
98. zk., 2025eko maiatzaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (188 KB - 12 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2286
53/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, argitara emateko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin (GSIN) eta Itsasoko Gizarte Institutuarekin (IGI) sinatutako hitzarmena, osasun-zerbitzu publikoek sarbide telematikoa izan dezaten GSINen eta IGIren administrazio-espedienteetako txosten medikoetara.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatuta dauka aipatu den hitzarmena eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin (GSIN) eta Itsasoko Gizarte Institutuarekin (IGI) sinatutako hitzarmena, osasun-zerbitzu publikoek GSINen eta IGIren administrazio-espedienteetako txosten medikoetara sarbide telematikoa izan dezaten. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 20a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 20KO 53/2025 EBAZPENARENA
GIZARTE SEGURANTZAKO INSTITUTU NAZIONALAK (GSIN), ITSASOKO GIZARTE INSTITUTUAK (IGI) ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA, OSASUN-ZERBITZU PUBLIKOEK TELEMATIKOKI ESKURATZEKO GSIN-EN ETA IGI-REN ADMINISTRAZIO-ESPEDIENTEEN TXOSTEN MEDIKOAK
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik:
M.ª del Carmen Armesto González-Rosón andrea, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko zuzendari nagusia, urtarrilaren 21eko 131/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua. Institutu horren izenean eta hura ordezkatuz esku hartuko du, abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuak (abenduaren 1eko 1010/2017 Errege Dekretuak eta apirilaren 28ko 496/2020 Errege Dekretuak aldatua) 5. artikuluan ematen dizkion eskumenak baliatuta.
Elena Martínez Carqués andrea, Itsasoko Gizarte Institutuko zuzendaria, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren irailaren 7ko ISM/986/2021 Aginduaren bidez izendatua. Institutu horren izenean eta hura ordezkatuz esku hartuko du, apirilaren 8ko 504/2011 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluak (Itsasoko Gizarte Institutuaren egitura organikoa eta eginkizunak arautzen dituenak) ematen dizkion eskumenak baliatuta, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera.
Beste aldetik:
Alberto Martínez Ruiz jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasuneko sailburua, ekainaren 24ko 28/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta hura ordezkatuz, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuta, eta Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez egintza honetarako berariaz baimenduta 2025eko martxoaren18an egindako bileran.
Hitzarmena sinatzen duten bi alderdiek hitzartzeko eta izenpetzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta honakoa
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Sinatzaileen izaera eta gaitasun juridikoa.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Itsasoko Gizarte Institutua Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak dira. Biak Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren barruan daude, eta zuzenbide publikoko eta gaitasun juridikoko entitate izaera dute esleituta agindu zaizkien helburuak betetzeko, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 68. artikuluaren arabera (GSLOTB).
Autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuak Espainiako osasun-sistemaren parte dira, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren arabera.
Espainiako Konstituzioaren xedapenen eta Autonomia Estatutuaren babesean, eta aipatutako 14/1986 Legearen xedapenetan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoak, azaroaren 6ko 1536/1987 Errege Dekretuaren bidez, bere gain hartzen ditu osasun-arloko eskumenak, asistentzia sanitarioa eta Gizarte Segurantzaren zerbitzuak emateko.
Bigarrena.– Sinatzaileen eskumenak.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzailea den aldetik, aldi baterako ezintasunaren prestazioa kudeatu eta kontrolatzeko eskumenak ditu, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren egitura organikoari eta eginkizunei buruzko 2583/1996 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, era berean, 1300/1995 Errege Dekretuaren (zeinak garatzen baitu, Gizarte Segurantzako sistemako lan-ezintasunei dagokienez, zerga-, administrazio- eta gizarte-neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legea) 1. artikuluarekin bat etorriz, GSINek eskumenak ditu maila guztietako ezintasunak ebaluatzeko, kalifikatzeko eta berrikusteko eta ezintasun iraunkorragatiko Gizarte Segurantzaren kotizaziopeko prestazio ekonomikoetarako eskubidea aitortzeko, bai eta egoera hori eragin duten kontingentziak zehazteko ere.
Itsasoko Gizarte Institutuak, Itsasoko Gizarte Institutuaren egitura organikoari eta eginkizunei buruzko apirilaren 8ko 504/2011 Errege Dekretuaren arabera, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko langileei lotutako prestazioetarako eskubidea kudeatu, administratu eta aitortu behar du.
1300/1995 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 1. apartatuan aipatzen diren ezintasunak baloratzeko taldeek emandako proposamen-irizpenak, Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartutako langileei dagozkienean, Itsasoko Gizarte Institutuko zuzendariari aurkeztuko zaizkio, hark dagokion ebazpena eman dezan eta ondoren alderdi interesdunei jakinaraz diezaien, 1300/1995 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian araututakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoak, azaroaren 6ko 1536/1987 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, eskumena du bere lurralde-eremuan Gizarte Segurantzaren asistentzia sanitarioa emateko. Era berean, osasun-zerbitzu publikoko medikuen bidez, oro har, baja-parteak, baja berresteko parteak eta alta-parteak egitea dagokio. Parte horiek aldi baterako ezintasuneko prozesuetako baja medikoaren deklarazioa barne hartuko dute, baita bajaren iraupena eta iraungitzea ere, uztailaren 18ko 625/2014 Errege Dekretuan araututakoaren arabera (625/2014 Errege Dekretua, Aldi baterako ezintasun-prozesuen kudeaketaren eta kontrolaren alderdi batzuk arautzen dituena lehenengo hirurehun eta hirurogeita bost egunen barruan).
Era berean, aipatutako 625/2014 Errege Dekretuan araututako prozeduren arabera, osasun-zerbitzu publikoaren ikuskaritza medikoak aldi baterako ezintasunaren prestazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko erantzukizunean parte hartuko du, Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileekin eta entitate laguntzaileekin batera.
Hirugarrena.– Hitzarmenaren xedea eta justifikazioa.
GSLOTBren 71.3 artikuluak ezarritakoaren arabera, osasun-zerbitzu publikoen ikuskaritza medikoak elektronikoki eskura ditzake eskumenak gauzatzeko behar dituen datu medikoak, baldin eta Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileen esku badaude.
Halaber, adierazten du, kasu horretan, ez dela beharko interesdunen adostasuna, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.e) eta 9.2.h) artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz; erregelamendu horren bidez, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dira eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen da.
Ildo horretan, GSLOTBren 77. artikuluak, datu-erreserbari buruzkoak, 1.d) apartatuan, salbuespentzat hartzen du Gizarte Segurantzako Administrazioak bere eginkizunak betetzean lortutako datuak, txostenak edo aurrekariak hirugarrenei laga edo jakinarazi ahal izatea, baldin eta lagapen horren xedea bada beste edozein administrazio publikorekin lankidetzan aritzea, funts publikoen konturako laguntzak edo dirulaguntzak –Europar Batasunekoak barne– lortzean edo jasotzean iruzurraren aurka borrokatzeko, Gizarte Segurantzaren sistemako araubideetan bateraezinak diren prestazioak lortzeko edo jasotzeko, eta, oro har, legez edo erregelamenduz haiei agindutako eginkizunak betetzeko, betiere Gizarte Segurantzako Administrazioak lortutako datuak garrantzitsuak badira eginkizun horiek betetzeko.
Hitzarmen honen helburua da hobeto kudeatu, kontrolatu eta jarraitu laneko ezintasunagatiko prestazioak, bai aldi baterako ezintasungatikoak, bai ezintasun iraunkorregatikoak, kontingentzia arrunt eta profesionaletarako. Horretarako, osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko ikuskaritza medikoetako pertsonal sanitarioari, bere lurralde-eremuan, aukera emango zaio GSINeko mediku ikuskatzaileek emandako txosten medikoak telematikoki eskuratzeko. Era berean, osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko ikuskaritza medikoetako pertsonal sanitarioari eta pertsonal ez-sanitarioari ere, bere lurralde-eremuan, aukera emango zaio GSINeko unitate medikoentzako Lan Informatikoko Aplikazioan (aurrerantzean, ATRIUM) jasotako GSINeko espedienteen administrazio-egoera telematikoki kontsultatzeko aseguratuei dagozkien administrazio-espedienteetan, osasun-zerbitzu publikoek/INGESAk beren eskumenak baliatuz jarduketak egin behar badituzte horietan.
Eta aurreko paragrafoan adierazitakoa kontuan hartuko da bai aldi baterako ezintasunaren arloan aurreikusitako eginkizunak garatzeko, GSLOTBren 170. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan araututako prozeduran, bai 625/2014 Errege Dekretuan jasotako aldi baterako ezintasunaren eta kontingentzia zehaztearen arloko jarduketa eta prozeduretan. Horietan, entitate kudeatzaileek, autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzu publikoek eta INGESAk parte hartzen dute.
Era berean, kontuan hartuko da 1300/1995 Errege Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan zehaztutako eginkizunetarako (ezintasuna ebaluatzeko prozedurak hastea eta izapidetzea, ezintasun iraunkorragatiko prestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea aitortzea), bai eta aitortutako ezintasun iraunkorraren maila berrikusteko prozeduretarako eta behin betiko lesioek eta baliaezintasunik gabeko lesioek eragindako kalte-ordainetarako.
625/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluak adierazten du, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioen arteko lankidetzaren eta koordinazioaren arabera, ahalegina egingo dela informazioa hobetzeko eta denek erabiltzeko moduan jartzeko, aldi baterako ezintasun-egoeren kudeaketaren jarraipena eta kontrola eraginkorragoa izan dadin.
625/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, ED horretan osasun-zerbitzu publikoei buruz egiten diren aipamenak Espainiako Kudeaketa Sanitarioko Institutuari ere aplikatu behar zaizkio, izan ere, Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzailea da, eta Ceuta eta Melilla hirietako prestazio sanitarioak kudeatzea dagokio.
Ondorioz, autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzu publikoek eta INGESAk, aipatutako araudia kontuan hartuta eta GSLOTBren 71.3 artikuluarekin lotuta, eskubidea dute GSINeko mediku ikuskatzaileek egindako txosten medikoak eskuratzeko, baldin eta txosten horiek aldi baterako ezintasunaren, ezintasun iraunkorraren edo kontingentzia zehazteko prozeduren kudeaketarekin zerikusia badute eta osasun-zerbitzuon eskumeneko administrazio-espedienteetan sartuta badaude, eta beharrezkoak izan badaitezke legez edo erregelamenduz aitortutako eginkizunak betetzeko.
IGIri dagokionez, bere lanpostu-zerrendetan mediku ikuskatzailearen figura desagertu denez, adierazi behar da GSINeko mediku ikuskatzaileek egiten dutela Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren peko langileei dagozkien espedienteen lanerako ezintasunaren kontrol medikoa.
Eta kontrol medikoko eginkizun horiek GSINeko mediku ikuskatzaileek egiten dituzte IGIren eskumenekoak diren espedienteetan, 1300/1995 Errege Dekretuan ezintasun iraunkorrari buruz araututakoa aplikatuta, eta IGIk eta GSINek aldi baterako ezintasunari buruz sinatutako kudeaketa-mandaturako akordioari jarraikiz.
GSLOTBren 82.4 c) artikuluak xedatzen duenez, mutualitateetako medikuen, osasun-zerbitzu publikokoen eta entitate kudeatzaileen artean egiten diren komunikazioak, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, eta baliozkoak eta eraginkorrak izango dira mediku ikuskatzaileen zentroan jasotzen diren unetik.
GSINek datuak lagatzea, datuen arduraduna den aldetik, eta osasun-zerbitzu publikoek/INGESAk esleituta dituen kudeaketa-eskumenei lotuta doan heinean, legitimatuta dago lege-mailako arau batek (hala nola Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, GSLOTBren 71.3 artikuluarekin lotuta) emandako legezko betebehar bat gauzatu beharrak eraginda laga direlako datuak. Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8.1 artikuluarekin bat etorriz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1 c) artikuluarekin lotuta dago lagapena. Erregelamendu horrek datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen ditu, indargabetuta lagaz 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).
2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9.2 h) artikuluan adierazten diren datuei dagokienez, 3/2018 Lege Organikoaren 9.2 artikuluan aipatzen da datu horien tratamenduak, Espainiako zuzenbidean oinarrituta, lege-mailako arau baten babesa izan beharko duela, eta litekeena dela datuon segurtasunari eta konfidentzialtasunari buruzko baldintza gehigarriak ezartzea.
GSINek, datuen tratamenduaren arduraduna den aldetik, eta IGIk, Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Berezian laneko ezintasunaren kontrol medikorako lagatako langileen datuei dagokienez, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 25. artikulua betez, neurri tekniko eta antolaketa-neurri egokiak aplikatuko dituzte, hartara, lehenespenez, tratamenduaren helburu espezifiko bakoitzerako behar diren datu pertsonalak besterik ez dira tratatuko.
Laugarrena.– Hitzarmenaren izaera.
625/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluak xedatzen duenez, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren, mutualitateen, autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzu publikoen eta Espainiako Kudeaketa Sanitarioko Institutuaren arteko lankidetza eta koordinazioa akordioen bidez bideratuko dira instituzionalki, eta hitzarmen espezifikoen bidez garatu ahal izango dira.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 47. artikulutik 53. artikulura, hitzarmenen araubide juridikoa arautzen du. 47. artikuluak arautzen duenez, hitzarmenak dira ondorio juridikodun akordio batzuk, administrazio publikoek, haiei lotutako edo haien mendeko organismo publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek edo unibertsitate publikoek beren artean edo zuzenbide pribatuko subjektuekin sinatuak, xede komun bat lortze aldera. Adierazitako helburua eta sinatzaileen izaera juridikoa ikusita, lortu nahi den hitzarmena bat dator, alde batetik, 47.2 a) artikuluan adierazitako motarekin, autonomia-erkidegoekin sinatzeko diren hitzarmen berezietan, bi administrazio publikoren artean sinatutako administrazioarteko hitzarmenak direlako; eta, bestetik, bat dator 47.2 b) artikuluan adierazitako motarekin, INGESArekin sinatzeko diren hitzarmen berezietan, administrazio barruko hitzarmenak direlako, administrazio publiko beraren mendeko zuzenbide publikoko entitateen artean sinatu beharrekoak.
Azaldutako guztiagatik, alderdi guztiek, zeinek bere ordezkaritzarekin, honakoa
ADOSTEN DUTE:
Hitzarmen hau sinatzea honako hauek oinarritzat harturik:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Laneko ezintasunen ondoriozko prozeduren kudeaketaren eta kontrolaren arloan esleituta dituzten eginkizunak behar bezala garatzeko, osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko ikuskaritza medikoetako pertsonal sanitarioak telematikoki eskuratu ahal izango ditu GSINeko mediku ikuskatzaileek egindako txosten medikoak. Txosten horiek sisteman finkatuta daude, ATRIUM aplikazioaren bidez, eta pertsonal sanitarioak eta ez-sanitarioak aplikazio horretan bertan eskuratu ahal izango du bere eskumeneko administrazio-espedienteen administrazio-egoera. Informazio bata zein bestea eskuratzeko, sarbide bakar bat izango da, eta Datuen Bitartekaritzarako Plataformaren bidez gaituko da, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako GSLOTBren 71.3 eta 77.1 d) artikuluetan adierazitako legezko betebeharra benetan betetzeko.
Horretarako, ATRIUM aplikazioan behar diren koordinazio teknikoko jarduketak egingo dira. Hala bada, bi kontsulta-profil garatuko dira ATRIUMen, hitzarmen honen I. eranskinean jasotakoaren arabera.
Bigarrena.– Alderdien ekarpena.
– GSINek eta IGIk konpromisoa hartzen dute osasun-zerbitzu publikoetako eta INGESAko ikuskaritza medikoetako pertsonal sanitarioari sarbide informatizatua emateko GSINeko mediku ikuskatzaileek egindako txosten medikoetara, horiek sisteman finkatu ondoren, kontingentzia arrunt eta profesionalen ondoriozko aldi baterako ezintasunen eta ezintasun iraunkorren prozesuetan eta kontingentzia zehazteko prozeduretan, GSINek/INGESAk kudeaketa-eskumena duen administrazio-espedienteei dagokienez.
Era berean, osasun-zerbitzu publikoetako eta INGESAko ikuskaritza medikoetako langileei kontsulta-zerbitzu baterako sarbidea emango zaie, ATRIUM aplikazioan espedienteen egoera-aldaketei buruzko informazioa emateko, osasun-zerbitzu publikoek/INGESAk beren eskumeneko prozeduren kudeaketan eragina izan dezaketen aldaketen berri izan dezaten.
– ATRIUMen txosten medikoak eskuratzen dituzten osasun-zerbitzu publikoen eta INGESAren ikuskaritza medikoetako pertsonal sanitarioak, bai eta aplikazio honetako espedienteen egoera-aldaketen kontsulta-zerbitzura sartzen diren osasun-zerbitzu publikoen eta INGESAren ikuskaritza medikoetako langileek ere, konpromisoa hartzen dute informazioa xede honetarako soilik eskuratu eta tratatzeko: aldi baterako ezintasunaren eta ezintasun iraunkorraren prestazioak eta kontingentziak zehazteko prozedurak kontrolatzeko eta kudeatzeko esleituta dituzten eskumenak baliatzea. Ezin izango dira bestelako helburuetarako erabili, eta, nolanahi ere, hitzarmen honen ondorioz sortzen diren datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuko dira.
– GSINek eta osasun-zerbitzu publikoek/INGESAk konpromisoa hartzen dute beren sistema informatikoetan behar diren egokitzapenak egiteko, osasun-zerbitzu publikoetako eta INGESAko ikuskaritza medikoetako pertsonal sanitarioari sarbide telematikoa emateko GSINeko mediku ikuskatzaileek egindako txosten medikoetara. Era berean, pertsonal sanitarioari eta pertsonal ez-sanitarioari ere sarbide telematikoa emango zaio, beren eskumenekoak diren administrazio-espedienteetan kontsulta ditzaten entitate kudeatzaileek izapidetutako administrazio-egoeraren aldaketak.
Egokitzapenak gehienez ere hamabi hilabeteko epean egingo dira, hitzarmen honen eraginkortasuna eta indarraldia hasten direnetik aurrera, hau da, Espainiako Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen den egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta berrikusketa.
Hitzarmen hau alderdien adostasunarekin gauzatuko da, eta indarrean jarriko da Espainiako Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidego sinatzailearen aldizkari ofizialean argitaratzea.
Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, eta epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adosterik izango dute bai luzapena, dagokion eranskinaren bidez, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo bai hitzarmena azkentzea. Luzapen-eranskin horrek hitzarmena azkendu baino lehen Espainiako Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean izango ditu ondoreak.
Halaber, alderdi sinatzaileek edozein unetan aldatu dezakete hitzarmen honen baldintzak, ados jarrita, hitzarmenaren eranskin bat sinatuta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluan xedatutakoa betez.
Laugarrena.– Hitzarmena azkentzea. Suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau bere xede diren jarduerak betetzeagatik edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzeagatik azkenduko da. Zentzu horretan, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluari jarraikiz, suntsiarazteko arrazoiak hauek izango dira:
– Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, eta luzapenik ez adostea.
– Alderdiek idatziz hala erabakitzea, ezarriko diren baldintzei jarraikiz.
– Hitzarmenaren xedea egiterik ez egotea, justifikatutako arrazoiak tarteko.
– Hitzarmenaren sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.
Kasu horretan, alderdietako edozeinek, ez-betetze horren berri izan eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio, ez-betetzea zuzen dezan hogeita hamar egun balioduneko epean, edo, hala badagokio, justifikatu dezan.
Errekerimendua hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako batzordearen arduradunari jakinaraziko zaio.
Errekerimenduan azaldutako hogeita hamar egun balioduneko epea igaro eta ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.
Ez da kalte-ordainik aurreikusten, hitzarmena alderdi bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik suntsiarazten bada.
– Alderdietako batek salatzea. Hori idatziz egin beharko da, arrazoiak azalduta, eta beste alderdiei gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko zaie, jakinarazpen hori egitean indarrean zeuden berariazko akordio guztiak behar bezala amaitzeko aukera egon dadin. Hiru hilabeteko epe hori ezin izango da luzatu hitzarmena likidatu baino lehen gauzatzen ari ziren jarduketak amaitzeko.
– Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala.
– Legeetan ezarri den eta aurretik jaso ez den beste edozein arrazoi.
Hitzarmena suntsitzeko arrazoiren bat baldin badago gauzatzen ari diren jarduketak abian direla, Jarraipen Batzordeak proposatuta, alderdiek egokitzat jotzen dituzten jarduketekin amaitu arte jarraitzea erabakitzerik izango dute, eta epe jakina (luzaezina) ezarriko dute jarduketak amaitzeko.
Bosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Hitzarmen honen alderdi sinatzaileek honako manu hauetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatu beharko dute: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, informazio-sistemen, fitxategien, datu-baseen, aplikazio informatikoen eta transakzioen organismo titularra den aldetik, beharrezkotzat jotzen dituen auditoretzak egiteko ahalmena izango du une oro, informazioa hitzarmenean aurreikusitako helburuetarako bakarrik eskuratu eta erabiltzen dela egiaztatzeko.
Hitzarmen honen xede diren jardueretan parte hartzen duten alderdi sinatzaileetako langileek ezingo dute datu pertsonalik jendaurrean jakinarazi, ez eta besterendu ere, eta hitzarmen hau betetzean edo betetzearen ondorioz eskuratzen dituzten informazio, agiri eta gai guztiak isilpean izango dituzte, baita lan-harremanak amaitzen direnean ere.
Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zerbitzu publikoek konpromisoa hartzen dute beren ikuskaritza medikoetako langile guztiei exijitzeko hitzarmenaren testu honetan jasotako II. eranskina bete dezaten, eta, gainera, sinatutako dokumentua zain dezaten. Gerta liteke entitate kudeatzaileak dokumentu hori eskatzea.
Klausula honetan ezarritakoa betetzen ez bada, hitzarmenaren Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio.
Seigarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketek ez diete konpromiso ekonomiko zehatzik ezartzen hitzarmena sinatzen duten administrazioei, eta ez dute ekarriko alderdi sinatzaileen arteko kontraprestazio finantzariorik.
Dena den, gastu arruntak sortuko dizkie alderdiei, eta entitate sinatzaile bakoitzak bere gain hartu beharko ditu hitzarmenean ezarritako betebeharretatik sortutako gastu propioak.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzordea.
Jarraipen Batzordea honako hauek osatuko dute: gehienez ere GSINeko hiru ordezkarik, IGIko hiru ordezkarik, osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko hiru ordezkarik eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko zuzendari nagusiak edo hark eskuordetutakoak (batzordearen lehendakaria izango da). Batzordeak urtero ebaluatuko du hitzarmenaren aplikazioa eta funtzionamendua, eta arreta berezia eskainiko die datuak babesteko bertan ezarritako bermeei.
Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu hitzarmenean ezarritako konpromisoen ondorioz sortzen diren interpretazio- eta betetze-arazoak.
Jarraipen Batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean ezarritakoaren araberakoa izango da.
Zortzigarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoaren babesean egina dago, eta administrazio-zuzenbidearen arau orokorren, administrazio onaren printzipioen eta ordenamendu juridiko orokorraren mende dago.
Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-organoei dagokie Jarraipen Batzordean ebatzi ezin diren gatazken ardura.
Eta, ados daudela adierazteko, hitzarmen hau sinatu dute.
Egoitza elektronikoa, 2025eko apirilaren 24a.
Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren izenean,
Zuzendari nagusia,
M.ª DEL CARMEN ARMESTO GONZÁLEZ-ROSÓN.
Itsasoko Gizarte Institutuaren Zuzendaritzaren izenean,
Institutuko zuzendaria,
ELENA MARTÍNEZ CARQUÉS.
Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean,
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
I. ERANSKINA
HITZARMENA BETETZEKO SARBIDE-PROZEDURETAN ETA AUDITORETZETAN EGIN BEHARREKO JARDUKETA TEKNIKO ETA INFORMATIKOEN DEFINIZIOA
Hitzarmen honen xedea betetzeko, hau da, INGESAko autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzu publikoek ATRIUM aplikazioan (Lan informatikoaren aplikazioa GSINeko unitate medikoentzat) jasotako GSINeko mediku ikuskatzaileen txosten medikoak telematikoki eskuratzeko, eta osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren eskumenekoak diren administrazio-espedienteen administrazio-egoerak aplikazio berean kontsultatzeko, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:
1.– Osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko langileen edo erabiltzaileen ATRIUM aplikaziorako sarbideak kontrolatzeko protokoloa.
2.– Alderdi sinatzaileek garapen informatikoetan dituzten konpromisoak.
1.– ATRIUM-Era sartzeko protokoloa.
Sartzeko, osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren erabiltzaileek beren aplikazioak erabiliko dituzte, eta, aplikazio horrekin, konexioa egingo dute Datuen Bitartekaritzarako Plataformaren bidez, ATRIUMen jasotako informazioan sartzeko.
Aurrekoa kontuan hartuta, osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren ardura da osasun-zerbitzu publikoetako eta INGESAko ikuskaritza medikoetako langileei baimena ematea Datuen Bitartekaritzarako Plataforman sartzeko, dagokien profilarekin, ATRIUMen eskuratuko duten informazioaren izaeraren arabera (txosten medikoak edo administrazio-egoeren kontsultak).
Horrela, bi profil desberdin finka daitezke osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko langileentzat:
– Profil sanitarioa. Txosten medikoak kontsultatzeko eta ATRIUMen jasotako espedienteen administrazio-egoerak kontsultatzeko.
– Profil ez-sanitarioa. ATRIUMen jasotako espedienteen administrazio-egoera kontsultatzeko, besterik ez.
Osasun-zerbitzu publikoen eta INGESAren ardura izango da GSINek lagatako datuak aldez aurretik baimendutako osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko erabiltzaileentzat egotea eskura, eta ez beste inorentzat. Sarbidea baimendutako profilen araberakoa izango da, eta profil horiek zehaztuko dute ATRIUMen zer-nolako datuak eskura ditzaketen. Garrantzitsua da aipatzea GSINen aplikazio honetan jasotako txosten medikoak osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko pertsonal sanitarioak soilik eskura ditzaketela.
Prozedura horrek «konfidentzialtasun klausula» dokumentua jasotzen du, eta osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren erabiltzaileei aurkeztuko zaie ATRIUM aplikaziora sartzean. Dokumentu horretan adierazten zaie, batetik, sekretu profesionala gorde behar dutela hitzarmena gauzatzean eskuratu dituzten informazio eta datu pertsonalei dagokienez; eta bestetik, behar den konfidentzialtasuna urratuz gero izan dezaketen erantzukizun penal, zibil edo administratiboa azaltzen zaie. Osasun-zerbitzu publikoetako/INGESAko erabiltzaileek dokumentua baliozkotu edo sinatzen badute, horren guztiaren berri badutela jasota geratuko da.
2.– Alderdien konpromisoak garapen informatikoetarako.
Aurreko atalean deskribatutako protokoloa garatzeko, osasun-zerbitzu publikoek/INGESAk eta GSINek honako jarduera tekniko hauek garatu beharko dituzte:
2.1.– Osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren aldetik
Osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren erabiltzaileek, Datuen Bitartekaritzarako Plataformaren bidez konektatzeko (ATRIUM aplikaziora sartzeko aukera emango die), datu hauek sartu behar dituzte nahitaez:
– ATRIUMen datuetara sartzen den osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren erabiltzailearen IFZa.
– Erabiltzailea zer osasun-zerbitzu publikoetakoa den/INGESAren identifikazioa (osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren kodea edo IFKa).
– ATRIUMeko datuetara sartzeko eskatzen den administrazio-prozeduraren/prozeduren izena.
2.2.– GSINen aldetik
Osasun-zerbitzu publikoak/INGESA ATRIUMera konektatuko dira Datuen Bitartekaritzarako Plataformaren bidez. ATRIUMek, besteak beste, datu hauek gorde beharko ditu, ATRIUMerako sarbide bakoitza RSAA sisteman grabatuta gera dadin (arrasto informatikoa):
– Valor_usuario = osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren erabiltzailearen IFZa.
– Profil mota da, bi balio posible ditu, pertsonal sanitarioarentzat eta ez-sanitarioarentzat.
– ATRIUMen datuetara sartzen den erabiltzaileari dagokion osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren kodea edo IFKa, probintzia ere adierazita.
– Administrazio-prozedu(ra)ren izena(k), ATRIUMen datuetara sartzeko.
– Data eta Ordua.
– Datuak kontsultatu diren herritarraren identifikatzailea (pertsona fisikoaren identifikazioa, afiliazio-zenbakia...)
Ez da beharrezkoa kontsultatutako datuak erregistratzea (txosten medikoak edo administrazio-egoerak).
II. ERANSKINA
KONFIDENTZIALTASUN-KLAUSULA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK GSIN-I/IGI-RI DAGOZKION DATU PERTSONALAK TRATATZEKO
Dokumentu hau sinatzen duenak, osasun-zerbitzu publikoen/INGESAren ikuskaritza medikoetako langilea izanik, GSINen edo IGIren administrazio-espedienteen txosten medikoetara telematikoki sartzeko hitzarmena dela eta, badaki aipatutako entitate kudeatzaileen ardurapeko tratamenduetan jasotako datu pertsonalak eskura ditzakeela.
Datu horiekin aritzean, konpromisoa hartzen du entitate bakoitzak ezarrita dituen segurtasun-neurriak, teknikoak eta antolamenduaren arlokoak, betetzeko. Neurri horiek dagozkien segurtasun-dokumentuetan jasota daude.
Datuen babesari buruzko legea betez, bere gain hartzen du jasotako informazio guztia (baita ustekabean jasotako informazioa ere), eta bereziki datu pertsonalei buruzko informazioa, ahalik eta zuhurtasun eta konfidentzialtasun handienarekin tratatzeko betebeharra, oraingo harreman juridikoak dirauen bitartean. Sekretu-betebehar horrek indarrean jarraituko du hitzarmen honen bidez sortutako harreman juridikoa amaitu ondoren ere.
Era berean, konpromisoa hartzen du bere jardueraren ondorioz eskuratu dituen edozein material, informazio edo dokumenturen kopiarik ez gordetzeko erabilera pribaturako, datu pertsonalak baditu, eta GSINekin edo IGIrekin lotutako pertsona fisikoen datuak eskuratzekotan, agindu zaion zerbitzua emateko ezarritako eginbeharrak betetzeko beharrezkoa den heinean eskuratzeko, ez bestela.
Era berean, eskuratzen dituen datu pertsonalak eginbeharrak betetzeko baino ez erabiltzeko konpromisoa hartu du, baita eskuratzen dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna ziurtatzeko behar diren beste segurtasun-neurri batzuk hartu eta betetzeko ere.
Orobat, eskuratutako izaera pertsonaleko datuak hirugarrenei inola ere ez helarazteko konpromisoa hartu du, ezta gordetzeko ere.
Jakitun da entitate kudeatzaileak, Gizarte Segurantzako informatika gerentziaren bidez, sarbide guztien erregistro bat gordetzen duela eta organo auditorearen eskura dagoela, eta organo horrek sartzeko justifikazioa eska diezaiokeela edonoiz. Horregatik, eskatzen zaion guztietan, frogagiria aurkeztu beharko du, egindako kontsulta eta esleitutako eskumenak bat datozela egiaztatzeko.
Gainera, aitortzen du badakiela erantzukizun zibilak, penalak eta diziplinazkoak eska dakizkiokeela betebehar horiek betetzen ez badira.
Hala jasota gera dadin, eta dagozkion ondoreak izan ditzan, agiri hau sinatu da.............(n) (lekua)................(e)ko..................... (a)ren............(e)(a)n
Izenpetuta:......................................................................... jaunak/andreak
RSS