Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2025eko maiatzaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2279

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita kontratazio-konpromisodun prestakuntzarako 2025eko dirulaguntza-deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 19ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, kontratazio-konpromisodun prestakuntzarako 2025eko dirulaguntzen deialdia onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera, Lanbideren Estatutuak bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkuntzan, o autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea kontratazio-konpromisodun prestakuntzarako 2025eko dirulaguntza-deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2025eko maiatzaren 19ko bileran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo berari hilabete bateko epean ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
DEIALDIA, 2025EKOA, KONTRATAZIO-KONPROMISODUN PRESTAKUNTZARAKO DIRULAGUNTZETARAKO

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoan instalatuta dauden edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berrietarako prestakuntza espezializatua eta egokia eskaini nahirik, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langile langabeak produkzio-sistemak eskatzen dituen enpleguetan laneratzea edo birlaneratzea eta prestatutako pertsonen kontratazioa sustatzea, zenbait ekitalditan garatu dira oro har langabeentzako kontratazio-konpromisoa dakarren lanbide-heziketara bideratutako dirulaguntza-deialdiak. Enpresei langile kualifikatuak eskaintzea da eskaeraren araberako trebakuntzaren oinarrian dagoen funtsa, enpresek, halaber, langile kualifikatu horiek behar baitituzte lanerako; deialdi hau horren gainean egituratzen da.

Esparru horretan, langile kualifikatuak kontratatu behar dituzten enpresa guztiek beren beharrizanei erantzun diezaiekete; izan ere, enpresek berek, haien sektore-elkarteek nahiz trakzio-enpresek zein prestakuntza-programa horiek diseinatu eta sustatzeko gai diren prestakuntza-entitateekin elkarlanean ad hoc diseinatutako prestakuntza-programetan parte hartzen dutenak prestatu, kualifikatu eta enpresa bakoitzari egokitutako konpetentzia profesionalez jantzi ditzakete. Helburua da enpresa bakar bat ere ez geratzea bere proiektuak garatzeko langile gaiturik gabe.

Deialdi hau garatzeko eta babesteko, Enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.

1/2013 Legeak nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin behar dela, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du ildo horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak barnean jasotzen baititu berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du prestakuntza-sistema malguak eratu behar direla, oinarri hartuta emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegia. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, bide emango dutenak dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia gauza dadin. Horrez gain, sailarteko organo bat eratzen du, bermatzeko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenak koordinatuko direla.

Erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du aplikatzekoa den estatu-araudiarekin. Ildo horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, nabarmentzekoa da Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoarekin hasitako erreforma garrantzitsua, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak garatutakoa.

Arau horren helburua da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat antolatzea, prestakuntza guztia egiaztagarria, metagarria eta kapitalizagarria izan dadin. Funtsezko hiru elementuk osatzen dute sistema berri hori: Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalak, Katalogo Modularrak eta Lanbide Heziketako Eskaintzen Katalogo Nazionalak.

Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuta. C gradua lanbide-ziurtagiriei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.

3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. Hala ere, oraindik ez dira onartu arau- eta antolaketa-garapen horiek.

Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso esakune generikoa erabilita, aipatzen du indargabetuta geratzen direla lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, 659/2023 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, lanbide-ziurtagiri izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.

Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean eta 659/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez garatu arte Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako.

Aintzat hartuta zer indarraldi duen erabaki honek, erabakiaren klausuletan islatzen da nola gauden, gaur egun, egoera iragankor batean, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez.

Bestalde, erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintza kudeatzean, aintzat hartu beharko da urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege-dekretu horrek profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren eskakizunak malgutzen ditu, bai eta enplegurako lanbide-heziketako eta hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eskaintza malgutzen ere.

Horrela, hezkuntza-administrazioak lanbide-heziketako tituluak edo espezializazio-ikastaroak emateko zentro, espazio eta ekipamenduei ezartzen dizkien eskakizunak egokitzat eta nahikotzat joko dira profesionaltasun-ziurtagiriak emateko, bai eta lanbide-kualifikazio berak osorik edo partez egiaztatzeko diren enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk emateko ere.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1 artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. horretan, «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enplegu-programak, enplegurako prestakuntza programak eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoarekin.

Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak organismo autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Enplegurako lanbide-heziketaren arloko ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea, eta erabaki honetan jasota daudenen moduko proposamenak egitea.

Ekimen hori aurreikusita dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeharkako helburu estrategikoaren barruan (Aukera-berdintasuna, euskal enplegu-politikaren ardatz nagusia) eta 4.1 gako estrategikoaren barruan (Laneko alorrean genero-berdintasunaren aldeko konpromisoa). Plan hori bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 3ko Agindu bidez onartu zen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Azaldutako guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2025eko maiatzaren 19an egindako bileran, 2025eko dirulaguntza-deialdia onartu du, kontratazio-konpromisodun prestakuntza emateko baldintza hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da langabeei, oro har, zuzendutako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzetarako 2025eko laguntzak erregulatzea.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 1.600.000 euro dira; horietatik, 800.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 800.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari.

3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuta egon daitezke, osorik edo partez, EGF Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.

2. artikulua.– Entitate eta enpresa onuradunak.

1.– Kontratazio-konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzetara bideratutako laguntzetan, honako hauek izan ahalko dira onuradun:

a) Prestakuntza jaso duten pertsonak zuzenean kontratatuko dituzten eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa pribatuak, edozein forma juridiko dutelarik ere. Baztertuta geratuko dira aldi baterako laneko enpresak, outsourcing jarduerako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak, bai eta edozein enpresa publiko ere.

Prestakuntza egin ahal izango dute:

– bitarteko propioekin: prestakuntza eman ahal izateko dagokion profesionaltasun-ziurtagirian edo ziurtagiri profesionalean egiaztatu beharko dute edo profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratuta ez dauden espezialitateetan izena eman, prestakuntza hasi baino lehen. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako Prestakuntza Entitateen Erregistroko altak bere horretan jarraituko du, prestakuntza amaitu arte. Orduan, baja emango zaio.

– kontratua eginez, egiaztatuta dauden entitateekin edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan izena emanda daudenekin.

b) Prestakuntza-entitate pribatu zein publikoen bidez, baldin eta dirulaguntza-eskaera aurkezten den datan egiaztatuta edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroan, autonomia-erkidegoren bateko enplegurako prestakuntza-entitateen beste erregistro batean edo prestakuntza-entitateen estatuko erregistroan, dirulaguntza eskatzeko arrazoi diren prestakuntza-ekintzei dagozkien espezialitateak irakasteko.

Deialdi honen ondorioetarako, prestakuntza-entitateek aurkeztutako eskaerak hiru kategoriatan sailkatzen dira:

b.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak biltzen edo ordezkatzen dituzten entitate sektorialek bultzatutako eskaerak, kontratatzeko konpromisoa hartu duten enpresak elkarte eta sektore horretakoak badira.

Sektoreko entitateek formalki eratuta egon beharko dute 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta Eusko Jaurlaritzako edozein sailetan indarrean dauden enpresaz gaindiko elkarteen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute.

Sektoreko entitate horiek langile propioak izan beharko dituzte. Langile horiek entitate horri edo sektore horretan bildutako enpresen interesak ordezkatzeko beharrezkoak diren kudeaketa-zerbitzuak ematen dituen entitate bati atxikita egon behar dute. Entitate horrek gaitasun nahikoa izan behar du ekimen honen garapenaren xedea zuzentzeko eta kudeatzeko.

b.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako haien jarduera-sektoreetako beste enpresa batzuetan trakzio-enpresa gisa eta/edo kontratazio-sortzaile gisa diharduten enpresek sustatutako eskaerak. Beste batzuen trakzio-enpresa bat dela ulertzen da enpresa horren eta bere enpresa kolaboratzaileen artean harreman egonkorra, denbora luzatua eta zerbitzuen azpikontratazioak definitua dagoenean, bai eta beste enpresa horien produktuen kontsumoak ere; horrela, zuzenean eta zeharka, enpresa trakzionatuen enplegua, hazkundea eta garapen ekonomikoa sortzen dira. Trakzio-enpresak sustatuko eta bultzatuko ditu enplegu berrirako beharrizanak enpresa trakzionatuetan.

b.3.– Ez b.1 apartatuan aipatutako entitate sektorialen, ez b.2 apartatuan aipatutako trakzio-enpresen babesik ez duten eskaerak.

2.– Enpresa onuradunek enpresako langileen legezko ordezkaritzari jakinarazi beharko diote deialdi honen babespean egindako kontratazioa.

3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egonik.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin duena, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota dagoena, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta dagoena –konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik–, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta dagoena, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, auziren batean errudun deklaratu dutelako.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkarien kasuan, bateraezintasun-egoera hauetakoren batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat arauz hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

h) Dirulaguntzei dagokienez, itzulketa-betebeharren ordainketak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Konpromisoa hartu beharko dute egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena dutenak, barnean direla arrazoi hauengatik ezarritakoak:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, lege hauetan ezarritakoaren arabera: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiagoko enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Ez betetzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Administrazio publiko edo entitate publiko zein pribaturen baten laguntzak jasotzen aritzea deialdi honetan diruz lagundutako jardueretarako.

o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuren bat izatea.

p) Enpresa deslokalizatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

q) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituztenak Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3.bis artikuluan aurreikusitako moduan. Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Aurreko q) apartatuan jasotako eskakizuna egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) apartatuan aipatzen den dokumentazioaren bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbidek, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak egiteagatiko dirulaguntza lortzeko, enpresek eta prestakuntza-entitateek laguntzaren xede den prestakuntza-proiektua osatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, horiek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo beste entitate pribatu edo publiko batzuenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.

Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Nolanahi ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskuratzeko moduan eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

Prestakuntza-jarduera gauzatzeko azpikontratazioa debekatuta dago, egiaztatutako edo inskribatutako prestakuntza-entitateak kontratatzera jotzen duten enpresa onuradunentzat adierazitakoa izan ezik. Horren harira, ez da azpikontrataziotzat joko prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

6.– Enpresek edo entitateek ezin izango dute prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntzarik jaso baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan eskuratutako kontratazio-konpromisoen % 70 baino gehiago urratu badu kontratazio-konpromisoa dakarten prestakuntza emateko aurreko hiru ekitaldietako batean; ez dute dirulaguntzarik jasoko halaber, deialdi horietan prestakuntza hasi zuten ikasleen % 30 kontratatzea lortu ez duten entitateek, kontuan hartu gabe prestakuntza utzi edo gainditu duten.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jardunak.

1.– Deialdi honen laguntzen xede izan daitezke kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak, 5. artikuluan erregulatutako betekizun eta baldintzak betetzen dituztenak. Prestakuntza-ekintza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartuta egon beharko dute. Enpresa kontratatzaileen premia zehatzei erantzuteko programatu diren prestakuntza-espezialitate berriak izan ahalko dira, baldin eta horiek Espezialitateen Euskal Katalogoan sartu badira eta entitatea Prestakuntza Erakundeen Erregistroan inskribatuta badago eskolak emateko eskaera aurkezten den unean.

2.– Prestakuntza-ekintza programagarriak, langabeei oro har zuzenduak, honela sailkatzen dira:

Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionalari edo, hala badagokio, Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, edo, hala badagokio, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitateko ordu guztiak programatzean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

Prestakuntza ez-egiaztagarria edo inskripziokoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

1.– Lehentasunez parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, beste enplegu-zerbitzu publiko autonomiko batean edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren fitxategian enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langile langabeek, baldin eta lan-kontratu bat egitea ahalbidetzen dien administrazio-egoera batean badaude.

2.– Era berean, eta lehentasunik gabe, langile landunek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, baina ezin izango dira inola ere izan prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30 baino gehiago, eta, betiere, egungo okupazioak dakartzan lanbide-kualifikazioekin loturarik ez duten espezialitateetan parte hartuko dute, eta prestakuntza-ekintza hasten den unean lan egiten duen enpresa berak ezin izango ditu kontratatu. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan. Aldizkako langile finkoen kasuan, lanik egiten ez duten aldietan, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenen kasuan, ez dira landuntzat hartuko lehen aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.

3.– Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia laburragoa bada lanaldi osoz diharduen batenaren herena baino –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen eskakizunak eta baldintzak.

1.– Sektoreko entitateen babesik ez duen prestakuntza-entitate batek eskatutako prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntza jaso ahal izateko (2.1 artikuluko b.3 kategoria), egiaztatu beharko da, dirulaguntza eskatu aurretik, prestatu eta kontratatu behar diren okupazioetan eta profiletan izena emanda dauden langabeak ez direla nahikoak. Horretarako, dagokion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoaren txostena eskatuko da (emandako ereduaren arabera). Eskatutako profila ezingo da izan prestakuntza amaitu ondoren lortuko dutena baino handiagoa.

Izangai aski ez dagoela ulertuko da kontrata daitezkeen langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak edo enpresek kontratatu beharreko pertsonen kopurua halako sei baino.

2.– Prestakuntza-ekintzak aurrez aurrekoak baino ez dira izango.

3.– Prestakuntzak gutxienez 120 ordu eta gehienez 560 ordu iraungo du (lanekoak ez diren praktika profesionalen modulua barne hartu gabe, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan), salbu eta enpresa batek edo prestakuntza-entitate batek eskatutako espezialitateetarako, baldin eta entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatua bada eskaera, zeinek ez baitute zertan egon muga horien pean, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren aldez aurreko baimena badute.

4.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2025eko ekitaldian hasi beharko dira, eta, gehienez ere, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, eta 2026ko irailaren 15a baino lehen amaitu beharko dira (enpresa edo organismo parekaturen batean egindako prestakuntza-aldia edo lanekoak ez diren praktikak barne, hala badagokio).

5.– Honako prestakuntza-helburu hau bete beharko da: prestakuntza hasi duten ikasleen % 50ek gutxienez amaitu beharko dute prestakuntza.

6.– Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako ekintzek gutxienez prestakuntza-modulu oso bat programatu beharko dute; bestalde, profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza-espezialitateak espezialitatearen iraupen osoan zehar eman beharko dira.

7.– Prestakuntza-ekintzak onartzeko, gehienez hogei parte-hartzaile eta gutxienez hamar izango dira. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, beste bi parte-hartzaile ere onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Partaide gehigarri horiek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Ezin izango da hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik, tartean Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak eskatu eta baimendutako salbuespen justifikatuko egoeraren bat ez bada behintzat. Ondorio horietarako, prestakuntza lehen egunean eta/edo hurrengo egunetan hasi eta muga-egunera arte dauden pertsonak hartuko dira parte-hartzaileen kopurutzat (5. saioa edo orduen % 25 profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala lortzera bideratutako prestakuntza-espezialitateetan, eta orduen % 25 gainerako espezialitateetan).

8.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz.

Ez dira diruz lagunduko enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia, profesionaltasun-ziurtagirien edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eta enpresetan egingo diren praktikak, gainerako espezialitateen kasuan.

9.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hasi ziren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

6. artikulua.– Kontratuen eskakizunak eta baldintzak.

1.– Enpresek edo entitateek prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen % 50 kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute, gutxienez, prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean. Epe hori luzatu ahal izango da Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak behar bezala justifikatu, eskatu eta baimentzen dituen kasuetan.

2.– Prestakuntza-aldiak bukatu ondoren egiten diren kontratuak baliozkoak jotzeko deialdi honen ondorioetarako, baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Kontratu-modalitatea: Kontratuak idatziz formalizatu behar dira, lan-arloko legerian aurreikusitako edozein kontratu-modalitatetan oinarrituta, eta, ahal dela, mugagabeak izango dira. Kontratu hauek ez dira baliozkotzat hartuko kontratazio-konpromisoa bete dela justifikatzeko: ikas-ekinezko prestakuntzako kontratuak eta merkataritzako kontratuak.

– Oro har langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzei lotutako kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke, gutxienez lanaldiaren % 50 iraun dezakete, eta kasu bakoitzean iraupen hau izango dute:

Lanaldia osoa bada, sei hilabete iraungo du gutxienez.

Lanaldia % 50ekoa bada, gutxienez urtebete iraungo du etenik gabe.

Lanaldia partziala bada, baina % 50etik gorakoa, gutxienez dagokion zati proportzionala iraungo du.

– Kasu bakoitzean eskatutako gutxieneko lanaldiari buruzko baldintza ez da urratutzat joko, baldin eta langileak lanaldia murrizteko eskubidea baliatzen badu, legezko zaintza dela-eta adingaberen bat zuzenean zaintzeko, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Kontratazio-konpromisoaren betetze-ondorioetarako, kontrataziotzat hartuko da ikasleak bazkide-langile edo lan-bazkide gisa sartzea kooperatiba-sozietate batean, edo lan-sozietate batean bazkide-langile gisa sartzea. Horretarako, sozietate horretan sartu dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

4.– Laneratzea prestakuntza-ekintza egiteko eskaeran oinarritzat hartutako enpresetan baino ez da egin behar izango. Salbuespenez, enpresa horietako batean sartzea eragozten duten kausak –agiri bidez justifikatuak– daudenean soilik onartu ahal izango da beste enpresa batzuetan laneratzea. Horretarako, kontratua egin baino 15 egun baliodun lehenago gutxienez, entitate kontratatzaile berri bat onartzeko eskaera aurkeztu beharko da LanF aplikazioaren bidez, eta, eskaerarekin batera, kontratazio-konpromisoaren eranskina eta enpresa kontratatzaile berria sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dira. Gainera, beste enpresa bat sartzeko salbuespenezko eskaerarekin batera, justifikazio dokumentalak aurkeztu beharko dira, banakakoak eta pertsonalizatuak, enpresa bakoitzaren legezko ordezkariak sinatuta, konprometitu ziren kontratuak formalizatzea eragozten duten arrazoi zehatzak zehaztuta. Kontratazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egingo dira.

5.– Irakatsitako prestakuntza-espezialitatearekin zerikusia duen langintza eta maila batean kontratatu beharko da. Alde horretatik, lanpostu egokitzat hartuko da aurretiazko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea xede duena. Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntzaren kasuan, bat etorri beharko du ziurtagiri horiek arautzen dituen araudian jasotako lanbideren batekin.

6.– Prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo 4 hilabeteetan hasi beharko da lan-kontratua, baita, hala dagokionean, lantokiko prestakuntza praktikoa ere, salbu eta Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak eskatu eta baimendutako salbuespen-kasuetan.

Horretarako, pertsona baten prestakuntza-ekintza amaitutzat joko da honako kasu hauetan:

– Profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesionaleko ekintzetan, parte-hartzaile bakoitzak enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia amaitzen duenean.

– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza teoriko-praktikoa amaitzen duenean.

Prestakuntza-ekintzaren % 75 amaitu ondoren, kontratazioak onartu ahal izango dira. Kontratazioa ekintza amaitu baino lehen egiten bada, prestakuntza-ekintza amaitzen denean hasiko da kontratazio-konpromisoa betetzeko eskatzen den aldia.

7.– Ez dira diruz lagunduko hauekin egindako kontratuak: ezkontidearekin, ondorengoekin eta bigarren mailara arteko (hori barne) odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senideekin, enpresaburuarekin edo enpresa-kontrola dutenekin, zuzendaritza-karguekin edo sozietatearen forma juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetako kideekin egindakoak, ez eta azken horiekin egindakoak ere..

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko zenbatekoa parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, segidan zehaztutako modulu ekonomikoei jarraikiz.

Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.

a) A modulua: Langileen kostua.

Zuzeneko kostuaren kontzeptuak honako hauen kostuak biltzen ditu: irakasleak, bitartekotza-tutorea eta ikasketa-burutza. A moduluan, unitateko kostuaren balio ekonomikoa hau izango da: 4,85 euro orduko eta ikasleko.

Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen kopurua gehienez 20 eta gutxienez 10 bada, deialdiaren 5.7 artikuluan jasotako kasua barnean dela, modulu hau 15 ikasleko kopuru finkoari aplikatuko zaio.

Horrenbestez, moduluaren baremo estandarrak balio finkoa izango du prestakuntza-talde bakoitzeko: 72,75 euro orduko.

b) B modulua: Funtzionamendu-gastuak.

b.1.– Modulu horretan, bi motatako zuzeneko kostuak sartzen dira:

b.1.1.– Mantentze-kostuak. Honako hauek sartzen dira: altzariak berritzea, konponketak, publizitatea, komunikazioak, bilerak eta ikastaroak, enpresekin egin beharreko gestioak, liburuak eta argitalpenak, eta higiezinen eta ekipamenduen alokairuak eta amortizazioak.

b.1.2.– Material didaktiko espezifikoaren kostuak. Prestakuntza-ekintzari dagokion lanbide-arloaren eta kualifikazio-mailaren arabera kalkulatzen dira kostu horiek.

Prestakuntza-ekintza bakoitzaren B moduluari dagokion zenbateko ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan Espezialitate Programagarri bakoitzerako zehaztutako modulu ekonomikoen arabera aplikatuko da. Katalogo hori eskuragai dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren (LanF) prestakuntzako aplikazio informatikoan.

c) C modulua: Zeharkako kostuak.

Modulu hau A eta B moduluen kostuen % 10 da, eta, besteak beste, kontzeptu hauek biltzen ditu: zuzendariaren langileria-gastuak, administrazio-langileen langileria-gastuak, berokuntza, argiztapena, garbitasuna, instalazioen asegurua, su-itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, batzarrak, hitzaldiak, ikastaroak eta bestelakoak, joan-etorriak eta enpresekiko kudeaketa, fotokopiak (administrazio-arloa), bulegoko materiala eta informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitzak eta gestoriak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutualitateak, kalitate-sistemak, igogailuen konponketa.

Prestakuntza-ekintza bakoitzerako onartutako guztirako dirulaguntza honela kalkulatuko da:

Prestakuntza-ekintza bakoitzeko dirulaguntza, guztira = A + B + (A+B)ren % 10

Non:

A = A modulua x ordu-kopurua x 15 ikasle

B = B modulua x ordu-kopurua x parte hartzen duten ikasleen kopurua

Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte inola ere gainditu uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak, eta, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitakoak.

Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino–, azken horiek aplikatuko dira.

8. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Elektronikoki izapidetuko dira deialdi honen esparruko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntza-eskaerak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (Lan-F).

Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez egin ahal izango dute eskabidea: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/1060611

Prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Oro har:

a.1.– Prestakuntza-proiektuaren memoria, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduan, honako hauek jasoko dituena:

– Enpresaren jarduerari dagokionez, prestakuntza gauzatzeko eta gero parte-hartzaileak enpresan kontratatzeko beharraren txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:

– Kontratatu nahi diren pertsonen profila: ezaugarriak eta eskakizunak. Ezingo da zehaztu sexua, adina edo kontratatu nahi den lanbiderako egokia ez den edozein eskakizun, kontratazio hori programa bereziren baten barruan egin ezean.

– Egingo den kontratu-mota eta berorren iraupena.

– Kontratazioa zer langintzatan eta lanbide-kategoriatan egingo den.

– Lanpostuaren edo lanpostuen kokapena.

– Kontratatutako pertsonek zerbitzuak bete behar dituzten enpresen zerrenda.

– Lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena, egoki izanez gero (edukia, iraupena eta abar).

a.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektuaren berezitasunen arabera eskatzen duen bestelako informazio oro.

b) Enpresek prestakuntza-ekintza ematea kontratatzen badute, kontratazio-proposamena, hiru eskaintza eskatu izana eta azken aukeraketa justifikatuta, hala badagokio, bai eta Lanbideri aldez aurretik eskatutako baimena ere, 13. artikuluko 11. apartatuan adierazitako kasuetan.

Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina beti prestakuntza-ekintza hasi aurretik.

c) Prestakuntza-entitate batek aurkeztutako eskaerak, entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatuak, aurreko a.1 apartatuan aipatzen den memoriaz gain, entitate sektorialaren edo trakzio-enpresaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, hala justifikatzeko prestakuntza-ekintza hori egiteko beharra eta entitatetik egingo diren koordinazio- eta sustapen-jarduketak. Era berean, kontratatzeko prest dauden enpresen zerrenda eta egiteko prest dauden kontratu guztiak adierazi beharko ditu, aurreko a.1 apartatuko memorian eskatzen den xehetasunarekin.

Era berean, 2.1 artikuluaren b.1 eta b.2 apartatuetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak erantsi beharko dira, bai eta sinatzailearen ordezkaritza-ahalordea ere (estatutuak, inskripzioa, eraketa-akta, ahalordeak eta abar).

d) 2.1 artikuluko b.3 kategoriari erantzuten dioten eskaerentzat:

d.1.– kontratazioak egingo dituzten enpresa bakoitzaren kontratazio-konpromisoari buruzko dokumentua (prestakuntza-entitatearen eranskina, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduaren arabera). Halaber, enpresa kontratatzaileko sinatzailearen ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

d.2) 5.1 artikuluak aipatzen duen izapidearen emaitzari buruz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoak egindako txostena, kontratatu nahi den langintza eta profilean behar adina langabe izena emanda ez dagoela egiaztatzeko.

2.– Eskaerak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira; eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordearen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskaerak ez baditu eskakizun guztiak betetzen, enpresa edo entitate interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela pentsatuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

4.– Kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntza-eskaerak aurkezteko epea EHAA argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta 2025eko urriaren 15ean bukatuko da, betiere bi daten artean hilabeteko tartea badago gutxienez.

9. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria da prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.– Ondoz ondoko esleipen-prozeduraren bidez emango dira prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzak.

2.1.– Eskabideek deialdiko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

2.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez, eta 10 egun balioduneko epea emango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, entitate onuradunek dirulaguntza onar dezaten. Epe hori igarotakoan, dirulaguntza onartzen ez badute, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

2.3.– Eskaerak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskaera telematikoa LanF aplikazioaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan enpresa edo entitate interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, bere dirulaguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe berariaz ebazteko den betebeharra.

3.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer enpresak eta entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

5.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean esku hartzeko.

e) Lehentasunik izan gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

2.– Kontuan hartuko da enpresak eskaerarekin batera aurkeztu beharreko prestakuntza-proiektuaren memorian adierazitako pertsonen profila, bat etor dadin kontratazio-beharrekin.

3.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Ildo horretatik, profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, Lanbide Heziketaren Sistemaren Antolamendua garatzen duen 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sarbide-eskakizunak bete beharko dira. Era berean, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte prestakuntza-espezialitateen euskal katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek.

4.– Ikastaroetan parte hartuko duten pertsonen azken hautaketa enpresa edo entitate onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Ondorio horietarako, inskribatutako hautagaien datuetara sartu ahal izango da prestakuntza emango duen entitatea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Behar adina parte-hartzaile aurrez inskribatuta ez egoteak ez du zentroa edo entitatea salbuesten hautagai berriak bilatzeko eta prestakuntza-ekintza gauzatzeko duen erantzukizunetik, eta prestakuntza-ekintza ezin izango da hasi 5.7 artikuluan adierazitako gutxieneko parte-hartzaile kopurua betetzen ez bada.

Hautaproba bat ere egingo dute, hala behar duten prestakuntza-ekintza guztietan. Hori entitate sustatzailearen instalazioetan egingo da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta edo baimenduta, ekintza probetxuz egiten dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoa den aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideak betez, eta probaren txantiloia, erantzunena eta ebaluazio-irizpideena igo beharko dira, bai eta proba egiten duten pertsonek egindako hautaprobaren dokumentuak ere.

5.– Hala dagokionean, hautaproba egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela aukeratuko dira profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak:

1. Profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional modularizatu oso bat ematen bada, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten emakumeek parte hartu ahal izango dute. Ikasleak modulu horien prestakuntzara joango dira, baina ezin izango dira modulu horietan ebaluatu, gaindituta dituztelako eta prestakuntza-ekintza honetarako salbuetsita daudelako.

2. Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Haien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesionaleko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.

6.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta aurreko atalean deskribatutako hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1. Lehenik, eta lehentasun-maila berdinarekin, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean (langabezian dauden pertsona guztien % 55); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasunen bat duten pertsonak; gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren langabeak; terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak; eta aparteko langabezia-sorospenaren hartzaileak.

2. Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

3. Hirugarrenik, pertsona landunak.

7.– Langile landunek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.

8.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskaerak izanez gero.

9.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuz zer jarraibide ematen dituen berariaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

10.– Prestakuntza-entitateak bere instalazioetan erakutsiko ditu hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten emakumeen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak.

3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, eta jaso izanaren dokumentua sinatuko dute.

Halaber, informazio idatzia jasoko dute honako hauek direla eta: geroko kontratazioa, zerbitzuak beteko dituzten enpresak, aurreikusitako kontratuen kopurua eta lan-kontratuen baldintza zehatzak (lantokia non kokatuta dagoen, lanbide-kategoria, ordainsaria, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena eta abar).

Prestakuntza-entitate batek eskatutako ekintzak, entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatuak, ikastaroa hasten denean, enpresa kontratatzaile posibleei buruzko informazioa emango zaie, bai eta deialdi honetan eskatzen diren kontratuen ezaugarri orokorrak ere.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei probetxua atera beharko diete. Horretarako, enpresa edo erakunde onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

5.– Parte-hartzaileek ezingo dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, non eta ez duten enplegua aurkitzen eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten, edo non eta ez zaien bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen (egoera hori behar bezala justifikatu beharko da). Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru asistentzia-faltatik gora egitea hilabetean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak gehienez hamabost eguneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke pertsona ikastarotik behin-behinekoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkez daitekeen.

Asteren batean prestakuntza-ekintzan parte hartu duen norbaitek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25etik gora huts egitea, edo justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta baino gehiago egiten baditu hilabetean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Parte-hartzaileren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ordu-kopuruaren % 25etik gora huts egiten badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren onuradun den enpresak edo entitateak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko du prestakuntza-ekintza. Entitate autonomo honen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere, prestakuntza-orduetara bertaratu izana kontrolatzeko orrien bidez (parte-hartzaileek sinatuko dituzte).

Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epearen barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.

Prestakuntza-ekintza hasi aurretik, enpresek, dirulaguntzaren onuradun direnean, enpresako langileen legezko ordezkari gisa jarduten dutenei jakinaraziko diete gauzatu beharreko kontratazio-konpromisoa dakarren programa onartu dela, bai eta proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza-ekintzan parte hartzen dutenen zerrenda ere.

2.– Deialdi honen barruko prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarreko araudian ezarritako eskakizunen arabera.

Profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, enpresek eman behar badituzte zuzenean, ez da beharrezkoa izango Lanbidek prestatzaileak baimentzea. Irakasle horiei ez zaie alta emango Lanbideren fitxategian.

3.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsonez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskaera egiten duten prestakuntza-entitateetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

4.– Langile langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 7,5 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira izango 37,5 ordu baino gehiago. Muga horien barruan daude, hala egokitzen denean, bai profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bakoitzean enpresa edo organismo parekatuetan egiten den prestakuntza-moduluko orduak, bai profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei ez dagozkien espezialitateetako enpresetako praktiken orduak.

5.– Prestakuntza-entitateek eta, hala badagokio, enpresek prestakuntza-ekintzak programatzeko ordutegiak ezartzean, prestakuntza parte-hartzaileen bizitza pertsonalarekin uztartzeko era aurkitu beharko dute.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

6.– Erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:

– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitateko eduki guztiak bilduko dituena.

– Ikastaroa ondo garatzeko behar den idazmahaiko materiala,

– Beharrezkoak diren babes-elementuak eta,

– Geroagoko kontratazioari buruzko informazio idatzia, 11.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta deialdi honen 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

Ikasleei dokumentuak eta informazioa eman zaiela egiaztatzeko, hartu-agiria sinaraziko zaie. Entitate onuradunak LanF aplikazio informatikora igo beharko ditu hartu-agiri horiek.

7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren % 25era iritsi baino lehen onartuko da ordeztea, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei loturiko prestakuntza-jardueren kasuan; kasu horretan, soilik onartuko da ordeztea baldin eta prestakuntza-jarduera hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan ordezten bada eta, betiere, ehuneko hori gainditu ez bada.

Jada hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen direnek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroa probetxuz jarraitu ahal izateko, normaltasunez gauzatu dadila oztopatu gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.

8.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten entitate onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, egoera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

9.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak, bai eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketari buruzko aipamena ere.

10.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LanF aplikazio informatikoan eskuragai dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte pertsonek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak jasota (LanF aplikazio informatikoan eskuragai dagoen ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez-egiaztagarria» edo «ez gai».

Prestakuntza-modulua enpresa edo organismo parekatuetan egiten den kasuan, edo praktikak enpresetan egiten direnean, prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek batera egingo dute ikasleen jarraipena eta ebaluazioa. Modulu hori gainditzen duten pertsonek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.

Parte-hartzaileak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo dokumentu hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

• Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.

– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

• Ikastaroa amaitu ondorengo 7 egun baliodunetan:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituzten dokumentuak LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.

– Ebaluazio-aktak betetzea.

11.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.

Onuraduna enpresa bat izanez gero, bitarteko propioak baliatuta eman dezake prestakuntza, edo kontrata dezake, helburu horretarako egoki izanez gero. Halaber, behin bakarrik azpikontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza entitate egiaztatu batekin edo Lanbidek kudeatutako prestakuntza-entitateen erregistroan inskribatuta dagoen batekin, eta ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza emateko.

Kontrataziora joz gero, enpresa onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikientzat ezarritako zenbatekoen muga, ezaugarri bereziak izatearen ondorioz zerbitzu hori ematen duten entitateen kopurua merkatuan nahikoa ez den kasuetan izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

Azpikontratazioaren kasuan, enpresa onuradunak aldez aurreko baimena eskatu beharko dio organo emaileari, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluko 3. eta 7.d) apartatuetan aurreikusitako kasuetan. Horretarako, eskaerarekin batera formalizatuko den kontratua aurkeztuko da. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak 20 eguneko epean ebatziko du baimena, eskaera Lanbideren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Hala izan ezean, baimena emantzat joko da.

Edonola ere, 11. apartatu honetan aurreikusita ez dagoenerako, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29 eta 31.3 artikuluetan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa zuzenean aplikatuko da.

14. artikulua.– Lanekoak ez diren praktika profesionalak eta enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia.

1.– Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bat lortzea, enpresa edo organismo parekatuetan egindako prestakuntza-aldia justifikatu beharko da. Praktika horiek ezingo dute prestakuntza-ekintzarako orduen % 50 baino gehiago iraun, eta gehienez 200 ordukoak zango dira; prestakuntza-ekintza amaitu eta ondorengo 2 hilabeteetan hasi beharko dira beranduenez. Egungo deialdiaren 5.4 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du epe hau.

2.– Prestakuntzaren helburua bada ziurtagiri profesionalak lortzea (C graduak), enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldiaren iraupena proportzionalki banatuko da ziurtagiri profesionala osatzen duten gainerako modulu profesionalen artean, prestakuntza-ekintzaren guztizko iraupenari eutsiz. Enpresa edo organismo parekatu batean jardun beharreko ehunekoak kalkulatzeko, lehengo profesionaltasun-ziurtagiriaren iraupen osoa hartuko da kontuan.

Enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntzarako, kontuan hartuko dira Lanbide Heziketako Sistemaren Antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 70 eta 71 artikuluak eta IV. Tituluko 151 artikulua eta ondorengoak, eta:

– Enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldien edukia bat etorriko da lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

– Enpresa edo organismo parekatuetan hasi baino lehen, prestakuntzan dihardutenek lan-arriskuen prebentziorako prestakuntza izan beharko dute, hala ezartzen baitu Lanbide Heziketako Sistemaren Antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 9.6.e),i artikuluak. Prestakuntzan dihardutenek eskuratuta izan beharko dituzte profil profesionalari lotutako jardueretako lan-arriskuak prebenitzeko neurriei zein arrisku espezifikoei buruzko konpetentziak, laneko arriskuen prebentzioaren arloko indarreko araudian eskatzen denaren arabera.

– Enpresek edo prestakuntza-entitateek aurreikusi beharko dute ezen prestakuntza-ekintza emaitza positiboarekin gainditu duten ikasleen % 100ek, salbu eta gutxienez 6 hilabeteko lan-esperientzia egiaztatzen duten parte-hartzaileek, prestakuntza-aldia egiten dutela enpresa edo organismo parekatuetan eta egindako espezialitatearekin lotutako okupazioetan, urtarrilaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 131. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Kontratatuko diren ikasleek prestakuntza-aldia enpresa edo organismo parekatuetan egin ahal izango dute, baldin eta prestakuntza-jarduera amaitzeko aurreikusitako data 2026ko irailaren 15a baino lehen amaitzen bada edo, bestela, ondorengo lan-esperientziarekin baliozkotu ahal izango da, baldin eta benetako laneko sei hilabeteak gainditzen badira eta lan-jarduera aipaturiko moduluaren prestakuntza-edukiarekin lotuta badago.

Ikasleekin lan-harremana formalizatzen denean eta harreman hori sei hilabetetik beherakoa denean, prestakuntza-entitateak prestakuntza-aldia enpresa edo organismo parekatuetan egin dadin bideratuko du, ikasleek dagokion profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala lor dezaten.

– Lehentasunez, enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia gainerako prestakuntza-moduluak, emaitza positiboarekin gaindituak, bukatutakoan egingo da, eta azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi beharko da. Egungo deialdiaren 5.4 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du epe hau.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko.

Enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi eta azken ebaluazioa negatiboa lortzen dutenek biekin jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzten badute, berriz, hari lotutako enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia ere utzi beharko dute.

– Profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean. Kasu horretan, praktikak egin behar dituenak ziurtagiria bete ez badu, 2 hilabeteko epea izango du praktikak hasteko. Era berean, eta kontratazio-epeari dagokionez, 6. artikuluaren 6. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio, prestakuntza teoriko-praktikoa amaitutakoan prestakuntza amaitu dela ulertuta.

3.– Enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia egiteko, enpresaren eta prestakuntza-entitatearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Hitzarmen hori Lanbideri bidaliko zaio Lan-F aplikazioaren bitartez, baimendu dezan, praktikak benetan hasi baino 7 egun baliodun lehenago, gutxienez. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, dokumentu bat erantsi beharko zaio hitzarmenari, adierazten duena langileen legezko ordezkariek jaso dutela hari buruzko informazioa, LanF aplikazioan eskuragarri jarriko den eredu ofizialaren bidez.

4.– Enpresa edo organismo parekatuetako praktikak eta prestakuntza-aldia Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimendu ondoren.

5.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan enpresa edo organismo parekatuetako praktikak eta prestakuntza-aldia egingo diren enpresa, instituzio edo entitate publiko edo pribatuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena eman ezean.

6.– Enpresa eta organismo parekatuetako praktikak eta prestakuntza-aldiaren eguneko lanaldia ezin izango da 7,5 ordutik gorakoa izan.

7.– Ezinbesteko eskakizuna da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enpresa eta organismo parekatuetako praktiken eta prestakuntza-aldiaren akordioa baliozkotzea, eta horietan hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-entitateak egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen ebazpenean.

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 18.1.1.a artikuluan adierazten den bezala egingo da.

17. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Prestakuntza-ekintzak egiteko emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa, onartutako dirulaguntza osoaren % 50ekoa, prestakuntza-ekintza hasitakoan, 2025eko kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa, guztizkoaren gainerako % 50era artekoa, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura ordainduko dena, prestakuntza-jarduera amaitu eta kontratazio-konpromisoa betetzeko behar diren lan-kontratu guztiak egin ondoren.

Bigarren ordainketa dirulaguntzak 18. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu eta likidatu ondoren egingo da.

2.– Ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, dagokion ordainketa egin aurretik.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, https://euskadi.eus/hirugarrenak webgunearen bidez egin beharko du.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Prestakuntza-ekintzei dagokien likidazioa benetan gauzatutako ekintzen arabera egingo da, bai eta prestakuntza-emaitzen eta egindako lan-kontratuen arabera ere, 23. artikuluan araututako ez-betetzeen baldintzen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.1.– Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo dira prestakuntza-jarduera gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

1.1.a.– Likidazioa kalkulatzeko eragiketa hau egingo da:

– A modulua 15 parte-hartzailez biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduez.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta prestakuntza-ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten pertsonen kasuan, hau da, ekintzaren iraupenaren gutxienez % 75era bertaratu direnen kasuan. Ondorio horietarako, amaitutzat emango zaie lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten ikasleei, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik ikastaroan baja hartu zutenei ere, baldin eta azken bi kasu horietan gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Prestakuntza amaitu ez duten pertsonen kasuan, B modulua prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealarekin biderkatuko da.

Ekintza bakoitza parte-hartzaile kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari haren % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuengatik.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langile langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

1.1.b.– Kontratazioa egiteko hiru hilabeteko epea igarota, dirulaguntzaren onuraduna izan den enpresak edo entitateak 15 eguneko epea izango du justifikazio-memoria LanF aplikazioaren bidez bidaltzeko. Aldez aurretik, kontratazio-konpromisoa betetzeko parte-hartzaileei egindako lan-kontratuak erantsi beharko ditu, eta aipatutako aplikazioan eskatutako datuak bete.

Justifikazio-memoriak honako dokumentu hauek jasoko ditu:

– Ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta (ezarritako modulu ekonomikoen eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideen arabera) dagokien zenbatekoa jasotzen dituen laburpen-koadroa.

– Diruz lagundutako jarduera osorik edo partez finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22.1 artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean eta prestakuntza-ekintzak egiteagatik emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

– Ikasleei eta entitate onuradunetako eta haien plantillako pertsona titularrei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizia.

2.– Aurreko apartatuetan ezarritako epeak igaro eta bertan jasotako dokumentuak aurkeztu ez badira, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari dokumentu horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, lege-xedapen hauetan oro har ezarritakoak ere: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. 1 eta 46. artikuluak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikulua eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian aurreikusten diren betebeharrak.

2.– Zehazki, laguntzen onuradunak honako hauek egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardueren mende egongo dira: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Politika Ekonomikoaren eta Europako Funtsen Kohesioaren Zuzendaritzak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Prestakuntza-entitateek erraztasunak emango dituzte lokaletara eta instalazioetara sartzeko eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu beharrekotzat jotzen diren gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko.

Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimenaren egikaritzeari edo bideragarritasunari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik eratorritako dirulaguntzak edo laguntzak (deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak) eskatu direla edo eskuratu direla.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko eskakizunak beteko badituzte, entitate onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

5.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, datu pertsonalei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun den aldetik, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

6.– Laguntzen entitate onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2031ko abenduaren 31ra arte.

Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

7.– Entitateak, edo, hala badagokio, enpresak gela bat jarri beharko du parte-hartzaileen esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten parte-hartzaileak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, entitatea edo enpresa bera izango da inkesta hori betetzen dela bermatzeaz arduratu beharko dena.

20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketaren eta Europaren kofinantzaketaren ondoriozko komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan eta horien ondorio diren ekintzetan, entitateek berariaz eman beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketaren berri, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte horretarako (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europaren kofinantzaketa jasoko dutela aurreikusita, entitateek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen logoaren bidez, bai sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Halaber, sinatutako kontratuetan, Europaren kofinantzaketaren aipamena jaso beharko da.

Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura abiatuko da.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik sortzen diren atzerapen-interesak eskatuko dira, baldin eta deialdi honetan aurreikusitako laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan urreikusitako betebehar orokorrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean badaude. Eta, bereziki, kasu hauetan:

a) Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Egon daitezkeen ez-betetzeen maila prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei buruzko irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Erabateko ez-betetzea gertatu bada: dirulaguntza emateko xedearen edo hori justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izatea ekarriko du.

Era berean, erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta dirulaguntza itzuli beharko da, baldin eta:

– ez bada kontratatzen prestakuntza amaitzen eta gainditzen duten ikasleen % 30.

– prestakuntza amaitzen ez badute prestakuntza hasi zuten ikasleen % 50ek; ondorio horietarako, prestakuntza hori amaitu dutela ulertzen da, baldin eta enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-jarduera utzi behar izan behar badute, bai eta ikastaroan gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu behar izan badute ere.

b) Ez-betetze partziala: dirulaguntzaren xedea edo hori justifikatzeko betebeharra partzialki betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo partzialki itzuliko da.

Ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

(Ikus .PDF)

Ez-betetzea justifikatze aldera, kontratazioari uko egitea kontuan hartuko da soilik baldin eta prestakuntza-ekintza amaitu eta gainditu duten ikasleen % 30 baino txikiagoa bada kontratazioa eta, betiere, ez badago kontratatzeko beste inor. Kasu horretan, likidazioaren zenbatekoa dirulaguntzaren % 50 izango litzateke.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den enpresari edo entitateari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko, eta jakinaraziko dio, halaber, hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

Itzuli beharrekoak borondatezko epean itzultzen ez badira, premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml.

25. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.

1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.

2.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Integraziorako Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da (EB) 1296/2013 Erregelamendua.

3.– Dirulaguntzaren xede den prestakuntzari dagokionez, hau aplikatuko da deialdi honetan aurreikusi gabeko guztian:

– 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duena, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Legearen aurkakoa ez den orotan.

– 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketako sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.

– TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena, zeinak, halaber, garatze baitu Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketako sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez.

Prestakuntza ez-egiaztagarriari dagokionez:

– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, zeinaren bidez arautzen baita Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko Lanbide Heziketako Sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, eta ezartzen baititu haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintza.

– 3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzkoa.

– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua arautzen duena.

26. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu ondoren.

Bat etorrita Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan xedatutakoarekin –zeina aldatu egiten baitu abenduaren 20ko 8/2024 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak–, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu, haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan organismo autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, (lehenengoei esleitutako eginkizunak estatutuetan xedatutakoaren arabera dagokienei egindakotzat, hain zuzen), eta horren berri emango da Lanbideren web-orrian.


Azterketa dokumentala