
98. zk., 2025eko maiatzaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (104 KB - 2 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2277
100/2025 DEKRETUA, maiatzaren 13koa, baimena ematen diona Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» Erantzukizun Mugatuko Sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen diena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei sozietatearen estatutuetako 6. artikuluaren aldaketaren aldeko egiteko.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 110.1 artikuluak honako hau xedatzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz ente instrumental baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Era berean, EOLren 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek onartu behar dituzte estatutu sozialak, eta Gobernu Kontseiluak emango du horiek aldatzeko baimena.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du xede soziala adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak sozietate horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatean parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko berrogeita hamarreko partaidetza du sozietate horren kapital sozialean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako ehuneko berrogeita hamarrekoa.
«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen xedea edozelako arte-lan eta -sorkuntza motak eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.
Sozietatearen Ezohiko Batzar Orokorrak 2025eko otsailaren 27an egindako bilkuran (ez zen aldez aurreko deialdirik egin, bazkide guztiak bertan zeudelako) erabaki zuen, besteak beste, kapital-gehikuntza bat proposatzea, beharrezko baliabideak lortzeko xedez, horiei esker ekin ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programari 2025eko ekitaldian. Proposamen horrek hau dakar: Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 3.327 partaidetza sozial harpidetzea, 1.999.560,27 euro guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion. Halaber, sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzea erabaki zuen –kapital sozialari buruzkoa berau–.
3.327 partaidetza sozial horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.
Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, kapital sozialari dagokiona hain zuzen, egokiro idatzita geratzeko gehikuntzaren ondorioz kapital sozialak izango duen zifra berria.
Hori dela eta, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko maiatzaren 13an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte har dezan 1.999.560,27 euroko zenbatekoarekin, sozietatearen batzar nagusiak adostutako gehikuntza osoaren gainean; horretarako, sozietatearen 3.327 partaidetza sozial eskuratuko ditu ordainketa bakarrean –bakoitzaren balio nominala 601,01 euro da–.
EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partaidetza sozialen balio nominal osoa 2025eko maiatzaren 31 baino lehen ordainduko da, dirutan eta Europako moneta erkidean.
Gehikuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kapital sozialean 67.424.907,86 euroko parte-hartzea izango du, 112.186 partaidetzarekin. Kapital sozialaren % 50eko partaidetza izango du, eta beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» enpresaren kapital soziala 134.849.815,72 eurokoa izango da, eta guztira 224.372 partaidetza izango ditu.
2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titularitatepeko akzioen ordezkariei «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzearen alde egin dezaten, egokiro idatzita geratzeko aipatutako gehikuntzaren ondorioz kapital sozialak izango duen zifra berria.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko maiatzaren 13an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS