ereduaren formatuan aurkeztuko dira.
b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal dela.
c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb izango da.
d) Katalogoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea tramitera onartzeko behar diren agiriak falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo horiek baloratzeko alegatutako agirietan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.
10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa egitea, eta Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria izango da arduraduna.
11. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Agindu honen 2.1 artikuluaren hiru modalitatetarako, balorazio-batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuta, argitalpen-planak baloratzea eta dagokion txostena egitea.
2.– Balorazio-batzordea eratzean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan ezarritakoa bete behar da (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).
3.– Balorazio-batzordeko kideak:
– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Bera ez badago, batzordekiderik zaharrena izango da batzordeburua.
– Argitalpenen arloko 3-5 aditu, Kulturako sailburuordeak izendatuak.
– Balorazio-batzordeko idazkari arituko da Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, baina ez da balorazio-batzordeko kide izango. Hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Balorazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, lehenengo bilera egin aurretik.
12. artikulua.– Dirulaguntzak zehaztea.
1.– Balorazio-batzordeak egiaztatuko du argitalpen-planetan agertzen diren liburuek 4. artikuluko baldintzak betetzen dituztela. Horren ondotik, liburu bakoitzaren argitalpen-kostuak finkatuko ditu, honako bi hauen artean baxuena aukeratuz: argitaletxe eskatzaileak aurkeztutako informazio ekonomikoa eta deialdi hau argitaratzen den unean Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuko argitalpenetarako indarrean dauden prezioa. Argitalpen-kostua kalkulatzeko, argitalpenetan aditu direnen iritzia bil dezake batzordeak.
2.– a) eta b) modalitateetako liburuen argitalpen-kostuaren barruan sartzen dira: maketazio-kostu mekanikoak, 1.000 aleri (edo hortik behera egin behar direnak) dagozkien inprimatze- eta koadernatze-kostuak, obraren digitalizazioa, jatorrizkoak prestatzeko kostuak eta beharrezko argitalpen-diseinuaren kostuak. Euskarazko audioliburuen kasuan, obra audioliburu bihurtzeko prestatzeak duen kostua, grabaziorako baliabide teknikoak eta interpreteen ordainketa. Gainera, diruz lagundu daitezkeen kostuak izango dira egiletza-eskubideengatik ordaindutako aurrerakinak.
3.– Balorazio-batzordeak argitaletxe bakoitzak aurkezturiko argitalpen-planen argitalpen-kostua zehaztuko du, hau da, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten liburu guztien kostuen batuketa, kontuan hartuta a) eta b) modalitateetan lan bakoitzak ezin duela 9.000 euroko kostua gainditu, eta 5.000 euroko kostua c) modalitatean.
4.– Dirulaguntza eskatu den argitalpen-planetik diruz lagundu daitekeen kostuaren % 70erainokoa izan daiteke dirulaguntza.
5.– Dirulaguntzak eta horien zenbatekoak zehazterakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan modalitate bakoitzean aurkeztutako argitalpen-planak baloratzerakoan:
a) Argitalpen-planean sartutako lanen kultura-interesa, gehienez % 50. Alderdi hauek hartuko dira kontuan, plana bere osotasunean begiratuta:
– Lanen kalitatea (% 10).
– Lanen edukia (% 10).
– Egileen ibilbidea (% 10).
– a) eta c) modalitateetan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Iparraldeko Mankomunitate Bakarrean jaiotako edo bertan bizi diren egileek idatzitako lanen proportzioa (% 10): 10 puntu, baldin eta obren % 60 edo gehiago EAEn edo Nafarroako Foru Komunitatean edo Iparraldeko Mankomunitate Bakarrean jaiotako edo bizi diren egileek idatziak badira; eta 5 puntu, obren ehuneko hori % 40 bada. b) modalitatean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren egileak bakarrik hartuko dira kontuan. Obrak idazle bat baino gehiago badu, guztiek bete beharko dute baldintza.
– Emakumeek idatzitako lanen proportzioa (% 10). 10 puntu lortuko dira lanen % 60 edo gehiago emakumeek idatzita badira, eta 5 puntu emakumeek idatzitako lanen ehunekoa % 40ra iristen bada. Lanak idazle bat baino gehiago badu, guztiak izan beharko dira emakumeak.
b) Eskabidea egin duen argitaletxearen katalogoa eta ibilbidea, modalitate bakoitzeko, gehienez % 33. Honako hauek hartuko dira kontuan:
– Azken hamar urteetan euskaraz edo gaztelaniaz argitaratutako lanak, modalitatearen arabera (% 10).
– Azken bost urteetan euskaraz edo gaztelaniaz berrinprimatutako literatura-lanak, modalitatearen arabera (% 5). 5 puntu lortuko dira laguntza-deialdi honen aurreko bost urteetan dirulaguntzaren xede den hizkuntzan paperean argitaratutako literatura-lanen % 40, gutxienez, berrinprimatu bada; 3 puntu, % 25 berrinprimatu badira, eta puntu bat, % 10 izan badira.
– Argitalpeneko marketin-plana (% 15): segmentazio-estrategia 3 puntura arte, komunikazio-estrategia 4 puntura arte, banaketa-kanalak 5 puntura arte eta nazioartekotze-estrategia 3 puntura arte.
– Argitaletxearen lanak Eusko Jaurlaritzaren eLiburutegiko liburu digitalen mailegu-plataforman egotea (% 3). 3 puntu lortuko dira laguntza-deialdi honen aurreko hiru urteetan paperean argitaratutako literatura-lanen % 50, gutxienez, eLiburutegian eskuragarri badaude; 2 puntu, % 25era iritsiz gero, eta puntu 1, % 5era iritsiz gero.
c) Proposatzen den argitalpen-planaren ezaugarri teknikoak gehienez % 17.
a) eta b) modalitateetan hartuko dira kontuan:
– Euskarri digitala erabiltzea (% 7). 7 puntu lortuko dira urteko argitalpen-planean jasotako obren % 90 gutxienez digitalean argitaratzen bada; 3,5 puntu, % 50 digitala bada, eta 1,5 puntu, % 20 argitaratzen bada digitalean.
– Paperezko liburuaren formatua, azal mota, paperaren gramajea eta inpresio mota (% 10). Paperezko libururik ez badago, liburu digitalen kalitatea.
c) modalitatean kontuan hartuko dira:
– Euskarazko audioliburua ekoizteko prozesua (% 2).
– Interpreteen profesionaltasuna (% 5).
– Audioliburuetan espezializatutako nazioarteko plataforma batean salgai egotea (% 10).
6.– Balorazio-baremotik gutxienez % 60ko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira, eta ezin izango dute hautatutako proiektuetan barne hartu.
7.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da eta proportzionaltasun-irizpidea aplikatuko da. Horren arabera, diru-hornidura aurreko paragrafoan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten argitalpen-planen artean banatuko da, betiere argitalpen-planaren kostuaren arabera. Argitalpen-plan bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio-fasean lortutako puntuazioari dagokion zuzenketa-koefizientea aplikatuko zaio argitalpen-planen kostu orokorrari, ezarritako irizpideen arabera: 1 => 60 eta < 70 puntuetarako, 1,5 => 70 eta < 80 puntuetarako eta 2 => 80 puntuetarako.
8.– Prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideen aplikazioa oinarri hartuta, txosten bat egingo du, eta bertan adieraziko ditu eman nahi diren dirulaguntzak, onuradun nor proposatzen den, zer puntuazio lortu den dirulaguntza ematea proposatzen den balorazio-fasean eta zer jarduketatan, bai eta zergatik ukatu den ere. Era berean, zein eskabide ez diren onartu adieraziko da.
9.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena aztertu ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du du. Interesdunei jakinarazi beharko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
13. artikulua.– Bateraezintasunak.
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraz eta bere administrazio instituzionalaz bestelako erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin, nahiz eta inolaz ere ezingo den balorazio-batzordeak ezarritako argitalpen-kostuaren % 70 gainditu dirulaguntzen bidez. Hori gertatuz gero, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzari soberakina kenduko zaio.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Kulturako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea, organo kudeatzailearen proposamena jaso ondoren. Ebazpena jakinarazi egingo da sei hilabeteko epean deialdiaren aginduak ondorioak sortzen dituenetik aurrera, eta laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan. Baiezkoen kasuan, dirulaguntza nori eman zaion eta zenbatekoa den zehaztuko da. Dirulaguntza ukatzen den kasuetan, nori ukatu zaion eta zergatik adierazi beharko da.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko zaizkie pertsona eta erakunde interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire karpetaren bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta). Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehendabizi egindako jakinarazpena hartuko da jakinarazpen-datatzat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Ebazpena emateko epea igarota, pertsona edo entitate interesdunak bere eskabidea ezetsi egin dela ulertuko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan jasotako ondorioetarako.
5.– Eskatutako dirulaguntzen gaineko ebazpenak emateko eta horiek jakinarazteko epeak direla eta, baldin aplikagarria bada agindu honen 9. artikuluan aurreikusitakoa, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek behar duen beste denboraz, aintzat hartuta jakinarazpena noiz jasotzen den eta erantzuna emateko zein epe dagoen.
6.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste dirulaguntzarik jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25 artikulua aplikatuz.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamar egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.
b) Ogasuna eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.
c) Dirulaguntza eman zaien helbururako erabiltzea.
d) Dirulaguntza jaso duten liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea.
e) Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari.
f) Dirulaguntzaren onuradun enpresa bat bada, merkataritza-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
g) Laguntza eman dela jakinarazten denetik, pertsona edo entitate onuradunek hamar egun balioduneko epea izango dute Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea egiaztatzen duen agiria aurkezteko.
h) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
16. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.
Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:
a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntza osoaren % 50, ebazpena jakinarazi ondoren eta 15.a) artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.
b) Dirulaguntzaren beste % 50a, agindu honetan ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren, eta, betiere, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta ez baditu, edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez baditu.
Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, ondorengo helbidearen bitartez egin beharko da https://www.euskadi.eus/hirugarrenak gunean dago eskuragarri.
17. artikulua.– Justifikazioa aurkezteko tokia eta modua.
1.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2026ko martxoaren 10era arte aurkez daiteke.
2.– Justifikazioak elektronikoki aurkeztu behar dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.
3.– Dirulaguntza eman duen organoak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du amaitu aurretik, onuradunak aldez aurretik eskaera eginez gero, justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak behar bezala justifikatuz.
18. artikulua.– Dirulaguntza bakoitzaren justifikazioa egiteko, aurkeztu behar den dokumentazioa.
a) Diruz lagundutako argitalpen-planaren exekuzio gisa argitaratutako liburuen zerrenda, honako hauek adierazita: izenburua, egilea, ISBNa, lege-gordailua eta argitalpen-data, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Diruz lagundutako lan guztiek sorrarazitako gastuen ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda zehatza, euskadi.eus gune elektronikoan agertzen den ereduaren arabera.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.
c) Diruz lagundutako argitalpen-planeko lan bakoitza argitaratzeko egindako gastuen egiaztagiriak, inprimaketa-fakturetan zenbat ale ekoitzi diren adieraziz.
d) Paperean egindako argitalpenen ale bat eta edizio digitalen eta euskarazko audioliburuen fitxategia.
e) Paperean argitaratutakoen kasuetan, banatzaileak liburu-dendetan zabaltzeko jaso duen liburu kopurua ziurtatzen duen egiaztagiria.
f) Argitalpen-kontratua, testuaren, ilustrazioen eta itzulpenaren egile-eskubideen titularrak nor diren adierazita, edo obra jabari publikoko araubidekoa bada, horren justifikazioa.
19. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50, azpikontratu guztien prezioak batuta. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira argitaratzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko izan behar dituen gastuak.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 23/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, erakunde onuradunak gutxienez 3 hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta, dituen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago eskaintza horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen nahikoa erakunderik, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
20. artikulua.– Itzulketa-kasuak.
1.– Honako hauek izango dira dirua itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan aurreikusitakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, horretarako ezarritako epean.
d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako gainerako edozein itzulketa-kausa.
2.– Halako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, bai eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua aplikatzekoak diren oinarrizko manuen arabera ere.
21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «literatura-ekoizpen editorialerako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko.
Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Laguntza-deialdi hau barne-merkatuarekin bateragarritzat jotako laguntza-kategorietan sartzen da Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, Europako Batzordearen ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren bidez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke interesdunak Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS