Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2025eko maiatzaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2281

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 19koa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia. Ikerlan programa.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 19ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia onartu du. Ikerlan programa. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia. Ikerlan programa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2025eko maiatzaren 19ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartua (ikus ebazpen honen eranskina).

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea ezen, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
GAZTEAK EUSKAL ENPRESETAN IKERKETA-PROIEKTUAK EGITEKO KONTRATATZEA HELBURU DUTEN DIRULAGUNTZEN 2025EKO EKITALDIKO DEIALDIA. IKERLAN PROGRAMA

Gazteen langabeziak kolokan jartzen du belaunaldien arteko oreka, eta gizartean eta lanean baztertuta geratzeko arriskua dakar; gainera, talentu berria galtzeko arrisku nabarmena da.

Langabezian bizi duten egoera ez da inola ere homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira euren egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Dualtasun horrek bi arazo desberdin dakartza, eta, beraz, konponbideak ere desberdinak izan behar dira. Alde batetik, kualifikazio apaleneko gazteek zailtasunak dituzte lana aurkitzeko eta mantentzeko, eta, gainera, behin-behinekotasun- eta partzialtasun-tasa handiagoak dituzte; hortaz, ahulagoak dira krisi sozioekonomikoen aurrean. Eta, bestetik, kualifikazio-maila handiak dituzten pertsonen talentu-ihesa dugu, ez baitute aurkitzen beren prestakuntza-mailara egokitzen den enplegurik. Euskal Autonomia Erkidegoak kualifikazio handiko biztanleria duen arren, bere lan-merkatua ez da gai enplegu-eskaintzarekin –erakargarria eta kalitatekoa– kolektibo hori guztia barnean hartzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGF+ Programaren estrategia diseinatzeko, kontuan hartu dira eskualde-mailan dauden beharrak eta erronkak, aplikazio-lehentasunak identifikatzeko egindako diagnostikoan definituak. Besteak beste, gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea; era berean, gazteen langabezia-tasa handiak murriztea eta gazteen enpleguaren prekaritatea eta talentu-ihesaren edo talentu-erakarpen ezaren arriskua gutxitzea.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin. Eta, hain zuzen ere, estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategiak 2030 izenekoak aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dieten programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte.

Ikerlan programaren helburua da ikertzaile gazteak (16 eta 30 urte bitartekoak), teknologoak, teknikariak eta I+G+Bko beste profil profesional batzuk kontratatzea, bai eta, hala badagokio, ikerketan laguntzeko langileak kontratatzea ere, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen duten enpresetan, lanbide-esperientziaren bidez haien enplegagarritasuna sustatzeko neurri gisa. Aipatu gazteek gauzatuko dituzte laguntzen xede diren jarduera horiek, arlo hauei lotuta dauden ekimenen barruan: osasuna, trantsizio ekologikoa eta ekonomia berdea (energia berriztagarriak, energia-efizientzia, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa eta datuen ingeniaritza («Data science» delakoa). Programa honen bidez, giza kapitala eta talentua galtzea saihestu nahi da, bai eta teknologoen goi-mailako prestakuntza gizarteari itzultzea ere.

Laguntza hauek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren urtarrilaren 3ko agindu baten bidez onartu plana, eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu; hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia «Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea» deritzon 4.2 gako estrategikoan dago kokatuta.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 19an egindako bilkuran, gazteak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten laguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia onartzen du (Ikerlan programa). Hona deialdiaren ezaugarriak:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen ari diren euskal enpresei emango zaizkien laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, hain zuzen ere edozein enplegu-zerbitzu publikotan izena emanda dauden gazte langabeak kontratatu ditzaten.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 2.500.000 euro bideratu dira. Haietatik, 1.250.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.250.000 euro, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren 2026ko konpromiso-kredituari, 32110-Enplegua programan.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso daiteke gazteak kontratatzen badira, ikerketako eta berrikuntzako ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratu-modalitatean, baldin eta gazte horiek 5. artikuluan aurreikusitako eskakizunak betetzen badituzte.

2.– Berrikuntzako eta ikerketako ekimenak arlo hauetako lanbideetan garatuko dira: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea (energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa eta «Data science».

3.– Edonola ere, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

4.– Eskakizun hauek bete behar dituzte kontratazioek:

a) Ezin izango dira kontratatu entitate, enpresa edo enpresa-talde berean aurreko 6 hilabeteetan edozein motatako ikerketa-lanpostuak bete dituzten gazteak.

b) Kontratuek 12 hilabete iraungo dute, gutxienez. Dirulaguntzak bi urte iraungo du, gehienez ere.

c) Kontratuak lanaldi osokoak izan beharko dira.

d) Kontratudunek 2. apartatuan adierazitako jarduerekin lotutako eginkizunak eta zereginak bete beharko dituzte.

5.– Kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

a) Enpresaburuaren, enpresen kontrola duten pertsonen, enpresetan zuzendaritza-karguak dituztenen edo enpresetako administrazio-organoetako kideen –edozein dela ere haien forma juridikoa– ezkontideak, ondorengoak edo bigarren mailara arteko (hura barne) odol- edo ezkontza-ahaidetasuna duten bestelako ahaideak kontratatzea.

b) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formaliza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira, aldez aurretik horretarako eskaera eginda, enpresa pribatuak, edozein dela ere haien forma juridikoa, bai eta deialdi honetan zehaztutako ikerketa- eta berrikuntza-ekimenetan inbertitzen ari diren elkarte eta fundazioak ere, baldin eta ez badaude 2. apartatuan aurreikusitako egoeretan eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50 edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

2.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Epai bidez kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Zigor- edo administrazio-arloan epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe badago.

c) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea –salbu eta konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada–, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe izanik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, auziren batean errudun deklaratu dutelako.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, bateraezintasun-egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.

f) Egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa sailkatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea; besteak beste:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete ez izana, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Enpresa-deslokalizazioan aritzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritako eran.

o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako moduan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2001 Legean ezarritako gehieneko epean).

p) Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela.

q) Krisian dauden enpresatzat hartzea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan jasotako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

3.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen artikulu honetako betekizunak eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. Dokumentazio honen bidez egiaztatuko da o) letran jasotako betekizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako eran. Lanbidek entitate onuradunei dokumentazio hori aurkezteko eskatuko die, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.

4.– Ez dira entitate onuradun izango honako hauek: organismo autonomoak eta sozietate publikoak, administrazio publiko baten edo gehiagoren mendeko elkarteak edo entitateak, eta langileak lagatzeko enpleguetarako aldi baterako laneko enpresak.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontrataturiko gazteek bete beharreko eskakizunak.

1.– Baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:

16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

Langabezian egotea eta edozein enplegu-zerbitzu publikotan izena emanda eta altan egotea, enplegu-eskatzaile gisa, kontratua hasteko egunaren aurreko egunean.

Formalizatzen den kontratu-modalitaterako eskatzen diren baldintzak betetzea, ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara egokituz, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

Ikertzaile, teknologo, teknikari eta I+G+Bko beste profil profesional batzuen gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza izatea; halaber, beharrezkoa denean, ikerketa-laguntzaile gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza ere, laneratzea erraztuz, ikerketaren eta berrikuntzaren lehiakortasuna areagotzen laguntzeko.

Laguntzako langile gisa, eskainitako lanpostu guztien ehuneko 10 kontratatu ahal izango da; nolanahi ere, alde batera utziko dira administrazio-laguntzako lanak.

2.– Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, Investigo programaren barruan kontratatutako pertsonak kontratazio mugagabearen modalitatean bakarrik hartu ahal izango dira kontuan deialdi honen ondorioetarako, betiere aurretik diruz lagundutako kontratua aldi baterakoa izan bada eta deialdi honetan dirulaguntza eskatzen duena ez den beste enpresa batek egin badu.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Ikerlan programaren ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatzeko eta gauzatzeko kontratatzen diren gazteen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko dira kontratatzeko emango diren dirulaguntzak, Gizarte Segurantzari kontzeptu guztiengatik egiten zaizkion kotizazio-gastuak barne.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako gastu kontzeptu guztiengatik emango den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira aurkeztutako kontratazio-planean adierazitako aurreikuspenak: zenbat pertsona kontratatuko diren, haietako bakoitza zenbat hilabetetarako kontratatuko den, eta Gizarte Segurantzako kotizazio taldearen arabera aplikatu beharreko modulu hau:

A modulua: modulu honetan 22.405,92 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (1.867,16 euro hilean), Gizarte Segurantzako 9tik 5erako kotizazio-taldeetako kontratuetan (biak barne).

B modulua: modulu honetan 33.108,84 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (2.759,07 euro hilean), Gizarte Segurantzako 4tik 1erako kotizazio-taldeetako kontratuetan (biak barne).

7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak aukeratzeko eta langileak kontratatzeko prozedura.

1.– Entitate onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.

Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak erregistratzeko orduan, eskabide horiek jasotzen dituen bulegoak egingo du erregistro hori, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman geratuko dira identifikatuta.

2.– Eskaintzak hautagaitzen parekatze automatikoaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira: https://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen lan-kontratuak betetzeko hautagaien azken aukeraketa entitate onuradunak egingo du, irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Egin nahi den ikerketa-programari dagokionez, gazteak prestakuntza akademiko egokiena izatea.

b) Garatu beharreko gaiarekin lotutako berariazko ikasketak izatea, hala nola masterrak, graduak edo ikerketa-programa gauzatzeko gaitasun eta konpetentzia handiagoak ematen dizkien beste edozein, baldin eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak edo Unibertsitateetako Ministerioak homologatuta badaude. Berau ez zaie aplikatuko laguntzaileen lanpostuei.

c) Curriculumaren eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsua erabili beharko da, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.

d) Eskabidea egiten denean, entitate onuradunak lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko eta genero-berdintasuna bermatzeko jada ezarriak dituen neurriak.

4.– Entitate onuradunek ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio-modalitatea erabiliz kontratatuko dituzte hautatutako langileak, indarrean dauden lan-arloko, lan-arriskuen prebentzioaren arloko eta Gizarte Segurantzari buruzko legeekin bat etorriz.

5.– Kontratatutako gazteak enpresako gainerako langileen eskubide berberak izango ditu, Langileen Estatutuan, aplikatu beharreko Hitzarmen Kolektiboan eta hitzartutako banakako kontratuan ezarritakoaren arabera.

6.– Kontratuak bi hilabeteko epearen barruan hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, salbu eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean. Horrelakoetan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du atzerapena. Edonola ere, kontratuak hasteko epea 2025eko azaroaren 30ean amaituko da.

8. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa Horra iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1210003 Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30en amaituko.

3.– Entitate bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztuko da, egin beharreko kontratazio guztietarako. Ez dira onartuko deialdian ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak.

4.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Memoria bat, datu hauek bilduko dituena: bete beharreko lanpostuak, egin beharreko berrikuntza- eta ikerketa-jardueren ezaugarriak –zeinak argi eta garbi lotuta egon beharko baitira arlo hauekin: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea (energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa edo «Data science»–, eta kontratuen iraupena eta kopurua.

Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.

b) Memoria ekonomiko bat, programaren kostuen aurreikuspenak jasoko dituena, eskatutako dirulaguntza eta, hala badagokio, entitate onuradunaren ekarpena bereizita.

5.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, entitateari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskabideari uko egin diola. Hala bada, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

9. artikulua.– Ebazpena emateko, prozedura izapidetzeko, instrukzioa egiteko eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko organo eskuduna.

1.– Prozedura kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.

2.– Deialdi honetako dirulaguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez izapidetuko dira.

Horrela, aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epealdi horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

4.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, eta jasoko duten zenbatekoa ere adieraziko da. Halaber, entitate bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da EGFren kofinantzaketa izan dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

Era berean, dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako zerrenda publikoan.

10. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita; eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia hauetako bat izan bada: probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste hautagai bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da handituko, inolaz ere, emandako dirulaguntza.

11. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Honela ordainduko dira emandako dirulaguntzak:

a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, eta, horretarako, aurretik, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, 7 eguneko epean, diruz lagundutako azken kontratua hasi eta hurrengo egunetik aurrera:

l.– Kontratatutako langileen zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbituzak/1210003

II.– Kontratatu diren pertsonen azken aukeraketarako aplikatutako irizpideak, 7.3 artikuluan agindutakoarekin bat.

III.– Lan-kontratuen kopia.

IV.– Kontratatutako langileari Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren berri eman izana.

V.– Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, deialdi honetako 3.5 a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

VI.– Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.

VII.– Entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren eta kontratatutako langabeen informazioa, sexuaren arabera banakatuta, hala xedatuta baitago Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3 d) artikuluan.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela. Kontratatutako pertsonen kotizazio-taldea bat etorriko da entitateak aurkeztutako eta dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.

b) Bigarren ordainketan, gainerakoa emango da (% 50, edo diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren dagokion kopurua), 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2026ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Entitatea erregistratuta ez badago, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan erregistratu ahal izango da edo aldatu ahal izango ditu datuak: https://euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Entitateak ez badu ezarritako epean aurkezten dokumentazioa, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua ordaindutakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat identifikatuta:

– Kontratatu diren pertsonek egindako jarduketen deskribapena.

– Kontratatu diren pertsonen azken aukeraketarako aplikatutako irizpideak, 7.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

– Kontratatutako pertsonei buruzko xehetasuna, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua justifikatzeko, lortutako emaitzen arabera. Alderdi hauek adieraziko ditu, gutxienez:

Jarduketa-memorian kuantifikatutako jarduerak eta 6. artikuluan ezarritako moduak oinarritzat hartuta kalkulatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa, artikulu horretan ezarritako kostu unitarioen bidezko kalkulurako eta kuantifikaziorako sistemaren arabera.

Dirulaguntzaren likidazioa proiektuan kontratatutako langileen arabera egingo da, kontratatuta egon diren urte (edo hilabete) bakoitzeko. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Kalkulua egiteko, kontuan hartuko da kontratatutako pertsonen kopurua, kontratatuta egon diren denbora eta dagokien modulua, Gizarte Segurtasunaren kotizazio-taldearen arabera.

2.– Aurreko apartatuan zehazturiko justifikazio-agiriak epe honetan aurkeztuko dira:

a) 12 hilabeteko iraupena duten kontratuak badira, dokumentazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, kontratuok amaitzen direnetik aurrera.

b) 12 hilabete baino gehiagoko iraupena daukaten kontratuak badira, hasi eta urtebete igaro ondoren aurkeztu beharko da dokumentazioa; nolanahi ere, 2026ko abenduaren 16an beranduenez.

Kasu batean zein bestean, 2026ko abenduaren 16a izango da justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna.

3.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratuok gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan.

b) Arau honen 11. artikuluko 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.

c) Egiaztatzea laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatu dutela.

d) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 10. artikuluko 1. apartatuak arautzen duen moduan.

e) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri jakinaraztea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia, Ogasun eta Finantza Saileko Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute entitate onuradunek, eta kontularitza-kode espezifiko baten bidez kontabilizatu behar dute dirulaguntza eman zaiela eta kobratu dutela, hain zuzen ere diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.

j) Kontuan izanda laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa jaso dezaketela, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021eko ekainaren 24an onartu zuten (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluak araututako epean gordeko dira egiaztagiriak (dokumentu elektronikoak barne).

k) Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan, genero-alborapenik gabe.

– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

l) Ekintzek Europako kofinantzaketa jasoko dutela aurreikusita, entitateek espresuki adierazi beharko dute hori. Horrela, Europar Batasunaren (EB) ikurra, «Europar Batasunak kofinantzatua» formularekin batera, nabarmen agertu beharko da sortutako material didaktiko guztietan eta bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jarduketen komunikazio-, hedapen- edo publizitate-ekintzetan ere. Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta dirulaguntzok emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 46. artikuluan zehaztutako araubideari jarraituko zaio.

Ez-betetze partzialen kasuan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak entitate onuradunak itzuli beharreko kopurua zehaztuko du, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, hasieran aurrez ikusitako eperako kontratatzeko betebeharra edo ezarritako eran kontratatzekoa betetzen ez bada, zenbatekoa osorik itzuli behar denean salbu.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

3.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.

4.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

5.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

18. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza hemen kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei buruzko arauarekin, zeina erregelamendu honetan ezartzen baita: Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruz Batzordeak 2023ko abenduaren 13an egindako (EB) 2023/2831 Erregelamendua. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horretako 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Laguntzak Europako Plus Gizarte Funtsak ere finantzatzen dituenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu ondoren.

Bat etorrita Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan xedatutakoarekin –zeina aldatu egiten baitu abenduaren 20ko 8/2024 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak–, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu, haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan erakunde autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, (lehenengoei esleitutako eginkizunak estatutuetan xedatutakoaren arabera dagokienei egindakotzat, hain zuzen), eta horren berri emango da Lanbideren web-orrian.


Azterketa dokumentala