Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2025eko maiatzaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2306

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 16koa, Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren zuzendariarena, zeinaren bidez epea irekitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko eskaerak aurkeztu daitezen.

Azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuaren bidez (2003ko abenduaren 5eko EHAA, 239. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilua sortu zen, eta dekretu horren IV. kapituluan kontseilu horren Osoko Bilkurarako elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua arautzen da.

Dekretu horren 15. artikuluaren arabera, ijitoen elkarteen eta ijitoen aldeko elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua antolatzeko, eta soilik horretarako, Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburua erabiliko da, eta hiru urtetik behin irekiko da, ezohiko arrazoirik egon ezean, liburu horretan sartzeko epea.

Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariaren 2022ko ekainaren 7ko Ebazpenaren bidez (2022ko ekainaren 20ko EHAA, 118. zk.), elkarteen ordezkariak izendatzeko azken prozesua zabaldu zenez, orain beste izendapen-prozesu bati ekin behar zaio, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko eskaerak aurkezteko epea finkatu behar da.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz, erabakiak hartzeko gune guztietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua errespetatu behar da, eta pertsona anitzeko administrazio-organoetan ordezkaritza orekatutzat joko da, hain zuzen, sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

Berdintasun, Justizia ete Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 9. artikuluak xedatutakoa betez, Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasuneko zuzendariari dagokio izendapen-prozesu berria irekitzea eta parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea jakinaraztea, EHAAn argitaratuta.

Horren indarrez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hamar eguneko epea irekitzea ijitoen elkarteek eta ijitoen aldeko elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko eskaerak aurkez ditzaten. Epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko eskaerak 289/2003 Dekretuaren eranskinean finkatutako ereduaren araberakoak izango dira, eta eskaerarekin batera, adostasun-agiria ere aurkeztu beharko dute, zeinaren bidez elkarteek aho batez izendatu baitituzte Osoko Bilkuran ordezkatuko dituzten bokalak, edo guztien adostasuna lortzen ez bada, dekretu horren 7.2.d) artikuluaren bigarren paragrafoak aipaturiko abalak aurkeztu beharko dituzte.

Hirugarrena.– Parte hartzeko eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren Zuzendaritzara igorri behar dira, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein modutan aurkeztu ahalko dira.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren Osoko Bilkurarako elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesuan, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa bete beharko da (dekretu horren bidez, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen da). Ildo horretatik, ordezkaritza orekatutzat joko da, hain zuzen, sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 16a.

Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren zuzendaria,

JOSÉ MARÍA EZKERRA FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala